Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

7. zk., 2022ko urtarrilaren 12a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
159

EBAZPENA, 2021eko abenduaren 29koa, Kulturako sailburuordearena, zeinaren bitartez dirulaguntzak ematen baitira euskal kultura-ondarea katalogatu, digitalizatu, kontserbatu eta OAI-PMH biltegien bitartez hedatzeko, 2021eko ekitaldirako.

2021eko uztailaren 2ko EHAAn (130. zk.) argitaratu zen 2021eko ekainaren 22ko Agindua, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bitartez euskal kultura-ondarea katalogatu, digitalizatu, kontserbatu eta OAI-PMH biltegien bitartez hedatzeko dirulaguntzak emateko araubidea arautzen baita, eta 2021eko ekitaldirako deialdia egiten baita.

Eskabideak aurkezteko epea, Aginduaren 9.1 artikuluak dioenez, 2021eko irailaren 2an amaitu zen.

Aginduaren 13. artikuluan aurreikusitako kalifikazio-batzordea bildu zen, eta, eskabideak aztertu ondoren, proiektuak baloratu ziren, Aginduaren 14. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Kalifikazio-batzordearen ebazpen-proposamena ikusita eta aipatutako Aginduaren 16. artikuluan eta gainerako xedapen orokorretan ezarritakoarekin bat etorrita, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– I. eranskinean zerrendatzen diren pertsona eta erakundeei bertan adierazitako dirulaguntzak ematea.

Bigarrena.– II. eranskinean zerrendatzen diren erakundeen eskabideak ezestea, aipatzen diren arrazoiengatik.

Hirugarrena.– Pertsona eta erakunde onuradunak dirulaguntzak arautzen dituen Aginduak ezarritako baldintzen mende geratzen dira, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eremuan indarrean dauden gainerako baldintza orokorren mende ere.

Horri dagokionez, pertsona/erakunde onuradunek honako hauek bete beharko dituzte:

a) Proiektuak deialdia arautzen duen Aginduaren I. eranskinean agertzen diren baldintza teknikoen arabera egiten direla ziurtatzea.

b) Proiektuak gauzatzea dirulaguntzaren xede diren arloetan espezialistak diren enpresak kontratatuz (erakunde eta instituzio espezializatuen kasuan izan ezik).

c) Ziurtatzea ez direla katalogatzen edo digitalizatzen pertsonen segurtasunari, ohoreari, osasunari, intimitateari edo irudiari eragin diezaioketen datu pertsonalak dituzten baliabideak, ez eta genero-indarkeriari dagozkionak, Estatuaren segurtasunari eta merkataritzako sekretuari eragiten diotenak, eta Konstituzioan eta legeetan zabalkunderako aurreikusitako salbuespenak edo mugak dituzten beste edozein ere.

d) Jabari publikoan dauden materialak digitalizatu ondoren jabari publikoan mantentzeko konpromisoa hartzea.

e) Lizentzien esleipen oker edo desegoki baten ondoriozko erantzukizun oro bere gain hartzea.

f) Diruz lagundu daitezkeen gastuak deialdiaren ebazpena ematen den unetik 2022ko ekainaren 30era bitartean sortu eta ordainduko direla bermatzea.

g) OAI-PMH biltegi propiorik ez badute, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari 2022ko ekainaren 30a baino lehen, USB disko gogorra eman beharko diote, kontserbaziorako artxibo digitalarekin eta sortutako baliabide digitalen kopia digitalarekin (zabalkunderako kopia). Diskoan, baliabide digital horiei dagozkien METS erregistroak ere sartuko dira, Euskarianan kargatu ahal izateko, hala badagokio.

h) OAI-PMH biltegi propioa badute, diruz lagundutako proiektuaren xede diren erregistroekin sortutako set-aren URL bat bidali beharko dute Kultura eta Hizkuntza Politika Sailera 2022ko ekainaren 30a baino lehen.

Laugarrena.– Diruz lagundutako jarduera guztiak amaitzeko epea 2022ko ekainaren 30a da, dirulaguntzak arautzen dituen Aginduaren 8.14 artikuluarekin bat etorriz.

Emandako dirulaguntzen justifikazioa, likidazioa eta ordainketa egiteko, Aginduaren 18., 19. eta 20. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio. Era berean, kontuan hartu beharko da diruz lagundutako proiektuak, gehienez ere, 2022ko irailaren 15erako justifikatu beharko direla.

Dirulaguntza jaso duten proiektuak gauzatu direla justifikatzeko, emandako dirulaguntza osoa hartuko da kontuan, baita pertsona/erakunde onuradunek egindako ekarpenak ere.

Bosgarrena.– Agindu honen babesean eman beharreko dirulaguntzak zatika ordainduko dira, era honetan:

a) Lehen ordainketa, dirulaguntzaren guztizkoaren % 60koa, dirulaguntza esleitzen den unean.

b) Bigarren ordainketa, dirulaguntzaren guztizkoaren % 40koa, dirulaguntza justifikatu ondoren ordainduko da, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera.

Seigarrena.– Pertsona eta erakunde interesdunei banan-banan ematea ebazpen honen berri, eta ohartaraztea ezen, dirulaguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamar eguneko epean ez badiote dirulaguntzari espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko dela.

Zazpigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, jende guztiak horren berri izan dezan, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.2 artikuluak aurreikusten duenarekin bat etorriz.

AZKEN XEDAPENA

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko abenduaren 29a.

Kulturako sailburuordea,

ANDONI ITURBE AMOREBIETA.

I. ERANSKINA
ONARTUTAKO ESKAERAK
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
EZETSITAKO ESKAERAK
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala