Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

225. zk., 2021eko azaroaren 12a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
5767

231/2021 DEKRETUA, azaroaren 2koa, Euskadiko Prezioen Batzordea arautzen duen Dekretua aldatzekoa.

Euskadiko Prezioen Batzordea kide anitzeko organoa da, eta haren helburua da autonomia-erkidegoko administrazioaren baimen- eta komunikazio-araubideei lotutako prezio publikoak onartu eta aldatzeko egitekoak garatzea.

Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak) Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari esleitzen dio prezioen politikaren arloko eskumena. Lehenago, ogasun- eta finantza-arloko sail eskudunak zuen esleituta eskumen hori.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari atxikitzeko, batzorde horren osaera berriz egituratu behar da. Egituran izandako aldaketa horien ondorioz, aipatutako batzordearen osaera egokitu nahi da.

Era berean, agerian geratu da indarrean dagoen araudiaren alderdi batzuk hobetu eta egokitu egin behar direla, batez ere bileretara deitzeko aldizkakotasuna eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legera egokitzea. Izan ere, lege horren arabera, administrazio publikoek, beren artean eta beren organoekin, organismo publikoekin eta haiei lotutako nahiz haien mendeko entitateekin harremanetan jartzeko, baliabide elektronikoak erabiliko dituzte, haietariko bakoitzak hartutako sistema eta konponbideen elkarreragingarritasuna eta segurtasuna ziurtatuta; gainera, datu pertsonalen babesa bermatuko dute.

Horiek horrela, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2021eko azaroaren 2an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Aldatu egiten dira Euskadiko Prezioen Batzordea arautzen duen otsailaren 2ko 35/2010 Dekretuaren manu hauek:

Lehenengo artikulua.– Aldatu egiten da otsailaren 2ko 35/2010 Dekretuaren 1. artikuluaren b) apartatua. Honela geratzen da idatzita:

«b) Lau bokal, gai hauetan eskumena duten sailetako sailburu titularrak izendatuak: prezio-politika, kontsumoa, garraioa eta mugikortasuna eta toki-araubidea».

Bigarren artikulua.– Aldatu egiten da otsailaren 2ko 35/2010 Dekretuaren 1. artikuluaren 2. apartatua. Honela geratzen da idatzita:

«Batzordeko kideen agintaldia lau urtekoa izango da gehienez, eta berriz aukeratu ahal izango dira aldi bererako.

Euskadiko Prezioen Batzordeko kideek honako arrazoi hauengatik utziko dute kargua:

a) Haien izendapena ekarri zuen kargua uzteagatik.

b) Agintaldia amaitzeagatik.

c) Legez edo erregelamenduz ezarritako beste edozein arrazoirengatik».

Hirugarren artikulua.– Aldatu egiten da otsailaren 2ko 35/2010 Dekretuaren 2. artikulua. Honela geratzen da idatzita:

«Euskadiko Prezioen Batzordearen eskumenak izango dira hauek:

a) Dekretu honen I. eranskineko zerrendan dauden baimendutako prezioen arloan egindako eskabideak ebaztea.

b) Dekretu honen II. eranskineko zerrendan dauden prezio jakinarazien araubidea.

c) Tributuz kanpoko ondare-prestazio publikoak onartzen dituzten toki-erakundeen ordenantzak onartzeko nahitaezko txostena egitea.

d) Gai horretan indarrean dagoen araudiak eman diezaiokeen beste edozein».

Laugarren artikulua.– Aldatu egiten da otsailaren 2ko 35/2010 Dekretuaren 3. artikuluaren 1. apartatua. Honela geratzen da idatzita:

«Euskadiko Prezioen Batzordea, batzordeburutzak deialdia egin ondoren, bere eskumeneko gaiak ebazteko beharrezkoa denean bilduko da, eta, betiere, urtean bitan gutxienez».

Bosgarren artikulua.– Aldatu egiten dira otsailaren 2ko 35/2010 Dekretuaren 4. artikuluaren 1. eta 2. apartatuak. Honela geratzen dira idatzita:

«1.– Batzordea lehenengo deialdian behar bezala eratzeko, hitza eta botoa duten kideen gehiengo osoak bertaratu beharko du, eta haien artean nahitaez egon beharko dute batzordeburuak eta idazkariak.

Bokal titularrak ezin badira etorri –justifikatuta egon beharko du–, ordezko bokalek ordezkatuko dituzte.

2.– Quorumik ez badago, Batzordea bigarren deialdian eratuko da, lehenengo deialdirako jarritakoa baino hogeita lau ordu geroago, betiere hitza eta botoa duten kideen herena badagoenean gutxienez; horien artean nahitaez egon behar dute batzordeburuak eta idazkariak».

Seigarren artikulua.– Kendu egiten da otsailaren 2ko 35/2010 Dekretuaren 4. artikuluaren 3. apartatua.

Zazpigarren artikulua.– Aldatu egiten da otsailaren 2ko 35/2010 Dekretuaren 8. artikulua. Honela geratzen da idatzita:

«1.– Tarifak edo prezioak berrikusteko eskabideak edo jakinarazpenak prezio-politikaren eskumena duen zuzendaritzan aurkeztuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan.

2.– Eskabidea aurkeztu ondoko izapideak "Nire karpeta" gunean egingo eta jakinaraziko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta).

3.– Datuak arau hauetan ezarritakoaren arabera tratatuko dira: (EB) 2016/679 Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa; eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

4.– Euskadiko Prezioen Batzordeak gaiaren arabera egokitzat jotzen dituen sail eta organismoei bidali ahal izango die aurkeztutako espedientea, txostena egin dezaten».

Zortzigarren artikulua.– Aldatu egiten da otsailaren 2ko 35/2010 Dekretuaren 9. artikuluaren 3. apartatua. Honela geratzen da idatzita:

«3.– Hiru hilabete igaro badira espedientea prezio-politikaren eskumena duen zuzendaritzan sartu zenetik eta Euskadiko Prezioen Batzordeak ez badu horren gaineko erabaki espresurik hartu, tarifak onartu egin direla ulertuko da.»

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko azaroaren 2an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.


Azterketa dokumentala