Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

260. zk., 2021eko abenduaren 29a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
6441

AGINDUA, 2021eko abenduaren 7koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, arte eszenikoen eta musikalen azpiegiturak modernizatzeko eta modu jasangarrian kudeatzeko dirulaguntzak emateko deialdia egiten duena (Europar Batasunak finantzatutako Next Generation EU Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan, 2021. urteari dagokiona).

COVID-19aren pandemiak, osasun-krisiaz gain, krisi ekonomiko handia eragin du mundu osoan, jarduera-sektore zabalak gelditzearen edo moteltzearen ondorioz; horien artean, zalantzarik gabe, kultura-jarduera dago, oro har, eta, bereziki, zuzeneko jarduerena: arte eszenikoak eta musika, batez ere.

Europar Batasunak berak adierazi duenez, kultura- eta sormen-sektoreek zeregin garrantzitsua izan dezakete susperraldi jasangarria bermatzeko orduan, beren jardueren izaera dela eta: hazkunde azkarrekoak eta jabetza intelektualetik eta sormenetik eratorritako balio ekonomikoa dutenak. Hala ere, aldi berean onartzen da COVID-19aren krisian ezarritako gizarte-harremanetarako murrizketek ondorio ekonomiko bereziki negatiboak izan dituztela.

Era berean, ikuspegi orokor batetik, Europar Batasunak adierazten du, aurreko ekonomia- eta finantza-krisian bezala, ekonomia eta finantza-sistemak eta gizarte-babeseko sistema indartsu, jasangarri eta erresilienteak garatzeak lagunduko diela estatu kideei eraginkortasun handiagoz erantzuten, eta modu bidezko eta inklusiboan horrelako egoeretatik azkarrago suspertzen. Testuinguru horretan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamenduak, 2021eko otsailaren 12koak, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duenak, Europan garrantzia duten esparru politikoei buruzko neurriak babestea aurreikusten du. Neurri horiek sei zutabetan egituratuta daude, eta horien artean daude, besteak beste, trantsizio ekologikoa, eraldaketa digitala eta hazkunde-eredu adimendun, jasangarri eta integratzaile bat, honako hauek barne hartzen dituena: kohesio ekonomikoa, enplegua, produktibitatea, lehiakortasuna, ikerketa, garapena eta berrikuntza.

Mekanismo horren helburuei lagunduko dietela bermatzeko, Europak adierazi du suspertze- eta erresilientzia-planek inbertsio publikoko erreformak eta proiektuak gauzatzeko neurriak jaso behar dituztela, herrialde bakoitzaren erronkekin eta lehentasunekin koherenteak eta bateragarriak diren neurrien bidez. Helburu horiek lortzeko, Batasunak mekanismo bat diseinatu du, eta haren helburu espezifikoa da estatu kideei finantza-laguntza ematea, «Next Generation EU» izeneko funtsen bidez. Funts horiek aparteko aukera ematen dute suspertze-plan espezifikoak hedatzeko eta pandemiak inbertsioan eta jarduera ekonomikoan duen eraginari aurre egiteko.

Espainiako Estatuak, funts horien hartzaile gisa, Europako gidalerroak zehaztu ditu 2021eko apirilaren 27ko «Suspertze, transformazio eta erresilientzia plana» deiturikoan. Plan horretan, Batasunak formulatutako helburuak Espainiako Estatuaren testuingurura eramateaz gain, aipatutako helburuak gobernatzeko plan bat adostu du autonomia-erkidegoekin, eta funts horiek horietara aldatzeko mekanismoak zehaztu ditu. Horretarako, 2021eko urtarrilaren 1ean sartu zen indarrean 36/2020 Errege Lege Dekretua, Suspertze Plana gauzatzeko. Egiturazko erreforma horren helburua da lege-oztopo nagusiak murriztea, baliabide publikoen kudeaketa arin, eraginkor eta zorrotz baterako, Europako zuzentarauak eta gardentasunaren eta kontu-ematearen printzipioak erabat errespetatuz. Erreformaren helburua da, halaber, lankidetza publiko-pribatua erraztea eta administrazio-maila guztien eskumenak behar bezala artikulatzea, horiek baitira Plana gauzatzeko aurreikusitako egutegia betetzeko funtsezko elementuak. Hala, 2021erako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 11/2020 Legearen lehen xedapen gehigarriak autonomia-erkidegoekiko aurrekontu-harremana errazten du, hitzarmenen edo dirulaguntzen bidez.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak, 2020-2024 gobernu-programan, Europa mailan partekatutako jarraibide politikoak ere jasotzen ditu, legegintzaldiko estrategia osoa markatzen duten lau ardatzetan kokatuz: oparotasuna (enplegua eta suspertze ekonomikoa); pertsonak (osasuna, hezkuntza, zerbitzu publikoak, berdintasuna, gizarte- eta kultura-politikak, bizikidetza eta giza eskubideak); planeta (trantsizio energetiko eta klimatiko bidezkoa) eta autogobernua (autogobernu hobea). Era berean, konpromisoa hartu du aktiboki lan egiteko, euskal partaidetza ahalik eta handiena izan dadin Europako programa eta proiektuetan, bereziki Next Generation EUn, politika horiek garatzen laguntzeko.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio arte- eta kultura-jarduerei buruzko eginkizunak, bai eta horien zabalkundea ere, lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren arabera –Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena–. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuaren bidez esleitzen zaizkio eginkizun horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari.

Beraz, administrazio-eremu horietatik formulatutako testuinguruan eta helburu orokorretan eta Next Generation UE 2021 funtsak zuzenean kudeatzeko Espainiako Estatuarekin lortutako akordioetan kokatuta, sail honek egokitzat jotzen du arte eszenikoen eta musikalen azpiegiturak modernizatzeko eta modu jasangarrian kudeatzeko jarduerak bultzatzeko dirulaguntzen lerro bat arbitratzea.

Deialdi honen xedea da, Euskal Autonomia Erkidegoan, arte eszenikoen eta musikaren azpiegiturak modernizatzeko eta modu jasangarrian kudeatzeko proiektuak bultzatzea, trantsizio ekologikoaren eta trantsizio teknologiko-digitalaren ikuspegitik, Europar Batasunak formulatutako irizpide, jarraibide eta araudien esparruan diseinatuak. Horrez gain, hirugarren lan-ildo bati egiten zaio erreferentzia, hain zuzen ere, «kudeaketaren hobekuntzari», edozein kasutan beste biekiko bereizezina, eta ezinbestekoa beste edozein jarduera planifikatzeko. Azken batean, helburua da Euskadiko kultura-industrien lehiakortasuna indartzea, eta kultura-ekoizpenaren eskaintza hainbat modutan elkarri lotzea eta haietaz gozatzea erraztea, gero eta erakargarriagoa izan dadin euskal gizartearentzat berarentzat, eta, aldi berean, lehiakorragoa nazioartean.

Euskal Autonomia Erkidegoan dirulaguntzen eta laguntzen arloan indarrean dagoen araudia jasota dago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen VI. tituluan, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Legearen testu bateginean (EONALTB), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean (DLO) eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan, zeinaren bitartez onartzen den Lege horren Erregelamendua.

Era berean, agindu hau sartuta dago Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2021-2024 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2021eko otsailaren 18ko Aginduaren bidez onartutako 2021eko Dirulaguntzen Urteko Planean (aipatutako sailaren webgunean argitaratua), bai eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2021eko uztailaren 15eko Aginduan ere, plan horiek aldatzen dituena, bi planetan sartzen da dirulaguntza-deialdi hau.

Ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta helburuak.

1.– Deialdi honen esparruan emango diren laguntzen helburua da arte eszenikoen edo musikaren lanbide-jarduera garatzen den azpiegituren modernizazio eta kudeaketa jasangarrira bideratutako inbertsio-proiektuak finantzatzea, 4.2 artikuluan zehazten den bezala.

2.– Diruz lagunduko diren proiektuek ekipamendua erosteko eta/edo honako ardatz edo helburu hauetara bideratutako jarduerak garatzeko inbertsioak jaso beharko dituzte:

a) Ingurumen-eraldaketa.

b) Eraldaketa digitala.

c) Kudeaketa hobetzea.

Erreferentzia gisa, deialdi honen eranskinean aipatutako hiru ardatzen barruko proiektuak garatzeko egin daitezkeen inbertsioen zerrenda gehitu da.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdiari egotz dakiokeen gehieneko zenbatekoa 978.349,91 eurokoa izango da, 2022ko ekitaldiari dagokiona.

3. artikulua.– Onuradun izateko baldintzak.

1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan ahalko dira egoitza edo egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten pertsona juridikoak, publikoak edo pribatuak, baldin eta eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Arte eszenikoen eta musikaren ekoizpen edo programazio profesionalaren eremuetan ohiko jarduera garatzea.

b) Dirulaguntzaren xede den proiektuaren xede den azpiegituraren jabetzaren titulartasuna egiaztatzea, edo, halakorik ezean, gune horietan garatutako jardueren kudeaketarena.

c) Eskatzaile pribatuen kasuan, eskabidea aurkezten den unean Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergari dagokion epigrafean alta emanda egotea eta jarduera eszeniko edo musikalen garapenarekin bat datorren xede edo helburu soziala izatea.

2.– Agindu honen babesean emandako dirulaguntzak jaso ahal izateko, beharrezkoa da, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea ere; bai dirulaguntza ematen denean, bai ordaintzen denean.

3.– Erakunde onuradunen ardura izango da proiektua garatzea eta gastua gauzatzea, aurkeztutako aurrekontuaren arabera.

4.– Era berean, erakunde onuradun bakoitzak pertsona bat izendatu beharko du proiektua eta elkarrizketa koordinatzeko, deialdi honen ondorioetarako.

5.– Honako hauek ezin izango dituzte agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak jaso:

a) Laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penala duen pertsona edo erakunde eskatzailea, edo horretarako ezgaitzen duen legezko debekuren bat duena, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan jasotako gainerako egoeraren batean dauden pertsonak edo erakundeak.

6.– Era berean, Lehen xedapen gehigarrian aipatutako EBren Aldi Baterako Esparruari dagokionez (EBAO, C 91 I, 20.03.2020), ezin izango dituzte laguntza horiek jaso 2019ko abenduaren 31n krisian zeuden enpresek (Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorrean xedatutakoaren arabera).

Aurrekoaren salbuespen gisa, laguntzak eman ahal izango zaizkie 2019ko abenduaren 31n krisian zeuden mikroenpresei edo enpresa txikiei (Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren I. eranskinaren ildotik), baldin eta beren zuzenbide nazionalaren araberako konkurtso-prozedura batean sartuta ez badaude eta salbamendu- edo berregituraketa-laguntzarik jaso ez badute.

4. artikulua.– Aurkeztu beharreko proiektuen betekizunak.

1.– Proiektuetan aurreikusitako jarduerak agindu honen 1. artikuluan adierazitako helburuetara egokitu beharko dira eta 2021eko apirilaren 27tik 2022ko abenduaren 31ra bitartean garatu beharko dira. Beraz, diruz lagundu daitezkeen gastuak aldi horretan egindakoak izango dira.

2.– Inbertsio-proiektuen xede diren azpiegiturek honako hauek bete beharko dituzte:

a) Dirulaguntzen xede diren azpiegiturek zehaztasunez identifikatuta egon behar dute, kokapenari eta izenari dagokienez, eta honako eremu hauetako batean edo gehiagotan jarduera izatea egiaztatu behar da:

a.1.– Zuzeneko arteen erakusketa: antzokiak, auditoriumak, zirku-karpak eta musika-aretoak.

a.2.– Saiakuntza eta ekoizpen eszenikoa: antzerkia, dantza, zirkua eta diziplina anitzak. Zuzeneko musika-ekoizpen eta/edo entsegu-aretoak.

b) Aipatutako kategorietakoren batean urteko jardueraren % 50etik gorako erabilera profesionala egiaztatzea. Ondorio horietarako, 2019. urtea hartuko da erreferentziatzat. Jarduera geroago hasten duten azpiegituren kasuan, 2020. edo 2021. urteetako datuak aurkeztu ahal izango dira.

3.– Deialdi honetatik kanpo geratzen dira nagusiki beste jarduera batzuetarako erabiltzen diren guneak eta, nolanahi ere, artikulu honen 2.b) apartatuan aipatutako erabilera-betekizuna egiaztatzerik ez dutenak.

4.– Inbertsio-proiektu guztiek ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa (DNSH printzipioa) eta etiketatze klimatikoaren eta digitalaren baldintzak errespetatu beharko dituzte, Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planean (PRTR) eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduan xedatutakoa betez.

– Klima-aldaketa arintzea. Kontuan hartuko dira 2018/844 (EB) Zuzentarauan jasotako jarraibideak.

– Klima-aldaketara egokitzea. Birgaitze-neurriek irtenbide posibleak hartuko dituzte, hala nola landare-estalkiak, toldoak, itzaltze-eremuak, eta abar.

– Erabilera jasangarria eta ur eta itsas baliabideen babesa. Besteak beste, EB etiketatuko da ur-instalazioen kasuan; ingurumena degradatzeko arriskuak identifikatu eta jorratuko dira, uraren erabilera eta babesa kudeatzeko plan baten arabera, eta abar.

– Ekonomia zirkular baterako trantsizioa, hondakinen prebentzioa eta birziklapena barne. Eraikuntzako eta eraispeneko hondakin ez-arriskutsuen gutxienez % 70 (pisuan) (2000/532/EC Erabakiak ezarritako Europako Hondakinen Zerrendan 17 05 04 kategorian aipatutako material naturala kenduta), inbertsio honetan aurreikusitako jarduketetan sortuak, beste material batzuk berrerabiltzeko, birziklatzeko eta berreskuratzeko prestatuko da. Eraikuntzarekin eta eraispenarekin lotutako prozesuetan hondakinak sortzea mugatuko da. Eraikinen diseinuek eta eraikuntza-teknikek zirkulartasunari lagunduko diote ISO 20887 arauari dagokionez.

– Kutsaduraren prebentzioa eta kontrola. Energia fosiletan oinarritutako berokuntza- eta hozte-sistemak zero teknologia kutsatzaileekin ordezkatzera bideratutako jarduerak sustatuko dira. Eraikuntzan erabilitako osagaiek eta eraikuntza-materialek ez dute amiantorik izango, ezta oso substantzia kezkagarririk ere, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1907/2006 (EE) Erregelamenduaren XIV. eranskinean jasota dagoen baimenari lotutako substantzien zerrendan oinarrituta identifikatutakoak.

– Biodibertsitatea eta ekosistemak babestea eta lehengoratzea. Jarduerak ez dira ekosistemen baldintza onen eta erresilientziaren eta habitaten eta espezieen kontserbazio-egoeraren kalterako izango.

5.– Inbertsio-proiektu guztiek honako ohar hauen araberako aurrekontua izan beharko dute:

a) Aurrekontua orekatua izan beharko da aurreikusitako gastuen eta diru-sarreren artean, eta horien artean deialdi honetan eskatutako zenbatekoa sartu beharko da.

b) Gastuen atalean, proiektua garatzeko behar diren elementu edo ekintzen kostua banakatuko da. Deialdi honen 6. artikuluan diruz lagundu daitezkeen gastuak ezartzen dira.

c) Aurreikuspen-gastuek ezin izango dute inolaz ere merkatuaren balioa gainditu, eta artikulu honen lehen puntuan adierazitako denbora-epearen barruan gauzatu beharko dira.

d) Diru-sarreren atalean:

d.1.– Proiektua garatzeko aurreikusitako diru-sarrera guztien jatorria banakatuko da.

d.2.– Eskatutako laguntzak ezingo du gainditu gastuen aurrekontu osoaren % 80, ezta 5.3 artikuluan aurreikusitako gehieneko dirulaguntza ere. Beraz, proiektuaren % 20, gutxienez, funts propioekin beste ekarpen publiko edo pribatu batzuekin finantzatu behar da, edozelan ere Europar Batasuneko bestelako egitura-funtsekin izan ezik kanpo direlarik.

d.3.– Deialdi honetan eskatutako laguntzarekin zerikusirik ez duten ekarpen publiko edo pribatuak gauzatan egin ahal izango dira, salbuespen gisa, baldin eta ekarpen hori egin duen erakundearen ziurtagiria aurkezten bada. Ziurtagiri horretan, emandako ondasun eta zerbitzuen izaera eta merkatuko prezioen araberako balorazio ekonomikoa zehaztuko dira. Ez dira gauzazko ekarpentzat hartuko erakunde onuradunak berak edo talde bereko edozein enpresak egiten dituenak.

d.4.– Laguntza honetatik kanpoko finantzaketa-zatia beste laguntza edo babes batzuk jasotzeko aukeraren estimazioan oinarritzen bada, horiek ez lortzeak ez du salbuetsiko proiektua eskabidea egiteko unean aurreikusitako baldintzetan garatzeko betebeharretik.

5. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura eta laguntzen mugak.

1.– Deialdi honen kontura ematen diren dirulaguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira. Horretarako, aurkeztutako eskabideak konparatuko dira, 13. artikuluan ezarritako balorazio- eta esleipen-prozedura eta -irizpideen araberako lehentasun-hurrenkera ezartzeko, deialdiari esleitutako kredituak agortu arte, hala badagokio:

2.– 13.3.b) artikuluan zehazten den bezala, eman beharreko laguntzak banatzeko, adierazitako zuzkidura ekonomiko orokorra bi poltsa independentetan banakatuko da, erakunde eskatzaileen profil honen arabera:

a) 10.000 biztanletik gorako herrietan kokatutako erakunde publikoak.

b) 10.000 biztanletik beherako herrietan kokatutako entitate pribatuak edo erakunde publikoak.

3.– Proiektu bati gehienez ere 250.000 euroko dirulaguntza emango zaio.

6. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.

1.– Deialdi honen bidez diruz lagundu ahal izango dira 4.1 artikuluan ezarritako egikaritze-epean proiektuaren garapenarekin zuzenean lotutako gastuak, betiere hurrengo ataletan adierazten diren tipologien eta mugen arabera.

a) Inbertsio errealen gastuak.

Inbertsio-gastuak kostuaren % 100eraino lagundu ahal izango dira diruz, BEZa kenduta (artikulu honen b.5 puntuan aurreikusitakoa izan ezik) eta, nolanahi ere, 4.5.d.2 eta 5.3 artikuluetan adierazitako mugen arabera beti).

Izaera adierazgarriarekin eta ez mugatzailearekin, eta kontabilitate-plan orokorra onartzen duen azaroaren 16ko 1514/2007 Errege Dekretuaren arabera, gastuen tipologia horri dagokionez, honako hauek sartzen dira:

a.1.– Ibilgetu ukiezinak:

– Jabetza industriala eta teknologia-transferentziak.

– Aplikazio informatikoak.

a.2.– Ibilgetu materialak:

– Instalazio teknikoak.

– Makinak.

– Tresneria.

– Bulegoko ekipoak.

– Informazioa prozesatzeko ekipoak.

b) Mugak dituzten diruz lagun daitezkeen gastuak.

Proiektuaren gastu-aurrekontuak honako gastu-tipologia hau jaso ahal izango du, betiere egin beharreko inbertsioarekin zuzeneko lotura badute eta, finantzaketari dagokionez, kasu bakoitzean adierazten diren mugak edo bazterketak errespetatzen badira. Nolanahi ere, diru-sarreren atalean berariaz adierazi beharko da finantzaketa osoaren jatorria (deialdiaren 4.6.d.1 artikuluan adierazten den bezala):

b.1.– Inbertsioari lotutako aholkularitza-gastuak. Deialdi honen bidez, kostuaren % 20ra arteko dirulaguntzak baino ezin izango dira eman.

b.2.– Proiektuaren publizitate, komunikazio eta zabalkunde komertzialeko gastuak. Deialdi honen bidez, kostuaren % 10 baino ezin izango da diruz lagundu.

b.3.– Erakundearen beraren langile-gastuak, proiektuarekin lotutako zeregin zehatzei dagokienez: deialdi honen bidez, kostuaren % 15 baino ezin izango da diruz lagundu.

b.4.– Ekipoak alokatzea: erosteko aukera barne hartzen duen finantza-errentamenduko kontratua bada eta aukera hori exekutatzen bada soilik, eta enpresaren aktiboaren zati bihurtzen bada, proiektua gauzatzeko epearen barruan.

b.5.– BEZaren zenbatekoa: kenkaria legez bidezkoa ez dela egiaztatzen duten erakundeen kasuan bakarrik.

2.– Oro har kanpoan utzitako gastuen tipologia.

Oro har kanpoan utzitako gastuak ezin izango dira deialdi honetako laguntzen bidez finantzatu, eta inola ere ez dira proiektuaren gastu-aurrekontuan jaso beharko, zehazki:

a) Lokalen alokairua.

b) Ekipoak alokatzea, aurreko ataleko b.4 puntuan aurreikusitakoa izan ezik.

c) Azpiegituraren funtzionamendu-gastu arruntak (telefonoa, energia elektrikoa, posta-komunikazioak, mezularitza, gestoria, eta abar).

d) Azpiegiturak mantentzeko inbertsio-gastuak.

e) BEZ kengarriaren zenbatekoa, aurreko paragrafoko b.5 puntuan aurreikusitakoa izan ezik.

f) Ibilgailuak erostea.

g) Finantza- eta amortizazio-gastuak.

h) Zergak.

3.– Azpikontratazioa: erakunde onuradunek hirugarrenekin hitzartu ahal izango dute diruz lagundutako jarduera gauzatzea, % 100eraino, azpikontratu guztien prezioak batuz, DLOren 29.2 artikuluan ezarritakoaren arabera. Aldez aurretik baimena eman beharko da eta kontratua idatziz egin beharko da, azpikontratazioa dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20tik gorakoa bada eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, DLOren 29.3 artikuluan adierazten den bezala. Ez da azpikontrataziotzat hartuko onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz egiteko egin behar dituen gastuen kontratazioa.

4.– Nolanahi ere, onuradunek dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 31. artikuluan aurreikusitakoa bete beharko dute. Horretarako, diruz lagundu daitezkeen gastuak diruz lagundutako jarduerarako behar-beharrezkoak direla egiaztatu beharko dute, gastu horiek merkatuaren balioarekin bat datozela eta, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokor horren 31.3 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean egonez gero, aurreikuspen horiek beteko dituztela.

7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira, atal honetan adierazitako helbidearen bidez.

Eskabide-inprimakia, izapidetzeko moduari buruzko zehaztapenekin batera, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak eskuragarri daude Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1207401

Eskabide elektronikoaren ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

4.– Izapidetze elektronikoa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordetzeen Erregistroan aldez aurretik inskribatutako ordezkariaren bidez egin ahal izango da, helbide honen bidez: https://www.euskadi.eus/ ziurtagiri-elektronikoak

5.– Eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko edozein hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dute eskabidea eta horrekin batera doazen egiaztagiriak. Era berean, eskabidearen ondoriozko jarduketetan eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

6.– Gehienez ere eskabide bat aurkeztu ahal izango da titular bakoitzeko. Titular berak eskaera bat baino gehiago egiten badu, aurkeztutako lehen eskaera ebaluatuko da, erregistro-dataren arabera, eta gainerakoak baztertutzat joko dira.

8. artikulua.– Betekizunak egiaztatzea eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Erakunde eskatzaileari buruzko dokumentazioa.

Erakunde eskatzaileek honako dokumentazio hau egiaztatu edo aurkeztu beharko dute, beren profilaren arabera:

a) Identifikazioa eta erregistroa:

– Administrazio honi dagozkion erregistroetan inskribatutako erakundeek eskabidean adierazi beharko dute zer erregistrotan dauden inskribatuta, eta ez da beharrezkoa izango inskripzio hori egiaztatzea.

– Administrazio hau ez den beste erregistro batean inskribatutako erakundeek erakundearen legezko eraketa egiaztatu beharko dute, izaera juridikoaren arabera, baita ordezkariaren nortasuna ere, eta ordezkaritza-ahalorde nahikoa justifikatu beharko dute, honako hauen bidez:

b) Eraketa-eskritura eta estatutuak, eta dagozkien erregistro publikoetan inskribatuta daudela egiaztatzen duen agiria.

c) Identifikazio fiskaleko zenbakia egiaztatzen duen txartela.

d) Pertsona juridikoaren legezko ordezkariaren nortasuna egiaztatzea, bai eta hark duen ordezkaritza-ahalordea egiaztatzea ere.

e) Hala badagokio, EJZn alta ematea, 3.1.c) artikuluan ezarritakoaren arabera.

f) Lokalaren titulartasuna eta/edo jardueraren kudeaketa egiaztatzea:

– Proiektuaren xede den azpiegituraren erakunde jabeak: jabetza-eskritura.

– Bestela, erakunde titularrak sinatutako agiria aurkeztu beharko dute, eskatzaileari programazioa kudeatzeko eta eskaeraren xede den proiektua gauzatzeko emandako gaitasunari buruzkoa.

g) Deialdi hau kudeatzen duen organoak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, haien baimenik behar izan gabe, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginarekin bat etorriz. Egiaztapen hori dirulaguntza ematen den unean eta dagozkion ordainketak egiten diren unean egingo da.

h) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, pertsona edo erakunde interesdunek eskubidea dute administrazio jardulearen esku dauden edo beste edozein administraziok egin dituen dokumentuak ez aurkezteko. Agiri horien bidez, Administrazioak dokumentu horiek kontsultatu edo eskatu ahal izango ditu, pertsona edo erakunde interesdunak horren aurka egiten ez badu.

2.– Eskabidearen xede den proiektuari buruzko dokumentazioa:

a) Proiektuaren memoria: helburuak, aurreikusitako jarduerak eta garapen-kronograma.

b) Formularioak, euskadi.eus-en normalizatutako ereduen arabera:

– 1. formularioa: Erakunde eskatzaileari buruzko datuak: egitura, jarduera-profila deialdi honi dagokionez eta urteko aurrekontua. Proiektuaren sintesia eta datu orokorrak.

– 2. formularioa: Proiektuaren gastu eta sarreren aurrekontu banakatua.

c) Bidezkoa den edo aurkeztu nahi den dokumentazio gehigarria (teknikoa, grafikoa, ikus-entzunezkoa...).

d) Hala badagokio, eranskin gehigarria, eskabidearen xede den proiektuarekin zerikusia duten hitzarmen, akordio, lankidetza edo babesletzei buruzko dokumentazioarekin.

9. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

Eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatuko da honako betebehar hauek betetzen direla:

– Edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatutatik, helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu eta, hala badagokio, jaso direla jakinaraztea.

– Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legean ezarritako baldintzak betetzea, baldin eta elkarreragingarritasun-sistemen bidez zuzenean egiaztatu ezin badira. Ildo horretan, dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketan egunean egotearen betekizunak Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuaren Xedapen Gehigarrian jasotakoaren araberakoa izan beharko du.

– Halaber, erakunde eskatzaileak adierazten du egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentazioan jasotako datuak, eta betetzen dituela dirulaguntza hauen onuradun izateko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

10. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.

Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzea.

Era berean, zuzendaritza horrek diruz lagundutako proiektuen kontrola eta jarraipena egingo du, eta, horretarako, egoki iritzitako ikuskapenak egin ahal izango ditu, behar bezala gauzatzen direla bermatzeko. Horretarako, onuradunek eskatzen zaien dokumentazio eta informazio guztia eman beharko dute.

11. artikulua.– Aurkeztutako eskabideko akatsak zuzentzea.

1.– Eskabidea izapidetzeko onartzeko eskatutako agiriak falta direla edo akats formalak daudela ikusiz gero, eta alegatutako dokumentazioan akatsak daudela ikusiz gero, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean akatsa zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, bere eskubideari uko egin diola ulertuko dela.

2.– Pertsona juridikoek eskabidea aurrez aurre aurkezten badute, administrazio publikoek interesdunari eskatuko diote zuzen dezala, modu elektronikoan aurkeztuta. Ondorio horietarako, zuzenketa egin den eguna hartuko da eskabidea aurkezteko datatzat.

3.– Zuzenketa-fasea amaitu ondoren, organo kudeatzaileak aurkeztutako eskabideak eta dokumentuak aztertuko ditu, 3. artikuluan ezarritako deialdiaren baldintza orokorrak betetzen direla egiaztatuko du kasu bakoitzean, eta balorazio-batzordearen esku jarriko du aurkeztutako eskabideen zerrenda, onartzeko irizpideak betetzen direla adierazita, bai eta baloratu beharreko proiektuei dagozkien dokumentuak ere.

12. artikulua.– Proiektuak baloratzeko batzordea.

1.– Proiektuen ebaluazioa Balorazio Batzorde batek egingo du. Batzorde hori honako kide hauek osatuko dute:

a) Batzordeburua: Kultura Sustatzeko zuzendaria.

b) Kideak: musikaren eta arte eszenikoen sektoreetako bi profesional, eta teknologia digitaletako, ekonomia zirkularreko eta kudeaketa aurreratuko hiru aditu.

2.– Batzordeko idazkaritza-lanak Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari batek egingo ditu, eta hitza izango du, baina botorik ez.

3.– Balorazio Batzordearen osaeran emakumeen eta gizonen presentzia orekatua bilatuko da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritako irizpideekin bat etorriz.

4.– Balorazio Batzordearen osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bidez, batzordea eratu aurretik, edozein interesdunek errefusatzeko eskubidea erabil dezan, legez ezarritako kasu eta baldintzetan.

5.– Honako hauek izango dira Balorazio Batzordearen eginkizunak:

a) Proiektuek deialdiaren xedea eta 4. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen dituzten egiaztatzea, eta aurkeztutako proiektuak 13. artikuluan araututako irizpideen arabera alderatzea.

b) Kultura sailburuordeari balorazio-txostena bidaltzea, eduki honekin:

b.1.– Baloratutako proiektuen zerrenda eta balorazio-irizpide bakoitzean lortutako puntuazioa, diruz lagunduko diren erakundeak eta proiektuak identifikatuta, eta proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa.

b.2.– Ukatutako erakunde eta proiektuen zerrenda eta ukatzeko arrazoiak, onartu ez diren erakunde eta proiektuak eta ez onartzeko arrazoiak zehaztuta.

6.– Balorazio Batzordeak egoki iritzitako txosten eta iritziak eskatu ahal izango ditu esleituta dituen eginkizunak betetzeko. Halaber, beharrezkotzat joz gero, organo kudeatzailearen bitartez, egoki iritzitako argibide guztiak eskatu ahal izango dizkiete eskatzaileei.

7.– Balorazio Batzordearen funtzionamendua Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. tituluko II. kapituluan kide anitzeko organoentzat ezarritako araubidearen araberakoa izango da.

13. artikulua.– Dirulaguntzak baloratzeko eta esleitzeko irizpideak.

1.– Aurkeztutako inbertsio-proiektuak irizpide hauen arabera baloratuko dira:

a) Deialdiaren 1. artikuluan aurreikusitako helburuetara egokitzea (gehienez 70 puntu).

a.1.– Proiektuen kalitatea (gehienez 35 puntu), hauen arabera:

a.1.1.– Aurkeztutako proiektuek azpiegituraren abiapuntuari dagokionez duten ahalmen eraldatzailea (20 puntu), baremo honen arabera.

– ahalmen oso txikia (0 - 7 puntu): oso oinarrizko jarduerak, egungo egoeran eragin txikia dutenak;

– ahalmen ertaina (8 - 14 puntu): jarduera egonkorrak, egungo egoeran eragin nabaria dutenak;

– ahalmen handia (9 - 20 puntu): egungo egoera erabat aldatzen duten jarduketa integralak.

a.1.2.– Proiektuaren anbizioa (15 puntura arte), honako hauen arabera:

– teknologia berriak eskuratzea (5 puntu);

– kudeaketa-eredu berriak ezartzea (5 puntu);

– eragina euskal sektorean (5 puntu).

a.2.– Aurreikusitako helburuekiko berrikuntza (gehienez 20 puntu).

Eraginaren arabera hartuko da kontuan: Euskadin (gehienez 10 puntu), Espainiako Estatuan (gehienez 15 puntu) eta Europan (gehienez 20 puntu).

a.3.– Erakunde eta azpiegitura desberdinen arteko sareko lankidetza aurreikusten duten proiektuak (gehienez 10 puntu), baremo honen arabera: 2 azpiegitura, 4 puntu eta puntu bat gehiago gehigarri bakoitzeko.

a.4.– Proiektua garatzeko plangintza eta egin nahi diren jarduera zehatzen kronogramaren aurrerapena jasotzen dituen eragiketa-plana (gehienez 5 puntu).

b) Proiektuaren planteamendu ekonomikoa eta bideragarritasuna (gehienez 30 puntu).

b.1.– Erakundearen inbertsio-ahalegina aurrekontuarekiko (15 puntu, gehienez).

b.2.– Aurkeztutako aurrekontua jardueraren helburuetara, proposatutako edukira eta merkatuko prezio errealetara egokitzea (10 puntu, gehienez).

b.3.– Erakundeak proiektatutako jarduera garatzeko eta finkatzeko duen ekonomia- eta antolaketa-gaitasuna (gehienez 5 puntu).

2.– Atal bakoitzean balorazio-baremoan gutxienez % 50eko puntuazioa lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira, eta ezingo dira hautaketan sartu, ezta bien batukari osoan puntuazioaren % 70era iristen ez direnak ere.

3.– Eman beharreko dirulaguntzen zenbatekoa zehazteko, prozedura honi jarraituko zaio:

a) Lehenengo fasea: proiektuak erakunde eskatzailearen tipologiaren eta lortutako puntuazioaren arabera sailkatzea:

Artikulu honetako 2. paragrafoan ezarritako gutxieneko puntuazioa gainditu duten proiektuak bi zerrenda independentetan sailkatuko dira, 5.2 artikuluan ezarritako erreferentzien arabera, eta zerrenda bakoitzaren barruan ordenatuta, bakoitzak lortutako puntuazioaren arabera.

b) Bigarren fasea: eskatzailearen tipologia bakoitzean banatu beharreko guztizko kopuruak zehaztea:

Deialdiaren zuzkidura ekonomiko osoa proportzionalki banatuko da aurreko puntuan aipatutako bi kategorien artean, kategoria bakoitzean sartutako proiektuek eskatutako zenbatekoen batukariaren arabera.

c) Hirugarren fasea: esleitu beharreko dirulaguntzak kalkulatzea.

Aurreikusitako bi kategorietan eman beharreko dirulaguntzen zenbatekoa lortutako puntuazioaren eta proiektu bakoitzak eskatutako zenbatekoaren arabera zehaztuko da; betiere 4.5.d.2 eta 5.3 artikuluetan aurreikusitako mugak kontuan harturik. Banaketarako prozedura honako hau izango da:

– Kategoria bakoitzean puntuaziorik onena lortu duen proiektuari eskatutako zenbatekoaren % 100 emango zaio, eta sailkatutakoei, berriz, erreferentzia horien proportziozko zenbatekoak, baina inoiz ez kopuru horren % 60 baino gutxiago.

– Hala badagokio, kalkulu hori egin ondoren soberako kopurua soberan geratzen bada soberako kopurua aplikatzeari dagokion ehunekoaren azpitik, proportzionalki birbanatuko da diruz lagundutako proiektuen artean, betiere aipatutako mugak errespetatuz.

– Hala badagokio, kategorietako batean soberan geratzen den kopurua beste kategoriara pasatuko litzateke.

14. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.

1.– Balorazio Batzordeak egindako txostena ikusita, Kulturako sailburuordeak deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen ebazpena emango du.

2.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei. Jakinarazpen hori gorabehera, ebazpen horien edukia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Lehenengo egin den jakinarazpenaren data hartuko da jakinarazpen-datatzat. Ebazpena bide elektronikoz jakinaraziko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «nire karpeta» bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa interesdunei jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da, 7.1 artikuluan aurreikusitako eskaeren epea amaitu eta hurrengo egunean. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

4.– Lehenengo paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

5.– Dirulaguntza emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozedura amaitzea.

15. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

1.– 4.5 artikuluan adierazitakoarekin bat etorriz, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publikok edo pribatuk helburu bererako emandakoekin, Europar Batasuneko bestelako egitura-funtsekin izan ezik, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada.

2.– Beste erakunde batzuek emandako laguntzengatik gainfinantzaketarik gertatuz gero, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehieneko mugaraino.

16. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen pertsona edo erakunde onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean pertsona edo erakunde onuradunek dirulaguntzari berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Diruz lagundutako proiektua gauzatzea, deialdian aurkeztutako baldintzen arabera.

c) 3.1.a). artikuluan aipatutako jarduerei dagozkien lanbide- eta lan-arloko betebeharrak eta araudiak betetzea.

d) Helburu bererako beste laguntza edo dirulaguntzarik lortuz gero estatuko edo nazioarteko edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatutatik, horren berri ematea dirulaguntza eman duen organoari.

e) Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari, Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Europako Batzordeak izendatutako Herri Kontuen Euskal Epaitegiari edo NEXT laguntzen fiskalizazio-organoari dirulaguntzen zertarakoa fiskalizatzeko edo kudeatzeko eskatzen dioten informazio guztia ematea.

f) Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa berariaz aipatzea, bai eta EBren ikurra ere, «Europar Batasunak finantzatua - NextGenerationEU» dioen adierazpen batekin, PRTRren logoarekin batera. Esteka honetan dago eskuragarri: https://planderecuperacion.gob.es/identidad-visual katalogo, programa, kartel iragarle, argazki eta gainerako material grafikoaren aleetan. Material hori euskaraz argitaratuko da, hargatik eragotzi gabe beste hizkuntza batzuk erabiltzea.

g) Deialdi honen kontura emandako dirulaguntzekin finantzatutako esku-hartzeen xede diren ondasunak helburu jakin baterako erabiltzea, hau da, erregistro publiko batean inskriba daitezkeen ondasunen kasuan, bost urterako, eta gainerako ondasunen kasuan, bi urterako. Inskribatu daitezkeen ondasunen kasuan, inguruabar hori eskritura publikoan jaso beharko da, emandako dirulaguntza adierazita, eta inguruabar hori erregistroan inskribatzeko eskatu beharko da, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 31.4 artikuluko b letran eskatutako moduan.

Halaber, pertsona edo erakunde onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte, eta, bereziki, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak edo Nest Generation laguntzak fiskalizatzeko izendatzen den organoak eskatutako informazio guztia emateari buruzkoak.

17. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Emandako dirulaguntzak honela ordainduko dira:

a) Lehenengo ordainketa aurreratua, diruz lagundutako zenbatekoaren % 75, dirulaguntza emateko ebazpena eman ondoren eta 16.a) artikuluan ezarritako epea igaro ondoren ordainduko da.

b) Gainerako % 25a, proiektuaren justifikazioa onartu ondoren ordainduko da, hurrengo artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

2.– Ez da inolako ordainketarik egingo pertsona edo erakunde onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez baditu, edo itzulketa bidezkoa dela adierazten duen ebazpenaren bidez zorduna bada, DLOren 34.5 artikuluan ezarritakoaren arabera.

3.– Erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun saileko Hirugarren erregistroan aurkeztu edo eguneratu beharko ditu bere banku-datuak. Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu ahal izango da, egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen zerbitzuaren bidez, https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/ helbidean.

18. artikulua.– Justifikazioa: aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Ematen diren laguntzen azken justifikazioa Kultura Sustatzeko Zuzendaritzan egingo da, jarduerak gauzatzeko epea amaitu eta hurrengo hiru hilabeteetan, betiere 2023ko urtarrilaren 31 baino lehen.

Halaber, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak finantzatutako proiektuarengatik dagokion informazioa eskatuko die interesdunei funtsen jatorriagatik egin beharreko jarraipena betetzeko. Higiezinetan egindako inbertsioen kasuan, jarraipen horiek dagokion higiezina bisitatzea aurreikusi ahal izango dute, finantzatutako obren benetako aurrerapena egiaztatzeko.

2.– Laguntzen erakunde onuradunek proiektuaren gastu guztiak justifikatu beharko dituzte, ez bakarrik jasotako laguntzari dagokion zatia.

3.– Erakunde onuradun guztiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Jardueraren amaiera memoria: diruz lagundutako proiektuan aurreikusitako jarduketen exekuzioari buruzko txostena eta hura gauzatu dela egiaztatzen duten materialak edo elementuak. Halaber, Deialdi honen 1. artikuluan aurreikusitako helburuen lorpen-mailari buruzko ebaluazioa aurkeztu behar da.

Funtsezko edozein aldaketa hasi aurretik eskatu eta baimendu beharko da, proiektua amaitu baino hilabete lehenago gutxienez. Kasu horretan, justifikazio-memoriarekin batera baimen-ebazpena erantsi beharko da. Aldaketa horien ondorioz, Ebazpen organoak emandako laguntza berrikusi ahal izango da, eta, hala badagokio, ordaindu beharreko azken zenbatekoa egokitu.

b) Memoria ekonomikoa, erakundearen legezko ordezkariak datatua eta sinatua, euskadi.eus web-orrian agertzen den ereduari jarraituz. Memoria horrek honako hauek jasoko ditu:

b.1.– Diruz lagundutako proiektuari dagozkion gastuen eta diru-sarreren balantzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

b.2.– Diruz lagundutako proiektua gauzatzeko egindako gastuak justifikatzen dituzten agiri guztien zerrenda, bai eta proiektua gauzatzeko diru-sarrerena ere. Gastu bakoitzari dagokionez, hartzekoduna, dokumentua, zenbatekoa, jaulkipen-data eta ordainketa-data identifikatu beharko dira.

c) Proiektuaren garapenean izandako gastuak justifikatzen dituzten egiaztagiriak eta fakturak.

d) Erantzukizunpeko adierazpena, euskadi.eus-en dagoen ereduaren araberakoa, Next Generation funtsek eskatutako arau betebehar guztien ziurtapenari buruzkoa.

e) Sustapen dokumentu edo elementu grafikoak, non berariaz aipatzen baitira Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa, Next Europa funtsak, Batasunaren ikurraren bidez, eta Europar Batasunak finantzatutako deklarazio bat –NextGenerationEU–, bai eta Espainiako Estatuko suspertze-, transformazio- eta erresilientzia-plana ere.

4.– Laguntza 60.000 eurotik beherakoa bada, justifikazio-kontu sinplifikatuaren modalitateari buruzko uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako Dirulaguntzei buruzko Erregelamendu Orokorraren 75. artikuluan aurreikusitako moduan justifikatuko da; nolanahi ere, aurreko paragrafoko d) letran aurreikusitako dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

5.– Justifikazioak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dituzte, agindu honen 7.2 artikuluan adierazitako helbide elektronikoan sartuta. Horretarako zehaztapenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri, artikulu berean adierazitako helbidean.

6.– Era berean, artikulu honen 1. apartatuan adierazitako helbururako, hiru hilean behin, proiektuen jarraipena egiteko dokumentazio nahikoa eskatuko da, honela:

a) Proiektua gauzatzeari, neurriak ezartzeari eta mugarriak eta helburuak lortzeari buruzko informazioa.

b) Kostu errealak zenbatetsiarekiko izan ditzakeen desbideratzeei buruzko informazioa, inbertsio osoari dagokionez eta hura osatzen duten neurrietako bakoitzeko.

19. artikulua.– Aldatzeko ebazpena.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere dirulaguntzaren xedea betetzat jotzen bada–, eta, hala badagokio, beste edozein erakunde publiko edo pribatuk aldi berean beste dirulaguntza edo laguntza batzuk ematen baditu, dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Kulturako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du, emandako dirulaguntzen zenbatekoak doitzeko.

20. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Honako hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako dirulaguntza osoa edo zati bat agindu honetan aurreikusitakoez bestelako jardueretarako erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

c) Dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean adierazitako zenbatekoa ez itzultzea, hala badagokio, horretarako ezarritako epean.

d) Nahitaez bete beharreko beste edozein, dirulaguntzei buruzko xedapenetan oro har hala ezarrita egoteagatik.

2.– Ez-betetze partzialen kasuan, itzuli beharreko zenbatekoa finkatzeko, proportzionaltasun-printzipioa aplikatuko da, eta kontuan hartuko da ez-betetze hori nabarmen hurbiltzea erabat betetzera eta onuradunek argi eta garbi egiaztatzea beren konpromisoak betetzera bideratutako jarduna.

3.– Kasu horietakoren bat gertatzen dela egiaztatzen bada, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio jasotako kopuruak gehi dagozkion legezko interesak.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Estatu-laguntzei buruzko araudia betetzeari dagokionez, laguntza hau Europar Batasunaren Aldi Baterako Esparruaren arabera eratzen da (EBAO, C 91 I, 20.03.2020), egungo COVID-19 agerraldiaren testuinguruan ekonomia babestera bideratutako estatu-laguntzako neurriei buruzkoa (eta horren ondorengo aldaketak), bai eta honen arabera ere: Aldi baterako Esparru Nazionala, enpresei eta autonomoei laguntzeko neurri hauei buruzkoa: zuzeneko dirulaguntzak, aurrerakin itzulgarriak, abantaila fiskalak, maileguen bermeak eta interes-tasen hobariak egungo COVID-19 agerraldiaren testuinguruan ekonomia babesteko maileguetan –Europako Batzordeak apirilaren 2ko SA.56851 (2020/N) Erabakian (eta ondorengo aldaketetan) onartua–.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu pertsonalak babesteari buruzko informazio-klausula.

Arduraduna: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Kultura Sustatzeko Zuzendaritza. Helburua: arte eszenikoen eta musikalen egituretan inbertitzeko dirulaguntzak kudeatzea.

Legitimazioa: interes publikoaren alde edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak erabiliz egindako misio bat betetzeko beharrezko tratamendua (Dirulaguntzei eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Lege Orokorra).

Hartzaileak: gai horretan eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

Eskubideak: zure datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, bai eta zure tratamendua mugatzeko edo aurka egiteko eskubidea ere, informazio gehigarrian azaltzen den bezala.

Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehiago jaso ahal izango duzu webgune honetan: www.euskadi.eus/dbao/1207401

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egindako gastu-espedienteen aurretiazko izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, agindu honetako laguntzen ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko Aurrekontu Orokorretan kreditu egokia eta nahikoa egotearen mende dago.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko abenduaren 7a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

ERANSKINA

Deialdi honen xede diren eraldaketa digitalerako, ingurumen-eraldaketarako edo kudeaketa hobetzeko proiektuak garatzeko egin daitezkeen inbertsioen zerrenda.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen xede diren inbertsioek eraikina edo azpiegitura hobetzeko izan behar dute, baita haren eredua ere, eraldaketa digitalari, ingurumen-eraldaketari edo kudeaketa-ereduari dagokienez. Jarraian zerrendatzen dira, adibide gisa, eremu horietan inbertsio espezifikoak behar dituzten jarduerak:

– Eraikinen modernizazioa, eraikinen eraginkortasun energetikoari buruzko 2018/844 (EB) Zuzentarauan jasotako jarraibideen arabera.

– Eraikinak klima-aldaketara egokitzea, irtenbide posibleak erabiliz, eraikinaren tipologiaren arabera, hala nola landare-estalkiak, toldoak, itzaltze-eremuak, eta abar. Ur-aparatuak instalatuz gero, Europar Batasunean dagoen produktu-etiketa eramango dute.

– Ingurumena eta energia kudeatzeko sistemak ezartzea, edo, hala badagokio, aurretik ezarritako kudeaketa-sistemak berritzea edo eguneratzea, zehazki, honako hauek:

ISO 14001 arauan oinarritutako ingurumen-kudeaketako sistema, dagoeneko ezarrita dagoen ISO 9001ean.

ISO 14001 arauan oinarritutako ingurumen-kudeaketako sistema;

EMAS Erregelamenduan oinarritutako ingurumen-kudeaketako sistema;

Ekoscan 2004 Arauan oinarritutako ingurumen-kudeaketako sistema;

UNE-EN ISO 50001 Energia Kudeatzeko Sistema.

– Produktu eta zerbitzuetan eduki digital kulturalak sortzeko eta hedatzeko jarduerak, Interneteko eduki digital kulturalen legezko eskaintzaren kalitatea handituz eta herritarrek haietarako duten sarbidea hobetuz.

– Espazioaren kudeaketa digitala, sorkuntza, ekoizpena, merkaturatzea, administrazioa, marketina eta antzeko prozesuak barne.

– Elektronika, Informazio eta Komunikazioen Teknologiak (EIKTak) sartzea.

– Sareko audio- eta komunikazio-sistema digitalak modernizatzea; argiztapen digitaleko sistemak; bideo digitaleko sistemak; makineria eszenikoaren kudeaketa digitaleko sistemak.

– Eszena- eta musika-esparruetako kudeaketa artistikoko eta ikuskizunen produkzioko tresnak eta sistema digitalak modernizatzea.

– Eraginkortasun eta egonkortasun energetikoko sistemak ezartzea; hondakinak murrizteko eta birziklatzeko sistemak.

– Publikoarekin komunikatzeko sistemak modernizatzea, teknologia berrien bidez.

– Arte eszenikoen eta musikalen azpiegiturak dinamizatzeko, egituratzeko eta nazioartekotzeko jardunak; besteak beste, Euskadiren irudia kultura- eta sormen-identitateetan erreferente gisa indartzen laguntzeko, Interneti eta teknologia berriei lotutako aplikazioen bidez.

– Azpiegituren modernizazioa, berrikuntza eta garapena eta kudeaketa.


Azterketa dokumentala