Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

221. zk., 2021eko azaroaren 8a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

IRAGARKIAK

Beste iragarki ofizial batzuk

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5683

IRAGARKIA, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena; horren bidez, jendaurrean azaldu dira Valogreene Paper BC SL enpresak aurkeztutako proiektu teknikoa eta ingurumenaren gaineko eraginaren azterlana, Bergaran arriskutsuak ez diren hondakinak kudeatzeko jardueraren ingurumen-baimen integratua eskatzeko.

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak (Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina onartzen duenak) ezartzen duenez, 1. eranskinean jasotako jardueraren bat garatzen duten instalazioak eraiki, muntatu, ustiatu, lekualdatu edo nabarmen aldatzeko lanetan ingurumen-baimen integratua beharko da.

Aipatu abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak 16. artikuluan xedatzen duenez, eskabidearekin batera aurkeztu behar den dokumentazioa osorik dagoenean, informazioa jendaurrean jarri beharko da. Horretarako epea ezin izango da 30 egun baino laburragoa izan.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legeak (ingurumen-ebaluazioari buruzkoak) 7. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, haren I. eranskineko obrak, instalazioak nahiz bestelako jarduerak egiteko proiektu publiko eta pribatuetan, ingurumenaren eraginari buruzko ebaluazio arrunta egin beharko da, lege horretan bertan aurreikusitako eran.

Ingurumen-eragina ebaluatzeko prozedura arruntaren barruan, organo egokiak egindako ingurumenaren gaineko eraginaren azterlana eta proiektua jendaurrean jarri behar dira, gutxienez hogeita hamar egun balioduneko epean, «Estatuko Aldizkari Ofizialean» edo dagokion aldizkari ofizialean eta bere egoitza elektronikoan iragarkia argitaratu ostean.

2021eko irailaren 23an, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren iragarkia. Horren bidez, jendaurrean azaldu dira Valogreene Paper BC SL enpresak aurkeztutako proiektu teknikoa eta ingurumenaren gaineko eraginaren azterlana, Bergaran arriskutsuak ez diren hondakinak kudeatzeko jardueraren ingurumen-baimen integratua eskatzeko.

2021eko urriaren 6an, Bergarako Udalak aurkeztu duen idatzia jaso da organo honetan. Idatzi horren bitartez, jendaurreko informazioaren epea beste 15 egun baliodun luzatzeko eskatzen da, dokumentuaren zailtasun teknikoa eta luzera aintzat hartuta.

Urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak, 32.1 artikuluan ezartzen duenez, komenigarritzat jotzen bada eta hirugarrenen eskubideei kalterik egiten ez bazaie, administrazioak ezarritako epea luzatu egin dezake, beste arauren batek aurkakorik ez badio. Gehienez, epearen erdia luza dezake.

Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32.3 artikuluak dioenez, epea luzatzeko erabakia, betiere, dagokion epea amaitu baino lehen hartu beharko da.

Organo honen ustez, epea luzatzeak proiektuaren zabalkundea handitzea ahalbidetuko du, eta baita herritarrek jendaurreko informazioan alegazioak aurkezteko duten eskubidea sustatzea ere, hirugarrenen eskubideei kalterik egin gabe.

Hori dela eta, IPPC AAI00425_SOL_2021_002 espedientea jendaurrean jartzeko epea luzatuko da, hamabost egun balioduneko epean, 2021eko azaroaren 9tik aurrera, egokitzat jotzen diren alegazioak eta iruzkinak aurkezte aldera.

Jendaurrean azalduko den espediente hau interesdunen eskura egongo da, Eusko Jaurlaritzako egoitza elektrikoaren iragarkien taula elektronikoan (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/).

Vitoria-Gasteiz, 2021eko azaroaren 3a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala