Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

199. zk., 2021eko urriaren 5a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5077

EBAZPENA, 2021eko irailaren 15ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Amorebieta-Etxanoko arau subsidiarioen aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa, E egikaritze-unitateari dagokiona.

AURREKARIAK

2021eko ekainaren 28an, Amorebieta-Etxanoko Udalak prozedura hau izapidetzen hasteko eskatu zion Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari, Ingurunet sistemaren bitartez: Amorebieta-Etxanoko arau subsidiarioen aldaketaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, E egikaritze-unitateari dagokiona (aurrerantzean, Plana), Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituzten, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukiarekin.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2021eko uztailaren 21ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien administrazio publiko ukituei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Amorebieta-Etxanoko Udalari ere jakinarazi zitzaion izapide-prozesuaren hasiera.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea da helburua; era horretan, ingurumenaren babes maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko.

Amorebieta-Etxanoko E egikaritze-unitateari dagokion arau subsidiarioen aldaketa (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-dokumentu estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana garatzeko eta ingurumena behar bezala babesteko.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Formulatzea Amorebieta-Etxanoko arau subsidiarioen xedapen-aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa, E egikaritze-unitateari dagokiona (aurrerantzean, Plana), honen arabera:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Amorebieta-Etxanoko arau subsidiarioek (2021eko urtarrilean behin betiko onartutako arau subsidiarioak, BAO, 20. zk., 2001eko urtarrilaren 29koa) E egikaritze-unitatea (aurrerantzean E-EU) hiri-lurzoru finkatugabeko eremu gisa mugatu eta sailkatzen dute, 1.331 m2-ko azalerakoa, Amorebieta-Etxano udalerriko hirigunean kokatua eta bizitegitarako finkatutako hiri-bilbearen barruan sartua. Indarrean dauden arau subsidiarioek eremu horretan 50 etxebizitza eraikitzea planteatzen dute.

Planaren helburua da E-EUren azaleraren eta eraikingintzaren parametroak berrikustea eta aldatzea; horrela, azalera 1.764 m2 izateraino zabalduko da eta eraikigarritasuna 67 etxebizitza izateraino. Horretarako, funtsean, gaur egun etxe-uhartearen mendebaldeko ertzean dauden bi eraikinak E-EUn sartzen dira; horrela, oraingo eraikinen eta etorkizunekoen solairu-kopuruen artean dagoen desegokitasuna konpondu nahi da, oraingo altueren arteko aldea kenduta (PB 6+Ako aurreko zona eta PB+4+Ako atzeko zona). Eraikigarritasuna eremu berean handitzeak aniztasun tipologiko handiagoa ekarriko luke eta kudeaketa ekonomikoa bideragarriagoa egingo luke.

E-EU sektoreak San Pedro kalea du mugakide hegoaldean, Harrison kalea iparraldean, Harrison parkea mendebaldean eta Luis Urrengoetxea kaleko etxebizitza-blokeak ekialdean. Gaur egun eremuan eraiki gabeko orube bat dago eta hainbat eraikin, kontserbazio-egoera txarrean, hein batean.

B) Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, hain zuzen ere zehazteko ea Planaren aldaketak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: Planak aldatu egiten du hiri-lurzoru finkatugabe baten azalerari eta eraikigarritasunari dagozkion parametroak, 1. 764 m2-ko eremuan, Amorebieta-Etxano udalerriko hirigunean udalerriko bizitegitarako hiri-bilbearen barruan sartuta dagoen gune batean. Horretarako, funtsean gaur egun etxe-uhartearen mendebaldeko ertzean dauden bi eraikinak E-EUn sartuko dira; horrela, ertza hobeto errematatuta geldituko da eta, aldi berean, E-EU sektorearen eraikigarritasuna eta etxebizitza-kopurua handituko dira. Beraz, lurzoruaren xedea ez da aldatzen, etxebizitzetarako hiri-lurzorua izango baita aurrerantzean ere. Ezaugarriak kontuan hartuta eta aurkeztutako dokumentazioa ikusita, planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, baita hierarkizatuta daudenetan ere: Planaren eremua Amorebieta-Etxanoko Plangintzako Arau Subsidiarioetako E-EU da, 1.764 m2-ko azalerakoa, hiri-lur finkatu gisa sailkatua, eta, oro har, bizitegi-erabilerakoa. Eremu hori UAPGG ES017-BIZ-9-2 Amorebieta izeneko Uholde Arrisku Handiko Eremuan sartuta dago. Arrisku horri dagokionez, Plana bateragarria izango da plangintza hidraulikoarekin; betiere, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren araudian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren E.2 apartatuko uholdeen babesari buruzko berariazko araudian ezarritakoa betetzen badu. Planaren eta eraginpeko eremuaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu plangintza nagusiarekiko bateraezintasunik.

c) Planaren edo programaren egokitasuna ingurumen-alderdiak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin: irizten zaio Plana egokia dela garapen jasangarria sustatzen duten irizpideak barnean har ditzan. Amorebieta-Etxano udalerriko hirigunean kokatuko bizitegitarako hiri-bilbearen barruan sartuta dagoen hiri-lurzoru finkatugabe baten azalerari eta eraikigarritasunari dagozkion parametroak aldatzen ditu Planak. Hala ere, Planak ez du aldatzen indarrean dagoen plangintzan aurreikusitako lurzoruaren xedea, ez baliabide naturalen kontsumoa handitzen ere. Gainera, Planak barnean hartzen ditu neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsatzaile orokor eta bereziak. Ildo horretan, egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-kontsiderazioak txertatzeko, batez ere erabilitako baliabide eta bitartekoen erabileran efizientzia handiagoz eraikitzeari dagokionez, eta horrek energia-aurrezpen eta -efizientzia handiagoa eragingo du, baita kanpoko zarataren aurkako isolamendu hobea izatea eta eraikinak inguruko paisaian integratzea ere, horiexek izaki, hain zuzen, ingurumen-helburuetako batzuk.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak: Ingurumen mailako eraginik nabarmenenak, aipatu diren uholde-arriskuarekin lotutakoez gain, kutsaturik egon daitezkeen lurzoruen presentziari eta kalitate akustikoarekin lotutakoak dira E-EU eremuan; gainera, kalitate akustikoa inguruneko bideek baldintzatzen dute. Beraz, Planaren antolamendu-eremuaren zati batean ez dira lortzen Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako kalitate akustikoaren helburuak, aurreikusitako bizitegi-erabilerarako, hala gaur egun nola etorkizunean. Eremua Babes Akustiko Bereziko Eremu (BABE) izendatu beharko da, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 45. artikuluan ezartzen den modura.

Ingurumen-inpaktuak baloratzeko, erreferentziatzat hartu beharko da indarrean dagoen antolamenduan aurreikusitako egoera. Horri dagokionez, Planean proposatutako jarduketek, indarreko plangintzan aurreikusitakoari dagokionez irismen mugatua dutenez, ez dute eragingo ondorioak larriagotzea, plangintza horretan aurreikusitakoaren aldean.

Honenbestez, ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-ondorio adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, urei, hondakinen kudeaketari, natura-ondareari, paisaiari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduketak.

e) Halaber, Plana egokia da Batasuneko edo estatuko ingurumen-legeak ezartzeko; hain zuzen ere, lehengaien eta energiaren kontsumoari, hondakinei, klima-aldaketari –berotegi-efektuko gasak– eta airearen kalitateari (emisio atmosferikoak, zarata, argia) dagokienez.

2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak.

Planaren xedea den E-UE Amorebieta-Etxano udalerriko hirigunean dago kokatuta eta bizitegitarako hiri-bilbearen barruan sartuta. Planteatzen den aldaketaren ondoren, E-UEren azalera 1.764 m2-ra helduko da; Partzialki okupatuta dago, bizitegitarako eraikin batzuekin eta zuhaitzak eta zuhaixkak dauzkan orube batekin; zuhaitzen artean erramu handi bat dago.

Ingurumenaren ikuspegitik, honako ezaugarri hauek nabarmendu behar dira:

– E-EU sektorea Amorebieta udalerriko hiri-bilbearen barruan sartuta dago, bizitegitarako hiri-ingurune batean. Ingurune horretan ez dago interes naturaleko elementurik, zuhaixka eta zuhaizti apaingarri batzuk izan ezik, ez kultura-ondarekorik ere. Ez dator bat azaleko ur-ibilguekin eta hezeguneekin, ez urguneekin ere (lurzatiaren ipar-mendebaldeko mugatik 80 bat metrora, Garaitondo erreka dago, eta eremuaren hegoaldean, 170 bat metrora, Bekoerreka erreka, lurperatua; erreka biak Ibaizabal ibaira isurtzen dira, Euskadiko erkidego arteko arroen arloan).

– Ingurumen-arriskuei dagokienez, Garaitondo errekak eta bere ertzek Uholde Arrisku Handiko Eremua osatzen dute (ARPSI ES017-BIZ-9-2) E-EUren hurbileko ingurunean. E-EU osoa 500 urteko errepikatze-denborako gunean dago, lehentasunezko fluxu-eremutik kanpo. E-EUren zati bat Garaitondo errekako ibilguen polizia-eremuaren eraginpean dago (Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren erkidego barneko arroa); ondorioz, Planak kontuan hartu behar du Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoaren araudiko 40.4.(polizia-eremuko uholde-arriskuko E-EU sektoreko lurzoruetarako aplikatzekoa denerako), eta 41. (uholde-arriskuko gainerako eremuko erabilerak mugatzea) artikuluetan ezarritakoa. Bestalde, polizia-eremuan egiten den edozein jarduerak arroaren erakundearen baimena beharrezkoa dute (Kantauriko Konfederazio Hidrografikoa).

Aipatzekoak dira, baita ere, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak egotetik eratortzen diren arriskuak; izan ere, eremuko bi lurzati EAEko lurzorua kutsa dezaketen jarduerak izan dituzten edo une honetan dituzten lurzoruen inbentarioan daude (industria-jarduera, 48003-00032 eta 48003-00075 kodeak). E-EUren kokapenarekin lotutako beste arrisku batzuk dira SEVESO enpresen presentziarekin zerikusia dutenak, Amorebieta udalerrian bi enpresa baitaude SEVESO III araudiari lotuta (biak udaleko industrialdeetan kokatuta, Euban eta Boroan, 1,0 km eta 4,5 km-tara, hurrenez hurren). Akuiferoen kutsadurari dagokionez, zaurgarritasun txikikoa da zona. Bestalde, E-EUren baldintza geoteknikoak oso txartzat jotzen dira, uholde-arriskuak, istiltzeak, sostengu-ahalmena eta asentuak direla eta.

– Eremua domeinu antropogenikoan dagoen hiriko paisaia-unitate bateko osagaia da; Amorebieta-Etxanoko ikuspegi-eremuan dago. E-UE bi hiri-parketatik hurbil dago. Parke horiek zuhaitz handiak eta eraikin bereziak dauzkate, hala nola, Harrison hotela; ingurunea erdialdean dago eta gune jendetsua da. Faktore horiek nolabaiteko paisaia-interesa ematen diote eremu horri.

– Zarataren foku nagusia inguruneko bideek osatzen dutena da (San Pedro kaleak batez ere eta, neurri txikiagoan, Harrison eta Nemesio Bikandi kaleek). Ingurumen-dokumentu estrategikoarekin (IDE) bat, eta Tecnaliak 2016. urtean landutako Amorebieta-Etxanoko zarata-maparen arabera, gainditu egiten dira etorkizuneko hirigintza-garapenetarako eta eremu horri dagokion gune akustiko motarako ezarritako kalitate akustikoko helburuak (KAH) (Gehienbat egoitzetarako lurzorua daukaten eremu/sektoreak): 70 dBA gainditzen dira goizez eta arratsaldez, eta 65 dBA gauez. Neurri posible bakartzat planteatzen da E_EU gunea dagoen tokia Babes Akustiko Bereziko Eremu (BABE) izendatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 45. artikuluan ezartzen den modura. Bestalde, E-EU sektorea Bizkaiko foru-errepideen zortasun akustikoko eremu baten barruan dagoenez, eremu horietan edozein jarduketa egin ahal izateko, azpiegitura horiek kudeatzen dituen organoaren txostena beharko da nahitaez.

Aurrekoa ikusita, ingurumen-arazo nabarmenenak eremuak dituen egoera akustikoaren eta ingurumen-arriskuen ondorioz sortu dira, bai 500 urteko errepikatze-denborako duen uholde-arriskuagatik bai kutsatuta egon daitezkeen lurzoruengatik.

Plana garatzeak izango dituen gainerako ondorioak lehendik existitzen diren eraikinak eraisteko, eraikinak eraikitzeko eta eremua urbanizatzeko obrak gauzatzearekin lotuta egongo dira, lurzatirako bide-sarbidea barne hartuta. Obra horien bidez, lurzoru-gainazal naturalak artifizial bihurtuko dira, horri lotutako baliabide naturalak (zuhaizti apaingarriak) galtzeaz, lurrak mugitzeaz (horrek dakarren hondeaketako soberakinekin) eta eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak sortzeaz gain. Hala, urak kutsatzeko arriskua egongo da lurrak herrestan eramateagatik, eta giza habitataren kalitatea okerragotu egingo da, ibilgailuen eta makineriaren joan-etorriek eragozpenak eragingo dituztelako eta zarata, hauts eta bibrazio handiagoak egongo direlako.

Ondoren, hirigintza-garapena osatu ondoren, uste da ingurumen-baldintza garrantzitsuena eremuko egoera akustikoari dagokiona dela. Ingurumen-dokumentu estrategikoarekin (IDE) bat, eraikingintza berrietan inpaktu akustikoa arintze aldera, beharrezkoa izango da E-EU kokatzen den gunea Babes Akustiko Bereziko Eremu (BABE) izendatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 45. artikuluan ezartzen diren gutxieneko edukiekiekin: eremuaren mugaketa, foku igorleak eta eragiten duten zarata identifikatzea, eta eremu-plana, aipatutako dekretuaren 46. artikuluan aurreikusita dagoen bezala.

Nolanahi ere, garrantzitsua da nabarmentzea ingurumen-inpaktuen balorazioa indarrean dagoen plangintzan aurreikusitako egoerarekin alderatuta egin behar dela, plangintzak dagoeneko ezartzen baitu lurzatiaren bizitegi-erabilera. Planak barnean hartzen dituen jarduketek ez dakarte berekin garapen berrietara bideratutako azalera handitzea, ez eta haren ondorio posibleak handitzea ere, besteak beste, segurtasunaren eta osasunaren, ingurumenaren, natur ondarearen, kultura-ondarearen eta paisaiaren arloetan indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira planaren esku-hartze eta jarduerak.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta E egikaritze-unitateari loturiko Amorebieta-Etxanoko Arau Subsidiarioen Aldaketari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik izan ez dadin, betiere finkatutako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan ezarritakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, Ingurumen Dokumentu Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera.

Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak:

Plana egingo den eremuan, bi lurzati daude lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo une honetan dituzten lurzoruen inbentarioan sartuta (kodeak: 48003-00032 eta 48003-00075); industria-jarduerari dagozkio biak. Horrenbestez, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluak xedatzen duena betez, arau horretan adierazitako egoeraren bat gertatzen bada, ingurumen-organoak lurzoruaren kalitatea adierazteko ebazpen bidez adierazi beharko ditu lurzati horiek, aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legeak araututako prozedurari jarraikiz.

Oro har, inbentariatutako kokaleku horretan edozein esku-hartze abian jarri aurretik, beharrezkoa da, lehenik eta behin, lurzoruaren kalitatearen azterketa bat egitea bermatzeko ez dela lurzoruaren kutsadurarekin lotutako arriskurik izango ez langileentzat ez ezarritakoarekin bat lurzatiak izango duen erabilera berriko erabiltzaileentzat; bigarrenik, bertan utzitako hondakinak, eraikinak eta hondeatuko diren lurrak egoki kudeatuko direla bermatu beharko da, indarrean den arloko legedia betez.

Alde horretatik, lurzoruaren kalitatearen adierazpen-ebazpenean ezartzen diren erabilera-mugak bete beharko dira. Ebazpena, bestalde, honako hauek baino lehen eman beharko da: lurzorua kutsa dezaketen jarduera edo instalazioren bat izan dituzten edo une honetan dituzten lursailen antolamendu xehatua jasotzen duten hirigintza-bitartekoak behin betiko onartu baino lehen, edo bitarteko horiek aldatu baino lehen, eta, ahal dela, prozedura horien hasierako faseetan.

Hala ere, kokaleku horretan guztian edo zati batean lurzoruaren kalitatea ikertzea eragozten duten inguruabarrak gertatzen badira, kasuan kasuko antolamendu-bitartekoa behin betiko onartu ahal izango da, lurzoruaren kalitatearen deklaraziorik gabe. Kasu horretan, Hirigintzako Ekintzen Programari hasierako onespena eman aurretik egin beharko da adierazpen hori; edo, horrelako programarik ezean, lekua barne hartzen duen kudeaketa-esparruko birpartzelazio- eta urbanizazio-proiektuei hasierako onespena eman aurretik.

Uholde-arriskuari dagozkion neurriak:

Arrisku horri dagokionez, Planak kontuan hartu behar du 2015-2021 aldirako Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoaren araudiko 40.4.(polizia-eremuko uholde-arriskuko E-EU sektoreko lurzoruetarako aplikatzekoa denerako), eta 41. (uholde-arriskuko gainerako eremuko erabilerak mugatzea) artikuluetan ezarritakoa, eta baita Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planeko E.2 apartatuko uholdeen babesari buruzko berariazko araudian ezarritakoa ere.

Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari dagozkion neurriak.

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isurpen akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak (baita errepideko zirkulaziorakoak ere) egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-igorpenak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Halaber, egunez lan egingo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

Planean aurreikusi den hirigintza-garapenari dagokionez, eremu akustiko horretan aplikatu behar diren kalitate akustikoaren helburuak bete beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 31.2 artikuluan xedatutakoaren arabera. Halaber, 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan ezarritakoaren arabera, ezingo da baimenik eman etxebizitzak eta ospitale-, hezkuntza- edo kultura-erabilerako eraikinak eraikitzeko, baldin eta, baimena emateko unean, kanpoan ez badira betetzen kalitate akustikoko helburu horiek, non eta ez dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan salbuetsitako kasuren batean.

Ondorioz, kasua zein den, eraikuntza-lizentzia eman aurretik, kanpo-ingurunea babestera bideratutako neurri tekniko eta ekonomikoki egokiak hartu behar dira (lurzorutik bi metrora inguru eraiki gabeetan, eta altuera orotara leihodun fatxadetan, inguru eraikietan), baita, edonola ere, eraikinaren barnealdeko kalitate akustikoko helburuak betetzera zuzendutakoak ere, gelaren arabera (egongelak edo logelak) eta eguneko orduaren arabera (goizez, arratsaldez eta gauez). Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuta egon beharko dira eraikuntza-proiektuan.

Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk.

Garapen-proiektuak gauzatzean aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Besteak beste, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira Planetik eratorritako obrak gauzatzeko:

– Obrak, bai eta lurzorua erabili beharra dakarten jarduera osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira beharrezkoak diren mozketa-lanak, obra-sarbideak eta kontratistaren instalazio-guneak –makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialen eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne–. Inguru iragazgaiztuetan kokatuko dira horiek guztiak.

– Ibilgailuak eta makinak garbitzeko gailuak egongo dira, baita gurpilak garbitzeko plataformak ere, lokatzik edo hautsik ez hedatzeko, eta kamioiek obretan sartzeko eta obretatik ateratzeko erabiliko dituzten bideak garbi eduki beharko dira, presiozko ura edo erratz-makinak erabilita.

– Hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak eta ebaketak prestatzeko jardueren ondoriozkoak barne.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak.

Gainera, obrako hondakinak birziklatzeari dagokionez, eraikuntzan eta eraikingintzan baliabideak beren bizi-ziklo osoan zehar modu efizienteago batean erabiliko direla sustatzeko –bereziki obrak amaitutakoan hondakinak aprobetxatzea–, jarraian aipatzen direnak sustatu beharko dira, honako hurrenkera honetan: eraikuntza- eta eraispen-hondakinen prebentzioa, berrerabiltzea, birziklatzea eta beste balorizazio modu batzuk, eta, hala badagokio, ezabatze-jardueren trataera egokia. Horretarako, bermatu egin beharko da obra-proiektuaren eraikuntza- eta eraispen-hondakinak gai honi buruzko arauen arabera sortu eta kudeatzen direla.

Amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak ezarritakoa bete beharko da (errege-dekretu hori amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitzeko eta murrizteko da), baita martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuak ezarritakoa ere (amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu behar zaizkien segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen dituena).

Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek); itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Hondeaketa-planak, besteak beste, hondeatu beharreko materialak kudeatzeko bide egokia jaso beharko du.

– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienerako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko etxebizitzen eraikingintza jasangarriaren gida» argitalpeneko gomendioak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, honako alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

– Urbanizatu beharreko eremu berrietan kontsumo baxuko argiztatze-sistemak erabiltzeko aukera aztertu beharko da, argiaren kutsadura saihesteko eta energia aurrezteko.

– Hondakinen gaikako bilketarako gune egokiak sortzea.

Jardunbide egokien eskuliburua:

Jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, eta lanetako langileek erabiliko dute helburu hauek ahalik eta gehien bermatzeko:

– Obrak okupatzen dituen mugak kontrolatzea.

– Hondakin-isurketarik ez egitea, eta olio-isurketen ondorioz edo lurra leku batetik bestera eramatea dela bide lurzorua eta ura ez kutsatzea.

– Planaren eraginpeko urbanizazio mugakideetako biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan xedatutakoaren arabera, eta ebazpen honetan finkatutako neurri babesle eta zuzentzaileak ezartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere (aurrekoen aurkakoak ez badira), ez dela aurreikusten E egikaritze-unitateari loturiko Amorebieta-Etxanoko Arau Subsidiarioen Aldaketak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Amorebieta-Etxanoko Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak xedatutakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean onartuko ez balitz E egikaritze-unitateari loturiko Amorebieta-Etxanoko Arau Subsidiarioen Aldaketa. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 15a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala