Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

238. zk., 2021eko azaroaren 30a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
6037

AGINDUA, 2021eko azaroaren 23koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez dirulaguntzetarako deialdia egiten baitzaie hezkuntza-ituna 2021-2022 ikasturtean indarrean duten EAEko ikastetxeei ikasleentzako ordenagailu eramangarriak eros ditzaten.

Pandemiaren osteko ikaskuntza-testuinguru berria dela eta, hezkuntza-komunitateak gero eta premia handiagoa dauka ikasleek teknologiak erabiltzeko aukera berdinak dituztela bermatzeko; hortaz, bizkortu beharra dago tresna digitalen berrikuntza- eta txertatze-prozesua, ikaskuntza transmititzen jarraitzeko.

Digitalizazioa faktore erabakigarria da arrakalak ixteko eta gizarte-kohesioaren alde egiteko; izan ere, ikasleei aukera ematen die haien beharrizanetara egokitutako hezkuntza-eduki egokietara sartzeko, edozein direla ere haien gizarte-errealitatea edo bizilekua.

Teknologia digitalak, halaber, hainbat formatan aberasten du ikaskuntza, eta horretarako aukerak ematen ditu, denek eskuragarri izan behar dituztenak; aldi berean, informazio eta baliabide ugari eskuratzeko aukera ematen du. Hala ere, oraindik gutxi dira teknologia hezkuntzan integratzeko egindako aurrerapausoak. Hezkuntza digitalaren giltzarrietako bat da berdintasuna eta hezkuntza hori eskuratzeko aukeraren eta azpiegituren kalitatea bermatzea.

Halaber, hezkuntzaren eraldatze-prozesu digitala gauzatzeko, ezinbestekoa da irakasle eta ikasleek online baliabideak, komunikazio- eta lankidetza-tresna telematikoak eta Interneteko gailu eta konexioak modu orokorrean erabiltzea; prozesu horrek, halaber, IKTak intentsiboki erabiltzea eskatzen du, hala gelan, nola formatu ez-presentzialetan.

Testuinguru hori aintzat hartuta, 2021eko irailaren 28an, Gobernu Kontseiluak Inbertsio Programa Berezi bat abian jartzea onartu zuen, 250 milioi eurokoa, eta, programa horretan, behar besteko kreditu-zuzkidura jasotzen da Euskal Autonomia Erkidegoan hezkuntza-ituna indarrean duten ikastetxeei ikasleentzako ordenagailuak erosteko gastuetarako dirulaguntzak emateko.

Hezkuntza Saila prestatzen ari den Euskal Hezkuntza Sistemaren Eraldaketa Digitalerako Planak teknologia digitalak hezkuntza-maila guztietan txertatzea proposatzen du; hartara, teknologia horien ahalmena baliatuko da irakaskuntza- eta ikaskuntza-praktikak hobetzeko eta dibertsifikatzeko eta konpetentzia digitalak garatzeko.

Plan hori garatze aldera, Hezkuntza Sailaren asmoa da ordenagailu eramangarri bana ematea Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasle guztiei, hezkuntza-arloan erabil dezaten.

EAEko ikasleak ia-ia % 50ean banatzen dira ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuen artean. Hori kontuan hartuta, Hezkuntza Sailak laguntza-lerro bat egituratu nahi du itunpeko ikastetxeetarako, 2021 eta 2022 ekitaldietan sare publikoari hornitu zaizkion eta antzeko ezaugarriak dituzten ordenagailu eramangarriak eros ditzaten. Hartara, digitalizazioa ahalik eta ikasle gehienengana iritsiko da.

Laguntza-programa honek aurrekontu-kreditu nahikoa dauka, Euskal Autonomia Erkidegoko ekitaldi honetako Aurrekontu Orokorretan aurreikusitakoari jarraituz.

Horrenbestez, zenbait xedapenek Hezkuntza Sailari ematen dizkioten eskumenak baliatuz –Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 10. artikulua; Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. artikulua, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 51.2 artikulua–, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Laguntza-deialdiaren xedea.

Ituna indarrean duten ikastetxeetarako laguntzen agindu honen helburua da ikastetxeek 2021 eta 2022 ekitaldietan Chromebook eta Windows ordenagailu eramangarrien erosketa finantzatzea, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleek erabil ditzaten aurrez aurreko formatuan. Ordenagailuek I. eranskinean adierazitako ezaugarriak izango dituzte.

2. artikulua.– Diru-zuzkidura.

1.– Hamabost milioi eta hirurehun mila (15.300.000,00) euro bideratuko dira deialdi honetako laguntzak finantzatzera, EAEko Aurrekontu Orokorretan horretarako esleitutako partiden kontura. Honela banatuko da zenbateko hori:

2021. urtean: 6.300.000 euro.

2022. urtean: 9.000.000 euro.

2.– Zenbateko hori igo ahal izango da eskatutako laguntzen guztizko zenbatekoa kontuan hartuta, aurrekontuko baliabideen arabera, laguntza horiek ebatzi aurretik, hala ezarrita baitago Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 31. artikuluan. Inguruabar hori Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpen baten bidez jakinaraziko da.

3. artikulua.– Pertsona eta erakunde onuradunak.

1.– Laguntza-programa honen onuradun izango dira ikastetxe pribatuen titular diren pertsona fisiko edo juridikoak, baldin eta 2021-2022 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoan 1. artikuluan adierazitako irakaskuntzetakoren bat itunduta badute.

2.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan azaldutako egoeretakoren batean dauden erakundeak ezingo dira onuradun izan.

3.– Gainera, erakunde eskatzaileek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Zergen arloko betekizunak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, eta dirulaguntzak itzultzeko betekizunak ordainduta izatea. Emandako dirulaguntzak likidatu arte iraun behar dute betekizun horiek, eta bete egiten direla egiaztatuko da, bai emateko orduan, bai ordaintzeko orduan.

b) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik ez duela, eta ezta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuaren bereizkeriaren ondoriozkoak barne (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrena).

4. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa.

1.– Gailu eta teknologia bakoitzeko laguntzaren gehieneko zenbatekoa hau izango da:

– Chromebook: 300 euro.

– Windows: 445 euro.

2.– Onuradun bakoitzari eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa eskaeran jasotako gailuen kopuruaren arabera kalkulatuko da. Nolanahi ere, diruz lagundu beharreko gailuen kopurua ezingo da izan laguntza honen xede diren hezkuntza-mailetako matrikula-kopurua baino handiagoa.

3.– Eskuratze-kostuak ez du, inola ere, merkatuko balioa gaindituko.

5. artikulua.– Esleipen-irizpideak.

Agindu honetako betekizun guztiak betetzen dituzten ikastetxeei emango zaizkie laguntzak, baldin eta agindu honetan bertan ezarritako denboran eta forman eskatzen badituzte. Halaber, eskaeran jasotako gailu guztiak lagunduko dira diruz.

2. artikuluan adierazitako zuzkidura ez bada iristen aurkeztutako eskaera guztiei erantzuteko 4. artikuluan ezarritako irizpideen arabera kalkulatutako zenbatekoetara, zuzkidura hori eskatutako betekizunak betetzen dituzten eskaera guztien artean banatuko da, horietako bakoitzak eskaera guztiak ordaintzeko beharko lukeen guztizko zenbatekoari dagokionez hasieran kalkulatutako zenbatekoen proportzio berean.

II. KAPITULUA
PROZEDURA

6. artikulua.– Eskabideak, agiriak eta aurkezteko epea.

1.– 15 egun baliodunekoa izango da eskaerak aurkezteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Itunpeko ikastetxe pribatuen titular diren pertsona fisiko edo juridiko onuradun bakoitzeko eskaera bakarra aurkeztuko da.

3.– Ikastetxeak hala esanda, familiek gailu eramangarriak erosi badituzte, ikastetxea deialdi honen onuradun izan daiteke, betiere, eskabidearekin batera, ordaindutako zenbatekoak familiei itzuli zaizkiela eta gailuen titular dela egiaztatzen badu. Horretarako, ikasleen zerrendarekin, faktura-zenbakiarekin eta ordainketaren transferentziarekin batera, banakako fakturak eta ikastetxeak dirua itzuli duela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko ditu.

4.– Erakunde eskatzaileek eskaera eta helburu horretarako ezarritako gainerako inprimakiak bete beharko dituzte; besteak beste, honako hau:

– II. eranskinean jasotako txantiloia, beteta; hor, honako alderdi hauen erantzukizunpeko adierazpena egingo da:

a) Onuradun izateko baldintzak betetzen ditu, deialdi honetako 3. artikuluaren arabera.

b) Erakundea edo pertsona ez dago Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. puntuetan aurreikusitako debeku-egoeretan, dirulaguntzen onuradun izateko.

c) Ez dauka epai irmo bidez ezarritako zigor- edo administrazio-zehapenik, dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera galarazten dionik, eta ez dauka horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik.

d) Ez dago sartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo dirulaguntzak direla-eta hasitako itzulketa- edo zehapen-prozeduraren batean.

– III. eranskineko txantiloia, beteta; hor, 2021 eta 2022 ekitaldietan erosi diren eta erosiko diren eta laguntza-eskaeraren xede diren gailu-kopurua zehaztuko da, teknologiaren eta urtearen arabera banatuta:

– IV. eranskineko txantiloia, beteta, baita 2021 ekitaldian egindako erosketen gastu-fakturak ere.

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean egoteari buruzko ziurtagiriak.

Administrazioak laguntzak eman eta ordaintzeko, erakunde eskatzaileak alta eman beharko du, edo banku-datuak aldatu, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan. Izapide hori aurrez aurre edo telematikoki egin daiteke, helbide honetan dauden jarraibideen arabera: https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-tramite/eu/

5.– Eskabideak bitarteko elektronikoz bakarrik egingo dira, helbide honen bidez: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1208801. Aurkezpen-datatzat erregistro elektronikoan agertzen dena hartuko da.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartuta dauden identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide elektroniko honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/

Eskaeraren osteko izapideak (jakinarazpenak, errekerimenduak, dokumentazio-aurkezpenak eta prozedurako gainerako izapideak) bide elektronikoz bakarrik egingo dira, «Nire karpeta» atalaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta).

Egoitza elektroniko horretan eskuragarri egongo dira eskabide-eredua bide elektronikoz izapidetzeko argibide guztiak. Laguntzari buruzko argibide gehigarriak helbide honetan lor daitezke: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1208801

Eskabidearekin batera, erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko ahalmena duen pertsonaren edo erakundearen sinadura elektroniko aitortuaz gainera, aurkeztu beharreko dokumentazioa edo Administrazioak eskatutakoa ere erantsi beharko dira, Administrazio Elektronikoari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari jarraikiz.

Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentazioarekin batera. Halaber, erakunde eskatzaile bakoitzak hautatutako hizkuntza erabiliko da eskaera aurkeztu ondorengo jarduketetan, prozedurak irauten duen bitartean, Euskararen Erabilera Normalizatzeko 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoa betez.

Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

7. artikulua.– Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskabidean jarri beharreko daturen bat edo 6. artikuluan zerrendatutako nahitaezko dokumentazioa falta dela hautemanez gero, erakunde eskatzaileari eskatuko zaio akatsa zuzentzeko edo beharrezkoak diren agiriak aurkezteko 10 egun balioduneko epean. Halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaeran atzera egindakotzat joko dela; eta horretarako dagokion ebazpena emango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 68. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Jakinarazpenak eta zuzenketak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/

Jakinarazpen-sisteman jasota geratuko da zein egunetan eta zer ordutan jarri den interesdunaren esku jakinarazitako egintza. Jakinarazpena egin dela jasota geratu bada, eta jasotzen denetik hamar egun natural igarotzen badira edukira sartu gabe, jakinarazpena baztertu dela joko da eta, prozedurari jarraikiz, izapidea egindakotzat joko da, non eta ez den egiaztatzen, ofizioz edo hartzaileak eskatuta, ezinezkoa izan dela jakinarazpenera sartzea.

8. artikulua.– Eskabideak aztertzea eta ebaluatzea.

Hezkuntza Saileko Azpiegitura, Baliabide eta Teknologia Zuzendaritzako langileek aztertu eta ebaluatuko dituzte aurkeztutako eskabideak. Eskabide horiek egoki ulertzeko eta ebaluatzeko, beharrezkotzat jotzen duten argibide eta agiri osagarri guztiak eskatu ahal izango dituzte une oro.

9. artikulua.– Esleitzeko prozedura eta ebazpena.

1.– Dirulaguntza betekizunak betetzen dituzten eskaera guztiei emango zaie. Guztizko zenbatekoak deialdiaren zuzkidura ekonomikoa gainditzen badu, emakida-ebazpenak zuzkidura hori hainbanatuko du onuradunen artean.

2.– Azpiegitura, Baliabide eta Teknologiako zuzendariak ebatziko du deialdi hau sei hilabeteko epean, deialdia EHAAn argitaratzen denetik hasita. Ebazpena EAEko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoko iragarki-oholean argitaratuko da (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/), eta hurrengo egunetik aurrera izango du jakinarazpen-balioa. Halaber, EHAAn ere argitaratuko da, informatzeko asmoz soilik.

Sei hilabete igaro eta inolako ebazpenik eman edo jakinarazi ez bada, eskabidea ezetsi dela ulertu beharko du pertsona edo erakunde interesdunak; nolanahi ere, organo eskudunak berariazko ebazpena eman beharko du nahitaez.

3.– Azpiegitura, Baliabide eta Teknologiako zuzendariaren Ebazpenak ez du administrazio bidea agortzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordeari, hilabeteko epearen barruan, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera.

10. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko modua.

1.– Dirulaguntza onartu dela joko da, baldin eta hamar eguneko epean interesdunak berariaz uko egiten ez badio.

2.– Pertsona onuradunei bi zatitan ordainduko zaie dirulaguntza:

a) Lehenengo ordainketa 2021 ekitaldiaren kontura egingo da, ekitaldi horretan egindako erosketen gastua laguntza-eskabidearekin batera aurkeztutako fakturen bidez justifikatu ostean.

b) Bigarren ordainketa, berriz, 2022 ekitaldiaren kontura egingo da, 2022an egindako erosketen gastua justifikatu ostean.

11. artikulua.– Justifikazioa.

2022ko urriaren 1etik 15era bitartean, erakunde onuradunek IV. eranskina bidali beharko dute, ikastetxearen titularrak edo ordezkariak sinatuta, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikora, Nire karpeta atalaren bidez (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/), eta, horrekin batera, 2022 ekitaldiaren kontura egindako gastuaren justifikazio-fakturak aurkeztu.

12. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Pertsona eta erakunde onuradunen betebeharrak, oro har, honako hauetan ezarritakoak izango dira: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsi zuen testu bategin hori) eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14.1 eta 46. artikuluetan. Horrez gain, betebehar hauek izango dituzte:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Dirulaguntza esleitzen zaiela jakinarazten duen adierazpena jaso eta hamar eguneko epean onuradunek berariaz eta idatziz uko egin ezean, dirulaguntza onartu dutela ulertuko da.

2.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura eskuratutako dirulaguntzen gainean eskatzen dieten informazioa eman beharko diete.

13. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan aldaketarik gertatuz gero, emandako dirulaguntza aldatu ahal izango da, betiere deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eutsiz. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, hasiera emango zaio itzultzeko prozedurari. Horretarako, Azpiegitura, Baliabide eta Teknologia Zuzendaritzak aldaketa egiteko ebazpena emango du, eman diren dirulaguntzen zenbatekoak doituta.

14. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Emandako dirulaguntzak bateragarriak dira helburu bererako beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako beste batzuekin, betiere finantzazio bikoitzik eragiten ez badute. Hala gertatuz gero, beste dirulaguntza edo laguntza batzuk jaso direla jakinarazi beharko da.

Diruz lagundutako gastuaren aldi bereko finantzazioa gertatzen bada, diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainetik lortutako soberakina itzuli beharko da, eta dagokion berandutze-interesa ere eskatuko da (37.3 DLO).

Sare-Hezkuntza proiektuaren esparruan 2021-22 ikasturterako gailu digitalak erosteko dirulaguntzen deialdia egiten duen Hezkuntza sailburuaren 2021eko irailaren 8ko Aginduarekiko bateragarritasunari dagokionez, ezin izango dira zentroen eskaeretan sartu, deialdi horren bidez zuzenean finantzatu diren gailuak.

15. artikulua.– Ikuskapenak.

Hezkuntza Sailak egokitzat jotzen dituen ikuskapen eta egiaztapenak egin ahal izango ditu, dirulaguntza-deialdia honen baldintzak hobeto ezagutzeko. Alde horretatik, erakunde onuradunek eskatzen zaien informazio osagarri guztia eman beharko dute.

16. artikulua.– Ez-betetzeak.

Enpresa onuraduna Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako kasuren batean egonez gero, Azpiegitura, Baliabide eta Teknologiako zuzendariak, ez-betetze espedientea (non interesdunari entzunaldia emango zaion) egin ondoren, ebazpen baten bidez adieraziko du onuradunak dirulaguntza jasotzeko eskubidea osorik edo partez galdu duela eta jasotako zenbatekoak osorik edo partez itzuli behar dizkiola, berandutze-interesekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, atzemandako ez-betetzearen mailaren proportzioan; betiere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoari jarraituz eta, itzulketa partziala izanez gero, 38/2003 Legearen 37. artikuluan ezarritakoari jarraituz (1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zen). Aipatutako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat joko dira legezko ondorioetarako.

Ez-betetzeari buruzko espedientea elektronikoki izapidetuko da egoitza elektronikoaren bitartez (http://www.euskadi.eus/nirekarpeta/), interesdunak legez beste bideren bat eskatzen duenean izan ezik.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraz, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira epeak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko azaroaren 23a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

I. ERANSKINA
Chromebook eta Windows ordenagailu eramangarrien ezaugarriak
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
Hasierako eskaera
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
FACTURAS
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala