Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

6. zk., 2022ko urtarrilaren 11, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
121

EBAZPENA, 2021eko abenduaren 17koa, Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariarena, zeinaren bidez osasun-prestakuntza espezializatuko tutoreak akreditatzeko eta berrakreditatzeko prozedurarako deialdia egiten baita (2022).

Otsailaren 8ko 183/2008 Errege Dekretuak osasun-zientzietako espezialitateak finkatzen eta sailkatzen ditu, eta osasun-prestakuntza espezializatuko sistemaren alderdi jakin batzuk garatzen. Bada, errege-dekretu horrek 12.2 artikuluan ezartzen duenaren arabera, autonomia-erkidegoek, tutoreen konpetentziak egokiak direla eta mantendu egingo direla bermatzeko, tutoreak akreditatzeko eta akreditazio horiek aldian-aldian berritzeko ebaluazio-prozedura batzuk arautuko dituzte, hala baitago ezarrita Osasun Lanbideak Antolatzeko azaroaren 21eko 44/2003 Legearen 10.1 eta 10.3 artikuluetan. Horretarako, kontuan hartuko dira, besteak beste, espezialista moduan esperientzia jarraitua izatea, irakaskuntzan esperientzia izatea, etengabeko prestakuntzako jarduerak, ikerkuntzako eta kalitatearen hobekuntzako jarduerak eta irakaskuntza-metodologietan prestakuntza espezifikoa izatea. Kontuan izango dira, halaber, kalitateari buruzko ebaluazioen emaitzak eta lortutako gogobetetzea neurtzeko inkesten emaitzak.

Halaber, lege horren lehenengo xedapen gehigarriaren lehen apartatuan ezartzen denaren arabera, osasun-zientzien espezialitate sortu berrietan eta legea indarrean jartzean garatu gabe edo ezarpen aldian dauden espezialitateetan, tutoreak izendatzeko eskatzen diren betekizunen ordez, nahikoa izango da dagokion espezialitatearen lanbide-eremuko esperientzia egiaztatzea, betiere, Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioak eta Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak espezialitate bakoitza egiaztatzeko betekizun nagusiak onartzean zehaztutako moduan. Familia- eta komunitate-erizaintzaren espezialitateari dagokionez, maiatzaren 9ko PRE/861/2013 Aginduaren bidez –hots, familia- eta komunitate-erizaintzan eta familia- eta komunitate-medikuntzan espezialistak prestatzeko irakaskuntza-unitate multiprofesionalen akreditazio baldintzak ezartzen dituen Aginduaren bidez–, tutoreak izendatzeko eskatzen diren betekizunen ordez, agindu horren eranskinaren bigarren puntuan ezarritako irizpideak ezartzen dira, behin-behinean, eta, gehienez ere, 2 urterako, Erizaintzako Espezialitateei buruzko apirilaren 22ko 450/2005 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrean aurreikusitako gaitasunaren ebaluazio-proba amaitzen denetik aurrera.

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, martxoaren 6ko 34/2012 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren osasun-prestakuntza espezializatuko sistema antolatzen du, eta kide bakarreko irakaskuntza-organoak ezartzen ditu. Bada, dekretu horren 21. eta 25. artikuluetan zehazten da zer akreditatze- edo berrakreditatze-prozedura bete behar den tutoretza eginkizunak burutzeko. Prozedura hori hasiko da, hain zuzen ere, Osasun Saileko Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak eskabideak aurkezteko epea irekitzen duenean.

Aurreko arauetan xedatzen dena betetzeko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko prestakuntza espezializatuko tutoreak egiaztatzeko eta berrakreditatzeko deialdia onartzea eta argitaratzea, I. eta II. eranskinetan aurreikusitako oinarrien arabera.

Bigarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Osasuneko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan.

Hirugarrena.– Ebazpen honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko abenduaren 17a.

Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendaria,

MIGUEL SÁNCHEZ FERNÁNDEZ.

I. ERANSKINA
OSASUN-PRESTAKUNTZA ESPEZIALIZATUKO TUTOREAK AKREDITATZEKO DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehenengo oinarria.– Xedea.

Deialdi honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan osasun-prestakuntza espezializatuko tutoreak akreditatzea.

Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritza arduratuko da prozedura honetaz, eskabideak izapidetzeaz eta ebazteaz.

Bigarren oinarria.– Eskatzaileen betekizunak.

1.– Osasun-prestakuntza espezializatuan tutoreak akreditatzeko deialdi honetan, egoiliarren tutoretza-eginkizunak landu nahi dituztenek parte hartu ahal izango dute, martxoaren 6ko 34/2012 Dekretuak zehazten duen tutore nagusiaren ezaugarriekin, baldin eta betekizun hauek betetzen badituzte:

a) Osasun-zientzietako espezialistaren titulua eduki behar dute, tutore izan nahi duten espezialitatean.

b) Zerbitzu aktiboan egon behar dute irakaskuntza-zentro edo -unitate akreditatuaren edozein egituratan.

c) Gutxienez urtebeteko esperientzia eduki behar dute beren espezialitateari berariaz dagokion sorospen-jardueran, irakaskuntza-zentro edo -unitate akreditatuan bertan.

2.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute, orobat, familia- eta komunitate-erizaintzako egoiliarren tutore gisa akreditatuak izan nahi dutenek, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Gutxienez urtebetez zerbitzu aktiboan egotea dagokien irakaskuntza-zentro edo -unitate akreditatuaren edozein egituratan.

b) Esperientzia egiaztatua eta jarraitua izatea familia- eta komunitate-erizaintzaren lanbide-eremuan, azken bost urteetan.

c) Familia- eta komunitate-erizaintzaren ikerketa edo komunikazio zientifiko espezifikoko proiektu batean parte hartu izana azken bost urteetan.

3.– Deialdi honetan parte hartu beharko dute martxoaren 6ko 34/2012 Dekretua (Euskal Autonomia Erkidegoaren osasun-prestakuntza espezializatuko sistemaren antolamenduari buruzkoa) indarrean jarri ondoren behin-behineko izendapena duten eta tutoretza-lanean jarraitu nahi duten tutoreek.

Hirugarren oinarria.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Epea.

Eskabideak aurkezteko epea 2022ko urtarrilaren 21ean hasi eta 2022ko abenduaren 31n amaituko da.

2.– Aurkezteko modua.

2.1.– Eskabide-eredua.

Ebazpen honen III. eranskineko ereduaren arabera aurkeztuko da prestakuntza espezializatuko tutoretza-lanak egiteko akreditazio-eskaera.

2.2.– Aurkezteko lekua.

Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen formulario normalizatuaren bidez (http://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa), Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan eta Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 28. artikuluaren lehenengo paragrafoan ezarritakoaren arabera.

Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta horri erantsi beharreko gainerako agiriak. Halaber, eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluak ezartzen duen moduan.

2.3.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabide-agiri normalizatuarekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Curriculuma.

b) Osasun-zientzietako espezialistaren tituluaren kopia eta emandako zerbitzuen ziurtagiria, dagokion zerbitzu-erakundeko Pertsonaleko Zuzendaritzak, zentro edo zerbitzuko burutzak edo irakaskuntza-unitateko ikasketa-burutzak emana.

Osakidetzako pertsonek a) eta b) puntuetako dokumentazioaren ordez Osakidetzako curriculum estandarizatua aurkeztu ahal izango dute, baldin eta baliozkotuta badago eta gutxienez urtebeteko esperientzia egiaztatu badaiteke dagokien espezialitateko sorospen-jarduera espezifiko batean, egiaztatutako irakaskuntza-zentro edo -unitate berean.

c) Tutoretza-helburuen proiektua, atal hauek izango dituena:

– Espezialitatearen prestakuntza-ibilbidea.

– Banakako prestakuntza-plana egiteko kontuan hartu beharreko alderdiak.

– Prestakuntza-ebaluazioa.

– Urteko eta amaierako ebaluazioa.

d) Familia- eta komunitate-erizaintzaren espezialitatean tutore gisa akreditatu nahi duten pertsonen kasuan: azken 5 urteetan familia- eta komunitate-erizaintzako ikerketa edo komunikazio zientifiko espezifikoko proiektu batean parte hartu izanaren egiaztagiriak (proiektuaren ikertzaile nagusiak emandako ziurtagiria edo komunikazio zientifikoaren kopia).

2.4.– Eskabideak zuzentzea.

Eskabideak ez badaude behar bezala beteta edo haiekin batera ez bada adierazitako dokumentazio guztia aurkezten, eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio akatsa zuzentzeko edo behar diren dokumentuak aurkezteko. Hori egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko da.

Laugarren oinarria.– Eskabideen balorazioa.

Balorazio-batzorde batek aztertuko du eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioa. Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak izendatuko ditu kideak, eta honako hauek osatuko dute: akreditaziorako aurkezten diren irakaskuntza-zentro edo -unitateetako ikasketa-buruek, zentro edo unitate horietako irakaskuntza-batzordeko kide diren tutore akreditatuek, eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoko eta Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzako ordezkariek, gehienez ere, 7 kidek.

Balorazio Batzordeak, dokumentazioa aztertu ondoren, ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari. Balorazio-prozesuan elkarrizketa bat ere egin daiteke, hautagaiek tutoretza-lanak egiteko duten interes pertsonala eta motibazioa ezagutzeko.

Bosgarren oinarria.– Ebazpena.

Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak ebazpen arrazoitua eta espresua emango du eskatutako akreditazioa onartzeko edo ukatzeko, hiru hilabeteko epean, eskaera aurkezten den egunetik zenbatzen hasita. Epe horren zenbaketa eten egingo da interesdunek eskabideak zuzentzeko eta hobetzeko eskatzen duten epean.

Ebazpena eskatzaileari jakinaraziko zaio, eta irakaskuntza-zentro edo -unitatearen erakunde titularraren zuzendaritza-organoari eta dagokion irakaskuntza-batzordeari jakinaraziko zaie.

Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzaren ebazpenaren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera.

Seigarren oinarria.– Akreditazioaren ondorioak.

Akreditazioa emateko ebazpenak berekin dakar interesdunak beharrezkoa den gaikuntza lortzea, osasun-prestakuntza espezializatuko tutore izendatua izateko eta tutoretza-funtzioak betetzeko, ebazpenaren dataren hurrengo egunetik kontatzen hasita hurrengo lau urteetan; bost urteko egoiliar-aldia duten espezialitateen kasuan, gaikuntzaren eta tutoretza-funtzioak betetzearen iraupena bost urtekoa izango da.

Zazpigarren oinarria.– Tutoretza-jarduera aitortzea.

Akreditatutako tutoretza-jarduera aitortu eta sustatuko da, martxoaren 6ko 34/2012 Dekretuaren 24. artikuluan xedatutakoaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoaren osasun-prestakuntza espezializatuko sistemaren antolamenduari buruzkoa) eta Osakidetzako zuzendari nagusiaren 19/2020 Jarraibidearen arabera (osasun-prestakuntza espezializatuan eta egindako lanaren ziurtapenean esku hartzen duten irakasle figurei buruzkoa).

Zortzigarren oinarria.– Akreditazioa baliogabetzea eta iraungitzea.

Akreditazioa baliogabetu ahal izango da, martxoaren 6ko 34/2012 Dekretuaren 26. artikuluan (Euskal Autonomia Erkidegoaren osasun-prestakuntza espezializatuko sistemaren antolamenduari buruzkoa) zehaztutako arrazoiengatik.

Akreditazioa iraungiko da haren indarraldia amaitzen denean.

Bederatzigarren oinarria.– Datu pertsonalen babesari buruzko informazio-klausula.

Jakinarazten da datu pertsonalak «Irakaskuntza eta garapen profesionala» izeneko tratamendu-jarduerarako erabiliko direla, hauei jarraikiz: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamendua, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra); Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, eta datuen babesaren alorrean indarrean dauden gainerako arauak. Ezaugarri hauek ditu tratamenduak:

Arduraduna: Osasun Saila; Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritza.

Xedea: osasun-prestakuntza espezializatua emateko tutoreak akreditatzeko eta berrakreditatzeko prozeduraren eskaerak kudeatzea eta prozedurari jarraipena egitea (Osasun Sailak egindako deialdia).

Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren mesedetan zein tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak gauzatzean egindako zeregina betetzeko (Lanbide Sanitarioen Antolamenduari buruzko azaroaren 21eko 44/2003 Legea).

Hartzaileak: gaiaren gaineko eskumena duten administrazioei jakinarazi ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

Eskubideak: zure datuetara irispidea izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko eskubidea duzu, baita datuen tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko ere, informazio gehigarrian adierazten den moduan.

Informazio gehigarria: web helbide honetan aurkitu ahal izango duzu datu pertsonalen babesari buruzko informazio gehiago: https://www.euskadi.eus/tratamendu-jardueren-erregistroa-tje/web01-aprat/eu/eu/contenidos/informacion/rat/eu_def/adjuntos/0893_eu.html

II. ERANSKINA
OSASUN-PRESTAKUNTZA ESPEZIALIZATUKO TUTOREAK BERRAKREDITATZEKO DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehenengo oinarria.– Xedea.

Deialdi honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan osasun-prestakuntza espezializatuko tutoreak berrakreditatzea.

Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritza arduratuko da prozedura honetaz, eskabideak izapidetzeaz eta ebazteaz.

Bigarren oinarria.– Eskatzaileen betekizunak.

1.– Berrakreditatzeko deialdi honetan parte hartu ahal izango dute osasun-prestakuntza espezializatuko tutoretza nagusiaren funtzioak betetzeko akreditatuak izan diren pertsonek, martxoaren 6ko 34/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera (EAEko osasun-prestakuntza espezializatuko sistema antolamenduari buruzkoa), baldin eta azken hamabi (12) hilabeteetan egoiliarrak tutoretzapean izan badituzte, tutoretza-lanak egiten jarraitu nahi badute eta dagokion akreditazioaren ebazpenean adierazitako baldintza guztiak betetzen badituzte, eta iraungi bada haien akreditazio-ebazpenean adierazitako indarraldia.

Hirugarren oinarria.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Epea.

Eskabideak aurkezteko epea Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzako Irakaskuntza eta Lanbide Garapeneko Zerbitzuak komunikazioa egin eta hurrengo egunean hasiko da. Komunikazio horren bidez, 2022an iraungiko diren akreditazioak dituzten tutoreei horren berri emango zaie. Jakinarazpen hori akreditazioak iraungi baino bost hilabete lehenago egingo da, gutxienez.

Eskabideak aurkezteko epea akreditazioaren muga-egunaren aurreko hilaren egun berean amaituko da.

2.– Aurkezteko modua.

2.1.– Eskabide-eredua.

Berrakreditatzeko eskabidea ebazpen honen IV. eranskinean agertzen den ereduaren arabera aurkeztuko da.

2.2.– Aurkezteko lekua.

Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen formulario normalizatuaren bidez (https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa), Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan eta Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 28. artikuluaren lehenengo paragrafoan ezarritakoaren arabera.

Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta horri erantsi beharreko gainerako agiriak. Halaber, eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluak ezartzen duen moduan.

2.3.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabide-agiri normalizatuarekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Hasierako akreditazioa lortu zuenetik arlo beretan lortutako merezimenduen curriculuma (egokitzat jotzen diren agiri edo ziurtagiriekin batera).

b) Garatutako tutoretza-jardueren memoria (gida bat jarriko da interesdunen eskura, Osasun Sailaren interneteko webgunean, osasun-prestakuntza espezializatuari dagokion atalean).

c) Tutoretza-helburuen proiektua (hobekuntza-plana).

2.4.– Eskabideak zuzentzea.

Eskabideak ez badaude behar bezala beteta edo haiekin batera ez bada adierazitako dokumentazio guztia aurkezten, eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio akatsa zuzentzeko edo behar diren dokumentuak aurkezteko. Hori egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko da.

Laugarren oinarria.– Eskabideen balorazioa.

Balorazio-batzorde batek aztertuko du eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioa. Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak izendatuko ditu kideak, eta honako hauek osatuko dute: berrakreditaziorako hautagaiak aurkezten diren irakaskuntza-zentro edo -unitateetako ikasketa-buruek, zentro edo unitate horietako irakaskuntza-batzordeko kide diren tutore akreditatuek, eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoko eta Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzako ordezkariek, gehienez ere, 7 kidek.

Balorazio Batzordeak izangaiek aurkeztutako dokumentazioa aztertuko du, eta berrakreditatzeko irizpideen mantentzea eta hobekuntza ebaluatuko du, akreditazio-prozedurako baremo bera erabiliz, baina itemen eskakizun-maila eta pisua aldatuz, memoria curriculuma baino gehiago balora dadin.

Gainera, Osasun Saileko Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak urtero egiten dituen inkestetan adierazitako kalitate-ebaluazioen eta egoiliarren balorazioen emaitzak hartuko dira kontuan, eta, prozedura amaituta, ebazpen-proposamena egingo du.

Bosgarren oinarria.– Ebazpena.

Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak ebazpen arrazoitua eta espresua emango du, eskatutako berrakreditazioa onartzeko edo ukatzeko, hiru hilabeteko epean, eskaera aurkezten den egunetik zenbatzen hasita. Epe horren zenbaketa eten egingo da, interesdunek eskabideak zuzentzeko eta hobetzeko eskatzen duten epean.

Ebazpena eskatzaileari jakinaraziko zaio, eta irakaskuntza-zentro edo -unitatearen erakunde titularraren zuzendaritza-organoari eta dagokion irakaskuntza-batzordeari ere bai.

Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzaren ebazpenaren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera.

Aurreko akreditazioaren indarraldia amaitu aurretik berrakreditazioa lortu duten tutoreek ordura arteko izendapenari eutsiko diote.

Seigarren oinarria.– Datu pertsonalen babesari buruzko informazio-klausula.

Jakinarazten da datu pertsonalak «Irakaskuntza eta garapen profesionala» izeneko tratamendu-jarduerarako erabiliko direla, hauei jarraikiz: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamendua, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra); Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, eta datuen babesaren alorrean indarrean dauden gainerako arauak. Ezaugarri hauek ditu tratamenduak:

Arduraduna: Osasun Saila; Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritza.

Xedea: osasun-prestakuntza espezializatua emateko tutoreak akreditatzeko eta berrakreditatzeko prozeduraren eskaerak kudeatzea eta prozedurari jarraipena egitea (Osasun Sailak egindako deialdia).

Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren mesedetan zein tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak gauzatzean egindako zeregina betetzeko (Lanbide Sanitarioen Antolamenduari buruzko azaroaren 21eko 44/2003 Legea).

Hartzaileak: gaiaren gaineko eskumena duten administrazio publikoei jakinarazi ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

Eskubideak: zure datuetara irispidea izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko eskubidea duzu, baita datuen tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko ere, informazio gehigarrian adierazten den moduan.

Informazio gehigarria: web helbide honetan aurkitu ahal izango duzu datu pertsonalen babesari buruzko informazio gehiago: https://www.euskadi.eus/tratamendu-jardueren-erregistroa-tje/web01-aprat/eu/eu/contenidos/informacion/rat/eu_def/adjuntos/0893_eu.html

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala