Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

209. zk., 2021eko urriaren 20a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5336

AGINDUA, 2021eko irailaren 29koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira bioekonomiako berrikuntza-proiektuak egiteko dirulaguntzetarako 2021eko deialdiaren oinarriak.

Bioekonomia jasangarritasuna kudeatzeko zientzia da. Natura-baliabideak modu efizientean erabiliz garapen sozioekonomiko jasangarria lortzea du helburu.

Europako Batzordeak aditzera eman duenez, «Europa ahalegin betean ari da, baliabideen erabileraren arloan ekonomia jasangarri eta efizientea lortzeko. Helburua da emisio urriko ekonomia berritzaileago bat lortzea, nekazaritza eta arrantza jasangarrirako premia eta guztientzat elikagaiak egotea eta industriak baliabide biologiko berriztagarriak modu jasangarrian erabiltzea ezkonduko dituena, biodibertsitatea eta ingurumen-babesa bermatzeaz bat». Hori guztia lortzeko, Europako Batzordeak Bioekonomia Estrategia eguneratu du, «Bioekonomia jasangarria Europarako: ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren arteko lotura sendotzea helburu» izenekoa. Bertan, honako hiru alderdi hauei begiratzen dien ekintza-plan bat jasotzen da: bioekonomiarako teknologia berriak eta prozesuak garatzea, bioekonomiako sektoreetako merkatuak eta lehiakortasuna garatzea eta agintariei nahiz interesdun taldeei presio egitea, koordinatuta lan egin dezaten.

Bestalde, Europako politika ugarirekin bat dator, besteak beste, honako hauekin: i) Europako Itun Berdea, zeinaren arabera jatorri jasangarriko material berriztagarriek izugarri lagunduko baitute klima-arloan neutroa izango den ekonomiarako trantsizioan. Halaber, bioekonomia jasangarria garatzeko inbertsioak sustatu behar dira; ii) Europa garbi eta lehiakorragoa lortzeko ekonomia zirkularraren aldeko 2020ko ekintza-plan eguneratua, zeinak nabarmentzen baitu Batzordeak industria-sektorearen zirkulartasuna handitzeari bide emango diola hainbat ekintzaren bidez (hala nola, oinarri biologiko zirkular eta jasangarria duen sektoreari lagunduta).

Halaber, garapen jasangarrirako 2030 Agenda eta Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Esparru Konbentzioko Alderdien Konferentzian hartutako erabakiak (COP21) dira nazioarteko komunitateak erronka horiei emandako erantzuna.

Finean, bioekonomiak inbertsio publikoaren eta pribatuaren etengabeko babesa behar du, gero eta handiagoa, eta lagundu behar du eskualde, nazio, Europa eta munduko ikerketa- eta berrikuntza-ahaleginen artean koherentzia handiagoa egon dadin.

Euskal Autonomia Erkidegoak bere egiten du erabat planteamendu hori, jakin bai baitaki petrolioaren osteko arorako trantsizioa bizkortu, ekonomia zirkularrera hurbiltzea bultzatu eta lehengai berriztagarriak eta baliabide endogenoak erabiltzerantz azkar orientatu beharra dagoela.

Ekonomia lehiakorra ez da aski. Orainak gaur egun nagusi diren ekoizpen-ereduen aldaketa sakona eskatzen du.

XII. legegintzaldiko gobernu-programak gai horrekin lotura zuzena duten hainbat konpromiso jasotzen ditu. Bada, konpromiso horien artean dago 31. konpromisoa, «Euskadi Europa hegoaldeko bioekonomiako interesgune bihurtzea», elikadurari eta landa- eta kostalde-garapenari buruzko 4. jarduketa-arloaren barruan. Bioekonomia zirkularreranzko trantsizioak lotura estu-estua dauka, era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko estrategia ugarirekin, tartean, hauekin: 2050erako Klima Aldaketaren Euskadiko Estrategia, 2030erako Ekonomia Zirkularraren Aldeko Estrategia, Egurraren Sektoreko Plan Estrategikoa, 2020rako Euskadiko Erosketa eta Kontratazio Publiko Berderako Programa eta, azkenik, 2030erako Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2021, 2022 eta 2023rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasotzen dira agindu honen bidez deitutako laguntzak. Plan estrategiko hori 2021, 2022 eta 2023rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzeari buruzko Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko martxoaren 17ko Aginduaren bidez onartu zen, eta Eusko Jaurlaritzaren www.euskadi.eus webgunean argitaratuta dago, sailari buruzko eremuan, «Planak eta proiektuak» atalean.

Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduaren (EB) eta Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren (EB) bidez (barne-merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria jakin batzuk bereizten ditu, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta), estatu kideek laguntza jakin batzuk estatu-laguntza gisa emateko baldintzak eta betekizunak zehazten dira. Era berean, bere araubideari lotuz gero, Batzordeari jakinarazteko betebeharretik salbuetsita daudela eta barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen direla ezartzen da.

Erregelamendu horietan jasotzen diren laguntzak merkatu erkidearekin bateragarriak direla ulertzen da, eta, beraz, ez dute Europar Batasunaren baimenik behar, baldin eta estatu kideek erregelamendu horietan ezarritakoa errespetatu eta betetzen badute laguntzak arautu eta esleitzean. Erregelamendu horietan xedatutakoaren barruan sartzen dira agindu honetako laguntzak.

Aurrekontu-zuzkidura nahikoa dago Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko ekitaldiko aurrekontu orokorrak (2021eko ekitaldirako) onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legeak baimendutako kredituen arabera, eta, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu-araubideari dagokionez indarrean dauden lege-xedapenen testu bategina onartzen duen maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuan ezarrita dagoenarekin bat etorriz, laguntza-deialdi honek aurrekontu-estaldura nahikoa du.

Eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearekin bat etorriz (lege horren 26.4 artikuluaren arabera, Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenei kalterik egin gabe, sailburuek beren sailari dagozkion gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko eskudantzia izango dute), honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Onestea Euskal Autonomia Erkidegoan bioekonomiako berrikuntza-proiektuak egiteko laguntzen 2021erako deialdiaren oinarriak (agindu honen I. eranskinean jasota daude).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita bi hileko epean.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 29a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

I. ERANSKINA

1. artikulua.– Laguntzen xedea eta izaera.

1.– Agindu honen xedea bioekonomiaren eremuan berrikuntzako proiektu pilotuak eta frogantza-proiektuak egitea sustatu eta bultzatzeko laguntzetarako deialdia egitea da.

2.– Agindu honen babespean ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira.

3.– Dirulaguntzen programa hau gauzatu eta ebazterakoan, publizitatearen, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioak bete beharko dira.

4.– Laguntza hauek lehiaketa-prozeduraren arabera esleituko dira, eta itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira.

5.– Proiektu pilotuak egiteko laguntzei Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamendua (EB) aplikatu beharko zaie; alegia, minimis laguntzei Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoa. Araubide honetan, 200.000 euroko gehieneko laguntza emango dio estatu kide batek enpresa bakar bati hiru zergalditako edozein alditan.

6.– Frogantza-proiektuak egiteko laguntzek jakinarazi beharretik salbuetsita dauden laguntzen tratamendu bera izango dute, Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 EB Erregelamenduaren indarrez, zeinak merkatu erkidearekin bateragarri diren zenbait kategoria bereizten baititu, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta (kategorien araberako salbuespenen erregelamendu orokorra) (EBAO L187, 2014-06-26). Horrenbestez, laguntza horiek behar bezala jakinarazi behar zaizkio Europako Batzordeari, agindu hau argitaratzen denetik hasi eta hurrengo 20 egunetan. Laguntza hauek aipatutako erregelamenduaren 29. artikuluari heltzen diote; «Prozesuen eta antolaketaren arloko berrikuntzarako laguntzak».

2. oinarria.– Definizioak.

Agindu honen ondorioetarako, honela ulertuko dira jarraian datozen definizioak:

Bioekonomia: jatorri biologikoko baliabideak era efiziente eta jasangarrian erabiliz produktuak eta zerbitzuak ematen dituzten eta, beraz, balio ekonomikoa sortzen duten ekonomia-jardueren multzoa.

Proiektu pilotua: metodo edo ideia bat ezartzea, sarritan laburtuta edo zati batean, delako kontzeptua edo teoria ustia daitekeela egiaztatzeko asmoz. Proiektu pilotuek balio-kateak aktibatzeko behar diren teknologien eta kontzeptu espezifikoen garapenari begiratzen diote, eta instalazio esperimentaletan frogatzen dituzte printzipioak. Proiektuan, teknologia txertatzeari loturiko zereginak eta/edo eskala txikiko prototipo bat laborategian edo ingurune simulatu batean probatzea edo baliozkotzea. Proiektu pilotua denbora-ahalegin mugatua duen proiektu esperimentala da, eta, bertan, lehendik bazeuden ezagutzak eta teknikak –zientziaren, teknologiaren eta enpresaren arlokoak edo bestelakoak– eskuratzen, uztartzen, konfiguratzen eta erabiltzen dira, funtzionamendu-baldintzak irudikatzen dituen ingurune batean produktu, prozesu edo zerbitzu berriak edo hobetuak lortzeko asmoz; betiere, funtsean finkatuta ez dauden produktu, prozesu edo zerbitzuei hobekuntza tekniko berriak gehitzea bada egiazko helburua.

Frogantza-proiektua: teknologia, produktu, prozesu, zerbitzu edo soluzio baten bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa eragiketa-ingurune batean baliozkotzea. Frogantza-eskalako ekoizpen-instalazio bat ezarri beharko da, izan berria, izan lehendik dagoen bat (nabarmen aldatuta) edo lehendik dauden frogantza-instalazioa. Balio-kate baten eta horren negozio-ereduaren urrats kritiko guztien errendimendua eta fidagarritasuna frogatzeko azken urrats ez-komertziala dira jarduerok; hala, proiektuaren emaitzatik abiatuta, lehenengo unitate komertziala diseinatzen da, errendimendua bermatuta.

Enpresa: jarduera ekonomiko bat garatzen duen erakundea, bere forma juridikoa edozein dela ere. Bereziki, enpresatzat hartzen dira banakako edo familiako eskulangintzan edo beste jarduera batzuetan aritzen direnak, pertsonen sozietateak eta erregulartasunez jarduera ekonomiko batean aritzen diren elkarteak.

Krisian dagoen enpresa: halakotzat hartzen da Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 18. zenbakian jasotzen diren egoeraren batean gutxienez dagoen enpresa.

Berrikuntza: enpresako barne-jardunbideetan, lantokiaren antolaketan edo kanpo-harremanetan produktu –ondasun zein zerbitzu– berri bat edo asko hobeturiko bat, prozesu bat, merkaturatze-metodo berri bat edo antolaketa-metodo berri bat ezartzea da.

3. oinarria.– Laguntza-lerroak.

Honako laguntza hauek emango dira, agindu honen 1. oinarriko xedea lortzeko:

1.– Jarduera bioekonomikoen proiektu pilotuak garatzeko laguntzak.

Dirulaguntza jaso ahalko dute bioekonomiaren eremuan balio-kate berriak sortzeko proiektu pilotuek, baldin eta jatorri biologikoko lehengaiak eraldatzen badituzte eta balio erantsia duten produktuak lortzea badakarte.

2.– Jarduera bioekonomikoen frogantza-proiektuak garatzeko laguntzak.

Dirulaguntza jaso ahalko dute bioekonomiaren eremuan balio-kate berriak sortzeko frogantza-proiektuek, baldin eta jatorri biologikoko lehengaiak eraldatzen badituzte eta balio erantsia duten produktuak lortzea badakarte.

4. oinarria.– Onuradunak.

Honako hauek izan daitezke agindu honetan arautzen diren laguntzen onuradun:

1.– Pertsona fisiko edo juridikoak, beren forma juridikoa edozein dela ere, honela sailkatuta:

Enpresa txiki eta ertainak, Batzordeak enpresa txikiak eta ertainak zehazteko 2003ko maiatzaren 6an emandako Gomendioaren arabera (C (2003) 1422).

Enpresa handiak, enpresa txiki eta ertainen definiziotik kanpo geratzen direnak.

2.– Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko pribatuen elkarteak eta ondasun-erkidegoak. Bertan parte hartzen duten enpresa guztiak joko dira onuraduntzat, eta guztiek bete beharko dituzte agindu honetan ezarritako betekizun eta baldintzak. Elkarteen eskabideek berariaz adierazi behar dituzte elkarteko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko zenbatekoa, horiek ere onuradun gisa hartuko baitira. Dena den, taldearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, zeinak nahikoa botere izango baitu, onuradun gisa, taldeari dagozkion egitekoak betetzeko, eta kide bat izendatu beharko dute funtsen hartzaile izateko, eta kide horrek banatuko dizkie funtsok taldeko gainerako kideei. Elkarteak ezin dira desegin Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen Legegintza Dekretuko 44. artikuluak, 32.m) artikuluarekin batera, finkatzen duen preskripzio-epea igarotzen den arte.

5. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen kostuak.

1.– Hauek izango dira diruz lagundu ahalko diren kostuak proiektu pilotuak eta frogantza-proiektuak garatzeko laguntzetan:

a) Langileen kostuak: ikertzaileen, teknikarien eta gainerako laguntzaileen kostuak, proiektuan aritzen diren neurrian, betiere gastu hautagarrien % 60ko muga dutela.

b) Zeharkako kostuak: diruz lagundu daitezkeen langile-kostuen % 15eko tasa finkoa.

c) Tresnen eta materialen kostuak, proiektuaren iraupenaren araberako amortizazioa aplikatuta, gastu hautagarrien % 30eko mugarekin.

d) Eraikinen kostuak, lursailak kanpo utzita, proiektuaren iraupenaren araberako amortizazioa aplikatuta, gastu hautagarrien % 30eko mugarekin.

e) Proiektu pilotua edo frogantza-proiektua egitearen berezko eta ondoriozko kostuak: azterlanen, materialen, horniduren eta bidaien kostuak, proiektua gauzatzetik zuzenean eratortzen badira.

f) Kontratu-ikerketei, jakintza teknikoei eta kanpo-iturrien lizentzia bidez erositako edo lorturiko patenteei dagozkien kostuak, betiere eragiketa erabateko lehiako baldintzetan egin bada, baita aholkularitza-kostuak eta ikerketa-jarduerari soilik bideratutako zerbitzu baliokideen kostuak ere.

2.– Kostu guztiak sortu edo fakturatu beharko dira eskabidea aurkeztu ondoren, jarduketak egiteko ezartzen den epean. 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera, laguntzaren eskabidea aurkeztu aurretik sortu edo fakturatu diren gastuak onartuko dira.

3.– Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean (lege horren bidez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa egiten da Espainiako ordenamendu juridikora), gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu onuradunak, obrarako konpromisoa kontratatu aurretik, zerbitzua eman aurretik edo ondasuna entregatu aurretik, salbu eta, zerbitzuon ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez badago aski erakunderik haiek egin, eman edo entregatzeko, edo salbu eta dirulaguntzaren aurretik egin bada gastua.

Efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera hautatuko da aurkeztutako eskaintzen artean, eta proposamen ekonomiko merkeena aukeratzen ez bada, berariaz justifikatu beharko da hautu hori, memoria batean. Eskaintza horiek justifikazioarekin batera aurkeztu beharko dira, edo, bestela, dirulaguntzaren eskabidearekin batera.

6. oinarria.– Finantzaketa.

1.– 3.078.400 euro erabiliko dira agindu honetan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura.

A) Proiektu pilotuak garatzeko, 1.588.852 euro erabiliko dira. 232.290,16 euro 2021erako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 1.356.561,84 euro 2022rako konpromiso-kredituari.

B) Jarduera bioekonomikoak abiarazteko frogantza-proiektuetarako, berriz, 1.489.548 euro erabiliko dira. 217.771,92 euro 2021erako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 1.271.776,08 euro 2022rako konpromiso-kredituari.

2.– Aurrekontuko ekitaldiaren barruan eman beharreko laguntzaren zenbateko osoak ezin izango du gainditu aipatu kopuruak, ez eta, indarrean dagoen legeriaren arabera aurrekontuaren aldaketak onartzen badira, eguneratze horien ondoriozkoa ere. Gehikuntza hori gertatuz gero, zeina deialdia ebatzi aurretik gertatu beharko baita, horren berri emango da Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpen baten bitartez.

3.– Ekitaldi honetako ordainketa-kredituei egotziko zaizkie laguntzak; nolanahi ere, 2021eko ekitaldiko aurrekontuaren itxierari aplikatu beharreko arauak bete beharko dira.

7. oinarria.– Eskakizun orokorrak.

Agindu honetan iragarritako edozein laguntzaren onuradun izateko, oinarri honetan ezarritako betekizunak bete behar dira. Betekizun horiek Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko betekizunak jasotzen dituzte, eta honako hauek dira:

1.– Eskatzailearenak:

1) Diruz laguntzekoak diren jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan egitea.

2) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea. Eskakizun hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Beraz, alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.

3) Dirulaguntzaren onuradun den pertsona fisikoa edo juridiko pribatua ez egotea krisian den enpresatzat hartuta, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01).

4) Inbertsioak ingurumenaren arloko eta arlo higieniko-sanitarioko arauak bete ditzala Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzekoa den berariazko araudiarekin bat (21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa, eta 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko ingurugiroa babestekoa).

5) Egunean egotea itzulketa- edo zehapen-prozeduretako kantitate zehatzen ordainketari dagokionez, EAEko Administrazioak eta mendeko enteek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan. Betebehar horien ordainketak egunean dituztela ulertuko da, baldin eta zorrak atzeratuta eta zatituta badaude edo dagokion itzultze-ebazpena dela-eta bertan behera uztea erabaki bada. Eskakizun hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Beraz, alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.

6) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik ez izatea, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-diskriminazioagatiko debekuak barnean hartuta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean zehaztutakoari jarraikiz.

7) Konkurtso-deklaraziorik eskatu ez izana; prozeduraren batean kaudimengabetzat deklaratuta ez egotea; konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta hitzarmen batek horretan eraginkortasuna hartu badu; esku-hartze judizialaren eraginpean ez egotea edo desgaitua ez egotea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

8) Ebazpen irmo baten bidez ezarritako zehapena dela-eta edo honako delitu hauetakoren bat egin izanagatik dirulaguntzak lortzeko aukera galduta ez izatea: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

9) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, Administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa ebatzita ez izatea.

10) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean ezarritako kasuren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat ez izatea, lege horretan ezarritako baldintzetan. Horrez gain, ez egotea hauetan aurreikusitako kasuren batean: Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duen martxoaren 30eko 3/2015 Legea eta Administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunen abenduaren 26ko 53/1984 Legea.

11) Erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean ez izatea zerga-egoitza.

12) Elkarteen kasuan, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debekuen kausetan nahastuta ez egotea. Ez-zilegitasun penalaren zentzuzko zantzuak egoteagatik, administrazio-prozedura ez etetea, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, betiere ebazpen judizial irmorik esleitzen ez bada, haren arabera, kasuan kasuko inskripzioa egin ahal izango baita dagokion erregistroan.

13) Berreskuratze-agindu baten mende ez egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

2.– Proiektu pilotuarenak:

1) Diruz laguntzekoak diren jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan egitea.

2) Proiektu pilotuan inbertsioak egonez gero, ingurumenaren arloko eta arlo higieniko-sanitarioko arauak betetzea, Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzekoa den berariazko araudiarekin bat (21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa, eta 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa).

3) Ekonomia-, energia- eta ingurumen-arloko bideragarritasuna edukitzea.

3.– Frogantza-proiektuarenak:

1) Diruz laguntzekoak diren jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan egitea.

2) Proiektu pilotuan inbertsioak egonez gero, ingurumenaren arloko eta arlo higieniko-sanitarioko arauak betetzea, Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzekoa den berariazko araudiarekin bat (21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa, eta 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa).

3) Aurretik proiektu pilotu bat egin izana, baldin eta proiektu horren emaitzak baldintza esperimental edo simulatuetan proposatu den soluzioaren bideragarritasun teknikoa frogatu badu.

4) Jardueraren negozio-plana edukitzea; bertan, merkatuaren azterketa, negozio-ereduaren deskribapena, finantza-plana eta plan hori epe labur eta ertainean garatzeko estrategia jaso behar dira.

8. oinarria.– Epea eta eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskabidearekin batera, oinarri honen 8. lerrokadan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira.

2.– Irailaren 23ko 179/2014 Dekretuaren 8. artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan xedatutakoa betetzeko, pertsona fisiko onuradunek informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzeko behar besteko gaitasun teknikoa dutenez, prozedura hau bide elektronikotik bakarrik izapidetu ahal izango da.

3.– Eskabidea aurkezteko, eredu normalizatua erabili beharko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoena:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1083702

4.– Eskabidearen ondorengo izapideak elektronikoki egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora sartu beharko da, «Nire karpeta» atalera:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1083702

6.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza, ahalordeen erregistro elektronikoaren bitartez:

https://www.euskadi.eus/ordezkariak

7.– Laguntza-eskabidearen ereduaren oinarrizko edukia oinarri hauen eranskin gisa argitaratu da.

8.– Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Pertsona juridikoek, erakundea eratzeko eskrituraren eta estatutuen kopia, dagokion erregistroan sartu dela adierazten duen zigilua jarrita.

b) Honako hauek biltzen dituen memoria:

A) Proiektu pilotuak.

– Proposatutako soluzio teknikoaren izaera berritzailearen justifikazioa, berritasunaren deskribapen zehatza eginez eta sektore bereko beste enpresa batzuek gaur egun erabiltzen dituzten prozesuekin alderatuz.

– Ekonomia-, energia- eta ingurumen-arloko bideragarritasunaren justifikazioa.

– Proiektuaren euskarri-teknologiaren deskribapena eta haren aplikagarritasunaren justifikazioa.

– Proiektuaren deskribapen zehatza (helburuak, faseak, itxarondako emaitzak, etab.).

– Proiektu pilotuaren aurrekontu zehatza.

– Proiektu pilotua gauzatzeko epea.

B) Frogantza-proiektuak.

– Proposatutako soluzio teknikoaren izaera berritzailearen justifikazioa, berritasunaren deskribapen zehatza eginez eta sektore bereko beste enpresa batzuek gaur egun erabiltzen dituzten prozesuekin alderatuz.

– Ekonomia-, energia- eta ingurumen-arloko bideragarritasunaren justifikazioa.

– Frogantza-proiektuaren deskribapen zehatza (helburuak, faseak, itxarondako emaitzak, etab.).

– Aurretik garatutako proiektu pilotuaren deskribapena eta emaitzak.

– Bideragarritasun-azterketa; bertan, merkatuaren azterketa, negozio-ereduaren deskribapena eta plan hori epe labur, ertain eta luzera garatzeko estrategia jaso behar dira.

– Frogantza-proiektuaren aurrekontu zehatza.

– Frogantza-proiektua gauzatzeko epea.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, eskatzaileak Agindu honetako betekizun guztiak betetzen dituela, aurkezten dituen agiri guztiak egiazkoak direla eta 7.1. oinarrian –4. lerrokadatik 12. lerrokadara bitartean– ezarritako betekizunak betetzen dituela adierazteko. Gainera, 4. eta 5. lerrokadetako eta 8.etik 12.era bitarteko lerrokadetako betekizunei dagokienez, adieraziko du hori egiaztatzen duen dokumentazioa baduela eta Administrazioaren esku jarriko duela horrela eskatzen zaionean.

d) Izaera juridikorik ez duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeei eta ondasun-erkidegoei dagokienez, kide guztiek sinatutako agiri bat; bertan, batetik, ordezkari edo ahaldun bakarra izendatuko da, taldeari, onuradun den aldetik, dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde nahiko dituena, eta, bestetik, funtsen hartzaile izango den kide bat, elkarteko gainerako kideen artean funtsok banatuko dituena.

e) Aurreko bi zerga-ekitaldietan eta aurtengo zerga-ekitaldian jaso edo eskatu diren bestelako de minimis laguntzei buruzko erantzukizunpeko adierazpena, izan eskabide honi loturiko proiektu bererako, izan beste baterako. Jaso edo eskatu badira, jatorria, zenbatekoa eta xedea zehaztu beharko dira.

f) Erakunde eskatzaileak laguntza kuantifikatzeko aurkeztu nahi duen beste edozein dokumentazio osagarri.

9.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko ditu NANa, IFK eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean dituelako ziurtagiriak. Hala ere, eskatzaileak horren aurka egin dezake, modu arrazoituan betiere, eta, kasu horretan, dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak honako helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

10.– Agindu honen 8. Lerrokadan eskatutako dokumentazioa administrazio honetan edo beste batean entregatzen denean eta eskatzaileak berariaz deklaratzen badu dokumentu horietan ez dela aldaketarik egin, agiri horiek aurkeztutzat joko dira, 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin bat. Eskatzaileak adierazi beharko du zein administraziotan eta zein unetan aurkeztu diren. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake laguntza-eskabidean inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, dokumentazioa aurkeztu beharko du.

11.– Laguntza jasotzeko eskabidea eta eskatutako dokumentazioa nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira. Era berean, laguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatu duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

12.– Eskabideak betekizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo behar diren agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak ebazpena eman ondoren, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko Legearen 39/2015 21. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

13.– Enpresa txiki eta ertainek (ETE) izaera hori egiaztatu beharko dute, agiri hauek aurkeztuta:

A) Pertsona fisikoentzat: pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kopia, ekonomia-jardueren eranskinarekin batera, eskaera aurkeztu aurreko ekitaldikoa.

B) Pertsona juridikoentzat: sozietateen gaineko zergaren kopia bat, eskabidea aurkeztu aurreko ekitaldikoa.

Agiriekin batera, dokumentazioak erakusten duen egoera aldatu ez dela dioen adierazpena.

14.– Edonola ere, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak, eskabidean adierazitakoa egoki ulertzeko, ebaluatzeko eta eskabidea izapidetzeko, beharrezkotzat jotzen dituen bestelako argibide edo agiri osagarriak eskatu ahal izango dizkio eskatzaileari.

Agindu honen 4. oinarriaren 2. lerrokadan zehaztutako onuradunen kasuan, proiektuan parte hartzen duten enpresa edo erakunde guzti-guztiei buruzkoak izango dira oinarri honen 8. Lerrokadan adierazitako agiriak.

9. oinarria.– Azpikontratazioa.

1.– Diruz lagundutako jardueraren exekuzio osoa edo partziala hirugarrenei azpikontratatu ahal izango die onuradunak, baldin eta hirugarren horiek ez badira onuradun. Proiektu-exekuzioaren kontratua diruz lagunduko den jardueraren % 100ekoa izan daiteke.

2.– Baldin eta hirugarrenei azpikontratatutako jardueraren zenbatekoak dirulaguntzaren zenbatekoa % 20 gainditzen badu, dirulaguntza 60.000 eurotik gorakoa izanik, idatzizko kontratua egin beharko da, zeina Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak baimendu beharko baitu kontratua formalizatu aurretik eta eskabidea aurkeztu ondoren.

Kontratua formalizatzeko baimen-eskabidea laguntza-eskabidearekin batera aurkeztuko da.

Baimentze- edo ukatze-ebazpena, aldiz, aurkezten den egunetik bi hileko epean emango eta jakinaraziko da; epe hori igarota, berariazko ebazpenik eman ez bada, eskabidea baietsi dela ulertu ahal izango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluan xedatutakoaren arabera. Prozedurako ebazpenaren aurka, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari. Horretarako hilabeteko epea izango du ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, edo edozein unetan, administrazio-isiltasunak ondorioak izan eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Kontratua ezin izango da zatikatu, kontratuaren zenbatekoa murriztu eta 2. lerrokadako betekizunak bete beharrik ez izateko.

4.– Kontratistek onuradunaren aurrean baino ez dute betebeharrik izango, eta onuradunak dauka diruz lagundutako jarduera ondo gauzatzeko erantzukizun osoa Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren aurrean.

5.– Aurreko paragrafoan jasotakoa betetzeko, onuradunen erantzukizuna da diruz lagunduko den jarduera itundua gauzatzean agindu honetan ezarritako mugak errespetatzen direla zaintzea, diruz lagundutako gastuen izaera eta zenbatekoari dagokionez; kontratistek, aldiz, agindu honen 15. oinarriaren 7. lerrokadan adierazitako lankidetza-betebeharra bete behar dute, eta muga horiek benetan errespetatzen dituzten ala ez behar bezala egiaztatzeko aukera eman.

6.– Onuradunak ezin izango du diruz lagundutako jardueraren exekuzio osoa edo partziala honako hauekin hitzartu:

A) 7. oinarrian ezarritako betekizunak betetzen ez dituzten pertsona fisiko edo juridikoak.

B) Kontratuaren xede den jarduera egiteko beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten pertsona fisiko edo juridikoak.

C) Bitartekari edo aholkulariak, baldin eta horiei ordaindu beharrekoak eragiketaren kostu osoaren ehuneko jakin gisa definitzen badira, non eta ordainketa hori ez dagoen justifikatuta egindako lanak edo emandako zerbitzuak merkatuan daukan balioaren erreferentziaren arabera.

D) Onuradunarekin loturaren bat duten pertsona fisiko edo juridikoak, honako inguruabar hauetan izan ezik:

1.– Kontratazioa merkatuko baldintza normalen arabera egin izana.

2.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzaren aldez aurretiko baimena lortu izana. Azpikontratatu ahal izateko eskabidea Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren aurrean aurkeztuko da, azpikontratazioa egin aurretik. Eskabidearekin batera, memoria bat aurkeztuko da, lotutako pertsonarekin azpikontratazioa egitea aholkatzen duten arrazoiak justifikatzeko. Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak, eskaera egin zenetik gehienez ere hilabeteko epean, ebazpena emango du, eskatutako baimena emateko edo ukatzeko.

Pertsona fisiko edo juridikoekin edo nortasunik gabeko elkarteekin lotura dagoela joko da uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onetsitako Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (38/2003, azaroaren 17koaren) Erregelamenduaren 68.2 artikuluan jasotako zirkunstantziaren bat betetzen bada.

E) Deialdi eta programa honetan laguntza eskatu duten baina betekizunak betetzen ez dituztelako edo beharrezko balorazioa lortu ez dutelako laguntzarik gabe geratu diren pertsona fisiko edo juridikoak.

10. oinarria.– Balorazio-irizpideak.

Proiektuak baloratzeko, balorazio-irizpide hauek eta dagozkien puntuazioak izango dira kontuan:

A) Proiektu pilotuak.

1.– Proiektuaren berrikuntza-maila: 40 puntu, gehienez.

a) Maila altua: alderdi gako bati eragiten dio, eta inpaktu ekonomiko handiko erabateko eraldaketa sortzen du (40 puntu).

– Naturan oinarritutako soluzioak erabiltzea (10 puntu).

– Ingurumen-inpaktuak murriztea (10 puntu).

– Politiken, estrategien eta planen esparruan egindako ekarpena, sortutako sinergiak eta izan dezakeen osagarritasuna (10 puntu).

– Eraldatzailea izatea (10 puntu).

b) Maila ertaina: alderdi gako bati eragiten dio, baina eraldaketa nahiz haren inpaktu ekonomikoa ez dira hain esanguratsuak (25 puntu).

– Klima-aldaketara egokitzeko neurriak txertatzea (10 puntu).

– Enplegu berdea sortzea edo ekintzailetza berdea sustatzea (10 puntu).

– Emaitzen iraunkortasuna, erreplikagarritasuna eta/edo transferigarritasuna (5 puntu).

c) Maila baxua: hobekuntza txikia, lehenagoko konponbide baten egokitzapena, eta inpaktu ekonomiko baxukoa (10 puntu).

– Genero-berdintasuneko ikuspegia izatea (5 puntu).

– Erronka demografikoaren premiei aurre egiten laguntzea (5 puntu).

2.– Memoriaren kalitate zientifiko-teknikoa: 40 puntu, gehienez.

a) Proiektuaren helburuak lortzeko jarduketa koherente, xehatu, egingarri eta beharrezkoak eta emaitza egoki egiaztagarri eta zenbakarriak (10 puntu).

b) Adierazle eta egiaztapen-iturri egingarri eta egokiak (10 puntu).

c) Osagai zientifiko-tekniko ondo zehaztuak (10 puntu).

d) Helburu eta emaitzetara behar bezala doitutako aurrekontua eta proiektuko gastuen premiaren justifikazioa (5 puntu).

e) Emaitza egoki zenbakarri eta egiaztagarriak (5 puntu).

3.– Proiektuan, balio-kateko hainbat katebegitako enpresak lankidetzan aritzea (10 puntu).

4.– Teknologia eta Ikerketa Zentroen Euskal Sareko teknologia-zentro bat azpikontratatzea (10 puntu).

B) Frogantza-proiektuetarako.

1.– Proiektuaren berrikuntza-maila: 40 puntu, gehienez.

a) Maila altua: alderdi gako bati eragiten dio, eta inpaktu ekonomiko handiko erabateko eraldaketa sortzen du (40 puntu).

– Naturan oinarritutako soluzioak erabiltzea (10 puntu).

– Ingurumen-inpaktuak murriztea (10 puntu).

– Politiken, estrategien eta planen esparruan egindako ekarpena, sortutako sinergiak eta izan dezakeen osagarritasuna (10 puntu).

– Eraldatzailea izatea (10 puntu).

b) Maila ertaina: alderdi gako bati eragiten dio, baina eraldaketa nahiz haren inpaktu ekonomikoa ez dira hain esanguratsuak (25 puntu).

– Klima-aldaketara egokitzeko neurriak txertatzea (10 puntu).

– Enplegu berdea sortzea edo ekintzailetza berdea sustatzea (10 puntu).

– Emaitzen iraunkortasuna, erreplikagarritasuna eta/edo transferigarritasuna (5 puntu).

c) Maila baxua: hobekuntza txikia, lehenagoko konponbide baten egokitzapena, eta inpaktu ekonomiko baxukoa (10 puntu).

– Genero-berdintasuneko ikuspegia izatea (5 puntu).

– Erronka demografikoaren premiei aurre egiten laguntzea (5 puntu).

2.– Frogantza-proiektuari buruzko memoriaren kalitate zientifiko-teknikoa: 20 puntu, gehienez.

a) Frogantza-proiektuaren helburuak lortzeko jarduketa koherente, xehatu, egingarri eta beharrezkoak eta emaitza egoki egiaztagarri eta zenbakarriak (5 puntu).

b) Adierazle eta egiaztapen-iturri egingarri eta egokiak (5 puntu).

c) Frogantza-proiektuaren osagai zientifiko-tekniko ondo zehaztuak (5 puntu).

d) Helburu eta emaitzetara behar bezala doitutako aurrekontua eta frogantza-proiektuko gastuen premiaren justifikazioa (2,5 puntu).

e) Emaitza egoki zenbakarri eta egiaztagarriak (2,5 puntu).

3.– Jarduera bioekonomikoaren negozio-planaren kalitatea: 20 puntu, gehienez.

a) Balio-proposamenaren eta negozio-ereduaren argitasuna (5 puntu).

b) Helburuen epe labur eta ertainerako zehaztapena (5 puntu).

c) Finantza-planaren bideragarritasuna (5 puntu).

d) Giza baliabideen plana - Enplegu-sorkuntza (5 puntu).

4.– Proiektuan, balio-kateko hainbat katebegitako enpresak lankidetzan aritzea (10 puntu).

5.– Teknologia eta Ikerketa Zentroen Euskal Sareko teknologia-zentro bat azpikontratatzea (10 puntu).

11. oinarria.– Laguntzen kudeaketa.

1.– Gai honetarako sortutako Balorazio Batzordeari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea, bai eta esleipen-proposamenak gertatzea ere.

Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako titularrak izango du agindu honetan araututako laguntzak kudeatzeko eskumena.

2.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren barruko Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzaren Ikerketa Programen arduraduna izango da Balorazio Batzordeko burua. Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako teknikari bat eta HAZI fundazioaren ordezkari bat batzordekideak izango dira, eta lehenengoak idazkari-lanak beteko ditu. Balorazio Batzordearen osaeran, gaikuntza, konpetentzia eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua bermatuko da, alde batera utzi gabe Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen ezagutza nahikoa izatea.

3.– HAZI fundazioa (HAZI) entitate laguntzailea izango da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 12. eta 13. artikuluetan, arau horren 16. artikuluko oinarrizko xedapenetan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 53.1 eta 53.2 artikuluetan ezarritako baldintzetan.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak HAZIri lanak, zerbitzuak eta bere helburu sozialari loturiko denetariko jarduerak agindu ahal izango dizkio HAZIri, administrazio-ahalik erabili beharrik ez badakarte. Gainera, agindutako lanak eta zerbitzuak gauzatzeko behar diren jarraibideak bere kabuz finkatu ahal izango ditu, deialdi honetara aurkez daitezkeen proiektuak espezifikoak direlako. HAZI administrazio horren bitarteko propioa denez, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 32. artikuluarekin bat etorriz esleituko dira eginkizunak, dagokion enkarguaren bidez.

HAZIk honako eginkizun hauek egingo ditu:

a) Aurkeztutako proiektuen eskabideak hasiera batean ebaluatzea aurkeztutako dokumentazioa gainbegiratuz; hala badagokio, zerbait zuzentzea proposatuko dio organo kudeatzaileari.

b) Eskatzaileek laguntzak eskuratu ahal izateko ezarri diren baldintzak eta betekizunak betetzen dituztela egiaztatzea.

c) Aurkeztu diren eskabideak aztertu eta ebaluatzea. Ezarritako ebaluazio-organoari laguntza ematea eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko lanetan, jasotako irizpideen arabera.

d) Entitate onuradunei laguntzak ordaindu aurretik diruz lagundutako ekintzak egin izana eta ekintzen kostua ziurtatzen dituzten agiriak egiaztatzea.

e) Jarduera egin den eta dirulaguntzaren helburua bete den egiaztatzea eta onuradunei jarraipena egitea, dirulaguntzak jasotzeko eta proiektuak gauzatzeko baldintzak betetzen jarraitzen dutela egiaztatzeko.

f) Onetsitako proiektuen kontrola eta jarraipena egiteko prozesuak definitu eta ezartzea.

g) Lortutako emaitzen amaierako ebaluazioa egitea.

h) Programa zuzen kudeatzeko behar diren jardueretan laguntzea, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak hala aginduz gero.

i) Programa honen kudeaketan Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak burutzen dituen egiaztatze-jarduerak onartzea.

4.– Balorazio Batzordea baliozkotasunez eratuta geratuko da, bilerak eta eztabaidak egiteko eta erabakiak hartzeko, baldin eta presidentea, idazkaria eta batzordekide bat bertaratzen badira. Kide anitzeko organo horren funtzionamenduarekin zerikusia duen eta atal honetan aurreikusi ez den orotan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulua eta hurrengoak aplikatuko dira, modu osagarrian.

5.– Ebaluazio-prozesuan, komenigarri ikusiz gero, HAZI fundazioko langileek planetan aldaketak sartzea iradoki ahal izango die eskatzaileei, proiektuak ezarritako helburuetara hobeto egokitu daitezen.

Balorazio Batzordeak, bere eginkizunak betetzeko, arloko aditu diren pertsonei eskatu ahal izango die hala bileretan parte hartzeko nola aholkularitza emateko, beharrezko irizten dionean.

6.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek eskabide bakoitzean egiaztatuko dute betekizunak betetzen direla, eta berariaz jasota utziko dute hori.

Balorazio Batzordearen osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeak emandako ebazpen baten bidez.

7.– Balorazio Batzordearen egitekoak honako hauek izango dira:

a) Aurkeztutako eskabide guztiak aztertzea eta aplikatzekoa den araudia betetzen ez dutenak baztertzea. Era berean, araudia betetzen ez duen eskabide bakoitza baztertzeko arrazoiak zerrendatuko ditu.

b) Araudi aplikagarria betetzen duten eskabideak ebaluatzea, diruz lagundu daitezkeen jarduketek eta kostuek 3. eta 5. oinarrietan ezarritakora egokitzen direla egiaztatzeko.

c) Balorazio-irizpide eta laguntzak kuantifikatzeko irizpide objektiboetan oinarrituta, onuradun bakoitzari zenbateko laguntza eman proposatzea.

8.– Balorazio Batzordeak ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari. Proposamenak agindu honen 14. oinarrian aipatzen den edukia jasoko du gutxienez.

9.– Balorazio Batzordeak barne-funtzionamendurako arau propioak ezarriko ditu. Arauok aurreikusten ez dituzten gaietan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatuko da.

12. oinarria – Dirulaguntzaren zenbatekoa.

A) Proiektu pilotuak garatzeko laguntzak.

1.– Gehienez ere, diruz lagundu daitezkeen kostuen % 70ekoa izango da laguntzaren zenbatekoa.

2.– Agindu honen 10. oinarrian aurreikusitako irizpideak aplikatuta, proiektu bakoitzerako lortutako puntuazioaren arabera, eta aurreko paragrafoan ezarritako zenbatekoen ehunekoak kontuan izanda, honela gauzatuko da proiektu bakoitzari esleitu beharreko laguntza zehatza:

Puntu gehien lortu duen proiektuari diruz lagundu daitezkeen kostuen % 70 emango zaio.

1 eta 10 puntu gutxiago artean lortu dituen proiektuari diruz lagundu daitezkeen kostuen % 65 emango zaio.

11 eta 20 puntu gutxiago artean lortu dituen proiektuari diruz lagundu daitezkeen kostuen % 60 emango zaio.

21 eta 35 puntu gutxiago artean lortu dituen proiektuari diruz lagundu daitezkeen kostuen % 55 emango zaio.

Laguntza jaso ahal izateko, 65 puntu lortu beharko dira gutxienez.

3.– Funtsak mugatuak direla kontuan izanik, azken laguntzari dagokionez, proposatutako zenbatekoa kopuru erabilgarria baino handiagoa bada, esleituko den laguntza kopuru erabilgarri hori izango da.

4.– Funtsak sobera gelditzen badira eskatutako laguntzak lortutako puntuazioaren araberako ehunekoetan esleitu ondoren, proposatutako laguntzen zenbatekoa handituko da diruz lagun daitezkeen kostuen % 80ko mugara arte, puntuazio–hurrenkerari jarraikiz eta funtsak amaitu arte.

5.– Nolanahi ere, Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako gehieneko zenbatekora mugatuko da laguntza (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da erregelamendu hori).

B) Frogantza-proiektuak garatzeko laguntzak.

1.– Enpresa txiki eta ertainentzat, diruz lagundu daitezkeen kostuen % 50ekoa izango da laguntzaren gehieneko muga; enpresa handientzat, berriz, % 15ekoa.

2.– Agindu honen 10. oinarrian aurreikusitako irizpideak aplikatuta, proiektu bakoitzerako lortutako puntuazioaren arabera, eta aurreko paragrafoan ezarritako zenbatekoen ehunekoak kontuan izanda, honela gauzatuko da proiektu bakoitzari esleitu beharreko laguntza zehatza:

Puntu gehien lortu duen proiektuari diruz lagundu daitezkeen kostuen % 50 emango zaio.

1 eta 10 puntu gutxiago artean lortu dituen proiektuari diruz lagundu daitezkeen kostuen % 45 emango zaio.

11 eta 20 puntu gutxiago artean lortu dituen proiektuari diruz lagundu daitezkeen kostuen % 40 emango zaio.

21 eta 35 puntu gutxiago artean lortu dituen proiektuari diruz lagundu daitezkeen kostuen % 35 emango zaio.

Laguntza jaso ahal izateko, 65 puntu lortu beharko dira gutxienez.

13. oinarria – Laguntzak esleitzeko eta kuantifikatzeko prozedura.

1.– Agindu honetan araututako laguntzak lehiaketa bidez esleituko dira.

2.– Aurkeztutako proiektu pilotu eta frogantza-proiektu bakoitzari eman beharreko laguntzaren hasierako zenbatekoa kalkulatzeko, aurkeztutako proiektuak konparatuko dira, agindu honetan finkatzen diren irizpide objektiboak eta balorazio-irizpideak aplikatuta. Aipatu araua aplikatu eta gero, aurkeztutako proiektuen zerrenda egingo da, proiektuak puntu gehien duenetik puntu gutxien duenera ordenatuta. Ondoren, laguntzak esleituko dira, aipatutako ordenari jarraikiz eta 12. oinarrian ezarritako ehunekoak aplikatuta, funts guztiak agortu arte.

3.– Bi proiektuk edo gehiagok puntuazio berbera lortzen badute eta osorik erantzuteko baliabide nahikorik ez badago, lehentasunak ezarriko dira irizpide bakoitzean lortutako puntuazioaren arabera, 10. oinarrian ezarritako hurrenkeran.

Bi proiektuk ebaluazio-irizpide guztietan puntuazio berdina lortzen badute, honako lehentasun-ordena honi jarraituko zaio: lehenik, mikroenpresak; gero, ETEak, eta, hirugarrenik, enpresa handiak.

14. oinarria.– Ebazpena, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko era eta errekurtsoak.

1.– Aurkeztutako eskabideak eta agiriak aztertu ondoren, Balorazio Batzordeak egiten duen proposamena ikusirik, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak emango du deialdiaren ebazpena, eskatutako laguntzak eman ala ez eman ebazteko; ebazpen bakarra emango du.

Ebazpenen jakinarazpen elektronikoak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

2.– Ebazpenak informazio hau jaso beharko du, gutxienez:

A) Aintzat hartutako eskabideei dagokienez:

1.– Onuradunen izena edo izen soziala eta IFK edo NANa.

2.– Diruz lagundutako proiektuaren izena.

3.– Aplikatutako irizpide objektiboak eta laguntzaren ehunekoa.

4.– Dirulaguntza jaso dezakeen inbertsioa.

5.– Diruz lagundutako zenbatekoa.

6.– Diruz lagundutako jarduerak egiteko epea.

7.– Proiektu pilotuetan, emandako laguntza minimis laguntza dela jasoko da, Batzordearen 1407/2013 Erregelamendua (EB) berariaz aipatuta. Halaber, erregelamendu hori Europar Batasunaren Egunkari Ofizialean argitaratu dela aipatuko da.

B) Aintzat hartu ez diren eskabideei dagokienez:

1.– Eskabidea aurkeztu duen pertsonaren edo sozietatearen izena, IFK edo NANa.

2.– Laguntza ukatzeko arrazoiak.

3.– Aurreikusitako laguntzen ebazpenaren banakako jakinarazpena alde batera utzi gabe, lehiaketa-prozeduraren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, jakinarazpen-ondorioetarako, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluaren 1. apartatuko b) apartatuan xedatutakoarekin bat etorriz.

Dena dela, ebazpen osoa helaraziko zaie interesdun guztiei, eta, gainera, ebazpenean interesdun bakoitzari berariaz eragiten dioten alderdiak identifikatuko dira.

Nolanahi ere, lehenengo egin den jakinarazpenaren data joko da jakinarazpen-datatzat.

4.– Prozedura hori ebazteko eta Ebazpena jakinarazteko, sei hilabeteko epea izango da gehienez. Epe hori bukatu eta ebazpen berariazkorik eman eta jakinarazten ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dute eskabidea, hala ezarrita baitago Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluan, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (38/2003, abenduaren 17koaren) 25.5 artikuluari dagokionez.

5.– Prozeduraren ebazpenaren aurka (ez dio amaiera ematen administrazio-bideari), gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jasotzen denetik aurrera zenbatzen hasita, edo, edozein unetan, administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat.

6.– Arau honetan aurreikusitako dirulaguntzak erakunde onuradunei emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da bukatuta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak.

Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko desgaikuntza badakar edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu eta jasotakoa borondatez itzuli beharreko epean itzultzen ez bada, baldintzapean emandako dirulaguntza indargabetu egingo da, onuradun izateko debekuagatik.

15. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honek arautzen dituen dirulaguntzen onuradunek oinarri honetan ezarritako baldintzak bete behar dituzte. Baldintza horiek baldintza hauek guztiak jasotzen dituzte: Dirulaguntzei buruzko 2003ko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetako baldintzak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluko baldintzak eta laguntza ezberdinen baldintza espezifikoak; hauek dira horiek guztiak:

1.– Laguntza emateko ebazpenak eta, hala badagokio, laguntza luzatzeko ebazpenak xedatzen duen epean egitea diruz laguntzen den jarduera; deialdiaren urtean hasi behar da inbertsioa edo gastua.

2.– Dirulaguntza zertarako eman den, xede horrexetarako erabiltzea.

3.– Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, baldin eta dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost egunean onuradunek ez badiote berariaz uko egiten, onartu egiten dutela ulertuko da.

4.– Emandako laguntzaren zenbatekoarekin ondasun inbentariagarriak erosi, eraiki, birgaitu eta hobetzen badira, dirulaguntza eman den helbururako bideratu beharko dira ondasunak, gutxienez horiek gauzatu eta hurrengo 5 urteetan –erregistro publiko batean inskribatu beharreko ondasunen kasuan– edo hurrengo 2 urteetan, gainerako ondasunen kasuan.

5.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari jakinaraztea jarduera edo proiektua partez edo osorik gauzatu dela eta haren esku jartzea hala egin dela egiaztatzeko beharrezkoak diren agiri guztiak.

6.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari, Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete ote diren fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia eman beharko zaie.

7.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari idatziz jakinaraziko zaio diruz laguntzen den ekintza bera finantzatzeko beste dirulaguntza edo laguntza batzuk eskatu dizkiotela administrazioren bati edo beste erakunde publiko nahiz pribaturen bati, eta, hala badagokio, laguntzok eskuratu dituztela, hori gertatu eta hamabost eguneko epean, hargatik eragotzi gabe deialdi honen 7. oinarriaren 1.6. paragrafoan xedatzen dena.

8.– Dirulaguntza emateko kontuan hartzen den egoera subjektibo edo objektiboren bat aldatzen bada, aldaketaren berri emango zaio Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari, idatziz.

9.– Gastuei eta diruz lagundutako jarduerei buruz ematen den informazio edo publizitate guztian, argiki jasoko da Eusko Jaurlaritzaren funtsekin finantzatu direla jarduerok, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan xedatuarekin bat.

10.– Merkataritza-legeriak eskatutako terminoetan ikuskatutako kontabilitate-liburuak, erregistro izapidetuak eta gainerako dokumentu guztiak eduki beharko dira, eta deialdi bakoitzean finantzatutako inbertsioarekin lotutako inbertsio eta gastu guztietarako kontabilitate-kode egoki bat edo kontabilitate-sistema bereizi bat mantendu, araudiak finkatzen dituen kontrolak egin ahal izateko.

11.– Jasotako funtsak zertarako erabili diren frogatzen duten agiriak gordeko dira, baita elektronikoak ere, baldin eta egiaztatu eta kontrolatu ahal badira.

12.– Eskatzaileek jakinarazi behar dute diruz laguntzen den gastu bera ordaintzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, bai eta eskuratu duten ala ez.

13.– Eskabidean jakinaraziko da ea sartuta dauden ala ez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan abiatutako itzulketa- edo zehapen-prozeduraren batean, eta zein iren.

16. oinarria.– Gehieneko exekuzio-epeak.

1.– Dekretu honetan jasotzen diren laguntzei dagozkien inbertsioak edo gastuak urte batean edo hainbat urtetan gauzatu ahal izango dira. 2021eko aurrekontu-ekitaldian hasi behar dira diruz laguntzekoak diren ekintzak.

2.– Urteko proiektuen exekuzio-epea 2021eko abenduaren 31n amaituko da.

3.– Urte bateko eta hainbat urtetarako proiektuak 2022ko otsailaren 28tik aurrera baina 2022ko abenduaren 31 baino lehen justifikatuko dira.

17. oinarria.– Gastua justifikatzea.

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikulua betetzeko, dirulaguntza jaso duen inbertsio-proiektua edo gastua bera eta onuradun izateko eskatutako betekizun eta baldintzak betetzen direla justifikatzeko, honako agiri hauek aurkeztu beharko zaizkio Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari:

a) Egindako jardueren justifikazio-memoria bat. Bertan, proiektua gauzatzeari eta proiektuaren betetze-mailari buruzko informazioa jasoko da, baita laguntza emateko betekizun eta baldintzen betetze-mailari buruzkoa ere.

b) Jatorrizko fakturak eta froga gisa balio bera duten gainerako agiriak, merkataritzako trafiko juridikoan balio dutenak edo administrazio-eraginkortasuna dutenak, faktura jaulkitzeko beharrik ez dagoen kasuetan, Fakturazio-betebeharrak arautzeko erregelamendua onartzen duen azaroaren 30eko 1619/2012 Errege Dekretuaren 3. artikuluarekin bat etorriz betiere, eta dagokien ordainketa-frogagiria.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, non azalduko baita ordainketen fakturak eta gainerako ziurtagiriak ez direla aurkeztu dirulaguntzen beste programa batzuk justifikatzeko. Alabaina, dirulaguntzen beste programa batzuk justifikatzeko aurkeztu badira, faktura edo ziurtagiri horiek jaso dituen edo dituzten dirulaguntzen programa edo programak zein diren jakinarazi beharko da, ordainketaren faktura edo ziurtagiri bakoitzari dagokionez jasotako dirulaguntzaren ehunekoarekin batera.

d) Dirulaguntzak itzultzegatik dagozkion betebeharrak ordaindu dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.

2.– Foru-ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak egunean dauden, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak egiaztatuko du, automatikoki. Hala eta guztiz ere, eskatzaileak modu arrazoituan uka dezake baimen hori, eta, hala egiten badu, dagokion ziurtagiria edo eskatutako agiria aurkeztu beharko du.

3.– Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak agiri gehiago eskatu ahal izango ditu, egoki baderitzo. Eskaera horrek arrazoitua izan beharko du.

4.– Aurreko paragrafoetan aipatutako agiriak aurkeztu ondoren, proiektuaren azken ebaluazioa egingo dute Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako langileek, eta proiektuak berarekin soilik inbertsioa edo soilik gastua badakar, edo inbertsioa eta gastua elkarrekin, proiektua gauzatu dela adierazten duen azken ziurtagiria egingo dute.

5.– Laguntzen kudeaketa eta ordainketa egokiak izatea bermatzeko, egindako gastuaren egiaztagiriak entregatzeko muga-eguna izango da inbertsioak edo gastuak egiteko ezarritako epearen hurrengo urteko urtarrileko azken eguna, edo, hala badagokio, luzapenaren azken eguna.

18. oinarria.– Ordainketa eta bermeak.

1.– Ordainketak honela egingo dira:

A) Ebazpenarekin batera, laguntzaren % 14,62 ordainduko da aurretiaz.

B) Bigarren ordainketa justifikazioaren ondoren egingo da, 2022an.

2.– Zehapen-prozeduraren batean edo dirulaguntzen itzultze-prozeduraren batean egonez gero, laguntza jasotzeko, lehenik hura amaitu beharko da. Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko desgaikuntza badakar, edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, eta jasotakoa borondatez itzuli beharreko epean itzultzen ez bada, baldintzapean emandako dirulaguntza indargabetu egingo da, onuradun izateko debekuagatik. Kasuan-kasuan, dirulaguntza hauek onuradunei ordaindu ahal izateko, dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean izan beharko dira.

3.– Inbertsioak ez badira egiten gehieneko epeen barruan, edo inbertsioa egin izana egiaztatzeko agiriak ez badira aurkezten epe barruan, onuradunek dirulaguntza hartzeko eskubidea galduko dute, eta, hala badagokio, agindu honen 21. oinarriko itzulketa-prozedura jarriko da abian.

4.– Izaera juridikorik ez duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeei eta ondasun-erkidegoei dagokienez, funtsen hartzaile izateko izendatu den kideari egingo zaio ordainketa, eta hark banatuko ditu taldeko gainerako kideen artean.

Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean agertu beharko du. Alta eman edo hirugarren interesdunen datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak hirugarrenentzat emandako erregistro telematikora jo beharko da, honako helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

19. oinarria.– Dirulaguntzak emateko baldintzak aldatzea eta inbertsioa edo gastuak gauzatzeko epeak luzatzea.

1.– Beste erakunde publiko nahiz pribatu batetik beste laguntza edo dirulaguntzaren bat jasoz gero, idatziz justifikatu eta jakinarazi beharko zaio Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari, eta, horren ondorioz, gerta liteke dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea; kasu horretan, dena dela, agindu honetan ezarritako betekizunak eta laguntza ematea eragin zuen helburua gorde beharko dira. Horretarako, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, hala egokituz gero emandako dirulaguntzaren zenbatekoak oinarri berriaren arabera doitzeko. Hala bada, 1991ko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan jasotako itzulketa-prozedurari ekingo zaio.

2.– Laguntzak emateko eta ordaintzeko orduan kontuan hartu diren baldintzen aldaketa orok eragin dezake dirulaguntzak emateko ebazpena aldatzea, betiere agindu honetan ezarritako gutxieneko betekizunak errespetatzen badira eta, hala bada, beste dirulaguntza batzuk jasota gehieneko zenbatekoa gainditzen bada. Esandakoaren ondorioetarako, organo kudeatzaile eskudunak aldaketa-ebazpena emango du, eta, haren bitartez, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira.

Onuradunek agindu honetako betekizunak edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen ez badituzte, edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusten diren kasuetan, jasotako dirua itzuli beharko dute, osorik edo zati batean, berandutze-interesak barne. Hori guztia, honako hauetan xedatutakoarekin bat: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua.

3.– Baldin eta egindako inbertsioaren edo gastuaren behin betiko benetako kostua txikiagoa bada onartutako eta dirulaguntza emateko erreferentziatzat hartutako aurrekontua baino, eta laguntza helburu bererako erabiltzen bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da, dagokion proportzioan, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren likidazio-ebazpen baten bidez, eta, gero, oinarri berriari aplikatuko zaio dirulaguntzaren ehunekoa.

20. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Laguntza-eskatzaileek atzera egin ahalko dute, betiere laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik. Horretarako, atzera egiteko eskaera helarazi beharko diote Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari, idatziz, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du atzera egiteko eskaera, eta hari dagokion prozedura amaitutzat emango du.

2.– Onuradunak laguntzari uko egin ahal izango dio, laguntza onartu ondoren (agindu honen 15. oinarriko 3. apartatuan ezarritako betebeharrari jarraikiz, emandako laguntza onartzeko betebeharra dute onuradunek), baina nolanahi ere, inbertsioa amaitu aurretik, eta baldin eta Administrazioak inolako ordainketarik egin ez badu. Horretarako, emandako laguntzei uko egiteko eskaera helarazi beharko diote Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari, idatziz, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du atzera egiteko eskaera, eta hari dagokion prozedura amaitutzat emango du.

Ukoa onartuta, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, baita emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.

21. oinarria.– Ez-betetzeak.

1.– Ez-betetzeen kausak izango dira, gutxienez, honako hauek:

a) Agindu honetan ezarritako betebeharretako edozein ez betetzea.

b) Dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen diren baldintzak, halakorik izanez gero, ez betetzea.

c) Laguntza emateko xedea ez betetzea.

d) Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatu itzulketa-kausaren bat sortzea.

2.– Onuraduna aurreko apartatuan zerrendatutako ez-betetzeen kausetako baten egoeran egongo balitz, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak, 15 eguneko epean, interesdunari entzunaldia emango dion ez-betetze espedientea egin ondoren, egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan, ebazpen baten bidez, dirulaguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio onuradunari, partez edo osorik, eta, hala badagokio, kobratu dituen laguntzak eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesak itzuli beharko dizkio onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, partez edo osorik, proiektuaren gauzatze-mailaren proportzioan, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53. artikuluan eta 2003ko dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatuarekin bat. Gainera, dagozkion gainerako neurriak hartuko dira. Ez-betetzea inbertsioei eusteko epeari badagokio, emandako dirulaguntzaren itzulketa pro rata temporis egingo da.

Aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

3.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzulketa-prozedura, organo eskudunari jakinarazi beharko zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan.

22. oinarria.– Bateragarritasunak.

1.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publiko zein pribatuk xede bererako emandako beste edozeinekin, betiere dirulaguntza guztien baturak gainditzen ez baditu agindu honek egoera bakoitzerako ezarritako gehieneko ehunekoak. Muga hori gaindituko balitz, gaindikinari dagokion zenbatekoa kenduko zaio laguntzari, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren ebazpen bidez, erakunde onuradunari entzun ondoren.

2.– Era berean, proiektu pilotuen kasuan, beste administrazio publiko batzuek beste xede baterako emandako minimis laguntzei gehitu ahalko zaizkie laguntza hauek; halere, guztien artean ez dute 200.000 euroko laguntza gaindituko, onuradun bakoitzeko eta hiru urteko epean, Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduak (EB) ezarritakoari jarraikiz. Hala izanez gero, agindu hau betez eman beharreko zenbatekoak gutxituko dira, gehieneko atalase horretara egokitu arte.

Aurreko lerrokadek xedatzen dutena gorabehera, baldin eta laguntzen mugak desberdinak badira, onuradunarentzat onuragarriena den muga hartuko da kontuan gaindikina kalkulatzeko.

23. oinarria.– Datuen babesa.

Agindu hau aplikatuta biltzen diren izaera pertsonaleko datuak Datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako lege aplikagarrietan xedatutakoaren arabera tratatuko dira.

II. ERANSKINA
ESKABIDEA EGITEKO INPRIMAKIAREN EDUKIA

Laguntzaren eskabide-inprimakia webgune hauetan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus

Oinarrizko eduki hau du:

Esparru generikoak:

• Identifikazio-agiriaren mota.

• Zenbakia.

• Izena (pertsona fisikoek soilik).

• Lehen abizena (pertsona fisikoek soilik).

• Bigarren abizena (pertsona fisikoek soilik).

• Sexua (pertsona fisikoek soilik).

• Entitatearen izena (pertsona juridikoek soilik).

• Telefono finkoa.

• Telefono mugikorra.

• Helbide elektronikoa.

• Lurralde historikoa.

• Jakinarazpen eta komunikazioetarako kanala.

• Abisuak jasotzeko helbide elektronikoa.

• Abisuak jasotzeko mugikorra.

• Jakinarazpen, komunikazio eta abisuetarako hizkuntza.

Eremu osagarriak:

Erantzukizunpeko adierazpena:

• Enpresa ez dago krisialdian, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01)

• Proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoan ingurumen-gaietan aplikatu beharreko berariazko araudia betetzen du (21/2013 Legea, 2013ko abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa, eta 3/1998 Lege Orokorra, 1998ko otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babestekoa), eta, hala dagokionean, inbertsio-proiektuek ingurumenean duten eragina ebaluatuko da, aurrez. Halaber, inbertsio bakoitzari aplikatu beharreko Batasuneko arauak betetzen ditu proiektuak.

• Eskatu zaizkio/Ez zaizkio eskatu diruz lagundu daitekeen proiektu bererako bestelako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikoak administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribaturen bati, eta eskuratu dira/ez dira eskuratu.

• Sartuta dago/Ez dago sartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza eta dirulaguntzen esparruan abiarazi duten itzultzeko edo zehatzeko prozeduraren batean.

• EAEko Administrazioak eta haren menpeko erakundeek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan, dirulaguntzak itzultzeko edo zehatzeko prozeduretako kantitate zehatzen ordainketa egunean izatearen egiaztagiria. Betebehar horien ordainketak egunean dituztela ulertuko da zorrak atzeratuta eta zatituta badaude, eta, gainera, gaineratutako zor, interes eta gastu guztiak estaliko dituen bermea eratu bada.

• Ez du dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen epai irmorik (zigor- edo administrazio-arloan), ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

• Konkurtso-deklaraziorik eskatu ez izana; prozeduraren batean kaudimengabetzat deklaratuta ez egotea; konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek; esku-hartze judizialaren eraginpean ez egotea, edo desgaitua ez egotea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

• Ez du jaso dirulaguntzak lortzeko aukera galtzeko zehapenik ebazpen irmo baten bidez.

• Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, Administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa ebatzita ez izatea.

• Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daude Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean ezarritako kasuren batean, edo ez daukate Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat, lege horretan edo arlo hau arautzen duen araudi autonomikoan ezarritako baldintzetan.

• Ez du galdu laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera ebazpen irmo baten bidez ezarritako zehapena dela-eta, edo honako delitu hauetakoren bat egin izanagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

• Zerga-egoitza ez izatea erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.

• Elkarteen kasuan, ez daudela sartuta Elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debekuen kausetan. Ez-zilegitasun penalaren zentzuzko zantzuak egoteagatik, administrazio-prozedura ez etetea, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, betiere ebazpen judizial irmorik esleitzen ez bada, haren arabera, kasuan kasuko inskripzioa egin ahal izango baita dagokion erregistroan.

• Berreskuratze-agindu baten menpe ez dagoela, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

Era berean, erantzukizunpeko adierazpen hau aurkezteak –39/2015 Legearen 69. artikulua aplikatuta– esan nahi du betebehar horiek betetzen dituela, hala ziurtatzen duen dokumentazioa duela, hura eskatzen zaionean Administrazioaren eskura jarriko duela, eskubidea aitortzen zaion bitartean betebehar horiek betetzeko konpromisoa hartzen duela; badakiela funtsezko zehaztasunik ezak, faltsukeriak edo ez-egiteak erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak izan ditzakeela; eta Administrazioak egiaztatzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko ahalmena duela.

Laguntza honen organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko ditu NAN, IFK, zerga-betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duten ziurtagiriak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean dituela egiaztatzen duten agiriak. Horretarako, pertsona eskatzaileek edo onuradunek ez dute berariazko baimenik eman beharrik izango, berariaz uko egiten diotela adierazten denean salbu, eta, kasu horretan, dagokien ziurtagiria edo eskatutako dokumentua aurkeztu beharko dute. Hori guztia 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50.3 artikulua aplikatuta, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 28.2 artikuluari dagokionez.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana