Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

190. zk., 2021eko irailaren 22a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4842

EBAZPENA, 2021eko abuztuaren 12koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Astigarragako ikastola (Gipuzkoa) handitzeko plan bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2021eko ekainaren 2an, Astigarragako Udalak Astigarragako ikastola (Gipuzkoa) handitzeko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa egiteko eskabidea aurkeztu zion ingurumen-organoari, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2021eko apirilaren 10ean Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien administrazio publiko ukituei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaitu eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar adina judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren xedea da ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea; horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Astigarragako ikastola handitzeko Plan Berezia abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer planek eta programak pasa behar duten ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua honako hauek zehazteko: ingurumenean ondorio adierazgarririk ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela, ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29.etik 32.era bitarteko artikuluetan dago araututa, V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio adierazgarririk izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edo, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana garatzeko eta ingurumena behar bezala babesteko.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Astigarragako ikastola handitzeko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, baldintza hauen arabera:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Plan Bereziaren xedea da Astigarragako HAPOren 7 zenbakiko hirigintza-jarduerarako eremuan, «Santiagomendi Zeharra» izenekoan, kokatutako irakaskuntza-ekipamendurako partzela berrantolatzea; partzela hori ekipamendu-sistema orokor gisa kalifikatu da ikastola handitu ahal izateko.

Planak proposatzen du partzela horren azalera okupatua 790,08 m2 handitzea; gaur egun 2.271,81 m2 daude okupatuta; beraz, handitzearen ondorioz, azalera okupatua 3.061,89 m2 izango litzateke. Handitzea hiru fasetan egitea aurreikusi da.

Plan Bereziaren bidez, irakaskuntza-ekipamendurako partzelaren eraikigarritasunaren 4.198 m2(s) finkatzen dira, eta aurreikusten da hura 3.076 m2(s) handitzea –azalera hori antolatuta geratzen da–.

Zehaztapenak xehatzen dira: lerrokadurak; teilatu-hegalak; lurgainak; eraikinen altuera eta profila (gehienez 2 solairu); estalkia; solairuen, fatxaden eta sarbideen altuera.

B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Panak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

– Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planean ez da ezarri baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan jasotako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

– Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenetan barne: Plana bateragarria da hierarkikoki goragoko mailakoak diren lurralde-plan, plan sektorial eta hirigintza-planekin. Era berean, Planaren irismena eta ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-ondorio adierazgarririk izango beste plan edo programa batzuetan.

– Plana egokia den ingurumen-arloko alderdiak barne hartzeko, bereziki, garapen jasangarriaren sustapena: Plana egokia da garapen jasangarria sustatzera bideratutako ingurumen-alderdiak barnean hartzeko, proposatutako aldaketak hobetu egiten baitu aprobetxamendua hiri-bilbe batean kokatuta dagoen partzela batean; horrela, garatu gabe dauden beste eremu batzuk ez okupatzea ahalbidetzen da. Era berean, Planak energia-kontsumoaren arloan ahalik eta eraginkortasun handiena lortzeko neurriak hartzea ahalbidetzen du, efizientzia energetikoa maximizatuz eraikinen diseinu egokiaren eta kontsumoa minimizatuko duten teknologien bidez eta energia berriztagarrien erabilera sustatuz.

– Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman Planaren ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasun eta osasun, ingurumen, hondakinen kudeaketa, kutsadura akustiko eta abarren alorrean indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

– Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europako nahiz Espainiako ingurumen-arloko legeria txertatzeko.

2.– Ondorioen eta ondorio horiek nozitu ditzakeen eremuaren ezaugarriak:

Irakaskuntza-ekipamendua 7 zenbakiko hirigintza-jarduerarako eremuan dago, «Santiagomendi Zeharra» izenekoan, eta 14.000 m2 baino gehixeagoko azalera du. Ekipamendu komunitarioko sistema orokor gisa kalifikatutako hiri-lurzoru finkatua da. Eremu horren beheko aldeko bizitegi-eraikinak bolumen handikoak dira, eta gora egin ahala, txikiagokoak. Eremuaren ezaugarri garrantzitsu bat da mendi-hegalak malda handia duela eta, ondorioz, baita sarbideek ere.

Bestalde, ekipamenduetarako partzelak bi zati handi ditu: beheko erdian Herri Eskola eta jolastokiak daude, eta goiko erdian kiroldegia. Azken horren ondoan lurzoru-erreserba bat dago, ekipamenduak handitu beharko balira ere, eta gaur egun aparkaleku publiko gisa erabiltzen da.

Hiri-ingurunea da, eta ingurumen-kalitate txikikotzat jotzen da; izan ere, gizakiaren eraginaren ondorioz, ingurumen-parametroak urratu egin dira. Malda handiak ditu, bai eta ezponda bat ere, Arrobitxuloko harrobi ohiari dagokiona.

Ikastolak hartzen dituen lursailak, bai eta handitzearen ondorioz eskuratuko direnak ere, kareharrizkoak dira, akuiferoen kutsadurarekiko erdi-mailako kalteberatasuna dute, eta iragazkortasun handikoak dira pitzaduren eraginez. Planaren eremua ibilgu estalia duen korronte batek zeharkatzen du, eta korronte horrek Santiagomenditik behera egin eta Urumea ibaiarekin bat egiten du.

Planaren eremuan, ez dago elementu babesturik edo ezaugarri natural berezirik duen elementurik. Batasunaren intereseko habitatik ere ez dago. Bertako landaredia antropikoa da, hau da, hiri-lorategiak daude, zeinetan soropila, heskaiak eta zuhaitzak egon daitezkeen, edo hiriko zuhaitzak soilik. Belardiak, fruta-arbolak, baratzeak eta baso-formazio misto txikiak ere badaude. Eremu antropizatuenetan, Arrobitxuloko harrobitik hurbil daudenetan, formazio erruderal nitrofiloak daude. Faunari dagokionez, ingurune antropizatuaren eraginez, espezie ubikistak dira nagusi, eta oso egokituta daude gizakien presentziara.

Beraz, ekipamenduetarako hiri-paisaia da, bizitegitarako hiri-ingurune batean kokatua, hiri- eta landa-eremuen arteko trantsizioko paisaia-unitate batean.

Egoera akustikoari dagokionez, Planaren eremuko zarata-foku nagusiak hurbileko bideekin dute zerikusia, Tranbia ibilbidearekin eta Arrobitxulo bidearekin, zehazki. Gaur egun, irakaskuntza-eremuei aplikatu beharreko araudian adierazitako immisio-mailak betetzen dira.

Ez da detektatu ingurumen-arloko beste baldintzatzaile adierazgarririk: ez du loturarik inongo naturagune babesturekin, natura-intereseko gainerako eremuekin edo EAEko korridore ekologikoen sareko elementuekin. Ez dago interes geologikoko lekurik. Era berean, ez dago kultura-ondareko elementu kalifikatu edo inbentariaturik. Eremua ez dago uholde-arriskuaren eraginpean.

Eremuak ez du ingurumen-arrisku esanguratsurik.

Inpaktu adierazgarrienak, lehen batean, planteatutako handitze-obren faseari lotutakoak izango dira, hau da, lurzoruaren okupazioa, lur-mugimenduak, hondakinak eta soberakinak sortzea, istripuzko isurien arriskua edo lurrazaleko uretara solidoak arrastatzeko arriskua eta, horien guztien ondorioz, herritarrei emisio atmosferikoen eta akustikoen ondorioz sortutako eragozpenak, besteak beste. Hori guztia, etxebizitzak nagusi diren hiri-periferiako ingurune batean. Ondoren, Plana abian jartzen denean, ur-eskaria handituko da, hondakinak sortuko dira, lurzoruaren drainatze-ahalmena aldatuko da, eta kutsadura akustikoa eta atmosferikoa handituko dira.

Bestalde, handitzearen 1. fasean egitekoa den eraikina Arrobitxulo harrobi ohiaren aurrealdearekin bat datorren ezponda baten gainean egingo da, eta, hortaz, ezpondaren ezegonkortasunaren ondorioz izan daitezkeen arrisku geoteknikoak aintzat hartu beharko dira, batez ere eremu horretan lur-mugimenduak egin behar izanez gero. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, ezponda egonkortzeko obrak egin berri dira, eta, beraz, haren aurrealdea ezegonkorra izateko arriskua minimizatu egin da. Emandako informazioarekin bat, «nolanahi ere, proiektu berrian ezpondaren egoera aztertuko da, eta egoki iritzitako prebentzio-neurri eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira».

Bestalde, planteatutako eraikin berriak egungo eskola-eraikinaren egituran integratuko dira, egungo altuerak eta bolumenak errespetatuz.

Aurkeztutako azterlan akustikoaren emaitzen arabera, dagokion araudiak irakaskuntzarako lurralde-eremuetarako baimendutako maila akustikoak betetzen dira. Halaber, ikastola handitzearen ondorioz sortutako zaratak ez ditu gaindituko Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako gehieneko balioak.

Ondorioz, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasun-neurriak eta aurrerago zehazten diren prebentzio- eta babes-neurriak eta neurri zuzentzaileak aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean ondorio adierazgarririk izango dutenik, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarririk izan ez dezan eta Astigarragako ikastola handitzeko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak esandako Planean txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen duen ebazpen honetan adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta eremua antolatuko duten planetan jasotakoarekin bat etorriz.

Garapen berriaren egoera akustikoari dagokionez, eta Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoa bazter, ezingo da hirigintza-garapenik egin kanpoaldeko kalitate akustikoko helburuak betetzen ez dituzten eremuetan. Horrenbestez, eremu akustiko honetan aplikagarriak diren hirigintza-garapen berrietarako kalitate akustikoko helburuak bete beharko dira, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuko 31.2 artikuluan zehazten denarekin bat etorriz.

Bestalde, urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuak gauzatzean aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira obren arloko, lur eta soberakinen kudeaketaren arloko, hondakinen sorkuntza eta kudeaketaren arloko, induskatutako lurzoruen kontrolaren arloko eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearen arloko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Entregatutako dokumentazioan aipatutako beste batzuen artean, honako neurri hauek hartu beharko dira:

– Obrako hondakinak birziklatzeari dagokionez, eraikuntzan eta eraikingintzan baliabideak beren bizi-ziklo osoan zehar modu efizienteago batean erabiliko direla sustatzeko –bereziki obrak amaitutakoan hondakinak aprobetxatzea–, jarraian aipatzen direnak sustatu beharko dira, honako hurrenkera honetan: eraikuntza- eta eraispen-hondakinen prebentzioa, berrerabiltzea, birziklatzea eta beste balorizazio modu batzuk, eta, hala badagokio, ezabatze-jardueren trataera egokia. Horretarako, bermatu egin beharko da obra-proiektuaren eraikuntza- eta eraispen-hondakinak gai honi buruzko arauen arabera sortu eta kudeatzen direla.

– Induskatutako lurzoruen kontrola: Astigarragako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak daudela hautematearen ondoriozko kutsadura-zantzu guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamenduari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

– Hala badagokio, flora aloktono inbaditzailearen aztarna oro ezabatuko da jarduera-eremuan. Halaber, tokiko biodibertsitatea sustatuko duten lorezaintza eta paisajismoa sustatzeko –jasangarritasun-irizpideei lehentasuna emanez espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko–, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua (Udalsarea 21 Koadernoa, 20b zk.) erabiltzea gomendatzen da, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sortua.

– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriago baterako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren gida» dokumentuan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, honako alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

– Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energiaren kontsumoa edo ekoizpena murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

– Urbanizatu beharreko eremu berrietan kontsumo baxuko argiztatze-sistemak erabiltzeko aukera aztertu beharko da, argiaren kutsadura saihesteko eta energia aurrezteko.

– Hondakinen gaikako bilketarako gune egokiak sortzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Astigarragako ikastola handitzeko Plan Bereziak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Astigarragako Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondoreak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Astigarragako ikastola handitzeko Plan Berezia onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko abuztuaren 12a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala