Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

239. zk., 2021eko abenduaren 1a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
6058

AGINDUA, 2021eko azaroaren 23koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baitira eskola-garraiorako banakako esleipenak 2021-2022 ikasturterako, maila hauetan ari diren ikasleentzat: Haur Hezkuntzako lehen zikloko hirugarren maila, Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Oinarrizko Lanbide Heziketa.

Hezkuntza Sailak ikasleak garraiatzeko zerbitzua antolatzen du ikasturte oro, hezkuntzaren zerbitzu osagarri modura.

Zerbitzu horren bidez, ibilbideak kontratatzen dira, eta ibilbide horiek zehazteko, kontuan hartzen da ikasleen bizilekuaren eta ikastetxearen artean dagoen distantzia eta ikasle-kopurua.

Eskola-garraiorako eskubidea duten zenbait ikaslek zuzenean ordaintzen dute, batez ere hiru arrazoirengatik. Lehenik, ezin direlako egokitu sail honek antolatutako ibilbideetara; bigarrenik, egoki irizten zaiolako ikasleek garraio publikoa erabiltzeari, eta, azkenik, beste administrazio batzuekin eginiko hitzarmenak daudelako horiek antolatutako garraio-zerbitzuak erabiltzeko.

Gastu horiek finantzatzen laguntzeko egiten da banakako esleipen hauen deialdia.

Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako ikasleen eskola-garraioari –hezkuntzaren arloan eskumenak dituen Sailak finantzatutakoari– buruzko maiatzaren 19ko 69/2015 Dekretuan (186/2019 eta 217/2021 Dekretuek aldatua) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoa oinarri hartuta, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Eskola-garraiorako banakako esleipenak iragartzen dira 2021-2022 ikasturtean maila hauetan ari diren ikasleentzat: Haur Hezkuntzako lehen zikloko hirugarren mailan, Haur Hezkuntzako bigarren zikloan, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Oinarrizko Lanbide Heziketa unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan, bai eta ikastetxe pribatuetan daudenentzat ere agindu honen 4.1.a) artikuluan jasotako kasuetan. Hori guztia maiatzaren 19ko 69/2015 Dekretuan xedatutakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako ikasleen eskola-garraioari –hezkuntzaren arloan eskumenak dituen Sailak finantzatutakoari– buruzkoa (186/2019 eta 217/2021 Dekretuek aldatua).

2. artikulua.– Deialdiaren kudeaketa.

Hezkuntza Saileko Kudeaketa Ekonomikoaren zuzendaria da laguntza horiek kudeatzeko organo eskuduna.

3. artikulua.– Kreditu erabilgarria.

1.000.000 euro bideratuko dira helburu horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako finkatutako aurrekontu-partidaren kargura.

Behar izanez gero, adierazitako zenbatekoak handitu ahal izango dira, kontuan harturik ebazteko dauden baina ebazpen-proposamena duten eskabideen zenbatekoa, eta horiek ebatzi baino lehenago, betiere. Horren berri, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak emango du ebazpen baten bitartez.

4. artikulua.– Betekizun orokorrak.

1.– Jarraian zehaztutako betekizunak aldi berean konplitzen dituzten ikasleek izango dute deialdi honetan parte hartzeko eskubidea:

a) Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzetako batean matrikulatuta egotea, izan Hezkuntza Saileko ikastetxe publiko batean, hezkuntzaz bestelako Administrazioko ikastetxe publiko batean edo itunpeko ikastetxe pribatu batean. Azken bi kasu horietan, hezkuntza-administrazioak berariaz hala aginduta, dela Sailaren ikastetxe-sarean eskaintzarik ez dagoelako, dela, salbuespen gisa, administrazio horrek arrazoituta, Sailak antolatutako garraioan plazarik esleituta ez duelako.

b) Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako irakaskuntzetan, erroldatze-bizilekua ikastetxearen eragin-eremuan egotea, eta ikastetxe hori izatea bizileku horretatik hurbilen dagoena eragin-eremu hori hartzen duten guztien artetik. Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzetan, Lehen Hezkuntza amaitzeko egokitu zaion ikastetxeari lotutako ibilbideagatik dagokion ikastetxea izatea, eta aipatutako ibilbidean sartzen diren ikastetxeen artetik bizilekutik hurbilen dagoena izatea.

Hezkuntza-administrazioak berariaz esleitzen badu ikastetxea, ez da eskatuko baldintza hori betetzea.

Era berean, eskola-mapa aldatzen bada, aldaketa hori egin aurretik garraio-eskubideaz baliatzen ari diren ikasleei ez zaie eskatuko betekizun horiek konplitzea, betiere bizilekuz aldatzen ez badute, ez eta haiekin bizimodua egiten duten eta gerora matrikulatzen diren neba-arrabei ere, baldin eta Haur edo Lehen Hezkuntzan lehen aldiz matrikulatzen badira, betiere.

Oinarrizko Lanbide Heziketako irakaskuntzetan, beharrezkoa izango da Hezkuntzako sailburuaren 2021eko maiatzaren 21eko Aginduan araututako onarpen-prozesuan parte hartu izana (agindu horren bidez ezartzen da 2021-2022 ikasturterako Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko eta pribatu itunduek eskaintzen dituzten hezkuntza-sistemako lanbide-heziketako zikloetan eta ikastetxe publikoek eskaintzen dituzten espezializazio-kurtsoetan eskabideak aurkezteko, eta onesten dira zentro horietan onartua izateko eta matrikula egiteko jarraibideak, baita hezkuntza hori eskaintzen duten zentro guztietan eskabideak grabatzeko eta matrikula egiteko irizpideak ere), eta plaza eskatu izana esleitutako plazaren ziklo eta eredu berean Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko batean. Ikasleari plaza bat esleitu bazaio, hari ez uko egin izana.

c) Ikastetxearen eta etxebizitzaren arteko distantzia honako hau edo handiagoa izatea:

1.– Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetako ikasleak: 2 kilometro.

2.– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailako ikasleak eta Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleak: 4 kilometro.

Distantzia neurtzeko, ikaslearen bizilekutik ikastetxera edo gertuen dagoen geralekura oinez dagoen ibilbide laburrena hartuko da erreferentziatzat. Distantzia kalkulatzeko, 5.2 artikuluan adierazten den tresna erabiliko da.

Salbuespenez, tresna informatikoaren bidez kalkulatutako oinezko ibilbidea egingarria ez bada edo bide-segurtasuneko gutxieneko baldintzak betetzen ez baditu, zenbaketatik kanpo utziko da, eta, proposatutako aukerako ibilbideen artean, benetan oinez baldintza egokietan egingarria den kilometraje txikiena duena hartuko da kontuan. Zirkulaziorako egokia den bidea da bide-segurtasuneko gutxieneko baldintzetan ibil daitekeena, zeinetatik desplazatu ahal izango baitira ikasleak egunero beren osotasun fisikoa arriskuan jarri gabe.

Salbuespen hori aintzat hartzeko, ikaslea matrikulatuta dagoen ikastetxeak ziurtatu beharko du bidea ezin dela baldintza egokietan oinez egin.

d) Matrikulatuta dagoen ikasturtea amaitzen den urtean ikasleak adin-muga hauek ez gainditzea:

– Derrigorrezko Hezkuntza: 18 urte baino gehiago ez betetzea.

– Oinarrizko Lanbide Heziketa: 21 urte baino gehiago ez betetzea.

e) Ez izatea doako edo entitate publikoek edo pribatuek erabat ordaindutako garraio aukerarik.

2.– Aurreko apartatuan ezarritako betebeharrak aplikatuz, ikaslea erroldatuta dagoen bizilekua hartuko da aintzat, hurrengo apartatuan aurreikusten den kasuan izan ezik.

3.– Zaintza partekatuko kasuetan, ikasleak bizilekuz aldatzen badira guraso bakoitzarekin bizi den denboraren arabera, aurreko paragrafoan eskola-garraiorako eskubidea lortzeko ezarritako betekizunak egiaztatzeko, kontuan hartuko da erroldaren helbidea eta beste gurasoaren helbidea.

Bizilekuetako batek ere ez baditu betetzen 1. apartatuaren b) eta c) hizkietako betekizunak aldi berean, garraiorako eskubidea izango da c) hizkiko betekizuna betetzen duen bizilekurako baina, betiere, beste bizilekuak b) hizkiko betekizuna betetzen badu.

Nolanahi ere, nahitaezkoa izango da ikasleak plazarik ez izatea Sailak antolatutako garraioan.

4.– Ezingo dira deialdian sartu dirulaguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean daudenak, ezta sexu-bazterkeriagatik zigortuta daudenak ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoaren arabera.

5.– Dirulaguntza honen onuradunek bete beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. eta 14. artikuluetan ezarritako betekizunak eta betebeharrak, salbu lege horren 13.2.e) artikuluan ezarritakoa, ematen den dirulaguntzaren izaera dela-eta.

5. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa eta bateragarritasuna.

1.– Ikaslearen etxetik ikastetxera edo geralekura joateko garraio-zerbitzu publikoren bat edo tren-baliabideren bat (autobusa, tranbia, metroa, trena) erabiliz gero, aukera guztien artetik merkeena ordaintzeko izango da dirulaguntza.

2.– Ikaslearen etxetik ikastetxera edo geralekura joateko ibilgailu partikularra erabiliz gero, kilometroko 0,29 euroko dirulaguntza ordainduko da, eta, ibilbide hori motoan eginez gero, kilometroko 0,15 euro.

Kilometroak kalkulatzeko, hauek hartuko dira kontuan: etxetik ikastetxerako edo etxetik geralekurako bi joan-etorri, jardunaldi zatituko eskola-egun bakoitzeko, eta joan-etorri bat, jardunaldi jarraituko eskola-egun bakoitzeko.

Ikastetxe publikoetan, jantoki-zerbitzurik bada zuzeneko kudeaketako erregimenean, kalkulu hori egiteko ez dira barne hartuko jardunaldi zatituko eguerdiko joan-etorriak, baldin eta garraiorako eskubidea duten ikasle guztiak hartu ahal baditu jantokiak.

Distantziak neurtzeko, «GeoEuskadi» kartografian oinarritutako tresna erabiliko da.

3.– Ikastetxeko guraso-elkarteak antolatutako eskola-garraioko zerbitzua erabiliz gero, hau izango da dirulaguntzaren zenbatekoa, gehienez: zerbitzuaren benetako kostua zati hura erabiltzen duten ikasle-kopurua.

4.– Laguntza horiekin batera, xede bererako beste era bateko dirulaguntza edo laguntzak eskuratu ahal izango dira, publikoak zein pribatuak. Deialdi honetan aurreikusitako helbururako beste laguntzaren bat jasoko balu onuradunak, horri dagokion zenbatekoa kendu egingo litzaioke laguntzari.

6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak betetzeko, https://www.euskadi.eus/informazioa/eskola-garraioa/web01-a2hikasl/eu/ web-helbidean dagoen aplikazioa erabiliko da.

2.– Eskabideak, ikaslearen legezko ordezkariak behar bezala beteta, eranskineko ereduaren arabera aurkeztuko dira, hilabeteko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera:

a) telematikoki; horretarako, sinadura elektronikoa eduki behar da, ziurtagiri digitala indarrean duena (NAN, Izenpe txartela) edo itsasontzi-jokoa (b@kq).

b) paperean; horretarako, aplikazioak sortuko duen eskabide-inprimakia inprimatu, sinatu eta ikasleak ikasketak egiten dituen ikastetxearen zuzendariari aurkeztu beharko zaio, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren lekuetan.

3.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu ostean, aurkeztutako eskabideetako datuak egiazkoak diren egiaztatuko dute ikastetxeek, 10 egun balioduneko epean, artikulu honen 2. apartatuan ezarritako eskabide-epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera.

4.– Epe horretatik kanpo ere laguntzak eskatu ahal izango dituzte artikulu honen 2. apartatuan ezarritako muga-dataren ondoren matrikulatzen diren ikasleek.

Eskabideak aurkezteko prozedura eskabide arruntak izapidetzeko prozedura bera izango da. Ez da inolaz onartuko 2022ko martxoaren 31ren ondoren egindako eskabiderik.

7. artikulua.– Eskabideak aztertzea eta ebaluatzea.

Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzei dagokie aurkeztutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea.

8. artikulua.– Dirulaguntzak ebaztea, jakinaraztea eta argitaratzea.

1.– Aurkeztutako eskabideak aztertuta, Hezkuntzako lurralde-ordezkariak behin-behineko ebazpena-proposamena aurkeztuko du, eta Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzara bidaliko.

2.– Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak emango du behin-behineko ebazpena, eta ebazpen hori eraginpekoei jakinarazteko aginduko, ebazpena https://euskadi.eus webgunearen iragarki-taulan argitaratuta. Ebazpen horretan aipatu beharko da nor diren onuradunak eta zenbatekoak diren onartutako laguntzak, edo, ukatuz gero, zergatik ukatu diren. Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpen-abisuak bidaltzea, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

Jakinarazpen horri esker, beren interesak defendatzeko alegazioak eta agiriak aurkeztu ahal izango dituzte eraginpekoek, jakinarazpena egin eta 15 egun balioduneko epean.

3.– Behin-behineko ebazpenaren kontrako alegazioak aztertuta, epea igaro eta gero, eta beharrezko egiaztapenak eta izapideak egin ondoren, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak prozeduraren behin betiko ebazpena emango du, eta ebazpena https://www.euskadi.eus/informazioa/eskola-garraioa/web01-a2hikasl/eu/ webguneko iragarki-taula elektronikoan argitaratuz jakinaraziko da.

Behin betiko jakinarazpenak ebazpenaren testu osoa jaso beharko du, bai eta laguntza jaso eta jasoko ez duten eskatzaileen zerrendak ere, laguntza ez jasotzeko arrazoiak azalduta. Horretarako ezarritako epean ebazpen espresurik argitaratzen ez bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertu behar da.

Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpen-abisuak bidaltzea, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

4.– Behin betiko ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, behin betiko ebazpena https://euskadi.eus web-orriko iragarki-taula elektronikoan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

5.– Behin betiko ebazpena eta laguntzen jakinarazpena sei hilabeteko epean egingo dira, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

9. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Emandako laguntzak bi zatitan ordainduko dira, deialdiaren behin betiko ebazpena eman ondoren, eskolara joandako egun-kopuruaren arabera:

a) Lehenengo ordainketa laguntzaren zenbateko osoaren % 70 izango da, eta behin betiko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean izapidetuko da.

b) Bigarren ordainketa gainerako zenbatekoa izango da, eta ikasturtearen amaieran izapidetuko da, laguntzaren justifikazioan oinarrituta.

2.– Eskatzaileak laguntza-eskabidean adierazitako kontu korrontean sartuko da laguntzaren zenbatekoa.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei dirulaguntzak edo laguntzak eman eta, hala badagokio, ordaindu ahal izateko.

10. artikulua.– Dirulaguntzen kontrola.

1.– Ikasturtea amaitzean eta 2022ko ekainaren 23a baino lehen, ikasle onuradunek ikastetxean entregatu beharko dute justifikatzeko eguneko edo asteko ikastetxera joan beharrak eragindako gastuak ordaintzeko izan dela esleipen horren zenbatekoa; eta ikastetxeak dagokion Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzari, banakako esleipenen aplikazioaren bidez, onuradunen zerrenda jakinaraziko dio, eta berariaz adieraziko dio zein ikasleri dagokion eskatutako zenbatekoa baino zenbateko txikiagoa, azkenean ikastetxera joan den egunen arabera.

Justifikazio partzial bat baino egiten ez bada, aitortutako laguntzaren bigarren ordainketa murriztuko da, benetan justifikatutako zenbatekoraino; kasu horretan, dagokion aldaketa-ebazpenaren bidez jardungo da, eta, beharrezkoa izanez gero, hurrengo artikuluan arautzen den errebokatzeko eta itzultzeko prozedurari ekingo zaio.

2.– Dirulaguntzaren zenbatekoa kontrolatzeko, egoki iritzitako agiriak aurkez ditzatela eskatu ahal izango diete lurralde-ordezkaritzek onuradunei.

3.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren fiskalizazio-eginkizunak betez, informazioa eskatuz gero, dirulaguntzen onuradunek eman egin beharko diete informazio hori.

4.– Guraso-elkarteek antolatutako garraioaren kasuan, ikasturtea amaitzean eta 2022ko ekainaren 23a baino lehen, elkarte horiek egindako ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, honako hauek biltzen dituena:

– Garraioaren eguneroko kostua.

– Garraioa erabiltzen duen ikasle-kopurua.

– Ikasleak ordaindu beharreko kuota.

5.– Justifikazio-agiri horiek (txartelak, fakturak eta, ibilgailu partikularra erabiltzen bada, erantzukizunpeko adierazpena) ikastetxean artxibatuko dira, behar izanez gero egiaztatu ahal izateko.

11. artikulua.– Aldatzea, errebokatzea eta itzultzea.

1.– Ebazpena aldatzea erabaki daiteke, baldin eta laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, bestelako laguntzak edo dirulaguntzak pilatuta eskuratzen badira eta helburu bera duten bestelako diru-sarrera edo baliabideak jasotzen badira. Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 49.12 artikuluari jarraituz (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua), emate-ebazpena aldatzeko, laguntzaren onuradun izateko ezarritako gutxieneko betekizunak babestu behar dira.

Bekaren emate-ebazpena aldatzeko, espedientearen entzunaldi- eta ikustaldi-izapidea izan behar du aldez aurretik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. artikuluan aurreikusten den bezala.

2.– Laguntza errebokatu eta, hala badagokio, itzuli egingo da, eman den berariazko helbururako erabiltzen ez bada, laguntza eskuratzeko eskatutako baldintzak betetzen ez direla egiaztatzen bada, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan jasotako gainerako kasuetan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua). Errebokatu eta gero, emandako zenbatekoa oraindik ordaindu ez bada, ezingo da ordaintzea eskatu, eta, ordainduta egonez gero, jasotako zenbatekoak eta horien legezko interesak itzuli beharko dira. Itzultzeko prozedura, berriz, aipatutako legearen 53.4 artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4. eta 5. artikuluetan xedatzen da.

Itzulketa agintzen duen ebazpenean, beharrezko informazioa jasoko da, itzulketa egiteko betebeharra bete dezan, legezko diruz edo txekez edo Ogasun eta Ekonomiako sailburuak baimendutako beste edozein bide erabiliz. Horretarako, bi hilabeteko epea emango zaio, dirua itzuli behar duela dioen ebazpena jakinarazten zaionetik aurrera.

Eskuratutako zenbatekoak borondatez itzultzen ez badira, premiamendu-bideari ekingo zaio.

12. artikulua.– Ikuskaritza.

Halaber, deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzari baimena ematen diote aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna egiaztatzeko beste erakunde publiko batzuetan.

13. artikulua.– Datu pertsonalak babestea.

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko dira: Unibertsitateaz kanpoko laguntzak, dirulaguntzak eta bekak.

Arduraduna: Hezkuntza Saileko Kudeaketa Ekonomikorako Zuzendaritza.

Helburua: Unibertsitateaz kanpoko mailetako ikasleei bekak ematea, ikasleei eskola-garraioko laguntzak eta zuzendaritza honetako beste zenbait laguntza ematea.

Legitimazioa:

– Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.

Hartzaileak:

– Ekonomia eta Ogasun Saila.

– Ikastetxe publikoak eta pribatuak.

Eskubideak: eskubidea duzu datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: Gure web-orrian kontsulta dezakezu datu-babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza: https://www.euskadi.eus/clausulas-informativas/web01-sedepd/es/transparencia/043500-capa2-es.shtml

Araudia:

– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Honako hauetan xedatutakoak arautuko du agindu hau:

– 69/2015 Dekretua, maiatzaren 19koa, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako ikasleen eskola-garraioari –hezkuntzaren arloan eskumenak dituen sailak finantzatutakoari– buruzkoa (186/2019 eta 217/2021 Dekretuek aldatua).

– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

– 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena.

– 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

– 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura emandako dirulaguntzen bermeei eta dirulaguntza horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena.

– 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, agindu honetako dirulaguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta behar bestekoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2022. urteko aurrekontu orokorretan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko azaroaren 23a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala