Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

194. zk., 2021eko irailaren 28a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4940

AGINDUA, 2021eko irailaren 21ekoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez egiten baita dirulaguntzen deialdia eta ezartzen baitira horren oinarri arautzaileak. Dirulaguntzak zuzenduta daude garapen jasangarria sustatzeko ekintzak egiten dituzten udalei, mankomunitateei, kontzejuei eta udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko beste edozein tokiko erakunderi, kuadrillei, eskualdeei, metropoli-eremuei, tokiko erakunde autonomoei, tokiko garapen-agentziei, tokiko merkataritza-sozietateei, tokiko enpresa-erakunde publikoei, tokiko partzuergoei eta fundazio publikoei.

Euskadiko Autonomia Estatutuaren 11.1.a) artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumena du ingurumen eta ekologiaren alorrean estatuko oinarrizko legeria bere lurraldean garatzeko eta betearazteko.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak betetzen du aipatutako eskumena, halaxe xedatzen baitu lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko, eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoa) 8. artikuluak.

Egun berrikuspen-fasean dagoen 2020 agirian dago jasota Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-politika islatzen duen Euskadiko IV. Ingurumen Esparru Programa eta Eusko Jaurlaritzak ingurumenaren arloan hartutako konpromisoa jasotzen du. Hala, Eusko Jaurlaritzak gizartearen aurrean hartutako konpromisoen funtsa osatzen duten 16 plan estrategikoetako batean kokatzen da aipatutako programa –konpromiso horiek «Euskadi 2020: Giza Garapen Jasangarrian aurrera egiteko» txostenean daude jasota–.

Programak gure lurraldeko ingurumenaren egoerari buruzko ikuspegia jasotzen du, eta, besteak beste, lehentasunezko jardun hauek ezartzen ditu:

– Gure natura-ondarea babestea, kontserbatzea eta lehengoratzea, ekosistemek ematen dizkiguten zerbitzuak zainduz.

– Ekonomia lehiakor, berritzaile, karbono-emisio txikiko eta baliabide-erabilera efizienterantz urratsak egitea.

– Gure herritarren osasuna eta ongizatea sustatzea eta babestea.

– Lurraldearen jasangarritasuna areagotzea.

– Politiken koherentzia bermatzea, ingurumen-integrazioa areagotuta.

– Euskadiren nazioarteko proiekzioa eta erantzukizuna sustatzea.

Hori guztia bideratzeko, sail eta erakundeen arteko koordinazioa eta lankidetza sustatuko da, ingurumen-aldagaia politika guztietan integratze aldera, eta agente sozioekonomiko guztiei zabalduko zaie ingurumena hobetzeko erantzukizuna.

2020rako IV. Ingurumen Esparru Programari lotuta, hainbat estrategia eta plan sektorial onartu ditu Eusko Jaurlaritzak; tartean, hauek:

– EAEko Biodibertsitate Estrategia 2030. Tresna horren bidez, ekosistemak babesteko eta lehengoratzeko jarraibideak zehazten dira; Natura 2000 Sarea sustatzen da –funtsezkoa Europan eta EAEn biodibertsitatea kontserbatzeko–, naturaren kultura eta natura ezagutzea bultzatzen da eta lurraldearen zein natura-ondarearen kudeaketa efikaz eta efizientearen alde egiten da.

– Euskal Autonomia Erkidegoko 2020rako Geodibertsitate Estrategia. Horren helburu nagusia Euskadiko geodibertsitatea eta Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioan identifikatutako ondare geologikoa aztertzea eta balioestea da, baita bi horien kudeaketan, babesean, kontserbazioan, gizarteratzean eta erabileran esku hartzeko irizpideak eta proposamenak ezartzea ere.

– Klima-aldaketaren aurkako 2050erako EAEko Estrategia. Horren helburuak berotegi-efektuko gasen emisioak % 80 murriztea eta energia berriztagarrien kontsumoa guztizkoaren % 40 izatea lortzea dira, baita klima-aldaketaren aurrean EAEren erresilientzia bermatzea ere.

– Berrikuspenean dagoen EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2020rako Plana da ekonomia zirkularra sustatzeko bide-orria, baliabideak era efikaz eta efizientean kudeatzeko.

– 2030erako Euskadiko Jasangarritasunerako Hezkuntza Estrategia. Eragile guztiak estrategiaren barruan sartzea eta eragile horiek guztiek elkarrekintzan jardutea da asmoa, helburu argi batekin: bizimodu berrietara aldatzea, jasangarritasunaren kultura berri baterantz jota.

– 2030erako EAEko Ekonomia Zirkularrerako Estrategia, 2020ko urtarrilaren 7an onetsia. Produktuen, materialen eta baliabideen balioari ekonomian ahalik eta denbora gehien eustea du xede, eta helburu estrategiko hauek ditu: % 30 handitzea produktibitate materiala zein material zirkularraren erabilera-tasa, eta % 30 gutxitzea hondakinak sortzeko tasa BPGd-ko unitate bakoitzeko.

Halaber, 2030erako EAEko Lurzorua Babesteko Estrategia ere elaborazio-fasean da. Ingurune horren babesa kutsaduratik kanpoko bestelako mehatxu eta eremuetara ere hedatuko du.

Bestalde, 2019ko uztailean, Eusko Jaurlaritzak klima-larrialdiaren adierazpen instituzionala sinatu zuen, 2050ean berotegi-efektuko gasen emisioen neutraltasuna lortzea eta klima-erresilientea den lurralde baterantz aurrera egitea helburu duena.

Era berean, 2019ko irailaren 26an aho batez hartutako erabakiaren bidez, Eusko Legebiltzarrak klima-larrialdiko egoera deklaratu zuen Euskal Autonomia Erkidegoan.

Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda da NBEren Biltzar Nagusiak pertsonen, planetaren eta oparotasunaren alde hartutako plana, eta bake unibertsala, garapenerako lankidetza eta justiziarako sarbidea sendotzea du helburu.

2015ean onartu zen eta klima-aldaketari buruzko Parisko Akordioa eta Hiri Agenda Berria hartzen ditu barne, besteak beste. 2030 Agendak Garapen Jasangarrirako 17 Helburu (GJH) planteatzen ditu alor ekonomikoan eta sozialean nahiz ingurumenean. Munduko garapen-programak zuzenduko ditu datozen urteetan.

Agindu honek sustatzen duen udal-ekintzaren ekarpenak 11. GJHn (Hiri eta komunitate jasangarriak) du eragina oro har, eta horiek seguruak, barneratzaileak eta erresilienteak izan daitezela du helburu. Gainera, hark sustatzen dituen ekintza-lerroek beste GJH zehatz bati lagunduko diote, gutxienez.

– Lurzoru kutsatuen lerroak 3. GJHri lagunduko dio (Osasuna eta ongizatea).

– Klima-aldaketaren lerroak 13. GJHri lagunduko dio (Klima babesteko ekintza).

– Natura-ondarearen lerroak 6. eta 15. GJHei lagunduko die (Lehorreko Ekosisteman Bizitza, lurzoruaren babesa barne).

– Ekonomia zirkularraren lerroak 12. GJHri lagunduko dio (Ekoizpen eta kontsumo arduratsuak).

– Jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroak 4. GJHri lagunduko dio (Kalitatezko hezkuntza).

Horregatik guztiagatik, toki-erakundeentzako laguntzen agindu honen helburua da udal-ekinbidea EAEko 2020rako IV. Ingurumen Esparru Programan ezarritako ingurumen-lehentasunekin eta programa horretatik eratorritako planekin eta estrategiekin bat etortzea, bai eta oraingo testuinguruko Garapen jasangarriari buruzko nazioarteko jarraibide nagusiekin ere.

Aipatutako lehentasunen garrantzia aintzat hartuta, ezinbestekoak dira tartean diren administrazio guztien, herritarren, gizarte-erakundeen, ezagutza sortzen duten erakundeen, unibertsitatearen eta enpresen arteko ekintza koordinatua, elkarrizketa eta adostasuna. Testuinguru horretan, toki-administrazioek funtsezko eginkizuna dute, erronka horiei aurre egiten lagunduko duten ekintzak gauzatzeko.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, bat etorriz Gobernu Kontseiluak 2018ko ekainaren 19an onartutako EAEko Emakumeen eta Gizonen VII. Berdintasun Planaren esparruko Berdintasun Politikako Dokumentu Programatiko propioarekin, aintzat hartuko ditu genero-ikuspegia txertatuta duten jarduketak, eta izaera estrategikoa aitortuko die, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritako irizpideekin. Halaber, sail horrek euskararen erabilera normalizatzeko duen planean adierazitakoaren arabera, diruz laguntzen diren proiektuetan hizkuntza-irizpideak txertatu behar dira, nahitaez.

Laguntza hau bilduta dago Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2021, 2022 eta 2023rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan, zeina Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko martxoaren 17ko Aginduaren bidez onartu baitzen, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluak eskatzen duen bezala eta arau horretan jasotako edukiarekin.

Natura-ondarearen lerroko laguntzak Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) kofinantzatzen ditu, 2021-2027 aldirako Euskadiko EGEF programa eragilearen barnean. EGEFren ekarpena Eusko Jaurlaritzak lerro horretan diruz lagundutako guztizko kopuruaren ehuneko berrogeita hamar izango da.

Dirulaguntzen deialdi honetan, erakunde laguntzaile gisa jardungo du Ihobe SA sozietate publikoak, EAEko administrazio orokorraren bitarteko propioa denez. Ihobe SA sozietate publikoak dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3.c) artikuluan aipatutako kaudimen- eta efikazia-baldintzak betetzen ditu.

Ondorioz, irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak) eta otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuak (Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzekoak) ematen didaten eskumena baliatuta eta bat etorrita azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzeko xedatutakoarekin, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritakoarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntza eta laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenekin, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen bidez ezartzen dira dirulaguntza-deialdiaren oinarri arautzaileak. Dirulaguntza horiek zuzenduta daude garapen jasangarria sustatzeko ekintzak egiten dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko udalei, mankomunitateei, kontzejuei eta udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko beste edozein tokiko erakunderi, kuadrillei, eskualdeei, metropoli-eremuei, tokiko erakunde autonomoei, tokiko garapen-agentziei, tokiko merkataritza-sozietateei, tokiko enpresa-erakunde publikoei, tokiko partzuergoei eta fundazio publikoei.

a) Lurzoru kutsatuak. Lurzoruaren kalitateari buruzko ikerlanak, prebentzioa eta lehengoratzea egiteko lanak sustatzen dituzten ekintzak, hutsik dauden lurzoru artifizializatuen inbentarioak egitea barne.

b) Klima-aldaketa. EAEko ekintzak berotegi-efektuko gasen emisio garbiak murrizteko, CO2 xurgatzeko eta klima-aldaketara egokitzeko nahiz horren ondorioak apaltzeko.

c) Natura-ondarea. EAEko dibertsitate biologikoa eta geologikoa kontserbatzeko eta horiek lehengoratzeko edo hobetzeko ekintzak.

d) Ekonomia zirkularra. Tokiko zirkulartasuna sustatzeko ekintzak.

e) Jasangarritasunerako hezkuntza. Tokiko Agenda 21 edo Tokiko 2030 Agenda eta Eskolako Agenda 21 koordinatzea sustatzen duten ekintzak.

2. artikulua.– Ekintzek bete beharreko baldintzak.

1.– Hasteko epea:

2021eko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren proiektuek soilik jaso dezakete dirulaguntza.

2.– Dirulaguntza jaso ahal izateko, ekintzek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Lurzoru kutsatuen lerroan.

Hona dirulaguntza jaso ditzaketen jarduerak:

– Kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak izan dituzten lurzoruak ikertzeko ekintzak, ingurumen-organoak egindako eskakizunen ondoriozkoak barne.

– Lurzoru kutsatuak lehengoratzeko ekintzak, bai industria-jarduerak egin diren lurzoruetan, bai garai batean hondakindegi klandestino gisa erabilitako lurzoruetan, baldin eta lehengoratzeari ekin baino lehen aurretiazko ikerketa-fasea burutu bada. Garai batean hondakindegi klandestino gisa erabilitako lurzoruak lehengoratzeko, inguru horretako natura-ondarea kontuan hartzeko irizpideak aplikatu beharko dira, berau areagotzeko xedez, eta landare-geruza hobetzeko materia organikoa gehitu behar izanez gero, material bioegonkortua edo konposta erabili beharko da, bata zein bestea erabili, kokagunean aurreikusitako erabilerarako egokia dela egiaztatuta.

Diruz lagundutako jarduera lurzoruak lehengoratzeko proiektu bat idaztea bada, ingurumen-organoak proiektua onartu ondoren, proiektua gauzatzen hasi beharko da, onartutako irismenarekin, gehienez ere 2 urteko epean.

– Kutsagarriak izan daitezkeen jardunak jasan dituzten industriako eraikinak eta instalazioak ingurumenaren ikuspegitik lehengoratzeko ekintzak, kanpoan utzita kutsagarria izan daitekeen industria-jardueraren instalazioa eraistea eta harrien edo industria-jarduerari lotuta ez dagoen beste edozer eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzea.

– Ingurumen-jarraipeneko ekintzak, Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak sustatuko proiektuen barnean daudenak; gehienez, 5 kontrol- eta jarraipen-kanpaina hondakindegia lehengoratu ondoren edo lurzoruari kalitate-adierazpena eman ondoren.

– Inbentarioak egitea, udalerrian dauden kokapen artifizializatu hutsei buruzko funtsezko informazioa identifikatu eta biltzeko, kokapen horiek berriz erabiltzeko planak eta jardun-neurriak diseinatzeko erabil daitezen.

Aipatutako ekintzek baldintza hauek bete beharko dituzte, dirulaguntza jasotzeko:

1.– Jarduketak toki-titulartasuneko lursailetan egitea, titulartasuna 2005eko maiatzaren 16a baino lehen formalizatu bada eta diruz lagundutako jarduketa gauzatzeko betebeharra duen beste hirugarrenik ez badago, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko legediaren arabera. Ez da betekizun hori aplikatuko, baldin eta besteren bat behartuta badago eta horrek ezin badu jarduketa gauzatu konkurtso-egoeran dagoelako edo toki-erakunde batek jarduketa subsidiarioren bat gauzatu behar duelako ingurumen-arriskuari edo segurtasunari loturiko arrazoiengatik, are titulartasuna pribatua bada ere. Jarduketa horien kostuak gero jasanaraziko zaizkio behartuta dagoenari, erakunde eskatzailea ez den beste bat bada.

Titulartasun elkarbanatua duten lurretan egiteko proiektuen kasuan, dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, udal edo erakunde eskatzailearen titulartasunaren ehunekoa hartuko da kontuan.

Halaber, lurzoruaren titulartasunari buruzko betekizunak ez dira nahitaez bete beharko, baldin eta lurzorua ikertzeko edo lehengoratzeko neurriak hartzera behartuta dagoena udala bada, Lurzoru eta Hirigintzaren ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 147.3 artikuluan aplikatu behar bada edota horretara behartuta dagoena ekintza hori egitetik salbuetsita badago, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko araudiaren arabera.

Ekintza mota horiek nolakoak diren kontuan hartuta, lursailaren titulartasunari buruzko betekizunak ere ez dira eskatuko, leku artifizializatu hutsen inbentarioen kasuan.

2.– Industriako eraikin eta instalazioetan, toki-erakunde baten jarduketa subsidiarioren bat gauzatu beharko da, bai ingurumen-arriskuagatik bai segurtasunagatik, are titulartasuna pribatua bada ere. Jarduketa horien kostuak gero jasanaraziko zaizkio behartuta dagoenari, erakunde eskatzailea ez den beste bat bada.

3.– Ez dute dirulaguntzarik jasoko industria-lurzorura edo etxebizitzak eraikitzera bideratutako lurzoruak lehengoratzeko ekintzek, betiere lerro horretan krediturik xedatzen ez bada ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskabide guztiei erantzun ondoren. Horrela bada, titulartasun publikoko lurzoruan kokatutako etxebizitzak eraikitzera bideratuko diren lurzoruak aztertzeko eta lehengoratzeko dirulaguntzen eskabideak onartuko dira, baldin eta lehengoratzeko in situ edo on site tratamenduko teknologiak erabiltzea beharrezkoa bada, hau da, kanpo-baliabidez hondeatutako lurzorua hondeatzea eta kudeatzea ez bada erabiltzen.

4.– Aurreko hiru deialdietan diruz lagundutako jarduerak ez dira diruz lagunduko, baldin eta justifikaziorik gabeko eta erakunde onuradunari soilik egotz dakizkiokeen arrazoiengatik uko egin badiote.

b) Klima-aldaketaren lerroan.

Honako helburu hauek sustatzen dituzten ekintzak izango dira diruz laguntzekoak:

1.– Klima-aldaketa: Mugikortasun jasangarria.

– Bidegorriak edo bidegorri-lotuneak, mugikortasun-eragileak (besteak beste, bizitoki-eremuak, ikastetxeak, industrialdeak eta kirol-instalazioak) konektatzea ahalbidetuta, baldin eta natura-ondarea kontserbatzearekin bat badatoz eta diseinutik bertatik klima-aldaketara egokitzeko irizpideak kontuan hartzen badituzte; adibidez, lurzoru iragazkorren erabilera, zuhaiztiak, etab.

– Disuasio-aparkalekuak eta horiek hobetzeko jarduketak ibilgailu pribatu motordunaren erabilera murrizteko, baldin eta natura-ondarea kontserbatzearekin bat badatoz eta diseinutik bertatik klima-aldaketara egokitzeko irizpideak kontuan hartzen badituzte; adibidez, lurzoru iragazkorren erabilera, zuhaiztiak, etab.

– Ibilgailu elektrikoak, entxufa daitezkeen hibridoak edo autonomia luzeko elektrikoak eskuratzea edo alokatzea. Bi gurpileko ibilgailuei dagokienez, ez dira diruz laguntzekoak izango herritarrek orokorrean erabiltzeko direnak.

– Ibilgailuak kargatzeko azpiegiturak ere finantzatu ahalko dira, horientzat dirulaguntzak eskatu badira deialdi honen barruan.

2.– Klima-aldaketa: Karbonoa xurgatzea.

– Gutxienez hektarea bateko azalera basotzea eta basoberritzea, karbonoa aireko eta lurpeko biomasan eta lurzoruan xurgatzeko, bertako espezieetako baso-eremu zuhaiztunak sortuz eta zaintzeko xedez (aprobetxamendurik gabe).

Basotzetzat joko da basorik ez zuten lurrak landatuz, ereinez edo lehengoratze naturalaren sustapen antropikoaren bidez eraldatzea.

Basoberritzetzat joko da basogabetutako lurretan lantzea, ereitea edo lehengoratze naturalaren sustapen antropikoa egitea.

Proiektuak 30 urteko iraupena izan beharko du gutxienez; heldutakoan zuhaitzen adaburuen estalkia % 20koa izango da, eta garaiera potentziala, 3 metrokoa. Basoa kudeatzeko plana ere eduki beharko dute.

Klima-aldaketaren aurreko udal-zaurgarritasunaren azterketaren emaitzak kontuan hartzen dituzten jarduerak lehenetsiko dira, bai eta hondatutako lurzoruetan egin eta horiek lehengoratzen laguntzen dutenak zein higadura-arriskua gutxitzen dutenak ere.

Basotzeak zein basoberritzeak bertako baldintza ekologikoen araberako zuhaitz espezieekin egin beharko dira, egokitzapen-irizpideak barne hartuta, esaterako, klima-aldaketarekiko zaurgarritasun txikia duten espezieak hautatzea, bero-uharteak gutxitzen laguntzea, uholdeak erregulatzea, etab.

Basotzean zein basoberritzean, diruz laguntzeko modukoa izango da lursaila landaketaren aurretik prestatzea, betiere lurzorua eta biodibertsitatea babesteko irizpideei jarraikiz egiten bada.

Hala basotzeko nola basoberritzeko jardueretan, proiektuaren sustatzaileak kudeaketa-plan bat landu beharko du, baso-masak karbonoa xurgatzea bermatzeko moduko baldintzetan iraungo duela ziurtatzeko, gutxienez proiektuaren iraunaldi osoan zehar (30 urte). Plan horrek honako hauek jasoko ditu gutxienez: baso-kudeaketaren helburuak eta azalpena, karbono-xurgapenak ziurtatzeko behar diren mantentze-lanak, eta baso-jardueren kronograma bat.

Kudeaketa plana egitea diruz laguntzekoa izango da.

Ez dira diruz laguntzekoak honako jarduera hauek:

– Edozein lan zibil gauzatzeak eragindako inpaktua edo bestelakoak konpentsatzeko helburua duten jarduerak.

– Azpiegiturak eraikitzea behar duten jarduketak (baso-pistak eraikitzea, adibidez).

– Biodibertsitatea eta lurzorua zaintzearekin bateragarriak ez diren edo horren kontra doazen jarduerak. Hori horrela, ez dira diruz laguntzekoak izango Batasunaren eta/edo eskualdearen intereseko (besteak beste) espezie edo habitatei eragiten dieten jarduerak.

– Makineria astunaren erabilera intentsiboa behar duten jarduerak.

– Gauzatzearen ondorioz, beste toki batean emisioak sortzen dituzten jarduerak, proiektuaren eremuan aurretik garatutako jarduerak lekualdatzeagatik.

3.– Klima-aldaketa: Egokitzea.

– Klimari eta energiari buruzko udal- eta eskualde-planak egitea.

Planaren ekintzak epe laburrera edo ertainera definitzen badira ere, horiek egiteko epe luzerako klima-egoera bat aurreikusi beharko da (gutxienez 20 urtera). Egokitzapena udalerrirako klima-arrisku espezifikoan oinarritu beharko da edo, halakorik ezean, honetan: «EAEko udalerriek klima-aldaketaren aurrean duten kalteberatasunaren eta arriskuaren ebaluazioa», Ihobek egina. Eta parte-hartzearen bidez egingo dira.

Planak Ihobek argitaratutako «Klima eta Energiako Tokiko Planak egiteko Gida» betez garatu beharko dira.

– Klima-aldaketaren ondorioak murriztea (egokitzea) eta ekosistemen erresilientzia hobetzea, honako hauetan jasotzen diren ekintzen bitartez: «Udalsarea 21 Lan Koadernoa 12. zk.: Klima-aldaketara egokitzeko udal-programak egiteko gidaliburua», «Euskadiko Hirigintzaren Plangintzari buruzko eskuliburua, klima-aldaketa arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko», «Euskadin aplika daitezkeen klima-aldaketara egokitzeko tokiko neurrien jardunbide egokiak», «Irtenbide naturalak Euskal Autonomia Erkidegoko toki-esparruan klima-aldaketara egokitzeko», klima-zaurgarritasunaren edo -arriskuaren azterketa edo aldez aurretiko egokitzapen-plan batetik eratorriak.

Honako ekintza hauek, berriz, ezin izango dira diruz lagundu:

– Klima-aldaketan eta airearen kalitatean eragin txikia duten ekintzak; besteak beste, bizikletentzako aparkalekuak jartzea, kaleak oinezkoentzako bihurtzea, edo bidegorriak eraikitzea, mugikortasun-eragileen (ekoizleen eta erakarleen; tartean, bizilekuak, ikastetxeak, industrialdeak, kiroldegiak, etab.) arteko loturarik ez dakartenak.

– Azterlanak edo diagnostikoak (mugikortasun-planak, adibidez), agindu honetan berariaz aipatutakoak izan ezik.

– Eta, bereziki, ez dute dirulaguntzarik jasoko azpiegitura eraikitzea dakarten ekintzek, baldin eta ez badira kontuan hartu klima-aldaketara egokitzeko irizpideak, irizpide ekologikoak eta hiriko ingurumena hobetzeko irizpideak, ez badira paisaian txertatzeko eta ingurune naturalaren gaineko eragina txikiagotzeko ahaleginak egin, edo ez badira natura-ingurunearen kontserbazioarekin bateragarriak.

Azpiegiturek materialak sartzea behar dutenean, eraikuntzaren % 70 material birziklatua izan beharko da gutxienez, ahal dela eraikuntzako eta eraisketetako hondakinetatik eratorritako agregakin birziklatuak eta altzairugintzako zepen balorizaziotik eratorritako agregakin siderurgikoak, araudi teknikoak ehuneko horiek lortzea eragozten duen erabilerak izan ezik (errodadura-geruza fresatuak, egiturazko hormigoizko eraikuntzako eta eraisketetako materialak). Obra-unitateko eta eraikuntza osoko kantitateak kalkulatzeko, Eraikuntzako material birziklatuak erabiltzeko gidaren kalkulatzeko tresna erabili beharko da. Tresna hori eskuragarri dago hemen: https://www.ihobe.eus/argitalpenak/eraikuntzan-material-birziklatuak-erabiltzeko-gidaliburua

c) Natura-ondarearen lerroan.

Diruz laguntzeko modukoak izango dira dirulaguntzarako eskabidea egiteko epean amaitu gabe dauden proiektuak, baldin eta biodibertsitatea eta geodibertsitatea kontserbatzea, lehengoratzea eta hobetzea sustatzen badute, honako ekintza hauen bidez:

1.– Komunitatearentzat edo eskualdearentzat interesekoak diren habitat naturalak kontserbatzeko egiten diren lehengoratze-, hobetze- edo kudeatze-ekintzak, flora exotiko inbaditzailearen kontrola barne, habitat naturala lehengoratzea sustatzeko jarduketekin osatzen bada. Urria, berezia edo kontserbazio-egoera eskasekoagoa izateagatik kontserbazio-interes handia duten habitatetan egitekoak diren ekintzak lehenetsiko dira, esaterako, ibarbasoetan, baso autoktonoetan, paduretan, zohikaztegietan, hezeguneetan, etab.

2.– Europar Batasunean edo eskualdean arriskuan dauden basaflora eta basafaunako espezieak babesteko eta kontserbatzeko proiektuak, habitatei eta hegaztiei buruzko Batasuneko zuzentarauetan, Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoan edo Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan sartuta daudenak; azken horretan, «arriskuan» edo «egoera zaurgarrian» kategorietan dauden espezieak bakarrik hartuko dira kontuan.

3.– Lurraldearen konektagarritasun ekologikoan eta azpiegitura berdearen sustapenean zuzenean laguntzen duten jarduketak, hala nola tokiko biodibertsitatearen intereseko guneen arteko konexioa sustatzea edo hesiak sortzea.

4.– Tokian-tokian aukera-espazioak indartzea, eta, biodibertsitatea sustatzeko, ingurumen-narriadura duten eremuak lehengoratzea aurreikusita.

5.– Udalerriko lurralde-eremuan dauden interes geologikoko lekuak babesteko, kontserbatzeko eta monitorizatzeko edo balioa emateko jarduketak, irakas-/hezkuntza- edo turismo-/aisia-erabilerarako, Euskadiko Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioan, Geoparkeko inbentarioan eta Urdaibai Biosfera Erreserbaren inbentarioan, lurralde-plan partzialetan, HAPOetan edo kultura-intereseko ondasunetan identifikatuta daudenei lehentasuna emanez (kultur intereseko interes geologikoko lekuak, esaterako, aztarnategi paleontologiko zenbait).

6.– Diruz lagundu ahal izango dira, orobat, ibaiertzak eta ibilguak garbitzeko jarduerak; betiere, jarduera horiek udal eskatzailearen eta Uraren Euskal Agentziaren artean sinatutako lankidetza-protokoloen esparruan egiten badira. Horrelako protokoloek edo dagokien jarduera-lanek biodibertsitatea kontserbatzeko eta babesteko nahitaez bete beharreko baldintza batzuk bilduko dituzte.

1) eta 5) arteko ekintzen kasuan, lursailen erosketa diruz lagundu ahal izango da dirulaguntzari dagozkion jardueretarako beharrezkoa denean, betiere aurreikusitako guztizko aurrekontuaren % 40 gainditzen ez bada. Argi eta garbi arrazoitu beharko da lursail horiek erostea premiazkoa dela dirulaguntza eskatzen den ekintzak gauzatu ahal izateko.

Halaber, diruz laguntzekoak izango dira jarduerarekin zuzenean lotutako komunikazio- eta sentsibilizazio-ekintza osagarriak, baldin eta herritarren artean dena delako arazoari buruz duten kontzientziazioa eta ezagutza handitzeko helburua badute.

Ez dira diruz lagunduko ezagutzak eskuratzeko azterlanak idaztera zuzendutako eskaerak, ez eta sentsibilizazio-ekintzak argitaratzera zuzendutakoak ere.

Ez dira dirulaguntzaren xede izango edozein obra edo proiekturen administrazio-baimenean ezarritako zuzenketa- edo konpentsazio-neurrien ondorioz gauzatutako ekintzak.

d) Ekonomia zirkularraren lerroan.

Honako helburu hauek sustatzen dituzten ekintzak izango dira diruz laguntzekoak:

1.– Elikagaien xahubidea prebenitzea sustatu eta ezartzeko mekanismoak.

2.– Materia organikoa gaika biltzeko sistemak sortzaile handietan (saltokiak, ikastetxeak, bestelako gizarte-ekipamenduak...), tratamendu biologikorako.

3.– Hondakinak sortzeagatik ordaintzeko sistemak, gaika biltzen ez diren hondakinak ez sortzera eta gaikako bilketa sustatzera bideratuak.

4.– Gaika biltzen ez diren hondakinak ez ekoizteko lagungarriak diren sistemak ezartzea, errefusaren eta/edo biohondakinen bilketan erabiltzailea identifikatuta.

5.– Berriz erabili, konpondu edo lehengoratu eta norberak konpontzeko ekimenak, sistemak edo instalazioak (ehunak, altzariak, zapatak, jostailuak, gailu elektronikoak), esaterako, ikastaroak, tresnak partekatzeko plataformak (tresna fisikoak), norberak konpontzeko instalazio gidatuak, berriz erabiltzeko produktuak eskaintzeko instalazioak/plataformak...

6.– Ostalaritzako eta merkataritzako sektoreetan eta horien bezeroen artean ontzien kontsumoa murrizteko edo ontzien hondakinik ez sortzeko neurriak.

7.– Bideragarritasun tekniko eta ekonomikoko planak, autokonpostaje komunitarioari buruz irizpena emateko, udalerriko biohondakinen kudeaketaren irtenbide orokor gisa.

8.– Toki-titulartasuneko konpostaje komunitarioko instalazio eta jardueretatik datozen konpostaren organismo patogenoak kontrolatzea, komunitateko konpostaje-instalazio eta -jardueren araubide juridikoa eta baldintza teknikoak ezartzen dituen apirilaren 9ko 63/2019 Dekretuaren 9. artikuluan ezarritakoaren arabera.

9.– Lehengai sekundarioen merkatuak sustatu eta ezartzeko mekanismoak.

10.– Ura berrerabiltzeko sistemak, udalerria garbitzeko lanetan erabiltzeko.

11.– Ekonomia zirkularrari buruzko prestakuntza-ekintzen diseinua eta garapena enpresa eta pertsona ekintzaileentzat, tokiko enplegu- eta negozio-aukera berriak sortzen laguntzeko.

12.– Ekonomia zirkularreko etorkizuneko jarduerak diseinatzeko azterlanak egitea.

13.– Jatorri industrialekoak ez diren egiturazko zuntz-zementuzko hondakinen udal-inbentarioak egitea, hondakin horiek biltzeko etorkizuneko jarduerak zehazteko.

14.– Herritarrei egiturazko zuntz-zementuaren kudeaketa zuzena (loreontziak, teilapeak, hodiak...) ahalbidetzen dieten udal-sistemak edo -instalazioak abian jartzea, kontrolik gabe botatzea edo gaizki kudeatzea saihestearren.

15.– Tokiko erakundearen eskumeneko egiturazko amiantoaren kudeaketa.

16.– Aurretiko azterlanak eta tresnak diseinatzea industrialdeetan edo sortzaile handietan hiri-hondakinen parekagarriak biltzeko sistemak abian jartzeko, bilketa-maila handia bermatuta.

17.– Toki-erakundeek itsasoan eta haren eragin-eremuan plastikoak biltzeko sustatutako jarduerak, horiek berriz erabiltzea edo birziklatzea bermatuta. Jarduera osagarri gisa, kasu horretan, plastiko horiek herritarrei zuzendutako sentsibilizazio-jardueretan erabiltzea balioetsiko da.

18.– Edarien ontzi arinak gaika biltzeko makinak ezartzea, erabiltzaileari pizgarri ekonomikoa emanda, naturagune babestuetan, zaborra uztea (littering) saihestearren.

19.– Hondakinetatik datozen materialak erabiltzea erakunde onuradunak zuzenean sustatutako 2.b) artikuluan aurreikusitakoez bestelako obretan. Diruz lagundu ahal izango dira bai obrako hondakinak zuzenean obran erabiltzea, bai obrari emandako hondakinetatik abiatuta elementu prefabrikatuak erabiltzea. Kasu horretan, material prefabrikatu horiek CE marka izatea eskatuko da.

20.– Udal-eraikinak gaika eraisteko jarduketak, beira, igeltsua, material isolatzaileak eta fresatuak gaika bereiziz, hala dagokionean. Igeltsuzko hondakinen kasuan, alderantzizko logistika bat ezarriko da obratik hornitzailearen instalazioetaraino, bereizketa ez ezik, korronte horren benetako balorizazioa ere bermatzeko.

Eraispen-lanek gutxienez materialaren % 80 balorizatu dutela egiaztatu beharko dute, EEH-Aurrezten bidez eta dagozkion agirien bidez.

21.– Eraikuntza jasangarrirako udal-ordenantzak. Diruz lagundu ahal izango dira eraikuntza jasangarriko udal-ordenantzak idazteari lotutako aholkularitza-lanak, baldin eta ordenantza horiek diruz lagundutako jardueraren esparruan onartzen eta argitaratzen badira.

Jarduketa horiez gain, herritarrei zuzendutako komunikazio- eta sentsibilizazio-kanpaina bat egin beharko da, 7. eta 21. jarduketetan salbu.

e) Jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroan:

Diruz lagundu ahalko dira Tokiko Agenda 21en edo Tokiko 2030 Agendaren eta Eskolako Agenda 21en arteko koordinazioa sustatzen duten ekintzak, 2021eko uztailaren 1etik 2022ko uztailaren 15era bitartean egiten badira. Ekintza horien artean, gutxienez honako hau egongo da: ikasturte bakoitzean, eskola arteko foro bat eta udal-foro bat antolatzea. Foro horietan, besteak beste, aurreko foroetan hartutako konpromisoen jarraipen-txosten bat aurkeztu beharko da.

Gainera, honako jarduketaren bat ere jaso beharko dute:

a) Azterlaneko gaiari buruzko txostenak.

b) Jardunbide egokien bilduma.

c) Udal-baliabideen katalogoak egitea.

d) Diagnostikoa egiteko irteerak edo ibilbideak.

e) Familientzat eta ikasleentzat jardunaldi teknikoak antolatzea.

f) Esperientziak web bidez edo beste bide batzuetatik komunikatzea eta zabaltzea.

g) Erakusketa ibiltariak egitea.

h) Eskoletako topaketak egun seinalatuetan.

3. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

1.– Lehen artikuluan zehaztutako ekintzetarako aurrekontu-zuzkidura hiru milioi laurehun eta laurogei mila (3.480.000) eurokoa izango da. Kopuru hori honela banakatzen da:

1.1.– Lurzoru kutsatuen lerroan:

Gehienez ere, zazpiehun eta berrogeita hamar mila (750.000) euro bideratuko dira.

1.2.– Klima-aldaketaren lerroan:

Gehienez ere milioi bat (1.000.000) euro bideratuko dira.

1.3.– Natura-ondarearen lerroan:

Gehienez ere, zazpiehun eta berrogeita hamar mila (750.000) euro bideratuko dira.

Natura-ondarearen lerroko laguntzak, Natura 2000 Sareko kokalekuetan egiten diren jarduketak zehazki, Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) kofinantzatu ahalko ditu, eta EGEFren ekarpena diruz lagundutako zenbatekoaren ehuneko berrogeikoa izango da gehienez. Horregatik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren mende egongo dira lerro honetako laguntzak, eta honako hauek dira EGEFren kofinantzaketatik edo horren ordezko erregelamenduetatik eratorritako betebeharrak.

1.4.– Ekonomia zirkularraren lerroan:

Gehienez ere bostehun mila (500.0000) euro bideratuko dira.

1.5.– Jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroan:

Gehienez ere laurehun eta laurogei mila (480.000) euro bideratuko dira.

2.– Eskabiderik ez dagoelako edo betekizunak betetzen ez direlako aipatutako jardun lerroetako bati esleitutako diru-zenbatekoa agortzen ez bada, beste jardun-lerro bati esleitutako diru-zenbatekoari gehitu ahalko zaio, agindu honetako 14. artikuluan aurreikusitako organo ebaluatzaileak egiten duen proposamenaren arabera.

Beste jardun-ildo bati esleitutako zenbatekoa handitzea Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearen ebazpen bidez onartuko da, Agindu honen 17. artikuluko Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearen ebazpena eman aurretik.

3.– Erakunde onuradunetako batek jaso duen dirulaguntzari uko egingo balio ezarritako exekuzio-epearen lehen urtean, proiektu horri esleitutako kopurua zati batean edo batere ez (aurrekonturik ez edukitzeagatik) diruz lagundutako jarduketetako batera bideratu ahal izango da, 17.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

4. artikulua.– Erakunde onuradunentzako eskakizunak.

1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko udalak, mankomunitateak, kontzejuak eta udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko beste edozein toki-erakunde, kuadrillak, eskualdeak, metropoli-eremuak, tokiko erakunde autonomoak, tokiko garapen-agentziak, tokiko merkataritza-sozietateak, tokiko enpresa-erakunde publikoak, tokiko partzuergoak eta tokiko fundazio publikoak.

2.– Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun ezingo dira izan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluaren 1. apartatuan xedatutakoaren arabera eta estatu-laguntzaren kontzeptuari buruz Europako Batzordeak emandako 2016/C 262/01 Jakinarazpenarekin bat etorriz, agindu honen 4. artikuluaren 1. apartatuan jasota dauden erakundeak, jarduera ekonomiko bat gauzatzen badute, haien estatutu juridikoa eta finantzaketa-modua edozein izanik ere. Jarduera ekonomikotzat hartuko da merkatu jakin batean ondasunak edo zerbitzuak eskaintzen dituen edozein jarduera.

3.– Tokiko merkataritza-sozietateek, tokiko garapen-agentziek, tokiko partzuergoek eta tokiko fundazio publikoek baldintza hauek bete beharko dituzte erakunde onuradun izateko:

a) Kapital soziala, oso-osorik, titulartasun publikokoa izango da.

b) Bazkide gehienak udalak izango dira.

c) Udaletako alkateek berariaz izendatutakoak beharko dira izan, diruz lagundu nahi den jarduera burutzeko.

4.– Halaber, ezingo dira dirulaguntzen onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. apartatuan jasotako inguruabarretan dauden entitateak. Inguruabar horiek gertatzen diren ala ez erabakitzeko, aintzat hartuko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 4. apartatutik 6.era bitartean ezarritakoa, eta egoera bakoitzerako ezarritako irismena izango dute.

5.– Dirulaguntzak eman eta, hala badagokio, ordaindu ahal izateko, amaituta eduki behar dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntza publikoak itzultzeko prozedura nahiz zehapen-prozedura guztiak, prozedura horiek oraindik izapide-aldian badaude behintzat.

6.– Ezin izango dira agindu honetan araututako dirulaguntzen eta laguntzen deialdietara aurkeztu, kasuan kasuko zehapenak ezartzen duen aldian, genero-diskriminazioagatik zehapen administratiboa edo zigor-zehapena jaso duten pertsona juridikoak, ez eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera debeku horrekin zehatuak ere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluan xedatutakoaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren testu bateginaren bidez onartzen da dekretu hori).

5. artikulua.– Erakunde eskatzailearen zenbait betekizun egiaztatzea.

1.– Laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar diren aldi guztietan eskatzaileen baimenik zertan izan gabe, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Eskatzaileak uko egin diezaioke baimen hori emateari, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

2.– Eskabideetan aukera izango da laguntzak eskatzen dituen erakundeak berariaz adieraz dezan baimena ematen diola organo kudeatzaileari gainerako datu edo dokumentu guztiak lortu edo egiaztatzeko, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen ahalmenak.

Baldin eta erakunde eskatzaileak, edozein unetan, horretarako eskubidea baliatu eta uko egiten badio bere datuak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluaren 1. apartatuaren e) edo f) letretan xedatutakoaren arabera tratatzeari, xedapen horietan oinarritutako profilak egitea barne, tratamenduaren arduradunak datu pertsonalak tratatzeari utziko dio, baldin eta ez badu egiaztatzen tratatzeko, edo erreklamazioak egin, baliatu eta defendatzeko, legezko interes jakin batzuk gailentzen zaizkiela interesdunaren interes, eskubide eta askatasunei.

3.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua aplikatuz (horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen da), honako betebehar hauek erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatuko dira:

a) Erakunde onuradunak konpromisoa hartzen du administrazioei zein beste erakunde publiko nahiz pribatuei xede bererako eskatzen eta haietatik lortzen dituen laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera nahiz bestelako baliabide guztien inguruko informazio guztia jakinarazteko, bai eta eskaerak aurkeztu diren dirulaguntza programetan BEZak ere dirulaguntza jaso dezakeen ala ez berariaz adieraztekoa ere.

b) Erakunde eskatzaileak eskaera egiten duen unean ordainduta edukitzea dirulaguntzen itzulketa-obligazioak (Dirulaguntzen Lege Orokorra, 13.2.g artikulua).

c) Eskaera egin duen erakundeak dirulaguntza eskatzea erabaki duela, eta dirulaguntzarekin ordainduko ez den partea finantzatzeko konpromisoa hartu duela.

d) Erakunde onuradunak dirulaguntza itzultzea hitzematen du, kokagunearen berrerabilerak gainbalioak eragiten baditu edo diruz lagundutako jarduketaren kostua hirugarren bati arrakastaz jasanarazi bazaio, laguntzaren gehieneko zenbatekoraino.

e) Erakunde onuradunak konpromisoa hartzen duela bere betebeharrak betetzen jarraitzeko dirulaguntzen prozedurak irauten duen bitartean, eskaera egiten denetik justifikatzen den arte.

f) Ibilguetako hondakinak garbitzeko proiektuen kasuan, erakunde eskatzaileak eta Uraren Euskal Agentziak jarduera horiek aurrez adostu dituztela, dagokion lankidetza-protokoloa sinatuta.

g) Jasangarritasunerako Hezkuntzaren lerroari dagokionez, erakunde eskatzaileak Eskolako Agenda 21 ezartzen ari den bere lurraldeko ikastetxeren batekin koordinatzeko konpromisoa hartzen du.

Baita honako betekizun hauek ere:

a) Erakunde eskatzaileak ez duela zigor- edo administrazio-bidetik laguntza edo dirulaguntza publikorik jaso ahal ez izateko zehapenik, eta ez dagoela dirulaguntza publikoak jasotzeko ezgaitzen duen inolako legezko debekuren kasuan.

b) Eskualde-erakundeak dirulaguntzaren xede den jarduna egiteko espresuki izendatuak izan direla, parte hartzen duten udalerrietako alkateen eskutik.

c) Baldin eta erakunde eskatzailea tokiko merkataritza-sozietate bat, tokiko garapen-agentzia bat, tokiko partzuergo bat eta tokiko fundazio publiko bat bada, kapital sozial publikokoa dela, bazkide gehienak udalak direla, eta udalerri partaideek izendatu dituztela dirulaguntza eskatzea eragin duen jarduketa egiteko.

d) Erakunde onuradunak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutako printzipioak (3. artikulua) eta betebeharrak errespetatzen dituela. Bereziki, 16., 18.4 eta 23. artikuluetan ezarritakoa betetzen duela.

Era berean, eskabidea egin duen erakundeak adierazi behar du egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela, orobat, dirulaguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako eskakizunak.

Erantzukizunpeko aitorpenean biltzen diren puntuen egiazkotasuna dokumentazio ordezkatua aurkeztuta egiaztatu beharko da, eta hori laguntza edo dirulaguntza emateko prozeduraren ebazpena eman baino lehenago egin beharko dute erakunde onuradun gisa aurkezten direnek.

6. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.

1.– Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, lehen artikuluan ezarritako ekintzak gauzatzeko egindako gastuak izango dira diruz lagundu daitezkeen gastuak. Edonola ere, proiektua gauzatzeko aldian egindako gastuak bakarrik lagunduko dira diruz.

2.– Ez dira diruz lagunduko honako gastu hauek:

a) Diruz laguntzen diren ekintzen balio erantsiaren gaineko zergari dagozkionak.

b) Komunikazio-, partaidetza-, informazio- edo sentsibilizazio-kanpainei dagozkienak, Agindu honetako 2. artikuluan berariaz adierazten diren ekintzetan salbu.

c) Lursailak erostera bideratutakoak, salbu eta natura-ondarearekin lotutakoak, eta 2.c) artikuluan jasotako baldintzen arabera.

d) Lurgaineko balioa edo ustiapen-balioa, kasuan kasuko lursailean mozketa egin, eta lortutako zura saldu egiten bada, kontzeptu horrek diru-sarrerak eragingo lituzke-eta proiektuaren barnean.

e) Udaleko edo toki-erakundeko edo haiei lotutako enpresetako plantillako langileei dagozkien gastuak, eta diruz lagundu ezin diren gainerako gastuak, dirulaguntzei buruzko araudian ezarritakoari jarraikiz.

f) Leasing finantzarioko eragiketak. Renting erako eragiketei dagokienez, proiektua gauzatzeko benetako aldiari dagokion kostua baino ez da diruz laguntzekoa izango, deialdi honetan ezarritakoaren arabera.

g) Inpaktua murrizterik lortzen ez duten edo ingurumen-hobekuntzarik ez dakarten gastuak.

h) Beharrezkoak ez diren gastuak, arrazoizkoak ez direnak edo gehiegizkoak direnak, ekonomiaren eta kostu-eraginkortasun erlazioaren printzipioen arabera. Gastu horiek agindu honetan ezarritako organo ebaluatzaileak zehaztuko ditu. Zehazki, klima-aldaketaren lerroko proiektuen esparruan, karbonoa xurgatzeko proiektuen arloko ekintzei dagokienez zehazki, neurrigabeko gastutzat hartuko dira kanpoko laguntza eta azterlanen gastuak, baldin eta aurrekontu osoaren % 30 baino handiagoak badira.

Natura-ondarearen lerroan, gastu neurrigabe gisa hartuko dira laguntza teknikora (proiektuaren definizioa, jarraipena eta kudeaketa) eta azterketetara bideratutako gastuak, aurrekontu osoaren % 30 baino handiagoak badira, eta/edo komunikazio- eta sentsibilizazio-ekintzetara bideratutako gastuak, horiek aurrekontu osoaren % 10 gainditzen badute, bi kasuetan lursailak erosteko erabili den kantitatea kontuan hartu gabe (hala badagokio). Horri dagokionez, gauzatzen diren ekintzekin zuzenean lotutako azterketak eta komunikazio-ekintzak baino ez dira diruz laguntzekoak izango, betiere beharrezkoak direla behar bezala justifikatuta.

Era berean, biodibertsitatearen azpilerroan, alferrikako gastutzat hartuko dira inpaktua murriztea eta/edo ingurumen-hobekuntzarik ez dakarten erabilera publikoko ekipamendu-obren gastuak.

Eta zehazki, ekonomia zirkularraren lerroan, neurririk gabeko gastutzat joko dira sentsibilizaziorako gastuak, aurrekontu osoaren % 20 gainditzen badute.

3.– Jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroan, Agindu honetako 2. artikuluan deskribatutako Tokiko Agenda 21en edo Tokiko 2030 Agendaren eta Eskola Agenda 21en koordinazio-proiektuak gauzatzeko kostuak bakarrik lagunduko dira diruz.

4.– Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikulua betez, azpikontratatu ahal izango dira diruz lagundutako jarduera guztiak.

7. artikulua.– Dirulaguntza-eskabideak eta diruz lagundu daitezkeen proiektuak aurkezteko mugak.

1.– Ez dago mugarik eskabideak aurkezteko, jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroan izan ezik, 3. puntuan azaldu bezala.

Lurzoru kutsatuen lerroan, erakundeak eskabide bat baino gehiago aurkeztu badu, dirulaguntza eman ahalko da soilik lurzoru artifizializatu hutsen inbentarioa egiteko eta, gainerako tipologietan, puntuaziorik handiena izan duten bi jardueratarako, betiere lurzoru kutsatuen inbentariokoez bestelako kokaguneei badagozkie.

Klima-aldaketaren lerroan, erakundeak eskabide bat baino gehiago aurkeztu badu, dirulaguntza eman ahalko da soilik klima eta energiako plana egiteko eta, gainerako tipologietan, puntuaziorik handiena izan duen jarduerarako.

Natura-ondarearen lerroan, erakundeak eskabide bat baino gehiago aurkeztu badu, puntuaziorik handiena lortu duen jarduerari bakarrik eman ahalko zaio dirulaguntza.

Ekonomia zirkularraren lerroan, erakundeak eskabide bat baino gehiago aurkeztu badu, dirulaguntza eman ahalko da soilik egiturazko zuntz-zementuarekin lotutako jarduketa bat egiteko eta, gainerako tipologietan, puntuaziorik handiena izan duten bi jardueretarako.

2.– Lurzoru kutsatuen lerroan, deialdi berean ezin izango dira aurkeztu kokapen bera aztertzeko edo proiektua idatzi eta, ondoren, lehengoratzeko eskabideak, salbu eta lanak oso aurreratuta badaude eta lurzoruaren kalitatea adierazteko izapidea hasteko beharrezko dokumentazioa aurkeztu badute dirulaguntzaren eskabidea aurkeztu aurretik.

3.– Jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroan, dirulaguntza jasotzeko eskabide bakarra aurkeztu ahal izango du erakunde bakoitzak. Erakundeek ezin izango dute eskabiderik banaka aurkeztu, beren lurralde-eremuan zerbitzu hori ematen duen udalaz gaindiko beste erakunde batek jarduten badu.

Ezarritako mugak kontuan hartzen ez badira, eskabidea egin duen erakundeari eskabidean egindako akatsa konpontzeko eskatuko zaio. Akatsak konpontzen ez baditu, erakundeak laguntza-eskabidea guztietan atzera egin duela ulertuko da, gorago ezarritako mugak kontuan izan gabe.

4.– Udalerri bera ordezkatzen duten erakunde onuradun desberdinek ezingo dute proiektu berari buruzko eskabiderik aurkeztu, nahiz eta proiektuaren fase desberdinetarako izan.

8. artikulua.– Beste dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Agindu honek arautzen dituen dirulaguntzak bateragarriak izango dira helburu bererako erakunde honek edo beste edozein erakunde publiko zein pribatuk eman litzakeen beste dirulaguntza batzuekin; betiere, horren ondorioz gainfinantzaketarik sortzen ez bada. Gainfinantzaketarik izanez gero, dirulaguntzaren zenbatekoa dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.

9. artikulua.– Eskabideak formalizatzea eta aurkezteko epeak.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Bitarteko elektronikoak erabilita aurkeztu ahal izango dira eskabideak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan.

a) Lurzoru kutsatuen lerroan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0121208

b) Klima-aldaketaren lerroan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1009408

c) Natura-ondarearen lerroan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1009509

d) Ekonomia zirkularraren lerroan: https://www.euskadi.eus/zerbiztuak/1046905

e) Jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1009609

Helbide horretan eskuratu ahal izango dira eskaera-orria, erantzukizunpeko adierazpenaren eredua eta inprimakien ereduak, eta eskaerak modu telematikoan aurkezten eta justifikatzen laguntzeko beharrezkoa den dokumentazioa.

Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

3.– Bitarteko elektronikoen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoan izapideak egiteko ordezkari bat izendatu behar bada, pertsona horrek alta emanda egon beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko Ordezkarien Erregistro Elektronikoan (https://www.euskadi.eus/ordezkariak).

4.– Eskabidea aurkeztu ondoko izapideak «Nire karpeta» aplikazioan egin eta jakinaraziko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta).

5.– Datuak Datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako lege aplikagarrietan xedatutakoaren arabera tratatuko dira.

10. artikulua.– Zer dokumentu aurkeztu behar den eskabidearekin batera.

1.– Eskaera egiten duen erakundearen ezaugarriak eta egin nahi den ekintza kontuan hartuta, eskabide guztiekin batera, ezinbestez, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira. Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren egoitza elektronikoan eskuragarri egongo dira inprimakien ereduak eta aurkeztu beharreko proiektuen gutxieneko edukien aurkibideak:

a) Erantzukizunpeko adierazpena, behar bezala sinatuta.

b) «Oinarrizko eta harremanetarako datuen» inprimakia.

c) Laguntza eskatzen den jardun-lerroari dagokion «Aurrekontua» inprimakia, behar bezala beteta. Aurrekontua kontu-sailen arabera banakatu beharko da, kontzeptuak argi bereizita.

d) «Proiektuaren memoria» inprimakia edo, hala badagokio, laguntza eskatu den jardun-lerroari dagozkion proiektu-memorietako gutxieneko edukien aurkibidea. Beharrezkoak diren eremu guztiak bete beharko dira, dirulaguntza eskatzen den proiektu motaren arabera. Zehazki, «Memoriaren proiektua» inprimakiaren barnean, lerroaren arabera, honako hauek adierazi beharko dira nahitaez: inpaktuaren murrizketako parametro gakoa edo gakoak, kalkulu-metodoaren xehetasunak eta kontserbazio-egoeraren hobekuntza, natura-ondarearen lerroaren kasuan.

Aurkeztutako dokumentazio gehigarriak ebaluazio teknikorako kontuan izan behar den informazioa badu, nahitaezko bi inprimaki horien apartatuetan berariaz adierazi beharko da zein den dokumentazio gehigarri horretan kontsultatu behar den informazioa (apartatuak, kapituluak eta abar).

e) Lurzoru kutsatuen lerroko eskabideen kasuan, entitate eskatzaileak kokalekua titulartasun publikokoa dela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du. Halaber, titulartasun publiko hori noiz eskuratu zen argitu beharko du, eta kokalekuaren zer ehuneko den udalaren titulartasunekoa ere bai. Aurreko baldintzak, baita, hala badagokio, Agindu honen 2.2.a) artikuluan aurreikusitako salbuespenak ere, horien berri ematen duen egiaztagiriaren bidez (edo egiaztatzeko balio duen beste edozein dokumenturen bidez) justifikatu ahal izango dituzte.

f) Lurzoru kutsatuen lerroko eskabideetan, jarduketa egingo den kokagunea ez bada udala, jarduketaren premia egiaztatu beharko da, eta, behar izanez gero, diruz lagundutako jarduketa egingo den kokagunean jarduteko titulartasuna egiaztatuko da.

g) Berotegi-efektuko gasen emisioak murriztera bideratutako klima-aldaketaren lerroko ekintzei dagokienez, dirulaguntza eskatzen den jarduerari dagokion emisio-murrizketa zehazteko egindako hipotesiak, kalkuluak edo estimazioak jasota eta azalduta dauden frogagiria atxiki beharko da.

h) Karbonoa xurgatzeko proiektuei buruzko klima-aldaketaren arloko ekintzei dagokienez, proiektuaren iraunaldiko karbono-xurgapenak zehazteko egindako kalkuluak edo estimazioak jasotzen dituen frogagiria atxiki beharko da. Xurgapenen ex ante kalkulua egiteko metodologia egokia eduki ezean, hori egiteko behar diren datuak erantsi beharko dira, hau da, kokapena (koordenatuak), azalera, landatu beharreko espezieak eta landaketa-esparrua, bai eta hektareako oin kopurua eta erabilera mota ere. Jarduketak irauteko konpromisoaren egiaztagiria ere erantsi beharko da.

Gainera, beharrezkoak diren baimenen laburpenen inprimakia aurkeztu beharko da, eta erakunde eskudunek emandako baimenak, halakorik izanez gero (jabari publiko hidraulikoko jarduketak, itsas-lehorreko jabari publikokoak, naturagune babestuetakoak, etab.).

i) Natura-ondarearen lerroko eskaeren kasuan, proiektuaren kokapenari buruzko informazioa eman beharko da, ahal dela, jarduketaren xede den partzelaren edo partzelen katastro-erreferentzia (SIGPAC), edo, bestela, kokalekuaren kokapen zehatza ahalbidetzeko beste informazio bat (UTM30N ETRS89 koordenatuak, etab.).

j) Natura-ondarearen lerroko eskabideetan, beharrezkoak diren baimenen laburpenen inprimakia aurkeztu behar da, eta erakunde eskudunek emandako baimenak, halakorik izanez gero (jabari publiko hidraulikoko jarduketak, itsas-lehorreko jabari publikokoak, naturagune babestuetakoak, etab.).

k) Natura-ondarearen lerroko eskabideen kasuan, eta proiektuan lurrak erostea jasota badago, behar bezala akreditatutako eta dagokion erregistro ofizialean inskribatutako tasatzaile independente baten ziurtagiria aurkeztu behar da, alegia, jarduketaren xede den lurzati zehatzarena.

2.– Eskatzaileek, borondatez, eta ebaluazio hobea egite aldera, honako agiri hauek aurkeztuko dituzte eskabideekin batera:

a) Proiektua, aurreproiektua eta/edo eskaintza teknikoa, jardunen xehetasuna eta faseen arabera banakatutako aurrekontua jasota.

b) Klima-aldaketaren lerroko eskabideen kasuan, hala badagokio, edo klima-aldaketarekin lotura duen plana, programa edo ordenantza izatea egiaztatu behar da.

c) Egokitzapen-ekintzen garapenarekin lotuta dauden klima-aldaketaren lerroko eskabideen kasuan, dagokion agintariaren baimena beharko da proiektua garatzeko.

d) Hala dagokionean, tokiko jasangarritasun-politikak beteko direla hitzematea eta/edo jasangarritasun-prozesuen ebaluazio- eta jarraipen-txostena egitea.

e) 16. artikuluan zehaztutako balorazio-irizpide guztiak behar bezala aplikatzeko beharrezkotzat jotzen diren argibideak.

11. artikulua.– Akatsak zuzentzeko prozedura.

1.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriek ez badituzte betetzen deialdi honetan ezarritako baldintza guztiak, edo haien edukia nahikoa ez bada, erakunde eskatzaileari 10 eguneko epea emango zaio gabeziak zuzentzeko edota behar diren dokumentuak aurkezteko, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuorde kargua duen pertsonaren ebazpen baten bidez. Ebazpen hori Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. eta 21.1 artikuluek eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 23.5 artikuluak aurreikusitako moduan emango da.

2.– Halaber, eskabidea izapidetzea onartu ondoren, dirulaguntzak kudeatzeko organo arduradunak interesekotzat jotako informazioa eskatu ahalko dio erakunde eskatzaileari, aurkeztutako proiektua egoki baloratzeko, eta horretarako 10 eguneko epea emango dio, informazioa eman ezean proiektua eskatutako informazioa kontuan hartu gabe aztertuko dela jakinarazita.

12. artikulua.– Dirulaguntzak kudeatzen dituen organoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen kudeaketa-lanak egitea eta aurkeztutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea.

13. artikulua.– Erakunde laguntzailea.

1.– Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak kudeatzeko, Ihobe SA Sozietate Publikoa erakunde laguntzaile izendatzen da, honako hauek ezarritakoarekin bat: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua; eta, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua.

2.– Ihobe SAk, erakunde laguntzailea den aldetik, funtzio hauek beteko ditu:

a) Aurkeztutako dokumentuak ikuskatzea, eta, akatsik aurkituz gero, zuzenketak proposatzea organo kudeatzaileari.

b) Eskabidea egiten duten erakundeek laguntzak eskuratu ahal izateko ezarri diren baldintzak eta betekizunak betetzen dituztela egiaztatzea.

c) 14. artikuluan adierazitako ebaluazio-organoari laguntza ematea eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko lanetan, 16. artikuluan jasotako esleipen-irizpideen arabera.

d) Jarduera egin den eta dirulaguntzaren helburua bete den egiaztatzea, eta onuradunei jarraipena egitea, dirulaguntzak jasotzeko eta proiektuak gauzatzeko baldintzak betetzen jarraitzen dutela egiaztatzeko.

e) Erakunde onuradunek eskatutako luzapenak bidezkoak diren ala ez balioestea.

f) Entitate onuradunei laguntzak ordaindu aurretik diruz lagundutako ekintzak egin izana eta ekintzen kostua ziurtatzen dituzten agiriak egiaztatzea.

g) Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari proposatzea dirulaguntzak behar bezala kudeatzeko administrazio-neurriak edo bestelako neurriak har ditzala, erakunde onuradunak agindu honetako baldintza eta betekizunak ez betetzeagatik hartu behar diren neurriak barne.

14. artikulua.– Ebaluazio-organoa.

1.– Aurkeztutako eskaerak aztertu eta ebaluatzeko, ebaluazio-organo bat eratuko da, kide hauek izango dituena:

– Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendaria.

– Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria.

– Ihobe SAren zuzendaria.

2.– Ebaluazio-organoak ebazpen-proposamena egingo dio Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeari. Proposamen hori 16. artikuluan adierazitako esleipen-irizpideei eta aurrekontu-mugei egokituko zaie, eta honakoak bilduko ditu, arrazoiak adierazita: dirulaguntza jaso dezaketen proiektuak; dirulaguntzen zenbatekoa; dirulaguntza jasoko ez duten proiektuak; ezeztatutako eskaerak, ezeztapenaren arrazoiekin batera; eta ebatzi beharreko beste edozein inguruabar.

15. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango ditu muga hauek gainditu:

a) Lurzoru kutsatuen lerroan:

(Ikus .PDF)

Ikerketa- eta lehengoratze-proiektu bakoitzak 60.000 euro jaso ahal izango ditu gehienez dirulaguntza gisa; lehengoratze-jarduketa bakoitzak, berriz, 200.000 euro, gehienez.

Ingurumen-jarraipeneko proiektuen eta lurzoru hutsen inbentarioen kasuan, dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 20.000 eurokoa izango da.

b) Klima-aldaketaren lerroan:

(Ikus .PDF)

Proiektu bakoitzak 80.000 euro jaso ahalko ditu gehienez dirulaguntza gisa, salbuespen hauekin:

b.1.– Klima eta energiako planak egiteko dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 15.000 eurokoa izango da.

b.2.– Ibilgailuei buruzko proiektuen kasu zehatzean, dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 4.000 eurokoa izango da hamar plaza baino gutxiagoko ibilgailu bakoitzeko, eta 20.000 eurokoa ibilgailu handiago bakoitzeko. Bi kasuetan, gehienez 80.000 euro, proiektu bakoitzeko zenbateko handiena denez.

c) Natura-ondarearen lerroan:

(Ikus .PDF)

Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa proiektuko 75.000 eurokoa izango da.

Ibaiertzak eta ibilguak garbitzeko proiektuen kasuan, dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 10.000 eurokoa izango da.

d) Ekonomia zirkularraren lerroan:

(Ikus .PDF)

Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 30.000 eurokoa da proiektu bakoitzeko, eta 60.000 eurokoa bi udalerrik edo gehiagok batera eskatutako proiektuen kasuan, honako salbuespen hauekin:

– Autokonpostaje komunitarioaren bideragarritasun tekniko eta ekonomikoko planei buruzko proiektuetan, gehienez ere 3.500 euroko dirulaguntza emango da.

– «Toki-titulartasuneko konpostaje komunitarioko instalazio eta jardueretatik datozen konpostaren organismo patogenoak kontrolatzea» proiektuetan, gehienez ere 3.000 euroko dirulaguntza emango da proiektu bakoitzeko.

– Eraikuntza jasangarrirako udal-ordenantzak idazteko proiektuetan, diruz lagun daitekeen gehieneko zenbatekoa 4.000 eurokoa izango da.

e) Jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroan:

Laguntzak ez dira izango diruz lagundu ahal diren gastuen % 50etik gorakoak, ezta 16.000 eurotik gorakoak ere, erakunde onuradun bakoitzeko.

7.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerrien edo toki-erakundeen kasuan, dirulaguntzaren zenbatekoa % 45ekoa izango da gutxienez.

2.– Oro har, a), b), c), d) eta e) letren lerroei dagokienez, erakunde eskatzailea eskualde-erakunde bat bada, eta proiektuan parte hartzen duten udalerrien % 75en biztanle kopurua ez bada ezarritakoa baino handiagoa, kopuru horretatik beherakoetarako ezarritako balorazio-irizpidea baliatuko da.

16. artikulua.– Dirulaguntzak esleitzeko irizpideak eta emateko prozedura.

1.– Agindu honetan jasotako laguntzak lehia-prozeduraren bidez esleituko dira 1. artikuluan aipatzen diren lerroetako bakoitzean, jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroan izan ezik, hala ezarrita baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.4 artikuluan. Dirulaguntza jaso ahal izateko, dena delako jarduerak 100etik gutxienez 50 puntu lortu beharko ditu organo ebaluatzaileak, artikulu honetako 4. apartatuan zehazten diren irizpideen arabera egindako balorazioan.

50 puntu baino gehiago jasotzen duten proiektuen lehentasun-ordena ez dago lotuta proiektu bakoitzak jaso beharreko kopuru ekonomikoarekin. Irizpide hori kontuan hartuko da, soil-soilik, balorazio-aldian 50 puntu baino gehiago lortutako proiektu guztiak ordaintzeko adina dirurik ez badago. Kasu horretan, puntuazio altuena lortutako proiektuak lagunduko dira diruz, jardun bakoitzeko lerroan aurrekontu-kreditua agortu arte.

2.– Jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroko laguntzak lehiarik gabeko konkurrentzia bidez esleituko dira, eta zenbateko erabilgarriaren hainbanaketa bidez kontabilizatuko dira, 15.1.e) artikuluan ezarritako irizpideen arabera.

3.– Proiektu bakoitzari egokitutako dirulaguntza agindu honetako 6. eta 15. artikuluetan jasotako irizpideen arabera zehaztuko da.

4.– Dirulaguntzak irizpide hauen arabera emango dira, kasu bakoitzean zehaztutako haztapena kontuan hartuta:

a) Lurzoru kutsatuen lerroan:

a.1.– Jardunaren izaera berritzaile eta estrategikoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren estrategia, plan eta programekin bat etorriz. Gehienez, 20 puntu.

Besteak beste, honako hauek joko dira estrategikotzat:

– Toki-erakundeak jasangarritasun-politikak betetzeko hitza ematea, zehazki, lurzorua babestekoa, eta jasangarritasun-prozesuaren ebaluazio- eta segimendu-txostena. Alderdi hori ofizioz egiaztatuko da Udalsarea 2030 sareari dagozkion eta kasuan kasuko Udal Politiken Ebaluazio Programan parte hartzen duten udaletan.

– Ikerketaren kasuan, kutsaduraren ezaugarriak zehazteko eta ebaluatzeko teknika berritzaileak erabiltzea, eta lehengoratzearenean, in situ edo on site teknologiak aplikatzea, alde batera utzita hondeatzea eta kanpo-kudeaketa, biolehengoratze-irtenbideak barne.

– Lehengoratzeari dagokionez, proiektura gehitzea ingurumenaren arloko beste arazo batzuen ondorioak ahalik eta txikienak izan daitezen laguntzen duten elementuak (besteak beste, klima-aldaketa apaltzea, hondeatutako materialen kopurua gutxitzea eta bertan berriz erabiltzea edo eraikuntza jasangarriko neurriak ezartzea).

a.2.– Kokalekuan eta inguruko lurretan gizakien osasunean edo ingurumenean izan ditzakeen eraginak. Besteak beste, honako hauek lehenetsiko dira: gaur egun komunitatearen ekipamendurako erabiltzen direnak, erabileraren sentikortasuna dela eta; Natura 2000 Sarean, interes hidrogeologikoko eremuetan edo hirigintzako berrerabilpenari dagokionez lehentasunezko interesa duten hiriguneetan dauden kokalekuak. Gehienez, 40 puntu.

a.3.– Ekintzaren emaitzak (aurreikusitako inpaktua, biztanleria onuraduna, eta beste ingurumen-arlo batzuen gaineko eragina): gehienez, 20 puntu.

a.4.– Jardunaren kalitatea, bideragarritasun tekniko, ekonomiko eta finantzazkoa, eraginkortasuna eta estrapolagarritasuna. Gehienez, 20 puntu.

b) Klima-aldaketaren lerroan:

b.1.– Jardunaren izaera berritzaile eta estrategikoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren estrategia, plan eta programekin bat etorriz: gehienez, 25 puntu.

Besteak beste, honako hauek joko dira berritzailetzat eta estrategikotzat:

– Toki-erakundeak jasangarritasun-politikak betetzeko hitza ematea, eta jasangarritasun-prozesuaren ebaluazio- eta segimendu-txostena egitea. Alderdi hori ofizioz egiaztatuko da Udalsarea 2030 sareari dagozkion eta kasuan kasuko Udal Politiken Ebaluazio Programan parte hartzen duten udaletan.

Horrez gain, estrategiko gisa baloratuko da udaleko eta udalerriko berotegi-efektuko gas-emisioen inbentarioaren kalkulu sistematikoa egitea.

Klima-aldaketara egokitzeko arloan, bereziki, «estrategikotzat» joko dira egokitzapen-plan batekin, zaurgarritasun-azterketa batekin eta eskaeran justifikatutako klima-arriskuarekin koherenteak izango diren ekintzak.

Klima-aldaketako plan integratuen eta klima-aldaketara egokitzeko planen kasuan, «estrategikotzat» joko dira eskaeran justifikatutako zaurgarritasuna eta klima-arriskua, baita, hala badagokio, klima-aldaketari buruzko plan bat izatea ere (arintzea).

b.2.– Ekintzaren emaitzak (aurreikusitako inpaktua, eragindako biztanleria, eta beste ingurumen-arlo batzuen gaineko eragina, positiboa edo negatiboa): gehienez, 35 puntu.

b.3.– Proiektuaren kalitate teknikoa eta ekonomikoa (proiektua azaltzeko memoria tekniko eta ekonomiko xehatuen kalitatea, eta, hala dagokionean, kalkuluak eta aurkeztutako murrizketak), ekintzaren kostua/efizientzia edo kostua/etekina erlazioa, diagnostikoa eta jarraipen-proposamena: gehienez, 40 puntu.

Berotegi efektuko gasen emisioak murrizteko eta CO2 xurgatzeko ekintzetan, lehentasunezko irizpidea kostu/efizientzia erlazioa izango da (murriztu diren tonak diruz lagundu daitekeen inbertsioaren euro bakoitzeko), betiere kalkuluak behar bezala justifikatuta baldin badaude.

c) Natura-ondarearen eta biodibertsitatearen lerroan:

c.1.– Jardunaren izaera estrategikoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren estrategia, plan eta programekin bat etorriz: gehienez, 5 puntu.

Besteak beste, honako hauek joko dira estrategikotzat:

– URA-Uraren Euskal Agentziarekin edo foru-aldundiekin lankidetzan egitea proiektua, baldin eta lankidetza hori beharrezkotzat jotzen bada edo proiektuari hobekuntza nabarmena badakarkio.

– Toki-erakundeak jasangarritasun-politikak betetzeko hitza ematea, eta jasangarritasun-prozesuaren ebaluazio- eta segimendu-txostena egitea. Alderdi hori ofizioz egiaztatuko da Udalsarea 2030 sareari dagozkion eta kasuan kasuko Udal Politiken Ebaluazio Programan parte hartzen duten udaletan.

– Proposatutako ekintza natura-ondarea zaintzearen arloan dagoen plangintza edo estrategiarekin koherentea izatea, hala eskualde nola toki mailan, bai eta, zehazki naturagune babestuetan egiten diren edo espezie katalogatuak helburutzat dituzten ekintzei dagokienez, dagozkien indarreko kudeaketa-tresnekin.

c.2.– Jarduna non gauzatuko den edo jardueren xede diren habitatak/espezieak zeintzuk diren, gehienez 25 puntu:

c.2.1.– Naturagune babestuen barruko lurrak, EAEko Natura Zaintzeko Legean xedatutakoaren arabera (Natura 2000 Sarea, Natura Parkeak, Biotopo Babestuak) edo Urdaibai Biosferaren Erreserban kokatuak: gehienez, 25 puntu.

c.2.2.– EAEko Natura Gune Garrantzitsuen Katalogo Irekiko guneen barruan jasotako lursailak: gehienez, 20 puntu.

c.2.3.– EAEko hezeguneetarako lurralde-plan sektorialaren II. eta III. taldeen hezeguneetan sartuta dauden lursailak: gehienez, 20 puntu.

c.2.4.– Aurreko epigrafeetan sartuta egon ez arren, komunitatearentzat edo eskualdearentzat interesa duten basaflorako eta basafaunako espezieak dituzten lursailak –espezie horiek sartuta egon behar dute hegaztiei eta habitatari buruzko zuzentarauen eranskinetan, edo basafaunako eta basaflorako espezie mehatxatuen EAEko katalogoan–: gehienez, 20 puntu.

c.2.5.– Eskualdeko konektibitate ekologikorako eremu garrantzitsuak eta/edo eremu degradatuak lehengoratzeko tokiko aukera-eremuak: gehienez, 15 puntu.

Jardun-eremu baten gainean hainbat kalifikazio egiten baldin badira, puntu gehien duena balioetsiko da.

c.3.– Aurreikusitako ekintzen ondorioz habitatek eta/edo espezieek izan ditzaketen hobekuntzak: gehienez, 35 puntu.

Haren balorazioa egiteko, honako hauek kuantifikatuko dira, ahal izanez gero: jarduketen xede diren habitat eta/edo espezieen mehatxu-maila eta kontserbazio-egoera, eragindako populazio edo komunitateen garrantzi erlatiboa, eta zehaztutako helburuak lortzeko eta horien kontserbazio- eta/edo lehengoratze-egoera hobetzeko aurreikusi diren ekintzen garrantzia. Era berean, ekintzen indarraldiarekin lotutako alderdiak izango dira kontuan, denborari dagokionez zein horiek mantentzeko operazioen premiari dagokionez.

c.4.– Proiektuaren kalitate teknikoa eta bideragarritasun ekonomikoa: gehienez, 25 puntu.

Besteak beste, honelako alderdiak balioetsiko dira: memoria tekniko eta ekonomikoaren kalitatea eta xehetasun-maila, ekintzaren efizientzia ekonomikoa, eta ondoren mantentzeko proposamenik dagoen.

c.5.– Komunikatzeko eta sentsibilizatzeko jarduerek gizartean eragiteko ahalmena, proiektuak jorratzen duen arazo espezifikoa kontuan hartuta (ekintzak, xede-taldea, etab.): gehienez, 10 puntu.

d) Natura-ondarearen eta geodibertsitatearen lerroan:

d.1.– Jardunaren izaera estrategikoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren estrategia, plan eta programekin bat etorriz: gehienez, 5 puntu.

Besteak beste, honako hauek joko dira estrategikotzat:

– URA-Uraren Euskal Agentziarekin edo foru-aldundiekin lankidetzan egitea proiektua.

– Meatokiekin zerikusia duten IGLei balioa emateko proiektuak Eusko Jaurlaritzako Meategien Zuzendaritzarekin edo Energiaren Euskal Erakundearekin koordinatuta egitea, koordinazio hori beharrezkotzat jotzen bada edo proiektuari hobekuntza nabarmena ekartzen badio.

– Toki-erakundeak jasangarritasun-politikak betetzeko hitza ematea, eta jasangarritasun-prozesuaren ebaluazio- eta segimendu-txostena egitea. Alderdi hori ofizioz egiaztatuko da Udalsarea 2030 sareari dagozkion eta kasuan kasuko Udal Politiken Ebaluazio Programan parte hartzen duten udaletan.

– Proiektuak klima-aldaketaren aurkako borrokari egiten dion ekarpena, apaltze-jardueren nahiz egokitzapen-jardueren bidez.

d.2.– Jarduna non gauzatuko den, gehienez 25 puntu:

d.2.1.– EAEko Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioan, lurralde-plan partzialetan edo HAPOetan jasota dauden interes geologikoko lekuak naturagune babestuen barruan, EAEko Natura Zaintzeko Legean xedatutakoaren arabera (Natura 2000 Sarea, Natura Parkeak, Biotopo Babestuak), Urdaibai Biosferaren Erreserban edo Euskal Kostaldeko Geoparkean kokatuak edo EAEko hezeguneen lurralde-plan sektorialaren II. eta III. taldeetako hezeguneetan jasota: gehienez, 25 puntu.

d.2.2.– EAEko Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioan, lurralde-plan partzialetan edo HAPOetan jasota dauden interes geologikoko lekuak, aurretik aipatutako naturagune babestuetatik kanpo kokatuta: gehienez, 20 puntu.

d.2.3.– Arestian aipatutako naturaguneetan dauden beste inbentario batzuetan jasotako interes geologikoko lekuak: gehienez, 20 puntu.

d.2.4.– Arestian aipatutako naturaguneetatik kanpoko beste inbentario batzuetan jasotako interes geologikoko lekuak: gehienez, 15 puntu.

Jardun-eremu baten gainean hainbat kalifikazio egiten baldin badira, puntu gehien duena balioetsiko da.

d.3.– Aurreikusitako ekintzen ondorioz interes geologikoko lekuek izan ditzaketen hobekuntzak: gehienez, 35 puntu. Balorazioa egiteko, honako hauek kuantifikatuko dira, ahal izanez gero: nazioartean, estatuan edo autonomia-erkidegoan duen garrantzia; zaurgarritasun-maila eta hondatze, espoliazio eta abarren arriskua; eta interes zientifikoa, turistikoa edo hezitzaile/dibulgaziozkoa.

d.4.– Proiektuaren kalitate teknikoa eta bideragarritasun ekonomikoa: gehienez, 25 puntu.

d.5.– Komunikazio- eta difusio-jardunek gizartean izan dezaketen eragina: 10 puntu, gehienez.

e) Ondare naturalaren lerroa - ibaiertzak eta ibilguak garbitzea:

e.1.– Jardunaren izaera estrategikoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren estrategia, plan eta programekin bat etorriz: gehienez, 5 puntu.

Besteak beste, honako hauek joko dira estrategikotzat:

– Toki-erakundeak jasangarritasun-politikak betetzeko hitza ematea, eta jasangarritasun-prozesuaren ebaluazio- eta segimendu-txostena egitea. Alderdi hori ofizioz egiaztatuko da Udalsarea 2030 sareari dagozkion eta kasuan kasuko Udal Politiken Ebaluazio Programan parte hartzen duten udaletan.

e.2.– Proposamenaren kalitate teknikoa (proposatutako metodologia, arroko beste udalerri batzuekin koordinatzea, elkarteak inplikatzea, biodibertsitatea kontserbatzeko eta babesteko neurriak deskribatzea) eta proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa eta kostu/etekina erlazioa: gehienez, 40 puntu.

e.3.– Ekintzaren emaitzak (aurreikusitako inpaktua, ibaiertzean garbitu beharreko metro linealak, kendu beharreko hondakin kopurua, biztanleria onuraduna eta eragina, eta beste ingurumen-arlo batzuen gaineko eragina, positiboa edo negatiboa): gehienez, 40 puntu.

e.4.– Proposatutako sentsibilizazio- eta dibulgazio-jarduerek gizartean eragiteko ahalmena, proiektuak jorratzen duen arazo espezifikoa kontuan hartuta (ekintzak, xede-taldea, etab.): gehienez, 15 puntu.

f) Ekonomia zirkularraren lerroan:

f.1.– Jardunaren izaera berritzaile eta estrategikoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren estrategia, plan eta programekin bat etorriz: gehienez, 25 puntu.

Besteak beste, honako hauek joko dira estrategikotzat:

– Toki-erakundeak jasangarritasun-politikak betetzeko hitza ematea, eta jasangarritasun-prozesuaren ebaluazio- eta segimendu-txostena egitea. Alderdi hori ofizioz egiaztatuko da Udalsarea 2030 sareari dagozkion eta kasuan kasuko Udal Politiken Ebaluazio Programan parte hartzen duten udaletan.

Espezifikoki «estrategikotzat» ere hartuko da ekintzarekin batera toki-erakundearen hondakin-plana egotearekin, 2020ko Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakin Arriskutsuak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Planaren helburuekin bat etorriz.

Beste udalerri batzuetan egin ez diren ekonomia zirkularra lortzeko edo hondakin problematikoak kudeatzeko neurrien ezarpen-jarduketa lehenetsiak; horien ezarpena behar bezala justifikatu beharko da ohiko teknikak erabiltzen ez direnean.

f.2.– Ekintzaren emaitzak (aurreikusitako inpaktua murriztea, eragindako biztanleria, eta beste ingurumen-arlo batzuen gaineko eragina, positiboa edo negatiboa): gehienez, 45 puntu.

f.3.– Proiektuaren kalitate teknikoa eta ekonomikoa (proiektua azaltzeko memoria tekniko eta ekonomikoaren kalitatea eta xehetasun-maila, eta, hala dagokionean, kalkuluak eta aurkeztutako inpaktu-murrizketak), ekintzaren kostua/etekina erlazioa, diagnostikoa eta jarraipen-proposamena: gehienez, 30 puntu.

g) Jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroan:

Tokiko Agenda 21en edo Tokiko 2030 Agendaren eta Eskolako Agenda 21en arteko koordinazioa sustatzen duten ekintzetarako eskabide guztiak onartuko dira, betiere 2.e) artikuluan zehaztutako baldintzak betetzen badituzte.

17. artikulua.– Deialdiaren ebazpena.

1.– Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeak, ebaluazio-organoak igorritako proposamen arrazoitua ikusita, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko ebazpena izenpetu eta jakinaraziko du sei hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Ebazpen horren berri emango zaie interesdunei Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz eta egoitza elektronikoaren bidez interesdunei bana-banako jakinarazpena eginez helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Adierazitako epea igarota ez bada jakinarazpenik egin, eskabideak ezetsi egin direla ulertu beharko da, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan jasotakoaren ondorioetarako; nolanahi ere, administrazioak bete beharko du lege horrek ezartzen dion ebazteko betebeharra.

2.– Dirulaguntza eman den edo ez zehaztuko da ebazpenean; gainera, dirulaguntza eman bada, hauek ere bai: zer erakundek jaso duen, dirulaguntza zer proiektuk jaso duen, zer puntuazio eskuratu duen (lehia-prozedura bidez proposatu diren proiektuetan), zenbatekoak diren diruz laguntzeko gastuak eta zenbateko dirulaguntza jaso duen. Aitzitik, eman ez bada, dirulaguntza ez emateko arrazoiak adieraziko dira.

Halaber, erakunde onuradunen batek uko egiten badio jaso duen dirulaguntzari, ezarritako exekuzio-epearen lehen urtearen barnean, eta erabat edo zati batean banatu gabe geratu diren dirulaguntza-lerroetako funts-aldaketaren kasuan, ebazpenean zehaztuta egongo da partez diruz lagundutako proiektuen eta aurrekontu ezagatik dirulaguntzarik gabe geratutakoen lehentasun-hurrenkera, dirulaguntzak jaso ditzaten.

Uko egin aurretik dirulaguntzaren zati bat ordaintzen bada, uko egindako zenbatekoa dagokion berandutze-interesarekin gehituko da.

3.– Aurreko paragrafoetan aipatzen den ebazpenak ez du amaitzen administrazio-bidea, eta, horren aurka, gora jotzeko helegitea jarri ahal izango diote erakunde interesdunek Ingurumen, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

18. artikulua.– Baldintzen agiria.

Proiektu bakoitzaren bereizgarriei erreparatuta, hala dagokionean, diruz lagundutako proiektua gauzatu ahal izateko nahitaez bete beharreko baldintza teknikoak eta ekonomikoak ezarriko dira. Baldintza horiek baldintza-agiri batean bilduko dira, Jasangarritasunerako hezkuntzako proiektuen kasuan izan ezik, eta agiri horren berri erakunde onuradun bakoitzari jakinaraziko zaio, banan-banan.

19. artikulua.– Erakunde onuradunaren betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan adierazitakoak ere, eta zehazki baldintza hauek:

1.– Esleitutako dirulaguntza onartzea. Onartzeaz batera, agindu honetan eta 18. artikuluan adierazitako baldintza-agirian, hala dagokionean, aipatzen diren baldintza eta arau guztiak ere onartzen dira orobat. Alde horretatik, jakinarazpena jaso eta hurrengo hamar egun naturaletan dirulaguntzari espresuki uko egiten ez bazaio, dirulaguntza hori onartu dela ulertuko da.

2.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Kontuen Euskal Epaitegiak, laguntzen xedea fiskalizatzeko eginkizunak betez, eskatzen dieten informazio oro ematea, eta bai Ihobe SA erakunde laguntzaileak bai organo emaileak datuak egiaztatzeko egin beharreko ekintzei men egitea, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei buruz eskatutako informazio oro emanez.

3.– Proiektuan edozein arrazoi dela medio, aldaketak eginez gero, lehenbailehen jakinaraztea Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, aldaketa horien onarpena eskatzeko. Era berean, dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein gorabehera objektibo zein subjektibo aldatuz gero, erakunde emaileari horren berri eman beharko zaio.

4.– Diruz lagundutako ekintza gauzatu eta justifikatzea, agindu honetako 22. artikuluan ezarritako epeetan.

5.– Dirulaguntza zertarako eman den, xede jakin horretarako erabiltzea, betiere 21. artikuluan, baldintzak aldatzeari buruzkoan, finkatutakoa aplikatu behar ez bada.

6.– Proiektuak gauzatzea egoki diren lizentziak, baimenak eta gainerako sektore-eskakizunak betez.

7.– Edozein administraziok edo erakunde publiko zein pribatuk helburu bererako emandako beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrerarik lortuz gero, inguruabar horren berri izan ondorengo hamar egun balioduneko epean, horren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, eta adieraztea, halaber, organo emailea eta laguntzaren edo dirulaguntzaren zenbatekoa zein diren.

8.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari doan eta era ez-esklusiboan uztea proiektuan jasotako informazio teknikoa, pedagogikoa eta grafikoa erabiltzeko eskubidea, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren informazio-sistemetan txerta ditzan eta haren zabalkundea edo argitalpena egin dadin edozein baliabide edo formatu bibliografikotan, ikus-entzunezkotan, informatikotan edota teknikaren erabilerak ahalbidetzen duenetan. Edonola ere, jabetza intelektualaren eskubideak errespetatuko dira.

Natura-ondarearen proiektuen kasuan, dirulaguntza hau aplikatzeko lanetarako sortzen diren dokumentuak, materialak eta datu-baseak «Ingurumenari buruzko informazioa bidaltzeko jarraibideak» dokumentuan azaltzen den bezala aurkeztuko dira. Hemen eskura daitezke jarraibide horiek: https://www.euskadi.eus/informazioa/ingurumenari-buruzko-informazioa-bidaltzeko-jarraibideak/web01-s2ing/eu/

Natura-ondareari buruzko ezagutza hobetzeko jarduerak barne hartzen dituzten proiektuetan, jarduera diseinatzeko orduan «Biodibertsitateari buruzko ezagutza sortzeko proiektuak diseinatzeko gida»ren edukiari jarraitu beharko zaio. Hemen dago eskuragarri gida hori: (https://www.euskadi.eus/contenidos/documentacion/guiabidrex/eu_def/adjuntos/bidrexgida.pdf).

9.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18. artikuluan jasotako moduan, publizitatea emateko betebeharra betez, erakunde onuradunek laguntzen deialdi honen bitartez lortutako babesaren berri emango dute jendaurrean:

a) Beren webgunean diruz lagundutako proiektua deskribatuz.

b) Gutxienez kartel bat jarriz, dirulaguntzaren behin betiko ebazpenarekin batera jakinaraziko den ereduaren arabera. Kartel horretan, Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza jaso dutela aipatzeaz gain, proiektuari buruzko informazioa jasoko dute. Gutxienez A3 neurrikoa izango da eta jendeak ongi ikusteko moduko tokian egongo da, eraikinean sartzeko atearen edo ateen burutik gertu, edo jarduketa egiten den toki zehatzean. Kartel hori 2 hilabetez egongo da ikusgai gutxienez, dirulaguntza ematea jakinarazten denetik aurrera, eta 2 hilabete gehiagoz proiektuaren amaierako justifikazioa aurkezteko unean.

10.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren babesa aipatzea egiten diren dokumentuetan eta prentsa-komunikazioetan, bai eta proiektuaren publizitatean ere. Zehazki, diruz laguntzen diren obra, ibilgailu edo ekipamenduetan, eta bereziki horien kartel, hedapen-material eta publizitate-materialetan, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren logotipoak sartu beharko dira, Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan xedatutakoaren logotipoak barne (https://www.euskadi.eus/erakunde-ikurrak-eta-nortasuna/web01-s1ezaleh/eu/).

11.– Dirulaguntza jasotzen duen toki-erakundea Jasangarritasunerako Euskal Udalerrien Sarean (Udalsarea 2030) baldin badago, sare horren logotipoa ere agerrarazi beharko da.

12.– Zabalkunderako egiten diren kartel, testu eta dokumentu guztiak euskaraz eta gaztelaniaz egingo dira.

Jarduerak herritarrekin harremanetan egotea eskatzen badu, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko eta hizkuntza horietan artatzeko aukera eman beharko zaie herritarrei.

13.– Argitalpenik eginez gero, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari bidali beharko zaio euskarri digitalean.

Paperezko argitalpenik eginez gero, argitalpenaren eta eskuorrien gutxienez hamar ale bidali beharko dira.

14.– Egiten diren dokumentu eta ekintzek genero-ikuspegia eduki behar dute, eta hizkuntzaren eta irudiaren erabileran ez da bazterketa-elementurik egongo.

15.– Kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuta edukitzea erakunde onuradunari kasuan-kasuan aplikatu beharreko merkataritzako eta sektoreko legediak eskatutako moduan.

16.– Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ekintzetarako erabil baitaitezke.

17.– Lurzoru kutsatuetarako proiektuak:

a) Kokapenaren berrerabilerak gainbaliorik sortzen badu, erakunde onuradunak itzuli egin beharko du dirulaguntza, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko legedian ezarritakoa betez. Era berean, erakunde onuradunak dirulaguntza itzultzea hitzematen du, diruz lagundutako jarduketaren kostua hirugarren bati arrakastaz jasanarazi bazaio.

b) Eskabidea egin duen entitateak, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak ikertzeko laguntzak jaso ahal izateko, konpromisoa hartzen du dirulaguntzaren xedea den kokalekuko lurzoruaren kalitatea adierazteko prozedura egiteko, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearekin bat etorriz.

Lurzoruaren kalitatea berreskuratzeko laguntzen kasuan, nahitaezkoa izango da saneamendu-proiektuaren onespena izatea, Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak emanda.

Nolanahi ere, eskabidea egiten duen erakundeak prozeduran zehar agintzen zaizkion neurriak ezartzeko konpromisoa hartzen du.

c) Diruz lagundutako ekintzak gauzatzean abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuak eskatutakoa beteko da. Lurzorua Ez Kutsatzeko eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen du Dekretu horrek.

d) Diruz lagundutako jarduera lurzoruak lehengoratzeko proiektu bat idaztea bada, erakunde eskatzaileak konpromisoa hartzen du, proiektua ingurumen-organoak onartu ondoren, proiektua gauzatzen hasteko, onartutako irismenarekin, gehienez ere 2 urteko epean. Betebehar hori betetzen ez badu, erakunde onuradunak dirulaguntza itzuli beharko du.

18.– Klima-aldaketaren lerroko ekintzen kasuan, karbono-xurgapena sustatzen duten ekintzak badira, erakunde onuradunak jarduketari gutxienez 30 urtez eusteko konpromisoa hartzen du.

19.– Natura-ondarearen lerroko ekintzen kasuan, eta lursailen erosketa ere barne sartzen bada, erakunde onuradunak dirulaguntza itzultzeko konpromisoa hartzen du haien salmenta eta/edo titulartasunaren eskualdaketa gertatzen bada. Era berean, dirulaguntza itzultzera behartuta egongo da lursailaren erabileran aldaketarik gertatzen bada, non eta ez den natura-ondarearen kontserbaziorako edo hobekuntzarako.

20.– Natura-ondarearen lerroko ekintzetan, ekintza horiek Natura 2000 Sareko eremuetan guztiz edo zati batez eginez gero, eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsak kofinantzatzen baditu, dirulaguntzak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren mende egongo dira. Kofinantzaketa horren ondorio dira honako betebehar hauek:

a) Kontrol, erantzukizun, zehapen-araubide eta ez-betetzeei dagokienez, erakunde onuradunak estatuko eta Batasuneko legedia bete beharra dauka.

b) Euskadiko 2014-2020 aldirako EGEF programa eragilearen esparruan kofinantzatuko da laguntza, eta alderdi horren berri eman beharko da 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 115. artikuluko 3. apartatuan eta XII. eranskineko 2.2 apartatuan edo erregelamendu horren ordezkoetan ezarritakoari jarraikiz. Alde horretatik, baldin eta diruz lagundutako jarduketei buruz informazio- eta komunikazio-ekintzak egiten badira, hedapenari lotutako material edo euskarrietan berariaz aipatu beharko da EGEFren bidezko kofinantzaketa duela, Batasunaren enblema eta Europar Batasunaren erreferentzia txertatuta; eta eragiketa egiten den bitartean, haren deskribapen laburra egingo da bere webgunean, Batasunaren dirulaguntza jasotzen duela nabarmenduta, eta proiektuari buruzko gutxienez informazio kartel bat jarriko da, A3 tamainan gutxienez, eta Batasunaren dirulaguntza jasotzen duela aipatuko da erraz ikusteko leku nabarmen batean.

c) Proiektua ez badago ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren mende, erakunde onuradunak dokumentu bat sinatu beharko du, proiektuak ez diola Natura 2000 Sareari eragiten adierazteko, eta baldin badu, behar den justifikazioa aurkeztu, organo kudeatzaileak sinatuta. Horretarako, baldintzen agiriekin batera dagozkion agiriak igorriko dira, dagokionak horiek bete eta sina ditzan.

d) Laguntza onartuaz batera, 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 115. artikuluko 2. zenbakian edo erregelamendu horren ordezkoetan jasotako eragiketen zerrenda publikoan sartzea ere onartuko da.

e) EGEFren kofinantzaketak derrigortu egiten du finantzaketari, administrazioari eta ekintzen garapenaren jarraipenari buruzko informazioa artxibatzera, harik eta 3 urte igaro arte eragiketaren gastuak jasotzen dituzten kontuak aurkeztu eta ondorengo abenduaren 31tik aurrera. Testuinguru horretan, erakunde onuraduna derrigortuta egongo da informazio hori modu errazean eskuragarri edukitzera (kontabilitate-sistema bereizia edo berariazko kodeketa).

20. artikulua.– Dirulaguntzaren behin betiko zenbatekoa zehaztea.

Jarduketaren behin betiko benetako kostua dirulaguntza emateko oinarritzat hartutako aurrekontua baino gutxiago bada, dirulaguntzaren zenbatekoa dagokion proportzioan murriztuko da, eta gero dirulaguntzaren ehunekoa oinarri berriari aplikatuko zaio.

Erakunde onuradunak aurkeztutako justifikazioan halakorik aitortzen badu, ordainketa automatikoki kitatuko da, hargatik bazter utzi gabe ondoren administrazio-bidean erreklamazioa aurkezteko aukera.

21. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza esleitzeko kontuan hartutako baldintzetan aldakuntzaren bat eginez gero, baldin eta deialdiaren xedea betetzat hartzen bada eta, hala dagokionean, deialdi honetan esleitutako dirulaguntzez gain beste erakunde publiko zein pribatu baten dirulaguntzak edo laguntzak jaso badira, horren berri aurretiaz eman beharko dute, Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak horrelakoak berariaz onar ditzan. Aipatutako aldaketek dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea ekarri ahal izango dute, betiere agindu honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira. Horretarako, dagokion ebazpena emango da, proposatu den proiektu-aldaketa onartzeko edo ez, eta, hala dagokionean, esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa doituko da, edo, hala badagokio, behar den zenbatekoaz gaindi jasotakoa itzultzea eskatzeko.

2.– Ezingo da inola ere aldatu jardueraren izaera, eta, aldaketa onartuko bada, erakunde onuradunak txosten bidez justifikatu beharko du aldatutako proiektuaren eragina parekoa edo handiagoa dela hasieran diruz lagundutako proiektuarena baino.

3.– Dirulaguntzaren erakunde onuradunak justifikazioan adierazten badu dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatu egin direla eta litekeena dela aldaketa horrek ebazpena bera ere aldaraztea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.12 artikuluak xedatzen duenaren indarrez, eta aldaketok onartzeko aurrez behar den baimen-izapidea ez denez egin, dirulaguntza eman duen organoaren esku geratuko da aurkeztutako justifikazioa ontzat ematea; betiere, hori eginda beste inoren eskubideak kaltetzen ez badira.

4.– Dirulaguntza eman duen organoak egiaztapen-egintzan aldaketak onartzeak ez dakar berekin erakunde onuraduna legozkiokeen zehapenetatik salbuetsita geratzea.

5.– Dirulaguntzaren xede den jarduera gauzatzeko eta amaitzeko epeari dagokionez, salbuespen gisa, erakunde onuradunak jarduera hori gauzatzeko epea luzatzeko eskaera egin ahal izango du, jarduera gauzatzeko ezarritako epea agortu baino gutxienez hilabete lehenago; betiere, erakunde onuradunaren borondatez kanpoko arrazoiak daudenean eta behar bezala justifikatzen dituenean. Jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroaren kasuan, ezin izango da halako luzapenik eskatu.

Epea luzatzeko, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeak horretarako ebazpen bat onartu beharko du.

22. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– Erakunde onuradunek diruz lagundutako ekintza 2023ko urriaren 28a baino lehen gauzatu eta justifikatu beharko du, kasu hauetan salbu:

– Jasangarritasunerako hezkuntzako ekintzak 2022ko uztailaren 15a baino lehen gauzatu behar dira; proiektuaren amaierako dokumentazioa, berriz, 2022ko irailaren 15a baino lehen aurkeztu behar dute.

– Natura-ondarearen lerroko biodibertsitate-azpilerroko ekintzek diruz lagundutako ekintza gauzatu eta justifikatu beharko dute 2023ko abenduaren 30a baino lehen.

2.– Helburu horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute bitarteko elektronikoen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta).

a) Toki-erakundearen Idazkaritzak egindako ziurtagiria, dirulaguntzaren xedea bete dela eta bestelako dirulaguntzarik lortu duten adierazten duena. Bestelako dirulaguntzarik lortu badute, ziurtagirian laguntza eman duen organoa, emandako dirualguntzaren gehieneko ehunekoa eta jasotako dirulaguntzaren zenbatekoa adierazi beharko dituzte.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen dirulaguntza jasotzekoa den jardun-lerroari dagozkion ekintzak egin direla azaltzeko memoria, haien ezaugarri nagusiak eta ingurumen-arloko helburuen betetze-maila azalduta. Ingurumeneko etekinen kasuan, inpaktuen murrizketa eta egiazko ingurumen-presioak zenbatestea –adierazleak–, a priori ezarritako helburuekin alderatuta, 18. artikuluan zehaztutako baldintzen pleguan adierazitakoaren arabera. Diruz lagundutako ekintzaren izaeraren arabera, jarduketaren aurretik eta ondoren egindako argazkiak jasoko dira memorian, ahal den guztietan. Proposamenean aurreikusitako ekintzen exekuzio-maila balioetsi ahal izateko adina informazio eman beharko dute, aurreikuspenen eta azkenean egindako jarduketen irismenaren arteko alderaketa barne.

c) Diruz lagundutako gastua benetan egin dela egiaztatzen duten fakturak edo ordainagiriak. Fakturetan, edo, hala dagokienean, ordainketa-egiaztagirietan, fakturatutako zenbatekoak zehaztuta agertuko dira, eta kontzeptuak banakatuta eta unitateko prezioekin. Hala, aurkeztutako dokumentazio teknikoa alderatu ahal izango da.

d) Diru-sarreren eta gastuen zerrenda. Gastu-zerrendan, fakturatutako kontzeptuak nahikoa zehaztu beharko dira, diruz lagundutako gastuei dagozkien zenbatekoak eta besteak bereizi ahal izateko.

e) Diruz lagundutako ekimenaren berri emateko egindako komunikazio- eta publizitate-ekintzei buruzko memoria deskribatzailea.

f) Proiektuan sortutako materialen kopia, azterlan eta txostenak, zabalkunde eta komunikaziorako materialak eta abarrak barne.

g) Georreferentziatutako informazioari dagokionez, kartografia shape formatuan eta ETRS89 proiekzioan aurkeztu behar dute. Kartografia-informazioko metadatuen fitxa bat bete beharko da kartografiako geruza bakoitzeko (https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/instrucciones_documentacion/eu_def/adjuntos/formulario_metadatos_eu_g.pdf).

h) Lurzoruen gaineko proiektuen kasuan, diruz lagundutako jardueraren kokapenari dagokion lurzoruaren kalitatea deklaratzeko espedientea hasteko eskabidearen kopia.

i) Karbono-xurgapena sustatzen duten ekintzen bidezko klima-aldaketako proiektuen kasuan, proiektuaren iraunaldian karbonoa xurgatzeko helburuak betetzea bermatzen duen kudeaketa-plana erantsi beharko dute.

j) Natura-ondarearen lerroko ekintzen kasuan, eta lursailen erosketa ere barne sartzen bada, erakunde onuradunak Jabetzaren Erregistroko ziurtagiria erantsi beharko du.

k) Ekonomia zirkularreko proiektuen kasuan, jakiak alferrik ez galtzea sustatzera edo/eta ezartzera bideratutako mekanismoen ingurukoak badira, udalerrian alferrik galtzen den jakien benetako kalkulua eta horretarako metodologia jaso beharko dituzte.

3.– Jasangarritasunerako hezkuntzaren proiektuak sustatu dituzten erakunde onuradunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte dirulaguntza justifikatzeko:

a) Toki-erakundearen Idazkaritzak egindako ziurtagiria, dirulaguntzaren xedea bete dela eta bestelako dirulaguntzarik lortu duten adierazten duena. Bestelako dirulaguntzarik lortu badute, ziurtagirian laguntza eman duen organoa, emandako dirulaguntzaren gehieneko ehunekoa eta jasotako dirulaguntzaren zenbatekoa adierazi beharko dituzte.

b) Azalpen-memoria –eskuragarri dago Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren egoitza elektronikoan– jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroari dagozkion ekintzak egin direla adierazteko eta haien ezaugarri nagusiak eta ezarritako helburuen betetze-maila azaltzeko. Memoria horretan, lauki batean bilduko dira ikastetxeek udalei egindako proposamenak, udalek hartutako konpromisoak eta aurreko ekitaldietan hartutako konpromisoen betetze-mailaren jarraipena. Udalerri bakoitzak, halaber, jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroaren jarduna azaltzeko memorian bildutako koordinazio-gakoei buruzko informazioa eman beharko du.

c) Diruz lagundutako proiektuaren fakturak. Ziurtagirietan fakturatutako zenbatekoak zehaztuta agertuko dira, eta kontzeptuak banakatuta eta unitateko prezioekin. Hala, aurkeztutako dokumentazio teknikoa alderatu ahal izango da.

d) Diru-sarreren eta gastuen ziurtagiria. Gastu-justifikazioan, fakturatutako kontzeptuak behar bezala zehaztuta azaldu beharko dira, diruz lagundutako gastuei dagozkien zenbatekoak eta halakoei ez dagozkienak bereizi ahal izateko.

e) Proiektuan sortutako ikasmaterialen eta dibulgaziokoen kopia, formatu digitalean; horrekin batera, zerrenda batean, adieraziko da horietatik zein izan daitezkeen material edo baliabide didaktiko erabilgarriak hezkuntza-komunitatearentzat.

23. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Lurzoru kutsatuen, klima-aldaketaren, natura-ondarearen eta ekonomia zirkularraren lerroetan, honela ordainduko da onartutako dirulaguntza:

a) Ordainketaren lehen aurrerakina, dirulaguntzaren % 33, dirulaguntza onartu ostean, 17. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

b) Ordainketaren bigarren aurrerakina, dirulaguntzaren % 33, 2022ko urriaren 31 baino lehen.

c) Hirugarren ordainketa, dirulaguntzaren % 33, 2023ko ekitaldian egingo da, 22.2 artikuluan ezarritako frogagiriak aurkeztu eta aztertu ondoren.

2.– Jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroan, honela ordainduko da dirulaguntza: dirulaguntzaren % 50, laguntza onartutakoan; gainerako zatia, berriz, 22.3 artikuluan zehazten den dokumentazio egiaztagarria 2022ko irailaren 15aren aurretik aurkezten denean, eta haren analisia egin eta gero.

3.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean jasota egon beharko du. Alta eman edo hirugarren interesduneko datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrenentzako erregistro telematikora jo beharko da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

24. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Baldin eta erakunde onuradunak ez badu Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren dirulaguntza eskatutako eta emandako xede espezifikorako erabiltzen, ez badu dirulaguntza ematea eragin zuen jarduera egiten, ez badu justifikatzen dirulaguntza jaso zuen xederako baliatu duela, edo, oro har, ez badu betetzen erakunde eskudunak ezarritako baldintzaren bat, erakunde horrek dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu duela adieraziko da, betiere aldez aurretik interesdunari entzun ondoren; gainera, hala badagokio, dagokion zenbatekoa itzuli beharko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, gehi legezko berandutze-interesak, proportzionaltasun-printzipioari jarraikiz betiere, hala ezarrita baitago azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, zeinaren bidez onartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako dirulaguntzen berme eta itzulketei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan.

2.– Lurzoru kutsatuen lerroan, ez-betetzetzat joko da eskatzaileari egotz dakiokeen kausaren batengatik lurzoruaren kalitate-adierazpenaren prozedura amaitu ezin izatea, dirulaguntza eman denetik 5 urte igaro badira.

3.– Era berean, onuradunak itzuli egin beharko du dirulaguntza honen xede den jardueraren kostuaren gainetik jasotako diru kopurua, beste laguntza edo dirulaguntza batzuekiko bateragarritasun-muga gainditzen bada, 8. artikuluan adierazitakoarekin bat; horrez gain, zehapenak eta kalte-ordainak ordainarazi ahal izango zaizkio, sortutako kalteengatik, eta, hala badagokio, zigor-erantzukizuna eskatu ahal izango zaio. Aipatutako zenbatekoek diru-sarrera publikoen izaera izango dute, dagozkien ondorioetarako.

4.– Ezarritako baldintzak partez betetzen badira, eta onuradunak argi eta garbi konpromisoak betetzeko jardun duela egiaztatzen bada, dirulaguntzaren zati bat ordainduko da, edo, hala badagokio, zati bat itzuliko da, eta egindako jarduera osoak guztizkoarekiko duen proportzioa kalkulatuko da. Kasu horretan, onuradunak kobratzeko eskubidea duen zenbatekoa benetan eta behar bezala justifikatuta eman den dirulaguntzaren zenbatekoa izango da, erakunde emaileak justifikazioa egiaztatu eta onartu ondoren.

25. artikulua.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, hala xedatzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoarekin bat etorriz.

XEDAPEN GEHIGARRIA

3. artikuluan ezarritako zenbatekoak handitu ahal izango dira, eskatutako dirulaguntzen guztizko zenbatekoa kontuan harturik, betiere Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren programak gauzatzean agortu ez den aurrekontu baliabiderik izanez gero, eta dirulaguntzei buruzko ebazpena eman baino lehen. Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearen ebazpen bidez emango da horren berri.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan berariaz ezarrita ez dagoen guztian, honako hauetan jasotako xedapenak izango dira aplikagarriak: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onesteko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan, zeinaren bidez onartzen baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 21a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala