Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

199. zk., 2021eko urriaren 5a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
5080

AGINDUA, 2021eko irailaren 15ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez zehazten baita zer unitate itunduko diren Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hezkuntza berezi irekian, hezkuntza berariaz indartzeko proiektuetan eta curriculum-aniztasunaren bidez ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programetan, 2021-2022 ikasturtean.

Hezkuntzako sailburuaren 2021eko maiatzaren 26ko Aginduaren bidez dei egiten zaie itunpeko ikastetxe pribatuei Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntza hezkuntza berezi irekia, hezkuntza berariaz indartzeko proiektuak eta ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programak hezkuntza-itunen araubidearen bidez finantzatzeko, 2021-2022 ikasturterako.

Ikastetxeek aurkeztutako eskabideak aztertu eta irakaskuntza ezberdinetan proposamenak egin ostean, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Onartzea 2021-2022 ikasturterako zer unitate itunduko diren, irakaskuntza bakoitzean, honako hauek zehaztuta: zenbatekoa, unitate-kopurua, hizkuntza-eredua eta itun-araubidea (ikus agindu honen eranskina).

2. artikulua.– Hezkuntza-itunen Araudia onartzen duen irailaren 8ko 293/87 Dekretuaren 32. eta 33. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, itun osoak direnez, ikastetxeek ez dute diru-kopururik jasotzerik izango ikasleengandik, irakaskuntza dela-eta.

3. artikulua.– Adierazitako helburua lortzeko, behar adina aurrekontu-kreditu dago Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onesten dituen apirilaren 11ko 1/2021 Legean.

2022. urteko lehenengo bi lauhilekoei dagokienez, Aurrekontuen Legeak 2022ko ekitaldirako ezartzen dituen ekonomia-moduluak aplikatzearen ondorioz egin beharreko doikuntzak egingo dira, garaia heltzen denean.

Agindu honetan agertzen diren diru-zenbatekoak gehienekoak dira, eta barne hartzen dituzte irakasleen eta gainerako langileen gastuak.

Goragoko paragrafoan ezarritakoa hala bada ere, ordainketa eskuordetuaren sistemak eragiten dien mailetan, honako honen arabera ordainduko zaie antzinatasuna inoren kontura lan egiten duten langileei: ikastetxean irakasle bakoitzak duen antzinatasunaren arabera.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 15a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala