Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

230. zk., 2021eko azaroaren 18a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5882

EBAZPENA, 2021eko urriaren 29koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Derioko (Bizkaia) Lantegi egikaritze-unitatearen (11EU) Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2021eko uztailaren 8an, Derioko Udalak eskabidea osatu zuen ingurumen-organoaren aurrean, Derioko Lantegi egikaritze-unitatearen (11EU) Hiri Antolamenduko Plan Bereziari (aurrerantzean, Plana) buruzko ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola, Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2021eko irailaren 22an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, ebaluazioaren da helburua ingurumenean ondorio esanguratsuak eragin ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko.

Lantegi egikaritze-unitatearen (11EU) Hiri Antolamenduko Plan Berezia abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aipatutako kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin esanguratsurik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin esanguratsuak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdietara doitzen dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen ala ez aztertzen da, eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana garatzeko eta ingurumena behar bezala babesteko.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Derioko Lantegi egikaritze-unitatearen (11EU) Hiri Antolamenduko Plan Berezirako (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Plan berezi honen eremua industria-lurzoru finkatu gisa jasotzen dute Derioko udalerrian indarrean dauden arau subsidiarioek; eremu horietan, eraberritzeko eta finkatzeko obrak edo ordezkatzeko eta eraikuntza berriak egiteko obrak egin daitezke.

Plan Bereziaren xedea da eremuaren antolamendu xehatua aldatzea, Lantegi egikaritze-unitateko 7900 m2-ko lurzatian kirol- eta jolas-zerbitzuen azpiegitura bat ezarri ahal izateko. Horretarako, hirigintza-parametro hauek aldatu behar dira:

– Berezko erabilera aldatzea, egikaritze-unitatean honako kategoria hauek ahalbidetzen dituen ekipamendua erabiltzeko aukera emanez:

E.1: Erlijiosoa.

E.3: Kirolak.

E.6: Soziokulturala.

E.9: Aisialdia, aisia eta ikuskizunak.

E.10: Asoziatiboa.

– Gailurraren gehieneko altuera aldatzea egungo pabiloiaren gune batean, 24 metroko altuerara igota. Horrela, altuera-ezaugarri oso espezifikoak dituzten kirol-jarduerak instalatu ahal izango dira, hala nola, rokodromo bat.

Eraikinak, gainera, padel pistak eta horiei lotutako beharrezko instalazioak (aldagelak eta atsedenlekuak), kafetegia eta terraza izango ditu. Pabiloiak 10 metroko altuera izango du, rokodromoaren zatiak izan ezik, hark 21 metroko altuera izango baitu.

Hiri-antolamenduko plan berezi hau da eragiketa horretarako legez gaitutako tresna, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 70. artikuluak ezartzen duen bezala.

B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta bat etorriz abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenetan barne: plana bateragarria da hierarkikoki goragoko mailakoak diren lurralde-plan, plan sektorial eta hirigintza-planekin. Era berean, Planaren irismena eta ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-ondorio adierazgarririk izango beste plan edo programa batzuetan.

Horri dagokionez, adierazi behar da Plana Bilboko Aireportuko zortasun aeronautiko eta erradioelektrikoko eremuan dagoela, eta, beraz, beharrezko baimen espezifikoan xedatutakoa beteko dela.

c) Plana egokia den ingurumen-arloko alderdiak barne hartzeko, bereziki, garapen jasangarriaren sustapena: Plana egokia da garapen jasangarria sustatzera bideratutako ingurumen-alderdiak barne hartzeko, proposatutako aldaketak hobetu egiten baitu aprobetxamendua hiri-bilbe batean kokatuta dagoen lurzati batean; horrela, garatu gabe dauden beste eremu batzuk ez okupatzea ahalbidetzen da.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: ez da hauteman planaren ondoriozko ingurumen-arazo esanguratsurik, betiere, besteak beste, segurtasun eta osasun, ingurumen, hondakinen kudeaketa, lurzoru kutsatuak, kutsadura akustiko eta abarren alorrean indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira eraginpeko eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europako nahiz Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

2.– Ondorioen eta ondorio horiek nozitu ditzakeen eremuaren ezaugarriak:

Lantegi egikaritze-unitatea Derioko udalerrian dago, hegoaldean dagoen industrialdean, Neinver eta Ugaldeguren poligonoen artean. Mugak: iparraldean, Astintza kalea; hegoaldean, Asua ibaia; ekialdean, Lobaibaia kalea, eta mendebaldean, Neinver jarduketa-eremuko industria-poligonoa. Lantegi egikaritze-unitatean jarduketaren xede diren eraikinak Astintze kaleko 4 zenbakia eta Lobaibaia kaleko 2, 4, 6, 8 eta 10 zenbakietakoak dira.

Asua ibaia kokalekuaren hegoaldetik iragaten da, baina ez da Planak mugatutako azaleraren zati. Plan honen xede den egikaritze-unitatea polizia-gunearen barnean eta ibilguaren zortasun-eremutik kanpo dago. Ibilguan erriberako baso antropikoa dago, eta espezie exotikoak daude (Cortaderia selloana) egikaritze-unitatearen eta ibaiaren artean.

Jarduketaren xede den lurzatian ez dago landaretzarik, guztiz urbanizatuta baitago. Asua ibaiaren inguruan, ibaiertzeko basoa dago, ibaia kanalizatzera egokitutako tamaina duena.

Eremuan ez da mehatxatutako flora-espezierik edo fauna-espezierik hautematen. Asua ibaiaren ibilgua, gunetik iragatean, «hobetu beharreko eremu» gisa katalogatzen da bisoi europarraren (Mustela lutreola) zabaltze potentzialerako, Bizkaiko Lurralde Historikoan Mustela lutreola (Linnaeus, 1761) Bisoi Europarraren Kudeaketa Plana onartzen duen ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuaren aplikazio-eremuan.

Lurzatia kokatuta dagoen paisaiak balio estetiko baxua du.

Ez da detektatu ingurumen-arloko beste baldintzatzaile adierazgarririk: ez du loturarik inongo naturagune babesturekin, natura-intereseko gainerako eremuekin edo EAEko korridore ekologikoen sareko elementuekin, ez eta Batasunaren intereseko habitatekin ere. Ez dago interes geologikoa duen lekurik. Era berean, ez dago kultura-ondareko elementu kalifikatu edo inbentariaturik. Eremuak ez du uholde-arriskurik, eta akuiferoak kutsatzeko zaurgarritasun baxuko gune batean dago kokatuta.

Bestalde, eremuarekin lotuta dagoen arrisku nagusia da kutsatuta egon daitekeen lurzoru gisa inbentariatuta egotea, Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzko irailaren 30eko 165/2008 Dekretua kontuan hartuta (48901-00014 kodea).

Ez da planteatzen ingurumen-ondorio esanguratsurik natura-alderdi interesgarrietan, eremuak ez baitu ezaugarri horiek dituen elementurik.

Ingurumen-ondorioak Planetik eratorritako ekintzek eragingo dituzte. Ekintza horiek eraikinaren altuera igotzeko eraikuntza-obrak izango dira, baita eraikinaren erabilera-aldaketari lotutakoak ere.

Hauek izango dira obrak:

– Obra egin aurreko lanak: hesiak, sarbideak eta seinaleak jartzea.

– Estalkia moztea, hormak altxatzea eta estalkia birkokatzea.

– Pabiloiaren barrualdea birgaitzeko lanak.

Obra-fasean, hainbat inpaktu sortuko dira, Planaren eremua eta xedea kontuan hartuta. Inpaktu esanguratsuenak kutsadura akustikoarekin, isuri atmosferikoekin (partikulak, zaratak) eta hondakinak sortzearekin lotutakoak izango dira. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, obrak egiteko ez da lur-mugimendurik aurreikusten.

Ustiapen-fasean, nabarmentzekoak izango dira kanpoko zarataren gaia (bertan, giro-musikadun terraza bat jarriko da, jardueraren mugen mailak ez gainditzeko behar adinako maila izango duena) eta aurreikusitako trafikoa handituko dela. Era berean, ustiapen-fasean paisaiaren gaineko eragina neurrizkoa izango da.

Plan Berezirako aurkeztutako inpaktu akustikoari buruzko azterlanaren konklusioetatik ondorioztatzen da betetzen direla kalitate akustikoaren helburuak, bai gaur egun (pabiloietako batean oraindik dagoen industria-jarduera kontuan hartuta), bai etorkizunean, egunez eta arratsaldez, orduan aurreikusten baita pabiloian jarduera egitea.

Ondorioz, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasun-neurriak eta aurrerago zehazten diren prebentzio- eta babes-neurriak eta neurri zuzentzaileak aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean ondorio esanguratsurik izango dutenik, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri esanguratsurik izan ez dezan eta Derioko Lantegi egikaritze-unitatearen (11EU) Hiri Antolamenduko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, baldin eta ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak esandako Planean txertatzen badira, betiere.

Planak hartu beharreko zehaztapenen artean, nabarmendu behar da, lurzorua kutsa dezakeen jarduera bat jasan duen lurzati bat denez eta Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak adierazten duen bezala, lurzoruaren kalitatearen adierazpena izapidetu beharko dela, baldin eta lege horren 23. artikuluan jasotako egoeraren bat gertatzen bada. Lurzoruaren kalitatearen adierazpena Plana behin betiko onartu aurretik egin beharko du ingurumen-organoak. Hala ere, lurzoruaren kalitatea ikertzea eragozten duten inguruabarrak gertatzen badira kokaleku horretan guztian edo zati batean, kasuan kasuko antolamendu-bitartekoa behin betiko onartu ahal izango da, lurzoruaren kalitatea deklaratu gabe. Kasu horretan, Hirigintzako Ekintzen Programari hasierako onespena eman aurretik egin beharko da adierazpen hori, edo, horrelako programarik ezean, kokalekua barne hartzen duen kudeaketa-esparruko birpartzelazio- eta urbanizazio-proiektuei hasierako onespena eman aurretik. Hori guztia, hargatik eragotzi gabe ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 25. artikuluan xedatutakoa.

Neurri babesleak eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen duen ebazpen honetan adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, bat etorriz ingurumen-dokumentu estrategikoan eta eremua antolatuko duten planetan jasotakoarekin.

Bestalde, eraikuntza-proiektua egikaritzeko prozesuan aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Entregatutako dokumentazioan aipatutako beste batzuen artean, honako neurri hauek hartu beharko dira:

– Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteko neurriei buruz:

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Halaber, egunez lan egingo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Hondakin-sorrera eta -kudeaketari buruz:

Hondakin-kudeaketari buruzko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakin-sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada soilik deuseztatu ahal izango dira.

Obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.

Gainera, obrako hondakinak birziklatzeari dagokionez, eraikuntzan eta eraikingintzan baliabideak beren bizi-ziklo osoan zehar modu efizienteago batean erabiliko direla sustatzeko (bereziki obrak amaitutakoan hondakinak aprobetxatzea), jarraian aipatzen direnak sustatu beharko dira, honako hurrenkera honetan: eraikuntza- eta eraispen-hondakinen prebentzioa, berrerabiltzea, birziklatzea eta beste balorizazio-modu batzuk, eta, hala badagokio, ezabatze-eragiketen trataera egokia. Horretarako, bermatu egin beharko da obra-proiektuaren eraikuntza- eta eraispen-hondakinak gai honi buruzko arauen arabera sortu eta kudeatzen direla.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete behar dituzte (errege-dekretu horren bidez, hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko araudia onartzen da), eta itxita egon beharko dute baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

Olio erabiliak kudeatzeko, hauetan xedatutakoa beteko da: Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua, eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzeko irailaren 29ko 259/1998 Dekretua.

– Hargatik eragotzi gabe Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Departamenduari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

– Hala badagokio, flora aloktono inbaditzailearen aztarna oro ezabatuko da jarduera-eremuan. Halaber, tokiko biodibertsitatea sustatuko duten lorezaintza eta paisajismoa sustatzeko helburuarekin –jasangarritasun-irizpideei lehentasuna emanez, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko–, Udalsarea21 koadernoa, 20b zk. erabiltzea gomendatzen da. «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua», Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila.

– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriago baterako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren gida» dokumentuan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, honako alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

– Urbanizatu beharreko gune berrietan kontsumo baxuko argiztatze-sistemak erabiltzeko aukera aztertu beharko da, argiaren kutsadura saihesteko eta energia aurrezteko.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Derioko Lantegi egikaritze-unitatearen (11EU) Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri esanguratsurik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Derioko Udalari ebazpen honen edukia jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondoreak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Derioko Lantegi egikaritze-unitatearen (11EU) Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urriaren 29a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala