Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

19. zk., 2022ko urtarrilaren 28a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
472

EBAZPENA, 2021eko abenduaren 23koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena; haren bidez formulatzen da Excavaciones y Trasportes Orsa SL enpresak Galdakaoko (Bizkaia) Erletxe industrialdean sustatutako beroko asfaltozko aglomeratuaren instalazioan fresatuen balorizazio-jarduera instalatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.

AURREKARIAK

2021eko urriaren 20an, Excavaciones y Trasportes Orsa SL enpresak eskaera bete zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean, Galdakaoko udal-mugarteko Erletxe industrialdean asfaltozko aglomeratuaren instalazioan fresatuen balorizazio-jarduerari buruzko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuari hasiera emateko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraituz.

21/2013 Legearen 46. artikulua aplikatuta, 2021eko azaroaren 12an kontsulta-izapidea egin zien Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait txosten jaso dira, eta haien emaitzak espedientean daude jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola izapideari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko baita, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.a) artikuluan xedatutakoa betez, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin beharko zaie arau horren II. eranskinean jasotako proiektuei; eta, hain zuzen ere, ebazpen honen xede den jarduera lege horren II. eranskineko 9. taldeko b) epigrafean dago jasota. Horrenbestez, ingurumen-ebaluazioen arloan indarrean dagoen legeria aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura aplikatu behar zaio Excavaciones y Trasportes Orsa SL enpresak Galdakaoko (Bizkaia) Erletxe industrialdean sustatutako asfaltozko aglomeratuaren instalazioan fresatuen balorizazio-jarduera instalatzeko proiektuari. Prozedura horretan zehaztuko da proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio adierazgarriak dituen ala ez eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egiten du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena) xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Excavaciones y Trasportes Orsa SL enpresak Galdakaoko (Bizkaia) Erletxe industrialdean sustatutako asfaltozko aglomeratuaren instalazioan fresatuen balorizazio-jarduera instalatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena formulatzea, honako baldintza hauetan:

A) Excavaciones y Trasportes Orsa SL enpresak (aurrerantzean, Orsa) asfaltozko aglomeratua beroan ekoizten dihardu Erletxe industrialdean, B.1.A lurzatian, Galdakaoko udal-mugartean. Enpresak aurreikusten du bere jarduera areagotzea eta asfaltozko aglomeratua ekoizten hastea, eta, horretarako, fresaketa bidez errepideetako geruza hondatua –hondakin ez-arriskutsutzat jotzen dena– kentzean lortutako materiala berrerabiltzea.

B) Erletxe industrialdean sustatutako asfaltozko aglomeratuaren instalazioan fresatuen balorizazio-jarduera instalatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena ematea xede duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-dokumentua aztertzen da abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat, betiere:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Instalazioei dagokien lurzatia Erletxe industrialdean dago. Lurzatiak zerbitzu guztiak ditu urbanizazioan bertan, euri-uren eta ur beltzen bilketa eta hargune elektrikoa barne.

Orsa 2020ko martxoan hasi zen ekoizten. Produkzio izendatuko ahalmena 200 t/h-koa da. Ekoizpena urtean 30.000 tona arte haztea aurreikusten da.

Gaur egun, oratze bidezko beroko nahasketarako zenbait osagai erabiltzen dira (agregakinak, berreskuratze-fillerra, ekarpen-fillerra eta asfaltoa), 150 º-160 ºC-ko tenperaturan. Sortzen den aglomeratua zoladura bituminosoak eraikitzeko erabiltzen da.

Orsak aurreikusten du asfaltozko aglomeratua ekoizten hastea eta, horretarako, fresaketa bidez errepideetako geruza hondatua, hondakin ez-arriskutsutzat jotzen dena, kentzean lortutako materiala berrerabiltzea. Instalazioan sartuko diren hondakinen jatorria errepideetako zoruak birgaitzeko jardueratik eratorritako nahasketa bituminosoen motako eraikuntza- eta eraispen-hondakinak (EHZ 170302) baino ez dira izango, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen II. eranskineko R5 kodea.

Jarduera berria garatzeko, ez da beharrezkoa izango aldaketak egitea fabrikako instalazioetan –behar beste deskribatzen dira ingurumen-dokumentuan–. Tobera bat jarri beharko da, besterik ez, fresatutako hondakina sailkatzeko gaur egungo plantan dagoen dosifikazio-toberara igaro aurretik.

Aurreikusitako balorizazioaren bidez, kontsumo horiek murriztea aurreikusten da, agregakina % 14,3an eta betuna % 0,07an, baita gasolioa ere. Aitzitik, fuel-olioaren kontsumoa handituko dela aurreikusten da.

Ingurumen-dokumentuak jasotzen dituen datuen arabera, CO2 kg-en emisioetan aurreikusten da % 5 murriztea berreskuratutako asfaltozko zoladuraren % 15 bakoitzeko.

Isurketak: instalazioak urak biltzeko sistema bat du dekantazio-putzuetaraino eta handik industrialdeko euri-urak biltzeko arekara, eta handik Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren kolektorera isurtzen dira.

Emisioak: enpresak zenbait sistema ditu partikula solidoak ez aireratzeko (aspertsoreen bidezko ureztatzea, itxiturak zenbait makinatan, mahuken iragazkia...). Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak garatzeko baimena ere badu, 2020ko azaroaren 2koa.

Hondakin arriskutsuak sortzea: ingurumen-dokumentuan deskribatutako hondakinak sortuko dira (olio erabilia, lohiak, material kutsatua, etab.); horiek estalkipean gordeko dira, haiek jasotzeko unera arte.

2.– Proiektuaren kokapena.

Esan bezala, Orsak asfaltozko aglomeratua beroan ekoizteko jarduera bat garatzen du Erletxe industrialdean, B.1.A lurzatian, Galdakaoko udal-mugartean.

Azterlanaren eremuaren azalera 6.908 m2-koa da, eta fabrikaren instalazio-eremuak 4.800 m2 hartzen ditu. N-634 errepidearen bidez sartzen da. Hurbilen dagoen etxebizitza 250 bat metrora dago.

Lurzatia erabat urbanizatua dago. Ez du intereseko natura-elementurik. Alabaina, aipatu behar da igel hankaluzearen (Igel iberiarra) eta Schreiber muskerraren (Lacerta schreiberi) lehentasunezko banaketa-eremuari eragiten diola. Eremutik gertu dauden errekak –Kañadatrokea, Erletxeta, Zugazti– interes bereziko eremuan eta bisoi europarraren babes-eremuan (Mustela lutreola) daude. Bisoiak kontserbatzeko kudeaketa-plana du, baina ziurrenik ez da espezie horretako banakorik egongo lurzatian, antropizatuta dagoelako.

Ez dago, bestalde, kultura-intereseko elementurik.

Arriskuei dagokienez, adierazi behar da proiektuaren ingurunean lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituzten edo izan dituzten lurzatiak daudela, baina planteatutako aldaketak ez duela haietan eraginik izango, jarduera bera lurzorua kutsa dezakeen instalazioa da eta. Era berean, salgai arriskutsuen errepideko garraioari lotutako arriskuari dagokionez, AP-8 autobideak, eremuaren hegoaldetik 170 m ingurura kokatuak, erdi-mailako arriskua du, eta aztertutako eremuaren zati handi bat 200 metroko afekzio-zerrendaren barruan geratzen da.

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpaktu esanguratsuenak jardueraren garapenaren ondorioz gertatuko dira; izan ere, ez da beharrezkoa obrarik egitea. Etorkizuneko efektuak ez dira gaur egungoen oso bestelakoak (energiaren eta lehengaien kontsumoa, atmosferara egindako emisioak, isurketen sorrera, hondakinen sorrera, etab.). Instalazioaren funtzionamenduak eragina izan dezakeen inguruneko elementuak honako hauek dira, baina, kasu gehienetan, eraginak ez dira aldatuko errepide-fresaketako hondakina ekoizpen-prozesuan sartzeagatik:

– Lurrazaleko eta lurpeko urak.

– Airearen kalitatea.

– Fauna eta fauna-habitata.

– Landaredia.

– Paisaia.

– Kalitate akustikoa.

– Baliabideen kontsumoa.

– Hondakinen sorrera.

– Klima-aldaketa.

Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, eta sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak, bai eta ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak ere, aintzat hartuta, ez da aurreikusten ingurunearen aipatutako alderdietan inolako eragin negatiborik izango duenik proiektuak.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarririk izan ez dezan eta hondakin arriskugabeak kudeatzeko jarduera-proiektuan ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak gauzatzean, honako hauetan ezarritakoa bete beharko da: indarrean dagoen araudian xedatutakoa, hurrengo apartuetan adierazitakoa, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa.

Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua nahikoak izango dira ingurumen-agirian finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honek finkatzen dituenak bermatzeko.

Ondoko apartatu hauetan adierazten diren neurriak nabarmentzen dira:

– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

Organo eskudunak ezartzen dituen baldintzak betetzeaz gainera, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartuko dira isurketa baimentzearen esparruan:

• Instalazioan egiten diren jarduera guztiak gauzatzeko orduan, beharrezkoak diren segurtasun-baldintzak bete beharko dira, lurzorua, lurpeko urak eta lurrazaleko urak ez kutsatzeko.

• Instalazioko hormigoizko zolata baldintza optimoetan eduki beharko da, hausturarik edo lurzorua eta urak kutsatzeko arriskua duen eremurik gabe.

• Produktu eta hondakin arriskutsuen biltegia zein makinak biltegiratzeko, konpontzeko, zaintzeko eta haietan olio-aldaketak egiteko eremua, baita erregaia hornitzeko gunea ere, toki iragazgaiztu estankoetan egon beharko dira, izan litezkeen isurietatik babestuta; eta indarreko araudiaren araberako edukiera nahikoa eta baldintzak edukiko dituzte. Berariaz debekaturik egongo da mantentze-lanak horretarako zuzendutakoa ez beste toki batean egitea.

• Hidrokarburoak xurgatzeko gai den material espezifikoa eduki beharko da eskura, istripuzko isuri edo jarioren bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

• Lurzatian indusketak egitea edo lurrak mugitzea dakarren edozein esku-hartze egin behar bada, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duena) xedatutakoa bete beharko da.

– Airearen kutsadura ahalik eta txikiena izateko neurriak.

Sustatzaileak proposatutako aldaketaren berri eman beharko dio (horretarako prestatutako bitartekoen bidez) Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzako Aire Zerbitzuari, zerbitzu horrek dagozkion oharrak egin ditzan. Aurrekoa gorabehera, atmosfera babesteko neurriei dagokienez, 2020ko otsailaren 19ko Ebazpenean jasotako baldintzak bete beharko dira. Ebazpen horren bidez, atmosfera kutsa dezaketen jarduerak garatzeko baimena eman zitzaion Excavaciones y Transportes Orsa SL enpresari. Besteak beste, emisio lausoak ahalik eta gehien murriztu beharko dira zamalanetan, eta hondakinak lekuz aldatzean eta sailkatzean; horretarako, honako neurri hauek hartuko dira kontuan:

• Hondakinen zamalanak egiteko orduan, ahalik eta hauts gutxien sortzeko moduan egingo dira; besteak beste, materiala deskargatzean, hura erortzen den altuera gutxituz.

• Pilatzeen baldintzei dagokienez, pilaketak haizetik hobekien babestuta dauden tokietan kokatuko dira, haizeak hondakinak eraman ez ditzan. Era berean, pilaketen altuera kontrolatuko da, lurzatia inguratzen duen hesiaren altuerarekin alderatuta, eta batere urik gabeko denboraldi luzeetan ureztatzeko/lainoztatzeko/langarreztatzeko sistemak erabiliko dira txatarra pilatutako gainazala modu zabalagoan hezetzeko.

• Lurzatiaren inguruko hesiaren altuera aintzat hartuta, pilaketen, solteko gaien eta hauts-itxurako materialen altuera kontrolatuko da.

• Bideak garbitu beharko dira, aldian behin.

• Ebaketa-eragiketarik egonez gero, ahal den neurrian partikulen emisio atmosferikoak minimizatuz egingo dira.

• Hauts-itxurako hondakinak pabiloiaren barruan biltegiratu beharko dira, edo, bestela, estali.

– Zaraten eta bibrazioen ondorioak minimizatzera zuzendutako neurriak.

• urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuak (Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duena) 22. artikuluan zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez aurreikusitakoaren arabera, aire zabaleko jarduera orokorretan erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuak (Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituena) eta arau osagarriek ezarritakora. Hala, makineria behar bezala mantendu beharko da, fabrikatzailearen jarraibideak kontuan hartuz, makineriak baldintza ezin hobeetan funtzionatzen duela bermatzeko, bai ekoizpeneko baldintzei bai ingurumenekoei dagokienez.

• Jarduerak, betiere, zarata-foku berriei aplikatu beharreko muga-balioak bete beharko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikuluari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

• Beste alde batetik, jarduera egin beharko da jarduerak, orotara, bere eragin-eremuan Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita dauden hots-kalitatearen helburuak ez gainditzeko moduan.

– Hondakinak kudeatzera bideratutako neurriak.

• Sortutako hondakin guztiak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, karakterizatu egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

• Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzeari aurrea hartzea sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu daitezela, hau da: aurrea hartzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

• Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira ezabatu: behar bezala frogatzen denean hondakinak balorizatzea ezinezkoa dela, bai teknikoki, bai ekonomikoki eta bai ingurumenaren ikuspegitik ere.

• Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

• Zabortegira bidali beharreko hondakinak sortuz gero, hauen arabera kudeatuko dira: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak Zabortegietan Utziz Ezabatzeko Jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak Hondakindegietan Biltegiratuta eta Betelanak Eginda Ezabatzea arautzen duena.

• Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, beren tipologiarengatik, isurketaren baten ondorioz nahastuz gero, arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

• Sortzen den olio erabilia ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duenari, jarraituz kudeatu beharko da. Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

– Jarduera uztea.

• Instalazioaren bizitza erabilgarria amaituta, oro har kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendu egokia egin dezan, indarrean dagoen legediaren arabera.

• Jarduera eten ondoren, titularrak ebaluatuko du lurzorua nola dagoen eta instalazioak erabilitako, ekoitzitako edo zabaldutako gai arriskutsu esanguratsuek lurpeko uretan zer-nolako kutsadura eragin duten, eta, halaber, organo honi emango dio ebaluazio horren emaitzen berri. Ebaluazioak erakusten badu instalazioak lurzoruaren edo lurpeko uren kutsatze nabarmena eragin duela lurzoruaren kalitatea adierazteko izapidean egindako lurzoruaren kalitatearen ikerketa-txostenetan ezarritako egoerarekin alderatuta, titularrak neurri egokiak hartuko ditu kutsadura horri aurre egiteko eta instalazioa lehengo egoerara ekartzeko, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen II. eranskineko arauei jarraikiz.

Hirugarrena.– Zehaztea, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez dela aurreikusten proiektua gauzatzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen Galdakaoko (Bizkaia) Erletxe industrialdean asfaltozko aglomeratuaren instalazioan fresatuen balorizazio-jarduera instalatzeko proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txostena indargabetu egingo da, eta utzi egingo dio ondorioak izateari, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren gehienez ere lau urteko epean ez bada proiektu hori baimendu. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko abenduaren 23a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala