Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

14. zk., 2022ko urtarrilaren 21a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
332

6/2021 FORU ARAUA, abenduaren 22koa, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren 2022. urterako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena.

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «6/2021 Foru Araua, abenduaren 22koa, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren 2022. urterako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena»; eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

Donostia, 2021eko abenduaren 22a.

Diputatu nagusia,

MARKEL OLANO ARRESE.

HITZAURREA

2020an mundua gelditu egin zen COVID-19aren pandemia iritsi zenean, eta haren eragina 2021ean ere nabaritu zen. Gaixotasunak ekarritako aldaketak bizitzaren alderdi guztietan izan zuen eragina.

Hala eta guztiz ere, badirudi aurrerapen zientifikoek eta txertoa iritsi izanak, zeina dagoeneko modu masiboan inokulatu baita Gipuzkoako biztanleen artean, pandemiaren hedapena geldiaraztea lortu dutela, eta, beraz, bai Gipuzkoa eta bai bertako herritarrak hasita daude jada gaixotasuna agertu aurreko ohiturak berreskuratzen.

2021ean Gipuzkoako Foru Aldundiak pandemiak gehien kolpatutako kolektiboak defendatzeko lan egin bazuen ere, erakundeak baikortasunez begiratzen dio 2022ari, susperraldiaren urtea izatea espero baitu. COVID-19aren hilabeterik ilunenak gaindituta daudela dirudi, eta orain susperraldiaren azeleragailua sakatzeko unea da.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren legealdi honetako erronka estrategikoetako bat desberdintasunen aurkako borroka da, izan desberdintasun horiek ekonomikoak, sozialak, linguistikoak zein beste edozein eratakoak. Zehazki, Gipuzkoaren asmoa da desberdintasun tasa txikienak dituzten Europako lurraldeen artean egotea. Horrek garrantzi berezia hartzen du krisialditik irteten ari garen honetan; izan ere, pertsonek eta enpresek abiadura desberdina hartzen badute aurrera egiteko, lurraldeak beti du atzera egiteko arriskua.

Beraz, epe laburrerako erronka nagusia da susperraldi hori pertsona eta sektore guztietara zabaltzea, inor atzean utzi gabe. Horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiak lan egingo du susperraldi ekonomikoa sektore ekonomiko guztietara eramateko, eta bere lehentasunetako bat krisiaren ondorioz gehien sufritu duten pertsonak susperraldiaren olatuan sartzea izango da.

Horrekin batera, 2022. urterako beste erronka handia susperralditik aktibaziora pasatzea izango da, Gipuzkoako etorkizuneko ekonomiaren eta gizartearen oinarriak sendotuz. Horretarako, foru aldundiak oso tresna indartsua du, gobernantza ireki eta kolaboratiboan ezaugarri nagusietako bat duena: Etorkizuna Eraikiz.

Programa horren bitartez, foru aldundiak Gipuzkoako gizarte osoa inplikatu nahi du lurraldeak epe ertain eta luzera izango dituen erronka eta arazoei erantzunak bilatu eta aktibatzeko. Berrikuntza ariketa irekia eta parte-hartzailea da, egungo testuinguruan, etorkizuneko Gipuzkoa diseinatzea eta gauzatzen hastea helburu duena.

Alde horretatik, Etorkizuna Eraikiz programak inbertsio berriak planteatzen ditu Gipuzkoako hainbat aukera esparrutan, proiektu estrategiko modura; ekimen sorta bat, biharko Gipuzkoako ekonomiaren zutabe bihurtu nahi dena.

2022ko aurrekontua emaitzetara bideratutako aurrekontu baten beharkizunei jarraituz osatu da.

Emaitzetara bideratzean, aurrekontu programek adierazleak helburuekin lotzen dituzte, eta azken horiek ekintzekin eta baliabideekin. Horrenbestez, politika publikoen multzo osoa gauzatzeko oinarrizko tresna izateaz gain, aurrekontuak plangintza eta ebaluazio sistema ere badira, aurrekontuko baliabideak lortzea espero diren emaitzekin lotzen baititu, betiere efikazia, efizientzia eta gardentasuna hobetze aldera.

Ikuspuntu horrek aukera ematen du zeharkako politikak elkarrekin uztartzeko (genero berdintasuna, hizkuntza berdintasuna eta partaidetza), eta programek politika horien garapenean duten eragina adierazten du.

Indartu egiten da herritarren partaidetza, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatu duen «2022ko Aurrekontu Irekiak» izeneko prozesu berria sartuta.

Gipuzkoako Lurralde Historikoaren aurrekontu orokor hauen helburua baliabide publikoen kudeaketa finantzario egokia lortzea da, gastu publikoaren banaketan ahalik eta efizientziarik handiena ziurtatze aldera.

Aurreko ekitaldiari dagokionez, aurrekontua % 13,08 hazi da, aurrekontu propioa % 6,00 hazi da eta Udalak Finantzatzeko Foru Funtsa, termino homogeneoetan, % 14,13 hazi da.

Gastu politikei dagokienez, gizarte gastuetara eta errepide bidezko bidaiarien garraiora bideratutako kredituak zabalgarritzat hartu dira, kontuan izanik gerta daitekeela haien zuzkidura nahikoa ez izatea ekitaldian zehar agertzen diren beharrei aurre egiteko, betiere azpimarratuz borondate politikoa dela kreditu horiek zuzkitzea aurrekontu beharrak estali arte.

Izaera horretakoak dira, baita ere, hasierako aurrekontuan sartu ziren berreskuratze-, eraldaketa- eta erresilientzia-planekin eta proiektu estrategikoekin lotutako ordainketa kredituak, bai eta ekitaldian zehar sortzen direnak ere.

Lurraldearen ongizatea garatzeko udalen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren artean beharrezkoa den lankidetza kontuan hartuta, aurrekontu hauek 40,41 milioi euroko dirulaguntzak aurreikusten dituzte lurraldeko toki entitateen alde.

Aurrekontuen foru arauaren funtsezko edukia I. tituluan jasotzen da, bertan onartzen baitira foru sektore publikoaren sarrera eta gastuen egoera guztiak, eta bertan finkatzen baita, orobat, Gipuzkoako Lurralde Historikoko tributuei dagozkien gastu fiskalen zenbatekoa.

Titulu horren barruan Gipuzkoako Batzar Nagusien aurrekontuko sarrera eta gastuen egoera orrien zenbatekoa sartzen da, bai eta Gipuzkoako Foru Aldundiari atxikitako partzuergoena ere.

II. tituluak ezartzen du zein den Foru Aldundiaren zorpetze muga eta zenbaterainoko bermeak eman ditzakeen, eta Bidegi, SA merkataritzako foru sozietatearen zorpetze muga ere jasotzen da bertan.

III. tituluan jasota daude 2022ko ekitaldian zehar aurrekontu kredituen araubide orokorrak eta haien aldaketenak izango dituzten berezitasunak. Zehazki, hauek: araubide orokorraren salbuespenak kredituen izaera mugatzaileari dagokionez; kreditu zabalkorren kontsiderazioa; konpromiso kredituak sortu eta banatzeko gehieneko muga; kreditu gaikuntzen eta txertaketen berezitasunak.

IV. tituluan aurrekontu kudeaketaren inguruko hainbat arau jasotzen dira (dirulaguntzenak, proiektu kofinantzatuenak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren berreskuratze-, eraldaketa- eta erresilientzia-planekin eta proiektu estrategikoekin lotutako funtsen kudeaketa, gastuaren exekuzioa mugatzekoak, eta egindako gastuaren udalerrikako banaketari buruzkoak), bai eta Batzar Nagusiei eta foru sektore publikoko gainerako entitateei transferentziak egiteko araubidea ere.

V. tituluak bi kapitulu ditu. Lehenengoan jorratzen da Gipuzkoako Foru Aldundiko eta foru organismo autonomoetako langileen eta pasiboen kredituei aplikatzen zaien araubidea, aurrekontu plantillaren osaera zehazten da, eta zehaztasun handiagoz arautzen dira aurrekontuetako lehen kapituluari ezartzen zaizkion mugak.

Bigarren kapituluan, berriz, foru sektore publikoko gainerako entitateen plantillaren osaera eta langileria gastuak gehitzeko muga arautzen dira.

VI. tituluan, lurralde historikoko udalen finantzaketa ezartzen da.

VII. tituluan arautzen da Foru Aldundiak aldian-aldian Batzar Nagusietara bidali behar duen informazioa.

Foru arauaren edukia osatzeko, hainbat xedapen ematen dira: gehigarriak, iragankorrak, eta amaierakoak. Horietan askotariko aginduak jasotzen dira.

Xedapen gehigarri gisa gehitu dira honako hauei buruzko ohiko aurreikuspenak: berandutze-interesa, tasen, katastro-balioen eta autobideak erabiltzeko kanonaren eguneratzea, toki-korporazioetako kideen ordainsarien gehieneko mugak zehaztea, kreditu gehigarriak eta Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa SAU erakundeari maileguak emateko baimena. Gainera, berritasun gisa, zortzigarren xedapen gehigarri bat erantsi da: 17. artikuluan aipatzen diren berreskuratze-, eraldaketa- eta erresilientzia-planei lotutako funtsen kudeaketarako hitzarmenen izapideak sinplifikatzeari buruzkoa.

Xedapen iragankorretan, berriz, arau osagarri batzuk arautzen dira aurrekontuen kudeaketari buruz. Izan ere, aurreko ekitaldietako aurreikuspenari eusten zaio, alegia, egoera jakin batzuetan aurrekontuaren egokitzapen teknikoak egiteko aukerari eta Ogasun eta Finantza Departamentuak kontabilitate saldoak arazteko aukerari.

Azkenik, amaierako xedapenak jasotzen dira. Lehenengo hiruretan hiru foru arau hauek aldatzen dira: Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga arautzen duen urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Araua, Udalak Finantzatzeko Foru Funtsa arautzen duen azaroaren 23ko 15/1994 Foru Araua, eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko toki entitateen aurrekontuei buruzko abenduaren 19ko 21/2003 Foru Araua. Eta azkeneko hirurak erregelamenduzko garapenari, aplikazio eremuari eta foru araua bera indarrean jartzeari buruzkoak dira.

I. TITULUA
AURREKONTUEN ONARPENA, EREMU SUBJEKTIBOA ETA EDUKIA

1. artikulua.– Aurrekontuak onartzea.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko 2022. urterako aurrekontu orokorrak onartzen dira, foru arau honetan ezarritako eran.

2. artikulua.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko aurrekontu orokorren eremua.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko 2022. urterako aurrekontu orokorrak honela daude osatuta:

a) Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontua.

b) Uliazpi Fundazioa eta Kabia foru organismo autonomoen aurrekontuak.

c) Bidegi Gipuzkoako Azpiegituren Agentzia SA, Etorlur Gipuzkoako Lurra SA eta Informatika Zerbitzuen Foru Elkartea SA (IZFE) merkataritzako foru sozietateen aurrekontuak.

d) Foru fundazioen aurrekontuak.

– Kirolgi Fundazioa.

– Fundación Sueskola Gipuzkoa Fundazioa.

– Gipuzkoako Aldaketa Klimatikoaren Fundazioa.

– Ziur Fundazioa.

– Fundación Adinberri Fundazioa.

– MUBIL Fundazioa.

3. artikulua.– Aurrekontu orokorren edukia.

1.– Ordainketa kredituak eta sarrera bateratuen egoera 5.803.897.913,98 euro izango dira 2022ko ekitaldian, I. eranskinean laburtutakoaren arabera.

2.– Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontuko gastuen egoera 5.620.139.005,00 euro da ordainketa kredituei dagokienez, eta 297.965.495,00 euro, berriz, konpromiso kredituei dagokienez; II.I. eranskinean jasotzen da nola banatzen diren 2022tik aurrerako aurrekontu ekitaldietan.

Aurrekontu propioaren kasuan, gastuen egoera 1.041.817.353,00 euro da. Aurrekontu propioa lortzeko, aurrekontu osoari kendu egiten zaizkio Estatuarentzako kupoa, Finantzen Euskal Kontseilutik ondorioztatutako ekarpenak eta Udalak Finantzatzeko Foru Funtsa ordaintzeko kredituak.

Foru Aldundiaren aurrekontuko sarreren egoera 5.620.139.005,00 euro da, haren barruan sartuta diruzaintzako gerakina (35.790.494,00 euro).

3.– Uliazpi Fundazioa foru organismo autonomoaren aurrekontuko gastuen egoera 21.828.000,00 euro da eta 82.000,00 euro, berriz, konpromiso kredituei dagokienez; II.II eranskinean jasotzen da nola banatzen diren 2022tik aurrerako aurrekontu ekitaldietan.

Uliazpi Fundazioa foru organismo autonomoaren aurrekontuko sarreren egoera 21.828.000,00 euro da.

4.– Kabia foru organismo autonomoaren aurrekontuko gastuen egoera 63.503.094,00 euro da.

Kabia foru organismo autonomoaren aurrekontuko sarreren egoera 63.503.094,00 euro da.

5.– Merkataritzako foru sozietateen gastu aurrekontuen zenbatekoa 198.573.687,95 euro da, eta banaketa hau du:

– Informatika Zerbitzuen Foru Elkartea SA (IZFE): 40.465.089,00 euro.

– Bidegi Gipuzkoako Azpiegituren Agentzia SA: 156.953.321,00 euro.

– Etorlur Gipuzkoako Lurra SA: 1.155.277,95 euro.

Sozietate horien baliabide zenbatetsiak eta haietako bakoitzarentzat onartutako zuzkidurak berdinak dira.

6.– Foru fundazioen gastu aurrekontuen zenbatekoa 15.556.384,55 euro da, eta banaketa hau du:

– Kirolgi Fundazioa: 3.948.656,00 euro.

– Fundación Sueskola Gipuzkoa Fundazioa: 1.230.851,03 euro.

– Gipuzkoako Aldaketa Klimatikoaren Fundazioa: 1.332.010,00 euro.

– Ziur Fundazioa: 1.132.600,00 euro.

– Fundación Adinberri Fundazioa 954.582,06 euro.

– MUBIL Fundazioa: 6.957.685,46 euro.

Fundazio horien baliabide zenbatetsiak eta haietako bakoitzarentzat onartutako zuzkidurak berdinak dira.

4. artikulua.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko aurrekontu orokorrak hartzen dituen aurrekontuak.

1.– Gipuzkoako Batzar Nagusien aurrekontuaren sarreren eta gastuen egoera orria jasotzen da, 7.593.800,00 eurokoa eta konpromisozko kredituei dagokienez, 75.300,00 eurokoa.

2.– Partzuergo hauen aurrekontuak jasotzen dira:

– Gipuzkoako Ur Kontsorzioaren aurrekontu kontsolidatuaren egoera orrian 54.242.000,00 euro jasotzen dira, bai diru sarrerei bai gastuei dagokienez.

– Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioaren aurrekontu kontsolidatuaren egoera orrian 52.255.597,00 euro jasotzen dira, bai diru sarrerei bai gastuei dagokienez.

– Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren aurrekontuaren egoera orrian 5.773.448,00 euro jasotzen dira, bai diru sarrerei bai gastuei dagokienez.

– Badalab Hizkuntza Berrikuntzako Partzuergoaren aurrekontuaren egoera orrian 399.829,01 euro jasotzen dira, bai diru sarrerei bai gastuei dagokienez.

5. artikulua.– Tributuei dagozkien gastu fiskalak.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko tributuei dagozkien gastu fiskalak 2.218.313.850,01 eurotan zenbatetsi dira.

II. TITULUA
GEHIENEKO ZORPETZE MAILA ETA BERMEAK EMATEKO MUGA

6. artikulua.– Abalen muga.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko Finantza eta Aurrekontu Araubidearen martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauak 109.1 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, Foru Aldundiak Bidegi SAri emandako abalak ezin izango dira izan, 2022ko abenduaren 31n, 256.056.999,99 eurotik gorakoak.

7. artikulua.– Foru Aldundiaren zorpetze muga.

1.– Gipuzkoako Foru Aldundiaren epe luzerako zorpetze eragiketen saldo bizia, eragiketak dokumentatzeko era zeinahi dela ere, ezin izango da izan, 2022ko abenduaren 31n, 496.030.000,00 eurotik gorakoa.

2.– 2022. urtean zehar, Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuak egoki deritzen zorpetze eragiketak egin ahal izango ditu diruzaintzaren unean uneko beharrei erantzuteko, edozein eratan dokumentatuta eta urtebeterako gehienez.

8. artikulua.– Bidegi SA merkataritza foru sozietatearen zorpetze muga.

Bidegi, SA sozietatearen epe luzerako zorpetze eragiketen saldo bizia, eragiketak dokumentatzeko era zeinahi dela ere, ezin izango da izan, 2022ko abenduaren 31n 544.173.214,48 eurotik gorakoa.

III. TITULUA
AURREKONTU KREDITUAK ETA HORIEN ALDAKETAK

9. artikulua.– Foru Aldundiaren eta foru organismo autonomoen aurrekontu kredituak.

Gastuen egoera orriko kredituak erabiliko dira aurrekontuetan eta martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauaren III. tituluaren III. kapituluari eta foru arau honi jarraituz onartutako aldaketetan baimendutako helburuak betetzeko.

10. artikulua.– Kredituen lotura.

1.– 2022ko ekitaldian, ordainketa kredituak mugatzaileak izango dira, martxoaren 27ko 4/2007 Foru Araua, 51.2 artikuluan jasotakoaren arabera. Salbuespen bakarrak ondorengo apartatuetan ezarritakoak dira.

2.– Mugatzaileak izango dira gastu egoeran duten desagregazio mailarekin honako hauek:

a) Foru arau honen 11. artikuluan ezarritakoaren arabera zabalgarritzat hartutako kredituak, salbu honako hauek: 1. apartatuko a) letran jasotakoak, mugatzaileak izango baitira kapitulu mailan; eta b) eta c) letretan jasotakoak, kapitulu eta programa mailan izango baitira mugatzaileak.

b) Konpromiso kredituei dagozkien ordainketa kredituak, artikulu honen 3. apartatuaren a) eta c) letretan jasotakoa eragotzi gabe.

c) Ekitaldiaren barruan onartzen diren kreditu gehigarriak.

d) Aurreko ekitaldietatik txertatutako kredituak.

e) Foru organismo autonomoak, merkataritzako foru sozietateak eta foru fundazioak finantzatzearren Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontuan izendatzen diren kredituak, eta haien zerbitzuak ordaintzeko erabiltzen diren kredituak.

f) Gipuzkoako Lurralde Historikoko Dirulaguntzei buruzko martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauak 20.3.c) artikuluan jasotakoaren arabera zuzenean eman daitezkeen dirulaguntzei dagozkien kredituak.

g) Finantzaketa lotuko gastuei dagozkien kredituak, artikulu honen 3.a) apartatuan jasotakoa eragotzi gabe.

h) Beren izaera, garrantzi edo xede bereziagatik, berariazko zehaztapen maila behar duten kredituak, Ogasun eta Finantza Departamentuak hala erabakitzen duenean.

3.– Mugatzaileak izango dira kapitulu eta programa mailan:

a) Proiektu kofinantzatu bereko ordainketa kredituak.

b) II. kapituluan (ondasun eta zerbitzuen gastu arruntak) sartutako kredituak.

c) Dirulaguntza lerro bereko laguntzak finantzatzera bideratutako kredituak.

d) Bere izaera bereziagatik edo xedeagatik Ogasun eta Finantza Departamentuak erabakitzen dituen kredituak.

4.– Konpromiso kredituak erregulatuko dira lotuak dituzten ordainketa kredituei titulu honetan aplikagarri zaizkien arauen arabera.

11. artikulua.– Kreditu zabalgarriak.

1.– Martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauak 53. artikuluan xedatzen duenez, zabalgarritzat hartzen dira Foru Aldundiaren eta foru organismo autonomoen aurrekontuetan jasotzen diren kreditu hauek:

a) I. kapituluko gastuak (langileria gastuak), xedapen aplikagarrietan jasotakoaren arabera, eta foru arau honen V. tituluan ezarritako mugekin.

b) Interesak, zenbateko nagusiaren amortizazioa, eta zorpetze gastuak ordaintzeko bideratutakoak.

c) Estatuari kupoa ordaintzeko, Euskal Autonomia Erkidegoari diru ekarpena egiteko, edo tributu itunduen bilketan parte hartzeagatik lurralde historikoko udalerriek jaso beharrekoa ordaintzeko izendatutako zenbatekoak.

d) Gipuzkoako Foru Aldundiak abalatutako kreditu eragiketetan izan diren galerek eragindako diru betebeharrak ordaintzeko diren kredituak.

e) Batzar Nagusien eta foru organismo autonomoen aurrekontuak finantzatzeko bideratutako kredituak.

f) Europar Batasunarekin batera finantzatutako jarduketetarako izendatutako kredituak.

g) Langileei ordainsarien aurrerakinak emateko bideratutako kredituak.

h) Beste eskumen batzuk bereganatzearen ondorio diren kredituak.

i) Lurralde historikoko aurrekontu orokorren eranskin numerikoetan berariaz adierazten diren kredituak.

j) Berreskuratze, eraldatze eta erresilientzia planei eta proiektu estrategikoei dagozkien kredituak, foru arau honen 17. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2.– Gizarte Politiketako Departamentuak aldizkako prestazio ekonomikoen programaren barruan familiei egiten dizkien transferentziak zabalgarriak dira, prestazio mota bakoitzaren berariazko araudiaren aplikaziotik eratorritako diru beharren arabera.

3.– Finantza eta Aurrekontuetako zuzendariak aurrekontuko kreditu bati izaera zabalgarria kendu diezaioke, betiere aurrekontua gauzatzeko hala komeni bada.

12. artikulua.– Konpromiso kredituak sortu eta birbanatzeko gehieneko muga.

1.– Diputatuen Kontseiluak, Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuak proposaturik, eta ukitutako departamentuaren edo foru organismo autonomoen ekimenez, konpromiso kreditu berriak onar ditzake, betiere haiek ez badira aplikatzen 4 ekitalditan baino gehiagotan, eta haien zenbateko osoak ez badu gainditzen foru arau honetan onartutako konpromiso kredituen % 10, foru arau honen 17. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe.

2.– Diputatuen Kontseiluak erabaki dezake, Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuak proposaturik eta eragindako departamentuaren edo foru organismo autonomoaren ekimenez, konpromiso kredituen artean transferentziak egitea edo horien urteko zenbatekoak birbanatzea 4 urteko epe mugarekin, betiere haien zenbateko osoa ez bada handiagoa foru arau honetan onartutako konpromiso kredituen % 10 baino, foru arau honen 17. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe.

3.– Pertsona fisikoek edo juridikoek urte anitzeko gastuak finantzatzeko egiten dituzten ekarpenak ez dira konputatuko aurreko apartatuetan jarritako mugen ondorioetarako.

13. artikulua.– Kreditu gaikuntzak.

1.– Finantza eta Aurrekontu Araubidearen Foru Arauak 58.8 artikuluan jasotakoaren arabera, gastu aurrekontuan gaikuntzak egin ahal izango dira beste sarrera batzuen kargura, zerga itunduak barne, betiere sarrera aurrekontuaren exekuzioaren arabera aurreikusi badaiteke ekitaldiaren amaieran hasierako aurreikuspenak gaindituko direla. Gaikuntza horien helburua izango da:

a) Estatuari kupoa ordaintzea, Euskal Autonomia Erkidegoari diru ekarpena egitea edo tributu itunduen bilketan parte hartzeagatik Gipuzkoako udalerriek jaso beharreko ekarpena ematea.

b) Interesak, zenbateko nagusiaren amortizazioa edo zorpetzeak eragindako bestelako gastuak ordaintzea.

c) Ohiz kanpoko izaerako giza gastua.

2.– Gaikuntza horiek ez dira konputatuko martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauaren 58. artikuluaren 11. apartatuan jasotako mugaren ondorioetarako.

3.– Berreskuratze, eraldaketa eta erresilientzia planei eta proiektu estrategikoei lotutako funtsak kudeatzeko kreditu gaikuntzak foru arau honen 17. artikuluan xedatutakoaren arabera egingo dira.

14. artikulua.– Kreditu txertaketak.

Martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauak 59. artikuluaren 2. apartatuan jasotako salbuespenaren arabera, 2022ko ekitaldian txertatu ahal izango dira 2021ean txertatutako kreditu gerakinak, baldin eta haien obligazioa ekitaldi horren barruan onartu ez bada, eta konprometituta badaude.

IV. TITULUA
AURREKONTUAREN KUDEAKETA

15. artikulua.– Dirulaguntzak.

Diputatu nagusiak eta foru diputatuek martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauaren 20.3.c) artikuluan aipatzen diren laguntzak eman ditzakete, nork bere departamentuko aurrekontuaren kargura, betiere 15.000,00 euroko zenbatekoa gainditu gabe.

16. artikulua.– Proiektu kofinantziatuak.

Beste pertsona fisiko edo juridiko batzuek osorik edo zati batean finantzatutako gastu proiektuak behar bezala identifikatuta egongo dira hasierako aurrekontuan edo kreditu aldaketarako espedienteetan. Era berean, finantzaketa bideak zeintzuk diren adierazi beharko da berariaz.

Kredituen finantzaketari lotutako baliabideen aurreikuspena hasieran aurreikusitakoa baino txikiagoa denean, aurrekontuko gastu egoeretan kreditu atxikipenak egitea erabaki dezake Finantza eta Aurrekontuetako zuzendari nagusiak.

17. artikulua.– Berreskuratze-, eraldaketa- eta erresilientzia-planei eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren proiektu estrategikoei lotutako funtsen kudeaketa.

1.– Berreskuratze-, eraldaketa- eta erresilientzia-planen ekimenetik eta proiektu estrategikoetatik eratorritako funtsak banatzearen ondorioz 2022ko ekitaldian lor daitezkeen diru-sarrera handiagoek dagozkien ordainketa-kredituak eta, hala badagokio, konpromiso-kredituak sortuko dituzte, Foru Aldundiaren Administrazioaren eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Administrazio Instituzionalaren aurrekontuko gastuen egoera-orrian.

2.– Diru-sarrera horiek berreskuratze-, eraldatze- eta erresilientzia-planei eta proiektu estrategikoei lotutako jardueren eta proiektuen berariazko finantzaketari lotuta egongo dira, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-sarreren egoera-orrian sartuko dira.

3.– Kreditu gaikuntzen bidez sortutako kredituak ez dute konputatuko, martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauaren 58.11 artikuluan jasotako mugaren ondorioetarako.

4.– Ogasun eta Finantza Departamentuak bideratuko ditu kredituak, betiere Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokion zenbatekoan, funtsak lurraldeen arten banatzeko eskumena duten Europako, estatuko edo autonomietako organoek hasierako erabakiak hartzen dituzten unetik aurrera, eta ez da aplikatuko martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauaren 58.3 artikuluan jasotakoa.

5.– Behin kreditua sortuta, erabilgarritzat joko da, bai gastu baimen eta xedapenak, bai haiek sorrarazi dituzten negozio juridikoak izapidetzeko. Ogasun eta Finantza Departamentuak behin betiko erabakiak, hitzarmenak, ebazpenak edo ekarpenak egiteko konpromiso irmoak kasu bakoitzean egiaztatzeko tresna juridikoak sinatzea edo onartzea etengo duen baldintzaren pean jarri ahal izango du haien eraginkortasuna.

6.– Ogasun eta Finantza Departamentuak soberakinak deklaratu ahal izango ditu baldin eta, hasiera batean, 2022ko ekitaldirako onartutako aurrekontuan sartuta egonik, funts horiekin finantzatutako jarduketa eta proiektuekin bat badatoz. Soberazko kreditu horiek beste ordainketa baliabide batzuen zuzkiduren gabeziei erantzuteko aplikatu ahal izango dira, eta ez zaie aplikatuko martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauaren 58.4 eta 56.1.b), c) eta d) artikuluetan xedatutakoa.

7.– Hasierako aurrekontuan sartutako berreskuratze-, eraldaketa- eta erresilientzia-planei eta proiektu estrategikoei lotutako ordainketa-kredituak eta ekitaldian zehar sortzen direnak zabalgarritzat joko dira, martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauaren 53. artikuluan xedatutakoaren arabera.

8.– Diputatuen Kontseiluak, kreditu gehigarriak onartuz eta diruzaintzako gerakinaren kargura, ordainketa kreditu horiek gehitu ahal izango ditu ekitaldian zehar, kudeaketako aurrekontu propioaren % 5eko mugaraino.

9.– Hasierako aurrekontuan sartutako diruzaintzako gerakina, bai eta berreskuratze-, eraldaketa- eta erresilientzia-planei eta proiektu estrategikoei lotutako kredituak finantzatzeko erabiltzen dena ere, jarduera eta proiektu horien finantziazio espezifikoari geratuko da.

10.– Berreskuratze, eraldaketa eta erresilientzia planei eta proiektu estrategikoei lotutako konpromiso kredituak sortu eta transferitzea ez dago foru arau honen 12. artikuluko muga kuantitatibo eta denborazkoen menpe.

18. artikulua.– Gastua gauzatzeko muga.

1.– Ogasun eta Finantza Departamentuak agindu ahal izango du kredituak atxikitzea edo bestelako prebentzio neurriak hartzea, gastuaren kontrola bermatzearren.

Aipatutako kredituak liberatzeko tramitazioa haien atxikipenerako berbera izango da.

2.– Ogasun eta Finantza Departamentuak soberazko kredituak bideratu ditzake nahitaezkoak diren gastuen aurrekontu beharrak betetzeko, gastu horien benetako exekuzioa hasierako aurreikuspenarekiko defizitarioa denean. Ondorio horietarako, ez dira aplikagarriak izango Finantza eta Aurrekontu Araubidearen Foru Arauak 56.1 artikuluaren c) eta d) letretan jasotzen dituen mugak.

3.– Proiektuen finantzaketa exekuzio erritmora egokitu beharragatik konpromiso kredituak onartzen badira, hasieran aurreikusitako ordainketa kredituak atxikitzeko agindu dezake Finantza eta Aurrekontuetako zuzendari nagusiak.

19. artikulua.– Egindako gastua udalerrika banatzea.

1.– Gastu partiden aurreikuspenak udalerrika banatu badira 2022ko aurrekontuan, haien exekuzioa ere udalerrika banatuta agertuko da.

2.– Finantza eta Aurrekontuetako zuzendari nagusiak udalerrika banatzeko modukotzat har ditzake 2022ko aurrekontuan udalerrika banatutakoen pareko bestelako gastu partidak.

20. artikulua.– Batzar Nagusien eta foru sektore publikoko gainerako entitateen aldeko transferentziak.

1.– Foru Aldundiaren aurrekontuan Batzar Nagusien aurrekontua finantzatzeko izendatzen diren kredituak Batzar Nagusietako Mahaiak eskatu ahala transferituko dira.

2.– Foru sektore publikoko entitateei zuzendutako transferentziak haien behar finantzarioen arabera egingo dira.

V. TITULUA
LANGILERIAREN ETA PASIBOEN KREDITUAK
I. KAPITULUA
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA ETA FORU ORGANISMO AUTONOMOAK

21. artikulua.– Gipuzkoako Foru Aldundiko kideen eta goi kargudunen ordainsariak.

Diputatu nagusiaren, foru diputatuen eta zuzendari nagusien ordainsariak 2021eko abenduaren 31n indarrean daudenak izango dira, betiere Foru Administrazioko langileen ordainsarietarako erabakitzen den eran eguneratuta.

22. artikulua.– Langileen ordainsariak.

Gipuzkoako Foru Aldundian eta foru organismo autonomoetan jarduten duten langileen 2022ko ordainsari osoak 2021eko abenduaren 31n indarrean daudenak izango dira, betiere kasu bakoitzean aplikagarria den araudiari jarraituz eguneratuta.

23. artikulua.– Aurrekontu plantillaren osaera.

1.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko aurrekontu orokorretako langileei buruzko eranskinean funtzionario edo laboralen arabera sailkatuta ageri diren plazek osatzen dituzte Foru Administrazioko eta foru organismo autonomoetako 2022ko aurrekontu plantillak.

2.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko 2022. urterako aurrekontu orokorretan onartzen dira aipatutako eranskinean ageri diren plaza guztiei dagozkien kredituak, lanpostuei atxikiak, urtea amaitu arte beharrezko irizten den diru kopuruarekin.

Era berean, onartuta geratu dira lanpostuei lotu gabeko plazei dagozkien kredituak, urtea amaitu arte beharrezko deritzon zenbatekoa atxikita.

24. artikulua.– I. kapitulua gehitzeko mugak.

1.– 2022ko ekitaldian, plantilla handitu edo aldatzeko espedienteak soil-soilik onartuko dira baldin eta haietatik ondorioztatzen den gastu gehikuntza beste lanpostu batzuen kredituak murriztuz konpentsatzen bada.

2.– Aurretik jasotakoa jasota ere, plantilla handitzeko espedienteak aldi baterako programetako postuei dagozkien kredituak murriztuz onartu ahal izango dira, plantillan postu berdinak sortzearren, baldin eta gainditua badute urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginak 10.1.c) artikuluan jasotako iraunaldia.

1. apartatuan jarritako muga ez da aplikatuko honako hauek direla-eta plazak edota lanpostuak sortu edo aldatzen direnean, betiere aldaketa horiek behar den finantzaketa badute: eskumen berriak hartzea, organo edo zerbitzu berriak sortzea, edo kanpora eraman edo kontratatzen diren zerbitzuak zuzenean ematea, arrazionalizazio programak aplikatzea edo lanpostuak baloratzea.

3.– Aurrekontu plantilla handitzeko edo aldatzeko proposamenek Gobernantza Departamentuaren aurretiazko txostena beharko dute.

25. artikulua.– Kreditu soberakinak.

Gobernantza Departamentuak honetarako erabili ahal izango ditu I. kapituluan aurreikus daitezkeen kreditu soberakinak: soberakinaren sorburu ez diren beste postu batzuk finantzatzeko, eta aldi baterako kontratuak indarrean dagoen araudiaren arabera formalizatzeko.

26. artikulua.– Enplegu publikoko eskaintza eta pertsonal beharrak aldi baterako betetzea.

1.– Gobernantza Departamentuko foru diputatuak proposatuta, Foru Aldundiak bere erakundeko enplegu eskaintza publikoa edo publikoak onartu ahal izango ditu, baita foru organismo autonomoetakoak ere, indarrean dagoen araudiari jarraituz.

2.– Araudiak ezartzen dituen kasuetan baino ezingo dira aldi baterako langileak kontratatu edo bitarteko funtzionarioak izendatu.

27. artikulua.– Pasiboen kredituei aplikagarri zaien araubidea.

Honako xedapen hauek kontuan hartuta eman eta eguneratuko dira pentsioak eta izaera pasiboko bestelako asignazio eta hartzekoak: ekainaren 10eko 6/1986 Foru Araua, Gipuzkoako Foru eta Tokiko Administrazioko Eskubide Pasibo Osagarrietarako Zerbitzua Kudeatzeko Organoa desegiteari eta Elkarkidetzan sartzeari buruzkoa; graziazko pentsioen araudia; Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta bertako langileen arteko lan harremanen arau erregulatzaileak, eta Estatuko Aurrekontu Orokorren Legea.

II. KAPITULUA
FORU SEKTORE PUBLIKOKO GAINERAKO ENTITATEAK

28. artikulua.– Ordainsariak.

1.– Foru sektore publikoko entitateetako zuzendari nagusien, gerenteen eta haiekin parekatutakoen ordainsariak 2021eko abenduaren 31n indarrean daudenak izango dira, betiere Foru Administrazioko langileen ordainsarietarako erabakitzen den eran eguneratuta.

2.– Foru sektore publikoko entitateetako langileen 2022ko ordainsariak 2021eko abenduaren 31n indarrean daudenak izango dira, betiere Foru Administrazioko langileen ordainsarietarako erabakitzen den eran eguneratuta.

29. artikulua.– Langileria gastuak gehitzeko mugak.

1.– 2022ko ekitaldian, plantilla gehikuntzak edo aldaketak onartu ahal izango dira, soil-soilik, baldin eta haiek dakarten gastu gehikuntza beste plaza batzuetarako aurreikusitako gastua murriztuz konpentsatzen bada. Beraz, edozein plaza sortzeko, ezinbestekoa izango da zuzkidura ekonomiko berdineko edo handiagoko beste plaza batzuk amortizatzea aldi berean.

2.– Dena den, 2022an sortzen diren foru sektore publikoko entitateek beren hasierako aurrekontuan ageri diren aurreikuspenen arabera onartu ahal izango dute langileen plantilla.

30. artikulua.– Langileak kontratatzea.

2022ko ekitaldian, aurreko artikuluan aipatutako entitateek langile berriak kontratatu ahal izango dituzte, indarrean dagoen araudian ezarritako muga eta baldintzekin, aurretik Foru Aldundiak baimenduta.

VI. TITULUA
GIPUZKOAKO UDALERRIEN FINANTZAKETA

31. artikulua.– Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren 2022rako zuzkidura.

1.– Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren zuzkidura 568.306.505 eurotan finkatzen da 2022. urterako, Ekonomia Itunaren baliabideetan parte hartzearen kontzeptupean, Udalak Finantzatzeko Foru Funtsari buruzko azaroaren 23ko 15/1994 Foru Arauak 2. artikuluan jasotakoaren arabera.

2.– Aurreko apartatuan adierazitako zenbatekoaren % 99,85 Gipuzkoako udalerrien artean banatuko da, azaroaren 23ko 15/1994 Foru Arauak xedatutakoarekin bat etorriz.

3.– Gainerako % 0,15a Euskal Udalen Elkartea (Eudel) finantzatzeko erabiliko da.

4.– Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuak udalen artean banatuko du artikulu honetan aurreikusitako kopurua, 15/1994 Foru Arauaren 3. artikuluak ezarritako irizpideak jarraituz.

32. artikulua.– Partaidetza itundu gabeko tributuetan.

Foru Aldundiak Ekonomia Itunaren 51. artikuluan jasotakoaren arabera banatuko die Gipuzkoako udalerriei itundu gabeko zergetan duten partaidetza.

33. artikulua.– Udal zergen bilketa.

1.– Udalerri bakoitzean likidatu beharreko udal zerga propioetatik bildutako kopuru likidoa dena delako udalerriari esleituko zaio zuzenean.

2.– Udalerri bakoitzari borondatezko epean nahiz bide exekutiboan esleitutako zerga-bilketa garbitik, kendu egingo da ondoko zergak biltzean Foru Aldundiak emandako zerbitzuaren kostua: ondasun higiezinen gaineko zerga, jarduera ekonomikoen gaineko zergaren udal, lurralde eta estatu mailako kuotak, eta udalen kontura bildu litzakeen zuzenbide publikoko beste sarrera batzuk.

3.– Zerga propioak borondatezko bidean biltzea Foru Aldundiari hitzarmen bidez eskuordetu dioten udalerriek eskubide izango dute, 2022ko ekitaldian, konturako aurrerakinak jasotzeko, baina aurrerakin horiek ez dute interesik sortuko, Foru Aldundiari ordaindu beharreko zerbitzuaren kostuan sartutakotzat joko baitira.

Konturako ordainketak gauzatzeko, aldizkako entregak egingo dira maiztasun honekin:

a) Hilero, 2.000 biztanle edo gehiago dituzten udalerriei.

b) Bi hilean behin, 2.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerriei.

Ondasun higiezinen gaineko zergaren kasuan, ordainketa horiek urteko lehen 6 hilabeteetan bakarrik egingo dira; eta jarduera ekonomikoen gaineko zergaren udal kuoten kasuan, berriz, urte osoan zehar.

Aurrerakin horien zenbatekoa zehaztuko da, gehienbat, 2021eko ekitaldian ondasun higiezinen gaineko zergagatik eta jarduera ekonomikoaren gaineko zergaren udal kuotagatik borondatezko bidean bildutako kopuruen arabera. Hala behar denean, zerga oinarriak, karga tasak edo tarifak aldatzean sortutako bariazioak eginez zuzenduko dira kopuru horiek. Zerga-bilketaren behin betiko kopuruak ezagututa, bidezko likidazioa egingo da.

VII. TITULUA
BATZAR NAGUSIEI INFORMAZIOA EMATEA

34. artikulua.– Foru Aldundiak aldizka eman beharreko informazioa.

1.– Gipuzkoako Foru Aldundiak, hiru hilean behin, informazioa eman behar die Batzar Nagusiei aurrekontuaren exekuzioari buruz eta Foru Administrazioaren finantza egoerari buruz, txosten hauek direla medio:

a) Kreditu aldaketen laburpena.

b) Aurrekontuen exekuzio mailaren laburpena, sarrera eta gastuen egoerei dagokienez.

c) Urte anitzeko gastu konpromisoen exekuzioaren laburpena.

d) Sarreren eta gastuen balantzea partidaka, exekuzio faseen arabera.

e) Foru zorpetzearen egoera.

f) Emandako abalak eta abalatutako zenbateko osoa.

g) Egoera balantzea eta galera-irabazien kontua.

h) Ordaintzeke dauden fakturen laburpena, berankortasunari buruzko araudian ezarritako epe haietan betetzen ez denean.

i) Departamentuz departamentu emandako dirulaguntzen zerrenda.

Informazioa formatu digitalean bidaliko da, kalkulu orrietan edo datu baseetan lan egin, aldatu eta aztertu ahal izateko. Txosten bakoitzean aztertzen den hilabetea amaitu eta hurrengoan bidali behar da informazio hori. Epea igarotzen bada Foru Aldundiak komunikazioa bidali gabe, edozein talde batzarkidek gaia Ogasun eta Finantza Batzordearen aztergaien zerrendan zuzenean sartzeko eskatu ahal izango du.

2.– Hilabete bakoitzaren lehen hamabost egunen barruan, Foru Aldundiak informazio hau emango du: kontzeptu guztiengatik izandako zerga-bilketa; sarreren itzulketak; eskatutako eta emandako gerorapen eta zatikapenak; eta aurreko hilabetean zehapenekin lotuta eskatutako eta ebatzitako barkamen espedienteak.

Horrez gain, informazioa emango da Euskal Autonomia Erkidegoko foru aldundiek zerga itunduengatik osotara izandako bilketa bateratuari buruz, aurreko lehen epeari dagokionez.

3.– Foru Aldundiak zerga iruzurraren aurka egindako ekintzen berri emango die, hiru hilean behin, Batzar Nagusiei. Informazioak arlo horretan egindako kudeaketaren emaitzak jasoko ditu, hala nola ikuskatutako zergadun portzentajeak eta segmentuak, kudeaketaren ondorioz erregularizatutako ondarea eta baliabideak, eta bestelako datu interesgarriak.

4.– Foru Aldundiak Enplegu Publikoko Eskaintzaren Planari buruz hartutako erabakien berri emango die Batzar Nagusiei, erabaki horiek hartu eta ondorengo hilabetearen barruan.

35. artikulua.– Foru organismo autonomoek aldizka eman beharreko informazioa.

1.– Foru organismo autonomoek, hiru hilean behin, informazioa eman behar diete Batzar Nagusiei aurrekontuaren exekuzioari buruz eta beren finantza egoerari buruz, txosten hauek direla medio:

a) Kreditu aldaketen laburpena.

b) Aurrekontuen exekuzio mailaren laburpena, sarrera eta gastuen egoerei dagokienez.

c) Urte anitzeko gastu konpromisoen exekuzioaren laburpena.

d) Sarreren eta gastuen balantzea partidaka, exekuzio faseen arabera.

e) Egoera balantzea eta galera-irabazien kontua.

f) Ordaintzeke dauden fakturen laburpena, berankortasunari buruzko araudian ezarritako epe haietan betetzen ez denean.

2.– Informazioa formatu digitalean bidaliko da, kalkulu orrietan edo datu baseetan lan egin, aldatu eta aztertu ahal izateko. Txosten bakoitzean aztertzen den hilabetea amaitu eta hurrengoan bidali behar da informazio hori. Epea igarotzen bada foru organismo autonomoak komunikazioa bidali gabe, edozein talde batzarkidek gaia Ogasun eta Finantza Batzordearen aztergaien zerrendan zuzenean sartzeko eskatu ahal izango du.

36. artikulua.– Merkataritzako foru sozietateek eta foru fundazioek aldizka eman beharreko informazioa.

Merkataritzako foru sozietateek eta foru fundazioek, hiru hilean behin, informazioa bidaliko diete Batzar Nagusiei aurrekontuaren exekuzioari buruz eta beren finantza egoerari buruz, txosten hauek direla medio:

a) Zorpetzearen egoera.

b) Egoera balantzea eta galera-irabazien kontua.

c) Ordaintzeke dauden fakturen laburpena, berankortasunari buruzko araudian ezarritako epe haietan betetzen ez denean.

Informazioa formatu digitalean bidaliko da, kalkulu orrietan edo datu baseetan lan egin, aldatu eta aztertu ahal izateko. Txosten bakoitzean aztertzen den hilabetea amaitu eta hurrengoan bidali behar da informazio hori. Epea igarotzen bada merkataritzako foru sozietateak edo foru fundazioak komunikazioa bidali gabe, edozein talde batzarkidek gaia Ogasun eta Finantza Batzordearen aztergaien zerrendan zuzenean sartzeko eskatu ahal izango du.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Berandutze interesa.

2022ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarteko ondorioekin, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrak (martxoaren 8ko 2/2005 Foru Araua) 26.6 artikuluan aipatzen duen berandutze interesa 100eko 3,75 izango da.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Tasak eguneratzea.

2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, Gipuzkoako Foru Ogasunaren tasak, departamentuek kudeatutakoak, zenbateko finkokoak badira oinarrian portzentaje baten arabera zehaztuta ez egoteagatik edo oinarri hori moneta unitatetan baloratuta ez egoteagatik, 2021ean exijigarria den zenbatekoari 1,015 koefizientea aplikatuta ateratzen den kopururaino igoko dira, deusetan ere kendu gabe uztailaren 12ko 5/2005 Foru Arauak, garraio alorrean zerbitzuak eman eta jarduerak egiteagatik exijitu beharreko tasak arautzen dituenak, 5. artikuluko 4. apartatuan ezarritakoa.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Balio katastralak eguneratzea.

Uztailaren 5eko 12/1989 Foru Arauak, Ondasun Higiezinen gaineko Zergarenak, 13. artikuluan jasotakoaren ondorioetarako, 2021. urtean indarrean dauden balioei 1,015eko eguneratze koefizientea aplikatuko zaie 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– AP-1 eta AP-8 autobideen erabilera kanona Gipuzkoako Lurralde Historikoan eta A-636 autobian.

1.– Gipuzkoako Lurralde Historikoan AP-1 eta AP-8 autobideetako kanonaren zenbatekoa: 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, AP-8 eta AP-1 autobideak Gipuzkoako Lurralde Historikoan erabiltzeagatik ordaindu beharreko kanonaren zenbatekoa handitu egiten da 2021. urtean exijitutako zenbatekoari 1,033ko koefizientea aplikatuta ateratzen den zenbatekoraino. Zenbatekoak hauek dira (BEZa barne):

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

2.– Kenkari gehigarria ekainaren 15eko 4/2010 Foru Dekretu Arauaren 3. artikuluan araututako joan-etorriko ibilbideagatik: 100eko 3,30 handitzen da 2021ean aplikatu beharreko zenbatekoa, 2021erako 0,54 eurotan ezarrita gelditzen delarik.

3.– Gastuaren hileko muga, ekainaren 15eko 4/2010 Foru Dekretu Arauaren 3 bis artikuluan arautua: 100eko 3,30 handitzen da 2021ean AP-1 eta AP-8 autobideetako Gipuzkoako zatietan eta A-636 autobian egiten diren joan-etorriengatik aplikatu daitekeen gehieneko zenbatekoa. Zenbateko hori 34,47 eurokoa izango da 2022rako.

4.– Gastu gehigarriaren muga, Araban AP-1 eta Bizkaian AP-8 autobideak erabiltzeagatik, Gipuzkoatik kanpoko ibilbideetan, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren 2018. urterako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 26ko 3/2017 Foru Arauaren hirugarren xedapen gehigarriaren 6. atalean araututakoaren arabera: 100eko 3,30 handitzen da 2021ean aplika daitekeen gehieneko zenbatekoa. Hala, gehieneko zenbateko hori 50,93 euro izango da.

BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko toki korporazioetako kideen ordainsarien gehieneko mugak zehaztea.

1.– Asistentziengatik eta ordainsari kontzeptu guztiengatik toki korporazioetako kideek jaso dezaketen zenbatekoaren gehieneko mugak ondorengo taularen araberakoak izango dira, kanpoan utzita, hala balegokio, zerbitzu berezien egoeran dauden karrerako funtzionarioek jaso ditzaketen hirurtekoak, eta kontuan izanda, besteak beste, toki entitatearen izaera eta biztanleria:

(Ikus .PDF)

2.– Lurralde historikoko hiriburuari aplikatu beharreko gehieneko muga 98.500,00 euro izango da; betiere Eusko Jaurlaritzako sailburuari dagokion ordainsaria eguneratzen den baldintza beretan eguneratuta.

3.– «1.000tik 5.000ra» arteko tarterako muga Eusko Jaurlaritzako zuzendari baten ordainsaria - % 15 izango da, bi baldintza hauek betetzen direnean: toki entitateak 2.000 biztanle baino gehiago izatea, batetik; eta, bestetik, likidatutako azken ekitaldiko datuen arabera, zor publikoaren helburu nagusia betetzea edo, hori beteko ez balu, indarrean dagoen plan ekonomiko-finantzarioan ezarritako helburua betetzea.

4.– 1.000 biztanletik beherako udalerrietan toki korporazioko kideek, salbuespen gisa, dedikazio partzialez gauzatzen dituztenean beren karguak, horien ordainsarien gehieneko muga honela kalkulatuko da: «1.000tik 5.000ra» arteko tartearen mugari dagokion dedikazio ehunekoa aplikatuta.

5.– Dedikazio partzialen gehieneko mugak honela kalkulatuko dira: xedapen gehigarri honen 1. zenbakian aurreikusitako taularen arabera dagozkienei toki entitateak erabakitako dedikazio ehunekoa aplikatuta.

6.– Xedapen gehigarri honen 1. zenbakian ezarri diren mugak Eusko Jaurlaritzako aipatu karguen ordainsariak eguneratzen direnaren arabera eguneratuko dira.

SEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Kreditu gehigarriak.

Diputatuen Kontseiluak, Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuaren proposamenez, kreditu gehigarriak onartu ahal izango ditu diruzaintzako gerakinaren kargura, aurrekontuari aplikatu gabe dauden eta 2021eko abenduaren 31n «Aurrekontuari aplikatu gabeko eragiketen hartzekodunak» kontuan kontabilizatu diren betebeharrei edo horien baliokideei erantzuteko, aplikagarria den araudian xedatutako eran.

2.– Diputatuen Kontseiluak mendiak hobetzeko funtserako kreditu gehigarriak onartu ahal izango ditu, Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuak proposatuta, diruzaintzako gerakinaren kargura, betiere funts horretan kontzeptu horretarako gordetako zenbatekoaren mugarekin.

3.– Foru Gobernu Kontseiluak kreditu gehigarriak onartu ahal izango ditu, Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak proposatuta, diruzaintzako gerakinaren kargura, konkurtso prozesuetan eta beste edozein bilketa prozeduratan ondasunak eta eskubideak eskuratzeko.

ZAZPIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– 2022an Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa SAUri maileguak emateko baimena.

1.– 2022ko ekitaldian, Ogasun eta Finantza Departamentuak kreditu gehigarriak onartu ahal izango ditu diruzaintzako gerakinaren kargura, Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa SAU erakundeari epe luzeko maileguak emateko, sozietate horrek 2011n itundutako finantziazio-eragiketen ordez, hiri-hondakin solidoen azpiegiturak finantzatzeko.

Interes tasa aplikagarriaren, marjinaren eta beste finantzaketa baldintza batzuen mugak sozietate horrek 2011n hasieran hitzartutakoak izango dira.

2.– Finantzaketa eragiketen ordezkapena finantza entitateek egitekotan, Gipuzkoako Foru Aldundiak abal bat edo honen ordezko beste berme mota batzuk eman ahal izango ditu, betiere legez jarritako mugen barruan.

ZORTZIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Berreskuratze-, eraldaketa- eta erresilientzia-planei lotutako funtsak kudeatzeko hitzarmenen izapidetzea.

Dagozkion funtsen izapideak arintzeko, 17. artikuluan aipatzen diren berreskuratze-, eraldaketa- eta erresilientzia-planei lotutako funtsak kudeatzea xede duten hitzarmenak Gipuzkoako Batzar Nagusiek lehentasunez eta presaz berretsi beharko dituzte, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Erakunde Antolaketari, Gobernuari eta Administrazioari buruzko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauaren 8.3.c) artikuluarekin bat etorriz.

Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiak Batzar Nagusiei emango dizkie berreskuratze-, eraldaketa- eta erresilientzia-planei lotutako funtsak kudeatzeko sinatutako hitzarmenak, hartutako erabakiak eta ebazpenak eta formalizatutako gainerako tresna juridikoak.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Aurrekontuaren egokitzapen teknikoak.

Finantza eta Aurrekontuetako zuzendari nagusiari baimena ematen zaio aurrekontuan bidezko egokitzapen teknikoak egiteko, horiek beharrezkoak direnean berrantolaketa administratiboak egin direlako edo aurreko ekitaldian konprometitu bai baina gauzatu ez diren gastuak –gastu txertatu gabeak– aurrekontuari egotzi behar zaizkiolako, edo, duten helburua sarrerak eta gastuak kontabilitatean egoki egoztea denean. Behar diren aurrekontu partidak sortuko ditu horretarako.

Gizarte Politiketako foru diputatuari baimena ematen zaio Uliazpi Fundazioa eta Kabia foru organismo autonomoen aurrekontuan bidezko egokitzapen teknikoak egin ditzan, baldin eta haien helburua gastuak kontabilitatean egoki egoztea bada. Horretarako, behar diren aurrekontu partidak sortuko dira, kredituen lotura mailaren barruan.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Saldoen arazketa.

Ogasun eta Finantza Departamentuari dagokio kontuetan sortutako saldoak zuzentzea eta araztea, benetan exijigarri edo egingarriak diren kredituak eta zorrak kontabilitatean jasota gera daitezen.

HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Aurrekontua luzatzea.

2022. urteko aurrekontuaren luzapenaldian zehar, halakorik balego, aurrekontu kredituen eta haien aldaketen araubide orokorra Finantza eta Aurrekontu Araubideari buruzko Foru Arauaren 78. artikuluan eta foru arau honen III. tituluan ezarritakoa izango da.

Era berean, aurrekontuaren luzapenaldian zehar, aplikagarriak izango dira II., IV., V. eta VII. tituluetan jasotako artikuluak, eta foru arau honetako xedapen gehigarriak, xedapen iragankorrak eta azken xedapenak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga.

2022ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, aldaketa hauek sartzen dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauan:

Bat.– 73. artikulua honela geratzen da idatzita:

«73. artikulua.– Murriztapena batera tributatzeagatik.

1.– Foru arau honen 97. artikuluan xedatutakoari jarraituz batera tributatzea aukeratzen den kasuetan, zerga oinarri orokorra 4.413 euro murriztuko da urtean autolikidazio bakoitzeko.

2.– Foru arau honen 97. artikuluko 2. apartatuan aipatzen diren familia unitateen kasuan, aurreko apartatuan adierazitako murriztapena 3.833 eurokoa izango da.»

Bi.– 75. artikuluko 1. apartatua honela geratzen da idatzita:

«1.– Oinarri likidagarri orokorrari ondoko eskalan adierazten diren karga tasak aplikatuko zaizkio:

(Ikus .PDF)

Hiru.– 77. artikulua honela geratzen da idatzita:

«77. artikulua.– Kuota gutxitzea.

Zergadunek 1.454 euro gutxitu ahal izango dute kuotatik autolikidazio bakoitzeko, foru arau honen 74. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.»

Lau.– 79. artikuluko 1. eta 2. apartatuak honela geratzen dira idatzita:

«1.– Zergadunarekin bizi den ondorengo ahaide bakoitzeko, kenkari hau egingo da:

– 613 euro urtean, lehenengoagatik.

– 759 euro urtean, bigarrenagatik.

– 1.280 euro urtean, hirugarrenagatik.

– 1.513 euro urtean, laugarrenagatik.

– 1.976 euro urtean, bosgarren eta hurrengo bakoitzarengatik.

2.– Zergadunarekin bizi den sei urtetik beherako ondorengo ahaide bakoitzeko, aurreko apartatuaren arabera zailegi den kenkariaz gain, 353 euroko kenkari osagarria egingo da urtean.»

Bost.– 81. artikuluaren 1. apartatuko lehen paragrafoa honela geratzen da idatzita:

«1.– Urte natural osoan zergadunarekin modu jarraitu eta iraunkorrean bizi den aurreko ahaide bakoitzeko 294 euroko kenkaria aplikatu ahal izango da.»

Sei.– 83. artikulua honela geratzen da idatzita:

«83. artikulua.– Kenkaria adinarengatik.

1.– Zerga oinarria 20.000 eurokoa edo txikiagoa duen 65 urtetik gorako zergadun bakoitzeko, 352 euroko kenkaria aplikatuko da.

Zergadunak 75 urte baino gehiago baditu, eta haren zerga oinarria 20.000 eurokoa edo txikiagoa bada, aurreko paragrafoan aipatutako kenkaria 642 eurokoa izango da.

2.– Zerga oinarria 20.000 eurotik gorakoa eta 30.000 eurotik beherakoa duten 65 urtetik gorako zergadunek 352 euroko kenkaria aplikatuko dute, zerga oinarria 20.000 euro gutxitzetik ateratzen den zenbatekoa bider 0,034 eginda ateratzen den emaitza kenduta.

3.– Zerga oinarria 20.000 eurotik gorakoa eta 30.000 eurotik beherakoa duten 75 urtetik gorako zergadunek 642 euroko kenkaria aplikatuko dute, zerga oinarria 20.000 euro gutxitzetik ateratzen den zenbatekoa bider 0,0622 eginda ateratzen den emaitza kenduta.

4.– Artikulu honen ondorioetarako, zerga oinarritzat hartuko da foru arau honen 65. eta 66. artikuluetan aurreikusitako zerga oinarri orokorra eta aurrezpenarena batuta ateratzen den zenbatekoa. Zerga oinarri orokorrak saldo negatiboa ematen badu, zero konputatuko da aipatutako baturaren ondorioetarako.

Dena den, zerga oinarri orokorrean eta, hala badagokio, aurrezpenarenaren zerga oinarrian pentsio konpentsagarrien eta urteko mantenurako ordainketen murriztapena aplikatzen bada foru arau honen 69. artikuluan ezarritakoaren arabera, murriztapen horrek aurreko paragrafoan xedatutakoari jarraituz kalkulatutako zerga oinarria gutxituko du.»

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Udalak Finantzatzeko Foru Funtsari buruzko azaroaren 23ko 15/1994 Foru Araua aldatzea.

2022ko ekitalditik aurrera, azaroaren 23ko 15/1994 Foru Araua, Udalak Finantzatzeko Foru Funtsa arautzen duena, honela geratzen da idatzia 2. artikuluaren 1. apartatuan:

1.– Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren zuzkidura lurralde historikoaren aurrekontuei buruzko foru arauan finkatuko da, eta haren kalkulua egiteko oinarritzat hartuko da baliabideak banatzeko eta foru aldundiek Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuak finantzatzeko egin beharreko ekarpenak zehazteko metodologia onartzen duen Eusko Legebiltzarraren legean xedatutakoa, jarraian zehazten den moduan:

Zuzkidura = RDg-ren % 39,96 non:

– RDg lurralde historikoaren baliabideak diren, honela definituak:

RDg = Rg-Dg-Pg-AGg-Tg±FGg

– Rg: banatu beharreko diru-sarrerak.

– Dg: Kupoa zehazteko metodologiatik datozen kenkariak.

– Pg: kenkari berezia, 27/1983 Legearen 22.3 artikuluak aipatzen dituen politikak finantzatzeko.

– AGg: erakunde erkideentzako ekarpen orokorra.

– Tg: erakunde erkideek foru aldundiei egindako eskualdaketa berrien balorazioa.

– FGg: Egokitzapenerako Funts Orokorraren zenbateko garbia.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko toki erakundeen aurrekontuei buruzko abenduaren 19ko 21/2003 Foru Araua aldatzea.

Abenduaren 19ko 21/2003 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko toki erakundeen aurrekontua arautzen duena, honela geratzen da idatzia 62. artikuluaren 5. apartatuan:

5.– Toki erakundeek kontu orokorrari gehituko dizkiote taldeko erakundeen, talde anitzakoen eta elkartuen urteko kontu egoera-orri integratu eta bateratuak. Integrazioa eta bateratzea egingo dira, Gipuzkoako Lurralde Historikoko tokiko sektore publikorako erregelamendu bidez onartzen diren kontsolidazio-arauetan aurreikusitako baldintzetan.

Egoera-orri bateratuak lortzeko, aipatutako erakundeek beren urteko kontuak bidali beharko dizkiote toki-erakundeari, eta hala badagokio, baita auditoretza-txostena eta kudeaketa-txostena ere.

Bateratutako egoera-orriek kontu orokorrarekin batera joan beharko dute, gutxienez, Udalbatzaren Osoko Bilkuran onartzeko aurkezten direnean.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA.– Foru arauaren erregelamenduzko garapena.

Diputatuen Kontseiluari baimena ematen zaio foru arau honetan xedatutakoa garatu eta gauzatzeko beharrezko diren xedapen guztiak eman ditzan, Ogasun eta Finantza Departamentuak proposatuta.

AZKEN XEDAPENETAKO BOSGARRENA.– Aplikazio eremua.

Foru arau hau indarrean jarri ondorengo egunetik aurrera foru sektore publikoan sor daitezkeen entitateei bertan ezarritakoa aplikatuko zaie.

AZKEN XEDAPENETAKO SEIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Foru arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala