Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

211. zk., 2021eko urriaren 22a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
5406

AGINDUA, 2021eko urriaren 14koa, Hezkuntzako sailburuarena, atzerrian ingeleseko, frantseseko eta alemaneko ikastaroak egiteko plazetarako deialdia egiten duena, Euskal Autonomia Erkidegoaren funts publikoez finantzatzen diren ikastetxeetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailetan eta Batxilergoko 1. eta 2. mailetan matrikulatutako ikasleei zuzendua (L3. Elebitasuna, hezkuntza eleaniztunaren esparruan).

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak onartu duen Heziberri 2020 planak hauxe du helburu: Europako esparruan, hezkuntzaren eta prestakuntzaren arloan, 2020rako ezarritako berrikuntza- eta garapen-ildo estrategikoak bateratzea hezkuntzak gure testuinguruan eta ingurunean dituen erronkekin. Plan horretan sartuta dago «Hezkuntza-eredu pedagogikoaren markoa», hezkuntza-eredu pedagogikoaren ildo nagusiak jasotzen dituen proiektua. Proiektu horrek paradigma-aldaketa garrantzitsua dakar; izan ere, konpetentzietan oinarritutako hezkuntzaren planteamendutik abiatzen da. Konpetentzien araberako pedagogiaren ikuspegiaren ezaugarria hauxe da: eskuratutako ikaskuntzak transferitzea, bideratzea eta konbinatzea, egoera funtzional konplexuak konpontze aldera.

Horrenbestez, oinarrizko konpetentziak hartuz lortzen da ikasleentzat definitutako abiapuntuko profil orokorra, hau da, Oinarrizko Hezkuntzaren helburua. Oinarrizko konpetentzien artean, batzuk zeharkako edo generiko gisa definitzen dira: beharrezkoak dira arazoak konpontzeko edo bizitzako zenbait egoerari aurre egiteko. Beste batzuk, berriz, espezifikoak dira, diziplina-alor batekoak edo batzuetakoak. Zeharkako konpetentzietako bat da ahozko komunikaziorako, ez-ahozko komunikaziorako eta komunikazio digitalerako konpetentzia, eta, diziplina barrukoen artean, berriz, hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentzia dago.

Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duen abenduaren 22ko 236/2015 Dekretuak oinarrizko zehar-konpetentziatzat hartzen du hitzezko komunikaziorako, hitzik gabeko komunikaziorako eta komunikazio digitalerako konpetentzia, horiek guztiak modu osagarrian erabilita ganoraz eta egoki komunikatu ahal izateko egoera pertsonal, sozial eta akademikoetan. Eta diziplina barruko oinarrizko konpetentziatzat hartzen da hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentzia. Konpetentzia horren helburua da ahozko eta idatzizko testuak –euskaraz, gaztelaniaz eta atzerriko hizkuntza batean edo gehiagotan– erabiltzea, modu egokian, eraginkorrean eta hizkuntza-aniztasunarenganako modu errespetuzkoan komunikatzeko, bizitzako zenbait egoeratan, bai eta literaturaren inguruko hezkuntza bat garatzea ere, norbere burua eta inguruko mundua hobeto ezagutzen lagunduko duena.

Gainera, dekretu horretan ezartzen denez, hezkuntza-eskumenak dituen sailak elebitasuna bultzatuko du hezkuntza eleaniztun baten barruan, indarrean dauden hizkuntza-ereduak hobetzen eta garatzen laguntzeko. Horretarako, lehentasunezko tratua bermatuko da euskararentzat, bi hizkuntza ofizialen erabilera sozial desorekatua konpentsatzeko, ikasleek Oinarrizko Hezkuntza amaitzen dutenean komunikazio-gaitasun praktikoa eta eraginkorra izan dezaten euskaraz nahiz gaztelaniaz, eta atzerriko lehen hizkuntzan ere oinarrizkoa. Hori guztia, atzerriko bigarren hizkuntza batean oinarrizko ezagutzak lortzeko aukera baztertu gabe, Hizkuntza-proiektuan hala jasoa duten ikastetxeetan. Halaber, xedatzen da sailak berak sustatuko duela hizkuntzen trataera integratua eta integrala, komunikazio-konpetentzia eleaniztuna garatzeko asmoz.

Testuinguru horretan, atzerri-hizkuntza bat jakitea hezkuntza-sistemaren helburu nagusietako bat da gaur egun; izan ere, prestakuntza osoaren bidean jartzen ditu ikasleak, eta bitarteko oso baliagarria da giro soziokultural anitzetara gerturatzeko. Aski frogatuta dago osagarri egokia dela atzerriko herrialdeetan egonaldi bat egitea, ikasturtean zehar ikasitako hizkuntzaren jakintza indartzeko.

Hezkuntza Saila, 1989ko udan, atzerrian hizkuntzak ikasteko plazak eskaintzen hasi zen ikasle bekadunentzat. Atzerrian hizkuntzak ikasteko plazak eskuratzeko baldintzak aldatuz joan dira, plaza horien aprobetxamendu egokia bermatzeko. Zehazki, 2005ean, errendimendu akademikoko gutxieneko baldintza batzuk ezarri ziren plaza horiek eskuratu ahal izateko, eta, era berean, zirrikitu bat zabaldu zitzaion bekadunak ez ziren ikasleak hartzeko aukerari.

Beka izan zein ez izan, gaur egun, familia askok ezin dituzte seme-alabak atzerrira bidali hizkuntza bat ikastera, joan-etorriek eta egonaldiek kostu ekonomiko handia dutelako.

Agindu honek egiten duen deialdiaren erronka da errendimendu akademiko handiko ahalik eta ikasle-kopuru handienak izatea aukera udan atzerri-egonaldi bat egiteko, baina, betiere, familien egoera ekonomikoari arreta berezia jartzeari utzi gabe.

Hartarako, 2012ko udarako deialdian, beste betekizun bat ezarri zen: ekarpen indibidualak egitea, familiaren maila ekonomikoaren arabera, hain justu ere plazaren kostuaren parte bati aurre egiteko, eta, hala, errenta txikienak dituztenentzako plaza gehiago erreserbatu ziren. Ikasleen ahalegin indibiduala aitortzeko, errendimendu akademikoaren arabera esleitzen dira deialdiko plazak.

Ikasleen eta administrazioaren arteko ekarpen mistoaren ideiari eusten zaio deialdi honetan, eta, ikasleei dagokienez, plaza kopuru jakin bat eta ekarpen ekonomiko desberdin bat finkatzen dira, bekaduna izatearen edo ez izatearen arabera.

Ikastaro horiek COVID-19ak eragindako osasun-alarmaren testuinguruan kokatu behar dira, eta, ondorioz, 2020ko eta 2021eko udetan ezin izan ziren egin. Nazioarteko herrialdeak bizitzen ari diren ziurgabetasun-uneak kontuan hartuta, beharrezkoa da gogoraraztea herritar guztien osasuna zaintzearen aldeko interes publikoa izango dela deialdi hau garatuko duen irizpidea.

Beste alde batetik, aipatu behar da Bigarren Hezkuntzako ikasleen hizkuntza-prestakuntza ahalbidetzea dela Hezkuntza Sailaren 2021eko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan (Hezkuntza sailburuaren 2021eko martxoaren 23ko Aginduaren bidez onartua) jasotako dirulaguntza-ildoetako bat. Horretarako, atzerriko egonaldietarako eta ikastaroetarako beken politika baliatuko da.

Horrenbestez, aintzat hartuta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan ezarritako xedapenak, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioaren arloko dirulaguntzak arautzeari buruzkoak, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta aplikazio orokorreko gainerako xedapenak, eta Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendariaren proposamenari jarraituz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

1.– Deialdiaren xedea da 548 plazatarako deialdia egitea, hain zuzen ere Erresuma Batuan, Irlandan, Frantzian eta Alemanian 3 asteko egonaldia eta ikastaroak egiteko, 2022ko udan, hurrengo artikuluan zehazten denaren arabera. Euskal Autonomia Erkidegoaren funts publikoez finantzatzen diren ikastetxeetan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailetan eta Batxilergoko 1. eta 2. mailetan matrikulatutako ikasleentzat izango dira plaza horiek.

2.– Hizkuntzak ikasteko ikastaroak antolatzeko lehiaketan, beste 4 plaza gehituko zaizkie Erresuma Batuko plazei. 2021-2022. ikasturteko Matematika Olinpiadetan lehen lau postuak lortzen dituzten DBHko 2. mailako ikasleentzat izango dira plaza gehigarri horiek. Atzerrian hizkuntzak ikasteko plaza horiek hurrengo paragrafoan adierazten direnen antzeko edukia izango dute.

3.– Kontzeptu hauek izango ditu deialdi honetako plaza bakoitzak: EAEko hiru hiriburuetatik egonaldia egingo duen herrialderainoko joan-etorriko bidaia, bidaia-asegurua, egingo duen hizkuntza-ikastaroaren matrikula eta eskola-materiala, ostatua, mantenu-gastuak eta ikastaroa emango den zentrorako hiri-garraioa.

4.– Ikastaroak eta familia-bizikidetza antolatzeko, administrazio-kontratu baterako deialdia egin eta ebatziko du Administrazioak, hurrengo puntuan adierazten dena betetzeko.

5.– Hezkuntza Sailak gehienez 847.038 euro emango ditu agindu honetako deialdiko plazak finantzatzeko 2022ko ekitaldian, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2022ko Aurrekontu Orokorretan hartarako ezarritako aurrekontu-sailaren kontura.

2.– artikulua.– Deitutako plazak eta dakarten partaidetza ekonomikoa.

1.– Deialdi honen xede diren ikasleentzat deitzen diren plazak partaidetza-kuota ezberdineko bi tartetan banatzen dira, hezkuntza-mailaren arabera, eta hizkuntza eta herrialde bakoitzerako. Aipatu partaidetza-kuotak familien egoera ekonomikoari egokitu zaizkio. Hauxe da banaketa:

(Ikus .PDF)

2.– Ikasleek deialdiko plazak eskuratzeko eskubidea izango dute, baldin eta dagokien partaidetza-kuota ordaintzen badute.

1. tartea: 170 euro.

2. tartea: 680 euro.

3. artikulua.– Tarteak.

1. tartean sartuko dira:

– Eskabidea aurkeztu aurreko ikasturtean unibertsitateaz kanpoko mailetako ikasleak eskolatzeko ikasketetarako laguntza eta beken deialdian beka jaso duten ikasleak.

– Eskabidea aurkeztu aurreko ikasturtean unibertsitateaz kanpoko mailetako ikasleak eskolatzeko ikasketetarako laguntza eta beken deialdian bekarik jaso ez arren, eskabidearekin batera epe barruan uko haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zutela egiaztatzen duten ikasleak. Kasu horretan, deialdi honen xede den laguntzaren eskaeraren ebazpenak kontuan hartuko du aipatutako gorako errekurtsoaren ebazpenean xedatutakoa.

2. tartean sartuko dira, berriz, aurreko paragrafoan zehaztutako baldintzetako bat ere betetzen ez duten ikasleak.

4. artikulua.– Betekizunak.

1.– Honako baldintza hauek bete beharko dira agindu honen bitartez deitzen diren plazak lortzeko:

a) Aurreko ikasturtean 7,00 puntuko gutxieneko nota lortu izana eskatutako hizkuntzan/hizkuntzetan, eta 16,00 puntuko edo gehiagoko puntuazio osoa lortu izana aurreko ikasturteko batez besteko notaren eta eskatutako hizkuntzako notaren arteko baturan.

Esleipena norgehiagoka bidezkoa izango da, eta, beraz, plaza esleitzeko ez da nahikoa izango gutxieneko nota horiek lortu izana. Beharrezkoa da, halaber, hurrenkera-zenbaki bat lortzea, eskatzailea tarte bakoitzean emango diren plazen barruan sartzeko, eta, Irlandaren eta Erresuma Batuaren kasuan, maila bakoitzean emango diren plazen barruan sartzeko.

b) Eskatzen den plazari dagokion/dagozkion hizkuntza/hizkuntzak eskabidearen aurkezpen-data baino lehenagoko bi ikasturteetan (2019-2020 eta 2020-2021) ikasi behar izan dira Bigarren Hezkuntzako ikastetxe batean, eta, horietatik, azken ikasturtea funts publikoen bidez finantzatutako Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe batean egin behar izan da.

c) Epe-barruan egitea plaza bakoitzaren tarteari dagokion diru-ekarpena (2.2 artikuluan jasota dagoen moduan).

d) Aurreko urteetan, Hezkuntza Sailak egindako deialdian plazarik eskuratu ez izana atzerrian hizkuntzak ikasteko; baldintza hau betetzetik salbuetsita daude Matematika Olinpiadetako sari gisa plaza lortu duten ikasleak.

e) Beranduenez 2022an betetzea 19 urte.

2.– Ezin izango dira dirulaguntzaren onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan xedatutako egoeraren batean dauden ikasleak. Besteak beste, honako egoera hauetakoren batean daudenak:

– Ordaindu gabe izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari lotutakoak.

– Ordaindu gabe izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.

– Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zigor penal edo administratiborik ez izatea edo horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean ez egotea.

Organo kudeatzaileak ofizioz egiaztatuko du ikasleak egunean daudela zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan. Hala ere, ikasleak berariaz uka dezake baimen hori, eta, kasu horretan, eskumena duen organoak emandako ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

7. artikuluan aipatutako eta eskabide-ereduan jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira gainerako betekizunak.

5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Adin nagusiko ikasleak edo adingabe emantzipatuak egingo du eskaera; adingabe emantzipatu gabeen kasuan, berriz, aitak, amak edo legezko ordezkariak.

2.– Bide elektronikoz egingo da eskaera, www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus web-orriaren bidez, eta bi aukera hauetako bat baliatuz:

– Ziurtagiri digitalaren bidez sartuta (NAN, Izenpe txartela...) edo itsasontzien jokoa erabilita (B@kq).

Ziurtagiri digitala erabiltzeak aurkezpen telematikoa egin beharra dakar. Eskabidea elektronikoki sinatu beharko da. Orduantxe geratuko da hura erregistratuta. Ez da beharrezkoa aplikazio informatikoak sortutako inprimakia ikasketa-zentroan aurkeztea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartuta dauden identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide elektroniko honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

– Sisteman erregistratuta, helbide elektroniko baten bidez eta honako bide hauetako bati jarraituta:

– HNA (Hezkuntza Nortasun Agiria), jaiotegunarekin batera.

– Nortasun Agiri Nazionala (NAN), haren iraungitze-data zehaztuta. Eskatzailea atzerritarra baldin bada, atzerritarren identifikazio-zenbakia (AIZ) eta jaioteguna adierazi beharko ditu, eta, hala badagokio, atzerritarren identifikazio-txartelaren zenbakia (AIT). Kasu batean eta bestean, eskatzailearen nortasuna egiaztatu egingo da, datuak egiaztatzeko zerbitzuaren bitartez. Zerbitzu hori Administrazio Elektronikoari buruzko 21/2012 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian jasota dago.

Sisteman helbide elektroniko baten bidez erregistratuta aurkezten bada eskabidea, nahitaezkoa izango da betetako eskaera-formularioa inprimatzea, izenpetzea eta dagokion ikastetxean aurkeztea, 6. artikuluan zehazten den epean. Ikastetxeak elektronikoki erregistratu behar du eskabidea, epe horretan bertan.

Ikastetxeak konpromisoa hartzen du sei urtez gordetzeko eta kontserbatzeko ikasle eskatzaileek aurkeztutako eskabideak.

3.– Eskatzaileak, ez baldin badauka eskabide telematikoa egiteko bitartekorik, matrikulatuta dagoen ikastetxera joanda egin ahal izango du.

4.– Eskabide-eredua deialdi honen eranskinean dago.

Formularioan, «telefono mugikorra» eta «helbide elektronikoa» atalak bete behar ditu eskatzaileak. Bete ostean, ulertzen da eskatzaileak baimena ematen diola Hezkuntza Sailari agindu honetako 10.7 artikuluan aurreikusitako ohar osagarriak helarazteko.

6. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

Hilabeteko epea egongo da eskabideak aurkezteko, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

7. artikulua.– Eskabidea eta erantzukizunpeko adierazpena.

Eskabidearekin batera, ikaslearen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar da, honako hauek egiaztatzeko:

a) Ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan zehaztutako egoeretako batean ere. Egoera horien artean, honako hauek daude:

– Ordaindu gabe izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.

– Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zigor penal edo administratiborik ez izatea edo horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean ez egotea.

b) Dirulaguntzaren deialdiaren oinarriak onartzen dituela.

c) Eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla, eta betetzen dituela laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako gainerako baldintzak.

d) Egiaztatuko duela dirulaguntza emateko eta hartaz baliatzeko ezarri diren baldintzak eta eskakizunak betetzen dituela.

8. artikulua.– Ikasleen notak.

Aplikazio informatikoak automatikoki emango ditu eskatutako hizkuntzaren edo hizkuntzen nota eta batez besteko nota. Bi dezimalekin kalkulatuko da batez besteko nota, aurreko ikasturtean ikasitako ikasgai guztiak kontuan hartuta.

9. artikulua.– Musikako eta dantzako ikasketa profesionalak.

2020-2021 ikasturtean Musika edo Dantzako ikasketa profesionalak eta Batxilergoko lehenengo ikasturtea ikasten aritu diren ikasleen kasuan, matrikulatuta dauden ikastetxeak ikasketa profesional horien bosgarren ikasturteko ikasgaien kalifikazioak sartuko dituzte Batxilergoko ikasgai komunen kalifikazioekin batera.

10.– artikulua.– Plazak esleitzeko prozesua.

1.– Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzari dagokio agindu honetan xedatzen den prozedura kudeatzeko lanak egitea.

2.– Ikasle eskatzaileen zerrenda egingo du organo kudeatzaileak, eta honakoak adieraziko ditu bertan: zer tartetan sartu den eskaera bakoitza, ikasleen batez besteko nota eta eskatutako hizkuntzan lortutako nota, eta esleipen-proposamena, aurrez adierazi diren datu horien arabera egindakoa. Proposamena plaza ematekoa, erreserba-taldeetan sartzekoa edo deialditik baztertzekoa izango da. Azken kasu horretan, baztertze-proposamenaren arrazoia adierazi beharko da.

3.– Bi tarteetako bakoitzean (Irlandaren eta Erresuma Batuaren kasuan, maila bakoitzean) plazak esleitzeko proposamena egiteko, 2020-2021 ikasturtean izandako batez besteko nota eta eskatutako hizkuntzaren nota batuta lortutako puntuazioaren hurrenkerari jarraituko zaio.

Puntuazio berdina izanez gero, berdinketa hausteko irizpidea hau izango da: zein ikasle den adinez nagusiagoa. Azkenik, berdinketak bere horretan badirau, aplikazioak hura ebazteko zenbaki bana esleituko du ausaz, eta plaza zenbaki txikienarentzat izango da, hau da, espedienteak goranzko hurrenkeran ordenatuko dira.

4.– Ikasle batek ezin izango du agindu honetako deialdiko plaza bat baino gehiago eskuratu. Ikaslearen puntuazioak eskubidea ematen badio herrialde batean baino gehiagotan plaza eskuratzeko, deialdian parte hartzeko eskabidean adierazi duen lehentasun-ordenari dagokiona esleituko zaio.

Ikasleak uko egiten badio lortutako plazari, ez zaio emango bere puntuazioa dela-eta legokiokeen beste bat.

5.– Baldin eta 1. tartean plazarik sobratzen bada, plaza horiek 2. tartean pilatuko dira, herrialde eta hezkuntza-maila berberetan. 2. tarteko plazak hutsik geratzen badira eta 1. tartera pasatzen badira, eta guztizko zenbatekoa ez bada nahikoa plaza-kopuru bera betetzeko, plaza-kopurua murriztuko da esleipen ekonomiko globalarekin bete daitekeen plaza-kopururaino, eta horretarako kontuan hartuko da hautagaiek lortutako puntuazio-ordena, eta zerrendako azken hautagaiak baztertuta geratuko dira.

6.– Esleipen-proposamen hori argitara emango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ 6. artikuluan eskaerak egiteko emandako epea amaitu eta 20 egun balioduneko epean. Horrez gainera, Hezkuntza Sailaren web-orrian ere argitaratuko da: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/),

7.– Ohar bat bidaliko da eskaeran adierazitako gailu mugikorrera eta/edo posta elektronikora, eta jakinaraziko da esleipen-proposamena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratu dela. Abisu hori ez da inoiz jakinarazpentzat hartuko.

8.– Zerrenda horretan jasotako datuetan akatsik aurkituz gero, interesdunek aukera izango dute idatzizko alegazioak egiteko eta datuak aldatzeko frogak aurkezteko, zerrenda argitaratu eta 10 egun balioduneko epean.

9.– Erreklamazioak aztertu ondoren, organo kudeatzaileak behin betiko ebazpen-proposamena igorriko dio Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendariari, deialdia ebatz dezan.

11. artikulua.– Deialdiaren ebazpena.

1.– Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendariak ebazpen bat emango du tarte, hezkuntza-maila eta herrialde bakoitzeko, eta ebazpen horietan adieraziko da plaza eskuratu dutenen zerrenda. Horretaz gainera, beste bi ebazpen emango ditu: batean, tarte, maila eta destinoko herrialde bakoitzean erreserban geratzen diren ikasleen zerrendak adieraziko ditu, eta, bestean, aldiz, baztertu diren eskaerak zerrendatuko; azken kasu horretan, baztertzearen arrazoiak adieraziko ditu.

Jakinarazpenen ondorioetarako, aipatutako ebazpenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan argitaratuko dira, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ Horrez gain, Hezkuntza Sailaren webgunean ere argitaratuko dira: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/

Era berean, ohar bat bidaliko da eskaeran adierazitako gailu mugikorrera eta/edo posta elektronikora, eta jakinaraziko da epeen esleipenaren behin betiko ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratu dela: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/ Abisu hori ez da inoiz jakinarazpentzat hartuko.

2.– Baldin eta agindua argitaratu eta sei hilabeteko epean deialdia ez bada ebatzi artikulu honetan ezarritako prozeduraren arabera, interesdunek ezetsitzat jo beharko dute eskaera, hala xedatzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan. Nolanahi ere, geroago berariaz ebatz lezake deialdia Administrazioak.

3.– Deialdi-ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

12. artikulua.– Plazak erreserbatzea.

1.– Plaza lortu dutenek plazen erreserba egin beharko dute ikastaroa egiteko kontratatutako enpresarekin, eta, horretarako, hilabeteko epea izango dute, 11.1 artikuluko lehen paragrafoan jasotako ebazpena argitara ematen denetik hasita.

Plazak aukeratzeko prozedura:

Irlandan eta Erresuma Batuan, lehentasun-taldeka aukeratuko dituzte ikasle esleipendunek plaza zehatzak, talde bakoitzarentzat berariaz finkatzen diren egunetan, eta tarte eta maila bakoitzeko erreserba-ehunekoak errespetatuz. Hau da, enpresak egunean 100 plaza kudeatu baditzake, lehen egunean Irlandan plaza aukeratuko dute 1. tarteko lehen 77 postuak betetzen dituzten ikasleek, eta 2. tarteko lehen 23 ikasleek. Bigarren egunean, hurrengo 100 postuek aukeratuko dute plaza, banaketa-hurrenkera berean, eta sistema horri jarraituko zaio, harik eta plaza guztiak betetzen diren arte. Tarte bateko plazak betetzen badira, egoera horretara egokituko da prozedura. Eta horren guztiaren ondorioetarako, esleipendunak, enpresak adierazten dion bitartekoa erabiliz, plaza bat aukeratuko du libre dauden plaza guztien artean, tokatzen zaion egunean.

Enpresak ezin badu plaza kopuru hori (100) kudeatu, adierazten den proportzioaren arabera doituko da hautatze-prozedura.

Norbaitek ezin badu plaza aukeratu egokitu zaion egunean, hurrengo egunetan egin dezake, azken ikasleek aukeratzen duten egunera bitartean, baina une horretan libre dauden plazen artetik aukeratu beharko du.

Frantziarako eta Alemaniarako, plaza kopurua txikiagoa denez, hainbat destino edota irteera-data egonez gero, ikasleek zein nahiago duten jakinaraziko diote enpresa esleipendunari, enpresak esandako baliabideak erabiliz. Aukera hori egiteko epea 12.1 artikuluko lehen paragrafoan zehaztutako epearen azken egunean bukatuko da. Enpresa esleipendunak esango die zer herrialde eta irteera-data esleitu zaien. Horretarako, kontuan hartuko du zer tokitan dagoen ikaslea Hezkuntza Sailak emandako zerrendan. Lortutako kalifikazioen hurrenkeraren arabera egongo da ordenatuta zerrenda.

2.– Plaza hautatu ondoren, 170 euro ordainduta gauzatuko da erreserba. Ez bada diru hori ordaintzen epe barruan, esleitutako edo hautatutako plazari uko egin zaiola ulertuko da.

2. tartearen kasuari dagokionez, ekainaren 15a baino lehen eta enpresak adierazten duen egunean ordaindu beharko da partaidetza-kuotari dagokion gainerako diru-zenbatekoa, 2. artikuluaren arabera aplikatu beharrekoa. Halakorik egiten ez bada, kontratatutako enpresak plaza-erreserba baliogabetu dezake, eta, hala badagokio, ordaindutako diru-zenbatekoa galduko da.

3.– 12.1 artikuluko lehen paragrafoan zehaztutako epearen azken egunaren ondoko bost egun igarota, enpresek Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzari jakinaraziko diote zer plaza geratu diren hutsik erreserba ordaindu ez delako.

Plaza horiek eta ukoen ondorioz hutsik gera litezkeenak erreserba-egoeran dauden hautagaiei esleituko dizkie Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzak, banaka eta lehentasun-ordenari jarraituz, harik eta kontratatutako plaza-kopurua bete arte.

13. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Deialdi honetako plazaren bat lortu duten onuradunek egonaldia hasi, egin eta amaitu egin beharko dute adierazitako egunetan, joan-etorriak barne, ikastaroaren antolaketak adierazitako programazio eta jarraibideen arabera. Ikaslea adinez nagusia bada eta aitaren, amaren edo legezko tutorearen berariazko baimena badu soilik baimenduko dira antolaketa horretatik kanpoko joan-etorriak. Ikasle adingabeek itzulera-bidaia baino ezingo dute egin antolaketatik kanpo, baldin eta aitak, amak edo legezko tutoreak laguntzen badie, edo aitak, amak edo legezko tutoreak baimendutako adinez nagusiko pertsona batek; laguntzaile horiek agiri bat izenpetu beharko dute ikaslea jasotzeko unean, eta, haren bidez, enpresa esleipenduna nahiz Eusko Jaurlaritza salbuetsita geratuko dira ikaslea zaintzeko erantzukizun orotik.

Onuradunek nahitaez bete beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako betebeharrak.

14. artikulua.– Ez-betetzearen araubidea.

1.– Laguntza itzultzeko prozedurari ekingo zaio laguntzaren onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 53.1 artikuluan adierazitako kasuren batean sartzen badira, edo agindu honetan eta bete beharreko gainerako arauetan aipatutako baldintzak edo betebeharrak betetzen ez badituzte, edo dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetako bat edo batzuk betetzen ez badituzte –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoaren arabera– eta laguntzak emateko ebazpenean arautzen diren baldintza edo betebeharrak betetzen ez badituzte.

2.– Dirua itzultzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedura beteko da (dekretu horren bidez arautzen da Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra eta ezartzen dira horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak), hargatik eragotzi gabe bideratu beharreko beste ekintza guztiak bideratzea. Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

15. artikulua.– Bateraezintasunen araubidea.

Deialdi honetako plaza bat esleitzea bateragarria da beste edozein erakunde publiko edo pribatuk emandako edozein laguntza edo dirulaguntzarekin.

Dena den, deialdi honetan ezin izango dute plazarik eskuratu aurreko urteetan Hezkuntza Sailak egindako deialdietan atzerrian hizkuntzak ikasteko plazaren bat eskuratu dutenek; hauxe izango da salbuespena: DBHko 2. mailako ikasleei zuzendutako Matematika Olinpiadetan, sari gisa, plaza lortu duten ikasleak.

16. artikulua.– Programa uztea.

Programa borondatez utziz gero, parte-hartzaileek edo haien senideek ordaindu beharko dute jatorrizko herrira itzultzeko garraioaren kostua.

17. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko dira: ikaskuntzaren eta hezkuntza-berrikuntzaren arloko laguntzak eta dirulaguntzak.

Arduraduna: Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Helburua: ikaskuntzaren eta hezkuntza-berrikuntzaren arloko laguntzak eta dirulaguntzak.

Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.

Hartzaileak:

– Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

– Ekonomia eta Ogasun Saila.

Eskubideak: eskubidea duzu datuak atzitzeko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu datu-babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/050400-capa2-eu.shtml

Araudia:

– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673)

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Egonaldi-programa hau gauzatzeko, beharrezkoa izango da 1.4 artikuluan adierazten den kontratua esleitzea.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduak, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzkoak, 5.3 artikuluan adierazitako xedeetarako, agindu honetako laguntzak ebazteko, aurrez kreditu nahikoa eta egokia egon behar da 2022. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urriaren 14a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala