Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

209. zk., 2021eko urriaren 20a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5337

AGINDUA, 2021eko irailaren 29koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira, 2021erako, Euskal Autonomia Erkidegoko elikaduraren eta zuraren kateko agenteen ikerkuntza-, garapen- eta berrikuntza-departamentuak sortu eta garatzeko laguntzen deialdiaren oinarriak.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskadi 2030 Plan berriak (ZTBP Euskadi 2030) islatzen duen bezala, gure Autonomia Erkidegoak I+G+Bren aldeko apustu argia egin du, zeina azken hiru hamarkadetan mantendu baita eta orain 2030. urteari begira proiektatzen baita. Euskadi 2030ean berrikuntzan aurreratuen dauden Europako eskualdeen artean kokatzean datza ikuspegia. Azken helburua da bizi-maila eta enpleguaren kalitatea hobetzea. Erakunde publikoek, enpresek, unibertsitateek, ikerketa-zentroek, teknologia-zentroek eta eragile sozioekonomikoek parte hartzen duten estrategia partekatua da.

Asmo handiko helburu horiek lortzeko, administrazioak baditu tresnak, hala nola enpresentzako I+G+B laguntzak. Horiek dira I+G+B garatzeko tresna garrantzitsuenetako bat, eta ez soilik epe laburrera erantzunak emateko, baizik eta, batez ere, enpresa-eremuko ekimenak bultzatzeko eta lortzeko I+G+B enpresen kulturaren parte izan dadin eta enpresen lehiakortasunerako eta hazkunderako tresna bat izan dadin. Nekazaritzako elikagaien sektoreak, bere elikaduraren eta zuraren kateko industrien bidez, helburuak lortzen lagundu behar du, zalantzarik gabe.

Elikaduraren balio-katea Euskadiko BPGd-ren % 10,6 da, eta, guztira, 95.000 lanpostu baino gehiago biltzen ditu, guztira 31.000 enpresatan –gutxi gorabehera– banatuak. Zuraren balio-katea, berriz, BPGd-ren % 1,54 da, eta 18.000 lanpostu biltzen ditu. Bi kasuetan, I+G+B beharrezko tresna da enpresen jarduera sustatzeko eta haien hazkundean laguntzeko, produktu, prozesu eta teknologien bidez balioa eman eta soluzio bereizgarrietan inbertitu ahal izan dezaten.

Tamaina da bi balio-kate horietako enpresen ezaugarri komun bat, gehientsuenak ETEak eta mikroETEak baitira. Bestalde, badakigu nekazaritzako elikagaien sektorea sektore tradizional bat dela, eta, oro har, beste sektore industrializatuago batzuetan baino erritmo motelagoan sartzen direla teknologia berriak eta prozesu berriak.

Agindu honen xedea da I+G+B departamentuetako prozesuak eta barne-sistemak sortzeko, garatzeko eta berritzeko proiektuetan gastuak eta inbertsioak egiteko laguntzen deialdia egitea, lehiakortasuna hobetze aldera eta baliabideak optimizatze aldera, Euskadiko elikaduren eta zuraren kateko ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-gaitasunak bizkortuz.

Horrela dago jasota, I+G+B jarduerak sustatuz, nekazaritzako elikagaien sektorearen lehiakortasuna handitzeko Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko Sailak egindako, lagundutako eta bultzatutako planetan ere.

Agindu honen abiapuntua premisa hau da: elikaduraren eta zuraren katean diharduten euskal enpresa-ehunean I+G+B departamentuen presentzia handitzeak ekarriko du I+G+B proiektuak areagotzea, eta hori da, azken batean, agindu honen bidez emandako laguntzen xedea.

Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 9.1 artikuluan xedatutakoa betetzeko, erakundeen barne-sistemak garatu eta berritzera bideratuta dagoen agindu honetako laguntzak Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduari (EB) atxikitzen zaizkio; erregelamendu horrek laguntza kategoria batzuk Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzen ditu. Nekazaritzako elikagaien sektorearen lehiakortasuna hobetzeko negozio berriak erakartzera bideratutakoak, berriz, Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduari atxikita daude. Erregelamendu horrek, Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoak, Estatuko laguntzek minimis araubide horri atxikitako laguntza gisa onartzeko bete behar dituzten baldintzak jasotzen ditu, baimenik eman edo jakinarazpenik egin beharrik izan gabe.

Era berean, agindu honen bidez iragarritako laguntzak jasota daude Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko Sailaren 2021, 2022 eta 2023 urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan. Plan estrategiko hori Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko martxoaren 17ko Aginduaren bidez onartu zen eta Eusko Jaurlaritzaren «www.euskadi.eus» webgunean argitaratuta dago, Sailari buruzko eremuan, «Planak eta proiektuak» atalean.

Aurrekontu-zuzkidura nahikoa dago Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko ekitaldiko aurrekontu orokorrak (2021eko ekitaldirako) onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legeak baimendutako kredituen arabera, eta, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu-araubideari dagokionez indarrean dauden lege-xedapenen testu bategina onartzen duen maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuan ezarrita dagoenarekin bat etorriz, laguntza-deialdi honek aurrekontu-estaldura nahikoa du.

Eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearekin bat etorriz (lege horren 26.4 artikuluaren arabera, Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenei kalterik egin gabe, sailburuek beren sailei dagozkien gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko eskudantzia izango dute), honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

2021. urterako, Euskal Autonomia Erkidegoko elikaduraren eta zuraren kateko agenteen ikerkuntza-, garapen- eta berrikuntza-departamentuak sortu eta garatzeko diruz lagun daitezkeen honako lerro hauen deialdiaren oinarriak onartzea, zeinak agindu honen eranskinean baitaude jasota.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa jar dezakete Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren aurrean, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da epea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondoreak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondoreak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 29a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

ERANSKINA

1. oinarria.– Xedea eta helburua.

1.– Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko (aurrerantzean, EAE ere erabiliko da) elikaduraren eta zuraren katean ikerkuntza-, garapen- eta berrikuntza-departamentuen sorrera eta garapena piztu eta bultzatzeko laguntzen araubiderako deialdia egitea.

2.– Laguntza horien helburua bikoitza da: batetik, erakundeen barne-sistemak garatu eta berritu nahi dira, batez ere, I+G sistemak; bestetik, negozio berriak erakarri nahi dira, nekazaritzako elikagaien sektorearen lehiakortasuna hobetzeko, baliabideak optimizatuz.

2. oinarria.– Laguntzen izaera.

1.– Dirulaguntzen programa hau gauzatzerakoan eta ebazterakoan, publizitatearen, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioak bete behar dira.

Laguntza horiek lehiaketa-prozeduraren arabera emango dira.

Programa honen esparruan emandako laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira.

2.– Erakundeetako barne-sistemak garatzera eta berritzera bideratutako laguntzek jakinarazi beharretik salbuetsita dauden laguntzen tratamendu bera izango dute, Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren indarrez, zeinak merkatu komunarekin bateragarri diren zenbait kategoria bereizten baititu, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta (kategorien araberako salbuespenen erregelamendu orokorra) (EBAO L187, 2014-06-26). Horrenbestez, laguntza horiek behar bezala jakinarazi behar zaizkio Europako Batzordeari, agindu hau argitaratzen denetik hasi eta hurrengo 20 egunetan.

3.– Nekazaritzako elikagaien sektorearen lehiakortasuna hobetzeko negozio berriak erakartzera bideratutako laguntzei Europako Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamendua (EB), Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa, aplikatu beharko zaie. Araubide honetan, 200.000 euroko gehieneko laguntza emango dio estatu kide batek enpresa bakar bati 2019, 2020 eta 2021eko zergaldietako edozein alditan.

4.– Inbertsioak eta gastuak urterokoak edo hainbat urtetarako izango dira, aurkezten diren proiektuak gauzatzeko denboraren arabera.

3. oinarria.– Laguntza-lerroak.

Diruz lagun daitezkeen lerro hauek ezarriko dira agindu honetako 1. oinarriko xedea lortzeko:

1.– EAEko elikaduraren eta zuraren kateko sektoreetako erakundeetan I+G+B departamentuak sortzea eta garatzea indartzera eta haien presentzia handitzera bideratutako laguntzak. Laguntza-lerro horren barruan, honako ekintza hauek bultzatuko dira:

1.a) Departamentu berriak sortzea, banaka edo modu bateratuan zenbait erakunderen artean.

1.b) Dagoeneko badauden departamentuak indartzea eta hobetzea, balio eta ahalmen handiagoa emateko.

1.c) Jakintza transferitzea eta sektoreko erakunde eta eragileen artean partekatzea, sektorearen lehiakortasuna erraztuko duten produktu, teknologia edo baterako prozesu berrien etorkizuneko I+G+B proiektuak identifikatzeko.

EAEko enpresa-ehunean I+G+B kultura finkatzea da laguntza tipologia horren azken helburua; hori lortu nahi da ahalegin eta baliabide guztiak EAEko elikaduraren eta zuraren katearen eremuan I+G+B proiektuak sustatzera bideratuko dituzten departamentuak ad hoc sortuz eta I+G+B departamentuak garatuz.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoan aldez aurretik establezimendurik ez duten kanpoko enpresak erakartzea sustatzeko laguntzak, EAEn I+G+B zentroak instala ditzaten. Lerro horren barruan, honako ekintza hauek babestuko dira:

2.a) Beren I+G+B negozioa EAEn instalatzeko interesa izan dezaketenen alderantzizko misioak.

Aurreko tipologiarekin bat etorriz, laguntza honek helburu bera du: EAEko elikaduraren eta zuraren sektorean I+G+B jarduerak indartzea. Berezitasuna izango da azken horretara bideratutakoen helburua izango dela, berez EAEkoak ez izan arren, enpresak erakartzea, jada I+G+B arloan diharduten departamentuak integratuak dituztenak eta beren departamentu, zentro edo instalazioak Euskal Autonomia Erkidegoaren eremu geografikoan instalatzea erabaki dutenak.

Diruz lagun daitekeen lerro honen bidez, eskatzaileek zehaztu beharko dute ea beste de minimis laguntzarik jaso duten 2019, 2020 eta 2021eko ekitaldietan, 200.000 euroko muga egiaztatu ahal izateko.

4. oinarria.– Onuradunak.

1.– 3. oinarrian adierazitako proiektuetara zuzendutako laguntzetarako, EAEko arrantza-, elikadura- eta zur-produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko industriaren sektoreko hauetako edozein izan daiteke onuraduna.

A) Enpresak, edozein forma juridiko dutela ere. Hona sailkapena:

1) Enpresa txiki eta ertainak; mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzko Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinaren arabera.

2) Enpresa handiak; alegia, enpresa txiki eta ertainen definiziotik kanpo geratzen direnak.

B) Elkarteak eta fundazioak.

C) Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeak eta ondasun-erkidegoak. Parte hartzen duten enpresa guztiek bete beharko dituzte agindu honetan ezarritako betekizun eta baldintzak. Elkarteen eskabideek berariaz adierazi behar dituzte elkarteko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa. Dena den, taldearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, zeinak nahikoa botere izango baitu, onuradun gisa, taldeari dagozkion egitekoak betetzeko, eta kide bat izendatu beharko dute funtsen hartzaile izateko, zeinak banatuko baitizkie funtsok taldeko gainerako kideei. Elkarteak ezin dira desegin Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuko 44. artikuluak, 32.m) artikuluarekin batera, finkatzen duen preskripzio-epea igarotzen den arte.

2.– 3. oinarriko 2.a) laguntza-lerroaren eskatzaileen kasuan, EAEko elikaduraren edo zuraren sektorekoak ez diren enpresak izan ahalko dira eskatzaileak, baldin eta EAEn instalatzeko interesa duen enpresaren baten benetako interesa egiaztatzen eta justifikatzen badute. Horretarako, enpresa horren adierazpen bat aurkeztu beharko dute, bai eta jarduketa-plan bat eta haren ezarpena deskribatzen dituen memoria bat ere.

5. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen kostuak.

1.– Hauek dira 3. oinarriko 1. lerroko laguntzetarako diruz lagun daitezkeen kostuak:

– 1.a) tipologiako proiektuen kasuan –I+G+B departamentuen sorrera eta garapena indartzea, bai eta haien presentzia handitzea banaka edo modu bateratuan–:

• Kanpoko laguntza, Zientziako, Teknologiako eta Berrikuntzako Euskal Sare barruko elikaduraren eta zuraren kateetan espezializatutako zentro teknologiko batek I+G+B departamentua sortu aurretik bideragarritasun-azterlanak egiteko.

• I+G+B departamentu horietan sartzeko pertsonal, ikertzaile, teknikari eta gainerako langile laguntzaile espezializatuen gastuak, I+G+B arloko jardueretan dedikazio osoz jardun behar duten heinean.

• Abian jartzeko aktibo materialetan eta ez-materialetan inbertitzearen kostuak.

– 1.b) tipologiako proiektuen kasuan –dagoeneko badauden I+G+B departamentuak indartzea eta hobetzea–:

• I+G+B departamentu horietan sartzeko pertsonal, ikertzaile, teknikari eta gainerako langile laguntzaile espezializatuen gastuak, I+G+B arloko jardueretan dedikazio osoz jardun behar duten heinean.

• Beharrezko tresneria, ekipamendua eta materiala erostea;

• Biltzar, mintegi edo ekitaldi interesgarrietara joateko bidaiak eta dietak.

• I+G+B departamentuen lehiakortasuna hobetzen laguntzen duten I+G+B arloko sare edo foroetako kide izatearen kuotak/gastuak.

– 1.c) tipologiako proiektuen kasuan –jakintzaren transferentzia eta emaitzak erakundeen artean partekatzea–:

• Bidaia-gastuak eta dietak;

• Ekitaldiak antolatzea;

• I+G+B arloko agenteak kontratatzea

2.– Honako hauek izango dira 3. oinarriko 2. lerroko laguntzetarako diruz lagun daitezkeen kostuak –aurrez EAEn establezimendurik ezarria ez duten kanpoko enpresak erakartzea sustatzea, EAEn I+G+B zentroak instala ditzaten–:

– Alderantzizko misioen 2.a) tipologiako proiektuen kasuan, EAEtik kanpoko enpresek elikadurako eta zuraren katearen euskal ekosistema ebaluatzeko egindako bisiten –haiek inbertitzaile izateko erakartzea bilatzen duten bisitak– ondoriozko gastuei dagozkienak:

• Bidaiak eta dietak

• Egonaldiak

• Ekitaldiak edo bilerak prestatzea.

3.– Kostu guztiek sorrarazita edo fakturatuta egon beharko dute eskabidea aurkezten den egunetik aurrera eta jarduketak gauzatzeko ezarritako epean. Laguntza-eskaera aurkeztu aurretik sorrarazitako edo fakturatutako gastuak onartuko dira 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera.

Nolanahi ere, beti bete beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoa.

4.– Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean –horren bidez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa egiten da Espainiako ordenamendu juridikora– kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, gutxienez hiru eskaintza –zenbait hornitzailerenak– eskatu beharko ditu onuradunak, obrarako konpromisoa kontratatu aurretik, zerbitzua eman aurretik edo ondasuna entregatu aurretik, non eta, haien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez den aski erakunde haiek egin, eman edo entregatzeko, edo non eta dirulaguntzaren aurretik ez den egin gastua.

Efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera hautatuko da aurkeztutako eskaintzen artean, eta berariaz justifikatu beharko da hautu hori, memoria batean, proposamen ekonomiko merkeena ez denean. Eskaintza horiek justifikazioarekin batera aurkeztu beharko dira, edo, bestela, dirulaguntza-eskabidearekin batera.

6. oinarria.– Finantzaketa.

1.– Agindu honetan ezarritako laguntzak finantzatzeko, 2021eko eta 2022ko ekitaldietarako, 1.000.000 euro bideratuko dira. Kopuru hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura finantzatuko da, eta horietatik 500.000 euro 2021erako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 500.000 euro, berriz, 2022rako konpromiso-kredituari. Honela banatuko da:

A) 800.000 euro I+G+B departamentuen sorrera eta garapena sustatzeko proiektuei esleitzen zaizkie; 300.000 euro 2021erako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 500.000 euro 2022rako konpromiso-kredituari.

B) 200.000 euro, beren I+G+B zentroak EAEn instalatu nahi dituzten kanpoko enpresak erakartzeko proiektuetarako; 200.000 euro, berriz, 2021. urterako ordainketa-kredituari dagozkio.

2.– Emango diren laguntzen zenbateko guztia ezingo da izan baliabide horiek baino handiagoa, ez eta baliabideok eguneratzean ateratzen den zenbatekoa baino handiagoa ere, indarrean dagoen legedia betez aurrekontu-aldaketak onartzen diren kasuetan. Gehikuntza hori gertatuz gero, deialdiaren ebazpena eman baino lehen egin beharko da, eta horren berri emango da Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpen baten bitartez. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

7. oinarria.– Eskakizun orokorrak.

Agindu honen bidez deitutako edozein laguntzaren onuradun izateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira; hauek dira horiek guztiak:

1.– Diruz laguntzekoak diren jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan egitea.

2.– Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Eskakizun hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Beraz, alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.

3.– Dirulaguntzaren onuradun den pertsona fisikoa edo juridiko pribatua ez egotea krisian den enpresatzat hartuta, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01).

4.– Inbertsioak ingurumenaren arloko eta arlo higieniko-sanitarioko arauak bete ditzala Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzekoa den berariazko araudiarekin bat (21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa, eta 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko ingurugiroa babestekoa).

5.– Egunean egotea itzulketa- edo zehapen-prozeduretako zenbateko zehatzen ordainketari dagokionez, EAEko Administrazioak eta mendeko enteek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan. Betebehar horien ordainketak egunean dituztela ulertuko da baldin eta zorrak atzeratuta eta zatituta badaude, edo dagokion itzultze-ebazpena dela-eta bertan behera uztea erabaki bada. Eskakizun hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Beraz, alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.

6.– Dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik ez izatea, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-diskriminazioagatiko debekuak barnean hartuta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean zehaztutakoari jarraikiz.

7.– Konkurtso-deklarazioa eskatu ez izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo ez izana, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean ez egotea edo desgaitua ez izatea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

8.– Dirulaguntzak lortzeko aukera galduta ez izatea ebazpen irmo baten bidez ezarritako zehapena dela-eta, edo honako delitu hauetakoren bat egin izanagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

9.– Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, Administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa ebatzita ez izatea.

10.– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean ezarritako kasuren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat ez izatea, lege horretan ezarritako baldintzetan. Horrez gain, ez egotea hauetan aurreikusitako kasuren batean: Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duen martxoaren 30eko 3/2015 Legea eta Administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunen abenduaren 26ko 53/1984 Legea.

11.– Erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean ez izatea zerga-egoitza.

12.– Ezingo dira onuradun izan elkarte bateko kide diren eta oinarri honetan ezarritako betekizunak betetzen ez dituzten pertsonak.

13.– Elkarteen kasuan, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoko 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debekuen kausetan nahastuta ez egotea. Ez-zilegitasun penalaren zentzuzko zantzuak egoteagatik, administrazio-prozedura ez etetea, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, betiere ebazpen judizial sendorik esleitzen ez bada, haren arabera, kasuan kasuko inskripzioa egin ahal izango baita dagokion erregistroan.

14.– Berreskuratze-agindu baten menpe ez egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

15.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari jakinaraztea idatziz xede bera betetzeko beste administrazio baten edo erakunde publiko zein pribaturen baten beste laguntza edo dirulaguntzaren bat lortu izana

8. oinarria.– Eskabideen aurkezpena eta epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabete izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskabidearekin batera, oinarri honen 8. lerrokadan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira.

2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluaren arabera, pertsona fisikoak ez daude behartuta bitarteko elektronikoen bidez erlazionatzera, eta, hala badagokio, nahi duten izapidetze-bidea aukeratu ahal izango dute, paperean edo elektronikoki. Kasu horretan, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein bitartekoren bidez egin ahal izango dute.

Pertsona juridikoek eta nortasun juridikorik gabeko taldeek eta erakundeek, lege horren 14.2 artikuluaren arabera, harremana bitarteko elektronikoen bidez izateko betebeharra dute, dirulaguntza hau izapidetzeko.

3.– Eskabidea aurkezteko, eredu normalizatua erabili beharko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoena:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1207101

4.– Eskabidearen ondorengo izapideak elektronikoki egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora sartu beharko da, «Nire karpeta» atalera:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1207101

6.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza, ahalordeen erregistro elektronikoaren bitartez:

https://www.euskadi.eus/ordezkariak

7.– Laguntza-eskabidearen ereduaren oinarrizko edukia oinarri hauen eranskin gisa argitaratu da.

8.– Eskabidearekin batera agiri hauek ere aurkeztu behar dira:

a) Pertsona juridikoek, erakundea eratzeko eskrituraren eta estatutuen kopia, dagokion erregistroan sartu dela adierazten duen zigilua jarrita.

b) Hauek biltzen dituen memoria:

– Egin beharreko ekintzen eta atazen azalpen zehatza.

– Aurrekontu xehatua.

– Proiektua gauzatzeko epea.

– Proiektuaren arduradunaren identitatea.

– Erakunde sustatzaileko langileen sexuaren araberako banaketa.

– Laguntza emanez gero, enpresaren errendimendu orokorrean zenbateko hobekuntza ekarriko duen.

– Agindu honen 9. oinarrian aurreikusitako azpikontratazio osoa edo partziala gertatzen bada, hauek zehaztu beharko dira: azpikontratatuko den jardueraren ehunekoa; zein pertsona fisiko edo juridikorekin azpikontratatuko den, eta azpikontratatuko diren jarduerak zein diren.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, eskatzaileak Agindu honetako betekizun guztiak betetzen dituela, aurkezten dituen agiri guztiak egiazkoak direla eta 7. oinarrian –4. lerrokadatik 15. lerrokadara bitartean– ezarritako betekizunak betetzen dituela adierazteko. Gainera, 4. eta 5. lerrokadetako eta 8.etik 15.era bitarteko lerrokadetako betekizunei dagokienez, adieraziko du hori egiaztatzen duen dokumentazioa baduela eta Administrazioaren esku jarriko duela horrela eskatzen zaionean.

d) Izaera juridikorik ez duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeei eta ondasun-erkidegoei dagokienez, kide guztiek sinatutako agiri bat, non izendatzen baita, batetik, ordezkari edo ahaldun bakarra, taldeari onuradun den aldetik dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde nahiko dituena, eta, bestetik, funtsen hartzaile izango den kide bat, elkarteko gainerako kideen artean funtsok banatuko dituena.

e) Laguntza kuantifikatzeko, erakunde eskatzaileak aurkeztu nahi duen agiri osagarri oro.

9.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko ditu NAN, IFK, bere zerga-betebeharren ordainketak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean dituela egiaztatzen duten agiriak, pertsona eskatzaileek edo onuradunek horretarako berariazko baimena eman beharrik izan gabe, haiek berariaz aurka egiten diotenean salbu, eta, kasu horretan, dagokion ziurtagiria edo dokumentua aurkeztu beharko dute. Hori guztia Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50.3 artikulua aplikatuz, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluari dagokionez.

10.– Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 3. lerrokadan ezarritakoarekin arabera, oinarri honen 8. lerrokadan eskatutako dokumentazioa administrazio honetan edo beste batean entregatzen denean eta eskatzaileak berariaz deklaratzen badu dokumentu horietan ez dela aldaketarik egin, horiek aurkeztutzat joko dira.

Eskatzaileak adierazi beharko du zein Administraziotan eta noiz aurkeztu diren dokumentuok, eta Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak elektronikoki bilduko ditu bere korporazio-sareen bidez.

Eskatzaileak ez badu nahi oinarri honen 8. lerrokadan eskatutako dokumentazioa biltzea, berariaz agertu beharko da horren aurka, eta dokumentazioa aurkeztu beharko du.

11.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentazioarekin batera. Ildo horretatik, eskatzaile bakoitzak hautatutako hizkuntza erabiliko da eskabidea aurkeztu ondoko jarduketetan, prozedurak irauten duen bitartean, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeari jarraikiz.

12.– Eskabideak oinarri honetan eskatutako dokumentazioa ez badauka, osorik ez badago edo akastuna bada, interesdunari jakinaraziko zaio hamar eguneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak ebazpena eman ondoren eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Eskabidea elektronikoki egin behar duenak aurrez aurre aurkezten badu, eskatzaileari eskatuko zaio zuzen dezala, elektronikoki aurkeztuta. Ondore horietarako, zuzenketa egiten den eguna hartuko da eskabidearen aurkezpen-eguntzat.

13.– Enpresa txiki eta ertainek (ETE) izaera hori egiaztatu beharko dute, agiri hauek aurkeztuta:

A) Pertsona fisikoentzat: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kopia, ekonomia-jardueren eranskinarekin batera, eskaera aurkeztu den dataren aurreko ekitaldikoa.

B) Pertsona juridikoentzat: Eskaera aurkeztu den ekitaldiaren aurrekoari dagokion Sozietateen gaineko Zergaren kopia.

Agiriekin batera, dokumentazioak erakusten duen egoera aldatu ez dela dioen adierazpena.

14.– Edonola ere, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak, eskabidean adierazitakoa egoki ulertzeko, ebaluatzeko eta eskabidea izapidetzeko, beharrezkotzat jotzen dituen bestelako argibide edo agiri osagarriak eskatu ahal izango dizkio eskatzaileari.

Agindu honen 4. oinarriaren 1. lerrokadako C apartatuan zehaztutako onuradunen kasuan, proiektuan parte hartzen duten enpresa edo erakunde bakoitzari buruzkoak izango dira oinarri honen 8. apartatuan adierazitako agiri horiek.

9. oinarria.– Azpikontratatzea.

1.– Diruz lagundutako jardueraren gauzatze osoa edo partziala hirugarrenei azpikontratatu ahal izango die onuradunak, baldin eta hirugarren horiek ez badira onuradun. Proiektua gauzatzeko azpikontratazioa diruz lagunduko den jardueraren % 100ekoa izan daiteke.

2.– Baldin eta hirugarrenei kontratatutako jardueraren zenbatekoa dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20 baino handiagoa bada (dirulaguntza 60.000 eurotik gorakoa izanik), idatzizko kontratua egin beharko da, zeina Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako titularrak baimendu beharko baitu kontratua formalizatu aurretik eta eskabidea aurkeztu ondoren.

Kontratua formalizatzeko baimen-eskabidea laguntza-eskabidearekin batera aurkeztuko da.

Baimentze- edo ukatze-ebazpena, aldiz, aurkezten den egunetik bi hileko epean emango eta jakinaraziko da; epe hori igarota, berariazko ebazpenik eman ez bada, eskabidea baietsi dela ulertu ahal izango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluan xedatutakoaren arabera. Prozeduraren ebazpenaren aurka, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari edo Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, jakinarazpena egin eta hilabeteko epean, edo egintza adierazia ez bada, edozein unetan.

3.– Kontratua ezin izango da zatikatu kontratuaren zenbatekoa murriztu eta 2. lerrokadako betekizunak bete beharrik ez izateko helburuz.

4.– Kontratistek onuradunarekiko besterik ez dute izango betebeharrik, eta onuradunak dauka diruz lagundutako jarduera ondo gauzatzeko erantzukizun osoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren aurrean.

5.– Aurreko apartatuan jasotakoa betetzeko, onuradunen erantzukizuna da diruz lagunduko den jarduera itundua gauzatzean agindu honetan ezarritako mugak errespetatzen direla zaintzea, diruz lagundutako gastuen izaera eta zenbatekoari dagokionez, eta kontratistek, aldiz, agindu honen 15. oinarriaren 7. lerrokadan adierazitako lankidetza-betebeharra bete behar dute, eta muga horiek benetan errespetatzen dituzten ala ez behar bezala egiaztatzeko aukera eman.

6.– Alabaina, onuradunak ezin izango du honako hauekin itundu diruz lagundutako jarduera partez edo osorik gauzatzea:

A) 7. oinarrian ezarritako betekizunak betetzen ez dituzten pertsona fisiko edo juridikoak.

B) Kontratuaren xede den jarduera egiteko beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten pertsona fisiko edo juridikoak.

C) Bitartekari edo aholkulariekin, horiei ordaindu beharrekoak eragiketaren kostu totalaren ehuneko jakin gisa definitzen badira; non eta ordainketa hori ez dagoen justifikatuta egindako lanak edo emandako zerbitzuak merkatuan daukan balioaren erreferentziaren arabera.

D) Onuradunarekin loturaren bat duten pertsona fisiko edo juridikoak, hauek gertatzen direnean izan ezik:

1) Kontratazioa merkatuko kondizio normalen arabera egin izana.

2) Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako titularraren aldez aurretiko baimena lortu izana. Azpikontratatu ahal izateko eskaera Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako titularraren aurrean aurkeztuko da, azpikontratazioa egin aurretik. Eskaerarekin batera, lotutako pertsonarekin azpikontratazioa egitea aholkatzen duten arrazoiak justifikatzeko memoria erantsiko da. Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako titularrak, eskaera egin zenetik gehienez ere hilabeteko epean, ebazpena emango du, eskatutako baimena emateko edo ukatzeko.

Pertsona fisiko edo juridikoekin edo nortasunik gabeko elkarteekin lotura dagoela joko da uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onetsitako Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) Erregelamenduaren 68.2 artikuluan jasotako zirkunstantziaren bat betetzen bada.

E) Deialdi eta programa honetan laguntza eskatu duten, baina betekizunak betetzen ez dituztelako edo beharrezko balorazioa lortu ez dutelako laguntzarik gabe geratu diren pertsona fisiko edo juridikoak.

10. oinarria.– Baloratzeko irizpide orokorrak.

1.– 3.1 oinarrian aurreikusitako laguntzen proiektuak baloratzeko, balorazio-irizpide hauek izango dira kontuan, eta dagozkien puntuazioak:

A) Aurkeztutako memoria teknikoaren kalitate egiaztatua; memoria horretan argi eta garbi azalduko dira helburuak, espero diren emaitzak, egutegia, egin beharreko zereginak, erantzukizunen banaketa, aurrekontua hainbanatzeko metodoak eta abar: 30 puntu, gehienez.

– Produktibitateari eta jasangarritasun ekonomiko, sozial eta ingurumenekoari eragindako inpaktua (9 puntu)

– Helburuak zehaztea (9 puntu, gehienez).

– Diseinua eta metodologia (3 puntu, gehienez).

– Aurrekontua egokitzea (3 puntu, gehienez).

– Emaitzak ezartzea (3 puntu, gehienez).

– Adierazleak ezartzea (3 puntu, gehienez).

B) Elikagai-katearen eta zuraren katearen integrazio bertikaleko prozesuak sustatzea, jarduketa-plana batera aurkeztuta: 15 puntu.

C) Bi enpresek edo gehiagok, elkarlanean arituta, abiaraztea aktibitateak; enpresa horiek ez dute galduko beren izaera juridikoa eta haietako batek eskatu beharko du laguntza eta haren onuradun gisa agertu: 15 puntu

D) Onuraduna ETE gisa kalifikatutako enpresa bat izatea, Mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzko Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinarekin bat: 10 puntu.

E) Jarduketa-planen arduradunak emakumeak izatea edo erakunde sustatzaileko langileen % 50 emakumeak izatea: 10 puntu

F) Ekindako ekimenen ondorioz, ingurumen-hobekuntzak sustatzea: 10 puntu, gehienez.

• Maila altua: emisio atmosferikoekin, hondakinak sortzearekin, ur-kontsumoarekin eta zaratarekin lotutako ingurumen-alderdietan inpaktu positibo handia izatea (10 puntu).

• Maila ertaina: emisio atmosferikoekin, hondakinak sortzearekin, ur-kontsumoarekin eta zaratarekin lotutako ingurumen-alderdietan inpaktu positibo txikia izatea (5 puntu).

• Maila baxua: emisio atmosferikoekin, hondakinak sortzearekin, ur-kontsumoarekin eta zaratarekin lotutako ingurumen-alderdietan inpakturik ez izatea (0 puntu).

G) Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak sektorean prestatutako jarduketa-planekin lerrokatutako jarduerak: 10 puntu.

2.– 3.2 oinarrian aurreikusitako laguntzen proiektuak baloratzeko, kontuan hartuko da eskabidean proposatutako diruz lagun daitezkeen gastuen eta kostuen kontzeptuak 5.2 oinarrian aurreikusitakoekin bat datozen, honako balorazio-irizpide orokor hauek eta dagozkien puntuazioak kontuan hartuta:

A) Merkatuen eta enpresen lehia-analisia: 25 puntu.

B) Lankidetza-prozesuan baterako laguntza-zerbitzuak proposatzea: 25 puntu.

C) Lankidetza-prozesua sustatzeko jarduerak proposatzea: 25 puntu.

D) Produktuen gaineko jakintza sustatzeko jardueren eta lankidetzak eragindako lehia-abantailen zenbatetsitako emaitzak: 25 puntu.

11. oinarria.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Hauek izango dira zenbatekoak, laguntza-moten arabera:

– I+G+B departamentu berriak banaka edo batera sortzeko 3. oinarriko 1.a) tipologiako proiektuak: diruz lagun daitezkeen kostuen % 50eraino, 100.000 euroko gehieneko zenbatekoarekin.

– Dagoeneko badauden I+G+B departamentuak indartzeko eta sendotzeko 3. oinarriko 1.b) tipologiako proiektuak: diruz lagun daitezkeen kostuen % 50eraino, 100.000 euroko gehieneko zenbatekoarekin.

– Jakintza transferitzeko eta emaitzak bateratzeko 3. oinarriko 1.c) tipologiako proiektuak: diruz lagun daitezkeen kostuen % 50eraino, 50.000 euroko gehieneko zenbatekoarekin.

– Euskal Autonomia Erkidegoan I+G+B zentroak instalatuko dituzten kanpoko enpresak erakartzeko 3. oinarriko 2.a) tipologiako proiektuak: gehienez, 10.000 euroko laguntza EAEko enpresa eskatzaile bakoitzeko eta 2.500 eurokoa, kanpoko enpresa interesdun bakoitzeko.

12. oinarria.– Laguntzen kudeaketa.

1.– Gai honetarako sortutako balorazio-batzordeari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea, bai eta emakida-proposamenak prestatzea ere.

Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak du agindu honetan erregulatutako laguntzak kudeatzeko eskumena.

2.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako ikerketa-programen arduraduna izango da balorazio-batzordearen burua. Batzordekideak izango dira Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako teknikari bat eta Hazi Fundazioko ordezkari bat, eta lehenak idazkari-lanak egingo ditu. Ebaluazio-batzordearen osaeran, gaitasun, konpetentzia eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua bermatuko da, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen ezagutza nahikoa izatea ere.

3.– Hazi Fundazioak (Hazi) erakunde laguntzaile gisa jardungo du, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 12. eta 13. artikuluetan, arau horren 16. artikuluko oinarrizko xedapenetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluko 1. eta 2. apartatuetan ezarritakoaren arabera.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak Haziri aginduko dio lanak, zerbitzuak eta bere helburu sozialarekin lotutako edozein jarduketa egiteko, baldin eta administrazio-ahalak erabiltzea ez badakarte; gainera, alde bakarrez finkatu ahal izango ditu agindutako lanak eta zerbitzuak egiteko behar diren jarraibideak, deialdi honetara aurkez daitezkeen proiektuen espezifikotasuna kontuan hartuta. Hazi administrazio honen berezko bitartekoa denez, Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 32. artikuluaren arabera esleituko dira eginkizunak, dagokion mandatuaren bidez.

Hazik funtzio hauek beteko ditu:

a) Aurkeztutako proiektuen eskabideak hasieran ebaluatzea, aurkeztutako dokumentazioa gainbegiratuta, eta, hala badagokio, zuzenketak proposatzea organo kudeatzaileari.

b) Eskatzaileek laguntzak eskuratu ahal izateko ezarri diren kondizioak eta betekizunak betetzen dituztela egiaztatzea.

c) Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea. Eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko lan materialetan ezarritako ebaluazio-organoarekin lankidetzan aritzea, ezarritako irizpideen arabera.

d) Entitate onuradunei laguntzak ordaindu aurretik diruz lagundutako ekintzak egin izana eta ekintzen kostua ziurtatzen dituzten agiriak egiaztatzea.

e) Jarduera egin den eta dirulaguntzaren helburua bete den egiaztatzea, eta onuradunei jarraipena egitea, dirulaguntzak jasotzeko eta proiektuak gauzatzeko baldintzak betetzen jarraitzen dutela egiaztatzeko.

f) Onetsitako proiektuen kontrola eta jarraipena egiteko prozesuak definitu eta ezartzea.

g) Lortutako emaitzen amaierako ebaluazioa egitea.

h) Programa zuzen kudeatzeko behar diren jarduketetan laguntzea, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak hala aginduz gero.

i) Programa honen kudeaketan Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak egiten dituen egiaztatze-jarduketak onartzea.

4.– Balorazio-batzordearen eraketa baliozkoa izango da bilkurak egiteko, eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko, batzordeburua, idazkaria eta batzordekidea bertan direla. Kide anitzeko organo honen funtzionamenduarekin zerikusia duen eta apartatu honetan aurreikusi ez den orotan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulua eta hurrengoak aplikatuko dira, osagarri modura.

5.– Ebaluazio-prozesuan, Hazi fundazioko kideek, komenigarri jotzen bada, planetan aldaketak egitea iradoki diezaieke erakunde eskatzaileei, zehaztutako helburuetara hobeto egokitu daitezen.

Bere eginkizunak betetzearren eta beharrezko irizten dien gaiei dagokienez, balorazio-batzordeak adituak deitu ditzake hala bileretan parte hartzera nola aholku ematera.

6.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek eskabide bakoitzean egiaztatuko dute betekizunak betetzen direla, eta berariaz jasota utziko dute hori.

Balorazio-batzordearen osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeak emandako ebazpen baten bidez.

7.– Balorazio-batzordearen funtzioak honako hauek izango dira:

a) Aurkeztutako eskabide guztiak aztertzea, eta aplikatzekoa den araudia betetzen ez dutenak baztertzea. Era berean, araudia betetzen ez duen eskabide bakoitza baztertzeko arrazoiak zerrendatuko ditu.

b) Aplikatu beharreko araudia betetzen duten eskabideak ebaluatzea, eta diruz lagun daitezkeen kostuak eta jarduketak 3. eta 5. oinarrietan ezarritakora egokitzen direla egiaztatzea.

c) Baloratzeko eta kuantifikatzeko finkatzen dituen irizpide objektiboetan oinarrituz, onuradun bakoitzari zenbateko laguntza eman proposatzea.

8.– Balorazio-batzordeak ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari. Proposamenak gutxienez agindu honen 14. oinarrian aipatzen den edukia jasoko du.

9.– Balorazio-batzordeak bere barne funtzionamendu-arau propioak izango ditu. Arau horiek aurreikusten ez dituzten gaietan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatua aplikatuko da.

13. oinarria.– Laguntzak esleitzeko eta kuantifikatzeko prozedura.

1.– Agindu honetan erregulatutako laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez esleituko dira.

2.– Laguntzen ebaluazioa eta kuantifikazioa egiteko, balorazio-batzordeak kontuan hartuko ditu jarduketen izaera eta edukia eta diruz lagun daitezkeen kostuak 3. eta 5. oinarrietan aurreikusitakora egokitzen diren, bai eta 10. oinarrian ezarritako ebaluazio-irizpideak ere.

3.– 3.1 oinarrian aurreikusitako laguntzetarako gehieneko ehunekoa diruz lagun daitezkeen gastuen % 50 izango da. Dirulaguntza jasotzeko gutxienez 40 puntu lortu beharko dira.

Jarduketa-planak gehienez ere 100 punturen gainean ebaluatuko dira, eta laguntzaren zenbatekoa honela gauzatuko da:

a) Diruz lagundu daitezkeen kostuen % 50 emango zaie 90 eta 100 puntu artean lortzen dituzten jarduketa-planei.

b) Diruz lagundu daitezkeen kostuen % 45 emango zaie 80 eta 89 puntu artean lortzen dituzten jarduketa-planei.

c) Diruz lagundu daitezkeen kostuen % 40 emango zaie 70 eta 79 puntu artean lortzen dituzten jarduketa-planei.

d) Diruz lagundu daitezkeen kostuen % 35 emango zaie 60 eta 69 puntu artean lortzen dituzten jarduketa-planei.

e) Diruz lagundu daitezkeen kostuen % 30 emango zaie 50 eta 59 puntu artean lortzen dituzten jarduketa-planei.

f) Diruz lagundu daitezkeen kostuen % 25 emango zaie 40 eta 49 puntu artean lortzen dituzten jarduketa-planei.

4.– 3.2 oinarrian aurreikusitako laguntzen zenbatekoa finkatzeko, 5. oinarrian aurreikusitakoaren arabera proposatutako diruz lagun daitezkeen gastuen eta kostuen egokitzapena hartuko da oinarri, eta 11. oinarrian EAEn I+G+B zentroak instalatzeko kanpoko enpresak erakartzeko proiektuetarako ezarritako gehienekoak hartuko dira kontuan.

5.– 3. oinarrian adierazitako laguntza-lerroren batean soberakin ekonomikorik badago, soberakin horiek beste lerroei egotzi ahal izango zaizkie, erabat agortu arte, honako ordena honen arabera: 1a), 1b), 1c) eta 2a). Organo eskudunak baimena eman beharko du aurrez, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

14. oinarria.– Ebazpena, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko era, errekurtsoak.

1.– Aurkeztutako eskaera bakoitza eta dokumentazioa aztertu ondoren, balorazio-batzordeak behar bezala egiaztatuko du Agindu honetan ezarritako eskakizunak betetzen direla. Era berean, laguntzak baloratzeko eta kuantifikatzeko irizpide objektiboetan oinarrituz, proposamen bat egingo du onuradun bakoitzari eman beharreko laguntzaren zenbatekoari dagokionez.

2.– Aurreko apartatuan aurreikusitako proposamena jaso ostean, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako titularrak ebazpena emango du, eta, hor, laguntza eman edo ukatuko zaio eskatzaileari.

Erabakitzen den ebazpenak honako informazio hau izan beharko du gutxienez:

A) Baietsitako eskabideei dagokienez:

1) Onuradunen izena edo izen soziala, eta IFK edo NAN.

2) Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura finantzatzen den zenbatekoa.

3) Diruz lagun daitezkeen kostuak eta jarduketak, kasuan kasuko laguntzaren zenbatekoa adierazita.

4) Proiektua gauzatzeko epea eta proiektuak gauzatzeko epearen bukaera-data.

5) Laguntza nortasun juridikorik gabeko elkarte bati emanez gero, elkarteko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko zenbatekoa islatu beharko dira.

B) Ezetsitako eskabideei dagokienez:

1) Eskabidea aurkezten duen pertsonaren edo sozietatearen izena, IFK edo NANa.

2) Ezesteko arrazoiak.

3.– Lehiaketa-prozeduraren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, jakinarazpenaren ondoreetarako, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluko 1. lerrokadako b) apartatuarekin bat, aurreikusitako laguntzen ebazpenaren jakinarazpen indibidualizatuari kalterik egin gabe.

4.– Prozedura ebazteko eta ebazpena jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, deialdiaren agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori bukatu eta ebazpen berariazkorik eman eta jakinarazten ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dute eskabidea, hala ezarrita baitago Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 25.5 artikuluari dagokionez.

5.– Prozeduraren ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari edo Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, jakinarazpena egiten denetik hilabeteko epean edo, egintza adierazia ez bada, edozein unetan. Azken horrek ebatziko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legea urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

6.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman, eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, onuradunak amaituta eduki beharko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi diren itzultze- edo zehapen-prozedura guztiak, prozedura horiek oraindik izapidetze-aldian badaude, behintzat.

Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko desgaikuntza badakar, edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, eta dirua ez bada itzuli borondatez itzuli beharreko epean, emandako dirulaguntza indargabetu egingo da, onuradunaren izaera eskuratzeko debekua izateagatik.

15. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan erregulatutako laguntzen onuradunek oinarri honetan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte. Betebehar horiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan jasota daude; hauek dira horiek guztiak:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretan, baldin eta dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost egunean onuradunek ez badiote berariaz uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.

2.– Dirulaguntza zertarako eman den, xede horrexetarako erabiltzea.

3.– Laguntza emateko ebazpenak eta, hala badagokio, laguntza luzatzeko ebazpenak xedatzen duen epean egitea diruz laguntzen den jarduera; deialdiaren urtean hasi behar da inbertsioa edo gastua.

4.– Emandako laguntzaren zenbatekoarekin ondasun inbentariagarriak eskuratu, eraiki, birgaitu eta hobetzen badira, dirulaguntza eman den helbururako bideratu beharko dira ondasunak, gutxienez horiek gauzatu eta hurrengo 5 urteetan –erregistro publiko batean inskribatu beharreko ondasunen kasuan– edo hurrengo 2 urteetan gainerako ondasunen kasuan.

5.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari jakinaraztea jarduera edo proiektua partez edo osorik gauzatu dela eta haren esku jartzea hala egin dela egiaztatzeko beharrezkoak diren agiri guztiak.

6.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia ematea.

7.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuk eskatzen badizkiote administrazioren bati edo erakunde publiko edo pribaturen bati diruz laguntzen den ekintza bera finantzatzeko, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari jakinarazi behar diote, eta, hala badagokio, eman egin dizkietela ere jakinarazi behar diote, idatziz, beste dirulaguntza edo laguntza horiek eman dizkietela jakin eta hamabost egun balioduneko epean.

8.– Dirulaguntza emateko kontuan hartzen den egoera subjektibo edo objektiboren bat aldatzen bada, aldaketaren berri ematea Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari, idatziz.

9.– Gastuei eta diruz lagundutako jarduerei buruz ematen den informazio edo publizitate guztian, argiki jasotzea Eusko Jaurlaritzaren funtsekin finantzatu direla jarduerok, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan xedatuarekin bat.

10.– Merkataritza-legeriak eskatutako terminoetan ikuskatutako kontabilitate-liburuak, erregistro izapidetuak eta gainerako dokumentu guztiak izatea, eta deialdi bakoitzean finantzatutako inbertsioarekin lotutako inbertsio eta gastu guztietarako kontabilitate-kode egoki bat edo kontabilitate-sistema bereizi bat mantentzea, araudiak finkatzen dituen kontrolak egin ahal izateko.

11.– Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketetan erabil baitaitezke.

12.– Eskabidean jakinaraztea ea sartuta dauden edo ez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasiera ematen zaion edozein itzulketa- edo zehapen-prozeduratan, eta, hala bada, zeintzuk diren zehaztea.

16. oinarria.– Gauzatzeko gehieneko epeak.

1.– Inbertsioak edo gastuak urtean behin edo urte bat baino gehiagotan gauzatu ahal izango dira 3.1 oinarrian aurreikusitako laguntzei dagokienez. 3.2 oinarrian aurreikusitako laguntzak urtekoak izango dira. 2021eko aurrekontu-ekitaldian hasi behar dira diruz laguntzekoak diren ekintzak.

2.– Urteko proiektuen gauzatze-epea 2021eko abenduaren 31n amaituko da.

3.– Urte bat baino gehiagoko proiektuen gauzatze-epea 2022ko abenduaren 31n amaituko da.

17. oinarria.– Gastuaren justifikazioa.

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikulua betez, dirulaguntza jaso duen inbertsio- edo gastu-proiektuaren gauzatzea eta onuradun izateko eskatutako betekizun eta baldintzak betetzen direla justifikatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko zaizkio Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari:

a) Egindako jarduketak justifikatzeko memoria bat, jarduketa-planaren betetze-mailari eta jardueren gauzatze-mailari buruzko informazioa eta laguntza emateko kontuan hartutako betekizunen eta baldintzen betetze-mailari buruzko informazioa bilduko dituena.

b) Faktura originalak eta froga gisa balio bera duten gainerako agiriak, merkataritzako trafiko juridikoan balio dutenak edo administrazio-eraginkortasuna dutenak, faktura jaulkitzeko beharrik ez dagoen kasuetan, Fakturazio-betebeharrak arautzeko Erregelamendua onartzen duen Errege Dekretuaren 3. artikuluarekin bat etorriz betiere (azaroaren 30eko 1619/2012 Errege Dekretua), eta dagokien ordainketa-frogagiria.

c) Erantzukizunpeko adierazpen bat, zehazten duena fakturak eta ordainketak justifikatzeko gainerako egiaztagiriak ez direla aurkeztu diruz lagundu daitezkeen beste programa batzuk justifikatzeko edo, hartarako aurkeztu badira, zehazten duena zer programa justifikatzeko aurkeztu diren eta faktura edo egiaztagiri bakoitzaren zer ehuneko lagundu den diruz.

d) Dirulaguntzak itzultzeagatik dagozkion betebeharrak ordaindu dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.

2.– Foru-ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak egunean dauden Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak egiaztatuko du, automatikoki eta ofizioz. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake laguntza-eskaeran inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, ziurtagiria edo eskatzen zaion agiria aurkeztu beharko du, betiere urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 2. lerrokadan xedatutakoaren arabera.

3.– Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak dokumentu gehiago eskatu ahal izango ditu, egoki baderitzo. Eskaera horrek arrazoitua izan beharko du.

4.– Aurreko lerrokadetan aipatutako agiriak aurkeztu ondoren, proiektuaren azken ebaluazioa egingo dute Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako langileek, eta proiektuak berarekin soilik inbertsioa edo soilik gastua badakar, edo inbertsioa eta gastua elkarrekin, proiektua gauzatu dela adierazten duen azken ziurtagiria egingo dute.

5.– Laguntzen kudeaketa eta ordainketa egokia bermatze aldera, egindako gastua justifikatzeko agiriak aurkezteko gehieneko epea honako hau izango da, beranduenez: 3.2. oinarrian aurreikusitako jarduketetarako, 2022ko urtarrilaren azken egun balioduna; eta 3.1. oinarrian aurreikusitako jarduketetarako emandako dirulaguntzetarako, 2023ko urtarrilaren azken egun balioduna.

18. oinarria.– Ordainketa eta bermeak.

Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Administrazio honetako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistro Telematikoan egon beharko du. Alta emateko edo hirugarrenaren datuak aldatzeko, interesdunak erregistro horretara jo beharko du, helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

1.– Ordainketak honela egingo dira:

A) Ebazpenarekin batera, emandako dirulaguntzaren % 37,50 ordainduko da lehen aldiz, 15.3 oinarrian ezarritako epea igaro eta dirulaguntzari berariaz uko egin ez bazaio.

B) Emandako dirulaguntzaren gainerako zatia ordaintzeko, proiektua gauzatzeko erritmoaren arabera egin ahal izango da ordainketa, eta interesdunak eskatu ondoren egingo da. Gehienez ere, konturako ordainketa bat egingo da urtean. Konturako ordainketa egiteko eskabidearekin batera, 17. oinarriaren 1. lerrokadan aipatzen diren agiriak aurkeztuko dira.

2.– Zehapen-prozeduraren batean edo dirulaguntzen itzultze-prozeduraren batean egonez gero, laguntza jasotzeko, lehenik hura amaitu beharko da. Prozeduraren ondorioz laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezarriko balitz, itzulketa ez bada borondatezko aldian egiten, baldintzapean emandako laguntza indargabetu egingo da, onuradun izateko debekua dakarten egoeretako batean egoteagatik. Hala dagokionean, dirulaguntza hauek onuradunei ordaintzeko, dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean izan beharko dira.

3.– Inbertsioak ez badira egiten gehieneko epeen barruan edo inbertsioa edo gastua egin izana egiaztatzeko agiriak ez badira aurkezten epe barruan, onuradunek dirulaguntza hartzeko eskubidea galduko dute, eta, hala badagokio, agindu honen 21. oinarriko itzulketa-prozedura jarriko da abian.

4.– Izaera juridikorik ez duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeei eta ondasun-erkidegoei dagokienez, funtsen hartzaile izateko izendatu den kideari egingo zaio ordainketa, eta hark banatuko ditu taldeko gainerako kideen artean.

5.– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 34.5 artikuluaren arabera, ezingo da dirulaguntzarik ordaindu onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez baditu edo itzulketa-ebazpen baten bidez zorduna bada.

19. oinarria.– Dirulaguntzak emateko baldintzak aldatzea eta inbertsioa edo gastuak gauzatzeko epeak luzatzea.

1.– Beste erakunde publiko nahiz pribatu batetik beste laguntza edo dirulaguntzaren bat jasoz gero, idatziz justifikatu eta jakinarazi beharko zaio Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari, eta, horren ondorioz, gerta liteke dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea; kasu horretan, dena dela, agindu honetan ezarritako gutxieneko betekizunak eta laguntza ematea eragin zuen helburua gorde beharko dira. Horretarako, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, hala egokituz gero, emandako dirulaguntzaren zenbatekoak oinarri berriaren arabera doitzeko. Hala bada, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako itzultze-prozedurari ekingo zaio.

2.– Jarduketek laguntza-eskabidean eta aurkeztutako dokumentazio osagarrian jasotakoak izan beharko dute nahitaez, eta Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak aldaketak baimendu ahal izango ditu, baldin eta erakunde onuradunak, jarduketak amaitu aurretik, aldaketak justifikatu baditu eta jarduketen izaera eta lortu nahi diren helburuak aldatzen ez badira.

3.– Baldin eta egindako inbertsioaren edo gastuaren behin betiko benetako kostua txikiagoa bada onartutako eta dirulaguntza emateko erreferentziatzat hartutako aurrekontua baino, eta laguntza helburu bererako erabiltzen bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da, dagokion proportzioan, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren likidazio-ebazpen baten bidez, eta, gero, oinarri berriari aplikatuko zaio dirulaguntzaren ehunekoa.

20. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Eskatzaileak atzera egin ahal izango du, betiere laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik. Horretarako, atzera egiteko eskaera bat helarazi beharko dio Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari, idatziz, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du eskaera, eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura.

2.– Onuradunak laguntzari uko egin ahal izango dio, laguntza onartu ondoren ere –agindu honen 15. oinarriko 3. lerrokadan ezarritako betebeharrarekin bat etorriz, emandako laguntza onartzeko betebeharra du onuradunak–, baina, betiere, inbertsioa amaitu aurretik, eta baldin eta Administrazioak inolako ordainketarik egin ez badu. Horretarako, emandako laguntzei uko egiteko eskaera helarazi beharko dio Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari, idatziz, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du eskaera, eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura.

Ukoa onartuta, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, bai eta emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.

21. oinarria.– Ez-betetzeak.

1.– Ez-betetzeen kausak izango dira, gutxienez, hauek guztiak:

a) Agindu honetan ezarritako betebeharretako edozein ez betetzea.

b) Dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen diren baldintzak, halakorik izanez gero, ez betetzea.

c) Laguntza emateko xedea ez betetzea.

d) Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatutako itzulketa-kausaren bat izatea.

2.– Onuraduna aurreko atalean zerrendatutako ez-betetzeen kausetako baten egoeran egongo balitz, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak, 15 eguneko epean, interesdunari entzunaldia emango dion itzulketa-espedientea egin ondoren, egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan, ebazpen baten bidez, dirulaguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio onuradunari, partez edo osorik, eta, hala badagokio, kobratu dituen laguntzak eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesak itzuli beharko dizkio onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, partez edo osorik, proiektuaren gauzatze-mailaren proportzioan, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53. artikuluan eta 2003ko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatuarekin bat. Gainera, dagozkion gainerako neurriak hartuko dira. Ez-betetzea inbertsioei eusteko epeari badagokio, emandako dirulaguntzaren itzulketa prorrata temporis egingo da.

Aipatutako diru-zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondore guztietarako.

3.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzultze-prozedura, organo eskudunari jakinarazi behar zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan.

22. oinarria.– Bateragarritasunak.

Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publiko zein pribatuk xede bererako emandako beste edozeinekin, betiere dirulaguntza guztien baturak gainditzen ez baditu agindu honek egoera bakoitzerako ezarritako gehieneko ehunekoak. Muga hori gaindituko balitz, gaindikinari dagokion zenbatekoa kenduko zaio laguntzari, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren ebazpen baten bidez, erakunde onuradunari entzun ondoren.

23. oinarria.– Datuen babesa.

Agindu hau aplikatuta biltzen diren izaera pertsonaleko datuak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu behar diren gainerako legeetan xedatutakoaren arabera tratatuko dira.

ESKABIDEA EGITEKO INPRIMAKIAREN EDUKIA

Laguntzaren eskabidea egiteko inprimakia webgune honetan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1207101

Oinarrizko eduki hau du:

Eremu generikoak:

• Identifikazio-agiriaren mota.

• Zenbakia.

• Izena (pertsona fisikoentzat bakarrik).

• Lehen abizena (pertsona fisikoentzat bakarrik).

• Bigarren abizena (pertsona fisikoentzat bakarrik).

• Sexua (pertsona fisikoentzat bakarrik).

• Entitatearen izena (pertsona juridikoentzat bakarrik).

• Telefono finkoa.

• Telefono mugikorra.

• Helbide elektronikoa.

• Lurralde historikoa.

• Jakinarazpen eta komunikazioetarako kanala.

• Abisuak jasotzeko posta elektronikoa.

• Abisuak jasotzeko telefono mugikorreko zenbakia.

• Jakinarazpen, komunikazio eta abisuetarako hizkuntza.

Eremu osagarriak:

Honako hauek ziurtatzeko erantzukizunpeko adierazpenak:

• Proiektuak Euskadin ingurumen-gaietan aplikatu beharreko berariazko araudia betetzea (21/2013 Legea, 2013ko abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 3/1998 Lege Orokorra, 1998ko otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa) –dagokionean, inbertsio-proiektuek ingurumenean duten eragina ebaluatuko da, aurrez–, baita higiene-araudia eta inbertsio bakoitzari aplikatu beharreko Erkidegoko arauak ere.

• Jakinaraztea ea diruz lagun daitekeen proiektu bera ordaintzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, baita eskuratu duten ala ez. Baiezkoa bada, zehaztu beharko da zeintzuk eta zenbatekoak.

• Ez dagoela/Badagoela Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza eta dirulaguntzen esparruan enpresa haiek itzultzeko edo zigortua izateko prozeduraren batean. Baiezkoa bada, zehaztu beharko da zeintzuk eta zenbatekoak.

EAEko Administrazioak eta haren menpeko erakundeek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan, dirulaguntzak itzultzeko edo zehatzeko prozeduretako zenbateko zehatzen ordainketari dagokionez egunean dagoela egiaztatzen duen agiria. Betebehar horien ordainketak egunean dituztela ulertuko da, baldin eta zorrak atzeratuta eta zatituta badaude, eta, gainera, gaineratutako zor, interes eta gastu guztiak estaliko dituen bermea eratu bada.

• Ez duela dirulaguntza edo laguntza publikoen onuradun izateko aukera galdu, ez zigor- edo administrazio-arloko zehapen bidez, ez eta epai irmo bidez ere, eta ez dagoela horretarako desgaitzen duen inongo lege-debekuren mende, sexu-bereizkeriagatik legokiokeena barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean jasotakoarekin bat etorriz.

• Konkurtso-deklaraziorik ez duela eskatu, edozein prozeduratan kaudimengabetzat deklaratuta ez dagoela, konkurtsoan deklaratuta ez dagoela, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren eraginpean ez dagoela edo desgaitua ez dagoela Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

• Dirulaguntzak lortzeko aukera galtzeko zehapena jaso ez duela ebazpen irmo baten bidez.

• Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, Administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa ebatzita ez izatea.

• Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean ezarritako kasuren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat ez izatea, lege horretan edo arlo hau arautzen duen araudi autonomikoan ezarritako baldintzetan.

• Laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galduta ez izatea ebazpen irmo baten bidez ezarritako zehapena dela-eta, edo honako delitu hauetakoren bat egin izanagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

• Zerga-egoitza ez izatea erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.

• Elkarteen kasuan, horiek elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluaren 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debekuen kausetan nahastuta ez egotea. Ez-zilegitasun penalaren zentzuzko zantzuak egoteagatik, administrazio-prozedura ez etetea, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, betiere ebazpen judizial sendorik esleitzen ez bada, haren arabera, kasuan kasuko inskripzioa egin ahal izango baita dagokion erregistroan.

• Berreskuratze agindu baten menpe ez egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

Era berean, erantzukizunpeko adierazpen hau aurkezteak –39/2015 Legearen 69. artikulua aplikatuta– esan nahi du betebehar horiek betetzen dituela, hala ziurtatzen duen dokumentazioa duela, hura eskatzen zaionean Administrazioaren eskura jarriko duela, eskubidea aitortzen zaion bitartean betebehar horiek betetzeko konpromisoa hartzen duela; badakiela funtsezko zehaztasunik ezak, faltsukeriak edo ez-egiteak erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak izan ditzakeela; eta Administrazioak egiaztatzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko ahalmena duela.

Laguntza honen organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko ditu NAN, IFK, zerga-betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duten ziurtagiriak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean dituela egiaztatzen duten agiriak. Horretarako, pertsona eskatzaileek edo onuradunek ez dute berariazko baimenik eman beharrik izango, berariaz uko egiten diotela adierazten denean salbu, eta, kasu horretan, dagokien ziurtagiria edo eskatutako dokumentua aurkeztu beharko dute. Hori guztia Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikulua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 28.2 artikulua aplikatuz.

Berariaz ukatzen dut baimena, eta adierazpen honekin batera aurkeztuko ditut ziurtagiriak.


Azterketa dokumentala