Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

257. zk., 2021eko abenduaren 27a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
6404

AGINDUA, 2021eko azaroaren 2koa, Hezkuntzako sailburuarena, 2021-2022 ikasturterako laguntzetarako deialdia egiten duena, zero eta hiru urte bitarteko umeentzako haur-eskolen titular diren toki-korporazioei.

2004ko azaroaren 19an argitaratu zen azaroaren 16ko 215/2004 Dekretua, 0 eta 3 urte bitarteko umeentzako haur-eskolek bete beharreko gutxieneko baldintzak ezarri, eta abenduaren 17ko 297/2002 Dekretuaren artikulu batzuk indarrean iraunarazten dituena; hain zuzen ere, 2., 3., 4., 5., 6. eta 11.a, eta lehen, bigarren, hirugarren, seigarren eta zazpigarren xedapen gehigarriak. Azken dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko zero urtetik hiru urtera bitarteko umeen haur-eskolak arautu zituen 2002-2003 eta 2003-2004 ikasturteetan. Hain zuzen ere, abenduaren 17ko 297/2002 Dekretu horretan finkatzen diren lehentasun-irizpideen artean daude adin-tarte horretako eskaintza estaltzea eta titulartasun publikoko haur-eskolak sustatzea, gaur egungo eskaintza finkatzearren. Irizpide horiei jarraituz, honako hau ematen da aditzera 297/2002 Dekretu horretako bigarren xedapen gehigarrian: «Gaur egungo udal-titulartasuneko haur-eskolen eskaintza sendotu ahal izateko, dekretu hau indarrean sartu baino lehen, hezkuntzako Administrazioak hitzarmenak egingo ditu haur-eskolak sortu dituzten toki-korporazioekin».

Bigarren xedapen gehigarriak ezartzen duenez, era berean, «xede horrekin, ikasturte bakoitzaren hasieran Hezkuntza Sailak deialdi bat egingo du 0-3 urte bitarteko haurrei arreta eskaintzen dieten haur-eskoletako arduradunak diren toki-korporazioekin lankidetza-hitzarmenak sinatzeko; bertan zehaztuko dira finantzaketaren kantitateak, horretarako aurreikusitako kontu-sailaren kontura izango direnak. Hitzarmen horien indarraldia ikasturte osoan luzatuko da, eta urtero berrituko dira. Finantzaketa jasoko duten kantitateak zehazteko, Haur Eskolan betetako plazak hartuko dira kontuan, bai eta ikasturtean izandako plazen bariazioa ere».

Xedapen horiek betez, agindu honen xedea da dirulaguntzak ematea haur-eskolen titular diren Euskal Autonomia Erkidegoko udalei, kostuak murrizteko eta udal-titulartasuneko haur-eskoletan egungo eskaintza finkatzeko, zero urtetik hiru urtera bitarteko haurrentzat, 2021-2022 ikasturtean. Horretarako, finantzaketa egin aurretik, urtero sinatuko dira Hezkuntza Sailaren eta udal horien arteko lankidetza-hitzarmenak.

Hezkuntza Sailak hitzarmena sinatzen duen udal bakoitzari egingo dizkion ekarpen ekonomikoak udal-titulartasuneko haur-eskolan okupatutako postuen arabera finkatuko dira. Okupatutako plaza bakoitzarengatik emango den kantitatea zehaztutako moduluaren balioaren % 60 izango da 0-1 eta 1-2 urteko tarteen kasuan, eta % 100, berriz, 2-3 urteko tartearen kasuan.

Era berean, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan, hots, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren esparruan dirulaguntzak arautzeari buruzkoan, jasotako xedapenen arabera jokatuko da, eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren laguntzen eta dirulaguntzen araubideari buruzko xedapenen eta arau-hauste eta zehapenen araubideari buruzkoetan ezarritakoaren arabera, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrarekin eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuarekin.

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Nagusien kargura egiteko den gastu espedienteen tramitazio aurreratua arautzen duen Ogasun eta Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan xedatutakoa oinarritzat hartuta,

Honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da diruz laguntzea 0 eta 3 urte bitarteko haurrentzako haur-eskolen titular diren Euskal Autonomia Erkidegoko udalak. 3.500.000 euro banatuko dira deialdiaren bitartez.

2. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Pertsona edo erakunde interesdunek bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte, prozedura honen izapideak eskatu, kontsultatu eta burutzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 a) artikuluan xedatutakoa aplikatuz.

2.– Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta Platea E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartzen duen Informatika eta Teknologiako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak arautzen dute izapidetze elektronikoa.

3.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0096911

Eskabidearen ondorengo izapideak, zuzenketak eta justifikazioak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» ren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

3. artikulua.– Helburua.

Agindu honi dagozkion dirulaguntzak zero eta hiru urte bitarteko haurrentzako udal-titulartasuneko haur-eskolen mantentze-kostuak finantzatzeko laguntza gisa emango dira.

4. artikulua.– Onuradunak.

1.– Haur-eskolen titular diren Euskal Autonomia Erkidegoko udalek hartu ahal izango dute parte deialdi honetan, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko zero urtetik hiru urtera bitarteko umeen Haur Eskolak arautzen dituen abenduaren 17ko 297/2002 Dekretua indarrean jarri aurretik sortutako haur-eskolak badira. Bere garaian Gizarte Laguntzako Institutu Nazionalak eskualdatutako haur-eskolen titular diren udalek ere parte hartu ahal izango dute, baldin eta Haurreskolak Partzuergora bildu ez badira eskabideak aurkezteko epea hasten denerako.

2.– Laguntzarik eman edo ordaintzeko, amaituta egon beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Nagusiak emandako izaera bereko laguntzak edo dirulaguntzak direla-eta hasi eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra eta haren erakunde autonomoak oraindik izapidetzen ari diren edozein itzultze- edo zigor-prozedura.

3.– Agindu honen bidez araututako laguntzetan ezingo dute parte hartu zigor-arloko zehapena edo administrazio-zehapena dela-eta dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galdu duten erakundeek, ezta horretarako ezgaitzen duten legezko debekuen eraginpean daudenek ere, sexu-diskriminazioagatik zigortutakoak barne, betiere Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera.

4.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. zenbakietan azaldutako egoeraren batean daudenak.

5. artikulua.– Betebeharrak, baldintzak eta haien akreditazioa.

1.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 52. artikulua betez, izapidetze elektronikoaren bitartez laguntzak eskatu dituen pertsonak edo erakundeak Zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan egunean egon behar duela dioen baldintza betetzen duela organo kudeatzaileak egiaztatuko du automatikoki, behar bestetan.

2.– Eskabideetan jasota egongo da eskatzen duen pertsonak edo erakundeak ez duela onartzen organo kudeatzaileak dokumentu horiek lortzea edo egiaztatzea. Kasu horretan, eskatzaileak aurkeztu beharko ditu dokumentuak.

3.– Ez da berriro aurkeztu behar lehenagoko deialdietan Administrazioan aurkeztutako dokumentaziorik.

4.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 eta 6. artikulua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.7 artikulua aplikatuta, eskabidean erantzukizunpeko adierazpen bat sartu behar da honako betebehar hauek egiaztatzeko:

a) Helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso badira edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik, hala adieraztea.

b) Erakunde eskatzailea ez dagoela zigortuta ez administratiboki ez penalki dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko, edo ez duela laguntzarik jasotzea eragozten dien inolako lege-debekurik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen bidez zigortutako sexuagatiko bereizketak barne.

c) Bete beharreko itzulketa-prozedura guztiak bukatuta egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluak esaten duen bezala.

d) Eskatzailea ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. zenbakietan jasotako egoera batean.

Ogasuna eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan erregistratuta egon ezean, edo erregistro horretan dauden banku-datuak aldatu nahi izanez gero, helbide honetan egin beharko dute: http://www.euskadi.eus/hirugarrenak

6. artikulua.– Plaza bakoitzari esleituko zaion diru-kopurua.

Okupatuta dagoen postu bakoitzeko zenbatekoa agindu honetako 6. artikuluan ezarritako moduluaren % 60 izango da 0-1 eta 1-2 tarteen kasuan, eta % 100, deialdi honetan ezarritako salbuespen eta baldintzen arabera.

7. artikulua.– Plaza-kopurua.

1.– Haur-eskolan okupatutako postuen kopurua zehazteko, 2021eko azaroaren 15ean inskribatuta dauden haurren kopurua hartuko da aintzat.

2019, 2020 eta 2021ean jaiotako haur guztien matrikularen datu banakatuak eta baimendutako ikasgeletan adinaren araberako banaketa ikastetxe bakoitzak EAEko unibertsitateaz kanpoko ikasleen erregistro-aplikazioan sartuko ditu. Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzak aterako ditu datuak aplikaziotik, eta kontuan hartuko ditu zentro bakoitzak jasoko dituen zenbatekoak kalkulatzeko. Laguntza hauek kudeatzeko erabiltzen diren ikasleen datu pertsonalak hauek dira:

– Izena eta bi abizen.

– Jaioteguna.

2.– Ikasturte osoko dirulaguntza jasotzeko eskubidea izango dute irailaren 15ean lau hilabete edo gehiago dituzten matrikulatutako haurrek.

3.– 2021eko azaroaren 15ean matrikulatutako gainerako haurrek, lau hilabete baino gutxiago badituzte, dirulaguntza jasotzeko eskubidea izango dute, eskala honen arabera:

a) Maiatzaren 16tik ekainaren 15era bitartean jaiotakoek, 2021eko urritik 2022ko uztailera bitartean.

b) Ekainaren 16tik uztailaren 15era bitartean jaiotakoek, 2021eko azarotik 2022ko uztailera bitartean.

c) Uztailaren 16tik abuztuaren 15era bitartean jaiotakoek, 2021eko abendutik 2022ko uztailera bitartean.

d) Abuztuaren 16tik irailaren 15era bitartean jaiotakoek, 2022ko urtarriletik uztailera bitartean.

e) Irailaren 16tik urriaren 15era bitartean jaiotakoek, 2022ko otsailetik uztailera bitartean.

f) Urriaren 16tik azaroaren 15era bitartean jaiotakoek, 2022ko martxoaren uztailera bitartean.

8. artikulua.– Moduluak haur bakoitzeko.

1.– Honako hauek dira moduluak haur bakoitzeko eta adin-tarte bakoitzeko:

(Ikus .PDF)

2.– Lehenengo atalean ezarritako zenbatekoa nahikoa ez bada egin diren eskabide guztiei erantzuteko eta handitzerik ez balego, ateratzen den zenbatekoa berdindu edo hainbanatu egingo da, guztizko zenbateko hori ezarri den mugari egokitzeko.

9. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Deialdi honetan parte hartzeko eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0096911

2.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta horri erantsitako dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dute, eurek aukeratzen duten hizkuntzan. Era berean, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, hala ezarrita baitago, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2 a) eta 6.1 artikuluetan.

3.– Deialdi honetako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

4.– Eskabidearekin batera, honako agiri hauek ere aurkeztu behar dira:

a) 2021-2022 ikasturtean eskatutako eta/edo jasotako laguntzen zerrenda (I. eranskina).

b) 2021-2022 ikasturtean zerbitzua garatu ahal izateko, udalak haur-hezkuntzako eskolari esleitu dion aurrekontu-esleipena. Bereizi egin behar dira sarrerak (familiek jartzen dituzten kuotak barne) eta gastuak, eta adierazi egin beharko da jardueraren ondorioz sortzen den defizita (II. eranskina).

c) Haur-eskolako hezkuntza-langileen zerrenda (III. eranskina).

5.– Hezkuntza-proiektua haur-eskolan gordeko da, eta agindu honen 16. eta 17. artikuluetan ezarritako jarraipen-batzordearen esku geratuko da. Hezkuntza-proiektu horrek honako hauek hartuko ditu bere baitan, besteak beste:

a) Haur-kopurua, adinaren arabera, taldekatzeko irizpideak, unitate-kopurua, adinaren eta hizkuntza-ereduaren arabera.

b) Unitate bakoitzeko haur-hezitzaileen zerrenda, honako hauek jasoz: lan-egoera, titulazioa eta hizkuntza-gaitasuna. Laguntza-langileen zerrenda ere jasoko da.

c) 0-3 urte bitarterako haur-eskolaren egutegi-ordutegiak eta eskainitako zerbitzuak: jantokia, mediku- eta osasun-laguntza, laguntza psikologikoa, gurasoen eskola...

d) Jarduketak hezkuntza-eremuan dituen balio, helburu eta lehentasunen definizioa.

Halaber, deialdi honetan parte hartu duten pertsonek Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzari baimena ematen diote aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna beste erakunde publiko batzuetan egiaztatzeko.

10. artikulua.– Prozedura aurrera ateratzea eta eskabideen zuzenketa.

1.– Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzak eramango du aurrera prozedura.

2.– Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzak eskabidean hutsik edo akatsik antzematen badu, eskatzaileari jakinaraziko dio, eta 10 eguneko epea emango, huts edo akats horiek zuzentzeko. Hamar egunak igarota zuzentzen ez baditu, eskatzaileak eskabideari uko egin diola ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan, aurreikusitako moduan idatzi beharreko ebazpena eman ondoren.

11. artikulua.– Deialdiaren ebazpena.

1.– Hezkuntzako sailburuordeak emango du deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko ebazpena, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta sei hilabete baino lehenago. Ebazpen hori udal eskatzaileei jakinaraziko zaie, eta, denek jakiteko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Ebazpenak bide elektronikoz jakinarazteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» erabiliko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

2.– Epea amaitu eta interesdunei ebazpenik jakinarazi ezean, eskabidea ezetsi egin dela ulertu ahal izango da.

3.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera.

12. artikulua.– Hitzarmenak.

Onartutako eskabideak Hezkuntza Sailaren eta laguntza jaso duten udalen arteko hitzarmenaren bidez gauzatuko dira, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Hitzarmen hori agindu honen IV. eranskinean jasota dago.

13. artikulua.– Laguntzak jaso eta dagozkion frogagiriak aurkeztea.

1.– Dirulaguntza bi epetan ordainduko da:

a) Lehenengo ordainketa, hots, % 30, 12. artikuluan aipatzen den hitzarmena sinatu ondoren gauzatuko da.

b) Bigarren ordainketa, gainerako % 70a, dirulaguntzaren onuradunak 2021-2022 ikasturtean izandako gastu eta diru-sarreren agiri bidezko justifikazioa aurkeztu ondoren egingo da; justifikazio hori udal-idazkariaren edo kontu-hartzailearen ziurtagiri bidez egingo da (V. eranskina). Inprimaki-eredua https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0096911 egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri.

Justifikazioak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpetaren» bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

2.– Frogagiriak aurkezteko epea 2022ko uztailaren 1etik 31ra arte izango da, eta Hezkuntza Sailaren Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzan aurkeztuko dira.

3.– Ikasleen datuak aztertu eta gero, Administrazioak eskubidea izango du Hezkuntzako sailburuordeak emandako kitapen-ebazpenean onuradunei emandako diru-kopuruak doitzeko, betiere onuradunari entzun eta gero. Emandako laguntza gutxitzea beharrezkoa bada, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren prozesuarekin bat egingo da.

4.– Ikastetxeek jarraipen-batzordearen eskura izango dute 2021-2022 ikasturtean egindako ekintzei buruzko txostena. Txosten horrek atal hauek izango ditu gutxienez.

a) 2021-2022 ikasturtean egindako ekintzen garapena eta egin beharreko jarduerak.

b) Haur-eskolako hezkuntza-proiektuan adierazitako helburuen betetze-maila.

c) Emaitzen azterketak, programak nola egokitu edo aldatu behar diren proposatuz.

14. artikulua.– Bateragarritasunen araubidea.

1.– Deialdi honen bidez lortutako dirulaguntza bateragarria izango da hezkuntza-arloan eskumenik ez duten herri-administrazioen menpe dauden organoen edo entitate pribatuen bidez lortutako beste edozeinekin. Alabaina, dirulaguntza guztien batura ezin izango da gastuaren % 100 baino gehiagokoa izan. Halakorik gertatzen bada, egindako gastutik gora jasotzen den kopurua kenduko zaio deialdi honen arabera dagokion dirulaguntzari.

2.– Dena dela, dirulaguntza hartzen duen udalak nahitaez eman beharko dio xede bererako lortu duen laguntza ororen berri dirulaguntza eman dion administrazioari, horrela xedatzen baita Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan (1998ko urtarrilaren 19ko EHAA).

15. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

Agindu honetako dirulaguntzen erakunde onuradunek honako betebehar hauek dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotako betebeharrez gain (finantzaketa publikoa dela jakinarazteko publizitate egokia emateko neurriak ere hartu beharko dituzte, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 18. artikuluko 3. eta 4. zenbakietan jasotakoarekin):

1.– Eska daitekeen betebehar oro, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 paragrafoan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

2.– Era berean, dirulaguntzaren onuradunak nahitaez lagundu beharko du administrazio emaileak egiten dituen egiaztapen-ekintzetan eta Administrazioaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egindako kontrol-ekintzetan, hala agintzen baitu Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluak.

3.– Emandako dirulaguntza onartu beharko du udal onuradunak, dirulaguntza ematen zaion jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean, dirulaguntzari espresuki eta idatziz uko egiten zaionean izan ezik. Halakorik gertatzen ez bada, beraz, onartu egiten dela ulertuko da.

4.– Orobat, hala eskatzen zaionean, udal onuradunak jarraipen-batzordeari laguntza jasotzen duen proiektuaren garapenari buruzko informazioa eskainiko dio.

16. artikulua.– Jarraipen-batzordea.

Hezkuntza Sailak eta kasuan kasuko udalak izenpetu behar duten eta 12. artikuluan aipatzen den hitzarmena behar bezala gauzatzen dela bermatzeko, jarraipen-batzorde bat eratuko da. Honako kide hauek izango ditu batzordeak:

– Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendaria edo haren ordezkoa, presidentea izango dena.

– Hezkuntzako ikuskatzaile bat, ikuskatzaile nagusiak izendatua.

– Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzako teknikari bat, idazkari jardungo duena.

17. artikulua.– Jarraipen-batzordearen eginkizunak.

1.– Jarraipen-batzordeak, berak finkatutako prozeduraren arabera, hitzarmena eta hezkuntza-proiektua (haur-eskolak gordeko duena) noraino betetzen diren ikuskatu ahal izango du.

2.– Horretarako, jarraipen-batzordeak, 13.1 artikuluan aurreikusitako bigarren ordainketa egin baino lehen, udalek eskabidearekin batera aurkeztutako datuak aztertu ahal izango ditu. Batzordeak, hala behar izanez gero, bere egitekoak betetzeko beharrezko deritzen dokumentuak eskatu ahal izango dizkie udalei. Dokumentu horien arabera egin ahal izango du bidezko txostena. Txosten hori Ikastetxee eta Plangintza Zuzendaritzara bidaliko da, eta aldekoa izanez gero, azken ordainketa egingo da. Nolanahi ere, txosten hori udal bakoitzaren eskura egongo da.

18. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzultzeko prozedura.

Laguntza emateko ezarri diren baldintzak betetzen ez badira, jasotako kopuruak eta berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz. Eta, batez ere, kasu hauetan:

a) Justifikatzeko obligazioa ez betetzea.

b) Laguntza zertarako eman, horretarako ez erabiltzea.

c) Behar diren baldintzak bete gabe lortzea laguntza.

d) Agindu honen 15. artikuluan ezarritako betebeharretakoren bat ez betetzea.

e) Jardueraren kostua behar baino gehiago finantzatzea.

19. artikulua.– Datuen babesari buruzko informazio oinarrizkoa.

Zure datu pertsonalak erabiliko dira, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: Dirulaguntzak: haur-eskolei eta irakaskuntza espezializatuei.

– Arduraduna: Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

– Helburua: 0-3 urte bitarteko udal titulartasuneko haur eskolak diruz laguntzea, eta baita, musika eta arte plastikotako ikastetxeak ere.

– Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

– Hartzaileak: Ekonomia eta Ogasun Saila.

– Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

– Informazio osagarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua: www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/045400-capa2-eu.shtml

Araudia:

Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra (www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf)

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ogasun eta Administrazio Publikoko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduak, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura diren gastu-espedienteen aldez aurreko tramitazioa arautzen duenak, 5.3 artikuluan xedatzen dituen ondorioetarako, agindu honen dirulaguntzak ebaztea 2022. urterako Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorretan kreditua egotearen menpe egongo da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Prozedura-gaietan agindu honek arautzen ez duenerako, osagarri gisa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritakoa jarraituko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Hezkuntzako sailburuari; horretarako, hilabeteko epea izango da, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari baimena ematen zaio agindu hau betetzeko beharrezko diren jarraibide guztiak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko azaroaren 2a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

I. ERANSKINA
ESKABIDEA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
2021-2022 IKASTURTERAKO ESKATUTAKO EDO JASOTAKO LAGUNTZEN ZERRENDA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
2021-2022 IKASTURTERAKO AURREKONTUA
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
HEZKUNTZA-LANGILEEN ZERRENDA 2021-2022
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA
EUSKO JAURLARITZAKO HEZKUNTZA SAILAREN ETA UDALAREN ARTEKO HITZARMENA
(Ikus .PDF)
VI. ERANSKINA
UDAL-TITULARTASUNEKO 0-3 URTE BITARTEKO HAUR-ESKOLENTZAKO LAGUNTZEN JUSTIFIKAZIOA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala