Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

209. zk., 2021eko urriaren 20a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA
5332

5/2021 LEGEA, urriaren 7koa, Euskadiko Kooperatiben abenduaren 20ko 11/2019 Legea aldatzekoa.

Eusko Legebiltzarrak 5/2021 Legea, urriaren 7koa, Euskadiko kooperatiben abenduaren 20ko 11/2019 Legea aldatzekoa onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

ZIOEN AZALPENA

2019ko abenduaren 30ean, Euskadiko Kooperatiben abenduaren 20ko 11/2019 Legea argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (247. zk.) eta 2020ko urtarrilaren 16an, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.

Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko Ministerioak lankidetza-gutun bat bidali zion Euskal Autonomia Erkidegoko Araubide Juridikoaren Sailburuordetzari, 2020ko martxoaren 9ko sarrera-datarekin, non proposatzen baitzuen Konstituzio Auzitegiari buruzko Lege Organikoaren 33.2 artikuluan jasotako lankidetza-bideei ekitea, ez zedin konstituzio-kontrakotasuneko errekurtso bat ezar Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioak eta Ogasun Ministerioak azaldutako desadostasunei dagokienez; zehazki, Euskadiko Kooperatiben abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 124.1, 125.3 eta 157. artikuluei dagokienez.

Lantaldea eratu zen, Estatuko Administrazio Orokorraren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko Bitariko Lankidetza Batzordearen 2020ko maiatzaren 11ko erabakian jasotakoa betez, adierazitako eskumen-gatazken irtenbidea aztertu eta proposatzeko.

2021eko martxoaren 22an, Araubide Juridikoaren sailburuordearen 2021eko otsailaren 26ko ebazpena argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, zeinak xedatzen baitu argitaratzea Estatuko Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko Bitariko Lankidetza Batzordeak Euskadiko Kooperatiben abenduaren 20ko 11/2019 Legeari buruz hartutako erabakia, non agintzen baita legea aldatzea, zentzu honetan:

A) Adierazitako legearen 124.1 eta 125.3 artikuluei buruz sortu den gatazkari dagokionez, aintzat hartuta Aseguru- eta berraseguru-entitateen antolamendu, gainbegiraketa eta kaudimenari buruzko uztailaren 14ko 20/2015 Legearen 27.1 artikuluaren bidez ezabatu egin zela aseguruen mutuek, sozietate kooperatiboek eta gizarte-aurreikuspeneko mutualitateek prima aldakorraren edo beste elkarte-forma batzuen bidez jarduteko aukera, Euskal Autonomia Erkidegoak hitzematen du behar den legegintzako egokitzapena sustatuko duela uztailaren 14ko 20/2015 Legeari lotzeko, halako moldez, non Euskal Autonomia Erkidegoaren abenduaren 20ko 11/2019 Legearen 124.1 artikuluan aipatzen diren aseguru-kooperatibek prima finkoaren bidez soilik jardun ahal izango baitute.

B) Adierazitako legearen 157. artikuluari buruz sortu den gatazkari dagokionez, bi alderdiek uste dute manu horretan jasotako edukia aplikatu beharrekoa den oinarrizko legeriaren arabera interpretatu behar dela; hau da, sektore publikoko kontratuei buruzko oinarrizko legerian ezarritako baldintzetan.

Ondorioz, 124.1 artikulua aldatzen da, halako moldez, non kendu egiten baita «prima finkoko aseguruen entitate, prima aldakorreko entitate edo lan elkartuko entitate gisa antolatu daitezke lan egiteko» esapidea, oinarrizko araudian ezarritakoan oinarrituta, hura aipatzen baita 124. artikuluaren beraren 2. apartatuan.

Ildo berean, beste modu batera idatzi behar da 125. artikulua, osasun-kooperatibak aseguru-kooperatiba gisa konfiguratzen baitira eta, horrenbestez, horiek prima finkokoak bakarrik izan daitezkeenez, ez dagokio beste bereizketa bat sartzea.

Orobat, ezin da ordezko aukeratzat hartu, indarrean dagoen 135. artikuluaren 2. zenbakiak hartzen duen bezala, kooperatiba horien xedea izatea beren bazkide eta onuradunen osasun-arloko arriskuak estaltzea, hura baita posible den bakarra aurreko interpretazioaren arabera. Gainera, aseguruei buruzko araudia aldatzeagatik gerora etor litezkeen indargabetzeak saihesteko, egoki da araudi horren aipamen orokor bat egitea.

Azkenik, ildo berean, ez da egokia 3. apartatua kontuan hartzea, hirugarren ez-bazkide aseguratuen osasun-arriskuak osasun-profesionalak diren bazkideekin eta osasun-arlokoak ez diren langileekin estaltzeari buruzkoa, lan elkartuko aseguru-kooperatibak baitira, zeinak kendu egin baitira 124.1 artikulutik aseguru-kooperatiben antolaketa- eta funtzionamendu-modalitate gisa.

Bestalde, legea Legebiltzarrean onesteko izapidean, Kooperatiba Sozietate Txikiari buruzko Legea txertatu zen eta, ondorioz, aldatu eta eguneratu egin behar izan ziren Eusko Jaurlaritzak onetsitako lege-proiektuaren testuan artikulatuari egiten zitzaizkion erreferentziak. Kasu honetan, ordea, eutsi egin zaio Jaurlaritzaren testuan agertzen zen erreferentziari eta, horrenbestez, bederatzigarren xedapen gehigarriak 153.3 artikuluari egiten dion erreferentzia okerra da, 164.3 artikuluari egin behar baitio.

Euskarazko bertsioko 30. artikuluan, akats material bat hauteman da eta, ondorioz, aldatu egin behar da. Horretarako, kendu egin behar da «lan elkartuko kooperatibek» erreferentzia, ez baitator bat gaztelaniazko testuarekin.

Bestalde, kooperatibetako kide anitzeko organoek (batzar orokorra eta artezkaritza-kontseilua, eta, estatutuek aurreikusten dituztenean, zaintza-batzordea, sozietate-kontseilua eta errekurtso-batzordea), modu presentzialean egin ohi dituzte bilerak. Haatik, eta uste bada ere horrek izan behar duela formatu orokorra, bazkideek modu berritzailean parte hartzeko mekanismoak sartu behar dira esplizituki eta modu argian. Hala, bitarteko telematikoen bidez parte hartzea sustatzen da, bazkideen parte hartzeko eskubidea inola ere murriztu gabe, artikulu hauek aldatuz: 36.1 artikulua (batzar orokorrarentzat), 48. artikulua (artezkaritza kontseiluarentzat) eta 32. artikulua (gainerako estatutu-organoentzat). Hori horrela izanik ere, organo batzuek eta besteek izaera desberdina dutenez, modu presentzialean ez diren bilerak egiteko baldintzek desberdinak izan behar dute.

Azkenik, aldatu egin behar da bigarren xedapen iragankorraren 2. paragrafoa, halako moldez, non handitzen baita estatutuak egungo araudira egokitzeko legeak ematen duen epea. Izan ere, nahiz eta zenbait neurri ezarri zuten bai ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege Dekretuak (COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko prebentzio, geldiarazte eta koordinazioko premiazko neurriena), zeinari esker bideoz edo konferentzia telefonikoz egin ahal izan ziren elkartekideen edo bazkideen batzarrak 2020ko abenduaren 31ra arte, eta bai azaroaren 17ko 34/2020 Errege Lege Dekretuak (enpresa-kaudimena eta energia-sektorea sustatzeko neurriak aurreikusteaz gain, zenbait zerga-neurri arautzen dituena), zeinak haren indarraldia luzatu baitzuen 2021. ekitaldian batzar nagusiak edo bazkideen batzarrak bitarteko elektronikoen bidez egin ahal izan daitezen, COVID-19ak eragindako epidemiak sorrarazitako egoerak beharrezko egiten du aldez aurretik ezarritako bi urteko epea luzatzea.

Horren arrazoi dira mota eta tamaina askotako kooperatiba daudela, zailtasunak daudela batzar nagusiak segurtasun juridikoz egiteko bitarteko elektronikoak lortzeko eta, batez ere, egokitzapen-erabakia bera konplexua dela. Izan ere, kasu gehienetan, egokitzapena ez da hertsiki mugatuko arau berriaren kontrakoak diren estatutu-xedapenak aldatzera, baizik eta iritzia emango du arau berriak ahalbidetzen dituen estatutu-aukera berriei buruz ere. Euskadiko Kooperatiben abenduaren 20ko 11/2019 Legea 2020ko urtarrilaren 30ean jarri zen indarrean, eta, Kode Zibilaren 5. artikuluaren arabera, 2022ko urtarrilaren 30ean amaituko litzateke epea. Hori dela eta, arrazoizkoa dirudi epea 2023ko abenduaren 31ra arte luzatzeak, urtea bukatzearekin batera, orduan ixten baita sozietateen ohiko ekitaldia.

Lehenengo artikulua.– Euskarazko testuaren 30. artikulua aldatzen da «lan elkartuko kooperatibek» erreferentzia kenduz.

Bigarren artikulua.– 32.2 artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«2.– Sozietatearen estatutuetan, erregulatu ahal izango dira zaintza-batzordearen, sozietate-kontseiluaren eta errekurtso-batzordearen sorrera eta funtzionamendua, lege honetan aurreikusitakoaren arabera. Beste batzuk ere sortu ahal izango dira, baina halakoek ez dituzte inolaz ere izango aipaturiko organoen funtzio eta eskumen berak. Halaber, aukera eman ahal izango dute beren bazkideak organo horietara bitarteko elektronikoen bidez bertaratzeko 48. artikuluaren 2. zenbakiaren bigarren eta hirugarren paragrafoetan xedatutako eran».

Hirugarren artikulua.– 36.1 artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«Batzar nagusia, unibertsala ez bada behintzat, modu presentzialean, sozietatearen egoitza dagoen udalerrian egin beharko da. Bestela egitea justifikatzen duen arrazoiren bat dagoenean, estatutuetan finkatu ahal izango dira, oro har, bilera egiteko beste leku batzuk, edo administratzaileek erabili beharreko irizpideak bilera zein lekutan egingo den erabakitzeko.

Horrez gain, estatutuetan aurreikusi ahal izango da batzar nagusiak, osorik edo partzialki, modu telematikoan egitea edo teknologiak aukera ematen duen antzeko beste edozein sistemaren bidez.

Administrazio-organoak ezarriko du modu ez-presentzialean bertaratzeko sistema eta bermatuko du:

a) Deialdian sartzekoak diren pertsona guztiek izatea bilerara bertaratzeko aukera.

b) Bazkideen nortasuna egiaztatzea.

c) Boto-eskubidea egikaritzea eta, hala aurreikusita dagoenean, botoaren konfidentzialtasuna.

d) Komunikazioa bi norabidetakoa izatea eta irudiaren eta soinuaren aldi berekoa, eta ikusizko, entzunezko eta hitzezko interakzioa.

e) Hala adierazten duten bazkideek modu presentzialean parte hartu ahal izatea batzarrean.

Batzarren idazkariak, hartutako erabakiak baliozkoak izateko exijituriko baldintza guztiekin batera, espresuki jasoko du aktan zer sistemaren bidez bertaratu den batzarrera bazkide bakoitza, bazkide horren izen-abizenak eta zer bitarteko erabili duen bere borondatea adierazteko».

Laugarren artikulua.– 48.2 artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«2.– Artezkaritza-kontseilua biltzeko deia lehendakariak egingo du, eta, bilera baliozkoa izateko, kideetako erdiak baino gehiagok egon beharko du bertan. Kontseilariek pertsonalki parte hartuko dute kontseiluaren bileretan, eta betebehar hori ezin izango da delegatu.

Estatutuek kontseilariei aukera eman ahal izango diete, estatuetan arautzen den eran, bilerara bertaratzeko bideokonferentzia bidez edo antzeko beste sistema baten bidez, baldin eta aukera ematen badu irudiaren eta soinuaren bi noranzko eta aldibereko komunikazioa izateko, eta ikusizko, entzunezko eta ahozko interakzioa izateko.

Idazkariak espresuki jasoko du aktan, hartutako erabakiak baliozkoak izateko exijituriko baldintza guztiekin batera, zein diren kontseilari horien izen-abizenak eta zer bide erabili duten bileran parte hartzeko».

Bosgarren artikulua.– 124.1 artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«Aseguru-kooperatibak dira helburu dutenak aseguru-arlo guztietako aseguru-jarduerak egitea».

Seigarren artikulua.– 125. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«1.– Aseguru-kooperatibak dira, eta bazkideen eta haien onuradunen osasun-arloko arriskuak babestea da haien enpresa-jarduera.

2.– Kooperatiba horiei 124. artikuluko aseguru-kooperatibetarako ezarritako arauak aplikatuko zaizkie».

Zazpigarren artikulua.– Bederatzigarren xedapen gehigarria aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«Lege honen 164.3 artikuluan aurreikusitakoa gorabehera, kooperatiba-federazioek bat egiten badute federazio-entitate berri bat sortuz, entitate hori Euskadiko kooperatiben federazioa izango da baldin eta:

1.– Elkartzen baditu Euskadiko Kooperatiben Erregistroan inskribatuta dauden eta jarduera egiaztatuta duten kooperatiben ehuneko hirurogei baino gehiago, edo kooperatiba horietako bazkide kopurua handiagoa edo berdina bada erregistro horretan inskribatuta dauden eta jardunean ari diren kooperatibetako bazkide guztiekiko.

2.– Ez badago beste entitate konfederalik aipatu artikuluaren arabera sortuta».

Zortzigarren artikulua.– Bigarren xedapen iragankorraren 2. paragrafoa aldatzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«2023ko abenduaren 31ra arte, sozietate kooperatiboek beren estatutuak berrikusi eta egokitu beharko dituzte lege honetan jasotako agindu-izaera duten arauetara».

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urriaren 8a.

Lehendakaria,

IŃIGO URKULLU RENTERIA.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana