Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

192. zk., 2021eko irailaren 24a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
4908

AGINDUA, 2021eko irailaren 2koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez laguntzak iragartzen eta arautzen baitira osasunaren arloko irabazi-asmorik gabeko erakundeen eraketarako edo funtzionamendurako eta osasun-langileen etengabeko prestakuntzako jarduerak antola ditzaten 2021ean.

Biztanleriari osasun-arreta egokia ematea faktore askoren mende dago; horien artean, osasun-arloko langileen gaikuntza nabarmentzen da, eta, horretarako, kalitatezko prestakuntza-prozesu bat behar da.

Osasungintzako profesionalen eskubidetzat eta betebehartzat hartzen den etengabeko prestakuntza (44/2003 Legea, azaroaren 21ekoa, lanbide sanitarioak antolatzeari buruzkoa), gaur egun, ohiko eta beharrezko jardueratzat hartzen dute osasunaren, hezkuntzaren, elkarteen eta korporazioen arloetako erakundeek eta profesionalek berek. Osasun- eta gaixotasun-prozesuen ezagutzak, prozesu horiek baldintzatzen dituzten alderdiak, eredu epidemiologikoak eta erabiltzen diren teknologien berrikuntzak ez ezik, osasun-sistemen eta, oro har, gizarte-sistemen antolaketa ere etengabe aldatzen ari denez, profesionalaren konpetentziak betebehar etiko gisa mantendu eta etengabe hobetu behar dira, profesional horren esku dauden herritarrei ahalik eta arreta hoberena eskaintzeko. Etengabeko prestakuntza oso tresna ahaltsua da helburu hori lortzeko.

Halaber, prestakuntza-jarduerak antolatuz, profesionalen arteko komunikazioa errazten duten topaguneak sustatzen dira, eta, hala, ezagutzaren hedapena kudeatzen da, bilera zientifikoak, ikastaroak, jardunaldiak eta abar antolatuta.

Deialdi honetan diruz laguntzekoak diren jarduerek bat etorri behar dute Osasun Sailak legegintzaldi honetarako finkatutako ildo estrategikoekin.

Bestalde, Osasun Sailaren ustez, gaixotasunak dituzten pertsonen osasuna eta ongizatea hobetzeko, onuragarria eta ezinbestekoa da laguntzea osasunaren esparruan diharduten profesionalen elkargoak, irabazi-asmorik gabeko elkarteak eta egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten osasun-espezialitateetako irabazi-asmorik gabeko erakunde zientifikoak, osasun arloko profesionalei prestakuntza eman diezaieten, beren ezagutza teknikoa eguneratu edo osasun-ikerketa bultzatu dezaten.

Deialdi hau Osasun Sailaren 2021eko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago. Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren arabera, arlo sanitarioko profesionalen prestakuntza hartzen da dirulaguntzen jarduera-eremu handienekotzat.

Agindu honetan aurreikusitako jarduerak diruz laguntzeko, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2021eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorretan horretara bideratutako aurrekontu-kredituetatik datozen baliabide ekonomikoak daude.

Kontuan hartuta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren abenduaren 15eko 6/05 Zirkularra –Europar Batasunean egin beharreko izapideen kontrolari buruzkoa–, deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzak ezin dira estatu-laguntzatzat hartu, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko (EBFT) 107.1 artikuluan xedatutakoaren arabera; izan ere, deialdiaren bidez diruz lagun daitezkeen xedeen edo jardueren helburua ezin da jarduera ekonomikotzat hartu, hezkuntza- eta ikerketa-jarduerak direlako.

Xedapen hauek izan dira kontuan: aplikatzeko oinarrizkotzat jotzen diren manuei dagokienez, 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa, eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako lege horren Erregelamendua; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen berme eta ordainketen erregimena arautzen duena, eta oro har aplikatu behar diren gainerako arauak.

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da ekintza hauen ondoriozko gastuak finantzatzeko laguntzak arautzea eta horien deialdia iragartzea:

a) Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten irabazi-asmorik gabeko profesionalen elkargoen, elkarteen eta erakunde zientifikoen eraketa edo funtzionamendua, osasun-arloko profesionalei prestakuntza eta eguneratze teknikoa ematen dietenak edo osasun-ikerketa sustatzen dutenak, betiere.

b) Osasun-arloko profesionalei zuzendutako etengabeko prestakuntzako jarduerak antolatzea 2021. urtean, Euskal Autonomia Erkidegoan.

2. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura eta organo kudeatzailea.

Laguntzak azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako EAEONALTBren 51.4 artikuluan adierazitako lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira. Horretarako, modalitate bakoitzean aurkeztutako eskabideak konparatuta emango dira laguntzak, haien artean lehentasuna ezartzeko. Lehentasun hori ezarriko da, batetik, agindu honetako dagokion kapituluan eskabide bakoitzerako ezartzen diren balioespen-irizpideen arabera, eta, bestetik, balioespen-fasean, gutxienez, gehieneko puntuazioaren erdia lortu duten eskabideei bakarrik esleituz laguntzak, harik eta modalitate bakoitzari esleitutako kredituak agortzen diren arte, hala gertatuz gero.

Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak kudeatuko ditu laguntzok.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Agindu honen helburua erdiesteko, hirurogeita hemeretzi mila laurehun eta bederatzi euro (79.409,00) erabiliko dira 2021. urtean. Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan hartarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik etorriko dira baliabide ekonomiko horiek, eta honela banatuko dira:

a) Erakundeen eraketa edo funtzionamendurako laguntzak: hogeita hamaika mila zazpiehun eta hirurogeita lau (31.764,00) euro.

b) Etengabeko prestakuntzako jarduerak antolatzeko laguntzak: berrogeita zazpi mila seiehun eta berrogeita bost (47.645,00) euro.

Erakundeen eraketarako edo funtzionamendurako a) laguntzak jasotzea bateraezina izango da etengabeko prestakuntzako jarduerak antolatzeko b) laguntzak jasotzearekin.

2.– Baldin eta, agindu honetako laguntza-modalitateren baten deialdia ebatzi ondoren, soberakinak geratuko balira, artean ebatzi gabeko gainerako modalitateen zuzkidurak handitzeko erabili ahal izango dira soberakin horiek.

Egoera hori gertatuz gero, horren berri emango da Osasuneko sailburuordearen ebazpen baten bidez.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, honako hauek izan daitezke laguntza hauen onuradun: egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izan eta osasun arloan diharduten profesionalen elkargoak, elkarteak eta erakunde zientifikoak, guztiak ere irabazi-asmorik gabeak, osasun-profesionalei prestakuntza eta eguneratze teknikoa ematen dietenak edo osasun-ikerketa sustatzen dutenak, betiere.

2.– Ezingo dira lege honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan honako egoera hauetako batean dauden erakundeak:

a) Zehapen administratibo edo penala izateagatik dirulaguntzak eta laguntza publikoak jasotzeko aukera galdu duten elkarteek ezin izango dute deialdian parte hartu epai edo ebazpen irmoak ezarritako aldian. Era berean, ez dute parte hartzerik izango horretarako ezgaitzen dituen legezko debekuren bat duten erakundeek, sexu-bazterkeriagatik ezarritako debekuak barne.

b) Borondatezko konkurtsoa deklaratzeko eskaria egin dutenak, prozeduraren batean kaudimengabekotzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak, salbu eta horretan itun batek eragingarritasuna hartu badu, epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta daudenak, konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe badago.

c) Errudun deklaratuak izanik, hori eragin duen kausa dela eta, Administrazioarekin egindako kontratu oro suntsitzea eragin dutenak.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak, honako lege hauetan jasotako kasuren batean badaude: 3/2015 Legea, martxoaren 30ekoa, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena; 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena, edo, Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak badituzte, lege horretan edo Kargu Publikodunen Jokabide-kodea eta haien Interes Gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean zehaztutako baldintzetan edo alderdi horiek arautzen dituzten foru-arauetan zehaztutakoetan.

e) Zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez dituztenak, hauetan xedatu bezala: Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.2 artikulua, eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua; zehazki, haren 18. artikulua, zerga-betebeharren betetzea arautzen duena, eta 19. artikulua, Gizarte Segurantzarekikoez arduratzen dena.

f) Egoitza fiskala araudiaren arabera zerga-paradisu gisa sailkatutako lurralde edo herrialderen batean dutenak.

g) Epe exekutiboan dirulaguntzak itzultzeko obligazioen ordainketak egunean ez dituztenak, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 21. artikuluan xedatu bezala.

h) Egoera hauetan dauden enpresek ezin dituzte dirulaguntza hauek jaso: zuzentzen dituzten pertsonak edo beste zirkunstantzia batzuk direla eta, pentsa badaiteke pertsona edo zirkunstantzia horiek tarteko izan dituzten beste enpresa batzuen jarraipena direla edo, eraldaketa, bat-egite edo ondorengotzaren ondorioz, horietatik eratorriak.

3.– Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten erakunde eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela ofizioz egiaztatuko du Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (EAEONALTB) 50.3 artikuluak xedatzen duenari jarraikiz. Erakundeak horren aurka espresuki egiten badu, dagozkion dokumentuak aurkeztu beharko ditu.

4.– Goragoko puntuetan zehaztu diren debekuen balioespenari, justifikazioari, adierazpenari eta irismenari dagokienez, eta, oro har, onuradunen eskakizunei buruz deialdi honetan zehaztu gabekoetan, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluan adierazitako guztia aplikatuko da, lege hori oinarrizkoa baita.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Jarduera hauetarako eskatu ahal izango dira laguntzak:

a) Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten profesionalen elkargoak, osasun-arloan diharduten irabazi-asmorik gabeko elkarteak eta osasun-espezialitateetako irabazi-asmorik gabeko erakunde zientifikoak 2021. urtean eratzeko edo horien funtzionamendurako, osasun arloko profesionalei prestakuntza eta eguneratze teknikoa ematen dietenak edo osasun-ikerketa sustatzen dutenak, betiere.

Erakundeak eratzeko gastuen artean, hauek sartuko dira: erakundea prestatzeko egindako bileretan eta horren berri ematean sortutakoak; notariotzetan eta erregistro publikoetan egindako jarduketak, obligazio fiskalak –ez badira, betiere, gastuak berreskuratzea edo konpentsatzea ekar dezaketen zeharkako zergak, ez eta errentaren gaineko zerga pertsonalak–; langileria- eta administrazio-gastuak.

Erakundeen funtzionamendu-gastutzat hartuko dira beren administrazio-jardueretan antolatutako bilkurek, langileek, argitalpenek, Zuzendaritza Batzordeko kideen joan-etorriek eta amortizazioek eragindakoak.

Ez dira funtzionamendu-gastutzat hartuko gastu sozialak –hala nola otorduak– eta protokolo-gastuak, ez eta erakunde eskatzaileak emandako beka, sari edo laguntzen ondoriozkoak ere.

b) Osasun-arloko langileei bideratutako etengabeko prestakuntzako jarduerak antolatzea, hauek esaterako: 2021. urtean, Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren kongresuak, sinposioak, jardunaldiak, mintegiak, hitzaldiak, ikastaroak eta tailerrak.

Dirulaguntza-deialdira aurkeztuko diren prestakuntza-jarduerek Lanbide Sanitarioen Etengabeko Prestakuntzako Euskal Kontseiluaren edo beste autonomia-erkidego bateko erakunde baliokide baten ziurtapena izan behar dute, edo dagokion erakundeari ziurtapen-eskabidea aurkeztuta izan beharko dute, ziurtapen-prozeduran finkatutakoaren arabera eska daitezkeen dokumentu guztiekin batera, eskabideak aurkezteko epearen azken eguna baino lehen.

Hauek ez dira diruz lagunduko: ekitaldia egingo den egoitzaren alokairua, baldin eta egoitza erakunde onuradunarena bada; gastu sozialak, hala nola bertaratutakoen otorduak, hizlarienak izan ezik; ekintza ludikoak, eta protokolo-gastuak. Halaber, ez dira diruz lagunduko erakundeek beren estatutu eta arautegiei jarraikiz gauzatutako ohiko bilerak.

2.– Diruz laguntzekoak diren prestakuntza-jarduerek bat etorri behar dute legealdi honetarako Osasun Sailak dituen ildo estrategikoekin:

a) Kudeaketa sanitarioa: kostu sanitarioen eta ospitale-kostuen kudeaketa eta kontrola; marketina; giza baliabideak; zerbitzu sanitarioen produktibitatea eta plangintza; kalitatearen kontrola; arreta soziosanitarioa; langile sanitarioen arriskuak; erakunde sanitario motak; kudeaketa sanitarioko politikak; plangintza estrategikoa; zerbitzu sanitarioen ikuskapena, eta kudeaketaren tratamendu informatikoa.

b) Osasun publikoa: nabarmendu behar dira haurren obesitatearen eta elikadura-nahasmenduen prebentzioa; tresna metodologikoen ezarpena (estatistika eta epidemiologia), eta plangintza eta ebaluazioa (beharra, eskaintza eta eskaria, efikazia, eraginkortasuna, efizientzia eta ekitatea, adierazleak, gaixotasunen prebentzio- eta babes-estrategiak, eta osasunaren sustapena).

c) Zainketa aringarriak: alderdi kulturalak, sanitarioak, psikosozialak, legezkoak eta etikoak; zainketa aringarrietako zerbitzuen kudeaketa; ikerketa, sintomen kontrola eta erabakiak hartzea.

d) Familia eta komunitateko medikuntza: horren garapena sustatu eta bultzatzea.

e) Integrazio asistentziala: zainketa sanitarioak antolatzea, pazienteen emaitzak hobetzea helburu hartuta, bereziki prozesu asistentzialak integratuz, Euskadiko Arreta Integratuaren Planean jasotakoaren arabera.

f) Suizidioa prebenitzeko estrategiak: https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/publicaciones_otros/eu_def/adjuntos/Plan_prevencion_suicidio-eu.pdf

g) Euskadiko Onkologia Planeko ekintzak: https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/plan_oncologico_2018_2023/eu_def/adjuntos/euskadi-onkologia-plana-2018-2023.pdf

h) Dementzia neurodegeneratiboak: Alzheimer-en gaixotasuna, Parkinson-en gaixotasuna eta bestelako parkinsonismoak, alboko esklerosi amiotrofikoa (AEA) eta esklerosi anizkoitza.

i) Gaixotasun neuromuskularrak: Duchenne-ren muskulu-distrofia, Steinert-en gaixotasuna, muskulu-atrofia espinala eta miastenia larria.

j) Generoa eta osasuna: generoaren eta osasunaren arloko prestakuntza integrala, zeinaren helburua baita zerbitzu sanitarioetako jarduera asistentzialean, plangintzan eta kudeaketan genero-ikuspegia txertatzea, arlo horretako ikerketa-proiektuak egin eta ebaluatzea, ezagutza zientifikoa handituko duten osasunaren eta generoaren arloko ikerketak proposatu eta gauzatzea, eta arlo sanitarioan genero-indarkeriako kasuak detektatu eta tratatzea.

k) Eutanasia.

l) Kalitate hobea erdiestea osasun-prestakuntza espezializaturako sisteman. Irakasleentzako prestakuntza.

3.– Diruz lagundu daitezkeen gastuei dagokienez, DLOren 31. artikuluan eta 29. artikuluan azpikontratatzeko aukeraren inguruan (DEOren 68. artikuluarekin lotuta) xedatutakoaren araberakoak izan beharko dute.

4.– Adjudikatzeko irizpideak.

Honako irizpide hauetan oinarriturik esleituko dira laguntzak, eta honako haztapen hauekin:

a) Erakundeen eraketa eta funtzionamendurako laguntzak:

a.1.– 2021. urtean egindako prestakuntza-jarduerengatik 45 puntu emango dira gehienez, betiere bat badatoz artikulu honetako 2. puntuan zehaztutako ildo estrategikoekin:

– Kongresua.

– Ikastaroa.

– Jardunaldia.

– Mahai-ingurua.

– Mintegia.

– Saio klinikoak.

– Sinposioa.

– Tailerra.

Egindako jarduera bakoitzagatik puntu 1 emango da. Lehen aipatutako jardueraren bat beste baten barruan sartuta badago, puntu bat gehiago emango da jarduera bakoitzagatik.

a.2.– Lanbide sanitario multiprofesionaletako erakunde zientifikoak izateagatik, gehienez 15 puntu, baldin eta erakundeak lanbide sanitario bat baino gehiago biltzen baditu.

a.3.– Erakundearen jardun-eremu geografikoa: gehienez 15 puntu. 15 puntu beren jarduera-eremuan, gutxienez, Euskal Autonomia Erkidego osoa barne hartzen duten erakundeentzat, eta 10 puntu, lurralde-eremu txikiagoan jarduten dutenentzat.

a.4.– Erakundeko kide kopurua: 20 puntu gehienez, honela banatuta:

20 puntu, hirurehun kide edo gehiago dituzten erakundeei.

15 puntu, berrehun baino gehiago baina hirurehun baino gutxiago dituztenei.

10 puntu, ehun baino gehiago baina gehienez berrehun dituztenei.

5 puntu, 100 baino gutxiago dituztenei.

a.5.– Zientzia eta osasunaren arloko aldizkako argitalpenak egitea, paperezkoak edo digitalak, 5 puntu.

b) Etengabeko prestakuntzako jarduerak antolatzeko laguntzak:

b.1.– Prestakuntza-jarduerak lortutako kreditu kopurua, Lanbide Sanitarioen Etengabeko Prestakuntzako Euskal Kontseiluak edo beste autonomia-erkidego batzuetako erakunde publiko ziurtatzaileek gauzatutako ziurtapen-prozesuaren barruan; gehienez, 100 puntu. Baloratu beharreko eskabidean lortutako kreditu kopuruaren puntuazioa bihurtzeak emango du puntuazioa. Beraz, dirulaguntza-eskabidea aurkeztu duten mota eta modalitate bereko prestakuntza-jarduerengatik lortutako kreditu kopuru handienari gehieneko puntuazioa (100 puntu) emango zaio, eta, hortik aurrera, proportzionalki aplikatuko da.

Bestela esanda, formula honen arabera esleituko dira puntuak:

b.2.– 100 puntu eskuratuko ditu diruz laguntzekoa den mota eta modalitate bereko prestakuntza-jardueren bidez lortutako kreditu kopuru handienak.

b.3.– Gainerakoa formula honen arabera haztatuko da:

Lortutako puntuazioa = 100 x diruz laguntzekoa den prestakuntza-jardueran lortutako kreditu kopurua / diruz lagunduko den gisa eta modalitate bereko prestakuntza-jardueretan lortutako kreditu kopuru handiena.

Behin baino gehiagotan antolatu diren prestakuntza-jardueretan, honela kalkulatuko da lortutako kreditu kopurua: lehenengo edizioan lortutako kreditu kopurua bider 2021. urtean egin eta egiaztatutako edizio kopurua (lau gehienez).

6. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

1.– Erakundeen eraketarako edo funtzionamendurako a) laguntzak jasotzea bateraezina izango da etengabeko prestakuntzako jarduerak antolatzeko b) laguntzak jasotzearekin.

2.– Agindu honen bidez araututako dirulaguntzak ematea bateragarria izango da beste administrazio publiko edo erakunde publiko zein pribatu batzuek –Espainiakoak zein nazioartekoak– xede bererako emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin, baldin eta, bakarka hartuta zein batera, diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen ez bada. Hala ere, eskabidean zehaztutako defizitetik gorakoa bada lortutako laguntzen guztizkoa, Osasun Sailak emandako laguntzatik kenduko da zenbateko horretatik gorakoa.

3.– Laguntzaren onuraduna den erakundeak xede bererako bestelako laguntzarik lortzen badu, horren berri izan bezain laster, Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari jakinarazi beharko dio.

7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta lekua.

1.– Hilabetekoa da eskabideak eta gainerako dokumentu osagarriak aurkezteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira; horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskura dagoen formulario normalizatua bete behar da: https://www.euskadi.eus/servicios/0086307.

Helbide honetan daude Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: http://euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Eskabide bakarra egingo da diruz laguntzekoa den prestakuntza-jarduera bakoitzeko, aintzat hartu gabe jarduera hori zenbat aldiz antolatu den 2021. urtean.

Nahiz eta erakunde eskatzaileek bi modalitateetarako aurkeztu eskabideak, modalitate horietako bakarraren onuradun baino ezin izango dira izan, betiere eman beharreko zenbateko handiena duenarena.

3.– Erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta horri erantsi beharreko gainerako dokumentuak. Orobat, eskabidea aurkeztu izanaren ondoriozko jarduketetan eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluak ezartzen duenari jarraituz.

4.– Eskabidearen bidez, ulertuko da erakundeak baimena eman ahal izango diola organo kudeatzaileari, dagokion administrazio publikoan kontsultatu edo eskatu ditzan erakundearen nortasun-datuak, eta, halaber, egiazta dezan betetzen direla administrazio publikoek egindako dokumentuetan agertzen diren eskakizunak. Ez badu baimenik ematen, erakundeak ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu nahitaez.

5.– Organo kudeatzaileak behar beste egiaztapen egin ahal izango ditu prozedura legezkoa dela bermatzeko.

6.– Aginduan eskatzen den edo erakunde eskatzaileak aurkeztu nahi duen bestelako dokumentu oro euskarri elektronikoan bidali beharko da, aurreko artikuluan deskribatutako prozeduraren arabera.

7.– Eskabidean, erantzukizunpeko adierazpen hauek jasoko dira:

a) Beste administrazio edo erakunde batek –publikoa zein pribatua izan– helburu bererako ematen dituen dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatuz eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri emango duela.

b) Egiaztatzea erakundea ez dagoela sartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, horren erakunde autonomoek edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi diren eta amaitu gabe dauden itzulketa- edo zehapen-prozeduretan.

c) Egiaztatzea erakunde eskatzaileak ez duela laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzea eragozten duen zigor administratibo edo penalik, epai edo ebazpen irmoak ezartzen duen aldian, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean jasota dagoen debekua barne.

d) Benetakoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan jarritako datuak, eta betetzen dituela erakundeak indarreko legedian laguntzen onuradun izateko ezarritako eskakizunak.

e) Erakundea legez eratuta eta inskribatuta dagoela dagokion erregistro publikoan (erregistroa, erregistro-zenbakia eta erregistro-eguna adierazita).

8.– Eskabideak aurkezteak adierazten du espresuki eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarriak definitzen dituzten baldintzak.

9.– Eskatutako dokumentuak:

a) Erakundeen eraketarako edo funtzionamendurako laguntza-eskabidearekin batera, hauek aurkeztuko dira:

– Behar bezala legeztatutako estatutuen kopia.

– Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu daiteke (izapidetze elektronikora behartuta daudenek hala egin beharko dute), egoitza elektronikoan ere eskuragarri dagoen zerbitzuaren bidez; hau da helbidea: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

– Eskabidea egiten den unean organo betearazleak eta zuzendaritza-organoak osatzen dituzten pertsonen izenen zerrenda.

– Erakundearen 2020. urteko balantzea, diru-sarrerak eta gastuak adierazita, eta bazkideen kuotak eta helburu bererako bestelako finantza-iturriak zehaztuta (I. eranskina).

– Erakundearen 2021. urterako gutxi gorabeherako balantzea, diru-sarrerak eta gastuak adierazita, eta bazkideen kuotak eta helburu bererako bestelako finantza-iturriak zehaztuta (I. eranskina).

– Erakundearen datuak eta jarduerak (III. eranskina).

b) Etengabeko prestakuntzako jarduerak antolatzeko laguntza-eskabidearekin batera, hauek aurkeztuko dira:

– Prestakuntza-jardueren deskribapena (agindu honen II. eranskina).

– Prestakuntza-jarduerak antolatzeari dagokion diru-sarreren eta gastuen balantze xehatua (I. eranskina).

8. artikulua.– Eskabidea zuzentzea eta hobetzea.

Eskabideak ez baditu betetzen agindu honetan eskatutako baldintzak, hamar egun emango zaizkio erakunde eskatzaileari akatsak zuzen ditzan, eta, zuzendu ezean, jakinaraziko zaio eskabidea bertan behera utzi duela ulertuko dela.

Eskabidea aurkeztu ondoko izapideak eta jakinarazpenak, zuzenketak barne, «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

Administrazioak eskabide horiei buruzko berariazko ebazpen bat eman eta jakinarazi beharko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 68. eta 21. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

9. artikulua.– Eskabideak ebaluatzea.

1.– Aurkeztutako eskabideak ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat sortuko da, zeinaren hasierako osaera agindu honetan emango baita aditzera eta aldaketak EHAAn argitaratuko baitira, interesdunei bertako kideak errekusatzeko eskubidea gauzatzeko aukera bermatzeko, urriaren 1eko 40/2015 Legearen (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea) 23. eta 24. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

2.– Balorazio Batzordearen osaera:

a) Batzordeburua: Miguel Sánchez Fernández jauna, Osasun Saileko Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendaria.

Ordezkoa: Antonia Daza Gutiérrez andrea, Osasun Saileko Irakaskuntza eta Lanbide Garapeneko Zerbitzuko burua.

b) Batzordekideak:

– Víctor Bustamante Madariaga jauna, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Asistentzia Sanitarioko zuzendaria.

Ordezkoa: Andoni Arcelay Salazar jauna, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritzako teknikaria.

– Rafael Andrés Barruso jauna, Osasun Saileko Irakaskuntza eta Lanbide Garapeneko Zerbitzuko laguntzen teknikari arduraduna.

c) Idazkaria: Javier Latorre Guinea jauna, Osasun Saileko Irakaskuntza eta Lanbide Garapeneko Zerbitzuko teknikaria.

3.– Batzordeak, laguntza-modalitate bakoitzerako aurreikusitako balorazio-irizpideak aplikatuz, formulatu diren eskabideak ebaluatu eta dagokion ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Osasuneko sailburuordeari.

10. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

a) Erakundeen eraketarako edo funtzionamendurako laguntzak baremo honen arabera kuantifikatuko dira, ezarritako gehiengoak gainditu gabe eta ezarritako kredituak heltzen diren arte:

– Lortutako puntuazioa 85 puntutik 100era bitartekoa bada, eskabidearekin batera aurkeztutako aurrekontuko defizitaren ehuneko 90 finantzatuko da.

– Lortutako puntuazioa 75 puntutik 84ra bitartekoa bada, ehuneko 80 finantzatuko da.

– Lortutako puntuazioa 60 puntutik 74ra bitartekoa bada, ehuneko 70 finantzatuko da.

– Lortutako puntuazioa 50 puntutik 59ra bitartekoa bada, ehuneko 60 finantzatuko da.

– Balorazioan gutxienez 50 puntura iristen ez diren eskabideak ez dira finantzatuko.

Ezingo da inola ere 11.000,00 eurotik gorako laguntza eman. Eskabidearekin batera aurkeztutako balantzean jasotzen den defizita baino handiagoa bada zenbateko hori, aurrekontuko defizitaren zenbatekoa ordainduko da.

Dirulaguntza-lerro horretako laguntzen batura handiagoa bada dagoen aurrekontua baino, eta baremoan ezarritako gutxieneko puntuazioa gainditu duten proiektu guztiei diruz lagundu nahirik, ehuneko berean gutxituko da emandako laguntza bakoitza, baldin eta aldatzen ez badira dirulaguntzaren baldintzak, xedea eta zertarakoa.

b) Erakundeek etengabeko prestakuntzako jarduerak antolatzeko laguntzak baremo honen arabera kuantifikatuko dira, ezarritako gehiengoak gainditu gabe eta ezarritako kredituak heltzen diren arte:

– Lortutako puntuazioa 85 puntutik 100era bitartekoa bada, eskabidearekin batera aurkeztutako aurrekontuko defizitaren ehuneko 60 finantzatuko da.

– Lortutako puntuazioa 75 puntutik 84ra bitartekoa bada, ehuneko 50 finantzatuko da.

– Lortutako puntuazioa 60 puntutik 74ra bitartekoa bada, ehuneko 40 finantzatuko da.

– Lortutako puntuazioa 50 puntutik 59ra bitartekoa bada, ehuneko 30 finantzatuko da.

– Balorazioan gutxienez 50 puntura iristen ez diren eskabideak ez dira finantzatuko.

Kongresuak antolatzeko, gehienez 5.400,00 euro emango dira. Aurrez aurreko modalitatean eta modalitate mistoan ematen diren gainerako prestakuntza-jardueretarako, gehieneko kopuru hori 3.000,00 eurokoa izango da, eta online egiten diren prestakuntza-jardueretarako, berriz, 1.500,00 eurokoa.

Aurkeztutako aurrekontuan jasotzen den defizita baino handiagoak badira zenbateko horiek, aurrekontuko defizitaren zenbatekoa ordainduko da.

Laguntza kuantifikatzeko, hauek ez dira kontuan hartuko: ekitaldia egingo den egoitzaren alokairua, baldin eta egoitza erakunde onuradunarena bada; gastu sozialak, hala nola bertaratutakoen otorduak, hizlarienak izan ezik; ekintza ludikoak, eta protokolo-gastuak. Halaber, ez dira diruz lagunduko erakundeek beren estatutu eta arautegiei jarraikiz gauzatutako ohiko bilerak.

Dirulaguntza-lerro horretako laguntzen batura handiagoa bada dagoen aurrekontua baino, eta baremoan ezarritako gutxieneko puntuazioa gainditu duten proiektu guztiei diruz lagundu nahirik, ehuneko berean gutxituko da emandako laguntza bakoitza, baldin eta aldatzen ez badira dirulaguntzaren baldintzak, xedea eta zertarakoa.

11. artikulua.– Ebazpena.

1.– Lehiaketa-prozedura Osasuneko sailburuordeak ebatziko du, balorazio-batzordearen proposamena aintzat hartuta.

2.– Ematen den ebazpenak zehaztuko du eskatutako dirulaguntzei baiezkoa ala ezezkoa ematen zaien; baiezkoa bada, erakunde onuraduna, bere identifikazio fiskala, diruz lagundutako jarduera edo ekitaldia eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztu beharko dira. Ukatuz gero, berriz, ukatzeko arrazoiak adieraziko dira.

3.– Prozedura bakoitzean ematen den ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratuko da, hiru hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik aurrera. Epe hori igarota ebazpenik argitaratu ez bada, erakunde interesdunek euren eskabidea ezetsi dela ulertu ahal izango dute, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 25.5 artikuluan xedatutakoari jarraituz, hargatik eragotzi gabe Administrazioak berariaz ebazteko duen betebeharra.

Ebazpenak elektronikoki jakinaraziko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

4.– Dagokion prozeduraren ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari eta horren aurka erakunde interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan zehaztutakoari jarraituz.

5.– Erakunde onuradunak hamar egun naturaleko epea izango du, laguntzak emateko ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, laguntzari berariaz eta idatziz uko egiteko. Bestela, onartu egin duela ulertuko da.

6.– Eskabidea aurkeztu ondoko izapideak eta jakinarazpenak, zuzenketak barne, «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

7.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak erakunde onuradunei emateko eta, dagokionean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, horren erakunde autonomoek edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako zehapen-prozedura oro.

12. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Indarrean dagoen araudiaren arabera aplikatzekoak diren beste betebehar batzuk alde batera utzi gabe, eta, batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotakoak, honako betebehar hauek izango dituzte agindu honetan adierazitako dirulaguntzen onuradun diren erakundeek:

a) Dirulaguntzaren xede den proiektura bideratzea jasotako laguntza guztia.

b) Agindu honetan finkatutako eskakizunak eta baldintzak betetzen direla egiaztatzea Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzan, bai eta egin beharreko jarduera egin eta dirulaguntza eman edo erabiltzea eragin duen helburua betetzen duela ere.

c) Eskabidean adierazitako datuetan edozein aldaketa izanez gero, horren berri izan bezain laster Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari jakinaraztea, bereziki, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 48. artikuluan ezarritako bateragarritasun-araubideari eragiten dioten aldaketen kasuan.

d) Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak egin beharreko egiaztapen-jarduketak onartzea, hala badagokio, baita Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egin beharreko finantza-arloko beste edozein egiaztapen eta kontrol ere, eta jarduketa horiek egiteko eskatzen zaion informazio guztia ematea.

e) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko bestelako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari jakinaraztea. Horren berri izan bezain laster egin behar da jakinarazpena, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

f) Jasotako dirulaguntza zertan erabili den egiaztatzeko dokumentuak gordetzea, edozein euskarritan daudela ere, egiaztapen- edo kontrol-jarduerak egin ahal izateko.

g) Berariaz adieraztea Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren laguntza finantzarioa jaso izana, diruz lagundutako jarduera aditzera ematen duen dokumentazioan edo jardueraren emaitza gisa egiten diren memorietan, argitalpenetan edo komunikazioetan.

h) Jasotako funtsak itzultzea, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan jasotzen diren kasuetan.

i) Programetan, argitalpenetan eta abarretan generoaren eta berdintasunaren ikuspegiak barneratzea, eta elementu diskriminatzailerik ez jasotzea ez hizkuntzaren ez irudien erabileran.

j) Halaber, erakunde onuradunek diruz lagundutako jarduerek finantzaketa publikoa jaso dutela adierazteko neurriak hartu beharko dituzte, eta, orobat, kontabilitate-liburuak, erregistro izapidetuak eta gainerako dokumentuak behar bezala auditatuta eduki beharko dituzte, merkataritzako eta sektoreko legeria aplikagarriak eskatutako baldintzetan, hala badagokie, eta, horrekin batera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan finkatutako gainerako eskakizunak bete beharko dituzte, lege hori oinarrizkoa baita.

13. artikulua.– Ordainketa.

1.– Emandako laguntza ordainketa bakarrean egingo da, hurrengo apartatuan eskatzen diren dokumentuak aurkeztu ondoren, eta laguntzaren likidaziotik ateratzen den zenbatekoa ordainduko da.

2.– Honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte erakundeek, hamabost egun balioduneko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta:

– Memoria ekonomikoa, zeinetan jasoko baitira gastuak eta diru-sarrerak, berariaz adierazita diruz lagundutako jardueraren azken defizita.

– Egindako jarduerak justifikatzeko memoria. Sexuaren arabera bereizita emango da informazioa, hala badagokio.

– Memoriari erantsiko zaizkio fakturak edo froga-balio baliokidea duten dokumentuak, merkataritzako trafiko juridikoan balioa dutenak edo eraginkortasun administratiboa dutenak, jasotako laguntzaren zenbateko berekoak edo handiagokoak, eta horiek ordaindu izanaren egiaztagiria ere erantsiko da.

Ordainketa egiaztatzeko moduak:

– Banku-transferentziaren frogagiria.

– Banku-mugimenduaren frogagiria.

– Txekea (banku-frogagiriarekin batera).

– Eskudirutan ordaintzeko, erakundearen legezko ordezkariak sinatutako jatorrizko ziurtagiri bat aurkeztuko da, ordaintzeko modua justifikatuko duena.

Aurreko puntuetan zehaztu gabekoetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan eta lege horren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 72. eta 73. artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.

3.– Artikulu honetan aipatzen diren dokumentazio guztia bide telematikotik helarazi beharko da.

14. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan aldaketak izanez gero, eta, nolanahi ere, aldi berean beste administrazio batzuen edo erakunde publiko zein pribatuen laguntzak nahiz dirulaguntzak eta, kasuan-kasuan, helburu horietarako bestelako diru-sarrerak edo baliabideak lortuz gero, dirulaguntza emateko ebazpena alda daiteke, betiere, laguntzaren onuradun izateko eskakizunak betetzen jarraitzen bada. Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak izango du gutxitze-espedientea hasteko eta izapidetzeko eskumena, eta Osasuneko sailburuordeak, aldiz, hura ebaztekoa.

15. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Bere betebeharrak betetzen ez dituen erakunde onuradunak eman zaion laguntza jasotzeko eskubidea galduko du. Eskubide hori galdu dela deklaratzeak berekin dakar jasotako zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, bai eta sortutako berandutze-interesak ere, ordainketa egin zen unetik laguntza itzuli beharra erabakitzen den egunera artekoak.

2.– Agindu honen 12. artikuluan adierazten den betebeharren bat bete ezean, jasotako laguntza itzuli beharko da. Artikulu horretan aurreikusi gabeko gaietan, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 eta 53.2 artikuluetan xedatzen diren itzulketa-arrazoiak aplikatuko dira, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluko arrazoiak ere –azken hori Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91., 92. eta 93. artikuluen bidez garatzen da–.

3.– Agindu honen 6. eta 13. artikuluetan xedatzen denaren arabera, halaber, jasotako laguntza itzuli beharko da emandako laguntzaren zenbatekoak –bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderekin batera– diruz lagundutako proiektuaren kostua gainditzen badu. Kasu horretan, aipatutako kostuari dagokionez soberan jasotako zenbatekora eta dagozkion berandutze-interesetara mugatuko da itzultzeko betebeharra.

4.– Osasuneko sailburuordearen bitartez hasi eta burutuko da itzulketa-prozedura, beharrezkoak diren prozesuko izapideak egin eta gero. Prozedura abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera izapidetuko da. Horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermea eta itzulketak arautzen dira, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen eskakizunak, araubidea eta eginbeharrak ezartzen dira.

5.– Itzultzen diren diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako.

16. artikulua.– Datu pertsonalen babesa.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamendua (EB), Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra); Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, eta datuen babesaren alorrean indarrean dauden gainerako arauak betetzeko, jakinarazten da datu pertsonalak

«Irakaskuntza eta garapen profesionala» deritzon tratamendurako erabiliko direla, zeinen helburua baita Osasun Sailak iragarritako irakaskuntzarako eta garapen profesionalerako laguntza-eskabideak kudeatzea eta laguntza horien jarraipena egitea. Hauek dira fitxategi horren ezaugarriak:

Arduraduna: Osasun Saila; Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritza.

Helburua: Osasun Sailak iragarritako laguntzen eskabideak kudeatzea eta emandako laguntzen jarraipena egitea. Laguntza horien onuradun izan daitezke profesionalen elkargoak, osasun-arloan diharduten irabazi-asmorik gabeko elkarteak eta osasun-espezialitateetako erakunde zientifikoak, betiere helburu badute laguntzok haien funtzionamendura edo 2021ean etengabeko prestakuntzako jarduerak antolatzera bideratzea, bai irakaskuntzarako bai garapen profesionalerako.

Legitimazioa: interes publikoaren alde edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak baliatuz gauzatutako eginkizunak betetzeko behar den tratamendua (44/2003 Legea, azaroaren 21ekoa, lanbide sanitarioak antolatzeari buruzkoa).

Erakunde edo pertsona hartzaileak: gai horretako eskumenak dauzkaten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

Eskubideak: beren datuak eskuratzeko, zuzentzeko edo ezabatzeko eskubidea dute interesdunek, bai eta datuen tratamendua mugatzeko edo hari aurka egiteko ere, informazio gehigarrian azaldu bezala.

Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehiago eskuratu daiteke webgune hauetan:

– Prestakuntza-jarduerak antolatzea: https://www.euskadi.eus/rgpd/0086207

– Eraketa – Funtzionamendua: https://www.euskadi.eus/rgpd/0086307

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote erakunde interesdunek Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dira epeak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Deialdi hau eta berau izapidetzeko eta ebazteko jarduerak honako xedapen hauen esparru juridikoaren barruan sartzen dira: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena); eta azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren (Dirulaguntzei buruzko Legea) eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena) oinarrizko arauak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 2a.

Osasuneko sailburua,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana