Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

223. zk., 2021eko azaroaren 10a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
5732

AGINDUA, 2021eko azaroaren 2koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez laguntza-deialdia iragartzen baita Irale programaren baitan 2021. urtean irakastordu barneko ikastaroren batean jarduteko irakasleak liberatu dituzten ikastetxe pribatu edo gizarte-ekimenezkoentzako.

Hezkuntza Sailburuordetzak 2021-2022 ikasturterako agindua argitaratua du formatu elektronikoan (www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus/euskara), eta, han, aukera ematen zaie ikastetxe pribatuetako irakasleei irakastordu barneko ikastaroetan parte hartzeko.

Horregatik, kontuan hartu dira honako lege eta dekretu hauek: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskadiko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. tituluko xedapenak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren esparruan dirulaguntzak emateko moduari buruzkoak; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta lege hori garatzen duen eta dirulaguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenak; era berean, erabilgarri dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira, agindu honetan ezarritako irizpideei jarraikiz. Hori guztia kontuan izanik, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Agindu honen xedea da laguntza-deialdia iragartzea 2021. urtean Irale programaren irakastordu barneko ikastaroren batean ikasketari gisa aritu den irakaslerik izan duten ikastetxe pribatu edo gizarte-ekimenezkoentzako, aipatu irakasleen ordezkapenek sortutako gastuei aurre egiten laguntzeko asmoz. Honetarako, 628.010,86 euroko diru-partida erabiliko da Euskal Autonomia Erkidegoko 2021. urterako aurrekontuetatik.

Dirulaguntza epealdi bakarrean banatuko da, ebazpen baten bidez argitaratuta.

2. artikulua.– Onuradunak.

Honako hauek parte hartu ahal izango dute deialdi honetan:

a) 2021. urtean (iraila-abendua) irakastordu barneko ikastaroetarako Hezkuntza Administrazioak liberazioak ematerakoan irakasle bat edo gehiago onartu zaizkien ikastetxe pribatuek edo gizarte-ekimenezkoek.

b) Aipaturiko ikasketariak liberatuak izateko, ikastetxe pribatuek edo gizarte-ekimenezkoek dagokion ikastetxeko zuzendariaren adostasuna izan behar dute.

3. artikulua.– Ikastetxeek parte hartzeko baldintzak.

Ikastetxe parte-hartzaileek dirulaguntza eskatu ahal izango dute baldin eta, adierazitako epean, irakasle batek edo gehiagok eskatu badu irakastordu barneko ikastaroren batean parte hartzea.

Gainera, honako errekerimendu hauek bete beharko dituzte deialdi honetan parte hartzen duten ikastetxe pribatuek edo gizarte-ekimenezkoek:

a) Dirulaguntzak eta laguntzak eman eta, hala badagokio, ordaindu ahal izateko, ezinbestekoa izango da izapidetzen ari datekeen itzultze- edo zehatze-jardunbidea bukatuta egotea, baldin eta laguntza eta dirulaguntzok Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen eremuan badaude.

b) Ezin izango dute agindu honetan araututako dirulaguntzen eta laguntzen deialdietara aurkeztu, zehazpenak ezarritako aldian, penal- edo administrazio-arloko zehapena jaso duten, eta, horren ondorioz, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu duten edo horretarako ezgaitzen duen lege-debeku baten eraginpean dauden pertsonek edo erakundeek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera, sexu-diskriminazioan erori izanagatiko lege-debekuak barne.

c) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean izan behar dituzte dirulaguntza eskatzen duten entitateek.

Deialdiaren kudeaketa-organoa arduratuko da eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela ziurtatzeaz, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak arautzen duen bezala.

Dirulaguntzaren onuradun izateko, nahitaezko baldintza izango da egunean egotea (bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzean, bai dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharrak ordaintzean), emandako dirulaguntza likidatu arte. Horrenbestez, dirulaguntza eman eta ordainketak egiten direnean egiaztatuko da baldintza hori betetzen dela.

d) Aurreko paragrafoetan aipatutako datu edota eskakizunei dagokienez, eskatzaileak espresuki uko egin ahal izango dio baimena emateari. Kasu horretan, eskatzaileak berak aurkeztu beharko ditu dagozkion agiriak.

e) Ekimen honetarako, beste erakunderen baten dirulaguntza jasoko balu ikastetxeak, horren azalpen zehatza egin beharko du eskabide-orriari erantsitako orri batean. Edozein modutan, dirulaguntzen baturak ezingo du gastuaren % 100 gainditu. Horretarako, behar den neurrian murriztuko da legokiokeen dirulaguntza.

f) Oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluak dioena aplikatuko da.

4. artikulua.– Dirulaguntzaren xedea.

Hezkuntza Sailak deialdi honen bidez eskaintzen duen dirulaguntza irakastordu barneko ikastaroetarako da. Irakasle baten ordezkoari zer dirulaguntza dagokion irakasle horren irakasmailak eta ordezkapen-kontratuaren iraupenak erabakitzen dute.

(Ikus .PDF)

5. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Dirulaguntza hori lanaldiaren proportzioan emango da, ordezko irakaslea egun osoz hartu ordez denbora gutxiagorako kontratatzen den kasuetan.

Liberatuta egon den ikasketariak baja-aldirik badu, Iralek ikastetxeari ez dio pertsona horren ordezkapen-gasturik ordainduko baja-aldian.

Gizarte Segurantzak ordaintzen duen zatia ez du deialdi honek estaliko.

6. artikulua.– Ordaintzeko modua.

Ordezko irakaslearen lan-hitzarmenak dioenari jarraikiz ordainduko dio ikastetxeak, eta kontratuan ezarritako maila profesionalari dagokiona izango da ordaindu beharreko kopurua.

Plazaren jabeak eta ordezko irakasleak titulazio berdina izango dute, edo bateragarria.

Ordezkapen-aldia Iralera doan titularraren liberazio-aldiaren parekoa izango da, gehienez, eta irakasle baten bidez edo batzuen artean egin ahal izango da aipaturiko ordezkapena.

Iraleko ordezkoari bitarteko lan-kontratu bat egingo zaio, irakasle erlijiosoen kasuan izan ezik. Lan-hitzarmen mugagabea duten irakasleak kasu hauetan onartuko dira:

a) Aurreko ikasturtetik ikastetxean gelen kopurua murriztu egin denean, baina irakasleen kopurua mantendu.

b) Ikastetxeak, lanaldia gehitzeko helburuz, irakasleak lanaldi partzialean dituenean.

7. artikulua.– Dirulaguntzen ikastetxe onuradunen betebeharrak.

Betebehar hauek dituzten deialdi honetako dirulaguntzen ikastetxe onuradunek:

a) Dirulaguntza onartzea. Jasoko den dirulaguntzaren berri izan eta 15 eguneko epean dirulaguntza horri idatziz uko egiten ez bazaio, laguntza hori onartutzat hartuko da.

b) Eman den xede zehatzerako erabiltzea dirulaguntza.

c) Deialdi honen bidez jasotako dirulaguntzen inguruan Ekonomia Jarraipenerako Bulegoak edota Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren egitekoak betez, eska dezaketen informazio oro eskaintzera behartuta dago laguntza-jasotzailea.

d) Oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluak dioena aplikatuko da.

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

Hamabost egun naturalekoa izango da ikastetxeak dirulaguntzetarako eskabideak aurkezteko epea, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera. Eskabide-orria bete ondoren, modu elektronikoan, https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0035316 Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko egoitza elektronikoan aurkeztuko da. Honako xedapen hauek arautzen dute izapidetze elektronikoa: 21/2012 Dekretua, otsailaren 21ekoa, administrazio-prozeduretan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duena, eta Informatika eta Telekomunikazioen zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena, E-administraziorako Platea plataforma teknologikoa onartzen duena.

1.– Eskabide-orria Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragai (https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2021/irale-pribatuak/y22-izapide/eu).

2.– Izapideak egiteko azalpenak, eskabide-orriak eta gainerako agiriak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragai (https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2021/irale-pribatuak/y22-izapide/eu).

3.– Eskaera egin ondorengo izapideak (kontsultak, agiriak aurkeztea, etab.) helbide honetatik egin beharko dira: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Era berean, elektronikoki izapidetu ahal izango da ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordetzeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honen bidez: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

9. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

2021-2022 ikasturteko 1. txandan (hau da, 2021eko irailetik abendura) irakasleak liberatuta izan dituzten ikastetxeek ordezko irakaslearen kontratuaren kopia erantsi beharko diote eskabideari.

Dokumentazioa behar den epean aurkeztu ezean, Hezkuntza Sailak ez dio ikastetxe horri dirulaguntzarik emango.

10. artikulua.– Dokumentazioa zuzentzea.

Dirulaguntzaren eskabidea behar bezala beteta ez badago edo atxiki beharreko dokumentazioa falta dela ikusiz gero, interesdunari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean osatzeko edo beharrezkoak diren dokumentuak aurkezteko. Epe horretan zuzenketa egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko da. Horretarako, aurretiaz ebazpena eman beharko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan aurreikusitako baldintzekin bat etorriz.

Akatsak zuzentzeko jakinarazpena elektronikoki egingo da. Jakinarazpenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «nire karpeta» atalean kontsultatu beharko dira, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta helbidean.

Interesdunak jakinarazpenaren jasotze-agiria elektronikoki sinatzen duenean, jakinarazpena egintzat joko da. Jakinarazpena bidali eta hamar egun naturaleko epean interesduna ez bada edukira sartu, jakinarazpena ezetsitzat joko da, eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta, ofizioz edo hartzaileak eskatuta, egiaztatzen bada ezinezkoa dela teknikoki edo materialki sartzea.

Aurrekoari kalterik egin gabe, egindako jakinarazpenen oharrak egin ahal izango dizkie kudeaketa-organoak interesdunei, SMS mezu edo posta elektronikoaren bitartez. Mezuok eskabidean adierazitako telefono mugikor eta posta elektronikoaren kontuetara bidaliko dira. Nolanahi ere, abisu horiek ez dute jakinarazpen baliorik izango.

11. artikulua.– Kudeaketa organoa.

Hezkuntza Saileko Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzari dagokio laguntza-deialdi hau kudeatzea.

Dirulaguntzak ematean, Iraleren irakastordu barneko hautaketa-irizpideak kontuan hartu beharko ditu agindu honek. Hori dela-eta, sailak kontuan izango ditu esparru horretako ikasketarien lehentasun-irizpideak, eta adostasun-puntuak eskuratzen saiatuko da ikastetxe pribatuetako edo gizarte-ekimenezko ikastetxeetako ordezkari adituekin batera. Horretarako eratua dago sare pribatuko euskalduntze alorreko jarraipen-batzordea (Jarraiba); hauek dira partaideak:

Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendaria, buru.

Euskara eta Eleaniztasunerako Zerbitzuaren burua.

Euskara eta Eleaniztasunerako Zerbitzuko Irale programaren arduraduna, idazkari.

Patronalaren ordezkariak.

Unibertsitateaz kanpoko eskola-sare pribatuko sindikatuen ordezkariak.

Adierazitako batzordeen araubide juridikoari dagokionez, idazkariak boto eskubidea izango du.

Jarraipen-batzordearen osaera EHAAn argitaratuko da.

12. artikulua.– Programa edo jarduera bakoitzaren baldintza zehatzak.

Hezkuntza sailburuaren 1994ko urtarrilaren 28ko Aginduaren 4. atalaren 3. puntuak xedatzen duenez (1994ko otsailaren 11ko EHAA), Hezkuntza Sailak ezarri ditu programa edota jarduera bakoitzaren baldintza zehatzak, eta aginduz jakinarazi. Horien arabera, 2021-2022 ikasturterako aginduan (Hezkuntzako sailburuaren 2021eko apirilaren 14ko Agindua, zeinaren bidez deialdia egiten baita Irale programaren 2021eko udako eta 2021-2022 ikasturteko ikastaroetarako, eta ikastarook egiteko plazak esleitzeko prozedura ezartzen baita) ezarritakoa izango da 2021. urtean egin beharreko liberazio-txandaren iraupena edota, bestela, bertan adierazten den moduan, hori eguneratzen duen edozein arautan adierazten den hainbatekoa.

13. artikulua.– Liberatuta dagoen irakasleak bete beharreko baldintzak.

Irale programaren bidez irakastordu barnean liberatuta dagoen irakasleak ez du aldi horretan irakasletzan jardungo, eta bere ikastetxeak ezin izango dio diru-kopururik kendu bere soldatatik.

14. artikulua.– Lehentasun-irizpideak.

Ikasketarigaien kopurua 2021eko dirubideek onar dezaketena baino handiagoa denean, IRALE programaren 2021eko udako eta 2021-2022 ikasturteko ikastaroak eskaintzea eta, ikastarook egiteko plazak esleitzeko prozedura ezartzen duen aginduan (2021eko apirilaren 14ko Agindua; 2021eko apirilaren 26ko EHAA, 80. zk.) emandako lehentasun-irizpideen arabera jokatuko da.

15. artikulua.– Ebazpen-batzordea.

Berariaz sortutako ebazpen-batzorde batek banan-banan aztertuko ditu ikastetxe pribatu edo gizarte-ekimenezkoen laguntza-eskabideak, baldintzak bete dituzten ala ez aztertzeko. Horren arabera, 2021. urtean irakastordu barneko ikastaroren batean parte hartzeko aukeratutako hautagaien zerrendak ikusirik, ordezkapenen ondoriozko gastuetarako dirulaguntza jaso behar duten ikastetxeen zerrenda proposatuko dio batzorde horrek Hezkuntza sailburuordeari, azken honek dagokion emate-ebazpena argitara dezan. Zerrenda horretan, ikastetxe bakoitzean liberazio partziala edo osoa izan duten irakasleak azalduko dira. Hauek izango dira aipaturiko ebazpen-batzordeko kideak:

Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendaria, buru.

Euskara eta Eleaniztasuna Zerbitzuaren burua eta bertako Irale programaren arduraduna, azkenengo hau idazkari.

Hezkuntza Ordezkaritza bakoitzeko Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zerbitzu burua edota euskara atalburua.

Irakaskuntza pribatuko euskalduntze arloko jarraipen-batzordeko kide bat, patronalaren izenean.

Jarraipen-batzordeko beste kide bat, sindikatuen izenean.

Adierazitako batzordeen araubide juridikoari dagokionez, idazkariak boto eskubidea izango du.

Jarraipen-batzordearen osaera EHAAn argitaratuko da.

16. artikulua.– Ebazpena.

Hezkuntza Sailburuordetzak emango du ebazpena. Ebazpen hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da, https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa helbidean, eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu jakinarazpen-ondorioak.

Hargatik aurrekoa eragotzi gabe, egindako jakinarazpenen oharrak egin ahal izango dizkie kudeaketa-organoak interesdunei, SMS mezu edo posta elektronikoaren bitartez. Mezuok eskabidean adierazitako telefono mugikor eta posta elektronikoaren kontuetara bidaliko dira. Nolanahi ere, abisu horiek ez dute jakinarazpen baliorik izango.

2021eko abenduan jakinaraziko da laguntza-ebazpena, 2021-2022 ikasturteko 1. txandan (hau da, 2021eko irailetik abendura) liberatuta egondako irakasleen zerrenda, Hezkuntza Sailak diruz lagunduko dituenena.

Ezarritako epean ebazpena jakinarazten ez bada, interesdunek beren eskabideak ezetsitzat jo direla interpretatu ahal izango dute, hargatik eragotzi gabe, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak xedatutakoaren arabera, Administrazioak espresuki ebazteko duen eginbeharra.

Ebazpen honen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari hilabeteko epean, ebazpena egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu eta biharamunetik aurrera.

17. artikulua.– Dirulaguntzen ordainketa.

Dirulaguntza hauek denak batera ordainduko dira, salbu eta agindu honen 10. atalean finkatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Hezkuntza Sailak ikastetxe pribatu edo gizarte-ekimenezko bakoitzari dagokion dirulaguntza ordainduko dio liberazioa amaitutakoan, betiere liberazio-tarte horretan gertatutako gorabeherak kontuan harturik.

18. artikulua.– Dirulaguntzen xedearen erabilera ziurtatzea.

Hezkuntza Sailak beharrezko mekanismoak ezarriko ditu ziurtatzeko dirulaguntzok eman diren xederako erabiltzen direla. Hau bete ezean, ikastetxeak itzuli egin beharko ditu. Baldin eta ikastetxeren batek laguntza jaso eta ekimena aurrera eraman ez edota baldintzaren bat bete gabe utziko balu, jaso duen diru-kopurua eta horri dagozkion berandutze-interesak itzuli egin beharko dizkio Eusko Jaurlaritzaren Diruzaintza Nagusiari, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak arautzen duen bezala eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (1992-02-07ko EHAA) zehaztutako prozeduraren arabera eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoaren arabera.

19. artikulua.– Datu pertsonalak.

Datu pertsonalak erabiliko dira, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: Ikaskuntza eta Hezkuntza Berriztatzeko dirulaguntzak.

Arduraduna: Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Helburua: Ikaskuntza eta Hezkuntzaren Berriztatzea finantzatzea eta laguntzea

Legitimazioa:

Tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

Hartzaileak:

Ekonomia eta Ogasun Saila. Ikastetxe publikoak eta itunpeko ikastetxeak.

Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

Informazio osagarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua: www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/050400-capa2-eu.shtml

Araudia:

Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra (www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf).

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. (www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza sailburuari hilabeteko epean edo, bestela, bi hilabeteko epea egongo da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezteko Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta biharamunetik aurrera izango du eragina.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko azaroaren 2a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.


Azterketa dokumentala