Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

208. zk., 2021eko urriaren 19a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
5307

1834/2021 EBAZPENA, irailaren 24koa, Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari-gerentearena, zeinaren bidez deialdia egiten den Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako Erakunde Sanitario Integratuko Erizaintzako Ondoko (kanpoko kontsultak) lanpostu bat izendapen askez betetzeko.

Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko Erizaintzako Ondoko (kanpoko kontsultak) lanpostua hutsik dago. Hori dela-eta, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluko hirugarren arau komunean, Osakidetzaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezartzen denaren arabera, lanpostu hori izendapen askez betetzeko deialdi publikoa iragartzea erabaki du Zuzendaritza Gerentzia honek, honako oinarrien arabera

OINARRIAK

1.– Parte hartzeko baldintzak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute honako baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:

a) Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetan, estatutupekoa, funtzionarioa edo lan-legepeko kontratudun finkoa izatea eta plaza jabetzan edukitzea B1 talde profesionalean.

b) B1 (Osasun Diplomadunak) taldeari dagokion titulazioaren jabe izatea.

c) Gutxieneko lan-esperientzia: 4 urte B1 talde profesionalean.

d) Uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta Osakidetzako Euskara Planean ezarritako gainerako betebeharrak.

2.– Kontuan hartuko diren merezimenduak.

– Kanpoko kontsultak unitateen kudeaketa eta koordinazioaren Memoria egitea.

– Erizaintzako Unitateen kudeaketan eta taldeen kudeaketan prestakuntza edota esperientzia.

– Esperientzia eta/edo prestakuntza agenda-kudeaketan.

– Ezagutzak/esperientzia ibilbide asistentzialen kudeaketan eta planifikazioan, eta transferentzietan.

– Ezagutzak programa eta prozesuen ebaluazioaren inguruan.

– Ofimatika eta lanpostuarekin zerikusia duten aplikazio informatiko korporatiboen ezagutzak.

Lanpostu horretan aritzeko balioa eransten duten eta interesgarritzat jotzen diren merezimendu guztiak aurkez daitezke.

3.– Euskararen ezagutza.

Euskararen erabilera Osakidetzan normalizatzeko den martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak, eta berau garatzen duten arauek, xedatutakoaren arabera baloratuko da.

4.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

Interesdunek Osakidetzako Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko Langileen Zuzendaritzan (Gurutzetako Plaza 12, 48903 Barakaldo) aurkeztu beharko dituzte eskabideak, 15 egun balioduneko epean, Ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Halaber, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako eran ere aurkeztu ahal izango dira (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea).

Interesdunek eskabidea datu pertsonal guztiekin bete eta dokumentatutako curriculum vitaerekin batera Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko Langileen Zuzendaritzara (Gurutzetako Plaza 12, 48903 Barakaldo) bidali beharko dute.

Dokumentazioa honako hau izan behar da:

– NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

– Funtzionario edo estatutupeko langile finkoaren izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, lan-legepeko kontratu finkoduna dela egiaztatzen duen agiriarena.

– Baldintzak betetzea egiaztatzen duen dokumentazioaren fotokopia konpultsatua.

– Kontuan hartzeko merezimendu guztien fotokopia konpultsatua.

Ez da beharrezkoa izango aurreko paragrafoan adierazi bezala egiaztatzea, baldin eta CV aplikazio informatiko korporatiboan jadanik egiaztatuta badaude, betiere, izangaiak bere eskabidean horrela adierazten badu.

5.– Balorazio Batzordea.

Batzorde bat eratuko da aurkezten diren eskabideak baloratzeko, eta izangaiei horren berri emango zaie.

Batzordeak, eskabidea baloratu ondoren, eginbide osagarriak gauzatzea erabaki dezake, eta izangaiei horren berri emango die.

Izangaien balorazioa egindakoan, eta berau kontuan hartuta, dagokion izendapena egiteko proposamena aurkeztuko da. Lanpostua hutsik uztea proposa dezake epaimahaiak, betiere aurrez txosten arrazoitua eginez, baldin eta izangaiek betetzen ez badituzte bete beharreko baldintzak.

Akta egingo da Batzordea biltzen den bakoitzean. Bertan, aurkeztutako izangaiak eta gauzatutako eginbide osagarriak (halakorik balego) zerrendatuko dira, eta lanpostua beraietako bati esleitzeko edo deialdia bete gabe uzteko kontuan hartutako arrazoiak emango dira.

6.– Hautatzeko prozedura.

Inolaz ere ezingo dira baloratu deialdia EHAAn argitaratzen den egunean eduki ez diren merezimenduak, ezta eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen behar bezala aurkeztu eta egiaztatu ez direnak ere.

7.– Prozedurari amaiera ematen dion Ebazpena.

Hemen hasitako prozedurari (lanpostua esleitzea edo hutsik uztea) Osakidetzako Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko zuzendari-gerentearen Ebazpenaren bitartez emango zaio amaiera. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta, era berean Osakidetzako intranetean eta web-orrian.

Ebazpen horrek ondorioak izango ditu EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bertan besterik xedatu ezean behintzat.

8.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetzako zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, Ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Barakaldo, 2021eko irailaren 24a.

Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko zuzendari-gerentea,

MARIA LUZ MARQUES GONZALEZ.


Azterketa dokumentala