Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

4. zk., 2022ko urtarrilaren 7a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
72

1974/2021 EBAZPENA, abenduaren 16koa, Arabako Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari-gerentearena, zeinaren bidez Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Arabako Erakunde Sanitario Integratuan Anatomia Patologikoko Kudeaketa Klinikoko Unitateburu lanpostua izendapen askez betetzeko deialdia egiten den.

Arabako Erakunde Sanitario Integratuan Anatomia Patologikoko Kudeaketa Klinikoko Unitateburua lanpostua hutsik dago. Hori dela-eta, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluaren hirugarren arau komunean, Osakidetzaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezartzen denaren arabera, lanpostu hori izendapen askez betetzeko deialdi publikoa iragartzea erabaki du Zuzendaritza Gerentzia honek, honako oinarrien arabera

OINARRIAK

1.– Parte hartzeko baldintzak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:

a) Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetako langile finkoa izatea (estatutupekoa, funtzionarioa edo lan-legepeko kontratuduna) eta lanpostua jabetzan edukitzea A1 lanbide-taldean.

b) Medikuntzako lizentzia eta anatomia patologikoko espezialitatea izatea.

c) Lan-esperientzia: Gutxienez 4 urteko esperientzia profesionala Anatomia Patologikoko espezialitatean.

d) Hizkuntza-eskakizuna: 2. hizkuntza-eskakizuna, derrigortasun-datarik gabe.

e) Gainerako baldintzak uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuak eta Osakidetzako Euskara Planak jasotakoak.

Zuzendaritza Gerentziaren esanetara, burutza honek dituen funtzioez arduratuko da, beste batzuen artean hauek dira:

– Unitatearen kudeaketa planak edo plan estrategikoa koordinatzea eta kudeatzea.

– Kudeaketa kontratua negoziatzea Arabako Erakunde Sanitario Integratuko Zuzendaritzarekin.

– Kudeaketa Klinikoko Unitatearen kudeaketa taldea zuzentzea.

– Kudeaketa Klinikoko Unitatearen jarduera asistentziala zuzentzea.

– Ospitaleko gainerako unitateekiko eta, beharrezkoa den, ospitalez kanpoko dispositiboekiko harremanak koordinatzea, unitateko estrategia behar den moduan gartzeko.

– Unitateari atxikitako pertsonen lana kudeatu eta antolatzea.

– Ezarritako aurrekontua eta baliabide fisikoak kudeatzea, Zuzendaritzarekin adostutako kontratu eta dokumentatuetan jasotakoaren arabera.

– Unitatearen planak jasota dauzkan prestakuntza eta irakaskuntza jarduerak zuzentzea.

2.– Aintzat hartuko diren merezimenduak.

a) Asistentziaren kudeaketari buruzko prestakuntza.

b) Taldeen kudeaketari buruzko prestakuntza.

c) Prestakuntza eta esperientzia informazio klinikoko sisteman, eta osasun-kudeaketarako asistentzia-adierazleen analisian eta ebaluazioan.

d) Kudeaketan esperientzia.

e) Unitatea Kudeatzeko Memoria-Proiektua.

Elkarrizketa pertsonal bat eskatu ahal izango da izangai bakoitzarekin, eskatutako lanposturako egokia den ebaluatzeko.

Lanpostu hau betetzeko interesgarria izan daitekeen eta balioa erants dezakeen edozein meritu aurkeztu ahalko da.

3.– Euskararen ezagutza.

Osakidetzan Euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta berau garatzen duten arauek xedatutakoaren arabera egingo da balorazioa.

4.– Eskaerak egiteko epea eta aurkezteko modua.

Interesdunek Osakidetzako Arabako Erakunde Sanitario Integratuko Langileen Zuzendaritzan aurkeztu beharko dituzte eskabideak (Jose Atxotegi kalea z.g. 01009 Vitoria-Gasteiz). Horretarako, 15 egun balioduneko epea izango dute, Ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Aurkeztu ahal izango dira, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako eran.

Interesdunek Arabako Erakunde Sanitario Integratuko Langileen Zuzendaritzara bidali behar dute eskabidea (Jose Atxotegi kalea z.g. 01009 Vitoria-Gasteiz), beren datu pertsonal guztiak eta curriculum vitae dokumentatuarekin batera.

Dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

b) Funtzionario edo estatutupeko langile izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, lan-legepeko kontratudun finkoa dela egiaztatzen duen agiriarena.

c) Baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentazioaren fotokopia konpultsatua.

d) Kontuan hartu beharreko merezimendu guztien fotokopia konpultsatua.

e) Anatomia Patologikoko Kudeaketa Kliniko Unitateko Memoria-Proiektua.

Curriculum Vitaearen aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak ez dira ziurtatu behar izango aurreko paragrafoan ageri den moduan; hala ere, eskatzaileak horren berri eman behar du eskaeran.

5.– Balorazio Batzordea.

Batzorde bat eratuko da aurkezten diren eskabideak baloratzeko, eta izangaiei horren berri emango zaie.

Batzordeak, eskabideak baloratu ondoren, eginbide osagarriak gauzatzea erabaki dezake; eta izangaiei horren berri emango die.

Izangaien balorazioa egindakoan, eta berau kontuan hartuta, dagokion izendapena egiteko proposamena aurkeztuko da. Lanpostua hutsik uztea proposa dezake epaimahaiak, betiere aurrez txosten arrazoitua eginez, baldin eta izangaiek betetzen ez badituzte bete beharreko baldintzak.

Akta egingo da Batzordea biltzen den bakoitzean. Bertan, aurkeztutako izangaiak eta gauzatutako eginbide osagarriak (halakorik balego) zerrendatuko dira, eta lanpostua euretako bati esleitzeko edo deialdia bete gabe uzteko kontuan hartutako arrazoiak emango.

6.– Hautaketa-prozedura.

Ezin izango dira baloratu, inolaz ere, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean eskuratu gabe dauden merezimenduak, ez eta eskaerak aurkezteko epea amaitu aurretik behar bezala alegatu eta egiaztatu ez direnak ere.

7.– Prozedura amaitzeko Ebazpena.

Honen bidez hasitako prozedurari amaiera emango zaio (lanpostua esleitzea edo betetzeke uztea) Osakidetzako Arabako Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari-gerentearen ebazpenaren bidez, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta baita Osakidetzaren intranetean zein web-orri korporatiboan ere argitaratuko da.

Ebazpen horrek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera, bertan besterik xedatu ezean.

8.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetzako zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko abenduaren 16a.

Arabako ESIko zuzendari-gerentea,

JOSÉ MARÍA PÉREZ RAMOS.


Azterketa dokumentala