Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

215. zk., 2021eko urriaren 28a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
5500

AGINDUA, 2021eko urriaren 13koa, Hezkuntzako sailburuarena, deialdia egiteko Ikertzaileak Prestatzeko Doktoretza-aurreko Programa aplikatzen den zentroez bestelakoetan egonaldiak egiteko laguntzetarako.

Hezkuntzako sailburuaren 2021eko uztailaren 13ko Aginduaren bidez (2021eko uztailaren 20ko EHAA, 143. zk.) deialdia egin zen Doktore ez diren Ikertzaileak Prestatzeko Doktoretza-aurreko Programaren laguntzak arautu eta laguntzak berritzeko eta laguntza berriak emateko 2021-2022 ikasturtean. Agindu horrek aukera ematen du egonaldiak egiteko programaren aplikaziokoak ez diren zentroetan; horrela, aginduak erantzun egiten die ikertzaileak hobeto prestatzeko eta nazioarteko doktoregoa lortzeko egonaldiok duten interesari.

Kontuan hartu da Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretua (2020ko irailaren 7ko EHAA, 176. zk.), zeinaren bidez sortu, ezabatu eta aldatu baitziren Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu.

Kontuan hartu da, halaber, 1991ko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (1992ko otsailaren 7ko EHAA), zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako dirulaguntzak bermatu eta itzularazteko araubide orokorra, eta dirulaguntzon kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintza, araubide eta betebeharrak ezarri baitziren. Horretaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa ere aplikatuko da.

Aintzat hartu da, orobat, dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudia, bai eta laguntza eta dirulaguntzei aplikatzekoak diren gainerako xedapenak ere.

Eta Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuordearen 2007ko apirilaren 26ko Aginduan xedatutakoa (Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ordainduko diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeko modua) aintzat hartuta,

Honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Laguntzetarako deialdia egitea beka aplikatzen den zentroez bestelakoetan doktoretza-aurreko egonaldiak egin ditzaten prestakuntzan ari diren ikertzaileek. Egonaldi horien helburua izango da ikertzaileak zientzia- eta teknika-ikerketan hobeto prestatzea eta, horretarako, ikerketa-lanak egitea, ikerketa-proiektuei aplikatzeko teknika berriak ikastea, bibliografia- eta ikerketa-funtsetan kontsultatzea eta beste ikerketa-jarduera oro egitea esku artean duen tesi-proiektuaren testuinguruan, ikertzailearen zientzia- eta teknika-prestakuntza hobetzeko, tesiaren garapena bultzatzeko eta nazioarteko doktoregoa lortzea errazteko.

2.– Egonaldiak egin ahal izango dira unibertsitateetan, ikerketa-zentroetan edo garapen teknologikoko zentroetan eta I+G+b-ko jarduera duten enpresetan, atzerrikoetan zein estatukoetan, betiere doktoratu-aurreko programa aplikatzeko zentroaz bestelako hiri batean egiten badira eta aldi baterako egoitza aldatzeak justifikatzen badu agindu honetan zehazten diren laguntza ekonomikoak ematea.

3.– Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira biltzarretara, bilera zientifikoetara eta, Ikerketa Zuzendaritzaren iritziz, 1. paragrafoan ezarritako helburura egokitzen ez diren bestelako egonaldietara joatea, bai eta egonaldiak egitea ere EAEn kokatuta dauden zentroetan, bizi diren probintzian, ezarpen-zentroa atzerrian duten eta prestatzen ari diren ikertzaileentzat.

2. artikulua.– Laguntzen finantzaketa.

Agindu honetan araututako laguntzak finantzatzeko, 175.000 euro erabiliko dira guztira.

3. artikulua.– Dirulaguntzen onuradunak.

1.– Honako hauek izango dute laguntzak eskatzea: Eusko Jaurlaritzaren Doktore ez diren Ikertzaileak prestatzeko Doktoretza-aurreko 2021-2022 Programaren onuradun direnek.

2.– Laguntza hauetaz baliatu ahal izateko, ezinbestekoa da prestakuntzan ari diren ikertzaileak jardunean egotea eta beka-programa lehenengoz, bigarrenez eta hirugarrenez berrituta izatea.

3.– Aurretik deialdi honen onuradun izandako ikertzaileek, berriz, ezingo dute laguntza hau eskuratu.

4.– Ezingo dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan inguruabar hauetako batean dauden pertsonak:

a) Laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatua izana, hauetako delituren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

b) Borondatezko konkurtsoaren deklarazioa eskatu izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo izana, konkurtsoan deklaratuta egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean egotea edo desgaitua izatea, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

c) Administrazioarekin egindako edozer kontratu ebazpen irmoz indargabetu bada, dena delako kausagatik errudun deklaratuz gero.

d) Honako lege hauetan jasotako kasuren batean egotea: martxoaren 30eko 3/2015 Legea, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena, eta abenduaren 26ko 53/1984 Legea, Administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; edo, ez dira Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko arauek ezarritako baldintzetan.

e) Indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ez betetzea, erregelamenduz zehazten den moduan.

f) Araudiaren arabera zerga-paradisu gisa sailkatutako lurralde edo herrialderen batean izatea egoitza fiskala.

g) Dirulaguntzak itzultzeko betekizunen ordainketak egunean ez izatea, erregelamendu bidez zehaztutako terminoetan.

h) Epai irmo bidez zehatuta egotea, eta beraz, dirulaguntzak lortzeko aukerarik ez izatea, lege honetan edo beste batzuetan zehaztutakoari jarraiki.

4. artikulua.– Laguntzen baldintzak.

1.– Laguntza hauek jasotzekoak diren egonaldiek 2022an hasi beharko dute, eta, salbuespenak salbuespen, bat etorri beharko dute zentro hartzailearen aldi akademikoarekin eta/edo ohiko jarduerarekin.

2.– Laguntzaren bidez, hiru hilabeteko egonaldi bakarra egin ahal izango da, eta egonaldi horiek bat etorri beharko dute destino-zentroen aldi akademikoekin eta/edo ohiko jardunarekin, justifikatutako salbuespenak izan ezik

Justifikatutako arrazoiengatik, baliteke baimena ematea ikerketa-egonaldia aldi baterako eteteko.

COVID-19aren pandemiak edo antzeko egoerek kalte nabarmena eragingo balioke ikerketa-egonaldiari, kalte horren ondorioz ezinezkoa izanez ikerketa-proiektua erreskadan garatzea, eta hori dela eta egonaldia eten behar bada, aukera egongo da aurrerago etenaldiko denbora berreskuratzeko.

Eteteko eskaera Ikerketako Zuzendaritzari aurkeztuko dio onuradunak, eta zentro hartzaileko ikertzaile arduradunaren adostasuna izan beharko du, bai eta tesiaren zuzendariaren eta eskatzailea atxikita dagoen saileko zuzendariaren adostasuna ere. Etenaldia egiteko arrazoia zehaztu beharko da, eta egonaldia osatzeko data berriak adierazi.

Era berean, COVID-19ren pandemiak eragindako ondorioz inork zentroa aldatzeko eskatzen badu, onartu egingo zaio aldatzea, baldin eta bestela proiektua emakida-ebazpenean ezarritakoaren arabera garatzea ezinezkoa balitz.

3.– Ikertzaileko, egonaldi-proiektu bakarrerako izango da laguntza.

4.– Proiektua destinoko zentro bakar batean egingo da.

5. artikulua.– Eskaerak formalizatzea eta aurkezteko epeak.

1.– Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 28.1 artikulua aplikatuz -horrek ezarri baitzuen bide elektronikoak erabiliz komunikatu beharra, interesdunak pertsona juridikoak edo pertsona fisikoen kolektiboak direnean, gaitasun ekonomiko edo teknikoagatik, jarduera profesionalagatik edo egiaztatutako beste arrazoi ororengatik, beharrezko baliabide teknologikoak eskuratzeko eta eskuratzeko aukera bermatuta badute-, eskabidea Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bidez telematikoki eskuragarri egongo den formularioaren bidez soilik beteko da. Honako helbide honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0173606 Eskabidearekin batera egon beharreko dokumentuak eskabideari erantsiko zaizkio aplikazio elektronikoaren bitartez. Horretarako, hautagaiak alta eman beharko du erabiltzaile gisa, eta aplikazio horretan zehaztutako jarraibideak bete beharko ditu.

Ziurtagiri elektronikoa erabilita sartu behar da aplikazioan (honako helbide elektroniko honetan argitaratuta daude elektronikoki identifikatzeko onartutako sistemak: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/). Aplikaziora sartzen diren pertsonek baimena ematen diote Ikerketa Zuzendaritzari (deialdia kudeatzen duen organoa baita) nortasun-datuak administrazio eskudunean egiazta ditzan bitarteko elektronikoen bidez edo eskuragarri dituen bestelako baliabideen bidez.

2.– Eskabide telematikoa guztiz bete ondoren eta artikulu honen 5. apartatuan adierazitako dokumentuak aplikazioan erantsi ondoren, eskatzaileak eskabidea erregistratzeko prozesu elektronikoa osatu beharko du; izan ere, eskabideak, sinadura elektronikoaren bitartez baliozkoa izateko, erregistroan jasota geratu behar du. Hori ziurtatzeko, eskatzaileak agirien erregistro-elektronikoa/aurkezpen-erregistroa eskura dezake, «Ikusi egiaztagiria E/E» aukerarekin. Ez da onartuko erabat modu elektronikoan bete eta erregistratu gabeko eskabiderik.

Eskabidea identifikatzeko zenbaki bat izango du inprimaki ofizialak. Inprimaki ofiziala inola aldatuz gero, eskuz edo elektronikoki, eskabidea automatikoki baztertu egingo da.

3.– Eskabidean, erantzukizunpeko adierazpen bat ere erantsi behar da: hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluko 6. apartatuan aipatzen dena (Euskal Autonomia Erkidegoaren 2011ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2010 Legearen bidez sartu zen). (ikus II. eranskina).

4.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hilabete izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

5.– Eskatutako dokumentazioa.

Zerrenda honetako dokumentuak aurkeztu beharko dira aplikazioaren bitartez:

a) Egonaldiaren helburua deskribatzeko txostena (bi orri, gehienez ere). EAEko hizkuntza ofizialetako batean aurkeztu beharko dira memoriak. Era berean, memoriak normalizatu gabeko formatuetan aurkeztuz gero edo artikulu honetan zehaztutakoak baino orrialde gehiago izanez gero, eskabidean zuzendu beharreko hutsunetzat joko dira.

b) Zentro hartzailearen gutun ofiziala, non egiaztatzen baita bisitaldia onartzen dela eskatutako egunetan.

c) Egitekoa den egonaldiarekiko adostasuna adierazten duen agiria, tesiaren zuzendariak edo eskatzailea atxikita dagoen saileko zuzendariak izenpetua. Aplikazioan, eskuragarri dago agiri horren txantiloi bat.

Diruz lagundutako aldia –3 hilabete– baino egonaldi luzeagoetan, egonaldiaren aldi osorako adostasuna adierazten duen agiria eskatuko da.

d) Eskabidean azaltzen den erantzukizunpeko adierazpenean jasotakoak egiaztatzen dituen dokumentazioa, halakorik behar izanez gero.

6. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.

Dirulaguntza-eskabidea guztiz betetzen ez bada, edo nahitaezko dokumentuak aurkezten ez badira, 10 eguneko epean hutsak bete ditzatela edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzatela eskatuko die Ikerketa Zuzendaritzak eskabideen sinatzaileei. Halaber, ohartaraziko die ezen, hala egin ezean, eskabidean atzera egin dutela ulertuko dela, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan xedatutakoarekin.

Zuzentzeko errekerimendua jakinarazteko, 12. artikuluaren 2. apartatuan ezarritako prozedura beteko da.

7. artikulua.– Laguntza kudeatzeko organoa.

Ikerketa Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea.

8. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa eta asegurua.

1.– Mantenu-gastuetarako laguntzaren zenbatekoa 25 eurokoa izango da eguneko.

2.– Bidaia-gastuetarako zenbateko laguntza emango den honako taula honen arabera zehaztuko da:

(Ikus .PDF)

Kilometroak kalkulatzeko, erreferentziatzat hartuko da http://es.distance.to estekaren bidez egindako kontsultaren emaitza Agindu honen ondorioetarako, eskatzaileak lantokia duen probintziako hiriburua hartuko da jatorriko hiritzat.

Oro har, joan-etorriak garraiobide publiko kolektiboetan egitea komeni da, baina norberaren ibilgailua erabiltzeko baimena emango da helmugara garraiobide publikoetan sartzea ezinezkoa dela frogatuz gero. Aurrekoa gorabehera, norberaren ibilgailua erabiltzeko baimena emango da, kasuan kasuko inguruabarrak kontuan hartuta. Baimena egonaldia hasi baino lehen eskatu beharko zaio Ikerketa Zuzendaritzari, aplikazioaren bidez.

Bidaian norberaren ibilgailua erabiliz gero, kilometroko 0,29 euro ordainduko dira justifikatutako kilometroak.

Bidai-gastuetarako laguntzaren zenbatekoak ez ditu barnean hartzen norbere ibilgailuan aplikazio-zentrokoa ez den jatorri-hiri batetik aplikazio-zentrokora egindako joan-etorrien gastuak.

Joan-etorriak egiteko bisa izapidetu behar izanez gero, 200 euroko diru-osagarri bat emango da.

Bidai-gastuetarako ematen den laguntzaren zenbatekoak ez ditu barnean hartuko egonaldian egiten diren tokiko garraioaren gastuak.

3.– Ikerketa Zuzendaritzak, laguntzak esleitu eta gero, justifikatuta dagoen kasuetan aldaketak onartu ahal izango ditu egonaldien ezaugarrietan; dena den, horrek ez du eragingo onartutako gastua handitzea.

4.– Asegurua: Ikerketa Zuzendaritzak baimenduta atzerrian egitekoak diren egonaldietarako, laguntzen onuradunek, dagokion Gizarte Segurantzaren bermea izateaz gainera, erantzukizun zibileko, istripuetarako eta bidaia-laguntzako aseguru bat izan behar dute. Interesdunaren ezkontidea eta 25 urtetik beherako seme-alabak atzerrira badoaz onuradunarekin, bidaia-laguntzako asegurua haientzat ere zabaltzeko aukera izango da, interesdunak hala eskatzen badu. Aseguru hori izatezko bikoteentzat ere baliagarria izango da, era berean, baldin izatezko bikote izaera antolamendu juridikoak onartzen dituen edozein frogagiriren bitartez egiaztatuta badago.

9. artikulua.– Laguntzen bateraezintasuna.

Dirulaguntza hauek bateraezinak dira helburu bera duen beste edozein dirulaguntzarekin, salbu Doktore ez diren Ikertzaileak Prestatzeko Doktoretza-aurreko Programako laguntza bera.

10. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.

1.– Hautaketa Batzorde batek ebaluatuko ditu eskabideak. Batzorde horrek honako kide hauek izango ditu: Ikerketako zuzendaria, batzordeburu izango dena; Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendaria, eta Ikerketa Zuzendaritzako teknikari bat, batzordeko idazkaria izango dena. Batzordeak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari igorriko dio eskatutako laguntzak emateko edo ukatzeko proposamena.

Proposamenak honako zehaztasun hauek jasoko ditu: pertsona onuradunen zerrenda eta dagozkien zuzkidura ekonomikoak, dagoen kredituaren mugara arte xehatuak, eta erreserben zerrenda.

2.– Eskabideak honako irizpide eta puntuazio hauen arabera balioetsiko dira::

a) Laguntza lehen aldiz berritzen duten eskatzaileak: 1 puntu.

b) Laguntza bigarren aldiz berritzen duten eskatzaileak: 2 puntu.

c) Laguntza hirugarren aldiz berritzen duten eskatzaileak: 3 puntu.

11. artikulua.– Laguntzak esleitzeko prozedura.

Agindu honetan jasotako laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez ebatziko dira. Horretarako, aurkeztu eta onartutako eskabideak erkatuko dira, horien artean lehentasunak jartzeko, 10. artikuluan finkatutako irizpideei jarraituz. Puntu gehien lortzen dituzten eskaerei esleituko zaizkie dirulaguntzak, harik eta agindu honetako 2. artikuluan izendatutako aurrekontu-kreditua agortu arte.

Puntuazio-berdinketak ebazteko, oinarritzat hartuko da eskabideak betetzeko aplikazioak txikitik handira ematen duen ausazko zenbakia. Zenbaki hori aplikazio telematikoan sortzen den eskabide-inprimakian agertuko da.

12. artikulua.– Ebazpena.

1.– Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez esleituko dira agindu honetako laguntzak, eta haien zenbatekoak zehaztuko, sei hilabeteko epean, deialdia EHAAn argitaratu eta sei hileko epean.

Ebazpen horrek jasoko ditu pertsona onuradunen zerrenda eta dagozkien zenbateko ekonomiko xehatuak. Halaber, ordezkoen zerrenda emango da, eta han bilduko dira erabilgarri dagoen aurrekontuaren ondorioz beka-proposamenean sartu ez direnak. Horrez gain, ukatutako eskabideen zerrenda ere emango da, ukatzeko arrazoiak adierazita, baita baztertutako eskabideen zerrenda ere, baztertzeko arrazoiak zehaztuta

2.– Egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz jakinaraziko da aipatutako ebazpena (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ Era berean, jakinarazpen elektroniko bat bidaliko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta). Ziurtagiri elektronikoa behar da atal horretara sartzeko.

Abisu bat bidaliko zaio interesdunari, hark eman duen helbide elektronikora, adierazteko jakinarazpena eskuragarri duela egoitza elektronikoan.

Alde batera utzi gabe aurreko 2. apartatuan ezarritakoa, baliteke Ikerketa Zuzendaritzak argitalpenen berri bidaltzea interesdunei, SMS edo mezu elektronikoen bidez. Abisu horiek ez dira inoiz jakinarazpen burututzat hartuko.

3.– Emate-ebazpena argitaratu eta hurrengo 10 egunetan gertatzen diren uko-egiteen kasuan, erreserben zerrendan ageri diren eskatzaileei emango zaizkie laguntzak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen bidez.

Laguntza horiek emandako azken laguntzaren ondorengo lekuan dauden pertsonei emango zaizkie.

Ondorio horietarako, laguntzak emateko proposamena jakinaraziko die laguntzak emango dituen organoak interesdunei, 10 eguneko epe luzaezinean onar dezaten. Proposamena onartu ondoren, laguntza aitortu izanaren ebazpena emango da, eta interesdunei jakinaraziko zaie.

4.– Baldin eta artikulu honen 1. zenbakian ezarritako epean berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, interesdunek ulertu ahal izango dute beren eskariak ezetsiak izan direla.

5.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

6.– Laguntzak eman eta, hala badagokio, ordaintzeko, amaituta behar dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen barruan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren dirulaguntzak itzultzeko edo zehatzeko prozedura orok.

7.– Aitortutako laguntzen zerrenda publiko izan daitezen, EHAAn argitaratuko da, jakinarazpen hori egin eta 6 hilabeteko epean.

13. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan xedatutakoak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. eta 46. artikuluetan adierazitakoak; zehatzago esanda, hauek:

a) Aiktortutako dirulaguntza onartzea. Laguntzaren onuradunak 10 eguneko epea izango du laguntzari berariaz uko egiteko, dirulaguntza emango zaiola jakinarazteko ebazpena www.euskadi.eus egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratzen denetik aurrera. Horrelakorik egin ezean, laguntza onartutzat hartuko da.

b) Egonaldiak emate-ebazpenean adierazitako egunean hasi behar du. Salbuespena eginez, egonaldiaren aurretik ere eska daiteke, idatziz eta behar bezalako arrazoiak emanda, hasiera data aldatzeko. Ikerketa Zuzendaritzak erabakiko du aldaketa hori egin daitekeen ala ez, eta aldaketak baimenduko ditu justifikatuta daudela iritzitako kasuetan.

c) Zentroan egon beharko du diruz laguntzen den denboraldi osoan. Laguntza jasotzen duen ikertzaileak bere jarduera etenik gabe egin beharko du, eta zentroko lan-egutegiak betez, gainera. Proiektuko zioen ondoriozko arrazoiren batengatik zentroan huts egiteko edo ikerketa beharrengatik zentrotik aldi baterako irtetekotan, talde hartzailearen arduradunaren adostasuna beharko du ikertzaileak, eta Ikerketa Zuzendaritzari jakinaraziko zaio zergatik eta noiz gertatu den.

d) Justifikatutako arrazoiengatik bada, Ikerketa Zuzendaritzak aukeran izango du ikertzaileari baimena emateko ikerketa-egonaldia aldi baterako eteteko edo zentroa aldatzeko.

e) Egonaldiez baliatzeko epeetan nahiz dirulaguntzak emateko hasierako baldintzetan ezer aldatu nahi izango balitz, Ikerketa Zuzendaritzaren baimena beharko da.

Aldatzeko eskabidea onuradunak berak aurkeztu beharko du, eta zentro hartzailearen adostasuna izan beharko du. Edonola ere, egoki arrazoituak izan beharko dute eskabideek, eta, beharrezkoa bada, dokumentatuak. Proposamen egokia egitearren, egoki iritzitako txostenak eskatu ahal izango ditu Ikerketa Zuzendaritzak. Aldaketek ez dituzte funtsean aldatuko laguntza emateko izan ziren baldintzak, hasteko epeei, egonaldiari, proiektuari, ikertzaileari edo zentro hartzaileari dagokienez, aparteko arrazoiengatik ez bada behintzat, eta horiek ere behar bezala egiaztatuta.

f) Dirulaguntza jaso duen egoeraren xedea edo izaera errotik aldatzen duen edozein gorabeheraren berri ematea, eta Hezkuntza Sailarekin kolaboratzea ere, jarduera horiek egiaztatu, ikertu, jarraitu eta kontrolatzeko prozeduretan.

g) Dirulaguntza zertarako eman den, horretarako besterik ez erabiltzea.

h) Deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzei buruz Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunen barruan, eskatzen duten informazio guztia ematea.

i) Helburu bererako lortutako beste edozein laguntza deklaratzea.

j) Egonaldia amaitu ondorengo hamabost eguneko epean, 15. artikuluan zehazten diren agiriak bidaltzea Ikerketa Zuzendaritzara.

14. artikulua.– Laguntzari uko egitea.

1.– Uko egitekotan, Ikerketa zuzendariari jakinarazi beharko zaio, idazki baten bidez, eta onuradunak ez ezik, tesi-proiektuaren zuzendariak ere sinatu beharko du idazkia. Agirian adieraziko da zein diren uko egiteko arrazoiak eta uko-egite horrek zein egunetatik aurrera izango dituen ondorioak. Komunikazio hori aplikazio telematikoaren bidez jakinarazi beharko da, uko-egiteak ondorioak izan baino 10 egun natural lehenago gutxienez.

2.– Uko-egiteak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez onartuko dira.

Uko egitearen ondorio ekonomikoak uko egite hori gauzatzen den egun berean hasiko dira. Hala ere, bidegabeko ordainketak egin badira, diru-zenbateko horiek itzuli beharko dira.

15. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea eta justifikatzea.

1.– Laguntza hauek ordainketa bakar batean emango dira, ebazpena eman eta gero betiere, eta onuradunak onartzeko epea betetakoan. Horretarako, onuradunak hirugarrenen altaren agiria eguneratua izan beharko du.

http://www.euskadi.eus/hirugarrenak

2.– Egonaldia amaitu ondorengo hamabost eguneko epean, onuradunek honako agiri hauek bidali beharko dituzte Ikerketa Zuzendaritzara aplikazioaren bidez:

a) Burutu den egonaldiari buruzko ziurtagiria: lankide izandako ikertzaile arduradunak izenpetutako jatorrizko idazki bat izango da. Egonaldiaren hasiera- eta amaiera-egunak aipatu beharko dira han.

b) Egindako lanaren memoria zientifiko-teknikoa, dirulaguntzaren baldintzak bete direla justifikatzen duena, eta egindako jarduerak eta jasotako emaitzak zehazten dituena.

c) Txosten ekonomikoa, bidaiaren kostuari eta bisaren izapidetzeak dakarren kostuari buruzkoa, honako agiri hauek erantsita:

– Garraio publikoan egindako bidaien jatorrizko txartelak eta fakturak.

– Bisa izapidetzean egindako tasa-gastuen eta garraio publikoan egindako joan-etorrien jatorrizko txartelak eta fakturak.

3.– Egonaldia esleitutakoa baino txikiagoa bada, mantenurako emandakoaren zati proportzionala itzuli egin beharko du onuradunak, hau da, egin gabeko aldiari dagokion zatia, betiere indarrean den legeriarekin bat etorriz.

4.– Bidaia-gastuetarako emandako laguntza bidaiaren benetako kostua baino handiagoa bada, onuradunak itzuli egin beharko du benetako kostuaz gainekoa.

16. artikulua.– Ez-betetzea.

Egonaldia ezin bada egin edo justifikatu, emandako laguntza osoa itzuli beharko du onuradunak, bai eta dagozkion atzerapen interesak ere. Izan ere, hori xedatzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorraren pentzutan ordaindu beharreko dirulaguntzen berme eta itzulerei buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (1992ko otsailaren 7ko EHAA).

Era berean, aplikatzekoak dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan ezarritakoa (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako testu bategina; 1998ko urtarrilaren 19ko EHAA) eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa.

17. artikulua.– Emandako laguntza aldatzeko, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela adierazteko eta, beharrezkoa bada, laguntza itzultzeko prozedura.

Dirulaguntza emateko kontuan izandako edozein baldintza aldatzen bada, horrekin batera beste administrazio batzuen edo erakunde publiko edo pribatuen dirulaguntzak eskuratzen badira, edo, bestela, helburu bera aurrera eramateko bestelako diru-sarrera edo baliabideak lortzen badira, laguntza ematea ekarri duen erabakia aldatzea gerta liteke, betiere dirulaguntzaren arauak onuradun izateko ezartzen dituen gutxieneko baldintzak betetzen baldin badira.

Honako prozedura honi jarraituko zaio agindu honetan xedatutakoak betetzen ez direnean eta 15. artikuluaren 3. eta 4. apartatuetan adierazten diren kasuetan:

a) Prozedura abiatu eta ebazteko ardura Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearena izango da.

b) Ikerketa zuzendariak prozedura hasi dela eta zergatik hasi den jakinaraziko dio interesdunari, eta 15 egun naturaleko epea emango dio egokitzat jotako alegazioak aurkez ditzan. Prozedura hasiz gero, eten egingo dira oraindik egiteke dauden ordainketak.

c) Alegazioak jaso ondoren, edo epea igaro bada alegaziorik jaso gabe, amaiera emango zaio prozedurari, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez.

Prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea, gehienez ere, hamabi hilabetekoa izango da, prozedura hasteko erabakia hartzen den egunetik aurrera.

Ebazpenak ulertzen badu arauak ez direla bete, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela aitortuko du, eta, hala badagokio, adieraziko du kopuruak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola, bai eta laguntza ordaindu zenetik dagozkion berandutze-interesak ere; horretarako epea, gehienez ere, bi hilabetekoa izango da, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko epetzat joko da.

d) Borondatezko epean laguntza itzultzen ez bada, horren berri emango zaio Ogasun eta Ekonomia Saileko Ogasun Sailburuordetzari, aplikatu beharreko legezko arauek xedatutakoari jarraikiz jardun dezan.

18.– artikulua.– Datu pertsonalak.

Eskatzaileen datu pertsonalak honako tratamendu-jarduera honetan tratatu eta sartuko dira: laguntzak eta dirulaguntzak (ikerketarari bultzada emateko). Informazio hau jasoko da:

Arduraduna: Ikerketa Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Xedea: ikerketari finantzaketa eta bultzada ematea.

Legitimazioa:

– Datuok tratatzea beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.

– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

– 3/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Euskal Unibertsitate Sistemarena.

Hartzaileak:

– Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

– Ekonomia eta Ogasun Saila.

– Patente eta Marken Espainiako Bulegoa.

Eskubideak: eskatzaileek eskubidea dute datuak eskueran izateko eta datuak zuzentzeko eta ezerezteko, eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere badituzte.

Informazio osagarria: Datuen babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza helbide honetan dago eskura: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/054300-capa2-eu.shtml

Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=boe-a-2018-16673).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ekonomia eta Ogasun Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduko 5.3 artikuluaren ondorioetarako, agindu honetako dirulaguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta nahikoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2022. urteko aurrekontu orokorretan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, honen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindu hau aldizkari ofizial berean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urriaren 13a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

I. ERANSKINA
ESKAERA-ORRIA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala