Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

238. zk., 2021eko azaroaren 30a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
6036

EBAZPENA, 2021eko urriaren 28koa, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariarena, zeinaren bidez ezartzen baita oinarri-portua Euskal Autonomia Erkidegoan duen tresna txikiko arrantzaren erroldako artisau-flotaren atseden biologikoa.

Arrantza Politika Erkidearen funtsezko helburuetako bat da itsasoko baliabide biologikoen ustiapen jasangarria bermatuko duen eta ekonomikoki errentagarria izango den flota profesional bat sustatzea, aprobetxamendu ezin hobea ahalbidetuz, eta ustiatutako populazioen oreka biologikoa eta ingurune fisikoaren osotasuna arriskuan jarri gabe. Zentzu horretan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 11ko 1380/2013 zenbakiko Erregelamenduak (EB) Arrantza Politika Erkideari buruzko arau-esparru berri bat ezarri du, baita haren aplikazio-eremua, helburuak eta gobernantza egokirako printzipioak ere.

Ebazpen honen bitartez, atseden biologikoko aldi bat ezartzen zaio Euskal Autonomia Erkidegoan oinarri-portua duen tresna txikiko arrantzaren erroldako artisau-flotari, ontzi horien arrantza-jardunak itsas ingurunean duen eragina murrizten laguntzeko. Ekintza hori aurrez ikusita dago Europako Itsas eta Arrantza Funtsaren 2014-2020 Programa Operatiboan, zeina Europar Batasunaren lehentasunetako bat baita arrantza jasangarria sustatzeko.

Geldialdi biologiko horri esker, arrantza-ahalegina murriztuko da euskal kostaldeko kaletan, eta artisau-flota honen xede diren espezieetako batzuen kimuak ugaltzea erraztuko da. Tresna txikiko arrantzako ontziek garatutako hainbat arrantza-ofizio edo -modalitatetarako errendimenduan, joera negatiboa ikusi da, eta horrek justifikatu egiten du neurri hau ezartzeko beharra, zuhurtasun-printzipioaren arabera.

Itsas Arrantzari buruzko martxoaren 13ko 6/1998 Legearen 10. artikuluan xedatutakoarekin bat, arrantza-agintaritzak baliabideak babesteko eta kontserbatzeko neurriak har ditzake, oinarri jasangarri baten gainean.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen 68/2021 Dekretuak 18.1.c) artikuluan xedatzen duenez, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzaren eskumena da itsas arrantza, itsaski, akuikultura eta arrantza kontinentaleko baliabideen ustiapenak antolatu, kudeatu eta sustatzea.

Hori guztia kontuan hartuta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Atseden biologikoa ezartzea Euskal Autonomia Erkidegoan oinarri-portua duen tresna txikiko arrantzaren erroldako artisau-flotari, 2022ko urtarrilaren 15etik 2022ko otsailaren 15era arte, biak barnean direla.

Bigarrena.– Ukitutako flotak ofizio edo modalitate hauek hartzen ditu: otarreak, mailabakarra, tresmaila, tretza, esku-aparailuak eta kazako aparailuak.

Hirugarrena.– Ebazpen honekin ez da amaitzen administrazio-bidea, eta, beronen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epearen barruan, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urriaren 28a.

Arrantza eta Akuikulturako zuzendaria,

LEANDRO AZCUE MUGICA.


Azterketa dokumentala