Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

262. zk., 2021eko abenduaren 31, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
6490

AGINDUA, 2021eko abenduaren 13koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programarako 2022ko deialdia.

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.39 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen osoa du gazteria-politikaren arloan. Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenaren eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenaren bidez, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari egokitzen zaio, besteak beste, gazteriari buruzko egitekoak.

EAEko gazteen artean elkartasuna indartzeko xedearekin, eta kontuan hartuta EAEko garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek azken urteotan hegoaldeko herriak garatzen laguntzeko bultzatu dituzten lankidetza-jarduerak, egokitzat jo da 1993. urtean eratutako Euskadiko Gazteak Lankidetzan programari jarraipena ematea, Gazteria Zuzendaritzaren eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren elkarlanaren bitartez.

EAEko gazteak garapenerako elkarlanean sentsibilizatzea da aipatutako programaren xedea. Aurtengo ekitaldi honetan ere, EAEko gazteak lankidetzaren kontzeptura hurbiltzeko helburuari eutsiko dio gastu espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko araubideari lotutako deialdi honek, era berean, ekintza horiek nola burutzen diren bertatik bertara ezagutzeko aukera emanez. Horretaz gainera, esperientzia hori informazio eta orientazio jardunaldi batzuen bidez zabaldu eta osatuko da.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da 2022ko Euskadiko Gazteak Lankidetzan programarako deia egitea eta bertan parte hartzeko modua arautzea. Programa horren bidez, 1990. eta 2000. urteen artean –bi urteok barne– jaiotako 100 pertsona, gehienez ere, zenbait herrialde eta lankidetza-proiektura lekualdatzea erraztuko da. Herrialde eta lankidetza-proiektu horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Euskadiko Gazteak Lankidetzan programarako 2022ko proiektuak aurkezteko garapen-lankidetzarako erakundeei dei egiteko Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2021eko abenduaren 9ko Aginduan xedatutakoari jarraikiz hautatu dira.

2.– Programaren kudeatzaile den Gazteria Zuzendaritzak izapidetuko ditu onuradunarentzako laguntzari dagozkion bidaia-txartelen kontratazioa eta gainerako prestazioak.

2. artikulua.– Zuzkidura.

Deialdi honetara, 210.000 euro bideratuko dira. 13. artikuluan zehaztutako gastuak osorik hartuko ditu programak bere gain.

3. artikulua.– Bete beharreko baldintzak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri bateko erroldan inskribatuta egotea oinarri hauek EHAAn argitaratu aurretik edo, bestela, euskal izaera politikoa izatea, Autonomia Estatutuaren 7. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– 1990. eta 2000. artean jaio izana –bi urteok barne–.

3.– Jarduera egingo den herrialdean hitz egiten duten nazioarteko hizkuntza jakitea.

4.– Bidaiatzen den herrialdeko txertaketa-txartela eguneratuta edukitzea.

5.– Adingabeekin harremana izatea ekarriko duten jarduerak aurreikusten dituen proiektua bada, ez dela sexu-arrazoiengatik kondenatua izan. Hori egiaztatzeko, halakorik ezeztatzen duen sexu-delitugileen erregistro zentralaren berariazko egiaztagiria beharko da, edo, atzerritarren kasuan, haren jatorrizko herrialdeak emandako pareko agiria. Halakorik existitzen ez bada, aurrekari penalen egiaztagiria, zeinetan sexu-delituei buruzkorik ez baita jasotzen.

6.– Ezingo dute deialdi honetako dirulaguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik duten pertsona fisiko zein juridikoek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenik ere, sexu-bereizkeriaren ziozko zigor administratibo edo penalak barne hartuta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren indarrez (I. eranskina).

7.– Era berean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotako baldintzak bete behar ditu. Horien artean daude zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantza betetzea eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

8.– Unean uneko osasun egoeraren arabera, Gazteria Zuzendaritzak, programako ekintzetan parte hartu aurretik, COVID-19ari buruzko proba diagnostikoren bat egiteko eskatu ahal izango du. Probak hautaketa-prozesuan zehar edo pertsona hautatu ondoren eskatu ahal izango dira. Proba diagnostikoak egiteari uko eginez gero, parte-hartzaileak hautaketa-prozesuari edo emandako plazari uko egingo dio.

4. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik 2022ko otsailaren 15era artekoa izango da.

5. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen eskabide-inprimakia betez, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0127906. Eranskinean ezarritako moduan egiaztatuko dira betekizunak.

Eskabidearen ondorengo izapideak, jakinarazpenak eta justifikazioak barne, bide elektronikoz egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren Nire karpeta atalaren bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio-bideak eta sinadura elektronikoa eskuragarri daude helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Elektronikoki izapidetu ahal izango da, ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordetzeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

2.– Aurre-hautatutako pertsonek, hautaketa-faseko topaketa baino lehen, agirien bidez egiaztatu beharko dituzte izen-emateko eskabidean zehaztutako merezimenduak: ikasketak, ikastaroak, esperientzia, etab.

6. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

Eskabidea izapidetara onartzeko eskatzen diren agiri batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako agirietan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari hutsegitea konpontzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko, eta, halaber, jakinaraziko zaio hori egiten ez badu, haren eskabidean atzera egin duela ulertuko dela; dagokion ebazpena emango da aurrez, betiere.

7. artikulua.– Hautaketa-batzordea.

1.– Parte-hartzaileen aurre-hautaketa proposatzeko eta, ondoren, azken hautaketa-proposamena egiteko, hautaketa-batzordea eratuko da. Hauek izango dira kideak:

– Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Gazteriako arduraduna, batzordeburua izango da, eta, kalitateko botoa izanik, gerta litezkeen berdinketak ebatziko ditu.

– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako teknikari bat, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak izendatua.

– Euskadiko GGKEen Koordinakundeak proposatutako pertsona bat, Gazteriako zuzendariak izendatua.

– Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak proposatutako pertsona bat, Gazteriako zuzendariak izendatua.

– Garapenerako lankidetza-programetan diharduten Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeek proposatutako hamar pertsona, gehienez, Gazteriako zuzendariak izendatuak.

– Gazteriako teknikari bat, idazkari gisa jardungo duena hitzarekin baina botorik gabe, Gazteriako zuzendariak izendatua.

2.– Batzordekideak abstenitu egingo dira edo errefusatu egin daitezke, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

3.– Hautaketa-batzordearen osaera Gazteriako zuzendariaren berariazko ebazpen baten bitartez jakinaraziko da, zeina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko baita.

4.– Hautaketa-batzordeko kideek, 1. paragrafoaren arabera izendatuak, Euskadiko GGKEko Koordinakundeak, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak eta garapenerako lankidetza-programetan diharduten Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeek proposatuta, konpentsazio ekonomikoa jasoko dute Hautaketa Batzordearen bileretara joateko.

8. artikulua.– Hautaketa-prozedura.

1.– Hautaketa-prozedurak hiru fase ditu: aurre-hautaketa, hautaketa eta informazio-eta orientazio-aldia.

Batzordeak, aurre-hautaketa fasean, gehienez 220 parte-hartzaile proposatuko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Euskadiko Gazteak Lankidetzan 2021eko programarako proiektuak aurkezteko garapen-lankidetzarako erakundeei dei egiten dien Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2021eko abenduaren 9ko Aginduan xedatutakoari jarraikiz hautatu diren proiektuei gehien egokitzen zaizkien profilak dituztenak, hain zuzen. Aurre-hautatutako pertsona horiek bigarren fasean parte hartuko dute.

Batzordeak 50 ordezkari ere proposatuko ditu, bigarren fasean parte hartzeko aurre-hautatu diren pertsonek zeregin horri uko egin diotenerako. Norbaitek zereginari uko egiten badio, uko egin duen pertsonaren profila daukan eta puntu gehien duen ordezkoak parte hartuko du bigarren fasean.

Batzordeak honako ezaugarri hauek balioetsiko ditu:

a) Eskatzaileen titulazio akademikoetatik, lanbide kualifikazioetatik eta bestelako ikasketetatik, aurre-hautatutako lankidetza-proiektuei gehien egokitzen zaizkienak, % 30 gehienez.

Baztertzailea izan gabe, lankideak txertatuko diren garapen-proiektuetarako ohikoenak diren lanbide-arloen artean honako hauek daude:

– Hezkuntza/ Hezkuntza berezia / Pedagogia.

– Gizarte-lana/ Gizarte-hezkuntza.

– Psikologia.

– Berdintasuna.

– Begiraleak – Aisialdia.

– Informatika.

– Ekonomia/ Kontabilitatea.

– Medikuntza / Erizaintza / Erizaintzako zaintza osagarriak.

– Farmazia.

– Ingeniaritza/ Arkitektura.

– Agronomia.

– Tornu/mekanika.

– Elektrizitatea.

– Zurgintza.

– Iturgintza.

– Nutrizioa / Sukaldaritza.

b) Garapen-lankidetzarekin lotutako prestakuntza: % 20, gehienez.

c) Garapenerako gobernuz kanpoko erakunde bateko borondatezko kide izatea, % 20, gehienez.

d) Gazte-elkarte batekoa zein helburu soziala duen beste erakunde bateko borondatezko kide izatea, % 30, gehienez.

Batzordeak, egoki iritziz gero, elkarrizketa pertsonala egin diezaieke hautagaiei aipatutako gai horiei buruz eta bakoitzak aurkeztutako dokumentazioaren arabera.

2.– Bigarren fasea edo hautaketa-fasea aurre-hautatutako pertsonekin egin beharreko topaketa da. Topaketa, baldintza sanitarioek ahalbidetu edo gomendatzen badute, hiru egunekoa izango da, eta barnetegi batean egingo da, Gazteria Zuzendaritzak ezartzen dituen baldintzetan; derrigorrezkoa da aurre-hautatutako pertsonentzat. Topaketa horretan, Batzordeak gehienez 100 lagun hautatuko ditu, haien puntuazioaren arabera, hirugarren fasera pasa daitezen.

Beste 50 ordezko ere hautatuko dira, gehienez ere, norbaitek uko egingo balu ere. Norbaitek bere plazari uko egingo balio, uko egin duenaren profil bera duen eta puntu gehien duen ordezko batek hartuko du titulartasuna. Hautaketaren hirugarren fasea amaitu ondoren egingo balio uko plazari, fase horretan parte hartzetik salbuetsita egongo litzateke ordezkoa.

Fase honetan, honako ezaugarri hauek baloratuko dira:

a) Aurre-hautatutako pertsonaren egokitasuna, burututako dinamiken emaitza aintzat harturik, eta topaketa horretan egindako elkarrizketa, % 50 gehienez. Gaitasun hauek baloratuko dira:

– Autogestiorako gaitasunak, % 20 gehienez: ekimena eta autonomia; malgutasuna; arazoak aztertu eta ebaztea; ikasteko eta negoziatzeko gaitasuna. Pertsona mugitzen den inguruan lan eraginkorra, antolatua eta baikorra garatzea ahalbidetzen diote gaitasun-mota horiek pertsonari.

– Komunikazio- eta harreman-gaitasunak, % 20 gehienez: pertsona arteko komunikazioa; talde-lana; trebetasuna eta zuhurtzia. Gogobeteko harreman pertsonalak eta profesionalak izatea ahalbidetzen diote boluntarioari bere egitekoetan diharduela, eta, halaber, egoera konplexuak edo zailak kudeatzea ahalbidetzen diote besteekiko interrelazioan.

– Antolaketa-gaitasunak, % 10 gehienez: fidagarritasun teknikoa eta pertsonala; ekimenetan buru izateko gaitasuna; antolaketa eta plangintza. Norbere lanaren eraginkortasunarekin eta inguru konplexuago, zabalago bateko eta besteei eragiten dien kudeaketa-lanarekin zerikusia duten gaitasunak dira.

b) Aurre-hautatutako pertsonaren profila zenbateraino egokitzen zaien Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2021eko abenduaren 9ko Aginduaren babespean hautatutako lankidetza-proiektuen ezaugarriei, barne hartuta ekintzotan integratzeko duten astia, % 50 gehienez.

3.– Hirugarren fasea edo informazio-eta orientazio-fasea hautatutako pertsonekin egin beharreko topaketa da. Topaketa, baldintza sanitarioek ahalbidetu edo gomendatzen badute, bi egunekoa izango da, eta barnetegi batean egingo da, Gazteria Zuzendaritzak ezartzen dituen baldintzetan; derrigorrezkoa da hautatutako pertsonentzat. Bertan, programan esku-hartzen duten GGKEen parte-hartzea izango da, eta lankide boluntario moduan burutuko dituzten lankidetza-proiektuen gaineko informazioa eta orientazioa emango zaie hautatutako pertsonei.

4.– Indarrean dauden osasun neurriak edo unean uneko osasun-gomendioak direla eta, 8.2 eta 8.3 artikuluetan aurreikusitako hautaketa-prozesuan zehar ezin bada pertsona kopuru jakin bat bildu, Gazteria Zuzendaritzak aldaketak sartu ahal izango ditu hautaketa-prozesuan, indarrean dauden osasun-neurrietara egokitzeko.

Aldaketen berri emango da, dagokion aurrerapenarekin, www.gazteaukera.euskadi.eus webgunearen bidez eta eragindako pertsonak eskabidean jarritako posta elektronikora informazio-email bat bidalita.

5.– Eusko Jaurlaritzak ordainduko ditu topaketa horietan sor litezkeen ostatu- eta mantenu-gastuak; aitzitik, ez ditu ordainduko topaketetara joateko eskaintzen dituen garraiobide eta ibilbideak erabiltzen ez dituzten pertsonen garraio-gastuak.

9. artikulua.– Aurre-hautaketa fasearen ebazpena.

1.– Batzordeak egindako aurre-hautaketarako proposamena ikusita, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Gazteriako zuzendariak ebazpena emango du zazpi egun balioduneko epean, batzordeak dagokion aurre-hautaketarako proposamenaren berri ematen dionetik hasita. Ebazpen horretan, hautaketa-fasea egiteko aurre-hautatu ez diren eta aurre-hautatu diren parte-hartzaileen zerrenda jasoko da, baita fase hori burutzeko eguna eta lekua ere.

2.– Aurre-hautatutako pertsonen zerrendak www.gazteaukera.euskadi.eus atari gaztean jarriko dira ikusgai. Ulertuko da zerrenda horietan agertzen ez diren pertsonak ez daudela aurre-hautatuta.

10. artikulua.– Hautaketa-prozeduraren ebazpena.

1.– Hautaketa-prozeduraren bigarren fasean aurreikusitako topaketa bukatuta (aurre-hautatutako pertsona guztiei zuzendua), batzordeak bere iritziz egokienak diren gazteak proposatuko dizkio Gazteriako zuzendariari. Gehienez, 100 gazte hautatuko dira, baita, gehienez ere, 50 ordezko, 8.2 artikuluan xedatutakoaren arabera. Batzordearen proposamena jasota, Gazteriako zuzendariak ebazpena emango du; bertan, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programako lankidetza-ekintzetan parte hartzeko hautatutako gazteen zerrenda adieraziko du. Ebazpen horretan, hautatu ez diren gazteen zerrenda ere agertuko da.

2.– Lankidetza jarduera, ahal dela, uztailetik aurrera egingo da, eta hiru bat hilabeteko iraupena izango du, salbu eta aparteko kasuetan, jardueraren tutore den GGKE bakoitzarekin adostutako baldintzen arabera.

3.– Gazteriako zuzendariak emandako ebazpena, non jasotzen baita Euskadiko Gazteak Lankidetzan programako lankidetza-ekintzetan parte hartzeko hautatu diren eta hautatu ez diren pertsonen zerrenda, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sei hilabeteko gehienezko epean. Epe hori pasata ez bada ebazpenik jakinarazi, eskabideak ezetsi zaizkiela ulertu beharko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

4.– Ebazpen honek ez dio administrazio-bideari amaiera ematen, eta, beraren aurka, gorako errekurtsoa jar dakioke goragoko organo hurrenari, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean. Hori guztia, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin bat.

5.– Hautatutako pertsonen zerrenda www.gazteaukera.euskadi.eus atari gaztean jarriko dira ikusgai.

Ebazpenen jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

6.– Erakunde onuradunei dirulaguntzak emateko eta, hala dagokionean, horiek ordaintzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik ere izapidean den itzultze- edo zehapen-prozedura orok amaituta beharko du.

11. artikulua.– Aldaketak.

10.2 artikuluan xedatutakoa gorabehera, osasun- edo segurtasun-arrazoiengatik, honako aldaketa hauek egin ahal izango dira:

1.– Egonaldiaren iraupena murriztu ahal izango da parte-hartzailea irten aurretik edo helmugako herrialdean dagoen bitartean. Lehenengo kasuan, parte-hartzaileak emandako plazari uko egin ahal izango dio. Bigarren kasuan, parte-hartzailea nahitaez itzuli beharko da helmugako herrialdetik EAEra, eta, ezezkoa emanez gero, egonaldia eta herrialdetik itzulera parte-hartzailearen kontura eta arriskuaren arabera izango da. Automatikoki baliogabetuko dira ere egonaldirako kontratatutako aseguruak eta bestelako zerbitzuak.

2.– Egonaldiaren hasiera atzeratu ahal izango da, Gazteria Zuzendaritzak, GGKEk eta parte-hartzaileak aldez aurretik adostuta, betiere urte naturalaren barruan. Pertsonak ezin badu bidaiatu edo nahi ez badu bidaiatu nahi beste egun batzuetan, emandako plazari uko egin ahal izango dio.

12. artikulua.– Lankidearen konpromisoak.

Garapen lankidetzako jardueran parte hartzeko aukeratutako gazte bakoitzak, aldez aurretik, Gazteria Zuzendaritzan aurkeztuko duen agirian, honako hauek beteko dituela hitz emango du:

a) Destinoko herrietan esperientzia hasi aurretik, GGKE tutoreak antolatutako prestakuntza-fasean parte hartuko du.

b) Bete beharreko jarduerak eskatzen duen bizimodura moldatuko da.

c) Jarduera egin behar den herrialdean egongo da, esperientzia-aldia bukatu arte.

d) Osasunari buruz emandako aholku guztiak beteko ditu.

e) Esperientzia-aldia bukatu ondoren, balorazio txostena aurkeztuko du; bertan, bizi izandako jarduera nolakoa izan den eta nola burutu den azalduko du, eta, aurrerantzean antolatzen diren beste proiektu batzuetarako, akatsak eta hutsuneak nola konpon daitezkeen zehaztuko du.

f) Aurtengo egitasmoa amaitu ondoren, esperientzia bakoitzaren eta programaren garapenaren ebaluazio-jardunaldietan parte hartuko du.

g) Urtebetez, GGKEek nahiz Eusko Jaurlaritzako Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta Gazteria Zuzendaritzak antolatutako sentsibilizazio-jardueretan parte hartzeko prest egongo da.

h) Gutxienez 30 ordu eskainiko dizkio GGKE tutoreari, lankidea bueltan iritsi eta biharamunetik hasita 30 eguneko epean.

i) Aplikatzekoak zaizkion Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotzen diren betebeharrak beteko ditu.

13. artikulua.– Ordainduko diren gastuak.

Eusko Jaurlaritzak ordainduko ditu destinoko herrialdeko garapenerako gobernuz kanpoko erakundearekin elkartu arteko joan-etorriko bidaia-gastu guztiak, herrialde horretara joateko behar den bisa barne. Halaber, Eusko Jaurlaritzak ordainduko ditu hautatutako parte-hartzaile bakoitzarentzako aseguruak: erantzukizun zibilari eta istripuei aurre egiteko asegurua eta bidaiako laguntzako asegurua.

14. artikulua.– Arauak onartzea.

Esperientzia honetan parte hartzeak berari dagozkion arau guztiak onartzea dakar. Boluntarioaren partaidetza, batez ere, berari egokitutako proiektuan garatzen diren zereginetan gauzatuko da, baita itzulitakoan ere, zeren eta 11. artikuluan ezarritakoaren arabera, GGKEek nahiz Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta Gazteria Zuzendaritzak antolatzen dituzten ekintzetan parte hartuko baitute.

15. artikulua.– Ez-betetzeak eta dirua itzultzeko prozedura.

Onuradunek agindu honetan aurreikusitako betebeharrak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoak ez betetzea itzulketa-kausa izango da, betiere proportzionaltasun-printzipioari jarraikiz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3.n) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Holakoren bat ikusten bada, jasotako kopuruak eta sortutako berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari, hala agintzen baitute azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak –Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena– eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak –Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena–.

16. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasun eza.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak ez dira bateragarriak beste edozein erakunde publiko zein pribatuk helburu bererako emandako bestelako dirulaguntza edo diru-sarrerekin. Hona gainfinantzaketatzat zer ulertzen den: helburu bererako jasotako diru-sarrera.

17. artikulua.– Kudeaketa.

Gazteria Zuzendaritzari dagozkio agindu honen bidez deitutako programa kudeatzeko lanak.

18. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.

Eskabidean jasota dauden izaera pertsonaleko datuak tratatu eta jarraian izendatzen den tratamendu jarduerara gehituko dira: Auzolandegiak eta Euskadiko Gazteak Lankidetzan programak.

Arduraduna: Gazteria Zuzendaritza, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila.

Helburua: Auzolandegiak eta Euskadiko Gazteak Lankidetzan programetako partaideen datuen kudeaketa. Baimenak eta laguntzak izapidetzea.

Legitimazioa: Interes publikoa. Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren 3/1979 Lege Organikoa eta 27/1983 Legea EAE eta Lurralde Historikoetako foruzko jardute-erakundeen arteko harremanei buruzkoa.

Hartzaileak: elkarteak eta irabazi asmorik gabeko erakundeak, Europar Batasuneko organoak, estatuko administrazioko beste organo batzuk, toki-administrazioko organoak eta EAEko beste organo batzuk.

Eskubideak: erabiltzaileak eskubidea du datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko eta ezabatzeko, baita informazio osagarrian jasotzen diren eskubideak ere.

Informazio osagarria: datuen babesari buruzko informazio osagarria eta zehatza kontsulta daiteke gure web-orrian: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/103700-capa1-eu.shtml

Indarrean dagoen araudia:

– Datuak babesteko erregelamendu orokorra (http://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf)

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf)

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren pentzutan egingo diren gastu espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan aipatzen diren ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2019. urteko aurrekontu orokorretan behar besteko ordainketa- eta konpromiso-kreditu egoki egotearen baldintzapean gelditzen da agindu honetan aipatzen diren laguntzen ebazpena.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzitarako Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko abenduaren 13a.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

I. ERANSKINA
EUSKADIKO GAZTEAK LANKIDETZAN 2022KO PROGRAMAN IZENA EMATEKO ESKABIDEA

Agiri hau ezin da bete, eskabidera modu telematikoan egingo da.

1.– Identifikatu.

Pertsona eskatzailearen datuak

Honen izenean ari da: Pertsona/entitate interesdun gisa espedientean/Ordezkaria:

Identifikazio-dokumentua (NAN edo IFZ), Zenbakia*, Izena*, Lehen abizena*, Bigarren abizena, Sexua*

Komunikazioetarako datuak

Jakinarazpen eta komunikazioak hona bidaliko dira: espedientea tramitatzen den bitartean Administrazioak bidalitako jakinarazpenak honi zuzenduko zaizkio:

Jakinarazpen eta komunikazioetarako kanala*: Elektronikoa: Nire Karpetan guneko jakinarazpen eta komunikazioen atalera igorriko dira. Bertan sartzeko, identifikazio elektronikorako bitarteko bat beharrezkoa da. Kanal elektronikoaren gaineko oharra: jakinarazpen elektronikora sartzen ez bazara, jakinarazitzat emango da Nire Karpetan eskuragarri jartzen denetik 10 egun naturaleko epean. Esandako epea betetzen denean, jakinarazpena ukatu egin duzula ulertuko da, eta horrela jasoko da espedientean, izapide egintzat emango da, eta administrazioak aurrera jarraituko du prozedurarekin.

Abisuak jasotzeko datuak: Nire karpetan jakinarazpen edo komunikazioren bat jasotzerakoan abisu bat bidaliko dizugu posta elektronikora eta telefono mugikorrera. Posta elektronikoa*, Telefono mugikorra.

Komunikazio hizkuntza*: Mezu elektroniko eta abisu-mezu bidezko jakinarazpen eta komunikazioak suk aukeratutako hizkuntzan bidaliko dizkizugu: Euskara/Gaztelania.

Datuak erabiltzeko baimena:

Nire komunikazio eta abisuetarako datuak Eusko Jaurlaritzako sail eta erakundeekiko harremanetan erabiltzea nahi dut. Bai/ez

Nire komunikazio eta abisuetarako datuak espediente hau kudeatzeko bakarrik erabiltzea nahi dut. Bai/ez

Datu pertsonalen tratamendua

Eskabidean jasota dauden izaera pertsonaleko datuak tratatu eta jarraian izendatzen den tratamendu jarduerara gehituko dira: Auzolandegiak eta Euskadiko Gazteak Lankidetzan programak.

Arduraduna: Gazteria Zuzendaritza, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Helburua: Auzolandegiak eta Euskadiko Gazteak Lankidetzan programetako partaideen datuen kudeaketa. Baimenak eta laguntzak izapidetzea.

Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

Hartzaileak: elkarteak eta irabazi asmorik gabeko erakundeak, Europar Batasuneko organoak, estatuko administrazioko beste organo batzuk, toki-administrazioko organoak eta EAEko beste organo batzuk.

Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

Informazio osagarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua (www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/103700-capa2-eu.shtml)

Araudia:

– Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra (www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf)

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf)

2.– Datuak bete.

Eskatzailearen beste datuak

Jaiotza datuak: jaiotza data*

Kontaktu-datuak: Telefono finkoa zenbakia, Telefono mugikorra*, Posta elektronikoa*

Bizilekuaren datuak: Posta kodea*, Lurralde Historikoa*, Udalerria*, Herria*, Helbidea* Zk*, Letra

Larrialdiaren kasuetarako kontaktu pertsona: Izena eta abizenak*, Pertsona eskatzailearekiko harremana*, Kontaktu-telefono 1*, Kontaktu-telefono 2

Heziketa

Hizkuntzak ingelesa: Irakurtzea*: Ezer ez/Erregularra/Ondo/Oso ondo; Hitz egitea*: Ezer ez/Erregularra/Ondo/Oso ondo; Idaztea*: Ezer ez/Erregularra/Ondo/Oso ondo

Hizkuntzak frantsesa: Irakurtzea*: Ezer ez/Erregularra/Ondo/Oso ondo; Hitz egitea*: Ezer ez/Erregularra/Ondo/Oso ondo; Idaztea*: Ezer ez/Erregularra/Ondo/Oso ondo

Araututako heziketa: Titulu akademikoak, Egin zen zentroa, Urte hasiera (uuuu), Uneko, Urte amaiera posiblea (uuuu), Amaiera-urtea (uuuu)

Garapenerako lankidetza ikastaroak: Ez daukat garapenerako lankidetzari buruzko ikastarorik/ Izenburua, Entitate antolatzailea, Ordu-kopurua, Amaiera-urtea (uuuu).

Beste ikastaroak: Ez daukat bestelako ikastarorik/ Izenburua, Entitate antolatzailea, Ordu-kopurua, Amaiera-urtea (uuuu).

Esperientzia

Lan-esperientzia: Ez dut lan-esperientziarik/ Enpresa, Lanbide-kategoria, Sarrera-data (uuuu,hh,ee), Amaitze-data (uuuu,hh,ee)

Esperientzia boluntarioak:

Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeetako kide izatea borondatez: GGKE: Ez dut esperientziarik GGKE batekin/ GKE-aren izena, Jarduera eta garatutako funtzioak, Urteko ordu kopurua, Sarrera data (uuuu/hh/ee), Uneko, Urte amaiera posiblea (uuuu), Amaiera urtea (uuuu).

Gazteen elkarteetako edo helburu soziala duten beste elkarte batzuetako kide izatea borondatez: Ez dut inongo esperientziarik gazteen elkarteetako edo helburu soziala duten beste elkarteetako kide bezala/ Entitatearen izena, Jarduera eta garatutako funtzioak, Urteko ordu kopurua, Sarrera data (uuuu/hh/ee), Uneko, Urte amaiera posiblea (uuuu), Amaiera-urtea (uuuu).

Beste datu batzuk eta eskabidearen bidalketa

Jaso al duzu COVID-19 txertoaren jarraibide osoa? Nolanahi ere, galdera horren erantzuna borondatezkoa da interesdunarentzat. Bai/Ez

Erantzuna ezekoa bada, jaso al duzu lehen dosia? Nolanahi ere, galdera horren erantzuna borondatezkoa da interesdunarentzat. Bai /Ez

Txertaketa-libreta duzu egunean?* Bai/Ez

Falta zaizuna(k) zehaztea*

Euskadiko Gazteak Lankidetzan programaren aurreko edizioak. Inoiz aurkeztu al zara programa honetara? Bai/Ez

Programan parte hartzeko motibazio pertsonala.

Beste interes-datu batzuk

Erantzukizunpeko adierazpenak

Ez dauka dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigor penal edo administratiborik. Bai/Ez

Ez dago dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko gaitasunik gabe uzten duten lege-debekuen eraginpean, beren-beregi sexu-diskriminazioagatiko lege-debekuen eraginpean. Bai/Ez

Egunean ditu indarrean dauden xedapenak ezartzen dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte-Segurantzarekikoak, arauz zehaztu bezala. Bai/Ez

Egunean ditu dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak. Bai/Ez

Adingabeekin harremana izatea dakarten jarduerak aurreikusten dituzten proiektuen kasuan, sexu-delituengatik kondenatu ez dutela adierazten du. Bai/Ez

Betetzen ditu indarrean dagoen legediak ezarritako baldintzak. Bai/Ez

Hemen jasotako datu guztiak egiazkoak direla eta osorik daudela, baita aurkezten dudan dkumentazioa ere, eta nire gain hartzen dut dagokion erantzukizuna (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.7 artikulua). Bai/Ez

Erantzukizunpeko adierazpenean edo komunikazioan jasotzen den edozein datu edo informazio zehaztugabea bada, faltsua bada edo falta bada, edo administrazio eskudunari erantzukizunpeko adierazpena aurkezten ez bazaio, edo adierazitakoa bete dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, edo jakinarazpena egiten bada, ezinezkoa izango da eragindako eskubidea edo jarduera gauzatzen jarraitzea gertakari horien berri izaten den unetik, hargatik eragotzi gabe erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak egotea. (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69.4 artikulua).

Meritu-egiaztapena

Programan parte hartzeko aurre-hautatua bazara, Gazteria Zuzendaritzak adierazi dituzun merezimenduei dagozkien tituluak eta ziurtagiriak aurkezteko eskatuko dizu.

Baimenak

Baimena ematen diozu Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzari programan parte hartzen duten GGKEei datu pertsonalak jakinarazteko, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programa kudeatzeko eta gauzatzeko soilik. Bai/Ez

Baimena ematen diozu Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzari zure datu pertsonalak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eta Osasun Ministerioko Kanpo Osasuneko Zuzendariordetza Nagusiari jakinarazteko, agindutako txertaketak egiteko soilik. Bai/Ez

Baimena ematen diozu Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzari zure datuak kontaktuen fitxategian sartzeko, zerbitzu eta programei buruzko informazioa bidal diezazuten. Bai/Ez

Erantzuna baiezkoa bada: eskabidean agertzen diren datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta Gazteria Zuzendaritzaren kontaktuen agenda izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira.

• Arduraduna: Gazteria Zuzendaritza, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila.

• Helburua: Zuzendaritzak gazteriaren alorrean antolatutako jarduerak, ekitaldiak eta programak kudeatzea eta zabaltzea komunikazio-kanalen bidez. Harremanetan jartzea, kontsulta eta eskabideei erantzutea eta zerbitzu eta programei buruzko informazioa bidaltzea.

• Legitimazioa: Tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

• Hartzaileak: Ez da daturik lagatzen

• Eskubideak: Datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

• Informazio osagarria: Gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua: www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/041700-capa2-eu.shtml

Araudia:

• Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra (www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD- 2016_0679_eu.pdf).

• 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. (www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf)

Baimena ematen diozu Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzari irudi-eskubideak lagatzeko, erakundeak berak duen edozein komunikazio-kanaletan (online eta offline) erabili ahal izateko. Bai/Ez

3.– Dokumentuak erantsi.

Ofizioz konprobatzea. Aplikatu beharreko araudiaren arabera, prozedura honen instrukzio-organoak ofizioz egiaztatuko ditu administrazio eskudunean datu hauek: nortasun-datuen kontsulta/egiaztapena (Poliziaren Zuzendaritza Nagusia – DGP) (Interesdunak, modu arrazoituan, aurka egiten dionean izan ezik. Erabili aurka egiteko eskubidea)

Baimenak: zure baimena behar da instrukzio-organoak datu hauek egiaztatzeko. Aukeratu baimena emateko:

Bizileku-datuak (Estatistikako Institutu Nazionala - EIN). Bai/Ez

Sexu-Delituengatik aurrekaririk ez izatea (Justizia Ministerioa). Bai/Ez

Historiko-errolda (EAEko Udalak). Bai/Ez

Zerga-betebeharren ordainketa egunean izatea (Euskal Foru Aldundiak eta Zerga Administrazioko Estatu Agentzia). Bai/Ez

Gizarte Segurantzaren ordainketan egunean egotea (Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusia – GSDN). Bai/Ez

Baimenik ematen ez baduzu, prozeduran eskatutako dokumentu guztiak aurkeztu beharko dituzu.

Eskatutako dokumentu motak.

Eskatutako dokumentuak/Igotako dokumentuak/Ekintzak

Gizarte Segurantzaren ordainketan egunean egotea (Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusia – GSDN). (beharrezkoa baimenik ez badago) Erantsi/Bilatu/Aurkeztu

Zerga-betebeharren ordainketa egunean izatea (Euskal Foru Aldundiak eta Zerga Administrazioko Estatu Agentzia). (beharrezkoa baimenik ez badago) Erantsi/Bilatu/Aurkeztu

Historiko-errolda. (beharrezkoa baimenik ez badago) Erantsi/Bilatu/Aurkeztu

Sexu-Delituengatik aurrekaririk ez izatea (Justizia Ministerioa) (beharrezkoa baimenik ez badago) Erantsi/Bilatu/Aurkeztu

Bizileku-datuak (Estatistika Institutu Nazionala – EIN) (beharrezkoa baimenik ez badago) Erantsi/Bilatu/Aurkeztu

Hala badagokio, erantsi dokumentu berri bat. Erantsi

4.– Sinatu eta bidali.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana