Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

210. zk., 2021eko urriaren 21a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5375

AGINDUA, 2021eko urriaren 13koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bitartez EAEn hondakinen araudia ezartzeko eta ekonomia zirkularra sustatzeko dirulaguntzen oinarri arautzaileak ezarri eta horretarako deialdia egiten baita.

COVID-19aren pandemiak sortutako kalte ekonomiko eta sozialak konpontzen laguntzeko, Europako Batzordeak, Europako Parlamentuak eta EBko agintariek suspertze-plan bat adostu dute, krisitik ateratzeko bidean gidatzeko eta Europa moderno eta jasangarriago baterako oinarriak ezartzeko.

Plan horren esparruan, NextGenerationEU eratu da, 750.000 milioi euroko aldi baterako suspertze-tresna; bitarteko horrek koronabirusaren pandemiak eragindako kalte ekonomiko eta sozialak konpontzen lagunduko du, eta COVID-19aren ondorengo Europa ekologikoagoa, digitalagoa, erresilienteagoa eta egungo eta etorkizuneko erronketara hobeto egokitua izatea du xede.

Testuinguru horretan eman da abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretua, zeinaren bidez presako neurriak onartzen baitira Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Plana egikaritzeko. Horren xedea da, behar diren xedapen orokorrak ezartzea, Europako funtsen bidez, bereziki Suspertzeko Tresnatik datozen funtsen bidez, finantzatu daitezkeen jardueren programazioa, aurrekontua, kudeaketa eta betearazpena errazteko. Suspertzeko Tresna Europako Kontseiluak onartu zuen 2020ko uztailaren 21ean, hazkunde ekonomikoa eta enpleguaren sorrera bultzatzeko, SARS-CoV-2 pandemiak eragindako krisitik suspertu eta kalteak konpontzeko, eta egiturazko transformazio-prozesua bultzatzeko, inbertsio publikoa eta pribatua bultzatu eta ekoizpen-ehunari lagunduz, trantsizio ekologiko eta digital bikoitza bizkortuz, eta erresilientzia eta ekonomia-, gizarte- eta lurralde-kohesioa indartu eta areagotuko dira, Europako merkatu bakarraren esparruan.

Europako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa da NextGenerationEUren elementu nagusia; izan ere, 672.500 milioi euro jartzen ditu eskura, maileguen eta dirulaguntzen bidez, EBko herrialdeek hasitako erreformak eta inbertsioak babesteko. COVID-19ak eragindako pandemiaren inpaktu ekonomikoa eta soziala apaltzea du helburu, eta Europako ekonomiak eta gizarteak jasangarriagoak eta erresilienteagoak izatea eta trantsizio ekologiko eta digitalen erronka eta aukeretarako hobeto prestatuta egotea. Estatu kideak lanean ari dira beren suspertze- eta erresilientzia-planetan, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren esparruko funtsak eskuratu ahal izateko.

Espainiako suspertze-, transformazio- eta erresilientzia-planaren esparruan, eta 12. osagaiaren barruan («Espainiako Industria Politika 2030»), «Hondakinen araudia eta ekonomia zirkularreko Espainiako estrategia ezartzen laguntzeko plana» azpiosagaia sartu da; azken hori Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren (MITERD) funtsezko plangintza-tresnetako bat da Espainian ekonomia zirkularra hedatzeko.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoan Euskadi Next egituratu da, Euskadiren suspertze, transformazio eta erresilientziarako inbertsio-programa. Eusko Jaurlaritzak, hiru foru-aldundiekin eta EAEko hiru hiriburuetako udalekin koordinatuta, Espainiako Gobernuari helarazi dio, aintzat har dezan Espainian Suspertze eta Erresistentzia Mekanismoa (SEM) hornitzen duten funtsen helmugaren esparruan.

Programa horrek ekimen publiko eta publiko-pribatuen multzo koherente eta sendo bat biltzen du, denak ere trantsizio energetiko-ekologikoaren, trantsizio digitalaren eta kohesio sozialaren erronkei aurre egiteko diseinatuak. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak, azken legegintzaldietan, Giza Garapen Jasangarriaren alde egindako apustua handitzen du –azken legegintzaldian, Agenda Euskadi 2030 egitasmoak indartu zuen–.

Bestalde, gogorarazi behar da Garapen Jasangarrirako Agenda 2030 dela NBEren Batzar Nagusiak Pertsonen, Planetaren eta Oparotasunaren alde onartutako plana, asmo duena Bake unibertsala, Lankidetza eta justiziarako sarbidea sendotzea, eta hainbat konpromiso hartzen dituela, hala nola Klima Aldaketaren arloko Parisko Akordioa eta Hiri Agenda Berria. 2030 Agendak Garapen Jasangarrirako 17 helburu (GJH) planteatzen ditu alor ekonomikoan eta sozialean nahiz ingurumenean. Munduko garapen-programak zuzenduko ditu datozen urteetan.

Agindu honek sustatzen duen udal-ekintzaren ekarpenak 11. GJHn (Hiri eta komunitate jasangarriak) du eragina, oro har, eta horiek seguruak, barneratzaileak eta erresilienteak izan daitezela du helburu. Halaber, 12. GJHn (Ekoizpen eta kontsumo arduratsua) ere badu eragina.

Aipatutako lehentasunen garrantzia aintzat hartuta, ezinbestekoak dira tartean diren administrazio guztien, herritarren, gizarte-erakundeen, ezagutza sortzen duten erakundeen, unibertsitatearen eta enpresen arteko ekintza koordinatua, elkarrizketa eta adostasuna. Testuinguru horretan, toki-administrazioek funtsezko papera dute, erronka horiei aurre egiten lagunduko duten ekintzak gauzatzeko.

Ingurumenaren Konferentzia Sektorialak, 2021eko apirilaren 14ko bileran, autonomia-erkidegoen eta autonomia-estatutua duten hirien arteko aurrekontu-kredituak banatzeko eta lurraldeka banatzeko irizpide objektiboak onartu zituen, honako inbertsio-proiektu hau egiteko: Hondakinen araudia ezartzen laguntzeko plana, Ekonomia Zirkularraren Programa eta Ingurumena Sustatzeko Plana (PIMA Hondakinak).

Erabaki hau honako hauekin bat etorrita hartzen da: Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 148.2.f) artikulua eta Aurrekontuei buruzko azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorraren 86. artikulua. Gainera, 2021eko martxoaren 23ko Ministroen Kontseiluaren Erabakiaren ondoren hartu zen; erabaki horren bidez, aurrekontu-kredituen betearazpenerako lurralde-banaketako proposamena onartzen da (guztira, 581.121.060 euro), Ingurumeneko Konferentzia Sektorialaren mende jartzeko, eta proposamen multzo bat baimendu zen, besteak beste, hizpide duguna.

Euskal Autonomia Erkidegoari esleitutako zenbatekoa honako plan eta programa hauen artean banatzen da:

– Hondakinen araudia ezartzen laguntzeko plana.

– Ingurumena Sustatzeko Plana - PIMA Hondakinak.

– Ekonomia Zirkularraren Programa.

Laguntzen helburua da hondakinen kudeaketa hobetzeko behar diren inbertsioak bizkortzea eta Europar Batasunak udal-hondakinen eta ontzien eta ontzi-hondakinen kudeaketaren arloan ezarritako helburu berriak betetzen direla bermatzea, funtsean.

Zehatz-mehatz, udal-hondakinak berrerabili eta birziklatzeari dagokionez, prestatze-helburu berriak hiru denbora-tarte berritarako ezarri dira: % 55eko helburua 2025ean, % 60koa 2030ean, eta % 65ekoa 2035ean; 2020an indarrean dagoen % 50eko helburuak ezarritako bideari jarraipena emanez. Hondakin horiek, gainera, gehieneko muga bat izango dute; 2035ean, sortutako udal-hondakin guztien % 10 bota ahalko dira gehienez. Helburu horiei gehitu behar zaizkie ontzien birziklapenean eta ontzien hondakinetan 2025erako eta 2030erako ezarritako helburuak, globalak eta gaikakoak.

Laguntza horiek (bereziki, biohondakinei buruzko neurriek, baina baita beste material batzuen birziklatzearekin lotutakoek ere) hondakinen hierarkiaren lehenengo aukerak sustatzen dituzten heinean, hondakin gutxiago doaz zabortegira, berotegi-efektuko gasen emisioak murrizten dira eta klima-aldaketaren aurkako borrokan laguntzen da. Halaber, zenbait produkturen bizitza baliagarria luzatzen eta industria-prozesuetarako bigarren mailako lehengaien eskuragarritasuna handitzen laguntzen da, lehengai birjinen kontsumoa murriztu egiten delako, eta, azken batean, eskuragarri dauden baliabideak modu efizienteagoan erabiltzen.

Hondakinen kudeaketaren, baliabideen erabilera efizientearen eta klima-aldaketaren aurkako politikaren ikuspegitik lortutako onurei, enplegua sortzearekin lotutakoak gehitu behar dizkiegu, biltzeko, berrerabilpenerako prestatzeko eta birziklatzeko jarduerak sustatzearen ondorioz.

Horrenbestez, laguntza horiek azkartu egingo dute NextGenerationEUren helburuak lortzea eta trantsizio ekologiko baterantz aurrera egitea, zeinetan ekonomia zirkularrak funtsezko eginkizuna baitu.

2015eko martxoaren 23an, EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2020rako Plana aldarrikatu zen. Ekonomia zirkularra sustatzea du xede, baliabideen kudeaketa efizientea eta efikaza izateko.

Gaur-gaurkoz, EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2030erako Plana onartzeko izapidean dago. Plan hori bat etorriko da 2016-2022 aldirako Hondakinak Kudeatzeko Estatuko Esparru Planean (HKEEP), Euskadiko Ekonomia Zirkularraren Estrategia 2030ean eta espainiar estatura ekarri beharreko hondakinen arloko zuzentarau berrietan ezarritakoarekin. Plana egiteko, kontuan izan dira Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2020ko Planaren azken berrikuspena eta hura gauzatzean ikasitako irakaspenak. Planak hiru erronka handi lortu nahi ditu: 1) Hondakinen arloko Europako araudira egokitzea; 2) Euskadiko hondakinen adierazleak hobetzea eta zaborren arazoa konponduta izatea; eta 3) 2030erako 10 MMt-ko bigarren mailako materialen merkatu egonkor eta segurua sortzea, EAEko enpresen lehiakortasuna eta enplegua sortzea sustatuz.

2020ko urtarrilaren 7an onartu zuen Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Ekonomia Zirkularrerako Estrategia 2030, zeinaren helburu nagusia baita % 26 murriztea kontsumoarekin lotutako karbono-emisioak. Laguntza-programa honek programan bertan ezarritako helburuak ez ezik, EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Planean ezarritakoak ere lortzen laguntzen du.

Euskadiko Autonomia Estatutuaren 11.1.a) artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumena du ingurumen eta ekologiaren alorrean estatuko oinarrizko legeria bere lurraldean garatzeko eta betearazteko.

Eskumen hori Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak egikaritzen du, otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena) xedatutakoaren arabera.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionalari jarraikiz, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari dagokio dirulaguntzen araubide hori kudeatzeko eskumena. Zuzendariak hartuko du balorazio-epaimahaiko presidentearen ardura eta Zuzendaritza horretara atxikitako bi funtzionario izendatuko ditu aipatutako epaimahaia osatzeko.

Dirulaguntzen deialdi honetan, erakunde laguntzaile gisa jardungo du Ihobe SA sozietate publikoak, EAEko administrazio orokorraren bitarteko propioa denez. Ihobe SA sozietate publikoak dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3.c) artikuluan aipatutako kaudimen- eta efikazia-baldintzak betetzen ditu.

Arautu beharreko laguntzen deialdia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko martxoaren 17ko Aginduan jasotzen da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2021., 2022. eta 2023. urteetarako dirulaguntzen plan estrategikoa onestekoan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatzen den bezala, eta arau horretan jasotako edukiaren arabera.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, bat etorriz 2018ko ekainaren 19an onartutako EAEko Emakumeen eta Gizonen VII. Berdintasun Planaren esparruko Berdintasun Politikako Dokumentu Programatiko propioarekin, aintzat hartuko ditu genero-ikuspegia txertatuta duten jarduketak, eta izaera estrategikoa aitortuko die, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritako irizpideekin.

Deialdi hau honako hauetan ezarritakoaren arabera arautuko da: 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzko Orokorra; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duena; eta azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorra, aurrekontuei buruzkoa.

Horregatik guztiagatik, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuak emandako eskumenen arabera, eta bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzei eta laguntzei aplikatzeko gainerako xedapenetan xedatutakoarekin, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da ekonomia zirkularra sustatzera bideratutako laguntzen oinarri arautzaileak ezartzea eta laguntza horien deialdia egitea, EAEn hondakinen kudeaketa hobetzeko behar diren inbertsioak bizkortuz, eta udal-hondakinen eta ontzien eta ontzi-hondakinen kudeaketaren arloan Europar Batasunak ezarritako helburu berriak betetzen direla bermatzea.

Zehazki, diruz lagundu ahal izango dira honako jarduketa-ildo hauek:

– 1. ildoa. Bereizitako bilketa berriak abian jartzea, bereziki biohondakinena, eta egungoak hobetzea.

– 2. ildoa. Bereiz bildutako biohondakinak tratatzeko instalazio espezifikoak eraikitzea.

– 3. ildoa. Bereiz bildutako beste hondakin-fluxu batzuk berrerabiltzeko eta birziklatzeko prestatzeko instalazio berriak eraikitzea.

– 4. ildoa. Bilketa (garbiguneak, kasurako), triajea eta sailkapena (ontziak, papera, etab.) egiteko instalazioetako inbertsioak, egungo tratamendu mekaniko-biologikoen instalazioak eta berreskuratutako erregai solidoak prestatzeko instalazioak hobetzea.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Finantzaketa-ildo hauen erakunde onuradun izan ahalko dira honako hauek:

– Udalerriak edo bestelako toki-erakundeak (foru-aldundiak, mankomunitateak, kuadrilla, etab.), edo toki-erakunde horiek eta hondakinen bilketa- eta tratamendu-zerbitzuak beren gain hartuta dituzten sozietate publikoek eratutako partzuergoak, beren eskumeneko zerbitzuei buruzko proiektuak aurkezten badituzte, 1., 2., 3. eta 4. ildoetan aurreikusitako dirulaguntzen kasuan; erakunde juridiko publikoak eta pribatuak (enpresak, elkarteak, gremioak, fundazioak, irabazi-asmorik gabeko elkarteak, eskolak eta unibertsitateak, etab.), merkataritza-hondakin ez-arriskutsuak edo industrian sortutako etxeko hondakinak sortzen dituztenak, eta bilketa bereiziko proiektuak aurkezten dituztenak, 1. ildoan aurreikusitako dirulaguntzetarako; edo

– Hondakinen kudeatzaileak, 2., 3. eta 4. ildoetako instalazioen kasuan.

2.– Ezin izango dira dirulaguntzen onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. apartatuan jasotako egoeraren batean dauden entitateak. Inguruabar horiek gertatzen diren ala ez erabakitzeko, aintzat hartuko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 4. apartatutik 6.era bitartean ezarritakoa, eta gorabehera bakoitzarentzat ezarritako muga izango dute.

3.– Dirulaguntzak eman eta, hala badagokio, ordaindu ahal izateko, amaituta eduki behar dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntza publikoak itzultzeko prozedura nahiz zehapen-prozedura guztiak, prozedura horiek oraindik izapide-aldian badaude behintzat.

4.– Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen debeku edo zehapen administratibo edo penala duten erakundeek ezin izango dituzte eskuratu agindu honetan aipatzen diren laguntzak, –debeku edo zehapen horien artean da Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean ezarritakoa–.

5.– Onartutako dirulaguntzaren guztirakoa likidatzen den arte eutsi beharko zaio onuradun izateko baldintzari.

3. artikulua.– Erakunde eskatzailearen zenbait betekizun egiaztatzea.

1.– Laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar diren aldi guztietan eskatzaileen baimenik zertan izan gabe, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Eskatzaileak baimenari uko egin ahal izango dio espresuki, horretarako egiaztagiria Dirulaguntzen Erregelamendu Orokorreko 22. artikuluan zehaztutako moduan aurkeztuta.

2.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena), honako eskakizun hauek betetzen direla egiaztatu beharko da, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez:

a) Erakunde eskatzaileak, eskabidea egin duen unean, egunean ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

b) Erakunde eskatzaileak dirulaguntza eskatzea erabaki duela, eta laguntzak estaltzen ez duen zatia finantzatzeko konpromisoa hartu duela.

c) Erakunde eskatzaileak ez duela zigor- edo administrazio-bidetik laguntza edo dirulaguntza publikorik jaso ahal ez izateko zehapenik, eta ez dagoela dirulaguntza publikoak jasotzeko ezgaitzen duen inolako legezko debekuren baten pean.

d) Baldin eta erakunde eskatzailea tokiko merkataritza-sozietate bat, tokiko garapen-agentzia bat edo bestelako toki-erakunde bat bada, bere kapital soziala jabetza publikokoa dela, bazkide nagusiak udalak direla, eta udalerri parte-hartzaileek izendatu dutela dirulaguntzaren xede den jarduketa egiteko.

e) Ez duela zehapen administratibo edo penalik jaso sexu-arrazoiengatik diskriminatzeagatik, eta ez dagoela debeku horrekin zigortuta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritakoaren arabera.

f) Dirulaguntzei buruzko 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako gainerako baldintzak betetzen dituela.

3.– Era berean, eskabidea egin duen erakundeak adierazi behar du egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela indarreko araudian dirulaguntzen onuradun izan ahal izateko ezarritako eskakizunak.

4. artikulua.– Dirulaguntzaren xede diren proiektuak.

1.– Exekuzio-epea.

Dirulaguntzaren xede diren proiektuak 2020ko martxoaren 1etik hasita egon ahal izango dira, eta exekuzio-epea gehienez ere 2026ko maiatzaren 31n amaituko da.

Nolanahi ere, proiektua 2023ko ekainaren 30a baino lehen hasi beharko da, eta kudeatzaileak edo erakunde onuradunak justifikatu beharko du gertakari hori, agindu honen 21. artikuluan aipatzen den dokumentazioa aurkeztuta. Proiektua ez bada aipatutako epean hasi, laguntza errebokatu egingo da, eta zenbateko hori partzialki diruz lagundu ziren eskatzaileen eta hasieran aurrekontu-zuzkidurarik ez zegoelako diruz lagundu ez ziren eskatzaileen artean banatuko da. Banatu ere proiektuen lehentasun-ordenaren arabera banatuko da, balorazio teknikoa egin ondoren, eta deialdiaren ebazpenean adierazitako baldintzetan.

Hasierako proiektutzat hartuko da eraikuntza-lanak, instalazioak hobetzeko lanak edo bereizitako bilketak ezartzeko lanak hasi dituen proiektua.

Onuradunak behar bezala justifikatzen badu, proiektua garatzeko luzapena eman ahal izango da, eskabidean zehaztutako exekuzio-epearen erdikoa gehienez. Luzapen hori egin ahal izateko, laguntzaren xede den proiektuak 2026ko maiatzaren 31 baino lehen amaituta egon beharko du.

2.– Diruz lagundu daitezkeen proiektuak.

1. ildoa.– Bereizitako bilketa berriak abian jartzea, bereziki biohondakinena, eta egungoak hobetzea.

1.1.– Tratamendu biologikoko instalazio espezifikoetara (konposta, digestio anaerobioa edo biak) bideratutako biohondakinen bilketa bereizia ezartzeko, handitzeko edo hobetzeko proiektuak.

– Ildo honetan finantzatu daitezkeen proiektuek proiektuaren deskribapen xehatua eta irismena jaso beharko dituzte. Bereziki, tratamendu biologiko baimendua duten instalazio batera bideratu beharko dira bereizita bildutako biohondakinak, eta ziurtatu egin behar da biohondakin horiek ez direla nahasten konposta (CMC 3) edo digestatoa (CMC 5) egiteko lehengai gisa baimendutakoak ez diren hondakinekin, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019ko ekainaren 5eko 2019/1009 (EB) Erregelamenduaren II. eranskinean jasotakoaren arabera (horren bidez ezartzen dira zenbait xedapen, EBn ongarriak merkaturatzeari buruz).

– Bereizita jasotako biohondakinen helmugako instalazioa oraindik martxan ez badago, instalazio berria izateagatik, biohondakinak bereizita biltzeko proiektua finantzatu ahal izango da, betiere helmugako tratamendu biologikoaren proiektua izapidetzen ari bada eta 2. ildoan ezarritako baldintza teknikoak betetzen baditu.

– Proiektuaren xedeko biztanleriarentzako prestakuntza-, informazio- eta sentsibilizazio-jarduerak jaso beharko dituzte proiektuek, behar bezala xehatuta.

– Inpropio-eduki txikia ahalbidetuko duten bilketa-sistemen proiektuak izan behar dute, kalitatezko birziklapena lortzeko asmoz.

Honako kontzeptu hauek lagundu ahal izango dira diruz:

a) Biohondakinen etxeko ontziak.

Biohondakinak bereizita biltzeko ontzia aireztatua eta marroia izango da, osorik edo partzialki. Barruan utz daitezkeen materialak identifikatu beharko ditu gutxienez (eranskailu edo serigrafia batekin). Bide publikoan biohondakinak atez ate bereizita biltzeko bide publikoan ekarpenak egiteko etxeko ontziak ere sartzen dira.

b) Biohondakinen komunitateko ontziak. Jabekideen erkidegoetarako ontziak.

Ontziak barruan utz daitezkeen materialak identifikatu beharko ditu gutxienez (eranskailu edo serigrafia batekin), eta marroia izan beharko du osorik edo zati batean.

c) Ekarpen-sistemak.

Banakako edo komunitateko ontzien edo poltsen esekitokiak eta/edo konpartimentuak, atez ateko bilketarako.

d) Erabiltzailea identifikatzeko sistemak eta pisatze-sistemak.

Erabiltzailea identifikatzeko sistemak eta ontziak eta edukiontziak pisatzeko sistemak eta/edo horma eta horiekin lotuta beharrezkoak diren sistema informatikoak (irakurgailuak, antenak, softwarea). Mantentze-lanak ez dira diruz lagunduko, eskuratzea bakarrik.

e) Bide publikorako edukiontziak.

Bide publikoan biohondakinak bereizita biltzeko edukiontziek marroiak izan behar dute, partzialki edo osorik, edo identifikazio marroia izan behar dute. Edukiontzien erresistentzia edukiontziak materia organikoz beteta izango lukeen pisuaren araberakoa izango da, eta horiek identifikazio- eta pisatze-sistemak sartzeko aukera eman beharko dute. Edukiontziak barnean har ditzakeen materialen irudi inprimatu iraunkorra izango du.

f) Ekarpen-eremuak eraikitzea eta sarrera kontrolatzea.

Edukiontziak dituzten ekarpen-eremu itxiak eraikitzea eta erabiltzaileen sarrera kontrolatzea, beharrezkoa den teknologia barne hartuta, baita errefusaren ekarpena mugatzeko ere.

g) Landare-hondakinak biltzeko zaku berrerabilgarriak.

Landare-hondakinak bereizita biltzeko zaku berrerabilgarriak. Zakuek barnean har ditzaketen materialen irudi inprimatu iraunkorra izango dute.

h) Biobirringailuak.

Inausketetan sortutako landare-hondakinak in situ birrintzeko biobirringailu garraiagarriak edo eramangarriak, hondakin horiek errazago garraiatzeko.

i) Sortzaile handien biohondakinetarako ontziak (*).

Marroiak izan beharko dute, partzialki edo osorik, edo identifikazio marroia eduki. Ontziak barnean har ditzakeen materialen irudi inprimatu iraunkorra izango du.

j) Sortzaile handien biohondakinetarako poltsa eta zorro konpostagarriak (*).

Organikoak bereizita biltzeko poltsa eta zorro konpostagarriak, UNE-EN 13432 araua bete beharko dutenak. Gutxienez, hondakin organikoetarako poltsa konpostagarri espezifikoak direla adierazi beharko dute.

k) Biohondakinak biltzeko kamioi ez-trinkotzaileak.

Proiektu bakoitzeko, kamioi ez-trinkotzaile bat finantzatuko da gehienez. Kamioiak, ikusteko moduko lekuan, serigrafiatuta izan beharko du biohondakinak bereizita biltzeko dela.

Aurkeztutako proiektuaren ezaugarriak kontuan izanda agerian geratzen bada kamioi bakarra ez dela nahikoa bilketa egokia lortzeko, kamioi ez-trinkotzaile bat baino gehiago finantzatu ahal izango da proiektu bakoitzeko, bilketa egokia bermatuko duen gutxieneko kopurura arte.

l) Prestakuntza eta informazioa emateko, proiektua hedatzeko eta proiektuaren xedeko herritarrak sentsibilizatzeko jarduketek lan-plan bat eta gida bat izan beharko dute; horietan zehaztuko da, hain zuzen, zein biohondakin bildu behar diren bereizita, eta zer-nolako zaintza eta kontrolarekin.

ll.– Sortzaile handientzako informazio-, hedapen- eta sentsibilizazio-kanpaina eta proiektuaren jarraipena (*).

Prestakuntza eta informazioa emateko, proiektua hedatzeko eta proiektuaren xedeko sortzaile handiak sentsibilizatzeko jarduketek lan-plan bat eta gida bat izan beharko dute; horietan zehaztuko da, hain zuzen, zein biohondakin bildu behar diren bereizita, eta zer-nolako zaintza eta kontrolarekin.

(*) Biohondakinen sortzaile handiak izango dira jatetxeak, handizkariak, jantokiak, jatetxe-zerbitzu kolektiboak eta txikizkako kontsumo-establezimenduak. Erakunde eskatzaileak kontzeptu horietarako finantzaketa eskatu ahal izango du soilik sortzaile handi horien biohondakinak kudeatzen baditu bere ordenantzekin bat (uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 12. artikuluaren 5c apartatuaren arabera).

Gai desberdinak barne hartzen dituzten jarduketetan, komunikazio-kanpainetan eta edukiontzien itxieran, esate baterako, diruz lagundutako gaiekin lotutako ehunekoei dagozkien kostuak bakarrik hautatu ahal izango dira; hori zehazteko, eremu bakoitzeko eredu-poltsaren ehunekoak hartuko dira kontuan.

1.2.– Biohondakinak jatorrian bereizteko eta birziklatzeko proiektuak, etxean eta komunitatean konpostatzearen bidez.

Proiektuek deskribapen zehatza eta irismena jaso beharko dute, bereziki honako hauen deskribapena:

– Proiektuan esku hartuko duten parte-hartzaileak prestatzeko jarduketak, parte-hartzaileak prestatzeko estrategia bat txertatuz (adibidez, konpostatze-eskuliburua, prestakuntza teorikoa eta praktikoa, zalantzak argitzeko mekanismoak).

– Proiektuaren jarraipena egiteko jarduketak, tratatutako kantitateen jarraipena barne, proiektua abian jarri bitartean (parte-hartzaileei aldizkako bisitak egitea, telefonoz edo posta elektronikoz aholkularitza ematea, etab.) eta martxan jarri ondorengo urtebetean gutxienez. Erakunde eskatzaileak egiaztatu beharko du baduela hautatutako proiektuen jarraipena egiteko prestakuntza egokia duen koordinatzaile tekniko bat.

– Proiektuak hondakinen esparru-zuzentarauko berrerabiltzeko eta birziklatzeko prestaketa-helburuei egiten dien ekarpena kalkulatzeko beharrezkoa den informazioa biltzeko aurreikusitako jarduketak, Batzordearen 2019ko ekainaren 7ko 2019/1004 (EB) Betearazpen Erabakian ezarritakoarekin bat. Erabaki horren bidez, hondakinen arloko datuen kalkuluari, egiaztapenari eta komunikazioari buruzko arauak ezartzen dira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauarekin bat (Batzordearen C(2012) 2384 Betearazpen Erabakia indargabetzen duena).

Proiektuak lehenesteko, beste irizpide batzuen artean, kontuan hartuko da biohondakinen bilketa bereizia ezartzea aurreikusten ez duen jarduketa-eremu espazial batean zehaztutako proiektuak izatea; hartara, eremu espazial horretan sortutako biohondakin guztiak etxeko konpostatzearen, komunitateko konpostatzearen edo bien bidez kudeatuko dira.

Honako kontzeptu hauek lagundu ahal izango dira diruz:

a) Biohondakinen etxeko ontziak.

Etxean biohondakinak bereizteko ontzia aireztatua eta marroia izango da, osorik edo partzialki. Barruan utz daitezkeen materialak identifikatu beharko ditu gutxienez (eranskailu edo serigrafia batekin).

b) Etxeko konpostagailuak.

Lorategia edo baratzea duten familia bakarreko etxeetarako konpostagailuak, biohondakinak bertan uzteko eta horiekin konposta egiteko.

c) Komunitateko konpostagailuen eremuak eraikitzea.

Komunitateko konpostagailuen eremuak eraikitzea, edo beste gai batzuen bereizitako bilketaren ekarpenarekin partekatutako eremuen zati proportzionala.

d) Komunitateko konpostagailuak.

Komunitateko eremuetarako konpostagailuak, biohondakinak bertan uzteko eta horiekin konposta egiteko.

Komunitateko konpostagailuetarako finantza daitekeen gehieneko zenbatekoan sartuta dago aireztagailu, termometro eta bahegailuen zenbatekoa.

e) Biobirringailuak.

Material egituratzailea birrintzeko biobirringailuak.

f) Etxeko konpostatzerako aireztagailuak, termometroak eta bahegailuak.

Aireztagailu eta termometro espezifikoak, konpostatze-prozesua kontrolatzeko, eta lortutako konposta bahetzeko bahegailuak.

Komunitateko konpostatzearen aireztagailuak, termometroak eta bahegailuak «komunitateko konpostagailuak» kontzeptuaren zenbatekoaren barruan sartzen dira.

g) Proiektuaren prestakuntza-, hedapen- eta jarraipen-jarduketak.

Prestakuntza-, hedapen- eta jarraipen-jarduketek lan-plan bat izan beharko dute, baita zaintza eta kontrola ere. Jarduketa horien artean, parte hartzen duen etxebizitza bakoitzari gida bat emango zaio; dokumentu horretan, konpostatu daitezkeen biohondakinak zehaztuko dira.

h) Azalpen-kartelak konpostatze komunitarioko eremuetan.

Kartelek, gutxienez, azalduko dute zein material konpostatu daitezkeen, zein ekintza egin beharko dituzten parte-hartzaileek (material egituratzailearen ekarpena, proportzioa, etab.) eta harremanetarako telefono edo helbide elektroniko bat, parte-hartzaileen zalantzak argitzeko izango dena.

1.3.– Etxean, merkataritzan eta zerbitzuetan sortutako sukaldeko olio erabilia bereizita biltzea ezartzeko edo bilketa hobetzeko proiektuak, olioa balorizatu, eta, bereziki, bioerregaia lortzeko.

Proiektuek deskribapen zehatza eta irismena jaso beharko dute. Bereziki, adierazi beharko da zein instalazio baimendun erabiliko den bereizita bildutako hondakinak tratatzeko. Proiektuek barne hartu beharko dute proiektuaren xedeko herritarrak, saltokiak eta zerbitzuak sentsibilizatzeko kanpaina bat, egingo diren jarduketen deskribapen xehatuarekin.

Honako kontzeptu hauek lagundu ahal izango dira diruz:

a) Inbutuak.

Inbutu moldakorrak, etxeetan eta sortze-zentroetan ontzi egokiak betetzeko.

b) Bidoiak eta/edo edukiontziak.

Aho zabaleko bidoi tapadunak edo edukiontzi egokiak, hondakin hori bizilagunen erkidegoan, eraikin publiko edo pribatuan edo bide publikoan utzi eta biltegiratzeko. Olioa behar bezala itxitako ontzi batean utzi beharko da edukiontzi baten barruan, olioa zuzenean edukiontzian uzteko beste proposamen bat justifikatzen denean izan ezik. Nolanahi ere, edukiontziak estankotasuna bermatu beharko du, likidoak ez galtzeko eta isurtzeko, eta beste olio mota batzuekin ez nahasteko. Bidoia edo edukiontzia sukaldeko olio erabilia biltzeko bakarrik dela adieraziko da (eranskailu edo serigrafia batekin).

c) Proiektuaren hedapen-, komunikazio-, sentsibilizazio- eta jarraipen-jarduketak.

Proiektuaren xedeko biztanleriarentzako hedapen-, komunikazio- eta sentsibilizazio-jarduerek, baita zaintzak eta kontrolak ere, lan-plan bat eta aurreikusitako jarduketen deskribapena jaso beharko dute, behar bezala xehatuta.

1.4.– Udal-hondakinetako ehun-hondakinak bereizita biltzea ezartzeko edo hobetzeko proiektuak, berrerabiltzeko edo birziklatzeko prestatzeko.

Proiektuek deskribapen zehatza eta irismena jaso beharko dute. Bereziki, adierazi beharko da zein instalazio baimendun erabiliko den bereizita bildutako ehun-hondakinak tratatzeko. Proiektuek barne hartu beharko dute proiektuaren xedeko biztanleriarentzako komunikazio- eta sentsibilizazio-kanpaina bat, egin nahi diren jarduketen deskribapen xehatuarekin.

Proiektuak lehenesteko, kontuan izango da toki-erakundeak aldez aurretik ehun-hondakinak bereizita biltzea ezarri ez duen udalerrietan bereizitako bilketa ezartzeko direla.

Horrez gain, lehentasuna izango dute honako proiektu hauek:

– Bereizita bildutako ehun-hondakinak, lehenengo, berrerabiltzeko prestatzea, eta, bigarren, birziklatzera bideratzea;

– Hondakinak biltzeko lekuetatik hurbil dauden instalazioetan tratatzea;

– Gizarte-erakundeek garatzea, hau da, gizarte-arriskuko egoeran dauden pertsonen kolektiboetan enplegua sortzea eta lan-merkatuan sartzea edo birsartzea ahalbidetzen duen jarduera bat izatea.

Honako kontzeptu hauek lagundu ahal izango dira diruz:

a) Bide publikorako eta garbiguneetarako edukiontziak.

Edukiontzien erresistentzia edukiontziak ehun-hondakinez beteta izango lukeen pisuaren araberakoa izango da, eta horiek identifikazio- eta pisatze-sistemak sartzeko aukera eman beharko dute. Edukiontziak barnean har ditzakeen materialen irudi inprimatu iraunkorra izango du.

b) Proiektuaren hedapen-, komunikazio-, sentsibilizazio- eta jarraipen-jarduketak.

Proiektuaren xedeko biztanleriarentzako hedapen-, komunikazio- eta sentsibilizazio-jarduketek lan-plan bat eta aurreikusitako jarduketen deskribapena jaso beharko dute, behar bezala xehatuta, baita kontrola eta zaintza ere.

c) Ehun-hondakinak biltzeko zaku berrerabilgarriak.

Zaku berrerabilgarriak, bide publikoko edukiontzietan edo atez ateko bilketa-sistemetan ehun-hondakinen bereizitako bilketa eta ekarpena sustatzeko.

Oro har, eta 1. ildo honetan sartzen diren proiektu guztietan, gai organikoen gaikako bilketa ezarrita ez duten udalerrietako proiektuei emango zaie lehentasuna.

2. ildoa.– Bereiz bildutako biohondakinak tratatzeko instalazio espezifikoak eraikitzea.

Inbertsio-ildo honetan hauta daitezkeen proiektuak hauek dira:

2.1.– Konpostatze-instalazioak, digestio anaerobioko instalazioak edo bi tratamenduen konbinazio bat eraikitzeko proiektuak, bereizita bildutako biohondakinak tratatzeko.

2.2.– Dagoeneko badauden tratamendu mekaniko-biologikoko instalazioak egokitzeko proiektuak, bereizita bildutako biohondakinak tratatzeko linea independente bat sartzeko.

Proiektu horien helburua soilik izango da nahasitako hondakinen materialak berreskuratzea edo instalazioak birmoldatzea, konpostatze edo digestio anaerobioaren bidez bereizita bildutako biohondakinak tratatzeko, eta bermatzea inbertsio horiek ez dutela ekarriko instalazioen gaitasuna handitzea edo haien bizitza erabilgarria luzatzea, instalazio guztietan egiaztatuko dena.

2.3.– Dagoeneko badauden konpostatze eta digestio anaerobioko instalazioak hobetzeko proiektuak, bereizita bildutako biohondakinak tratatzeko.

Ez dira hautagarriak izango bereizita bildutako biohondakinak tratatzeko konpostatze edo digestio anaerobioko instalazioen proiektuak, baldin eta inpropioak bereizteko tratamendu mekaniko zehatza egiten badute aldez aurretik, nahasitako bilketetan ohikoa den eran.

Proiektuaren deskribapen xehatua eta irismena jaso beharko dituzte, eta honako hauek adieraziko dituzte: tratatu beharreko hondakinak, tratamendu mota, ekipamenduak, lortutako materialen helmuga, biogasaren erabilerak, hala badagokio, etab.

Proiektuak lehenesteko, kontuan izango da tratamendu-instalazioek edo -lineek biohondakinekin batera konposta (CMC 3) edo digestatoa (CMC 5) egiteko lehengai gisa baimendutakoak soilik tratatuko dituztela, 2019/1009 (EB) Erregelamenduaren II. eranskinean jasotakoaren arabera (horren bidez ezartzen dira zenbait xedapen, EBn ongarriak merkaturatzeari buruz), lortutako materialak produktu gisa merkaturatu ahal izateko.

Garraio-beharrak murrizten dituzten proiektuak lehenetsiko dira, hau da, sortutako materialak jatorritik eta erabiltzeko guneetatik hurbil dauden instalazioak.

Honako kontzeptu hauek lagundu ahal izango dira diruz:

a) Obra zibila, bereizita bildutako biohondakinen tratamendu biologikoa egiteko lursailaren, instalazioaren edo tratamendu-linearen egokitzapena barne, baita metatze-eremuak ere.

b) Tratamendu-prozesurako beharrezkoak diren makinak eta beste elementu batzuk.

Oro har, eta 2. ildo honetan sartzen diren proiektu guztietan, gai organikoen gaikako bilketa ezarrita ez duten udalerrietako proiektuei emango zaie lehentasuna.

3. ildoa.– Bereiz bildutako beste hondakin-fluxu batzuk berrerabiltzeko eta birziklatzeko prestaketa-instalazio berriak eraikitzea.

3.1.– Bereiz bildutako hondakin-fluxuak berrerabiltzeko prestaketa-instalazioak eraikitzea.

Laguntza horien helburua da bereiz bildutako hondakinetatik (besteak beste, tresna elektriko edo elektronikoen hondakinetatik edo ehun-hondakinetatik) datozen eta berrerabiltzeko prestatuta dauden hondakinen kantitatea handitzea. Helburu hori lortzeko, instalazio berriak egitea eta lehendik daudenak handitzea finantzatuko dira, berrerabiltzeko prestaketa barne hartzeko.

Berrerabiltzeko prestaketarik egiten ez den eremuetan dauden instalazioetarako proiektuak lehenetsiko dira.

Proiektu bat aurkeztu beharko da, non adieraziko baitira berrerabiltzeko prestatuko diren hondakin motak, hondakin horietako bakoitzaren tratamenduak eta saltzeko baldintzak. Azken horietan, saldu osteko bermea eta produktu berria dela adieraziko da, beharrezkoa den kasuetan.

Proiektuak ekoizlearen erantzukizun areagotuak estalitako hondakin-fluxuei eragiten badie, ezin izango da finantzatu ekoizlearen erantzukizun areagotuari egotz dakiokeen zatia.

Honako kontzeptu hauek lagundu ahal izango dira diruz:

a) Berrerabiltzeko prestatzeko instalazioa eraikitzea, metatze-eremua eta berreskuratutako produktuak saltzeko gainazala barne. Finantzaketa instalazioak behar bezala funtzionatzeko gutxieneko kontzeptuetara mugatuko da, eta proiektuak sektoreko araudiak instalazio horiei ezar diezazkiekeen baldintza guztiak beteko ditu. Ez dira sartzen instalazio osagarriak, bulegoak, kasurako.

b) Behar bezala biltegiratzeko elementuak, bai jasotako hondakinetarako, bai berreskuratutako produktuetarako, hala nola kaiolak edo apalategiak.

c) Berrerabiltzeko prestatzeko lanak egiteko behar diren makinak eta tresnak. Kontzeptu horretan ez dira sartzen jarduera garatzeko beharrezkoak ez diren material suntsikorra edo bestelako makinak eta tresnak.

d) Instalazioko langileentzako prestakuntza.

e) Komunikazio-kanpaina, instalazioa amaitu ondoren, hurbil dauden herritarrak berrerabiltzeko prestatzeko hondakinak entregatzeaz kontzientziatzeko.

f) Softwarea eta hardwarea eskuratzea, jasotako eta sortutako hondakinak zein berreskuratutako produktuak kontrolatzeko eta horien trazabilitatea egiteko.

3.2.– Ehun-hondakinak birziklatzeko instalazioak eraikitzea.

Laguntza horiek bideratuko dira bereizita bildutako ehun-hondakinak (arropa, oinetakoak, janzteko osagarriak, etxeko arropa eta antzekoak) bereizita tratatu ahal izateko instalazioak eraikitzera, hondakin-fluxu horrek berrerabiltzeko eta birziklatzeko prestatzeari buruz Europar Batasunak ezarri dituen helburuak lortzen lagundu dezan.

Birziklatze-prozesuaren efizientzia ahalik eta handiena izateko, lehentasuna emango zaie bereizita bildutako ehun-hondakinak soilik tratatzen dituzten instalazio-proiektuei.

Ez da finantzatuko ehun-hondakinak birziklatzea ez den beste tratamendu batzuk xede dituzten instalazioak eraikitzea.

Honako kontzeptu hauek lagundu ahal izango dira diruz:

– Ehun-hondakinak birziklatzeko instalazioa eraikitzea (lursailaren egokitzapena barne), baita metatze-eremuak ere. Ez dira sartzen instalazio osagarriak (hala nola bulegoak, makineriarako biltegiak, etab.).

– Birziklatze-prozesurako beharrezkoak diren makinak eta tresnak, ehun-hondakinak sailkatzeko, mekanikoki tratatzeko (harilketa, mozketa, etab.) edo fisiko-kimikoki tratatzeko (prozesu termikoak barne) beharrezkoak direnak barne. Kontzeptu horretan ez da sartzen ehun-hondakinak birziklatzeko beharrezkoak ez diren material suntsikorra edo bestelako makinak eta tresnak.

– Tratatu beharreko ehun-hondakinak eta birziklatze-prozesuaren ondoren lortutako materialak biltegiratzeko instalazioak edo elementuak.

3.3.– Plastiko-hondakinak birziklatzeko instalazioak eraikitzea.

Laguntza horiek plastiko-hondakinak bereizita tratatzeko aukera emango duten instalazioak eraikitzeko izango dira, hondakin-fluxu horrek Europar Batasunak ezarritako helburu hauek lortzen lagun dezan: 2008/98/EE Zuzentarauan udal-hondakinak berrerabiltzeko eta birziklatzeko prestatzeari buruz ezarritako helburuak, 2018/852 (EB) Zuzentarauan ontzi-hondakinak birziklatzeari buruz ezarritako helburuak, eta 2019/904 (EB) Zuzentarauan edarietarako botiletan plastiko birziklatua sartzeari buruz ezarritako helburuak.

Birziklatzeko instalazio berriak eraikitzea laguntzeaz gain, lehendik dauden instalazioak hobetzea ere diruz lagundu ahalko da, betiere hobekuntza horien xedea birziklatutako materialen kalitatea handitzea bada, material horiek elikadura-erabilerarekin bateragarriak izan daitezen.

Lortutako materialek elikagaiak ukitu ahal izateko nahikoa kalitate duten proiektuak lehenetsiko dira, kalitate baxuagoko beste instalazio batzuen aurrean.

Honako kontzeptu hauek lagundu ahal izango dira diruz:

– Plastiko-hondakinak birziklatzeko instalazioa eraikitzea (lursailaren egokitzapena barne), baita metatze-eremuak ere. Ez dira sartzen instalazio osagarriak (hala nola bulegoak, makineriarako biltegiak, etab.).

– Birziklatze-prozesurako beharrezkoak diren makinak eta tresnak. Tratatutako plastikoak deskutsatzeko etapak ezinbestean izan beharko dituzte erabilitako prozesuek. Kontzeptu horretan ez dira sartzen plastiko-hondakinak birziklatzeko beharrezkoak ez diren material suntsikorra edo bestelako makinak eta tresnak.

– Plastiko-hondakinak birziklatzeko lehendik dauden instalazioetan erabiltzen diren tratamenduak aldatzea, baldin eta horien helburua bada elikagaiak ukitu ahal izateko behar den kalitatea duen material bat lortzea.

4. ildoa.– Bilketa (garbiguneak, kasurako), triajea eta sailkapena (ontziak, papera, etab.) egiteko instalazioetako inbertsioak, egungo tratamendu mekaniko-biologikoen instalazioak eta berreskuratutako erregai solidoak prestatzeko instalazioak hobetzea.

4.1.– Bilketa-instalazioak eraikitzeko eta hobetzeko proiektuak (hala nola garbiguneak; ehun-hondakinen eta etxeko hondakin arriskutsuen bilketa barne).

Laguntzen helburua da udal-instalazioen baldintzak hobetzea, hondakin-fluxu desberdinak bereizita biltzeko, eta, zehazki, hondakin-fluxu berriak sartzeko bereizitako bilketa horietan (ehun-hondakinak edo etxeko hondakin arriskutsuak, besteak beste), horiek birziklatzea edo beste balorizazio modu bat sustatzeari, eta deuseztatzera bideratzen den hondakin kantitatea murrizteari begira.

Honako kontzeptu hauek lagundu ahal izango dira diruz:

– Edukiontzi eta kaiola egokiak erostea, hondakin desberdinak biltegiratzeko. Bereziki kontuan izango dira bereizita bildutako gaiak ugaritzen dituzten proiektuak, bereziki ehunekin eta etxeko hondakin arriskutsuekin zerikusia dutenak. Kontzeptu horretan sartzen dira metalezko edukiontziak, kaiolak edo apalategiak.

– Hondakinen sarrerak eta irteerak pisatzeko baskulak.

– Hondakinak metatzeko eremuei teilatu ematea. Eguzkiarekiko eta urarekiko esposizioa hondakinak birziklatzeko edo balorizatzeko kaltegarria den kasuetan, teilatu ematea lehenetsiko da. Bereziki, hondakin hauetan: TEEHak, pilak, ehunak, bernizak eta etxeko beste hondakin arriskutsu batzuk.

– Hondakin arriskutsuak metatzeko eremuko isuriak jasotzea eta iragazgaiztea.

– Hondakinen sarrerak eta irteerak erregistratzeko tresna informatikoak (softwarea barne; artxibo kronologiko telematikoa).

– Berrerabiltzeko prestatzeko instalazioak, bai berrerabiltzeko presta daitezkeen hondakinak bereizita metatzeko, bai egiaztatzeko edo tratatzeko.

– Garbigunean bertan hondakinak behar bezala entregatzeko baldintzei buruzko informazioa emateko elementuak, hala nola kartelak, panelak edo seinaleak.

– Hondakinak biltzeko sistema ibiltariak (hala nola garbigune mugikorrak edo tamaina handiko hondakinen bilketa espezifikoak) txertatzea edo hobetzea. Ez dira baloratuko energia-faktoreak eta ez da finantzatuko emisioak murriztearekin zerikusi duen hobekuntzarik.

– Hobekuntzak hondakinak biltegiratzeko eremura sartzeko kontrolean, hala nola hesiak, sarbidea kontrolatzeko sistemak, metatze-eremuen itxiturak, bideozaintza-sistemak, alarmak, etab.

– Instalazioen barruan askotariko objektuak eta tresnak (altzariak, arropa, etxetresna elektriko txikiak, jostailuak...) norberak konpontzeko eta trukatzeko espazio publikoak sortzea.

– Garbiguneko langileei berrerabiltzeko prestaketaren arloko prestakuntza ematea, berrerabiltzeko presta daitezkeen hondakinak behar bezala hautatzeko.

Ez da alokairurik finantzatuko, ezta hirugarrenei ordaintzeko zerbitzurik ere.

Proiektuak ekoizlearen erantzukizun areagotuak estalitako hondakin-fluxuei eragiten badie, ezin izango da finantzatu ekoizlearen erantzukizun areagotuari egotz dakiokeen zatia.

4.2.– Hondakinen (ontziak, papera, etab.) triajea eta sailkapena egiteko instalazioak eraikitzeko eta hobetzeko proiektuak.

Laguntza horien xedea izango da bereizita biltzen diren hondakinetako materialak ahalik eta gehien aprobetxatzea (ontziak, paper-kartoia eta beira, besteak beste) eta bereizketa mekanikoko instalazio publiko edo pribatuetan tratatzea, berrerabiltzeko eta birziklatzeko prestatzeari buruz Europar Batasunak ezarri dituen helburuak lortzen laguntzeko, baita zabortegira bideratutako hondakinak murrizten laguntzeko ere.

Honako kontzeptu hauek lagundu ahal izango dira diruz:

– Bereizle optikoak.

– Bereizle balistikoak.

– Burdinazkoak diren eta burdinazkoak ez diren metalen bereizleak (adibidez, bereizle magnetikoak, Foucault-en korronteen bereizleak, etab.).

– Arestian aipatutakoak ez diren beste bereizketa metodo batzuk, baldin eta nabarmen laguntzen badute birziklatu daitezkeen materialak berreskuratzeko efikazia areagotzen.

Proiektuak ekoizlearen erantzukizun areagotuak estalitako hondakin-fluxuei eragiten badie, ezin izango da finantzatu ekoizlearen erantzukizun areagotuari egotz dakiokeen zatia.

4.3.– Tratamendu mekaniko-biologikoko lehendik dauden instalazioak hobetzeko proiektuak, birziklatu daitezkeen materialak berreskuratzeko efikazia areagotzeko.

Laguntza horien xedea izango da nahasita biltzen diren udal-hondakinetako materialak ahalik eta gehien aprobetxatzea, berrerabiltzeko eta birziklatzeko prestatzeari buruz Europar Batasunak ezarri dituen helburuak lortzen laguntzeko, baita zabortegira bideratutako udal-hondakinak murrizten laguntzeko ere.

Ez da finantzatuko tratamendu mekaniko biologikoko instalazio berrien eraikuntza. Era berean, ez dira finantzatuko lehendik dauden instalazioen hobekuntzak, honako hauek izan ezik: gerora birziklatu daitezkeen materialak bereiztea xede dutenak, edo materia organikoa tratatzeko prozesuak hobetzea xede dutenak, gerora balorizazio energetikoa egiteko.

Honako kontzeptu hauek lagundu ahal izango dira diruz:

– Bereizle optikoak.

– Bereizle balistikoak.

– Burdinazkoak diren eta burdinazkoak ez diren metalen bereizleak (adibidez, bereizle magnetikoak, Foucault-en korronteen bereizleak, etab.).

– Arestian aipatutakoak ez diren beste bereizketa metodo batzuk, baldin eta nabarmen laguntzen badute birziklatu daitezkeen materialak berreskuratzeko efikazia areagotzen.

– Organikoa errefusatik bereizita tratatzeko sistemak, gerora aprobetxamendu energetikorako erabiltzeko.

4.4.– Berreskuratutako erregai solidoa (BES) prestatzeko instalazioak eraikitzeko eta hobetzeko proiektuak (*).

(*) Azken ildo hori Ekonomia Zirkularraren Programaren eta Ingurumena Sustatzeko Planaren (PIMA Hondakinak) aurrekontuen kargura finantzatu ahal izango da soilik.

Laguntza horien xedea izango da berreskuratutako erregai solidoa prestatzeko instalazio berriak eraikitzea edo dagoeneko badauden tratamendu-instalazioak egokitzea teknologia horretara, bestela balorizatu ezin daitezkeen udal-hondakinen balorizazio energetikoa egiteko, zabortegian ezabatzea baino aukera hobea baita. Era horretan, zabortegira bideratutako udal-hondakinak murrizteko helburuak betetzen lagunduko da.

Aldez aurretik balorizazio-eragiketaren bat izan duten hondakinetatik berreskuratutako erregai solidoak lortzen dituzten instalazioak soilik finantzatuko dira, hondakinen hierarkia-printzipioaren arabera.

Finantzatutako instalazioek UNE-EN 15359:2012 Arauan ezarritako sailkapena eta zehaztapenak betetzen dituen berreskuratutako erregai solido bat lortu beharko dute.

Kontzeptu hauek finantzatu ahal izango dira:

– Berreskuratutako erregai solidoa ekoizteko instalazioa eraikitzea (lursailaren egokitzapena barne), baita metatze-eremuak ere. Ez dira sartzen instalazio osagarriak (hala nola bulegoak, makineriarako biltegiak, etab.).

– Berreskuratutako erregai solidoa lortzeko prozesurako beharrezkoa den makineria (birringailuak, baheak, materialen bereizgailuak, etab.). Kontzeptu horretan ez da sartzen berreskuratutako erregai solidoa ekoizteko beharrezkoak ez diren material suntsikorra edo bestelako makinak eta tresnak.

– Lehendik dauden instalazioen kasuan, instalazio horien egokitzapena finantzatu ahal izango da berreskuratutako erregai solidoak prestatzeko teknologia txertatzeko.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, 1. eta 4. artikuluetan ezarritako ekintzak gauzatzeko egindako gastuak izango dira diruz lagundu daitezkeen gastuak. Edonola ere, proiektua garatzeko aldian egindako gastuak bakarrik lagunduko dira diruz.

2.– Ez dira diruz lagunduko honako gastu hauek:

a) Diruz laguntzen diren ekintzen balio erantsiaren gaineko zergari dagozkionak.

b) Komunikazio-, partaidetza-, informazio- edo sentsibilizazio-kanpainei dagozkienak, Agindu honetako 4. artikuluan berariaz adierazten diren ekintzetan salbu.

c) Lurrak eskuratzeari dagozkionak.

d) Udalerriko edo toki-erakundeko edo haiei lotutako enpresetako eta pertsona juridiko publiko eta pribatuetako plantillako langileei dagozkien gastuak, eta diruz lagundu ezin diren gainerako gastuak, dirulaguntzei buruzko araudian ezarritakoari jarraikiz.

e) Ez dira diruz lagunduko leasing finantzarioko eragiketak. Renting erako eragiketei dagokienez, proiektua gauzatzeko benetako aldiari dagokion kostua baino ez da diruz laguntzekoa izango, deialdi honetan ezarritakoaren arabera.

3.– Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikulua betez, azpikontratatu ahal izango dira diruz lagundutako jarduera guztiak.

6. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

1.– Dirulaguntzen deialdi honetarako aurrekontu-zuzkiduraren zenbateko osoa hamahiru milioi laurehun eta hamalau mila ehun eta bost euro eta laurogeita hamalau zentimokoa (13.414.105,94) da, eta honela banakatuko da:

• 1. ildoa.– Bereizitako bilketa berriak abian jartzea, bereziki biohondakinena, eta egungoak hobetzea. Lau milioi zazpiehun eta berrogeita hemezortzi mila eta laurogeita hamabi euro eta laurogeita zortzi zentimo (4.758.092,88).

• 2. ildoa.– Bereiz bildutako biohondakinak tratatzeko instalazio espezifikoak eraikitzea. Bi milioi ehun eta laurogeita bi mila laurehun eta hirurogeita hamabost euro eta lau zentimo (2.182.475,04).

• 3. ildoa.– Bereiz bildutako beste hondakin-fluxu batzuk berrerabiltzeko eta birziklatzeko prestatzeko instalazio berriak eraikitzea. Bost milioi zazpiehun eta berrogeita bederatzi mila hirurehun eta hamahiru euro eta hemezortzi zentimo (5.749.313,18).

• 4. ildoa.– Bilketa (garbiguneak, kasurako), triajea eta sailkapena (ontziak, papera, etab.) egiteko instalazioetako inbertsioak, egungo tratamendu mekaniko-biologikoen instalazioak eta berreskuratutako erregai solidoak prestatzeko instalazioak hobetzea. Zazpiehun eta hogeita lau mila berrehun eta hogeita lau euro eta laurogeita lau zentimo (724.224,84).

7. artikulua.– Dirulaguntza-eskabideak eta diruz lagundu daitezkeen proiektuak aurkezteko mugak.

1.– Funtsen eskatzaile berak dirulaguntza eskatu ahal izango du hainbat ildotarako, betiere argi eta garbi bereizitako proiektuak aurkezten baditu, ildoa eta horietako bakoitzean finantza daitezkeen partidak identifikatuta.

2.– Erakundeak ildo batean eskabide bat baino gehiago aurkeztu baditu, puntuazio handiena lortu duen jarduerarako bakarrik eman ahal izango da dirulaguntza; salbuespena izango da funtsak banatu ondoren soberakina izatea eta birbanatu ahal izatea.

3.– Udalerri edo toki-erakunde bera ordezkatzen duten erakunde onuradun desberdinek ezingo dute proiektu berari buruzko eskabiderik aurkeztu, nahiz eta proiektuaren fase desberdinetarako izan.

8. artikulua.– Beste dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Agindu honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu bererako ematen dituztenekin, betiere hautatutako proiektu bakoitzerako jasotako finantzaketaren zenbateko osoa ez bada diruz lagundu beharreko proiektuaren kostu osoa baino handiagoa. Gainfinantzaketarik izanez gero, dirulaguntzaren zenbatekoa dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.

Hondakinen laguntza horiek emandako finantzaketa ez da bateragarria Ekonomia Jasangarrirako Karbono Funtsaren (FES-CO2) bidez sustatutako Klima Proiektuekin.

Funts publikoen hartzaileak erakunde juridiko pribatuak diren kasuetarako, deialdi honen xede diren dirulaguntzei Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua aplikatuko zaie (L 187 Europar Batasuneko Egunkari Ofizialean argitaratu zen, 2014ko ekainaren 26an), horren arabera bateragarri jotzen baitira zenbait laguntza-kategoria eta barne-merkatua, Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz. Dirulaguntzek aipatutako Erregelamenduaren I. eta II. kapituluetan ezarritakoa bete behar dute, eta erregelamendu horretako 47. artikuluan daude sartuta.

9. artikulua.– Eskaerak formalizatzea eta aurkezteko epeak.

1.– Eskabideak aurkezteko epea 2021eko abenduaren 15ean bukatuko da.

2.– Bitarteko elektronikoak erabilita aurkeztuko dira eskabideak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1207501).

Helbide horretan eskuratu ahal izango dira: eskabide-orria, erantzukizunpeko adierazpenaren eredua eta inprimakien ereduak, eta eskabideak modu telematikoan aurkezten eta justifikatzen laguntzeko beharrezkoa den dokumentazioa.

Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

3.– Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahalko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak. Ordezkaritza-ahalmena eman behar bazaio beste pertsona bati, jardun dezan, ordezkaritza hori justifikatu beharko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

4.– Eskabidea aurkeztu ondoko izapideak «Nire karpeta» aplikazioan egin eta jakinaraziko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta).

5.– Datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako lege aplikagarrietan xedatutakoaren arabera tratatuko dira datuak.

Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria da emandako datuen arduraduna, eta zuzendaritza horretan gauzatu ahal izango dira datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta aurka egiteko eskubideak; horretarako, Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Zerbitzu Zuzendaritzara jo beharko da (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

6.– Eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Era berean, prozedura osoan, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

7.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean jasota egon beharko du (Hirugarrenen Erregistroa). Alta egiteko edo hirugarren interesdun gisa dagozkion datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak gaitutako Hirugarrenen Erregistro Telematikora jo beharko da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

10. artikulua.– Zer dokumentu aurkeztu behar den eskabidearekin batera.

1.– Eskabidea egiten duen erakundearen ezaugarriak eta burutu nahi den ekintza kontuan harturik, eskabide guztiekin batera, ezinbestez, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri egongo dira aurkeztu beharreko inprimakien ereduak:

a) Erantzukizunpeko adierazpena, behar bezala sinatuta.

b) Oinarrizko eta harremanetarako datuen formularioa.

c) Datu-babesari buruzko informazioa.

d) Laguntza-eskabidearen xede den proiektuaren memoria. Memoria horretan, gutxienez, honako hauek jasoko dira: proiektuaren iraupena (hasiera- eta amaiera-datak), egingo diren ekintzen kronograma (agindu honen 4.2 artikuluan adierazitako betekizunak bete beharko dituzte) eta hondakin-kudeaketaren arloan Europar Batasunak ezarritako helburuen betetze-mailaren azalpena.

e) Proiektua, aurreproiektua eta/edo eskaintza teknikoa, jardunen xehetasuna eta faseen arabera banakatutako aurrekontua jasota. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoaren arabera, diruz laguntzeko moduko gastuak gainditu egiten baditu Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 118. artikuluan kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak, gutxienez hiru eskaintza –hornitzaile ezberdinenak– eskatu beharko ditu onuradunak, obrarako konpromisoa kontratatu aurretik, zerbitzua eman aurretik edo ondasuna entregatu aurretik, non eta, haien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez den aski erakunde haiek egin, eman edo entregatzeko, edo non eta dirulaguntza emateko ebazpenaren aurretik ez den egin eta ordaindu gastua.

f) Proiektua azaltzeko beharrezkotzat jotako dokumentazio osagarria.

g) Jarduera ekonomikoak egiten dituzten eskatzaileen kasuan, Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren enpresaburu, profesional eta atxikitzaileen erroldan edo Zergen Foru Administrazioaren errolda baliokidean inskribatuta daudela egiaztatzen duten agiriak edo, halakorik izan ezean, Jarduera Ekonomikoen Ziurtagiria.

11. artikulua.– Eskabideak zuzentzea.

1.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriek ez badituzte betetzen deialdi honetan ezarritako baldintza guztiak, edo haien edukia nahikoa ez bada, erakunde eskatzaileari 10 eguneko epea emango zaio gabeziak zuzentzeko edota behar diren dokumentuak aurkezteko, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskabidea ez zaiola onartuko. Ebazpena Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeak egingo du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeko 68. eta 21.1 artikuluek aurreikusitako moduan.

2.– Halaber, eskabidea izapidetzea onartu ondoren, dirulaguntzak kudeatzeko organo arduradunak interesekotzat jotako informazioa eskatu ahalko dio erakunde eskatzaileari, aurkeztutako proiektua egoki baloratzeko, eta horretarako 10 eguneko epea emango dio, informazioa eman ezean proiektua eskatutako informazioa kontuan hartu gabe aztertuko dela jakinarazita.

12. artikulua.– Dirulaguntzak kudeatzen dituen organoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen kudeaketa-lanak egitea eta aurkeztutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea.

13. artikulua.– Erakunde laguntzailea.

1.– Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak kudeatzeko, Ihobe SA sozietate publikoa entitate laguntzaile izendatzen da, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onetsi zuena) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako eran.

2.– Ihobe SAk, erakunde laguntzailea den aldetik, funtzio hauek beteko ditu:

a) Aurkeztutako dokumentuak ikuskatzea, eta, akatsik aurkituz gero, zuzenketak proposatzea organo kudeatzaileari.

b) Eskabidea egiten duten erakundeek laguntzak eskuratu ahal izateko ezarri diren baldintzak eta betekizunak betetzen dituztela egiaztatzea.

c) 13. artikuluan adierazitako ebaluazio-organoari laguntza ematea eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko lanetan, 16. artikuluan jasotako esleipen-irizpideen arabera.

d) Dirulaguntzaren xedea den jarduera egin den eta haren helburua bete den aztertzea, eta dagokion jarraipena egitea, ziurtatzeko laguntzak emateko eta proiektuak gauzatzeko baldintzak betetzen jarraitzen dutela.

e) Erakunde onuradunek eskatutako luzapenak bidezkoak diren ala ez balioestea.

f) Laguntzak ordaindu aurretik, entitate onuradunek diruz lagundutako ekintzak egin dituztela eta ekintzen zer kostu izan dituzten adierazten duten ziurtagiriak aztertzea.

g) Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari proposatzea dirulaguntzak behar bezala kudeatzeko administrazio-neurriak edo bestelako neurriak har ditzala, erakunde onuradunak agindu honetako baldintza eta betekizunak ez betetzeagatik hartu behar diren neurriak barne.

14. artikulua.– Balorazio-epaimahaia.

Hauek izango dira balorazio-epaimahaiko kideak: epaimahaiburu gisa, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria; eta, epaimahaikide gisa, aipatutako zuzendaritzako bi funtzionario, lehen aipatutako zuzendariak izendatuak.

Epaimahaiak kasuan kasuko ebazpen-proposamen egokia egingo du, esleipen-irizpideak kontuan hartuta, dirulaguntza lor dezaketen proiektuak zehaztuko dituena, bai eta laguntzen zenbatekoak ere, hala nola ezetsitako eskariak, horretarako arrazoiekin batera. Proposamen hori Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeari helaraziko zaio, eta hark, dagokion ebazpenaren bidez, deialdia ebatziko du.

15. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Agindu honetan araututako jarduketei eman ahal izango zaien gehieneko dirulaguntza ez da izango proiektuaren kostu osoaren % 90 baino handiagoa.

Hauek izango dira dirulaguntzaren mugak onuradun eta proiektu bakoitzeko:

– 1. ildoa. Bereizitako bilketa berriak abian jartzea, bereziki biohondakinena, eta egungoak hobetzea. Proiektu bakoitzerako gehieneko muga: berrogeita hamar mila (50.000,00) euro udalerrientzat eta sozietate publikoentzat, eta berrehun mila (200.000,00) euro foru-aldundientzat, mankomunitateentzat, kuadrillentzat edo zenbait toki erakundek osatutako partzuergoentzat.

• 1.1.– Tratamendu biologikoko instalazio espezifikoetara (konposta, digestio anaerobioa edo biak) bideratutako biohondakinen bilketa bereizia ezartzeko, handitzeko edo hobetzeko proiektuak.

• 1.2.– Biohondakinak jatorrian bereizteko eta birziklatzeko proiektuak, etxeko konpostatzearen eta konpostatze komunitarioaren bidez.

• 1.3.– Etxean, merkataritzan eta zerbitzuetan sortutako sukaldeko olio erabilia bereizita biltzea ezartzeko edo bilketa hobetzeko proiektuak, olioa balorizatu, eta, bereziki, bioerregaia lortzeko.

• 1.4.– Udal-hondakinetako ehun-hondakinak bereizita biltzea ezartzeko edo hobetzeko proiektuak, berrerabiltzeko edo birziklatzeko prestatzeko.

– 2. ildoa. Bereiz bildutako biohondakinak tratatzeko instalazio espezifikoak eraikitzea. Proiektu bakoitzeko gehieneko muga: milioi bat euro (1.000.000,00).

– 3. ildoa. Bereiz bildutako beste hondakin-fluxu batzuk berrerabiltzeko eta birziklatzeko prestatzeko instalazio berriak eraikitzea. Proiektu bakoitzeko gehieneko muga: milioi bat euro (1.000.000,00).

• 3.1.– Bereiz bildutako hondakin-fluxuak berrerabiltzeko prestaketa-instalazioak eraikitzea.

• 3.2.– Ehun-hondakinak birziklatzeko instalazioak eraikitzea.

• 3.3.– Plastiko-hondakinak birziklatzeko instalazioak eraikitzea.

– 4. ildoa. Bilketa (garbiguneak, kasurako), triajea eta sailkapena (ontziak, papera, etab.) egiteko instalazioetako inbertsioak, egungo tratamendu mekaniko-biologikoen instalazioak eta berreskuratutako erregai solidoak prestatzeko instalazioak hobetzea. Proiektu bakoitzeko gehieneko muga: laurehun mila (400.000,00) euro.

4.1.– Bilketa-instalazioak eraikitzeko eta hobetzeko proiektuak (hala nola garbiguneak; ehun-hondakinen eta etxeko hondakin arriskutsuen bilketa barne).

4.2.– Hondakinen (ontziak, papera, etab.) triajea eta sailkapena egiteko instalazioak eraikitzeko eta hobetzeko proiektuak.

4.3.– Lehendik dauden tratamendu mekaniko-biologikoko instalazioak hobetzeko proiektuak, birziklatu daitezkeen materialak berreskuratzeko efikazia areagotzeko.

4.4.– Berreskuratutako Erregai Solidoa (BES) prestatzeko instalazioak eraikitzeko eta hobetzeko proiektuak (*).

(*) Azken ildo hori Ekonomia Zirkularraren Programaren eta Ingurumena Sustatzeko Planaren (PIMA Hondakinak) aurrekontuen kargura finantzatu ahal izango da soilik.

Muga horiek handitu ahal izango dira, diruz lagundutako proiektua kokatzen den ildoan soberakinik geratzen bada.

16. artikulua.– Dirulaguntzak esleitzeko irizpideak eta emateko prozedura.

1.– Laguntzeko moduko proiektuetan nolabaiteko heldutasuna ziurtatze aldera, lehentasuna emango zaie «Euskadi Next» agirian jasotako proiektuei; betiere, proiektu horiek finantzaketa jaso badute beste programa batzuetan, gainfinantzaketarik ez dela gertatzen ziurtatuko da. Gainfinantzaketarik izanez gero, dirulaguntzaren zenbatekoa dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.

2.– Dirulaguntzak emateko prozeduran, agindu honen 4. artikuluan ezarritako diruz lagundu daitekeen ildo bakoitzerako lehentasun-irizpide propioez gain, ondoren azaltzen diren esleipen- eta balorazio-irizpideak hartuko dira kontuan:

a) Jardunaren izaera berritzaile eta estrategikoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren estrategia, plan eta programekin bat etorriz: gehienez, 25 puntu.

Besteak beste, honako hauek joko dira estrategikotzat:

– Eskatzaileak jasangarritasun-politikak betetzeko hitza ematea, eta jasangarritasun-prozesuaren ebaluazio- eta segimendu-txostena egitea. Alderdi hori ofizioz egiaztatuko da Udalsarea 2030 sareari dagozkion eta kasuan kasuko Udal Politiken Ebaluazio Programan parte hartzen duten udaletan.

Espezifikoki «estrategikotzat» ere hartuko da ekintzarekin batera toki-erakundearen hondakin-plana egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Planaren helburuekin eta hondakinak kudeatzearen arloan Europar Batasunak ezarritako helburuekin bat etorriz.

Beste udalerri batzuetan egin ez diren ekonomia zirkularra lortzeko edo hondakin arazotsuak kudeatzeko neurrien ezarpen-jarduketa lehenetsiak; horien ezarpena behar bezala justifikatu beharko da ohiko teknikak erabiltzen ez direnean.

b) Ekintzaren emaitzak (aurreikusitako inpaktua murriztea, eragindako biztanleria, eta beste ingurumen-arlo batzuen gaineko eragina, positiboa edo negatiboa): gehienez, 40 puntu.

c) Proiektuaren kalitate teknikoa (proiektua azaltzeko memoria teknikoaren kalitatea eta xehetasun-maila, eta, hala dagokionean, kalkuluak eta aurkeztutako inpaktu-murrizketak), ekintzaren kostu/etekin erlazioa, diagnostikoa eta jarraipen-proposamena: gehienez, 25 puntu.

d) Naturagune babestuen barruko lurrak, EAEko Natura Zaintzeko Legean xedatutakoaren arabera (Natura 2000 Sarea, Natura Parkeak, Biotopo Babestuak) edo Urdaibai Biosferaren Erreserban kokatuak: gehienez, 10 puntu.

3.– Agindu honetan jasotako laguntzak lehia-prozeduraren bidez esleituko dira 1. artikuluan aipatzen diren ildoetako bakoitzean, norgehiagoka-prozeduraren bidez, hala ezarrita baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.4 artikuluan.

17. artikulua.– Deialdiaren ebazpena.

1.– Ebazpena Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeak emango du, eta pertsona interesdunei jakinaraziko zaie Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren hurrengotik hasi eta gehienez ere sei hilabeteko epean.

Ebazpen hori programa honen esparruan Ingurumeneko Estatu Idazkaritzak ematen duen dirulaguntzen emakida-ebazpenaren mende egongo da.

2.– Epe hori igarota interesdunak ebazpenik jasoko ez balu, kasuan kasuko eskabidea ezetsitzat joko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25 artikuluan ezarritakoaren arabera.

3.– Dirulaguntzak emateko prozeduraren ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratuko da, publizitate-ondorioetarako.

4.– Laguntza eman den edo ez zehaztuko da ebazpenean; gainera, laguntza eman bada, zer erakundek jaso duen, laguntza zer proiektuk jaso duen, zer puntuazio eskuratu duen eta zenbateko laguntza jaso duen zehaztuko dira; eta, aitzitik, eman ez bada, laguntza ez emateko arrazoiak adieraziko dira. Halaber, erakunde onuradunen batek 2023ko ekainaren 30a baino lehen uko egiten badio jaso duen dirulaguntzari edo jarduketa data hori baino lehen ez hasteagatik errebokatzea adosten bada, ebazpenean zehaztuta egongo da bai partez diruz lagundutako proiektuen bai aurrekontu ezagatik dirulaguntzarik gabe geratutakoen lehentasun-hurrenkera, dirulaguntzak jaso ditzaten.

5.– Aurreko paragrafoetan aipatzen den ebazpenak ez du amaitzen administrazio-bidea, eta, horren aurka, gora jotzeko helegitea jarri ahal izango diote erakunde interesdunek Ingurumen, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

18. artikulua.– Erakunde onuradunaren betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan adierazitakoak ere, eta zehazki baldintza hauek:

a) Esleitutako dirulaguntza onartu behar du, eta horrek agindu honetan jasotzen diren baldintza eta arau guztiak onartzea dakar, aldi berean. Alde horretatik, dirulaguntza egokitu zaiola dioen jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita hamar egun naturaletan dirulaguntzari espresuki uko egiten ez bazaio, dirulaguntza onartu egin dela ulertuko da.

b) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen xedea fiskalizatzeko eginkizunak betez eskatzen dieten informazio oro ematea, eta organo emaileak datuak egiaztatzeko egin beharreko ekintzei men egitea, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei buruz eskatutako informazio oro emanez.

c) Proiektuan edozein arrazoi dela medio aldaketak eginez gero, lehenbailehen jakinaraztea Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, aldaketa horien onarpena eskatzeko. Era berean, dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein gorabehera objektibo zein subjektibo aldatuz gero, erakunde emaileari horren berri jakinarazi beharko zaio.

d) Diruz lagundutako ekintza gauzatu eta justifikatzea, agindu honetan ezarritako epeetan.

e) Dirulaguntza zertarako eman den, xede jakin horretarako erabiltzea, betiere 19. artikuluan, baldintzak aldatzeari buruzkoan, finkatutakoa aplikatu behar ez bada.

f) Egoki diren lizentziak, baimenak eta gainerako sektore-eskakizunak betez gauzatzea proiektuak.

g) Edozein administraziok edo erakunde publiko zein pribatuk helburu bererako emandako beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrerarik lortuz gero, inguruabar horren berri izan ondorengo hamar egun balioduneko epean, horren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, eta adieraztea, halaber, organo emailea eta laguntzaren edo dirulaguntzaren zenbatekoa zein diren.

h) Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari doan eta era ez-esklusiboan uztea proiektuan jasotako informazio teknikoa, pedagogikoa eta grafikoa erabiltzeko eskubidea, sailaren informazio-sistemetan txerta ditzan eta haren zabalkundea edo argitalpena egin dadin edozein baliabide edo formatu bibliografikotan, ikus-entzunezkotan, informatikotan edota teknikaren erabilerak ahalbidetzen duen beste edozeinetan. Edonola ere, jabetza intelektualaren eskubideak errespetatuko dira.

i) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18. artikuluan jasotako moduan, publizitatea emateko betebeharra betez, erakunde onuradunek laguntzen deialdi honen bitartez lortutako babesaren berri emango dute jendaurrean:

– Beren webgunean diruz lagundutako proiektua deskribatuz.

– Gutxienez kartel bat jarriz, agindu honek araututako dirulaguntza lortu izana aipatuko duena. Gainera, proiektuari buruzko informazioa jasoko du. Gutxienez A3 neurrikoa izango da eta jendeak ongi ikusteko moduko tokian egongo da, eraikinean sartzeko atearen edo ateen burutik gertu, edo jarduketa egiten den toki zehatzean. Kartel hori 2 hilabetez egongo da ikusgai gutxienez, dirulaguntza ematea jakinarazten denetik aurrera, eta 2 hilabete gehiagoz proiektuaren amaierako justifikazioa aurkezteko unean.

j) NextGenerationEu funtsen babesa aipatzea egiten diren dokumentuetan eta prentsa-komunikazioetan, baita publizitatean ere. Hedapen-kartel eta -material guztietan, eta egiten den publizitate guztietan, eta bereziki diruz laguntzen diren obra, ibilgailu edo ekipamenduetan, funts horiekin lotutako logotipoak jarri beharko dira.

k) Zabalkunderako egiten diren kartel, testu eta dokumentu guztiak euskaraz eta gaztelaniaz egingo dira.

l) Jarduerak herritarrekin harremanetan egotea eskatzen badu, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko eta hizkuntza horietan artatuak izateko aukera eman beharko zaie herritarrei.

ll) Argitalpenik eginez gero, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari bidali beharko zaio euskarri digitalean.

m) Egiten diren dokumentu eta ekintzek genero-ikuspegia eduki behar dute, eta hizkuntzaren eta irudiaren erabileran ez da bazterketa-elementurik egongo.

n) Kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuta edukitzea erakunde onuradunari kasuan-kasuan aplikatu beharreko merkataritzako eta sektoreko legediak eskatutako moduan.

19. artikulua.– Emandako laguntzaren zenbatekoa aldatzea.

Jarduketaren behin betiko benetako kostua dirulaguntza emateko oinarritzat hartutako aurrekontua baino gutxiago bada, dirulaguntzaren zenbatekoa dagokion proportzioan murriztuko da, eta gero dirulaguntzaren ehunekoa oinarri berriari aplikatuko zaio.

Erakunde onuradunak aurkeztutako justifikazioan halakorik aitortzen badu, ordainketa automatikoki kitatuko da, hargatik bazter utzi gabe ondoren administrazio-bidean erreklamazioa aurkezteko aukera.

20. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea eta laguntzen pilaketa.

1.– Dirulaguntza esleitzeko kontuan hartutako baldintzetan aldakuntzaren bat eginez gero, baldin eta deialdiaren xedea betekotzat jotzen bada eta, hala dagokionean, deialdi honetan esleitutako dirulaguntzez gain beste erakunde publiko zein pribatu baten dirulaguntzak edo laguntzak jaso badira, horren berri aurretiaz eman beharko dute Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak horrelakoak berariaz onar ditzan. Aipatutako aldaketek dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea ekarri ahal izango dute, betiere agindu honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira. Horretarako, dagokion kitapen-ebazpena emango da, hala behar denean, esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzeko, edo, hala badagokio, behar den zenbatekoaz gaindi jasotakoa itzultzea eskatzeko.

2.– Ezingo da inola ere aldatu jardueraren izaera, eta, aldaketa onartuko bada, erakunde onuradunak txosten bidez justifikatu beharko du aldatutako proiektuaren eragina parekoa edo handiagoa dela hasieran diruz lagundutako proiektuarena baino.

3.– Dirulaguntzaren erakunde onuradunak justifikazioan adierazten badu dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatu egin direla eta litekeena dela aldaketa horrek ebazpena bera ere aldaraztea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak xedatzen duenaren indarrez, eta aldaketok onartzeko aurrez behar den baimen-izapidea ez denez egin, dirulaguntza eman duen organoaren esku geratuko da aurkeztutako justifikazioa ontzat ematea; betiere, hori eginda beste inoren eskubideak kaltetzen ez badira.

4.– Dirulaguntza eman duen organoak egiaztapen-egintzan aldaketak onartzeak ez dakar berekin erakunde onuraduna legozkiokeen zehapenetatik salbuetsita geratzea.

5.– Agindu honek arautzen dituen dirulaguntzak ezin izango dira metatu Europar Batasunak ematen dituen beste laguntza edo ekarpen batzuekin, baldin eta metaketaren ondorioz, laguntzaren intentsitateak Europar Batasunaren araudian aurreikusitako gehienekoa gainditzen badu. Beste entitate batzuek xede berarako laguntzak emanez gero, laguntza onuragarrienaren gehieneko muga aplikatuko da.

21. artikulua.– Ez-betetzeak.

Erakunde onuradunak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren dirulaguntza eskatutako eta emandako xede espezifikoa betetzeko erabiltzen ez badu, dirulaguntza ematea eragin zuen jarduketa egiten ez badu, dirulaguntza zertarako eman zen, helburu horrexetarako erabili dela egiaztatzen ez badu edo, oro har, onuradunak ez badu betetzen erakunde eskudunak ezarritako baldintzaren bat, ikuskapen-lanak ahalbidetu nahi ez baditu edo onuradunen betebeharren bat betetzen ez badu, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dela adieraziko da, betiere aldez aurretik interesdunari entzun ondoren; gainera, hala badagokio, dagokion zenbatekoa eta dagozkion interes legalak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, hala ezarritako baitago azaroaren 11ko 1/1997 Lege Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako dirulaguntzen berme eta itzulketei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan. Azken horretan ezartzen dira kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta betebeharrak.

Era berean, Ingurumeneko Konferentzia Sektorialaren Erabakiarekin bat (2021eko apirilaren 14an egin zen eta hondakinen araudia ezartzeko laguntza-planari dagozkion kredituen banaketa-irizpideak eta lurralde-banaketa onartzen ditu), jasotako zenbatekoak guztiz edo partzialki itzuli beharko dira kasu hauetan:

a) Aurreikusitako helburuak ez lortzea, guztiz edo zati batean: itzulketa, gutxienez ez-betetzeak funts europarrak altxor publikora itzultzea eragozten duenean, eta autonomia-erkidegoaren erantzukizuneko neurriei dagokienez jaso gabeko itzulketaren zenbatekoz.

b) Aurreikusitako helburuak lortu izana ezin egiaztatu ahal izatea, txostenetan jasotako adierazleen fidagarritasun faltagatik: itzulketa, gutxienez ez-betetzeak funts europarrak altxor publikora itzultzea eragozten duenean, eta autonomia-erkidegoaren erantzukizuneko neurriei dagokienez jaso gabeko itzulketaren zenbatekoz.

c) Bere erantzukizunpeko neurriei eragiten dien edozein irregulartasun, estatuko edo Batasuneko agintariek egindako edozein kontroletan hautemandakoa, eta funtsak altxor publikora itzultzea eragozten duena: autonomia-erkidegoaren erantzukizuneko neurriei dagokienez jaso gabeko itzulketaren zenbatekoa itzultzea.

d) Jasotako zenbatekoak ez erabiltzea eman ziren neurrietarako: behar ez bezala erabilitako zenbatekoak Estatuari itzultzea.

22. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– Pertsona eta erakunde onuradunek 2026ko maiatzaren 31 baino lehen gauzatu beharko dute diruz lagundutako ekintza, eta 2026ko ekainaren 30a baino lehen justifikatu. Proiektua 2026ko maiatzaren 31 baino lehen amaitzen bada, onuradunak edozein unetan aurkez dezake justifikazio-dokumentazioa; betiere, 2026ko ekainaren 30a baino lehen.

Halaber, pertsona eta erakunde onuradunek proiektuaren garapenaren tarteko justifikazio bat aurkeztu beharko dute, eta adjudikaziodun proiektuak gauzatzean izandako aurrerapen-mailari buruzko informazioa helaraziko dute, ordura arte amaitutakoak barne. Txosten hori bidaltzeko azken eguna 2023ko ekainaren 30a izango da.

Txosten horietakoren bat aurkezten ez bada, esleitutako funtsak osorik edo partzialki itzuli beharko dira.

2.– Helburu horretarako, dela tarteko justifikaziorako, dela proiektuaren azken justifikaziorako, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute bitarteko elektronikoen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta):

a) Kudeatzaile onuradunak edo, hala badagokio, toki-erakundearen Idazkaritzak egindako ziurtagiria, dirulaguntzaren xedea bete dela eta bestelako dirulaguntzarik lortu duten adierazten duena. Bestelako dirulaguntzarik lortu badute, ziurtagirian laguntza eman duen organoa, emandako dirulaguntzaren gehieneko ehunekoa eta jasotako dirulaguntzaren zenbatekoa adierazi beharko dituzte.

b) Dirulaguntza eskatu den jardun-ildoari dagozkion diruz lagundutako ekintzak gauzatzeari buruzko azalpen-memoria, jarduketaren ezaugarri aipagarrienak eta helburuen betetze-maila adierazita. Proposamenean aurreikusitako ekintzen exekuzio-maila balia balioetsi ahal izateko adina informazio eman beharko dute, aurreikuspenen eta azkenean egindako jarduketen norainokoaren arteko alderaketa barne.

c) Diruz lagundutako gastua benetan egin dela egiaztatzen duten fakturak edo ordainagiriak. Ordainagirietan fakturatutako zenbatekoak zehaztuta agertuko dira, eta kontzeptuak banakatuta eta unitateko prezioekin. Hala, aurkeztutako dokumentazio teknikoa alderatu ahal izango da.

d) Diru-sarreren eta gastuen zerrenda. Gastu-zerrendan, fakturatutako kontzeptua nahikoa zehaztu beharko dira, diruz lagundutako gastuei dagozkien zenbatekoak eta besteak bereizi ahal izateko.

e) Diruz lagundutako ekimenaren berri emateko egindako komunikazio- eta publizitate-ekintzei buruzko memoria deskribatzailea, hala badagokio.

f) Proiektuan sortutako materialen kopia, azterlan eta txostenak, zabalkunde eta komunikaziorako materialak eta abarrak barne.

g) Georreferentziatutako informazioari dagokionez, kartografia shape formatuan eta ETRS89 proiekzioan aurkeztu behar dute. Kartografia-informazioko metadatuen fitxa bat bete beharko da kartografiako geruza bakoitzeko (https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/instrucciones_documentacion/eu_def/adjuntos/formulario_metadatos_eu_g.pdf).

3.– Behin proiektua bukatutakoan, egindako gastua justifikatu eta proiektua hondakinekin eta klima-aldaketaren aurkako borrokarekin lotutako helburuetara egokitu dela egiaztatze aldera, amaierako hartzaileek memoria bat aurkeztu beharko dute. Hor, ekidin diren berotegi-efektuko gasen emisioen eta arlo horretako helburuak betetzeko lagungarri liratekeen hondakin tonen zenbatespena sartu beharko da.

23. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Honela ordainduko da dirulaguntza: dirulaguntzaren zenbatekoaren % 40, dirulaguntza esleitu dela jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, 10 egun naturaleko epea igarotakoan; eta gainerako zatia, berriz, proiektua egin izanaren egiaztagiriak aurkeztutakoan (2026ko ekainaren 30a baino lehen).

Puntu horretan, kontuan hartuko da abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 3.2 artikuluan xedatutakoa (dekretu horren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira).

2.– Aurreko atalean aipatutako diruz lagundutako zenbatekoaren % 40aren ordainketa aurreratuak ez du eskatzen inolako bermerik eratzea, otsailaren 11ko 1/2021 Legearen (Euskal Autonomia Erkidegoko 2021. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena) 31.3 artikuluak xedatzen duen eran.

24. artikulua.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, hala xedatzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoarekin bat etorriz.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan berariaz jasota ez dagoen guztiari dagokionez, arau hauek aplikatuko dira: 2021eko apirilaren 14ko Ingurumenaren Konferentzia Sektorialak onartutako hondakinen araudia ezartzen laguntzeko planarekin (Ekonomia Zirkularraren Programa eta Ingurumena Sustatzeko Plana - PIMA Hondakinak) lotutako kredituen lurralde-banaketarako irizpide objektiboen oinarri arautzaileetan jasotako aurreikuspenak; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea, eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamendua onartzen duena.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urriaren 13a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala