Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

232. zk., 2021eko azaroaren 22a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

LAN ETA ENPLEGU SAILA
5911

AGINDUA, 2021eko azaroaren 10ekoa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita izendapen askeko sistemaren bidez lanpostu hau betetzeko deialdi publikoa: Gipuzkoako Lan eta Gizarte Segurantzako lurralde-ordezkaria, 511786 kodea, 8 dotazioa.

Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 46.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, «Gipuzkoako Lan eta Gizarte Segurantzako lurralde-ordezkaria» lanpostua hutsik dagoenez (kodea: 511786; dotazioa: 8), eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak aldeko txostena eman ondoren, sail honek erabaki du eranskinean zehazten den lanpostua izendapen askeko prozeduraren bidez beteko dela.

OINARRIAK

Lehenengoa.– Parte hartu ahal izateko baldintzak.

1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako karrerako funtzionarioek, Lanpostuen Zerrendan ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte (eranskinean zehaztatuta daude).

Aipatutako langileek, edozein administrazio-egoeratan egonda har dezakete parte deialdi honetan, honako egoera hauetan izan ezik:

a) Eginkizun-gabetze irmoa duten funtzionarioek ezingo dute parte hartu, egoera horrek dirauen bitartean.

b) Norbere kontuetarako edo familia elkartzeko eszedentzian egonik, lanera itzuli baino lehen, eszedentzian egon beharreko denbora bete ez duten langileek.

2.– Orobat, parte hartu ahal izango dute beste administrazio publiko batzuetako karrerako funtzionarioek, irakaskuntzako eta Justizia Administrazioko karrerako funtzionarioek bai eta erakunde sanitarioetako estatutupeko langile finkoek ere, betiere espresuki ezartzen bada langile mota horrek betetzeko moduko lanpostua dela, eta, hortaz, zehazki identifikatzen bada dagokion kodearekin, agiri honen eranskinean zehaztukoarekin bat etorriz.

Langile horiek deialdi honetan parte hartu ahal izango dute, betiere Lanpostu Zerrendan ezarritako baldintzak egiaztatzen badituzte eta zerbitzu aktiboko administrazio-egoeran edo jatorrizko administrazioan lanpostua gordetzea dakarren administrazio egoeran badaude, non eta ez duten 6 hilabetetik beherako eginkizun-gabetze behin-behinekoa edo irmoa.

Bigarrena.– Eskabideak.

Eskatzaileek, datu pertsonalak eta gaur egungo destinoa zehaztuta, Lana eta Enplegu Sailean langileen gaietan eskumena duen zuzendaritzara bidali beharko dituzte eskabideak, 15 egun balioduneko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Hirugarrena.– Betekizunak eta merezimenduak.

Parte hartzeko eskabideari curriculum vitaea erantsiko zaio, eta, hor, datu pertsonalak eta zein talde, azpitalde edo kidegotakoa den zehazteaz gain, beste hauek ere jasoko dira:

a) Tituluak.

b) Administrazio Publikoan zein, hala badagokio, enpresa pribatuan betetako lanpostuak, batez ere lehiatzen den lanpostuaren antzeko funtzioak dituztenak.

c) Egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna.

d) Jasotako edo emandako prestakuntza-ikastaroak.

e) Hizkuntza-ezagutzak.

f) Eskatutako lanpostuari esleitutako funtzioekin lotuta, jakinaraztea egoki jotzen den bestelako merezimendu guztiak.

Eskabidearekin batera, eskatzen diren betekizunen eta aurkeztutako merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte hautagaiek, Langileen Erregistroan ez badaude.

Hautagaia deitutako lanpostuaren funtzioetara ongi egokitzen dela bermatze aldera, deialdi egin duen organoari aukera ematen zaio hautagaiak alegatu dituen merezimenduak egiaztatzeko egoki jotzen dituen bitartekoak erabil ditzan; elkarrizketa pertsonala edo proba egin dezake horretarako, edo Giza Baliabideen Zerbitzuko organo teknikoen txostenak eskatu.

Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen diren datan bete behar dira eskatutako betekizunak, eta esleitutako lanpostuez jabetu arte eutsi behar zaie. Parte hartzeko baldintzak betetzen jarraitzen ez duten parte-hartzaileek ezin izango dute esleitutako lanpostua jabetzan hartu.

Laugarrena.– Ebazpena.

Deialdi hau Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuaren Agindu baten bidez ebatziko da eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik gehienez hilabeteko epean. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Lanpostua lortzen duen pertsonak, ezarritako epearen barruan hartu beharko du jabetzan lanpostua, eta, hala badagokio, aurreko lanpostuaren titulartasuna galduko du.

Agindu hori arrazoitzeko, azalduko da, batetik, aukeratutako hautagaiak betetzen dituela deialdian eskatutako betekizunak eta zehaztapenak eta baduela izendapenerako behar den gaitasuna, eta, bestetik, aukeratutako hautagaia egokia dela beste hautagaien aldean (baldin badaude), merezimenduak konparatuta (eta, hala badagokio, elkarrizketaren edo probaren emaitza ikusita), betiere indarrean dagoen legeriak eta Lanpostu Zerrendak lanpostuari esleitutako zereginen ikuspegitik.

Deialdia hutsik geratu dela deklaratu ahal izango da, hautagaietatik batek ere ez badu kasuan kasuko lanpostua betetzeko merezimendu nahikorik.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke agindua eman duen organoari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko azaroaren 10a.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.

ERANSKINA

Deitutako lanpostua:

– Izena: lurralde-ordezkaria.

– Kodigoa: 511786.

– Dotazioa: 8.

– Kokapena: Gipuzkoako Lan Ordezkaritza.

– Lan eta Enplegu Saila.

– Helmugako herria: Donostia / San Sebastián.

– Taldea: 0-A.

– Gorputza: X01EU

– Lanpostu Osagarria: 29.

– Berariazko osagarria: 0-A.

– Hizkuntza-eskakizuna: 3.

Lanpostuak betetzeko baldintzak:

– Estatuko edozein administrazio publikotako a kidegokoa izatea.

– Estatuko edozein administrazio publikotako a kidegoko karrerako funtzionario gisa jarduneko zerbitzuan, zerbitzu berezietan edo seme-alabak zaintzeko eszedentzian egotea.

Era berean, prozedura honen bidez jarduneko zerbitzura itzuliz, aipatutako kidegoetako karrerako funtzionarioek, nahitaezko eszedentzian, beste administrazio publiko batzuetako zerbitzuetan eta borondatezko etendura edo eszedentzian daudenek parte hartu ahal izango dute, baldin eta egoera horietarako ezarritako iraupen-denbora bete badute.


Azterketa dokumentala