Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

251. zk., 2021eko abenduaren 17a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
6288

EBAZPENA, 2021eko azaroaren 16koa, Plangintza eta Antolaketako zuzendariarena, zeinaren bidez iragartzen baita Lanbide Heziketako erdi- eta goi-mailako heziketa-zikloetara sartzeko 2022. urteko probetarako deialdia.

Lanbide Heziketako heziketa-zikloetarako sarbidea arautzen duen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako 2016ko otsailaren 11ko Aginduaren 2.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak heziketa-zikloetara sartzeko proba baterako deialdia egingo du gutxienez urtean behin.

Horren ondorioz, hauxe

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdia.

Lanbide Heziketako erdi- eta goi-mailako heziketa-zikloetara sartzeko 2022. urteko probetarako deialdia egiten da, irakaskuntza horietara zuzenean sartzeko betekizun akademikoak betetzen ez dituztenentzat.

Plaza-kopuru hauek sartzen dira deialdian: erdi-mailako probarako, bostehun plaza, eta, goi-mailako probarako, mila plaza.

Erdi-mailako edo goi-mailako probetarako eskatzaileen kopurua txikiagoa bada dagokion kuporako iragarritako plaza-kopurua baino, soberakin hori erabili ahal izango da beste kupoan eskaera gehiegi egonez gero.

Ebazpen honetan aipatzen diren datak eta epeak ebazpenaren 12. artikuluan dagoen taulan ezarritakoak dira.

Ebazpen honetan aipatzen diren zerrendak Ikasgunean eta izena emateko edo erreferentziazko ikastetxeko idazkaritzan kontsultatu ahal izango dituzte interesdunek.

Kontuan izan behar da interesdunei egiten zaizkien jakinarazpenak eskabidean adierazitako posta elektroniko edo telefono mugikorretara egingo direla.

2. artikulua.– Onartzeko lehentasun-irizpideak.

Eskaera-kopurua handiagoa bada deialdian jasotako plaza-kopurua baino, lehentasun-ordena ezarriko da, lehentasun-irizpide hauen arabera:

1.– Aurreko bi urteetako deialdietan Euskal Autonomia Erkidegoko sarrera-probaren zatiren bat gainditu izana, Lanbide Heziketako heziketa-zikloetarako sarbidea arautzen duen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko otsailaren 11ko Aginduaren 5. artikuluko 3. puntuaren arabera.

2.– Bizilekua Euskal Autonomia Erkidegoan izatea. Erantsitako errolda-ziurtagirian agertzen dena hartuko da.

3.– Antolamendu alfabetikoa, abizenen eta izenaren arabera. Antolamendu hori «O» letratik hasiko da, Langileak Kudeatzeko zuzendariaren 2021eko urtarrilaren 29ko Ebazpenean zehaztutakoaren arabera. Ebazpen horren bidez, argitara ematen da 2021-2022 ikasturtean ordezkapenetarako hautagaiak kudeatzeko prozesuan –bai eta ikasturte horretan zehar deitutako beste edozein hautaketa-prozesutan ere– ordena alfabetikoa zehaztuko duen letraren zozketaren emaitza.

3. artikulua.– Izen-emateak eta informazioa.

1.– Proba horiek egiteko eta, hala badagokio, dagozkien salbuespenak lortzeko (bai proben atalenak, bai prezio publikoarenak), interesdunek izena emateko aldian izena eman beharko dute eta salbuespenak eskatu, kasu bakoitzean dagokion dokumentazioa erantsita.

2.– Honako bi era hauetako batean aurkeztu ahal izango dira eskabideak:

– Eranskinean adierazitako ikastetxeetan.

– Online, Ikasgunearen bitartez (https://ikasgunea.euskadi.eus).

3.– Probak euskaraz edo gaztelaniaz egin ahal izango dira.

4.– Inskribatzeko unean, egiaztatuko da interesdunak baliozko erabiltzailea eta pasahitza dituela Ikasgunean.

5.– Eranskinean jasotako inskripzio-ikastetxeek honako hauei buruzko informazioa emango diete interesdunei: sartzeko baldintzak, salbuespen-eskaerak, prozesuaren datak, proben edukia eta proba horiekin lotutako gainerako informazioa.

6.– Ikasturte berean, pertsona batek ezin izango du sarrera-probetarako izena eman autonomia-erkidego batean baino gehiagotan. Baldintza hori betetzen ez bada, inskripzioa baliogabetu egingo da. Betekizun hori betetzen dela azaltzen duen zinpeko adierazpena jasoko da matrikula eskatzeko dokumentuan.

4. artikulua.– Agiriak.

Izena emateko epea amaitu aurretik aurkeztu beharko dira egokitzat jotzen diren agiri guztiak.

Dokumentazio motak:

– Nortasuna egiaztatzea: eskabidea baliozkoa izateko, beharrezkoa da nortasuna egiaztatzea (NAN, AIZ, AIT edo pasaporte bidez). Sistemak nortasun-datuak automatikoki baliozkotzen ez dituenean baino ez da izango beharrezkoa nortasuna egiaztatzea. Halakoetan, ikastetxeetako idazkaritzek aztertuko dute aurkeztutako dokumentazioa baliozkoa den al ez.

– Gehienez 3 hilabeteko antzinatasuna duen erroldatze-ziurtagiria: aurkeztu ezean edo behar bezala aurkeztu ezean, ezingo da lehentasunik lortu irizpide horrengatik.

– Tasei nahiz azterketa-atalei dagokienez eskatutako salbuespenak justifikatzeko dokumentazioa: aurkeztu ezean edo behar bezala aurkeztu ezean, prezio publiko orokorra ordaindu beharko da eta/edo ez da geratuko salbuetsita dagozkion azterketa-ataletatik.

5. artikulua.– Onartutako eta baztertutako pertsonen zerrendak eta proba-atalen salbuespenen zerrenda.

Izena emateko epea amaitu ondoren, eta parte hartzeko eskaerak eta prezio publikoak eta azterketaren atal batzuk salbuesteko eskaerak aztertu ondoren, honako zerrenda hauek argitaratuko dira:

– Ordainketa egin aurretik onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda.

– Proben ataletarako salbuespenen behin-behineko zerrenda.

Ondoren, zerrenda horiei erreklamazioak egiteko epea irekiko da, bai izena emateko ikastetxeen idazkaritzan, bai Ikasgunearen bidez.

Erreklamazioak aztertu ondoren, honako hauek argitaratuko dira:

– Ordainketa egin aurretik onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda.

– Proben ataletarako salbuespenen behin betiko zerrenda.

6. artikulua.– Azterketa-eskubideak ordaintzea.

Ordainketa egin aurretik onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda argitaratu ondoren, azterketa-eskubideak ordaindu beharko dira. Matrikula dagokion prezio publikoa ordaindu ondoren bakarrik izango da eraginkorra.

Inskripzio-frogagirian agertzen den web-helbidean (URL) edo inskripzio-ikastetxeko idazkaritzan eskuratu beharko da ordainketa-gutuna.

Hezkuntza-arloan eskumena duen saileko sailburuaren 2013ko uztailaren 10eko Aginduaren 6. artikuluaren arabera –horren bidez, hezkuntza-arloan eskumena duen sailak ematen dituen hezkuntza-zerbitzuen prezio publikoak finkatzen dira–:

– Lanbide Heziketako erdi-mailako eta goi-mailako heziketa-zikloetara sartzeko probarako aplikatu beharreko prezio publikoa 18 eurokoa izango da.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu betegina onartzeko irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuak aipatzen dituen modalitateen bitartez ordaindu ahal izango da. Kreditu-erakunde kolaboratzaileek lagunduko dute horretan.

– Prezio publikoaren salbuespenak eta hobariak:

● Lanbide Hastapeneko bigarren maila batetik datozen interesdunak erabat salbuetsita egongo dira prezio publikotik.

● Prezio publikotik erabat salbuetsita egongo dira, halaber, kategoria bereziko familia ugarietako interesdunak, bai eta Terrorismoaren biktimei laguntza integrala emateko sistema garatzen duen azaroaren 9ko 290/2010 Dekretuaren 25. artikuluan jasotako kasuetan daudenak ere.

● Prezio publikoaren % 50eko hobaria izango dute kategoria orokorreko familia ugarietako interesdunek.

7. artikulua.– Ikastetxea berresleitzea.

Azterketa-eskubideak ordaindu ondoren, ikastetxe bakoitzeko eskatzaileen kopuruaren arabera, Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak berresleipenak egin ahal izango ditu ikastetxeen artean. Berresleitutako interesdunen espedienteak berresleitzearen ondorioz dagokien ikastetxeetara bidaliko dira. Interesduna inskribatu den ikastetxea arduratuko da lekualdaketa hori egiteaz.

Jarraian, ordainketa egin ondoren onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda argitaratuko da, eta, zerrenda horretan, pertsona bakoitzari probak egiteko esleitu zaion ikastetxea adieraziko da. Une horretatik aurrera, ikastetxe hori izango da proba horiek egiteko erreferentziazko zentroa.

8. artikulua.– Argitaratzeko eta kontsultatzeko tokiak.

Prozesuaren faseen jarraipena interesdunek egingo dute, Ikasgunerako sarbide pertsonalaren bidez; horrez gain, izena emateko edo erreferentziazko ikastetxearen idazkaritzan ere kontsultatu ahal izango da.

Prozesuari buruzko informazio orokorra Lanbide Heziketako web-orrian eskuratu ahal izango da: https://www.euskadi.eus/informacion/pruebas-de-acceso-a-ciclos-formativos/web01-a2hlanhz/es

9. artikulua.– Probak egitea.

1.– Probak non egingo diren:

Azterketa-eskubideak ordaindu ondoren onartutakoen behin betiko zerrendan pertsona bakoitzari adierazi zaion lekuan egingo dira probak.

Probak egingo diren ikastetxeetako zuzendaritzen ardura izango da tokiak antolatzea eta proben antolaketa ikuskatuko duten langileak nortzuk izango diren zehaztea. Halaber, ikastetxe horietako idazkaritzek proben kalifikazio-aktak zainduko dituzte.

Probei buruzko gainerako agiriak, deialdi bakoitzari dagozkion ariketak barnean direla, aplikatu beharreko araudiaren arabera gordeko dira.

2.– Probak lantzea.

Lanbide Heziketako heziketa-zikloetarako sarbidea arautzen duen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko otsailaren 11ko Aginduaren 2. artikuluaren arabera:

– Probak eta ebaluazio-irizpideak komunak izango dira ikasle guztientzat, eta Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak zehaztuko ditu.

– Ebaluazio-batzordeak eratuko dira probak egingo diren ikastetxe publikoetan.

– Hezkuntza Ikuskaritzak egingo ditu prozesuaren gaineko ikuskaritza- eta aholkularitza-lanak.

10. artikulua.– Probaren emaitzak eta erreklamazioak.

Adierazitako egunean argitaratuko dira behin-behineko emaitzak. Une horretatik aurrera, erreklamazioak egin ahal izateko epea irekiko da, eta azterketa egin den ikastetxeko idazkaritzan aurkeztu beharko dira.

Erreklamazioak aztertu ondoren, adierazitako egunean argitaratuko dira proben behin betiko emaitzak.

11. artikulua.– Proben ziurtagiria.

Proba osoa gainditu dutenek ziurtagiria eskuratu ahal izango dute. Horretarako, Ikasgunean sartu beharko dute, edo erreferentziazko ikastetxeko idazkaritzan jaso ahal izango dute.

12. artikulua.– Egutegia.

Proben prozesu osoaren datak honako hauek dira:

(Ikus .PDF)

Azterketen atalen datak eta orduak honako hauek dira:

(Ikus .PDF)
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honetan arautzen ez den guztirako, prozedura-arloan osagarri gisa aplikatuko dira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea.

Proben garapenarekin eta edukiarekin lotutako beste gai batzuetarako, Lanbide Heziketako heziketa-zikloetarako sarbidea arautzen duen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko otsailaren 11ko Aginduan xedatutakoa bete beharko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko azaroaren 16a.

Plangintza eta Antolaketako zuzendaria,

NICOLÁS SAGARZAZU ALZUA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala