Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

199. zk., 2021eko urriaren 5a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
5076

EBAZPENA, 2021eko irailaren 2koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Txindoki P. 15 HJEko 15.7 EUari loturiko Ordiziako arau subsidiarioen aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2021eko maiatzaren 31n, Ordiziako Udalak Txindoki P. 15 HJEko 15.7 EUari loturiko Ordiziako Arau Subsidiarioen Aldaketaren (aurrerantzean Plana) ingurumen-txosten estrategikoa egiteko eskaera osatu zuen ingurumen-organoaren aurrean, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabide harekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2021eko ekainaren 8an Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukituriko administrazio publikoei eta interesdunei, eta espedientean bildu dira jasotako erantzunen emaitzak. Era berean, Ordiziako Udalari prozedura hasi zela jakinarazi zitzaion.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea da helburua; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko.

Txindoki P. 15 HJEko 15.7 EUari loturiko Ordiziako Arau Subsidiarioen Aldaketa abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasatu behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, honako hauek zehazteko: ingurumen-eragin adierazgarririk ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela, ingurumenean eragin adierazgarria izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio adierazgarririk izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bete behar ez badu, Plana garatzeko zer baldintza ezarri behar diren ingurumena behar bezala babestearren.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Txindoki P. 15 HJEko 15.7 EUari loturiko Ordiziako Arau Subsidiarioen Aldaketari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa egitea, jarraian adierazten diren baldintzetan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Txindoki P. 15 HJEko 15.7 EUari loturiko Ordiziako Arau Subsidiarioen Aldaketaren xedea da 15.7 izeneko egikaritze-unitate berri bat definitzea, Ordiziako Orkli Koop. Elk.-aren instalazio finkatua barne hartzen duena (17.895 m2-ko azalera osoa du). Aldaketa horren bidez, unitate horren eraikigarritasuna handitzea planteatzen da, enpresak aurreikusitako beharrak garatzeko, eta handitze hori egiteko behar den araudia garatzea.

15.7 EU egikaritze-unitateak fisikoki etenak diren bi zati ditu, 15.6 egikaritze-unitateak bereiziak. Mendebaldean (15.7-2 lursaila) MAGaren lursaila dago (Material Aurreratuen Gunea – Advanced Materials Center), 4.332 m2-ko azalerakoa. Ekialdean dagoen zatiak (15.7-1 lurzatia), 13.563 m2-ko azalerakoak, Orkliren gainerako planta finkatua hartzen du, bulego nagusiak eta ekoizpen-ahalmenaren zatirik handiena barne.

Proposatutako eraikigarritasunaren guztizko handitzea 3.197 m2t-koa da, hau da, egungo eraikigarritasunaren % 16,96koa. Handitze hori, 15.7-1 lurzatian (2.297 m2t), eraikina handituz eta egungo eraikinean solairuarteak sortuz gauzatuko da, eta, 15.7-2 lurzatian (900 m2t), solairuarte bat eraikiz.

15.7-1 lurzatian (ekialdea), alde batetik, eraikina handitzea proposatzen da (1.947 m2t), aurrealdean –GI-2133 errepidera ematen du– 649 m2-ko planta-okupaziokoa, egungo eraikinaren lerrokadurei jarraipena emateko moduan eta haren profilari eta altuerari eutsiz; eta, bestetik, egungo eraikinean barneko solairuarteak eraikitzeko aukera proposatzen da (350 m2t), espazio komunetarako; atseden hartzeko, bilerak egiteko eta prestakuntzarako eremuak egiteko, besteak beste.

15.7-2 lurzatian (mendebaldea), eraikigarritasuna handitzea planteatzen da, barne-solairuarte bat eraiki ahal izateko, hirugarren sektoreko erabileretarako, hala nola bulegoak, laborategiak, bilera-gelak, artxiboak eta abar, aurreikusitako beharrei erantzutearren. Horretarako, 50 pertsona ingururentzako lekua behar dela kalkulatzen da; zehazki, 900 m2t.

Txindoki P. 15 HJEko 15.7 EUari loturiko Ordiziako Arau Subsidiarioen Aldaketa dagozkion eraikuntza-proiektuen bidez garatuko da.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, hain zuzen ere planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere: Planaren xedea 15.7 izeneko egikaritze-unitate berri bat definitzea da, Ordiziako Orkli Koop. Elk.-aren planta finkatua barne hartuko duena (guztira 17.895 m2-ko azalera du), non eraikigarritasuna handitzea planteatzen den (3.197 m2t). Handitze hori, batetik, 15.7-1 lurzatian gauzatuko da (2.297 m2t), eraikina handituz eta egungo eraikinean solairuartekoak sortuz, eta, bestetik, 15.7-2 lurzatian (900 m2t), solairuarteko bat eraikiz. Plana dagozkion Eraikuntza Proiektuen bidez garatuko da. Eremua Oria Garaia KBEaren barruan dagoen Zaldibia ibaiaren ibilguaren 100 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuaren eraginpean dago. Nolanahi ere, Planaren ezaugarriak eta aurreikusitako jarduketen kokapena kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu plangintza nagusiarekiko bateraezintasunik.

c) Plana egokia ote den ingurumen-arloan garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barne hartzeko: Plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzeko irizpideak barnean hartzeko. Ez dakar lurzoru berririk okupatzea, lehendik urbanizatuta dagoen eremu batean eragiten baitu. Eraikuntza berriak energia-aurrezpena eta -efizientzia sustatzeko neurriak har ditzake barnean.

d) Planarekin loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman Plana gauzatzeak ingurumen-arazo adierazgarririk eragingo duenik, baldin eta, ukitutako eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduerak arlo hauetako araudiei jarraikiz gauzatzen badira, besteak beste: segurtasuna eta osasuna, ingurumena, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak, hondakinen kudeaketa, kutsadura akustikoa eta, bereziki, Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoan uholde-arriskua duten eremuei buruz ezarritako araudia.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europako nahiz Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

2.– Ondorioen eta ondorio horiek nozitu ditzakeen eremuaren ezaugarriak:

Planaren eremua (15.7 EU, guztira 17.895 m2-koa) erabat antropizatutako gune batean dago, dagoeneko garatuta eta martxan dagoen industria-lurzoru batez osatuan.

Eremua Zaldibia ibaiaren hegoaldean dago, Oria ibaian itsasoratu aurreko azken zatian. Ibai-tarte hori bat dator ES212005 Oria Garaia KBEarekin, eta KBE horren mugaketa bat dator, neurri batean, Planaren eremuarekin. Era berean, EAEko Korridore Ekologikoen Sareak Zaldibia ibaia barne hartzen du, lotura-interes bereziko ibai-zatitzat hartuta izendatu baita KBE. Hala ere, emandako informazioaren arabera, ez eraikinaren handitzea ez aurreikusitako solairuarteak ez datoz bat KBEaren mugaketarekin.

Kokalekuaren ezaugarria da ez dagoela landaretzarik, erabat urbanizatutako eremua delako. Hala ere, ondoko ibaiaren tartean, Batasunaren intereseko habitat bat dago: haltzadiak eta lizardiak (Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior-en baso alubialak) (HIC 91E0*). Planaren eremuan ez da fauna-espezie mehatxaturik identifikatu. Ildo horretan, aipatzekoa da Zaldibia ibaia bisoi europarraren (mustela lutreola) lehentasunezko banaketa-eremutzat hartzen dela.

Proposatutako garapenaren ezaugarrien arabera, ez da aurreikusten Zaldibia ibaitik edo ibaiertzeko landareditik (HIC 91E0*) hurbil jarduerarik egitea, beraz, baztertu egiten da Oria Garaiko KBEan eta horren kontserbazio-helburuetan inolako eraginik izatea. Edonola ere, beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartu beharko dira Oria Garaia KBEari kalterik ez eragiteko, besteak beste, lur-mugimenduak egitean uren kalitatea murrizteagatik edo gerta daitezkeen istripuzko isurketengatik.

Eremua Bizkaiko Sinklinorioko lurpeko ur-masako Aramako sektore kuaternarioan kokatzen da, Kantauri Ekialdeko Mugapeko Oizeko Sinklinorioa eremuaren barruan. Zehazki, interes hidrogeologikoko eremu batean dago, baina akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasuna txikitzat jotzen da.

Eremuan lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioko bi lurzati daude. 20076-00012 eta 20076-00078 kodeak dituzten lurzatiak dira. Ildo horretan, kontuan izan beharko da 4/2015 Legean xedatutakoa (4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa). Aipatu behar da 2015eko martxoaren 16ko ebazpen baten bidez Ingurumen Administrazioaren zuzendariak Grúas Usabiaga SAk bere jardueraren zati bat egiten zuen lekuaren lurzoruaren kalitatearen adierazpena egin zuela; leku hori txosten honen xede den eremuaren parte da.

Uholde-arriskuari dagokionez, nabarmendu behar da eremuan proposatutako jarduketak 100 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuaren eraginpean daudela, lehentasunezko fluxu-eremutik kanpo. Era berean, eremutik igarotzen den Zaldibia ibaiaren zatia Beasain-Ordizia izeneko UAHEaren (Uholde Arrisku Handiko Eremua) barruan dago, I. taldean. UAHE horretan, Zaldibiako industrialdearen kasuan, non eremua kokatzen den, Zaldibia ibaiaren ibilguaren gaineko pasabide bat ordeztea eta sekzioa handitzea aurreikusten da, eskuineko ertzean betelan bat kenduta. Azkenik, defentsa-lubeta bat eraikiko da, pixka bat atzerago. Nolanahi ere, eremuan aurreikusitako jarduketak bateragarria izan beharko du indarreko Kantauri Ekialdeko Mugape Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren araudian xedatutakoa betetzearekin, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren E.2 apartatuan uholdeen aurkako babesari buruz ezarritako araudi espezifikoan eta Jabari Publiko Hidraulikoari buruzko Erregelamenduaren 14.bis artikuluan xedatutakoarekin ere, betiere alde batera utzi gabe administrazio hidrauliko eskudunak uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuak (Uraren Legearen testu bategina onartzen duenak) 25.4 artikuluan aipatutako txostenean ezarritakoa eta Uraren Euskal Agentziak Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 7.k) artikuluan adierazitako txostenean ezarritakoa.

Kalitate akustikoari dagokionez, zarata-iturri nagusia GI-2133 errepideko zirkulazioa da, zeina eremuaren hegoaldeko mugatik igarotzen baita, eta, neurri txikiagoan, eremuaren inguruko gainerako udal-bideak eta N-1 autobia, zeina eremuaren mendebaldetik gutxi gorabehera 170 metrora igarotzen baita. Inpaktu akustikoaren azterlanak –gaur egungo eta etorkizuneko egoerarako, 20 urtera begira, egin da– aurreikusten duenez, lurzatiaren zonakatze akustiko xehatuari erreparatuta (industria-erabilerako lurzorua nagusi den lurraldeko Eremuak/Sektoreak), bi agertokietako bakar batean ere eta aztertutako hiru aldietako batean ere (eguna, arratsaldea, gaua) ez dira gainditzen garapen berrietarako ezarritako kalitate akustikoaren helburuak, ez kanpoko ingurunean ez fatxadako hartzaileetan.

Horregatik guztiagatik, Plan honen ingurumen-eraginen eta barne hartzen duen eremuaren ezaugarriak kontuan hartuta, ondorioztatu daiteke ez duela ingurumen-eragin adierazgarririk planteatzen, betiere eragindako eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzean indarrean dauden araudiak betetzen badira, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, kutsadura akustikoari eta uholde-arriskuari dagokienez.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Txindoki P. 15 HJEko 15.7 EUari loturiko Ordiziako Arau Subsidiarioen Aldaketari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik izan ez dadin, betiere finkatutako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen duen Ebazpenean adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-agiri estrategikoan eta eremuaren antolamendurako planetan jasotakoarekin bat etorriz. Planarekin lotutako proiektuak gauzatzeko hartu behar diren neurri nagusiak honako hauek dira:

– Jabari Publiko Hidraulikoa (JPH) babestera eta uholde-arriskuak ahalik eta txikienak izatera bideratutako neurriak.

Industria-eraikinaren handitzea eta solairuarteen sorrera 100 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua duen eremu batean egitea proposatzen da; hau da, lehentasunezko fluxu-eremutik kanpo. Ondorioz, esku-hartzeek kontuan izan behar dituzte indarreko Kantauri Ekialdeko Mugape Hidrografikoaren Plan Hidrologikoan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren E.2 apartatuan uholdeen aurkako babesari buruz ezarritako araudi espezifikoan xedatutakoa, bai eta Jabari Publiko Hidraulikoari buruzko Erregelamenduaren 14.bis artikuluan ezarritakoa ere, betiere alde batera utzi gabe administrazio hidrauliko eskudunak uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuak (Uraren Legearen testu bategina onartzen duenak) 25.4 artikuluan aipatutako txostenean ezarritakoa eta Uraren Euskal Agentziak Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 7.k) artikuluan adierazitako txostenean ezarritakoa.

Beste alde batetik, uholde-arriskua duten eremuetan ez da obrako instalazio lagungarririk jarriko (batez ere, makineria-parkea eta garbigunea), uholdeen errepikatze-denbora edozein dela ere.

– Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei buruzko neurriak.

Eremua irailaren 30eko 165/2008 Dekretuan (Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzkoan) 20076-00012 eta 20076-00078 kodeaz jasota dauden bi lekutan kokatuta dago. Horrenbestez, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 23. artikuluan xedatzen duena betez, arau horretan adierazitako egoeraren bat gertatzen bada, ingurumen-organoak ebazpen bidez adierazi beharko du lurzoruaren kalitatea, aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legeak araututako prozedurari jarraikiz. 2015eko martxoaren 16ko Ebazpenean ezarritakoa ere bete beharko da. Ebazpen horren bidez, Grúas Usabiaga SAk bere jardueraren zati bat egin zuen lekuaren (Ordizia-Zaldibia errepidea z.g.) lurzoruaren kalitatea deklaratzen da.

– Beste neurri babesle eta zuzentzaile batzuk.

Bestalde, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira obrak gauzatzeari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, induskatutako lurzoruak kontrolatzeari eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira Planetik eratorritako obrak gauzatzeko:

– Obrako langileek erabili beharreko jardunbide egokien eskuliburua. Alderdi hauei loturiko alderdiak behintzat hartuko ditu barnean: lanaldiak, makineria, isurketen prebentzioa, ahalik eta hauts eta zarata gutxiena sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, eta abar.

– Obrak, bai eta lurzoruaren okupazioa berekin dakarten jarduera osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, makinak gordetzeko guneak, lan-txabolak, obrako materialak eta landare-lurra eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak proiektatzerakoan, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpidea izango da kontuan eta, zehazki, Zaldibia ibaiaren ibilgutik urrun kokatuko dira.

– Lurzoruak eta lurpeko urak babesteari dagokionez, prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira dagokion obra-faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (obrako instalazio osagarriak eremu iragazgaiztuetan kokatzea, material xurgatzaileak erabiltzea, etab.).

– Ingurune hidrikoaren eta Oria Garaia KBEaren babesari dagokionez, arrastearen edo jariatzeen bidez solido esekiak edo kutsatzaileak isurtzearen ondoriozko zeharkako eraginak saihestu egingo dira.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: Hondakin eta Zoru Kutsatuei buruzko Legeak (uztailaren 28ko 22/2011) araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak barne.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Hala badagokio, eraikuntza-lanetan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

Amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak ezarritakoa bete beharko da (errege-dekretu hori amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitzeko eta murrizteko da), baita martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuak ezarritakoa ere (amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu behar zaizkien segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen dituena).

Sortutako olio erabiliak Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira.

– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamenduari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako zehaztapenetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora. Obrak egunez egingo dira.

– Landare- eta lore-estaldura lehengoratzeko lanetan, halakorik egin behar bada, biodibertsitate autoktonoa sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduera horietan, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, kontuan hartuko dira «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak argitaratu zuen.

– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienetarako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko eraikuntza iraunkorrerako gida. Eraikin Industriala» argitalpeneko gomendioak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

– Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energia-kantitatea eta/edo energia-kontsumoa murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan xedatutakoaren arabera, eta ebazpen honetan finkatutako neurri babesle eta zuzentzaileak ezartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Txindoki P. 15 HJEko 15.7 EUari loturiko Ordiziako Arau Subsidiarioen Aldaketak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Ordiziako Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak xedatutakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean onartuko ez balitz Txindoki P. 15 HJEko 15.7 EUari loturiko Ordiziako Arau Subsidiarioen Aldaketa. Kasu horretan, berriro hasi beharko da aipatutako Ordiziako Arau Subsidiarioen Aldaketaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 2a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala