Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

15. zk., 2022ko urtarrilaren 24a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
368

EBAZPENA, 2022ko urtarrilaren 12koa, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariarena, zeinaren bidez aldatzen baita Idazkaritzako lanpostuaren sailkapena hirugarren mailakotik bigarrenekora eta zeinaren bidez sailkatzen baitira Mutrikuko Udaleko Kontu-Hartzailetzako eta Diruzaintzako lanpostuak, estatu-mailako gaitasuna duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordeak.

Erakunde Harremanetarako eta Toki Administrazioko zuzendariaren 1994ko ekainaren 6ko Ebazpenaren bidez, Mutrikuko Udaleko idazkaritza lanpostua hirugarren motan sailkatzea ebatzi zen (1994ko uztailaren 19ko EHAA, 137. zk.).

Mutrikuko Udalaren Osoko Bilkurak, 2020ko urriaren 29ko saioan, erabaki zuen Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzari eskatzea aipatutako udaleko Idazkaritza bigarren mailako gisa sailka zezala.

Horri dagokionez, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen (aurrerantzean, TAOL) 92.bis artikuluaren lehenengo zenbakian xedatutakoaren arabera, beharrezko diren hainbat egiteko publiko daude –idazkaritza, fede publikoa ematekoa eta aginduzko lege-aholkularitzakoa; eta aurrekontuaren eta ekonomiaren eta finantzen kudeaketaren barne-fiskalizazioa eta kontrola, eta kontabilitatea, diruzaintza eta diru-bilketa– toki-korporazio guztietan, eta horien erantzukizun administratiboa estatu-mailako gaitasuna duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordea dago.

Halaber, aipatutako 92.bis artikuluaren laugarren zenbakian xedatzen duenez, Gobernuak, errege-dekretu baten bidez, arautuko ditu estatu-mailako gaitasuna duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak sortu, sailkatu eta ezabatzeko espezialitateak.

2018ko martxoaren 16an, TAOLren 92.bis artikuluaren laugarren atalean bildutakoaren ondorioz, gaikuntza nazionala duten Toki Administrazioko funtzionarioen araubide juridikoa arautzen duen 128/2018 Errege Dekretua (128/2018 Errege Dekretua, aurrerantzean) argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean.

Horrela, 128/2018 Errege Dekretuaren 8.1.artikuluaren arabera, estatu-mailako gaitasuna duten funtzionarioentzat gordetako idazkaritza lanpostuen sailkapena autonomia-erkidegoei dagokie. Aipatutako artikuluaren b) atalari jarraituz, 5.001 eta 20.000 biztanle arteko udalerrietako eta 5.001 biztanle baino gutxiagoko baina 3.000.000 euro baino aurrekontu handiagoa duten udalerrietako idazkaritzako lanpostuak bigarren mailako idazkaritzak dira eta, hala izanda, Idazkaritza azpieskalakoak diren –sarrerako kategoria– funtzionarioentzako gordetzen dira (128/2018 Errege Dekretuaren 17. eta 24.2.artikuluak).

Halaber, 128/2018 Errege Dekretuaren 11. artikuluak ezartzen duenez, Idazkaritza lehenengo edo bigarren mailan sailkatuta duten toki-erakundeetan Kontu-hartzailetza izeneko lanpostu bat egongo da. Lanpostu horrek toki-erakundearen ekonomia-, finantza- eta aurrekontu-kudeaketaren barneko fiskalizazioa eta kontrola izango ditu esleituta. Lanpostu hori sailkatzeko eskumena autonomia-erkidegoena izango da (aipatutako Errege Dekretuaren 13.1 artikulua).

Orobat, aipatutako 13. artikuluaren 2. atalak adierazten du bigarren mailako idazkaritza duten toki-erakundeko kontu-hartzailetza lanpostuek bigarren mailako izaera dutela eta Kontu-hartzailetza-Diruzaintza azpieskalakoak diren sarrerako kategoria– funtzionarioentzat gordeak daudela (128/2018 Errege Dekretuaren 17. eta 25.2.artikuluak).

Era berean, 128/2018 Errege Dekretuaren 14.artikulua aintzat hartuz, bigarren mailako gisa sailkatutako Toki-Korporazioetan, Diruzaintza izeneko lanpostu bat egon beharko da, Kontu-hartzailetza-Diruzaintza azpieskalako estatu-mailako gaitasuna duten funtzionarioentzat gordea.

Ondorioz, kontuan hartuta Mutrikuko Udalak gainditzen dituela bai biztanle-kopurua (5.001 biztanle), bai arauzko gutxieneko aurrekontu-kopurua (3.000.000 euro), bere idazkaritza bigarren mailako gisa sailkatu ahal izateko, Zuzendaritza honek erabaki du sailkapen horretarako prozedura hastea, 128/2018 Errege Dekretuaren 8.artikuluarekin bat etorriaz.

Gauzak horrela, prozeduraren instrukzio-aldian, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu zitzaion txostena eman zezala Udalaren eskaeraren inguruan. 2021eko azaroaren 30ean, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzak eskatutako txostena jaso du. Horren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik Mutrikuko Udaleko Idazkaritzako lanpostuaren sailkapena gaur egun hirugarren mailakoa denetik bigarrenekora aldatzeko eskabideari buruzko aldeko txostena helarazi du.

Bestalde, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. artikuluaren arabera bete beharreko entzunaldiaren izapidea eman ondoren, udalean idazkaritza- eta kontu-hartzailetza-lanak egiten ari den pertsonak ez du alegaziorik aurkeztu instrukzio-fase honetan.

Era berean, toki-erakundeari espediente osoaren berri eman zaio, eta hark ere ez du alegaziorik aurkeztu fase honetan.

Ondorioz, Mutrikuko Udaleko Idazkaritza (Idazkaritza azpieskalakoak diren gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioei gordeta dago, sarrerako kategoria) bigarren mailako gisa sailkatzen da, eta, ondorioz, baita Kontu-hartzailetza-Diruzaintza lanpostua ere (Kontu-hartzailetza-Diruzaintza azpieskalan dauden funtzionarioentzat gordea, sarrerako kategoria), eta Mutrikuko Udalak bere lanpostu zerrendan gehitu behar ditu.

Horregatik guztiagatik, Mutrikuko Udalaren Osoko Bilkurak hartutako akordioa ikusirik, TAOLren 92.bis artikuluarekin eta 128/2018 Errege Dekretuaren 8., 13. eta 14. artikuluekin bat etorriaz, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 11. artikuluak ematen dizkidan ahalmenez baliatuz.

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Mutrikuko Udaleko Idazkaritza lanpostua bigarren mailako gisa sailkatzea. Lanpostu hori Idazkaritza azpieskalakoak diren –sarrerako kategoria– estatu-mailako gaitasuna duten funtzionarioentzat gordeko da.

Bigarrena.– Mutrikuko Udaleko Kontu-hartzailetza lanpostua bigarren mailako gisa sailkatzea. Lanpostu hori Kontu-hartzailetza-Diruzaintza azpieskalakoak diren –sarrerako kategoria– estatu-mailako gaitasuna duten funtzionarioentzat gordeko da.

Hirugarrena.– Mutrikuko Udaleko Diruzaintza lanpostua Kontu-hartzailetza-Diruzaintza azpieskalako estatu-mailako gaitasuna duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako gisa sailkatzea.

Laugarrena.– Lanpostu horiek betetzeko sistema merezimendu-lehiaketa izango da.

Bosgarrena.– Mutrikuko Udalak lanpostu horiek bere lanpostu zerrendan gehitu beharko ditu lanpostuak bete baino lehen.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek ez dio administrazio-bideari amaiera ematen. Beraz, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Erakunde Harremanetarako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; hala xedatzen da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan, hargatik eragotzi gabe eskubidez onartutako bestelako aurkaratze-bideak erabiltzea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa Arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluari jarraituz, administrazio publiko interesdunek ezin izango dute administrazioarekiko errekurtsorik jarri ebazpen honen aurka. Halere, errekurtsoa jarri ahal izango dute Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako epaitegietan, bi hileko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, 29/1998 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituz. Lehenago eta epe berean, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzari eskatu ahal izango zaio ebazpen hau deusezta edo erreboka dezala, 29/1998 Legearen 44.1 artikuluak xedatzen duen bezala.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko urtarrilaren 12a.

Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendaria,

MIREN JOSUNE IRABIEN MARIGORTA.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana