Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

196. zk., 2021eko irailaren 30a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
4989

AGINDUA, 2021eko irailaren 22koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen baitira udal informazio geografikoa hobetzeko eta GeoEuskadi geoatariaren bidez Euskadiko Datu Espazialen Azpiegituretan sartzeko dirulaguntzen oinarri arautzaileak eta egiten baita dirulaguntzok Euskal Autonomia Erkidegoko udalei emateko deialdia, 2021eko ekitaldirako.

Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko udalentzako dirulaguntzak ematea arautzea, udal informazio geografikoaren hobekuntza sustatzeko eta Euskadiko Datu Espazialen Azpiegituraren osagaiak berrerabiltzean eta horiek geoEuskadi geoatarian integratzean oinarritutako udal baliabide edo zerbitzu geografikoen ezarpena bultzatzeko, 2021eko ekitaldian.

Euskadiko Datu Espazialen Azpiegitura hobetzen lagundu nahi da, geoEuskadiren bidez. Geoerreferentziatutako datuek eta Euskal Autonomia Erkidegoko geozerbitzuek osatzen dute azpiegitura hori, lurraldearen gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-garapenerako tresna gisa.

Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren kartografia eta informazio geografikoa antolatzen duen maiatzaren 26ko 69/2020 Dekretuak arautzen du Euskadiko Datu Espazialen Azpiegitura, EAEko lurraldeari buruzko informazio geografiko eta zerbitzu espazial guztien elementu integratzaile gisa.

Euskadiko Datu Espazialen Azpiegituraren helburuen artean, honako hauek daude: EAEko lurraldeari buruzko informazio geografikorako eta kalitatezko geozerbitzuetarako sarbidea eta haien eskuragarritasuna erraztea eta bultzatzea, eta eskualdeko nodo gisa integratzea Espainiako eta Europar Batasuneko Informazio Geografikoaren Azpiegituran, bai eta foru- eta toki-nodoekin ere.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa betetzeko, 2021eko ekainaren 2an, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak agindu bat eman zuen sailaren 2021-2024 aldirako dirulaguntzen plan estrategikoa onartzeko. Plan hori eskuragai dago Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren web-orrian.

Dirulaguntza-lerro honen bidez, jarraipena eman nahi zaio orduko Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak 2014. urtean abian jarritako programari, Udalaren datuak eta baliabide geografikoak Euskadiko Datu Espazialen Azpiegiturara migratzeko kanalak egon daitezen eta udalerriek azpiegitura horrek ematen dituen datu geografikoak erabil ditzaten.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 10. artikuluko 2. apartatuaren arabera, honako egiteko hauek dagozkio Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritzari, besteak beste:

t) Euskadiko Datu Espazialen Azpiegituraren eta www.geo.euskadi.eus geoatariaren zuzendaritza teknikoa eta koordinazioa, EAEko lurraldeari buruzko informazio geografikoa eta kalitatezko geozerbitzuak eskuratzea, eskuragarri egotea eta ustiatzea errazteko eta bultzatzeko xedearekin.

x) Eskura dauden informazio, teknologia, zehaztapen eta zerbitzu geografikoak hedatzea eta sustatzea informazio geografikoaren eta Euskadiko Datu Espazialen Azpiegiturako zerbitzuen erabilera eta ustiaketa bultzatzeko.

Ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzeko urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuak ematen didaten eskumena baliatuta, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntza eta laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenekin, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da dirulaguntzen oinarri arautzaileak ezartzea eta dirulaguntzen deialdia egitea, norgehiagoka-prozeduraren bidez, bai udal informazio geografikoa hobetzeko, bai udal erabilerako baliabide edo zerbitzu geografikoak ezartzeko, Euskadiko Datu Espazialen Azpiegituraren osagaiak geoEuskadi geoatariaren bidez integratzean edo berrerabiltzean oinarrituta.

2.– Udal informazio geografikoa biltzeko, egokitzeko edo eguneratzeko eta/edo udal baliabide edo zerbitzu geografikoak abian jartzeko behar den laguntza teknikoa kontratatzeak dakartzan gastuak finantzatuko dira, honako helburu hauek lortzen laguntzen dutenak kontuan hartuta:

a) Udal informazio geografikoa hobetzea eta biltzea.

b) Udal informazio geografikoa Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko organo edo erakundeek kudeatutako datu geografikoen multzoetara migratzeko kanalak harmonizatzea, egokitzea eta hobetzea.

c) Udal baliabide geografiko osagarri eta integragarri berriak integratzea geoEuskadin.

d) GeoEuskadiren osagaiak berrerabiltzea udal erabilerako baliabide geografikoen garapenean.

3.– Dirulaguntza honen xede diren ekintzak 2021eko ekitaldian hasi beharko dira.

4.– Ez da diruz lagunduko azpiegitura teknologikoko softwarea edo hardwarea erostea, ez eta produktuak lizentziatzea ere.

5.– Dirulaguntza hori jasotzeko, Eusko Jaurlaritzaren esku jarri beharko dira proiektuaren azken emaitzak, bai eta proiektua gauzatzeko erabilitako metodologia eta berariaz garatutako IKT tresnak edo tresna geografikoak ere.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Dirulaguntza hauek Euskal Autonomia Erkidegoko udalek eska ditzakete, baina udal bakoitzak eskabide bakarra egin ahal izango du.

3. artikulua.– Dirulaguntzak esleitzeko irizpideak.

1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, beharrezkoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako mota bereko laguntzei edo dirulaguntzei lotuta izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zigor-prozedura.

2.– Agindu honetan araututako dirulaguntzak eskatzeko, erakunde eskatzaileek ezin izango dute izan dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion ez zehapen penalik ez administrazio-zehapenik, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin.

3.– Halaber, ezin izango dira dirulaguntzen onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. apartatuan jasotako gorabeheraren batean dauden erakundeak. Inguruabar horiek gertatzen diren ala ez erabakitzeko, aintzat hartuko da 38/2003 Legearen 13. artikuluko 4., 5. eta 6. apartatuetan xedatutakoa, eta inguruabar bakoitzerako ezarritako irismena izango dute.

4. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Prozedura honen izapideak kontsultatzeko, eskatzeko edo egiteko, bide elektronikoak erabili beharko dituzte erakunde interesdunek.

2.– Izapidetze elektronikoa xedapen hauetan dago araututa: Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua, eta Informatika eta Telekomunikazioetako garaiko zuzendariak PLATEA e-administrazioko Plataforma Teknologikoa onartzeko emandako 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena. Horrez gain, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea ere aplikatu behar zaio izapidetze elektronikoari.

3.– Erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak izapidetzeko zehaztapenak helbide honetan daude eskuragai: https.//www.euskadi.eus/zerbitzuak/1016607. Eskabide-inprimakia ere helbide horretan eskuratu ahal izango da.

4.– Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak «nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/ nirekarpeta

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragai: https://www.euskadi.eus/ ziurtagiri-elektronikoak

6.– Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ ordezkariak

5. artikulua.– Kudeaketa-organoa.

Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritzako titularrari dagokio agindu honen arabera eman behar diren dirulaguntzak kudeatzeko lanak egitea, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8. artikuluaren 3. apartatuan ezarritako printzipioei egokitu beharko zaizkie.

6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea: epea eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Bitarteko elektronikoak erabilita aurkeztuko dira eskabideak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1016607

3.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentazioa. Era berean, prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

4.– Honako agiri hauek erantsi beharko zaizkio eskabideari:

a) Proiektuaren azalpen-memoria; bertan, gutxienez, alderdi hauek guztiak adierazi beharko dira, berariaz eta ordena ezarrian:

1) Proiektuaren deskribapen orokorra eta laburtua.

2) Lana egitera eraman duten arrazoiak, udalerriaren egoerarekin eta beharrizanekin zerikusia dutenak.

3) Udalerriari buruzko informazio geografikoaren eta baliabide geografikoen diagnostikoa, inplikatutako erakundeaz kanpokoak barne. Baliabide geografikoen egungo erabilera erakundean eta hautemandako ahuleziak.

4) Lanen irismena eta proiektua garatzeko metodologia, datu geografikoen multzoak, zerbitzuak edo egin edo hobetu beharreko beste baliabide geografiko batzuk eta horien eremu geografikoa banakatuta. Erabiliko diren proiektu edo arlo korporatiboak.

5) Proiektuaren arduraduna eta taldearen osaera.

6) Jarduerak gauzatzeko mugarri nagusien egutegia.

b) Diruz lagundutako jarduera bakoitzaren laguntza teknikoaren gastuen aurrekontu xehatua, BEZik gabe, hori ez baita diruz laguntzekoa.

c) Betebehar eta egoera hauek egiaztatzen dituen erantzukizunpeko adierazpena:

1) Jakinaraztea ea dirulaguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo bestelako baliabiderik eskatu edo, hala badagokio, eskuratu den helburu bererako beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik.

2) Erakunde eskatzailea ez egotea laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratibo edo penal baten pean, edo ez izatea horretarako legezko debekurik.

3) Erakunde eskatzailea ez sartuta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zigor-prozeduratan.

4) Eskabidea egitean, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea.

Eskabidearekin batera, baimena emango da organo kudeatzaileak ofizioz egiazta dezan, behar beste aldiz, laguntzak eskatzen dituzten erakundeek Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituztela.

Erakunde eskatzaileak eskabidean berariaz adierazten badu ez duela baimenik ematen ofizioz egiaztatzeko Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituela, organo eskudunek emandako administrazio-ziurtagiri positiboen bidez egiaztatu beharko du.

5) Eskabidean eta hari atxikitako dokumentuetan jasotzen diren datuak egiazkoak izatea.

7. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

Eskabidean akats edo hutsegiteren bat dagoela edo dokumenturen bat falta dela ikusten bada, erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio, eta 10 egun balioduneko epea emango, akatsa zuzendu dezan. Hala egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela adieraziko zaio ebazpen baten bidez, zeina Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluak aurreikusitakoaren arabera eman beharko baita.

Akatsak zuzentzeko betebeharra elektronikoki jakinaraziko zaio. Jakinarazpenak kontsultatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Jakinarazpena egindakotzat joko da, interesdunak jaso izana elektronikoki izenpetzen duenean. Jakinarazpena bidali eta egutegiko hamar eguneko epean ez bada edukian sartu, ukatu dela ulertuko da, eta izapidea egindakotzat jo eta prozedurarekin jarraituko da, non eta, ofizioz edo hartzaileak eskatuta, ez den egiaztatzen ezin izan dela sartu teknikoki edo materialki.

Aurrekoa eragotzi gabe, organo kudeatzaileak jasotzaileei jakinarazpenen abisuak igorriko dizkie SMS edo posta elektronikoko mezuen bidez, eskabidean adierazitako telefonoetara edo posta elektronikoko kontuetara. Abisu horiek inoiz ez dira jakinarazpentzat hartuko.

8. artikulua.– Dirulaguntzak esleitzeko prozedura.

1.– Aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta egiaztatzeko, balorazio-epaimahai bat eratuko da, honako kide hauek osatua:

a) Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritzako titularra, zeina mahaiburu izango baita.

b) Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritzako Lurralde Informazioko Zerbitzuko arduraduna.

c) Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritzako Lurralde Informazioko Zerbitzuko Kartografia teknikari bat.

d) Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritzako aholkulari juridiko bat, zeinak idazkari-lanetan jardungo baitu.

2.– Abstentzio-eskubidea eta errekusatze-eskubidea bermatze aldera, epaimahaia eratzen denean, erakunde eskatzaileei balorazio-epaimahaiko kideak nortzuk diren jakinaraziko zaie elektronikoki.

3.– Epaimahaiak bere proposamena igorriko dio Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren sailburuordeari, baina lehenago eskabide bakoitza aztertu eta egiaztatuko du hurrengo artikuluan ezarritako esleipen-irizpideen arabera.

4.– Proposamen horretan, diruz lagundu nahi diren eskabideen lehentasun-hurrenkera jasoko da, aipatutako esleipen-irizpideetarako ezarritako puntuazioaren arabera –aurrekontu-kreditua amaitu arte–. Zerrenda horretan, erakunde onuraduna, diruz lagun daitekeen proiektua eta proposatutako zenbatekoa adieraziko dira. Halaber, ukatzen diren eskabideen zerrenda eta ukatzeko arrazoiak ere egongo dira jasota.

5.– Baldin eta, puntuazio handieneko eskabideei dagozkien zenbatekoak esleitzeko prozesuaren ostean, deialdiko zuzkidura agortzeko falta den saldoa ez bada nahikoa sailkapenean hurrengoa den eskabidearen gehieneko zenbatekoa ordaintzeko, soberako saldo horren zenbatekoa esleituko zaio.

9. artikulua.– Dirulaguntzak esleitzeko irizpideak.

1.– Proiektuaren Memoriari –6.4.a artikuluan jasoa– 5 puntu emango zaizkio gehienez, honako hauen arabera:

a) Memorian jasotako atal guztien arteko koherentzia. 1,5 puntu, gehienez.

b) Diagnostikoaren zehaztasuna, kalitatea eta garapen zehatza, irismena, metodologia eta proposamenak. 2 puntu, gehienez.

c) Proiektuaren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa. 1,5 puntu, gehienez.

2.– Proiektuak Euskadiko Datu Espazialen Azpiegituraren eta geoEuskadi geoatariaren hobekuntzan duen eragina, 1.2 artikuluan ezarritako helburuen arabera - 5 puntu, gehienez.

Horretarako, lehentasuna izango dute aipatutako artikuluan zehazten diren ordena berean:

– a) irizpidearentzat, 5 puntu gehienez.

– b) irizpidearentzat, 5 puntu gehienez.

– c) irizpidearentzat, 3 puntu gehienez.

– d) irizpidearentzat, 3 puntu gehienez.

3.– Dirulaguntza jasotzeko, proposamenek 5 puntu lortu behar dituzte, gutxienez.

4.– Berdinketa gertatzen bada, lehentasun-hurrenkerako memorian lortutako puntuaziora joko da.

10. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publizitateko prozedura.

1.– Balorazio-epaimahaiaren proposamena ikusi ondoren, Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren sailburuordeak ebazpena eman eta jakinaraziko du hiru hileko gehieneko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik aurrera. Ebazpen horrek balorazio-fasean erdietsitako puntuazioaren arabera esleituko ditu dirulaguntzak, handienetik txikienera, harik eta aurrekontu-zuzkidura agortzen den arte; orduan, gainerako eskabideak ukatuko ditu, eta dirulaguntza jasoko duten udalak, diruz lagundutako proiektuak eta emandako zenbatekoak zein diren adieraziko. Ukatutako eskabideen kasuan, ukatzearen arrazoiak adieraziko ditu.

Ebazpen horren berri emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz eta egoitza elektronikoaren bidez erakunde eskatzaileei banan-banan jakinarazita. Halaber, eta jakinarazpen gisa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuko da.

Adierazitako epea igarota ez bada ebazpenaren jakinarazpenik egin, eskabideak ezetsi egin direla ulertu beharko da, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan jasotakoaren ondorioetarako; nolanahi ere, administrazioak bete beharko du lege horrek ezartzen dion ebazteko betebeharra.

2.– Aurreko paragrafoetan aipatzen den ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote erakunde interesdunek Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

3.– Ebazpenaren jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

11. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradunek artikulu hauetan xedatutako betebeharrak bete beharko dituzte: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikulua, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua. Zehazki, betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretatik, dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hamabost eguneko epean onuradunek dirulaguntzari berariaz eta idatziz uko egiten ez badiote, dirulaguntza onartu egin dutela esan nahiko du (agindu honen 10.1 artikuluarekin bat etorriz egingo da jakinarazpena).

b) Dirulaguntza eman den xede horretarako erabiltzea.

c) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari beren eginkizunak betez eskatzen duten informazioa ematea deialdi honen karietara jasotako dirulaguntzei buruz.

d) Laguntza hauek kudeatzen dituen zuzendaritzari aditzera ematea beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batek helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortu izana, eta adieraztea, halaber, organo-emailea eta laguntzaren zenbatekoa zein diren; hamar egun balioduneko epea egongo da horretarako, inguruabar horren berri izaten denetik aurrera.

e) Egindako dokumentuak berariaz adierazi beharko du finantzaketa publikoa dela, eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren dirulaguntza jaso duela; beraz, jardueraren aipamena egiten den karteletan eta testuetan sail horren logo ofiziala ezarri beharko da, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan xedatutakoarekin bat.

f) Lana idazteko mugarri nagusien egutegia betetzea, deialdi-agindu honen 6.4 artikuluan ezarritakoari jarraituz. Horretarako, dirulaguntza onartzen denetik sei hilabete igarota, onuradunek egiaztatu beharko dute bete dituztela egutegi horretan ezarritako mugarriak.

12. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan aldaketak gertatuz gero, beste administrazio batzuek edo erakunde publiko zein pribatuek aldi berean emandako laguntzak nahiz dirulaguntzak lortuz gero, edo helburu horietarako beste diru-sarrera edo baliabide batzuk eskuratuz gero, aldatu egin daiteke dirulaguntza emateko ebazpena, betiere, laguntzaren onuradun izateko eskakizunak betetzen badira.

13. artikulua.– Emandako laguntzaren zenbatekoa aldatzea.

Inbertsioaren behin betiko kostua dirulaguntza emateko oinarritzat hartutako aurrekontua baino txikiagoa bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa dagokion proportzioan murriztuko da, eta gero dirulaguntzaren ehunekoa oinarri berriari aplikatuko zaio.

14. artikulua.– Ez-betetzea eta itzultze-prozedura.

Erakunde onuradunak dirulaguntza hori ez badu erabiltzen eskatu eta eman zitzaion xederako, edo dirulaguntza eragin duen jarduketa egiten ez badu, edo finkaturiko xedeetarako erabili duela justifikatzen ez badu, edo, oro har, ez baditu betetzen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean, agindu honetan eta dirulaguntza emateko ebazpenean ezarrita dauden betebeharrak, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko du, eta, hala badagokio, jaso duen diru kopurua itzuli egin beharko du, baita sortutako legezko interesak ere. Dirua itzultzeko, horretarako ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

15. artikulua.– Diruz lagundu daitekeen gehieneko aurrekontua.

1.– Laguntza teknikoa kontratatzearen ondoriozko gastuen % 75 lagunduko da diruz, proiektuko 12.000 euro gehienez, dagoen aurrekontu-kreditua agortu arte, betiere. Baina BEZa edo bestelako zergak ez dira inola ere diruz lagunduko.

2.– Diruz laguntzekoak diren gastu guztiei aplikatuko zaie Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikulua.

3.– Salbuespen gisa, hautaketa-prozesua amaitzean eman daitekeen gehieneko zenbatekoa agortu ez bada, gainerako zenbatekoa hautatutako proiektuen artean esleitu ahal izango da, proiektu bakoitzari esleitutako zenbatekoaren proportzioan banatuta. Prozesu horretan 12.000 euroko gehieneko dirulaguntza gainditu ahal izango da, betiere zenbateko hori proiektuaren aurrekontuaren % 75 baino txikiagoa bada.

16. artikulua.– Beste dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Agindu honen bidez iragartzen diren dirulaguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu bererako egindako deialdietako bestelako dirulaguntza edo laguntza batzuekin eta bestelako sarrera edo baliabide batzuekin, baldin eta laguntza horien xede den jarduerarako jasotzen diren laguntza guztiek gainfinantzaketarik eragiten ez badute. Kasu horretan, gehiegizko kopuru hori kenduko zaio deialdi honen bidez emandako laguntzari.

17. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

Orotara, 200.000 euro bideratuko dira aipatutako dirulaguntzak emateko: horietatik, 40.000 euro 2021. urteari dagozkio, eta 160.000 euro 2022. urteari.

18. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea eta ordaintzea.

Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren zuzendariak emango ditu dirulaguntza ordaintzeko ebazpenak, eta honela ordainduko da:

a) Lehen ordainketa, hots, emandako dirulaguntzaren % 20 esleipen-ebazpena jakinarazi eta gehienez hilabeteko epean egingo da.

b) Bigarren eta azken ordainketa bat, emandako dirulaguntzatik ordaintzeke dagoen zenbatekoari dagokiona, dirulaguntza justifikatu ondoren. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» atalean aurkeztu beharko da, beranduenez 2022ko urriaren 15ean, dokumentu hauekin batera:

1) Burututako jarduerak justifikatzeko memoria.

2) Azken emaitzak, erabilitako metodologia, eta proiektua gauzatzeko berariaz garatu diren IKT tresnak edo tresna geografikoak.

3) Ordaindutako zerbitzu-sarien ziurtagiria, udal idazkariak emandakoa, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 30.4 artikuluan jasotako baldintzen egiaztagiria.

Egindako justifikazioa ez bada heltzen eskabidean aurkeztutako aurrekontura, ordaintzeko, kontuan hartuko da diruz lagundu daitekeen gehieneko aurrekontua, 15. artikuluan aipatua, eta 13. artikuluan adierazitakoa.

19. artikulua.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 22a.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala