Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

14. zk., 2022ko urtarrilaren 21a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
341

AGINDUA, 2022ko urtarrilaren 10ekoa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2022ko Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoen XXXIX. edizioaren deialdia egiteko dena.

Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legeak emandako definizioaren arabera, eskolako kirola da eskola-umeek nahitaezko eskola-aldian baina eskola-orduetatik kanpo egiten duten kirol jarduera.

Legearen II. tituluak xedatzen duenez, Autonomia Erkidegoko erakunde komunen eskumena da eskolako kirolaren oinarriak eta printzipio orokorrak finkatzea, bai eta kirol-diziplinako araubidea eta lehiaketak finkatzea ere. 45. artikuluak dioenez, bestalde, autonomia mailako lehiaketa ofizialak bideratzea, kalifikatzea eta baimentzea Eusko Jaurlaritzaren zeregina da.

Testuinguru horretan, beharrezkoa da agindu baten bidez Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoen XXXIX. edizioaren deialdia egitea, Eskolarteko Jokoetan sortzen diren gorabeherei soluziobidea bilatzeko.

Ondorioz, hauxe

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoen XXXIX. edizioan, gutxienez hiru lurralde historikoetatik bitan, eskola-kirolaren programen barruan, lurralde-mailako lehiaketa izaten duten kirol modalitate guztiak deituko dira. Lurralde bakoitzetik gutxieneko partaidetza 6 kirolari edo taldekoa izango da.

Kirol modalitateren batean Eusko Jaurlaritzak aurrez baimenik eman badu 2021-2022 ikasturtean zehar eskola-lizentzia duen autonomia mailako lehiaketaren bat egiteko, lehiaketa hori ez da Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoetan sartuko.

2. artikulua.– 2022ko Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoetan Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Lurralde Historikoetako kirolariek, teknikariek eta talde eta/edo selekzio ordezkariek parte hartuko dute.

3. artikulua.– 1.– Kirolariek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Hiru Foru Aldundietako batek emandako eskola-lizentzia izatea.

b) Ordezkatzen duten ikastetxe edo klubean inskribatuta egotea. Selekzioak onartzen dituzten kirol modalitateetan, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak onartutako araudi teknikoan ezartzen diren irizpide espezifikoak erabiliko dira selekzio horiek osatzeko.

c) Kirolariek ikasturtean zehar Foru Aldundien eskola-kiroleko programetan izandako baldintza beretan parte hartuko dute, eta Eusko Jaurlaritzak eta hiru Foru Aldundiek erabakitako parte hartzeko irizpideak errespetatu beharko dituzte.

d) Kirol Joko hauetan parte hartzen duten kirolariek 11 urte beteak izan behar dituzte, eta 14 urte gehienez, Jokoak egiten diren urtean.

Oro har, parte hartzeko kategoria haur-kategoria deritzona izango da (2008an eta 2009an jaiotako eskola-umeak).

2.– Salbuespenez, beste adin batzuetako kirolarien parte hartzea ere onartuko da, betiere gorabehera hori dagokion modalitatearen araudi teknikoan jasotzen bada (kimu-kategoria, 2010. eta 2011. urteetan jaiotako kirolariak)

3.– Edozein eskola-ume kirolarik aukera izango du kirol modalitate batean baino gehiagotan batera parte hartzeko. Aldi berean bi lehiaketatan parte hartzea suertatzen bazaio, baten edo bestearen artean aukeratu beharko du.

4. artikulua.– 1.– 2022ko Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoen XXXIX. edizioa Arabako Lurralde Historikoan jokatuko da, batik bat Vitoria-Gasteizen. Errendimenduari ekiteko ibilbideko futbol txapelketako partida batzuk bakarrik jokatuko dira lurralde horretatik at (haur-kategoriako bigarren urtekoak Bizkaian eta lehenengo urtekoak Gipuzkoan).

2.– Neguko modalitate bakarra, krosa, 2022ko otsailaren 27an izango da. Judo modalitatea apirilaren 2an izango da. Eskubaloi txapelketa maiatzean izango da, oraindik zehaztu gabeko datan, eta Saskibaloiko haur mailako errendimendu ibilbideko lehen hiru jardunaldiak maiatzaren 14, 21 eta 22an izango dira. Gainerako kirol-lehiaketak 2022ko maiatzaren 28 eta 29ko eta ekainaren 4 eta 5eko asteburuetan izango dira. Kirol modalitate bakoitzaren behin betiko programa gutxienez 15 egun aurretik jakinaraziko die Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak hiru foru aldundiei eta inplikatutako euskal kirol federazioei.

5. artikulua.– Foru aldundiek Jokoak hasi baino 4 egun lehenago aurkeztu behar dituzte beren lurralde historikoetako inskripzioak Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzan.

6. artikulua.– Lehiaketak hasi baino lehen, kirolari bakoitzak bere 2021-2022 ikasturteko eskolako kirol-lizentzia aurkeztu beharko du, tokian tokiko foru aldundiak emana, eta foru aldundiak Eusko Jaurlaritzari bidalitako parte hartzaileen zerrendan agertu behar du.

7. artikulua.– Kirol modalitate bakoitzaren garapena Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak hiru Foru Aldundiekin batera adostutako araudi teknikoan jasota egongo da, eta dagozkion ondorioetarako halaxe zabalduko da, parte hartzaileek, behin inskribatuz gero, hari men egin beharko diotelarik.

8. artikulua.– Alderdi teknikoari dagokionez, euskal kirol federazioak izango dira kirol modalitate bakoitzak egoki funtzionatzeko beharrezkoa den laguntza emango dutenak, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak ikuskatuta eta ontzat emanda.

Hona laguntza teknikotzat zer ulertzen den: jardueraren inguruko alderdi tekniko guztiak zuzendu, koordinatu eta haien jarraipena egiteko behar diren egiteko guztiak betetzea.

Halaber, lehiaketen aktak egingo dituzte. Akta horiek ekintzaren bukaeran sinatu beharko dituzte lehiatu diren taldeetako teknikariek, ordezkariek eta kapitainek.

9. artikulua.– Lehiaketak jokatzen diren instalazioetan beti egongo dira, lehiaketak irauten duen bitartean, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzaren ordezkari bat eta instalazioan jokatutako kirol horren federazioko kide bat.

10. artikulua.– 1.– Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak izendatuko du Eskolarteko Kirol Jokoetarako epaile bakarra, eta haren funtzioak hauek izango dira:

a) Parte hartzaileen gaineko diziplina-ahalmena erabiltzea. Lehiaketan epaileek izandako jokamoldeari buruzko erreklamazioak ebatziko ditu.

b) Diziplinakoak ez diren erreklamazio guztiak ebatziko ditu.

2.– Behin kirol jardunaldia bukatu eta gero, epaile bakarrak bidezko ebazpena emango du eta bi ordu baino lehen jakinaraziko du, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari men eginez eta pertsona interesdun guztiei entzuteko aukera bermatuz.

11. artikulua.– Erreklamazioak idatziz aurkeztuko dira. Horretarako, inprimaki-eredu bat jarriko da interesdunen eskura Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoen XXXIX. edizioaren Idazkaritza Teknikoan, nahiz eta bestelako idazkirik ere onartuko den, baldin eta ebazteko ezinbestekoak diren elementuak baditu.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, beronen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko urtarrilaren 10a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala