Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

197. zk., 2021eko urriaren 1a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
5023

54/2021 EBAZPENA, irailaren 28koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea itunpeko ikastetxe pribatuei zuzeneko dirulaguntzak emateko Erabakia. 2021-2022 ikasturtean hezkuntza-laguntzako espezialistak kontratatzeko gastuetarako emango dira dirulaguntza horiek, hain zuzen ere hezkuntza-premia bereziak dituzten eta hezkuntza-laguntza horren beharra duten ikasleak eskolatzeagatik dela ikasgela arruntetan, dela zereginen ikaskuntzarako geletan.

Gobernu Kontseiluak, 2021eko irailaren 28ko bilkuran, itunpeko ikastetxe pribatuei zuzeneko dirulaguntzak emateko Erabakia hartu zuen. 2021-2022 ikasturtean hezkuntza-laguntzako espezialistak kontratatzeko gastuetarako emango dira dirulaguntza horiek, hain zuzen ere hezkuntza-premia bereziak dituzten eta hezkuntza-laguntza horren beharra duten ikasleak ikasgela arruntetan edo zereginen ikaskuntzarako geletan eskolatzeagatik. Erabaki horri dagokion publikotasuna emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara ematea itunpeko ikastetxe pribatuei zuzeneko dirulaguntzak emateko Erabakiaren testua. 2021-2022 ikasturtean hezkuntza-laguntzako espezialistak kontratatzeko gastuetarako emango dira dirulaguntza horiek, hain zuzen ere hezkuntza-premia bereziak dituzten eta hezkuntza-laguntza horren beharra duten ikasleak eskolatzeagatik dela ikasgela arruntetan, dela zereginen ikaskuntzarako geletan (ikus eranskina).

Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 28a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN IRAILAREN 28KO 54/2021 EBAZPENARENA
AKORDIOA, 2021EKO IRAILAREN 28KOA,GOBERNU-KONTSEILUARENA, ITUNPEKO IKASTETXE PRIBATUEI ZUZENEKO DIRULAGUNTZAK EMATEKO, 2021-2022 IKASTURTEAN HEZKUNTZA-LAGUNTZAKO ESPEZIALISTAK KONTRATATZEN LAGUNTZEKO, HEZKUNTZA-LAGUNTZA BEREZIA BEHAR DUTEN IKASLEETATIK BALIABIDE HORI BEHAR DUTEN IKASLEAK ESKOLATZEAGATIK, DELA IKASGELA ARRUNTETAN DELA ATAZAK IKASTEKO IKASGELETAN

Oinarrizko Hezkuntzako, Haur Hezkuntzako eta Batxilergoko curriculumak ezartzen dituzten eta curriculumok Euskal Autonomia Erkidegoan ezarri dituzten 236/2015, 237/2015 eta 127/2016 Dekretuek xedatutakoaren arabera, hezkuntza inklusiboa zera da: ume eta gazte guztiek kalitateko hezkuntza jasotzeko aukera berdinak izango dituztela ziurtatzen duen hezkuntza, ikasle guztientzat justua eta bidezkoa. Hezkuntza inklusiboak bakoitzak hezkuntza-arloan behar dituen aukerak eta laguntzak eman behar dizkie ikasle guztiei, gai izan daitezen behar bezalako garapen akademiko eta pertsonala izateko eta beren autonomia garatzeko. Testuinguru egokia sortu behar da, bakoitzari egokitua, desberdintasunei erantzuten diena eta talderik edo pertsonarik ahulenei babes eta laguntza zehatzak emango dizkiena.

Bestalde, ekainaren 23ko 118/1998 Dekretuak (hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei eman beharreko hezkuntza-erantzuna antolatzen duena) 11. artikuluan ezartzen du Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntza Sailak, gaur egun Hezkuntza Sailak, garatuko dituela garatu beharreko xedapen administratibo guztiak, itunpeko ikastetxe pribatuetan hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei arreta emateko behar dituzten baliabide espezifikoen hornidura zehazteko.

Itunpeko ikastetxe pribatuetan, ikasgela arruntetan nahiz atazak ikasteko ikasgeletan (aurrerantzean, AII) HPBak dituzten ikasleei eman beharreko arretaren zati bat hezkuntza-itunaren bidez ematen da. Azken urteotan, gainera, Hezkuntza Laguntzako Espezialistak (aurrerantzean HLE) kontratatzeko dirulaguntzen deialdi bat egin da urtero.

Kontuan hartuta hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleak (aurrerantzean HLPB, HPB baino kontzeptu zabalagoa) onartzeko obligazioa dutela itunpeko ikastetxeek (118/1998 Dekretuaren 7.4 artikulua), eta, ondorioz, hezkuntza-administrazioak arreta emateko behar dituzten baliabideak hornitu behar dizkiela ikastetxe horiei (118/1998 Dekretuaren 9. artikulua), hezkuntza-zerbitzu publikoa emateko betebeharrari lotuta doanez, Hezkuntza Saileko Hezkuntza Aniztasunerako eta Gizarteratzeko Zuzendaritzak zehatz zenbatetsita ditu ikastetxe bakoitzak 2021-22 ikasturtean beharko dituen HLE langileak.

Itunpeko ikastetxeetan zenbat HLE beharko dituzten jakiteko estimazioa irakaskuntza publikoko aurreikuspenen irizpide berberekin egiten da, hau da, matrikulazioko datuak aintzat hartuta eta eskola horietako ikasleetatik HLPBak dituztenetatik ikasleen W67 aplikazio informatikoan erregistratutako HPBen datuetan oinarrituta. Kalkulu hori urtero egiten da, ikastetxeetan matrikulatutako ikasleak urte batetik bestera alda baitaitezke, bai eta haien premiak ere.

Bestalde, HLE langileak kontratatzeko diruz lagundu beharreko zenbatekoa zehazteko, zonako Berritzeguneetako HPBen aholkularitzek ikastetxe horietako ikasleen HPBei buruz egiten dituzten eta HLPBak dituzten ikasleen W67 aplikazio informatikoan erregistratzen dituzten aurreikuspenetan oinarrituko dira.

Beraz, 2021-2022 ikasturterako proposatzen da gastu horiek guztiak, interes publikoagatik eta gela arruntetan nahiz zereginen ikaskuntzarako geletan hezkuntza-laguntzako espezialistak kontratatzeko beharragatik justifikatuta daudenez, zuzeneko dirulaguntza bidez ordaintzea.

Dirulaguntza hori, Hezkuntza Saileko Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan dago Plana Hezkuntzako sailburuaren 2021eko martxoaren 23ko Aginduaren bidez onartu zen, eta Eusko Jaurlaritzaren egoitzan elektronikoan argitaratuta dago; honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/plan-estrategico-de-subvenciones/web01-s2hhome/es/

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.7 artikuluan ezarritakoaren arabera jardungo da. Artikulu horren arabera, laguntzak edo dirulaguntzak zuzenean ematea Jaurlaritzaren eskumena izango da, interesa duen saileko sailburuaren proposamenez. Gainera, zuzeneko dirulaguntza horiek salbuespenezkoak izango dira, eta justifikazio arrazoituaren eta memoria dokumentalaren bidez egiaztatu beharko dira dirulaguntza justifikatzen duten interes publiko, sozial, ekonomiko edo humanitarioko arrazoiak. Hemen proposatzen den dirulaguntzak behar bezala betetzen ditu baldintza horiek.

Azaldutako guztiagatik, Hezkuntzako sailburuaren proposamenez eta gaia eztabaidatu ostean, Gobernu Kontseiluak erabaki hau hartu du:

ERABAKIA

Lehenengoa.– Xedea eta helburua.

Akordio honen xedea da, ezarritako estipulazioen arabera, I. eranskinean zerrendatutako hezkuntza-ituna duten Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeei (I. eranskinean datoz) dirulaguntzak ematea, 2021-2022 ikasturterako HLE langileak kontratatzeko gastuak finantzatzeko, ikasgela arruntetan nahiz zereginen ikaskuntzarako geletan jardun daitezen, 21 urtetik beherako ikasleei autonomiarekin eta curriculuma lantzearekin lotutako zereginetan laguntzen.

Bigarrena.– Onuradunak.

Dirulaguntza zuzen honen onuradunak I. eranskinean jasotako itunpeko ikastetxe pribatuetako pertsona edo erakunde titularrak dira, zergatik eta 2021-2022 ikasturtean gela arruntean edo zereginen ikaskuntzarako geletan eskolatuko dituztelako desgaitasunen edo jokabide-nahaste larrien ondoriozko HPBak dituzten 21 urtetik beherako ikasleak, eta HLE kontratatu beharko dutelako, ikasle horiei behar duten hezkuntza-erantzuna emateko moduan izango badira.

Hirugarrena.– Kontratatzeko diruz lagunduko diren HLE langileen titulazioa, betekizunak, funtzioak eta zereginak.

1.– Sare publikoan halakoak kontratatzeko eskatzen den eran, 2021-2022 HLE berriek titulazio hauetako edozein edo haien baliokidea eduki beharko dute:

– Gizarteratzeko Goi Teknikaria.

– Haur Hezkuntzako Goi Teknikaria.

2.– Kontratatutako langileek zerbitzua emango duten ikastetxeko hizkuntza-ereduarekin edo -ereduekin bat datorren hizkuntza-eskakizuna izan beharko dute.

3.– Kontratatzekotan, HLE profesionalek ezin dute epai irmo bidezko zigortuta egon sexu-askatasunaren eta kaltegabetasunaren aurkako delituren batengatik. Horretarako, ikastetxeak Adingabearen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13. artikuluko 5. paragrafoan ezarritakoa betetzen dela ziurtatu beharko du. Lege hori Umeak eta Nerabeak Babesteko Sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen bidez ezarri zen.

4.– HPBak dituzten ikasleen autonomia eta curriculumerako sarbidearekin erlazionatutako zereginak egingo ditu HLE pertsonalak, hezkuntza-izaerako (ez irakaskuntzakoa) gaitasun profesionalaren ekarpena eginez, eta erreferentziako Berritzeguneko HPB aholkularitzekin lankidetzan, horiek zehaztuko baitituzte HLE bakoitzak egin beharreko egiteko eta zereginei buruzko orientazio egokiak zein diren dagozkion ikasleekiko jarduketa-planaren esparruan. Laguntza jaso dezaketen HPBak curriculuma lantzeko eta honako hauekin erlazionatutako gaitasun egokitzaileetarako dira:

– Nork bere burua zaintzeko.

– Jokaera eta komunikazioa lantzeko.

– Trebetasun motorrak lantzeko.

– Nork bere burua erregulatzeko.

– Komunitatea erabiltzeko.

– Osasuna eta segurtasuna lantzeko.

5.– Honako hauek izango dira HLE langileen eginkizunak, batzuk zuzeneko arreta ematekoak, beste batzuk koordinaziokoak:

– Autonomia eta irisgarritasunarekin erlazionatutako jarduketa-planak egin, aplikatu eta horien jarraipena egitea irakasleekin edo tutorearekin, hori behar duten HPBdun ikasleentzat.

– Biziki parte hartzea ikastetxeko gainerako pertsonalarekin HPBak dituzten ikasleei arreta eta zaintza ematen, jolas-orduetan nahiz atsedenaldietan, erraztasunak emateko gainerako ikasleekin erlazio egokia sortzen.

– Laguntza eta aholkularitzarako profesionalekin (fisioterapeutak, irakasle espezializatuak, HPBen aholkularitzak, etab.) parte hartzea beren presentzia eskatzen duten HPBdun ikasleekin bideratuko diren jarduketetan.

– Laguntza osagarriko profesionalekin (fisioterapeuta, irakasle espezializatuak, terapeuta okupazionala...) lankidetzan jardutea HPBak dituzten ikasleek curriculumera sartzeko behar dituzten altzariak, materialak eta laguntza teknikoak egokitu eta erabiltzen.

– Laguntza behar duten HPBdun ikasleei laguntzea eskola-jarduera garatzeko egin beharreko joan-etorrietan.

– Istripurik balego, laguntza ematea edo istripuak prebenitzeko eta lehen laguntzako teknikak aplikatzea, ezarritako jarduketa-protokoloak eta -jarraibideak jarraituta.

– Beren konpetentzia profesionalaren barruan artatuta dituzten ikasleei buruzko informazioa ematea.

Laugarrena.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Ikastetxe itundu pribatuetan 2021-2022 ikasturterako HLE irakasleak kontratatzeak eragindako gastuak ordaintzen laguntzeko, guztira, 15.023.114,33 euro emango dira, honela bananduta urteko aurrekontuetan:

2021ean: 3.755.778,85 euro.

2022an: 11.267.335,48 euro.

Dirulaguntzaren zenbatekoa Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan egotziko da, zehazki, atal hauetan: Hezkuntza Sailburuordetzako Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritzan (23) eta Haur eta Lehen Hezkuntzan (4221).

21.0.1.07.23.0003.1.455.11.42210.003/M

21.0.1.07.23.0003.2.455.11.42210.003/N

21.0.1.07.23.0003.3.455.11.42210.003/P

2.– Ikastetxe bakoitzari dagozkion HLE langileak kontratatzeko zenbatekoa kalkulatzeko, honako arau hauek hartu dira kontuan:

Laguntzen zenbatekoa ezingo da inola ere handiagoa izan soldata osoa gehi Gizarte Segurantzakoa baino (eta estrei eta oporrei dagokien proportzioa) kontratatutako HLE bakoitzeko. Horretarako, oinarri gisa kostu garbi hau hartu dugu kontuan, Gizarte Segurantza barne 33.519,55 euro urteko, astean 35 orduz lan eginez. Zifra horietan oinarrituta kalkulatzen da HLE batek egindako lan-ordu bakoitzeko kostu garbia, Gizarte Segurantza barne, urteko egiazko lanaldia kontuan hartuta. Kostu hori 24,11 eurokoa izango litzateke.

Laguntzen kopuruen kalkuluak 2021-2022 ikasturteari dagokion aldiaren arabera egingo dira, hau da 2021eko irailaren 1etik 2022ko abuztuaren 31ra arte, eta asteko dedikazio-orduen arabera.

Astean zenbat HLE behar diren kalkulatzeko, ikasleek behar duten laguntzaren intentsitatea hartuko da kontuan, irizpide hauen arabera:

Laguntza behar duen eta laguntza-intentsitate mugatuarekin erregistratuta dagoen ikasle bakoitzeko: 6,25 ordu astean.

Laguntza behar duen eta laguntza-intentsitate hedatuarekin erregistratuta dagoen ikasle bakoitzeko: 8,3 ordu astean.

Laguntza behar duen eta intentsitate orokorrarekin erregistratuta dagoen ikasle bakoitzeko: 12,5 ordu astean.

Laguntza behar duen eta intentsitate intentsiboarekin erregistratuta dagoen ikasle bakoitzeko: 25 ordu astean.

Aldizkako laguntzek edo unean-unekoek ez dute justifikatuko HLE pertsonalaren horniduraren beharra.

Ikasleentzako zuzeneko arretako 25 ordu bakoitzeko (aurreko irizpideen arabera): koordinazio-ordu 1.

3.– Ikastetxe bakoitzari emango zaion zenbatekoa eta dirulaguntzaren guztizkoa I. eranskinean jaso dira. Ikastetxe bakoitzari dagokion zenbatekoa kalkulatzeko, kontuan hartu dira, batetik, 2021eko irailaren 8an hezkuntza-laguntzako espezialisten laguntza behar duten W67 aplikazio informatikoan matrikulatuta eta erregistratuta dauden ikasleak, eta, bestetik, premia horiek dituzten eta ikastetxean eskolatze partekatua modalitatean artatzen diren ikasleak (nahiz hezkuntza bereziko ikastetxe batean matrikulatuta egon, ikastetxera ordu batzuetan joaten diren ikasleak). Kalkulua egiteko, aurreko atalean adierazitako irizpideak hartuko dira kontuan.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartu dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legearen 37.1 artikuluan oinarrituta, baimenduta dago kontu honetan 5.000.000,00 eurotik gorako kontua egitea, hain zuzen, 15.023.114,33 euro.

Bosgarrena.– Komunikatzea, eta hasieran aurkeztu beharreko agiriak.

I. eranskinean zerrendatutako ikastetxeen pertsona edo erakunde titularrek, erabaki honen bidez emandako dirulaguntzaren onuradun izango direnek, dirulaguntza eman zaiela adierazteko jakinarazpena jasoko dute akordioa onartu ondoren. Segidan, telematikoki eta 2021eko urriaren 15a baino lehen, diruz lagundutako gastuen aurreikuspen-memoria (II. eranskina) aurkeztu beharko dute. Memoriak honako hauek jaso beharko ditu, gutxienez:

Kontratatutako HLE langileen zerrenda zehatza, honako hauek zehaztuta:

Izen-abizenak.

Pertsona bakoitza zer lanalditarako kontratatu den (edo ordu gehigarriak, lanaldia lehendik dauden langileentzat luzatu bada).

Zein hizkuntza-eredutan egingo duen lan.

Titulazioa.

Zer hizkuntza-eskakizun dagokion.

1.– Kontratatutako HLE pertsonalaren kontratuak.

2.– Kontratatutako HLE langileek eskatutako titulazioa eta beren lana zer eredutan egingo duten jakinik, horren araberako hizkuntza-eskakizuna dutela egiaztatzen duen dokumentazioa.

3.– Kontratatutako langileak sexu-askatasunaren eta sexu-kaltegabetasunaren aurkako delituren bat egiteagatik inongo epai irmoz inolako kondenarik ez dutela egiaztatzeko dokumentazioa.

Seigarrena.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Emandako dirulaguntzen onuradun diren itunpeko ikastetxe pribatuetako pertsona edo erakunde titularrek dirulaguntza horiek kudeatzeko izapide guztiak kontsultatu eta egingo dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

2.– Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta PLATEA E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak arautzen dute izapidetze elektronikoa.

3.– Izapideak bide elektronikoz nola egin, zer dokumentazio-eredu erantsi behar diren eta horren inguruko gainerako izapideak honako helbide elektroniko honetan daude eskuragarri: www.euskadi.eus/servicios/0041409

4.– Justifikazioa «Nire karpeta» atalaren bidez egingo da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/micarpeta

Zazpigarrena.– Laguntza emateko prozedura eta organo eskudunak.

1.– Erabaki hau aplikatuz, dirulaguntza hauek zuzenean emango zaizkie I. eranskinean zerrendatutako ikastetxe itundu pribatuetako titular diren pertsona edo erakunde guztiei.

2.– Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritza izango da dirulaguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

Zortzigarrena.– Bateragarritasun araubidea.

Emandako dirulaguntzak bateragarriak dira helburu bererako beste erakunde publiko edo pribatu batzuek ematekoak dituzten beste batzuekin, beti ere finantzazio bikoitzik eragiten ez badute. Hortaz, beste dirulaguntza edo laguntza batzuk jasoz gero, horren berri eman beharko da.

Baldin gastu baterako dirulaguntza edo laguntza bat baino gehiago jasoko balitz, eta horren ondorioz diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainean soberakina sortuko balitz, itzuli egin beharko litzateke, bai eta dagokion berandutze-interesa ere (DLO, 37.3 artikulua.).

Bederatzigarrena.– Ordainketak.

Dirulaguntza hiru epetan ordainduko da:

– Lehenengoa, emandako guztizkoaren % 25, Gobernu Kontseiluak akordio hau onartu ondoren eta ikastetxeek langileak kontratatu dituztela eta ezarritako baldintzak betetzen dituztela justifikatu ondoren ordainduko da.

– Bigarrena, emandako guztiaren % 37,5, 2022ko otsailean.

– Hirugarren eta azken ordainketa, gainerako % 37,5a, 2021-2022 ikasturtea amaitu ondoren eta jasotako dirulaguntza osorik justifikatu ondoren.

Hamargarrena.– Justifikazioa.

1.– Ikasturtea amaitu ondoren, eta 2022ko urriaren 15a baino lehen, ikastetxe onuradunetako pertsona edo erakunde titularrek amaierako justifikazio-memoria (III. eranskina) bidali beharko dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta). Memoria horren helburua da frogatzea kontratazioak egin, egin direla, justifikatu direla eta ez dela gainfinantzaketarik egon. Memoria horrek, gutxienez, honako dokumentazio hau jasoko du, formatu elektronikoan edo kopia digitalizatuetan:

Diruz lagundu den kontratazioari dagozkion gastuen eta sarreren balantzea, dirulaguntza jaso duen ikastetxe pribatu itunduaren idazpurua daraman paperean eta haren legezko ordezkariak sinatuta.

Nominak eta Gizarte Segurantzako kotizazio-buletinak, egindako gastuen baliokideak, inondik ere.

Zinpeko aitorpen esplizitua, diruz lagundutako kontrataziorako beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik jasotako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuei buruzkoa. Halakorik jaso bada, dirulaguntza eman duen erakundearen izena eta zenbatekoa adierazi beharko dira, dirulaguntza jaso duen itunpeko ikastetxe pribatuaren idazpurudun paperean, haren legezko ordezkariak sinatuta.

2.– Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritzak zehatz begiratuko ditu egoki irizten dituen justifikazioak, ikusteko diruz lagundutako ekintzak zenbateko gastua izan duen, behar bezala kontrolatzeko dirulaguntza zorrotz aplikatu dela. Besteak beste, badu onuradunei eskatzerik hasieran eskatu eztako justifikanteak ere, onuradunek hasieratik ondo gordeta eta eskura izan behar dituzte-eta.

3.– Aurkeztutako justifikazioaren ondorioz egiaztatzen bada dirulaguntzak benetan egindako gastuak gainditzen dituela, dirua itzultzeko egoki den prozedura abiaraziko da.

Hamaikagarrena.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Dirulaguntza emateko garaian ezinbesteko ziren baldintzak nola edo hala aldatu bazaizkie, berehala jakinarazi beharko diote zerbait aldatu dela Aniztasun eta Hezkuntza Inklusiorako Zuzendaritzari Ikastetxe itundu pribatuetako pertsona edo erakunde titular izanik, dirulaguntzaren onuradun izan direnek. Aldaketa horien berri ez ematea nahikoa arrazoi izango da laguntza errebokatzeko.

2.– Dirulaguntza zer helburutarako eman den, zuzenki horretarako erabiltzea; hau da, W67 aplikazio informatikoan ageri den ikasleei arreta emateko, hezkuntza-laguntzako espezialisten laguntza behar baitute. Laguntza hori 2021eko irailaren 8an kontabilizatu da, I. eranskinean.

3.– Era berean, dirulaguntza jaso duten ikastetxetako pertsona edo erakunde titularrek nahitaez bete beharko dituzte Administrazio emaileak egoki iritzitako egiaztapenak, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Administrazioaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egingo dizkietenak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

4.– Gainera, egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, hala xedatzen baitu Ogasun eta Finantzetako sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduak (urriaren 15eko EHAA, 208. zk.). Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du onuradunek betebehar horiek zorrotz betetzen dituztela; horretarako, ez du haien baimenik behar izango, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren arabera.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, sail eskudunaren bitartez, ikastetxeetan auditoretzak egiterik izango du, emandako datuak egiazkoak direla egiaztatzeko.

Hamabigarrena.– Dirulaguntza emateko erabakia aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, nolanahi ere, aldi berean beste ekarpen batzuk lortzen badira arauetan baimendutako kasuetatik kanpo, dirulaguntza emateko erabakia aldatu egin daiteke, dirulaguntzei buruzko legerian ezarritako baldintzetan.

Hamahirugarrena.– Laguntza itzultzea eta ez-betetzeak.

1.– Erabaki honetan emandako dirulaguntza jasotzeko ezarritako edozein baldintza edo betebeharrak betetzen ez badira, edo azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan ezarritako kasuren bat gertatzen bada (besteak beste, laguntza ez erabiltzea diruz lagundu daitezkeen gastuetarako), arrazoi nahikoa izango da laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela eta/edo itzuli behar dela erabakitzeko, lege horretan ezarritako prozedurarekin bat etorriz.

2.– Laguntza itzultzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 42. artikuluan horretarako ezarritako prozedurari jarraituko zaio, bidezkoak diren gainerako ekintzak alde batera utzi gabe.

AZKEN APARTATUETAKO LEHENENGOA

Onartuko den egunetik aurrera izango ditu ondorioak erabaki honek; ondoren, eta emandako dirulaguntzak Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak argitaratuko ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, zenbatekoa eta ikastetxea adierazita.

AZKEN APARTATUETAKO BIGARRENA

Erabaki honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bi kasuetan.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala