Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

9. zk., 2022ko urtarrilaren 14a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
200

3/2022 DEKRETUA, urtarrilaren 11koa, zeinaren bidez onartzen baita Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Lurralde Historikoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoaren 2021eko abenduaren 29ko Erabakia, errepideko garraioei dagokienez uztailaren 30eko 5/1987 Lege Organikoaren xedapen gehigarriak aipatzen duen hitzarmenean aurreikusita dauden ahalmenak baliatzeko giza baliabideak, aurrekontukoak eta ondarekoak eskualdatzeari buruzkoa.

Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoaren 2021eko maiatzaren 10eko Erabakiaren bidez –uztailaren 6ko 171/2021 Dekretuak eta ekainaren 29ko 476/2021 Errege Dekretuak onartutakoa, hurrenez hurren–, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion uztailaren 30eko 5/1987 Lege Organikoan errepideko garraioei buruz aurreikusita dauden zenbait ahalmen baliatzeko giza baliabideak, aurrekontukoak eta ondarekoak.

Konstituzioaren 1. xedapen gehigarriak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.32 artikuluak Euskal Autonomia Erkidegoari esleitzen dizkiote errepideko lurreko garraioaren arloko eskumenak. Bestalde, errepideko garraioaren arloko betearazpen-eskumenak lurralde historikoetako foru-organoei dagozkie, Gernikako Estatutuaren artikulu horretan xedatutakoaren arabera, Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute Erakundeen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legearen 10. artikuluarekin lotuta. Bestalde, erakunde komunei dagozkie errepideko garraioen arloko legegintzako, arauen garapeneko, goi-ikuskapeneko, plangintzako eta koordinazioko eskumenak.

Beste alde batetik, Espainiako Konstituzioaren 150.2 artikuluaren arabera, Estatuak 5/1987 Lege Organikoa onartu zuen (5/1987 Lege Organikoa, uztailaren 30ekoa, estatuak errepideko garraioari eta kable bidezko garraioari buruz dituen ahalmenak autonomia-erkidegoen esku uztekoa).

Lege Organiko horrek xedapen gehigarrian xedatzen duenez, Arabako Foru Aldundiarekin akordioa lortu ondoren, gaur egun indarrean dauden hitzarmenen arabera, Arabako Foru Aldundiak bere lurralde-eremua gainditzen duten garraioen gainean dituen ahalmen eta eskumenak egokitu egingo dira aipatutako legean ezarritako antolamendu substantibo eta konpetentzialera. Xedapen gehigarriak eransten duenez, Arabako Foru Aldundiarentzat ezarrita dagoena Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundientzat ere ezarriko da, eta dagozkion akordioak egingo dira horiekin, aipatutako legean ezarritakoaren esparruan.

Era berean, 5/1987 Lege Organikoaren 1. artikuluak ezartzen du giza baliabideak, aurrekontukoak eta ondarekoak transferitu behar direla, lege horren 18. artikuluan ezarritakoaren arabera. Eskuordetza eman arte lurreko garraioak kudeatzeko berariaz bideratuta egon diren Estatuko Administrazio periferikoari dagozkionak dira baliabide horiek.

2021eko maiatzaren 10eko bileran hartutako erabakian jasotzen denez, eskualdatzeak eragina izango du 5/1987 Lege Organikoaren xedapen gehigarrian aurreikusitako hitzarmenak sinatzen diren unean (5/1987 Lege Organikoa, uztailaren 30ekoa, estatuak errepideko garraioari eta kable bidezko garraioari buruz dituen ahalmenak autonomia-erkidegoen esku uztekoa), eta hitzarmen horiek 2021. urtean zehar izenpetu beharko dira.

Esandakoa kontuan hartuta, Batzorde Mistoak –azaroaren 25eko 27/1983 Legearen lehen xedapen iragankorraren arabera ezarriak– Autonomia-erkidego osorako erakundeen eta Gipuzkoako Lurralde Historikoaren arteko zerbitzuak emateko arauak onartzen dituen ekainaren 19ko 196/1984 Dekretuan xedatutakoaren arabera jardun du giza baliabideak, aurrekontukoak eta ondarekoak zehazteko, eta, horretarako, behar den erabakia hartu du 2021eko abenduaren 29an eginiko osoko bilkuran.

Horrenbestez, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2022ko urtarrilaren 11n egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Onartzea Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Lurralde Historikoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoaren erabakia, errepideko garraioei dagokienez uztailaren 30eko 5/1987 Lege Organikoaren xedapen gehigarriak aipatzen duen hitzarmenean aurreikusita dauden ahalmenak baliatzeko giza baliabideak, aurrekontukoak eta ondarekoak eskualdatzeari buruzkoa.

2. artikulua.– Ondorioz, erabaki horretan aipatzen diren giza baliabideak, aurrekontukoak eta ondarekoak Gipuzkoako Lurralde Historikoari eskualdatzen zaizkio, erabakian bertan zehazten den moduan eta baldintzetan.

3. artikulua.– Batzorde Mistoaren erabakian bertan dago adierazita zer egunetatik aurrera izango dituen ondorioak eskualdatze honek.

4. artikulua.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da dekretu hau, eta, halaber, dagokion foru-dekretua, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Nolanahi ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean, Autonomia-erkidego osorako erakundeen eta Gipuzkoako Lurralde Historikoaren arteko zerbitzuak emateko arauak onartzen dituen ekainaren 19ko 196/1984 Dekretuaren 2. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Vitoria-Gasteizen, 2022ko urtarrilaren 11n.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

ERANSKINA, URTARRILAREN 11KO 3/2022 DEKRETUARENA
EUSKO JAURLARITZAREN ETA GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOAREN ARTEKO TRANSFERENTZIEN BATZORDE MISTOAK 2021EKO ABENDUAREN 29AN HARTUTAKO ERABAKIA

Begoña Pérez de Eulate González andreak, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Lurralde Historikoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoaren idazkariak, hau

ZIURTATZEN DU:

2021eko abenduaren 29an egindako osoko bilkuran, Transferentzien Batzorde Mistoak erabaki hau hartu zuen: autonomia-erkidego osorako erakundeen eskuetatik Gipuzkoako Lurralde Historikoko foru-organoen eskuetara aldatzea errepideko garraioei buruz uztailaren 30eko 5/1987 Lege Organikoan aurreikusita dauden zenbait ahalmen baliatzeko giza baliabideak, aurrekontukoak eta ondarekoak, hemen adierazitakoaren arabera:

A) Gipuzkoako Lurralde Historikoaren eskumenak.

Espainiako Konstituzioaren 1. xedapen gehigarriak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.32 artikuluak Euskal Autonomia Erkidegoari esleitzen dizkiote errepideko lurreko garraioaren arloko eskumenak. Bestalde, errepideko garraioaren arloko betearazpen-eskumenak lurralde historikoetako foru-organoei dagozkie, Gernikako Estatutuaren artikulu horretan xedatutakoaren arabera, Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute Erakundeen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legearen 10. artikuluarekin lotuta. Bestalde, erakunde komunei dagozkie errepideko garraioen arloko legegintzako, arauen garapeneko, goi-ikuskapeneko, plangintzako eta koordinazioko eskumenak.

Beste alde batetik, Espainiako Konstituzioaren 150.2 artikuluaren arabera, Estatuak 5/1987 Lege Organikoa onartu zuen (5/1987 Lege Organikoa, uztailaren 30ekoa, estatuak errepideko garraioari eta kable bidezko garraioari buruz dituen ahalmenak autonomia-erkidegoen esku uztekoa).

Lege Organiko horrek xedapen gehigarrian xedatzen duenez, Arabako Foru Aldundiarekin akordioa lortu ondoren, gaur egun indarrean dauden hitzarmenen arabera, Arabako Foru Aldundiak bere lurralde-eremua gainditzen duten garraioen gainean dituen ahalmen eta eskumenak egokitu egingo dira lege honetan ezarritako antolamendu substantibo eta konpetentzialera. Xedapen gehigarriak eransten duenez, Arabako Foru Aldundiarentzat ezarrita dagoena Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundientzat ere ezarriko da, eta dagozkion akordioak egingo dira horiekin, aipatutako legean ezarritakoaren esparruan.

Era berean, 5/1987 Lege Organikoaren 1. artikuluak ezartzen du giza baliabideak, aurrekontukoak eta ondarekoak transferitu behar direla, lege horren 18. artikuluan ezarritakoaren arabera. Eskuordetza eman arte lurreko garraioak kudeatzeko berariaz bideratuta egon diren Estatuko Administrazio periferikoari dagozkionak dira baliabide horiek.

Uztailaren 6ko 171/2021 Dekretuaren eta ekainaren 29ko 476/2021 Errege Dekretuaren bidez –uztailaren 7ko EHAAn eta BOEn argitaratu ziren, hurrenez hurren–, onartu egin zen Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoaren 2021eko maiatzaren 10eko erabakia. Erabaki horren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkio errepideko garraioei buruz uztailaren 30eko 5/1987 Lege Organikoan aurreikusita dauden zenbait ahalmen gauzatzeko giza baliabideak eta aurrekontu- eta ondare-baliabideak.

2021eko maiatzaren 10eko bileran hartutako erabakian jasotzen denez, eskualdatzeak eragina izango du 5/1987 Lege Organikoaren xedapen gehigarrian aurreikusitako hitzarmenak sinatzen diren unean (5/1987 Lege Organikoa, uztailaren 31koa, estatuak errepideko garraioari eta kable bidezko garraioari buruz dituen ahalmenak autonomia-erkidegoen esku uztekoa), eta hitzarmen horiek 2021. urtean zehar izenpetu beharko dira.

Ondorioz, erabaki horretan jasotzen diren langileak eta lanpostuak lurralde historikoetara transferitzen dira orain, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean sartu gabe, gauzatzen diren egitekoak lurralde historikoen eskumenekoak baitira.

Beraz, Gipuzkoako Lurralde Historikoko foru-organoek errepideko garraioaren arloan beren gain hartu behar dituzten giza baliabideak, aurrekontukoak eta ondarekoak honako egiteko hauei dagozkienak dira, betiere uztailaren 30eko 5/1987 Lege Organikoaren xedapen gehigarrian eta Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute Erakundeen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legearen 10. artikuluan aipatzen diren hitzarmenetan jasotako eran eta baldintzetan:

a) Garraio pribatuak.

b) Garraioaren jarduera lagungarri eta osagarriak.

c) Arbitrajea.

d) Garraiorako eta garraioaren jarduera lagungarri eta osagarrietarako konpetentzia profesionala.

Azkenik, Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute Erakundeen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legearen lehenengo xedapen iragankorraren bigarren apartatuak eta Autonomia-erkidego osorako erakundeen eta Gipuzkoako Lurralde Historikoaren arteko zerbitzuak emateko arauak onartzen dituen ekainaren 19ko 196/1984 Dekretuak ezartzen dituzte Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoako Lurralde Historikoko foru-organoei baliabideak eskualdatzeko modua eta prozedura.

Arau-aurreikuspen horietan oinarrituta, formalizatu egin behar da Gipuzkoako Lurralde Historikoko foru-organoei eskualdatzea errepideko garraioei dagokienez uztailaren 30eko 5/1987 Lege Organikoaren xedapen gehigarrian eta Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute Erakundeen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legearen 10. artikuluan aurreikusitako hitzarmenean jasota dauden ahalmenak baliatzeko giza baliabideak eta baliabide materialak.

B) Eskualdatzen diren ondasun, eskubide eta betebeharrak.

1.– Gipuzkoako Lurralde Historikoari eskualdatzen zaizkio eskualdatutako zerbitzuei dagozkien ondasun, eskubide eta betebeharrak, zeinak 1. zerrendan zehazten baitira.

2.– Gipuzkoako Lurralde Historikoak uko egiten die 1. zerrendan zehazten den ondasunari dagozkion eskubideei, eta Eusko Jaurlaritzak ekonomikoki konpentsatuko du, erabaki osagarrian zehazten diren baldintzetan.

3.– Zuzenketarik egin behar izanez gero, bi administrazioek egiaztatu beharko dute puntu hori, Transferentzien Batzorde Mistoko Idazkaritzak emandako ziurtagiriaren bitartez.

C) Eskualdatzen diren giza baliabideak.

1.– Eskualdatze honetan sartzen diren langileak 2. zerrendan ageri dira, eta Gipuzkoako Lurralde Historikoaren mendeko izatera pasatuko dira, azaroaren 25eko 27/1983 Legearen lehen xedapen iragankorraren hirugarren apartatuak eta aplikatu beharreko gainerako arauek legez aurreikusitakoari jarraikiz eta langile bakoitzaren espedientean zehaztutako baldintza berberetan.

2.– Estatuak errepideko garraioari eta kable bidezko garraioari buruz dituen ahalmenak autonomia-erkidegoen esku uzteko uztailaren 30eko 5/1987 Lege Organikoaren xedapen gehigarriak xedatzen duenez, hitzarmen egokien bidez gauzatuko da lurralde historikoen ahalmen eta eskumenak lege horretan ezarritako antolamendu-esparrura egokitzeko eta parekatzeko beharra, eta, beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak ez ditu bere gain hartu ahalmen eta eskumen horiek aipatutako lege organikoaren esparruan, lurralde historikoak egokitu eta parekatuko direlako eskumen horietan. Ondorioz, Estatuko Administrazio Zibileko eta Administrazio Instituzionaleko karrerako funtzionarioak, enplegukoak edo lan-kontratukoak, lurralde historikoei aitortutako zerbitzuei atxikita badaude, horien mende egongo dira funtzionalki eta hierarkikoki, eta, betiere, eskuratutako eskubideak errespetatuko zaizkie.

3.– Bigarren zerrendan, eskualdatze honen xede den lanpostua jasotzen da, Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Batzorde Mistoak 2021eko maiatzaren 10ean egindako osoko bilkuran erabakitako baldintzetan. Horren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkio errepideko garraioari buruz uztailaren 30eko 5/1987 Lege Organikoan aurreikusita dauden zenbait ahalmen baliatzeko giza baliabideak, aurrekontukoak eta ondarekoak. Izan ere, eskualdatzen diren langileak zuzenean integratzen dira lurralde historikoetan, eta ez dute loturarik Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin; horrez gain, eskualdatzen diren lanpostuak ez dira sartzen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren lanpostu-zerrendetan.

4.– Gipuzkoako Lurralde Historikoak eskualdatzearen berri emango dio interesdunari.

5.– Eusko Jaurlaritzak eskualdatutako langileen espedientearen kopia ziurtatua bidaliko die Gipuzkoako Lurralde Historikoko organo eskudunei.

6.– Langile-zerrenda horretan zuzenketarik edo aldaketarik sartu behar izango balitz, zuzenketa edo aldaketa hori bi administrazioek egiaztatu ondoren gauzatuko da, batzorde mistoko idazkariak emandako ziurtapenaren bitartez.

D) Eskualdatzearen eraginpeko aurrekontu-kredituak.

1.– 2021eko ekitaldian, eskualdatzen diren egiteko eta zerbitzuek Euskal Autonomia Erkidegorako izango duten urteko kostu osoa eranskineko 3. zerrendan dago adierazita.

2.– Eskualdatzearen eraginkortasuna ez datorrenez bat aurrekontu-ekitaldi osoarekin, urteko kostu osoa (goian aipatutakoa) hainbanatu egingo da, Gipuzkoako Lurralde Historikoak benetan eskualdatzea gauzatuta izango duen urte-zatiaren proportzioan.

3.– Baliabideak banatzeko eta foru-aldundiek Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuak finantzatzeko egin beharreko ekarpenak zehazteko 2022-2026 aldian aplikatuko den metodologiari buruzko urriaren 7ko 4/2021 Legeak, 5. artikuluan, % 70,81eko koefizientea ezartzen du Ekonomia Itunetik datozen baliabideak bertikalki banatzeko ereduan, eta koefiziente horren barruan sartzen da, jada, errepideko garraioekin lotuta, aurreikusita dauden egitekoei atxikitako aurrekontu-baliabideak lurralde historikoei eskualdatzeak duen balorazioa. Hori kontuan hartuta, 2022ko ekitalditik aurrera, eskualdatzen diren egiteko eta zerbitzuei lotutako finantzaketa lurralde historikoen finantzaketa orokorrean sartuta egongo da.

E) Eskualdatzen diren baliabideen agiriak eta espedienteak.

Eskualdatzen diren egitekoen eta zerbitzuen agiriak eta espedienteak hilabeteko epean entregatu behar dira, erabaki hau onartzen duen dekretua argitaratzen denetik aurrera, ekainaren 19ko 196/1984 Dekretuaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera –96/1984 Dekretua, Autonomia-erkidego osorako erakundeen eta Gipuzkoako Lurralde Historikoaren arteko zerbitzuak emateko arauak onartzen dituena–.

F) Eskualdatzearen eraginkortasun-data.

Eskualdatzeak eragina izango du Estatuak errepideko garraioari eta kable bidezko garraioari buruz dituen ahalmenak autonomia-erkidegoen esku uzteko uztailaren 31ko 5/1987 Lege Organikoak xedapen gehigarrian eta Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute Erakundeen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legearen 10. artikuluan aurreikusten diren hitzarmenak sinatzen diren unean.

1. ZERRENDA
B) APARTATUAN AIPATUTAKO ONDASUN HIGIEZINA
(Ikus .PDF)

2. ZERRENDA
ESKUALDATZEN DIREN GIZA BALIABIDEAK
(Ikus .PDF)
3. ZERRENDA
2021EKO EKITALDIAN, LURRALDE HISTORIKOEI ESKUALDATU BEHARREKO ERREPIDEKO GARRAIOAREN ARLOKO EGITEKO ETA ZERBITZUEK EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGORAKO IZANGO DUTEN URTEKO KOSTU OSOA
(Ikus .PDF)
ERABAKI OSAGARRIA

Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoako Lurralde Historikoko foru-organoei eskualdatzeak egiteko erabakiaren B) apartatuak erabaki osagarri bat aipatzen du, erantsitako 1. zerrendan jasotako ondare-ondasuna eskualdatzeko baldintzak finkatzeko.

1. zerrendan jasotzen den bezala, eskualdatu beharreko ondasuna hau da: 19,452 metro koadroko azalera –77,81 metro koadroko guztizko azaleratik–, Bilboko Txabarri jauregian kokatua, eta N0253994 katastro-erreferentzia duena.

Azalera osoa jabetzan jaso zuen Euskal Autonomia Erkidegoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean aurreikusitako Batzorde Mistoak 2021-05-10ean hartu zuen erabakiari jarraikiz. Erabaki hori uztailaren 6ko 171/2021 Dekretuan jasota dago –171/2021 Dekretua, zeinaren bidez onartzen baita Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoaren erabaki bat; erabaki horren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkio errepideko garraioei buruz uztailaren 30eko 5/1987 Lege Organikoan aurreikusita dauden zenbait ahalmen gauzatzeko giza baliabideak eta aurrekontu- eta ondare-baliabideak–. Dekretu hori uztailaren 7ko EHAAn argitaratu zen.

Ondasun horren ezaugarri fisikoak eta erregistrokoak kontuan hartuta, ondasunaren titulartasuna ezin da banandu edo indibidualizatu. Beraz, Gipuzkoako Lurralde Historikoak uko egiten die eskuratutako eskubideei, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren alde; uko egiten dio, baita ere, eskualdatzeen erabakiaren 1. zerrendan deskribatutako ondasunaren gaineko edozein erreklamaziori. Ondorioz, aurrerantzean ere, ondasun hori Eusko Jaurlaritzaren jabetzakoa izango da.

Eskubide horiei uko egitearen konpentsazio gisa, Gipuzkoako Lurralde Historikoak 60.400,53 euroko konpentsazio ekonomikoa jasoko du azalera horrengatik, eta Eusko Jaurlaritzak ordainduko du.

Konpentsazio hori Eusko Jaurlaritzako Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzak egindako balorazio ekonomikoaren arabera hartu da. Balorazio hori bi erakundeek onartu dute, eta berrehun eta berrogeita bat mila seiehun eta bi euro eta hamalau zentimokoa da (241.602,14). Konpentsazioa Bizkaiko Lurralde Historikoko eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko foru-organoen artean banatzeko irizpidea eskualdaketa honetan hartutako langileen proportzioan ezarriko da.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana