Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

25. zk., 2022ko otsailaren 4a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OSASUN SAILA
600

AGINDUA, 2022ko otsailaren 3koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez bertan behera uzten baita 2021eko azaroaren 17ko Agindua, Europar Batasuneko Covid Ziurtagiri Digitalaren (QR) derrigortasuna ezartzen duena, 2021eko urriaren 6ko Aginduan ezarritako neurrien osagarri gisa. Lehendakariak larrialdi-egoera amaitu dela adierazi ondoren, normaltasun berrian COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko beharrezkoak diren prebentzio-neurriei buruzkoa da agindu hori.

2021eko abenduaren 4an jarri zen indarrean Osasuneko sailburuaren azaroaren 17ko Agindua, Europar Batasuneko Covid Ziurtagiri Digitalaren (QR) derrigortasuna ezartzen duena, 2021eko urriaren 6ko Aginduan ezarritako neurrien osagarri gisa. Lehendakariak larrialdi-egoera amaitu dela adierazi ondoren, normaltasun berrian COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko beharrezkoak diren prebentzio-neurriei buruzkoa da agindu hori. Agindu hori data bereko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 243. zenbakian.

Agindu horren xedea da Europar Batasuneko Covid Ziurtagiri Digitalaren (QR) derrigortasuna ezartzea establezimendu jakin batzuetara sartzeko. Hori guztia, osasun publikoaren zaintzari eta kontrolari dagozkion prebentzio- eta geldiarazte-neurri osagarri gisa ezarri zen COVID-19 pandemiaren aurrekaria kontuan hartuta, hain zuzen, lehendakariak larrialdi-egoera amaitu dela adierazi ondoren, normaltasun berrian COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko beharrezkoak diren prebentzio-neurriei buruzko 2021eko urriaren 6ko Aginduan ezarritako neurrien osagarri gisa.

Haren jarraipen eta aplikazioari dagokionez, hau dio bosgarren apartatuan: «Agindu honen eranskinean aurreikusitako prebentzio-neurrien jarraipena eta etengabeko ebaluazioa egingo da, epidemiologia- eta osasun-egoeraren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko.»

SARS-CoV-2 birusak eragindako pandemiaren egungo epidemiologia- eta osasun-egoerak baina, bereziki 47/2021 Dekretuan jasotako neurriaren indarraldiaren luzapena berriki amaitzeak beharrezko egiten dute agindu hau –47/2021 Dekretua, abenduaren 14koa, lehendakariarena, zeinaren bidez xedatzen baita establezimendu, ekitaldi, jarduera eta leku gehiagotara zabaltzea Osasuneko sailburuaren 2021eko azaroaren 17ko Aginduaren bidez ezarritako Europar Batasuneko Covid Ziurtagiri Digitala (QR) eskatzeko derrigortasuna–.

Hargatik eragotzi gabe aipatutako 2021eko azaroaren 17ko Agindua indargabetzea, berriro adierazten da zuhurtzia-, segurtasun- eta zehaztasun-printzipioak betetzen jarraitu behar dela prebentziorako eta autobabeserako neurrietan. Kutsatzeko arriskuaren iraunkortasuna dela eta, herritarrei dei egiten zaie kolaboratzen jarrai dezaten, uste baitugu erantzukizun indibiduala lehen mailako bermea dela kutsatzea saihesteko.

Horregatik guztiagatik, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala eta gainerako araudi aplikagarria ezartzen dituen martxoaren 23ko 116/2021 Dekretuaren 4.1 artikulua dela eta, EAEko osasun-agintaritza erabiliz, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea.

Indargabe uztea 2021eko azaroaren 17ko Agindua, Europar Batasuneko Covid Ziurtagiri Digitalaren (QR) derrigortasuna ezartzen duena, 2021eko urriaren 6ko Aginduan ezarritako neurrien osagarri gisa. Lehendakariak larrialdi-egoera amaitu dela adierazi ondoren, normaltasun berrian COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko beharrezkoak diren prebentzio-neurriei buruzkoa da agindu hori.

Ondorioz, indargabe geratzen da Europar Batasuneko Covid Ziurtagiri Digitalaren (QR) derrigortasuna agindu horretan zehatutako establezimenduetan.

Bigarrena.– Indarrean jartzea.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den unetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko otsailaren 3a.

Osasuneko sailburua,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana