Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

24. zk., 2022ko otsailaren 3a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
591

EBAZPENA, 2021eko abenduaren 30ekoa, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearena, urriaren 27ko 202/2015 Dekretuan aurreikusitako dirulaguntzen 2021eko ekitaldiko deialdia ebazten duena. Dekretu horrek ingurumena babesteko inbertsioak egiteko dirulaguntzak enpresei emateko baldintzak arautzen ditu.

EGITATEAK

1.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko ekainaren 9ko Aginduaren bidez, ingurumena babesteko inbertsioak egiteko enpresei ematen zaizkien dirulaguntzak arautzen dituen urriaren 27ko 202/2015 Dekretuan aurreikusitako dirulaguntzen deialdia egin zen 2021eko ekitaldirako.

2.– Eskaerak aurkezteko epea 2021eko uztailaren 19an amaitu zen. Guztira, 145 eskaera jaso dira Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan; horietatik 76 prozedura arrunterako eskaerak dira, eta 69 prozedura errazturako, urriaren 27ko 202/2015 Dekretuaren 4. artikuluan eta 2021eko ekainaren 9ko Aginduaren 4. artikuluan xedatutakoaren arabera.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Urriaren 27ko 202/2015 Dekretuaren 16. artikuluaren arabera, horretarako eratutako Balorazio Epaimahaiak dagokion ebazpen-proposamena egin du, aurrekontu-mugei egokituta, Dekretu horren arabera dirulaguntza jaso dezaketen proiektuak, dirulaguntzaren zenbatekoa, eta ezetsitako eskaerak eta ezesteko arrazoiak zehazten dituena.

2.– Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeak du eskumena onuradunak eta eman beharreko dirulaguntzen zenbatekoak behin betiko erabakitzeko, urriaren 27ko 202/2015 Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Aztertu dira 202/2015 Dekretua, urriaren 27koa, ingurumena babesteko inbertsioak egiteko dirulaguntzak enpresei emateko baldintzak arautzen dituena; Agindua, 2021eko ekainaren 9koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez egiten baita 2021eko ekitaldirako 202/2015 Dekretuan aurreikusitako dirulaguntzen deialdia; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta oro har aplikatzekoa den gainerako araudia,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Dirulaguntza ematea ebazpen honetako I. eta III. eranskinetan aipatzen diren enpresei bertan zehaztutako proiektuetarako eta zenbatekoetarako.

Eskatutako inbertsioaren kostu diruz lagungarri garbien ehuneko bat dira dirulaguntza horiek.

Bigarrena.– Eskatutako dirulaguntza ukatzea ebazpen honetako II. eta IV. eranskinetan aipatzen diren enpresei, bertan zehazten diren arrazoiengatik.

Hirugarrena.– Ebazpen honen V. eranskinean argitaratzea atzera egindako dirulaguntza-eskaeren zerrenda.

Laugarrena.– Dirulaguntza ordaindu ahal izateko, onuradunak agiri bidez egiaztatu beharko du diruz lagundutako inbertsioa benetan gauzatu dela eta haren kostua zein izan den.

Bosgarrena.– Onuradunek, halaber, urriaren 27ko 202/2015 Dekretuaren 20. artikuluan jasotzen diren gainerako betebeharrak ere bete beharko dituzte.

Seigarrena.– Laguntzak Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEFek) kofinantzatzen ditu, eta funts horren ekarpena diruz lagundutako zenbatekoaren ehuneko berrogeita hamar da laguntzaren onuraduna enpresa txiki edo ertaina denean. Horrenbestez, laguntzak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren eta EGEF funtsaren kofinantzaketatik eratorritako betebeharren mendean daude (ekainaren 9ko Aginduaren I. eranskina). Onuraduna behartuta dago kontrolari, erantzukizunari, zehapen-araubideari eta ez-betetzeari buruzko Estatuko eta Erkidegoko legedia betetzera, bai eta ingurumena babesteko inbertsioak egiteko enpresei emandako dirulaguntzak arautzen dituen urriaren 27ko 202/2015 Dekretuaren 20. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak betetzera ere.

Diruz lagundutako jarduerei buruz informatzeko eta komunikatzeko hartzen diren neurri guztietan EGEF funtsaren bidezko Europar Batasunaren kofinantzaketa aipatu behar da, ekainaren 9ko Aginduaren II. eranskinaren arabera.

Zazpigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea dirulaguntzak emateko prozedura orok izan behar duen publikotasun-printzipioa betez.

Zortzigarrena.– Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten den egunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko abenduaren 30a.

Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea,

AMAIA BARREDO MARTÍN.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala