Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

7. zk., 2022ko urtarrilaren 12a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
153

EBAZPENA, 2021eko abenduaren 9koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita Balmaseda udalerriko (Bizkaia) arau subsidiarioen aldaketa puntualari buruz.

AURREKARIAK

2021eko irailaren 13an, Balmasedako Udalak Balmaseda udalerriko (Bizkaia) arau subsidiarioen aldaketa puntualaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa egiteko eskaera aurkeztu zion ingurumen-organoari, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola, Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2021eko urriaren 21ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaituta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea da helburua; era horretan, ingurumenaren babes maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago Balmaseda udalerriko (Bizkaia) arau subsidiarioen aldaketa puntuala; izan ere, artikulu horretan ezartzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin garrantzitsuak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, berau baita eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio adierazgarririk izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bete behar ez badu, Plana garatzeko zer baldintza ezarri behar diren ingurumena behar bezala babestearren.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Balmaseda udalerriko (Bizkaia) arau subsidiarioen aldaketa puntualaren ingurumen-adierazpen estrategikoa formulatzea. Hona edukia:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Balmasedan indarrean dagoen hirigintza-plangintza jasota dago martxoaren 18ko 506/2004 Foru Aginduaren bidez (2005eko urtarrilaren 20ko BAO) behin betiko onartutako Plangintzako Arau Subsidiarioetan. Arau subsidiarioek hirigune historikoa hartzen dute barnean, zeina Hirigune Historikoa Birgaitzeko Plan Bereziak (aurrerantzean, HHBPB) zehaztu eta arautzen baitu. Plan hori 2000ko urtarrilaren 18an onartu zen behin betiko (2000ko otsailaren 23ko BAO).

Proposatutako aldaketa HHBPBko U-10 unitatera mugatzen da, eta lurzoru ukitu guztiak titulartasun pribatukoak dira.

Balmasedako HHBPBk U-10 unitateko 5 eraikinak erabat eraistea aurreikusten du, Puente Hurtado de Salcedotarren dorre zaharra barne, eta horien ordez etxebizitza bloke bat eraikitzea (2 soto eta beheko solairua gehi 3 solairu), U formakoa, 3 eraikinetan banatzeko aukerarekin.

HHBPBko 10. unitatearen aldaketaren helburua da eraikin historikoen lerrokadurari eta multzoei eustea, eta, beraz, eremuaren izaera gotikoari (Balmasedako judutegia), garai hartako baldintza estetikoak aldatu gabe. Horretarako, lehendik dauden lerrokadurei eutsiko zaie, eta ezin izango dira eraikinak handitu, San Lorentzo kaleko 2. zenbakia izan ezik. Eraikin horretan, solairu bat gehitu ahal izango da, egungo estalki laua kentzeko. Gainera, proposatutako aldaketak Puente Hurtado de Salcedotarren dorre zaharrari oinarrizko babes-maila ematen dio, eta eraikin bakoitzari banakako kudeaketa-ahalmena itzultzen zaio; horri esker, hiria modu errazagoan berroneratu ahal izango da.

Baimen litezkeen obrak egungo eraikina sendotzeko eta/edo birgaitzeko, ordezteko eta eraberritzeko izango dira, eta HHBPBren araudiarekin bat ez datozen elementuak ezabatuko dira.

Ingurumen-dokumentuak hiru alternatiba aztertzen ditu: 0. alternatiba, edo esku ez hartzearena, hots, eremuaren egungo degradazio-egoera finkatzea; 1. alternatiba, U-10 unitatean HHBPBren aurreikuspenak egikaritzea eta eraikin historikoak desagertzea ekarriko lukeena; eta 2. alternatiba, hots, alternatiba onartua, U-10 unitaterako proposatutako HHBPB aldatzea dakarrena, ondare-balioari eta zonaren izaera gotikoari eustea ahalbidetzen duena, eta eraikin bakoitza bere kasa kudeatzeko aukera eman, eta hiria modu errazagoan berroneratzen lagunduko duena.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenetan barne: planak eraikin historikoei eta horien baldintza estetikoei eustea du xede. Baimen litezkeen obrak egungo eraikina sendotzeko eta/edo birgaitzeko, ordezteko eta eraberritzeko izango dira; beraz, ondorioztatzen da ez dutela eragin aipagarririk izango beste plan edo programa batzuetan.

c) Planaren egokitasuna ingurumenaren arloko kontsiderazioak integratzeari dagokionez, bereziki, garapen jasangarriaren sustapena: Plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzeko ingurumen-kontsiderazioak integratzeari dagokionez. Eraikin historikoak kontserbatzeari eta mantentzeari ematen dio garrantzia, eraistea eta eraikuntza berria egitea, eta, horrenbestez, baliabide berriak kontsumitzea eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinak sortzea ekidinez.

d) Planarekin loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman Plana gauzatzeak ingurumen-arazo adierazgarririk eragingo duenik, baldin eta ukitutako eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduerak arlo hauetako araudiei jarraikiz gauzatzen badira, besteak beste: segurtasuna eta osasuna, ingurumena, kultura-ondarea, hondakinen kudeaketa, kutsadura akustikoa, ibilguen babesa eta Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoan uholde-arriskua duten eremuei buruz ezarritako araudia.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko nahiz Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

2.– Ondorioen eta eragina pairatu dezakeen eremuaren ezaugarriak

Aldaketa egin nahi den lurralde-eremua Balmasedako Hirigune Historikoa Birgaitzeko Plan Berezian jasota dagoen U-10 unitatea da. Balmasedako Hirigune Historikoa kultura-ondasun kalifikatua da, monumentu-multzo kategoriaren kalifikazioarekin. Balmasedako HHBPBko U-10 eraikina ere Balmasedako Hirigune Historikoaren Gune Arkeologikoaren barruan dago, monumentu-multzo kategorian. U-10ean, halaber, Puente Hurtado de Salcedotarren dorre zaharra zegoen, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zentroak Arkeologia Ondareko elementu gisa identifikatu zuena, babes espezifikorik gabe. Azkenik, Done Jakue bidea, Euskal Autonomia Erkidegoan egiten duen tartean monumentu-multzo izendatuta dagoena, U-10 unitatearekin mugakidea da ekialdean eta hego-ekialdean.

Eremua hiri-eremu artifizializatu batean dago, eta, beraz, bertako landaredi urria erruderal-nitrofiloa da, eremu urbanizatuei dagokiena.

Cadagua ibaia eremuaren hego-ekialdetik 25 metrora dago, gutxi gorabehera, eta San Lorentzo kaleak eta Zubi Zaharra plazako hiri-parkeak bereizten dute bertatik.

Eremuan ez dago ez naturagune babesturik, ez korridore ekologikorik, ez interes geologikoko lekurik. Halaber, ez dago jasota ezein katalogotan (EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekian, LAGetako Interes Naturalistikoko Guneen katalogoan), ezta Plan Hidrologikoko Gune Babestuen Erregistroan ere.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, eremuak 100 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua du, eta lehentasunezko fluxu-eremutik kanpo dago. Cadagua ibaia, Balmasedatik igarotzean, ES017-BIZ-5-1 kodea duen Balmaseda (edo Cadagua ibaia) Uholde Arrisku Handiko Eremuaren (UAHE) parte da, eta I. multzoaren barruan sailkatuta dago: oso arrisku handiko UAHEak, uholdeetatik babesteko egiturazko neurriak lehenbailehen behar dituztenak.

Planaren garapenetik erator daitezkeen ondorioak, batez ere, altuera handitzeko (solairu bat) obrekin lotuta daude, San Lorentzo kaleko 2. zenbakiari dagokionez, eta bestelako birgaitze- edo berritze-obrekin, aldiz, gainerako eraikinetan. Horrenbestez, obrek sorturikoak lirateke inpaktuak: hondakinak sortzea, makineriaren joan-etorriak, isurketak, zaratak eta abar, isurketek lurrazaleko uretan eragin ditzaketen kalteekin eta emisio atmosferikoek eta akustikoek herritarrei eragindako eragozpenekin, eta abar, guztiak ere hiri-eremuan bertan. Alde horretatik, indarrean dagoen legeria eta, bereziki, kultura-ondareari buruzkoa betetzen bada, eraginak txikiak izango dira, eta, oro har, aldi baterakoak, itzulgarriak eta lehengoratzeko modukoak.

Zaratari dagokionez, ez da espero eremuaren egoera akustikoa aldatuko denik Plana garatzearen ondorioz.

Bestalde, ingurumen-ondorioak baloratzeko, erreferentziatzat hartuko da indarrean dagoen antolamendu-arauetan aurreikusitako egoera. 10. unitatean HHBPBren eta Plangintzako Arau Subsidiarioen aurreikuspenak gauzatzeak berekin ekarriko luke egungo eraikinak eraistea eta horien ordez etxebizitza bloke bat eraikitzea. Ondare-balioaren galera gorabehera, jarduketa horietatik eratorritako inpaktuak handiagoak eta larriagoak lirateke proposatutako aldaketarenak baino, azken horrek ez baitakar eraispenik ez eraikuntza berririk.

Ondorioz, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasunaren aldekoak aplikatuta, eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak ere aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean ondorio adierazgarririk izango dutenik, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

3.– Ebazpen honetan honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri esanguratsurik izan ez dezan eta Adinberri erreferentziako zentro berria definitzeko Balmasedako Arau Subsidiarioen aldaketa puntualaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dauden arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera.

Kultura-ondarea babestera zuzendutako neurriak.

Balmasedako hirigune historikoko Gune Arkeologikoan egin beharreko jarduketa edo obra orok Bizkaiko Foru Aldundiaren baimena izan beharko du, proiektu arkeologikoa aurkeztu ondoren.

Kulturako sailburuaren 1994ko irailaren 9ko Aginduan xedatua bete beharko da. Horren bidez, Balmasedako hirigune historikoko Gune Arkeologikoa Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Orokorrean sartu zen, monumentu-multzo kategoriako kultura-ondasun gisa.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 35. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan inskribatutako kultura-ondasun bat deklaratzeko balioei eragiten dien edozein esku-hartze gauzatu aurretik, proiektu tekniko espezifiko bat beharko da, ondasunaren izaerarekin eta esku-hartzearen izaerarekin bat datorrena. Proiektu hori ondasunaren titularrak aurkeztu beharko du, Bizkaiko Foru Aldundian kultura-ondarearen arloan eskumena duen sailak onar dezan. Hain zuzen ere, sail horrek zehaztuko ditu egin beharreko jarduketak. Hori guztia, maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 46.2 artikuluan xedatutakoa alde batera utzi gabe.

Jarraipen arkeologikoa egingo da, indusketa-lanak egiten diren bitartean. Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritako gainerako betebeharrak gorabehera, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio kultura-ondarearen arloan eskumena duen Bizkaiko Foru Aldundiko sailari, eta hark erabakiko du zer neurri hartu.

Beste neurri prebentibo eta zuzentzaile batzuk.

Bestalde, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira obrak gauzatzeari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira Planetik eratorritako obrak gauzatzeko:

– Obrako langileek erabili beharreko jardunbide egokien eskuliburua. Alderdi hauei loturiko alderdiak behintzat hartuko ditu barnean: lanaldiak, makineria, isurketen prebentzioa, ahalik eta hauts eta zarata gutxiena sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, eta abar.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: Hondakin eta Zoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak barne.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako zehaztapenetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatutakoa) eta arau osagarrietan ezarritakora. Obrak egunez egingo dira.

– Jasangarritasuna etxegintzan: EAEko etxebizitzen eraikuntza eta birgaitze jasangarriaren gida agirian jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, arlo hauetan izan beharko dute eragina:

• Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

• Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea.

• Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

• Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Balmaseda udalerriko arau subsidiarioen aldaketa puntualak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Balmasedako Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean, Balmaseda udalerriko (Bizkaia) arau subsidiarioen aldaketa puntuala onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren Aldaketaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko abenduaren 9a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala