Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

5. zk., 2022ko urtarrilaren 10a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

SEGURTASUN SAILA
89

AGINDUA, 2021eko abenduaren 20koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuarena, zeinaren bidez publikotasuna ematen baitzaio erregistro-betebeharrak eta Ertzaintza informatzeko betebeharrak betetzeko moduari, osagaien artean metal preziatuak dituzten bitxi eta objektuen salerosketari eta birziklatzeari dagokienez.

Herritarren Segurtasuna Babesteko martxoaren 30eko 4/2015 Lege Organikoaren 25.1 artikuluaren arabera, herritarren segurtasunerako garrantzitsutzat jotzen diren jarduerak egiten dituzten pertsona fisikoek edo juridikoek dokumentu-erregistroaren eta informazioaren betebeharrak bete beharko dituzte aplikatu beharreko xedapenetan ezarritako moduan. Jarduera horien artean, metal preziatuak dituzten objektuen salerosketari eta birziklatzeari buruzkoak daude.

Aplikatzekoak diren xedapenei dagokienez, honako hauek aipatu behar ditugu: uztailaren 1eko 17/1985 Legea, metal preziatuekin fabrikatutako objektuei buruzkoa; otsailaren 22ko 197/1988 Errege Dekretua, metal preziatuekin fabrikatutako objektuei buruzko Legearen Erregelamendua onartzen duena; eta kapital-zuriketa eta terrorismoaren finantzaketa prebenitzeari buruzko apirilaren 28ko 10/2010 Legearen 2. artikuluko q) letra, zeinak letra horretan zehaztutako ikuskapen- eta erregistro-betebeharrak betetzera behartzen baititu bitxien, harribitxien edo metal preziatuen salerosketa profesionalean dihardutenak. Betebehar horiek, gainera, modu osatuagoan zehazten dira Legearen Erregelamendua onartzen duen maiatzaren 5eko 304/2014 Errege Dekretuaren 28. artikuluan; izan ere, merkatari horiek bezeroa eta egindako eragiketak identifikatu beharko dituzte, bai eta dokumentazioa gorde ere, zeina erregistro-liburu batean jasoko baita, euskarri fisikoan edo elektronikoan.

Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 17. artikuluak dioenez, Euskal Autonomia Erkidegoak du bere lurraldean pertsonak eta ondasunak babesteko eta ordena publikoa zaintzeko eskumena. Hori dela eta, Ertzaintzak du herritarren segurtasunerako jarduera garrantzitsu horiek kontrolatzeko ahalmena.

Herrizaingoko sailburuaren 2012ko maiatzaren 18ko Aginduaren bidez, publikotasuna eman zitzaion osagaien artean metal preziatuak dituzten objektuak salerostean eta birziklatzean erregistro-obligazioak eta Ertzaintza informatzeko obligazioak betetzeko moduari. Agindu horrek xedatutakoaren arabera, metal preziatuzko objektu erabilien salerosketara emandako saltokiek nahitaez entregatu behar dute kontratu-orrietako informazioa, aurrez aurre, establezimendua dagoen lurralde-mugapeari dagokion ertzain-etxean.

Globalizazio- eta teknifikazio-prozesu batean murgilduta gaude, eta administrazio publikoak, gizartearen parte diren aldetik, ezin dira hortik kanpo geratu. Administrazio guztiek, maila eta jarduera-eremu guztietan, informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak sartu dituzte beren jardueran.

Urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak, komunikazio elektronikoa modu orokorrean sartu zuen administrazioaren eta administratuen arteko harremanetan, administrazio publikoen jarduna gidatu behar duten efikazia- eta efizientzia-printzipioei hobeto erantzuteko, bai eta herritarren eta enpresen bermeak sendotzeko ere, zioen azalpenean berariaz adierazita.

Agindu honek ezartzen duenez, jarduera horiek egiten diren establezimenduen titularrek salerosketa-eragiketen erregistro-liburuak egin behar dituzte, eta pertsona juridikoek Ertzaintzari bidali behar diote informazio hori bitarteko telematikoen bidez, salerosketarekin lotuta gertatzen diren delitu-egintzak prebenitzeko eta jazartzeko.

Beraz, agindu honen bidez, publikotasuna ematen zaio osagaien artean metal preziatuak dituzten objektuak salerosten edo birziklatzen dihardutenek erregistro-obligazioak eta Ertzaintza informatzekoak betetzeko erari.

Hori dela-eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta eremua.

1.– Agindu honen bidez, publikotasuna ematen zaio dokumentu-erregistroko –erregistro-liburuak– eta Ertzaintzari informazioa emateko obligazioak betetzeko erari, osagaien artean metal preziatuak (harribitxiekin edo gabe) dituzten bitxi eta objektuen salerosketari eta birziklatzeari dagokienez.

2.– Agindu honen aplikazio-eremuak barne hartzen du bitxiak eta objektuak merkataritza-establezimenduetan edo xede horretarako erabiltzen den beste edozein espaziotan saltzea, bahian ematea, erostea, desegitea eta galdatzea, baldin eta osagaien artean metal preziatuak badituzte, harribitxiekin edo gabe.

3.– Agindu hau honako hauen titular diren pertsona fisiko eta juridikoei aplikatuko zaie:

a) Salerosketa- edo truke-etxeak.

b) Bahitetxeak.

c) Bahitura- edo mailegu-etxeak.

d) Birziklatze- eta desegite-industriak eta -tailerrak, galdategiak eta osagaien artean metal preziatuak dituzten objektu erabiliak baliatzen dituzten fabrikatzaileak.

e) Oro har, osagaien artean metal preziatuak, harribitxiekin edo gabe, dituzten bitxiak eta objektuak salerosten dituztenei.

2. artikulua.– Erregistratzeko eta informazioa gordetzeko betebeharrak.

1.– Jarduera horiek egiten diren establezimenduen titularrek Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan erregistratu eta alta eman beharko dituzte (https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/) agindu honen eranskinean zehaztutako identifikazio-datuak.

2.– Era berean, eragiketa bakoitza erregistratzeko obligazioa dute, eta informazio hori gorde eta Ertzaintzaren esku izatekoa ere bai; alegia, eskatzen zaienean erakutsi egin beharko dute. Informazio hori hamar urtez gorde beharko da.

3.– Jasotako datuak nortasun-agiri ofizial onartuetan azaltzen direnekin bat datozela egiaztatzeaz arduratu beharko dira betebehar horren mende daudenak.

3. artikulua.– Eskuratzea jakinarazteko betebeharra

1.– Betebeharpekoek Ertzaintzari jakinaraziko diote eranskinean aipatzen diren datuei buruzko informazioa, Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoaren bidez, bitxia edo objektua eskuratu edo jaso eta 24 orduko epean.

2.– Jakinarazpen hori Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan jasota geratuko da, eta betebeharpekoen eskura egongo da.

4. artikulua.– Objektuak eskura izatea

1.– Metal preziatuak dituzten bitxiak eta objektuak salerosten eta birziklatzen dituzten establezimenduek eta salerosketa-etxeek eskuratutako edo jasotako objektuak gorde behar dituzte dagokien lokalean, arlo horretan ikuskaritza-eskumenak dituzten Ertzaintzako kideen eskura, hamabost eguneko epean, kasuan kasuko eragiketaren jakinarazpen-datatik zenbatzen hasita, salbu eta dagokion polizia-bulegoak berariaz baimentzen badu piezak erabiltzea, egiaztatu eta ziurtatu delako haien legezko jatorria; horretarako, interesdunak aurretiazko eskaera egin beharko du.

2.– Hala ere, bahitetxeek eta bahitura- edo mailegu-etxeek edozein unetan itzuli ahal izango dizkiete titularrei emandako maileguen berme gisa jasotako bitxi eta objektuak.

XEDAPEN IRAGANKORRA

1.– Agindu honetan aipatzen diren establezimenduek hiru hilabete izango dituzte aginduan aurreikusitakoetara egokitzeko, indarrean sartzen denetik hasita.

2.– Epe horretan, agindu honetan aipatutako jakinarazpenak bide telematikoen bidez gauzatu ezin dituzten establezimenduek zuzenean aurkeztuko dute informazioa ertzain-etxean; establezimendua zein lurralde-eremutan dagoen, hari dagokion ertzain-etxean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetu egiten dira hala 2012ko maiatzaren 18ko Agindua, Herrizaingoko sailburuarena, zeinaren bidez garatzen baita osagaien artean metal preziatuak dituzten objektuak salerostean eta birziklatzean erregistro-obligazioak eta Ertzaintza informatzeko obligazioak betetzeko era, nola agindu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo txikiagoko gainerako xedapenak.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hilabetera jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko abenduaren 20a.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

ERANSKINA
ERREGISTRATU ETA JAKINARAZI BEHARREKO DATUAK

a) Erregistratu behar diren establezimenduaren datuak:

– Izen komertziala.

– Sozietate-izena.

– IFK/IFZ.

– Helbidea.

– Herria.

– Probintzia.

– Posta-kodea.

– Harremanetarako telefonoa.

– Helbide elektronikoa.

b) Jakinarazi beharreko datuak:

Establezimenduaren datuak:

– Identifikazio-zenbakia.

– Establezimendua.

Eragiketari buruzko datuak:

– Erregistro-zenbakia.

– Eragiketa mota.

– Eragiketaren data.

– Bahi-orria.

Interesdunaren datuak:

– Identifikazio mota.

– Zenbakia.

– Izena.

– Lehenengo abizena.

– Bigarren abizena.

– Sexua.

– Jaioteguna.

– Telefonoa.

– Posta elektronikoa.

– Nazionalitatea.

– Helbidea.

Banakako objektuak:

– Mota (objektu mota).

– Metalak.

– Marka (erlojuaren marka).

– Grabazioak.

– Grabatze-data.

– Grabazioaren xehetasunak.

– Harriak.

– Harriaren kolorea.

– Ordaindutako prezioa.

– Argazkia.

Datu-babesari buruzko oinarrizko informazioa

Zure datu pertsonalak herritarren segurtasunerako garrantzitsuak diren jardueretan erabiliko dira.

• Arduraduna: Segurtasun Sailburuordetza - Euskadiko Poliziaren Datuak Prestatzeko Zentroa (EPDPZ).

• Helburua:

– Jarduerak, ikerketak eta erregistro-liburuak kudeatzea segurtasun publikorako garrantzitsuak diren jardueren esparruan, eta, bereziki, osagaien artean metal preziatuak dituzten bitxiak eta objektuak salerosi eta birziklatzeari buruzko jardueraren esparruan informazioa tratatzeari dagokionez.

• Legitimazioa:

– Tratamendua beharrezkoa da legezko betebehar aplikagarriak betetzeko.

– Interes publikoan edo tratamenduaren arduradunari emandako ahalmen publikoak erabili bitartean eginkizun bat betetzeko behar den tratamendua.

• Hartzaileak:

– Segurtasuneko indar eta kidegoak.

– Epaitegiak eta auzitegiak.

• Eskubideak: Eskubidea duzu datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko, edo zure tratamendua mugatzeko.

• Araudia:

– 4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babestekoa.

– 17/1985 Legea, uztailaren 1ekoa, Metal preziatuz egindako objektuei buruzkoa.

– 10/2010 Legea, apirilaren 28koa, Kapitalen zuriketa eta terrorismoaren finantzaketa prebenitzeari buruzkoa

– 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa.

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu pertsonalak babestekoa eta eskubide digitalak bermatzekoa.

– 7/2021 Lege Organikoa, maiatzaren 26koa, Arau-hauste penalak prebenitzeko, detektatzeko, ikertzeko eta epaitzeko eta zigor-zehapenak betearazteko tratatzen diren datu pertsonalak babesteari buruzkoa.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana