Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

186. zk., 2021eko irailaren 17a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
4784

AGINDUA, 2021eko irailaren 2koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baitira elkarte eta kooperatibei zuzendutako laguntzak eta egiten baita laguntza horien deialdia, EAEko ikasleen jarduera fisikoa sustatzera eta sedentarismoa murriztera bideratutako partaidetza-proiektuak garatzeko 2021-2022 ikasturtean zehar.

Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 2. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, EAEko agintari publikoei dagokie osasuna sustatu eta indartzea jarduera sozioekonomikoko sektore guztietan, honako helburu hauek lortzeko: bizi-ohitura osasungarriak suspertzea, arrisku-faktoreak desagerraraztea, ondorio kaltegarrien intzidentzia deuseztatzea eta, batik bat, osasunaren garrantziaz sentsibilizatu eta kontzientziatzea. Zehatzago, bigarren apartatuak dioenaren arabera, Eusko Jaurlaritzaren ardura da osasun-arloko esparru instituzionala zaintzea EAEn, gomendioak emanez edo neurriak hartuz, sektore politiko guztietan osasuna aintzat har dezaten, eta, era berean, diziplina anitzeko ekintza positiboen diseinua bultzatuz, ekintza sanitarioen osagarri, biztanleen osasun-maila etengabe hobetzeko.

Aipatutako legearen 3. artikuluak adierazten du EAEko administrazio sanitarioari dagokiola osasun publikoaren babes orokorra bermatzea, osasuna sustatzeko neurrien bidez. Halaber, lege horren 14. artikuluak adierazten du Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko organo guztiak, bakoitza bere sektoreko ikuspuntutik, elkarlanean arituko direla osasun-hezkuntzaren eremuan ekintzak sistematikoki egiteko, funtsezkoak baitira banakoen eta komunitatearen osasuna hobetzeko.

Agindu honen xedea da, beraz, osasuna indartzea eskola-mailako jarduketetan eta osasun-arlokoak ez diren gainerako eremuetan. Ekimen hau zeharo loturik dago Europar Batasunak gomendatutako «Osasuna politika guztietan» estrategiarekin, bai eta Osasunaren Mundu Erakundearen Osasunaren Determinatzaile Sozialen Batzordeak egindako txostenarekin ere. «Osasuna politika guztietan» estrategiaren oinarrian dagoen egiaztapena da, batik bat sektore sanitarioaren eragin-eremutik kanpoko faktoreek dutela eragina osasunean.

Jarduera fisikoa sustatzeko Torontoko Gutunak dio, argi eta garbi, ohiko jarduera fisikoak mesede egiten diola osasunari, gaixotasunak prebenitzen dituela, gizarte-harremanak eta bizi-kalitatea hobetzen dituela, onura ekonomikoak ekartzen dituela eta jasangarritasunari laguntzen diola.

2013-2020rako Osasun Planaren helburuetako bat da herritarren artean jarduera fisikoa sustatzea eta sedentarismoa prebenitzea, EAEn jarduera fisikoa sustatzeko Euskadi Mugiment proiektuan zehaztutako jarraibideen eta estrategien arabera.

2021eko martxoaren 8ko Aginduaren bidez, Osasun Sailaren 2021eko ekitaldirako dirulaguntzen plan estrategikoa onartu zen, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan argitaratu. Plan horretan, I. eranskineko 3.1.4 epigrafean, honako hau jasotzen da: «Elkarte eta kooperatibei zuzendutako laguntzak, ikasleen jarduera fisikoa sustatzera eta sedentarismoa murriztera bideratutako ekintzak gauza ditzaten (mugikortasun aktiboa)».

Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legean laguntza horietarako aurrekontu-kreditua jasotzen da. EAEko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako ikasleen guraso-elkarteen eta irakaskuntza-kooperatiben helburuetako bat da ikasleentzako heziketa-jarduera osagarriak abiaraztea; ildo horretan, jarduera fisikoa sustatzera eta sedentarismoa murriztera bideratutako proiektuak gauza ditzakete.

Ikasleak kaleetan segurtasunez eta autonomiaz mugitu ahal izatea eta espazio publikoaren erabilera eta gozamena berreskuratzea da eskola-bideei buruzko proiektuen xedea.

Ikastetxeetako jolastokiak eraldatzeko proiektuek ikasleen jolas-aukerak handitzen dituzte, eta mugimendua eta jarduera fisikoa bultzatzen eta berdintasunean eta aniztasunaren errespetuan oinarritutako kalitatezko harremanak eta esperientziak sustatzen.

Jarduera fisikoa familian egiteak, familia-harremanak sendotzeaz gain, ongizatearen estimulu positiboak dakartza, eta, horren eraginez, jarduera fisikoa egitea ondo sentitzearekin lotuko dute haurrek etorkizunean.

Eskola-giroan jarduera fisikoa sustatzea eta sedentarismoa murriztea tresna eraginkorra izan daiteke herritarrak txiki-txikitatik kontzientziatzeko jarduera fisikoak osasunari dakarkion onuraz. Osasun fisikoari dakarkion onuraz gain, eskola-adinean jarduera fisikoa egiteak memoria eta ikasleen errendimendu akademikoa hobetzen ditu, eta ongizate psikikoari eta pertsonen arteko harremanei mesede egiten die.

Deialdi honen eta beraren ebazpen- eta izapidetze-jardueren esparru juridikoa bat dator honako xedapen hauek ezarritakoarekin: 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena, eta 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

Deialdi honen laguntzek ez dute lehia faltsutzen edota faltsutzeko arriskurik eragiten. Hortaz, bateragarriak dira barne-merkatuarekin, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren esparrua eta xedea.

1.– Agindu honen xedea da laguntza ekonomikoak iragartzea EAEko elkarteek eta kooperatibek jarduera fisikoa sustatzera eta sedentarismoa murriztera bideratutako partaidetza-proiektuak gauzatzeko 2021-2022 ikasturtean zehar, ikasleen osasuna eta autonomia hobetzeko.

2.– Laguntza horien helburua da honako hauek finantzatzea 2021eko uztailaren 1etik 2022ko ekainaren 30era:

a) Partaidetza-proiektuak garatzea eskola-bideak sortu eta dinamizatzeko, hiri-espazioek mugikortasun aktibo eta segururako eskaintzen dituzten aukerak baliatzera bideratuak.

Eskola-bidetzat joko dira ibilbide zehatz eta finkoak, aurrez ezarriak eta markatuak, eskola-umeek erabil ditzaketenak ikastetxeetako joan-etorriak modu aktiboan (oinez, gurpil-oholez, bizikletaz, eta abar), modu seguruan eta autonomoan egiteko, eta, hala, espazio publikoaren erabilera eta gozamena berreskuratzeko.

b) Partaidetza-proiektuak garatzea, ikastetxeetako jolastokiak ikaskuntzarako, jolaserako eta mugimendurako espazio inklusibo bihurtzeko eta/edo dinamizatzeko, baita kalitatezko harremanak eta esperientziak eraikitzeko ere, eskola-ordutegian zein hortik kanpo, berdintasunean eta aniztasunarekiko (kultura, etnia, sexua, funtzionaltasuna, eta abar) errespetuan oinarrituta eta ikasleen eta haien familien behar eta interesetara egokituta.

Zera egin beharko dute proiektuek:

1.– Ikastetxeko ikasle guztien jolas-aukerak, jarduera fisikoa eta elkarbizitza handitu.

2.– Neskek jarduera fisikoa egitea berariaz sustatu, jarduera-ezaren ratioa handiagoa baita kolektibo horretan.

3.– Mugimendua eta jolas aktiboa sustatu ikasle helduenen edo bigarren hezkuntzako ikasleen artean, adin-tarte horretako sedentarismorako joera saiheste aldera.

c) Jarduera fisikoa familian erregularki egitea bultzatzera bideratutako jarduerak sustatzea, hala nola mendi- edo bizikleta-irteerak, ibilaldiak irristailuetan edo familian egiteko jolas-jarduerak.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izan daitezke ikasleen guraso-elkarteak eta Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen titular diren irakaskuntza-kooperatibak, zeinek betekizun hauek bete beharko baitituzte:

1.– Legez eratuta egongo dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroan inskribatuta.

2.– Ez dute irabazi-asmorik izango.

3.– Egunean izango dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari lotutakoak.

4.– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izango dituzte.

5.– Zehapen administratibo edo penala izateagatik dirulaguntzak eta laguntza publikoak jasotzeko aukera galdu duten elkarteek ezin izango dute deialdian parte hartu, epai edo ebazpen irmoak ezarritako aldian. Era berean, ez dute parte hartzerik izango horretarako desgaitzen dituen legezko debekuren bat duten entitateek, sexu-bazterkeriagatik ezarritako debekuak barnean direla.

6.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan xedatzen diren bestelako eskakizunak, erakundearen izaera juridikoaren arabera aplikatu behar direnak.

3. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura eta deialdiaren organo kudeatzailea.

1.– Ehun eta hogeita hamasei mila eurokoa (136.000) izango da 1. artikuluan adierazitako jardueretarako guztizko aurrekontu-zuzkidura.

2.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria da deialdiaren organo kudeatzailea.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagundu ahal izango dira 1. artikuluan ezarritako jarduerak gauzatzearen ondorio zuzenak diren gastu arruntak, baldin eta 2021eko uztailaren 1etik 2022ko ekainaren 30era bitartean sortu badira (bi egun horiek barne) eta justifikazio-aldia amaitu baino lehen ordaindu badira. Hauek sartzen dira diruz lagundu daitezkeen gastuen artean:

a) Proiektua dinamizatu, koordinatu eta gauzatzea.

b) Partaidetza-proiektuak dinamizatzea prozesuko protagonisten artean (ikasleak, irakasleak, irakaslez besteko ikastetxeko langileak, familiak, eta abar), egungo egoerari, diseinuari eta proiektua gauzatzeari buruzko gogoeta-faseetan.

c) Abiapuntuko egoeraren analisia.

1.– Ikastetxe inguruko mugikortasuna, baldin eta proiektua ikastetxeko bideei buruzkoa bada.

2.– Espazio fisikoa eta haren erabilera, baldin eta ikastetxeetako jolastokiak eraldatzen badira.

3.– Familien jarduera fisikoaren eta sedentarismoaren mailak eta haien beharrak eta lehentasunak, baldin eta jarduerak familian egitea sustatzen bada.

d) Espazioak egokitzea.

e) Behar den materiala eskuratzea.

f) Hitzaldiak, tailerrak edo bestelako jarduerak antolatzea, baldin eta agindu honen xedearekin zerikusia badute eta ikasleen eta haien familien artean jarduera fisikoa sustatzera eta sedentarismoa murriztera bideratuta badaude.

g) Boluntarioen istripu-aseguruaren eta erantzukizun zibileko aseguruaren zenbatekoa.

2.– Elkartearen edo kooperatibaren ekarpen propiotzat eta diruz ez-lagungarritzat hartuko da langile boluntarioen lanaren balioespena, eta orduko 20 euroko gehieneko muga ezartzen da. Proiektuaren helburuak lortzeko, elkartearen edo kooperatibaren inguruan dabiltzan pertsonek musu-truk egindako lanaren kuantifikazio ekonomikoa da langile boluntarioen lanaren balioespena. Gastu horiek proiektuaren zenbateko osoaren % 20 izango dira gehienez.

3.– Honako gastu hauek ez dute dirulaguntzarik jasoko:

a) Kontuen interes zordunak; finantza-gastuak; inbertsio-gastuak; administrazio-lizentziak; errekarguak eta administrazio- eta zigor-zehapenak –barnean hartuta zergak, tributuak eta tasak edo Gizarte Segurantzako kuotak berandu ordaintzearen edo ez ordaintzearen ondoriozkoak–, eta prozedura judizialen gastuak eta gatazkak borondatez konpontzeko bestelako prozeduren gastuak.

b) Jarduera hauen ondoriozkoak:

1.– Kirol- eta kultura-ekitaldiak.

2.– Jarduketa isolatuak, izan puntualak nahiz ezarritako aldizkakotasunekoak, osasuna sustatzeko proiektu zabalago batean sartuta ez daudenak, hala nola...ren eguna,...ren astea eta...ren jardunaldiak.

3.– Ikastetxeen urteko programazioan barne hartutako ohiko jarduerak.

4.– Artikulu honetan zehaztu gabeko gaietarako, oinarrizko legedi gisa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan eta lege horren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 83. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

5. artikulua.– Beste dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Agindu honen bidez araututako dirulaguntzak ematea bateragarria izango da beste administrazio publiko edo erakunde publiko zein pribatu batzuek –Espainiakoek, Europar Batasunekoek edo nazioartekoek– xede bererako emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin, baldin eta, bakarka edo batera hartuta, diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen ez bada (gainfinantzaketa). Izan ere, gainfinantzaketarik gertatuz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, jardueraren kostuak finkatzen duen gehieneko mugaraino.

Agindu honen bidez araututako dirulaguntzak ematea ez da bateragarria izango proiektu berak aurreko ikasturteko deialdian lortutako dirulaguntzekin, 2021eko azaroaren 19ra arte luzatu baita (Agindua, 2020ko irailaren 22koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baitira elkarteei eta kooperatibei zuzendutako laguntzak eta egiten baita laguntza horien deialdia, EAEko ikasleen jarduera fisikoa sustatzera eta sedentarismoa murriztera bideratutako partaidetza-proiektuak garatzeko 2020-2021 ikasturtean zehar. Aipatutako agindua Osasuneko sailburuaren 2021eko ekainaren 29ko Aginduak aldatu zuen).

6. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoaren mugak.

Dirulaguntzaren zenbatekoa diruz lagun daitezkeen gastuen ehuneko ehunera irits daiteke, eta aurkezturiko proiektu bakoitzeko 5.000 eurokoa izango da, gehienez ere.

Proiektu bakoitzari dagozkion kopuruak esleitu, eta ez bada zehaztutako aurrekontu osoa erabiltzera iristen, proiektu bakoitzaren gehienezko dirulaguntza handituko da, deialdi honen 3.1 artikuluan zehaztutako aurrekontu osoa esleitu arte.

7. artikulua.– Eskabidea eta aurkeztu beharreko dokumentuak.

1.– Proiektu bakoitzeko, eskabide telematikoa bete beharko da (eskuragarri dago 20.4 artikuluan zehazten den zuzeneko sarbidean).

2.– Eskabideetan, gutxienez datu hauek agertuko dira:

a) Erakundearen eta, hala badagokio, ordezkariaren identifikazio-datuak, honako hauek adierazita: izena, identifikazio-agiria, telefono mugikorra eta/edo helbide elektronikoa (abisuak jasotzeko), jakinarazpenak, komunikazioak eta abisuak jasotzeko hizkuntza, betebehar fiskalei buruzko informazioa zein lurralde/probintziatan dagoen eskuragarri, erantzukizunpeko adierazpenak eta baimenak.

b) Proiektuaren izenburua eta kontaktuko pertsonaren izena.

c) Proiektuaren deskribapen teknikoa:

Hauen deskribapen xehea:

1.– Zer egoeraren gainean eragin nahi den.

2.– Aginduaren xedearekin lotutako helburuak.

3.– Garapen-faseak.

4.– Proiektuaren ebaluazioa.

d) Hezkuntza-komunitatearen inplikazioa proiektuan:

1.– Proiektuan parte hartzea.

2.– Prestakuntza-programa: jarduera fisikoari eta sedentarismoa murrizteari buruzko zeharkako edukiak txertatzea ikastetxearen prestakuntza-programetan.

e) Tokiko komunitatearen inplikazioa: udala, auzo-elkarteak edo bestelakoak.

f) Desberdinkeriei arreta berezia jartzea.

g) Jarduketa gauzatzeko epea.

h) Aurrekontu osoa kontzeptuen arabera banakatuta, proiektuaren finantzaketa-iturriak eta proiekturako eskatutako beste laguntza batzuk.

i) Deialdi honetan eskatutako zenbatekoa.

3.– Eskabidearekin batera, honako hauek aurkeztuko dira:

a) Administrazio-erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria:

Guraso-elkarteen eta ikasle-elkarteen kasuan: Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta daudela egiaztatzen duen ziurtagiria.

Irakaskuntza-kooperatiben kasuan: EAEko Kooperatiben Erregistroan irakaskuntzako kooperatiba bezala inskribatuta daudela egiaztatzen duen ziurtagiria.

b) Bilera-aktaren kopia arrunta, deialdi honetan parte hartzeko erabakia jasotzen duena.

c) Proiektua beste toki-erakunderen edo erkidegoko beste agenteren batekin koordinatuta egiten bada, inplikaturiko agente guztiek izenpeturiko dokumentua, akordioa egiaztatzen duena.

d) Finantzaketaren xede izango den jarduera hobeto ezagutzeko beharrezkoa den dokumentu osagarri oro.

8. artikulua.– Epea eta eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2.– Eskabide bat aurkeztu behar da proiektu bakoitzeko, eta proiektu bakarra aurkeztu ahal izango du elkarte edo kooperatiba bakoitzak.

3.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoa erabilita (agindu honen 20. artikuluan adierazia).

4.– Identifikazio elektroniko aitortua duten erakundeen ordezkariek aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak, agindu honen 20.3 artikuluan xedatutakoari jarraituz.

a) Ordezkariak, erakundeen ordezkarientzako ziurtagiri elektroniko baten bidez identifikatu baldin bada, ez du egiaztatzeko inolako izapiderik egin behar.

b) Ordezkaria pertsona fisikoentzako ziurtagiri baten bidez identifikatu bada, aldiz, nahitaezkoa izango da ordezkaritza egiaztatzea ordezkarien erregistro elektronikoan (agindu honen 20.2 artikuluan adierazia).

5.– Elkarte edo kooperatiba eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskabidea eta hari atxikitako dokumentazioa. Orobat, eskabidea aurkeztu izanaren ondoriozko jarduketetan eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluak ezartzen duenari jarraituz.

9. artikulua.– Aurkeztutako eskabideko akatsak zuzentzea.

Eskabideak oinarri hauetako baldintza guztiak betetzen ez baditu, osatugabea edo akastuna bada, erakunde interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epean hutsa zuzentzeko edo nahitaezkoak diren dokumentuak aurkezteko, eta adieraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egindakotzat joko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Eskabidea era presentzialean aurkezten bada, ezarritako bide elektronikoa erabili gabe, elektronikoki ere aurkeztuta zuzentzeko eskatuko zaio interesdunari. Horretarako, zuzenketa egin den eguna hartuko da eskabidearen aurkezpen-eguntzat.

10. artikulua.– Datuak eta eskakizunak egiaztatzea.

1.– Organo kudeatzaileak, dagokion administrazio publikoan, identitate-datuak kontsultatuko edo bilduko ditu, eta eskakizunak betetzen direla egiaztatuko du. Kontsulta horiei berariaz uko egiten zaiela jaso daiteke eskabidean. Erakundeak ez badu kontsultarako baimenik ematen, ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu nahitaez.

2.– Tratamendu horretatik salbuetsita daude 7.3 artikuluan adierazten diren dokumentuen bidez egiaztatzekoak diren eskakizunak eta baldintzak; dokumentu horiek eskabidearekin batera aurkeztuko ditu erakundeak.

3.– Organo kudeatzaileak behar beste egiaztapen egin ahal izango ditu prozedura legezkoa dela bermatzeko. Nolanahi ere, laguntzak eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen, beharrezkoak diren egiaztapenak egingo dira.

4.– Erantzukizunpeko adierazpen batean edo harekin batera aurkezten diren datu, adierazpen eta dokumentuetan funtsezko zehaztasun-gabeziaren bat, faltsukeriaren bat edo ez-egiteren bat badago, prozedura bertan behera geldituko da, gertakari horiek jakiten diren unetik, hargatik eragotzi gabe horrek ekar ditzakeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

Egoera horren berri ematen duen Administrazio Publikoaren ebazpenak ezar dezake entitate interesdunak dirulaguntza itzuli behar izatea, hala balegokio, eta helburu bereko beste prozedura bat abian jarri ezin ahal izatea denbora-tarte jakin batez; hori guztia, aplikatu beharreko arauetan ezarritakoaren arabera.

11. artikulua.– Eskabideak balioesteko irizpideak.

1.– Dirulaguntzak honako irizpide hauetan oinarrituta esleituko dira, kasu bakoitzean zehaztuko den haztapenaren arabera:

a) Proiektuaren deskribapen teknikoa. 20 puntu, gehienez.

Hauen deskribapen xehea:

1) Zer egoeraren gainean eragin nahi den. 5 puntu.

2) Aginduaren xedearekin lotutako helburuak (1. artikulua). 5 puntu, gehienez.

3) Garapen-faseak. 5 puntu.

4) Ebaluazio-proposamena. 5 puntu.

b) Hezkuntza-komunitatearen inplikazioa. 25 puntu, gehienez.

1) Partaidetza-dinamikak: hezkuntza-komunitatearen inplikazioa proiektuan. 15 puntu, gehienez.

a) Proiektua diseinatzeko fasean. 5 puntu.

b) Proiektua ezartzeko fasean. 5 puntu.

c) Proiektua ebaluatzeko fasean. 5 puntu.

2) Prestakuntza-programa: jarduera fisikoari eta sedentarismoa murrizteari buruzko zeharkako edukiak txertatzea ikastetxearen prestakuntza-programetan (jokabide osasungarriak, jasangarriak eta seguruak). 10 puntu.

c) Tokiko komunitatearen inplikazioa. Udalerriko erakundeekin edo taldeekin koordinatzea, proiektuan izango duten inplikazioa baieztatuta. 15 puntu, gehienez.

1) Udala. 10 puntu.

2) Auzo-elkarteak edo bestelakoak. 5 puntu.

d) Desberdinkeriei arreta berezia jartzea (sozioekonomikoak, generoari eta jatorriari dagozkionak, funtzionalak edo bestelakoak). 40 puntu, gehienez.

1) Proiektua ikastetxe batean gauzatzen bada, puntuazio hauek dagozkio:

a) Hamaika Esku programan parte hartzen badu: 30 puntu.

b) Ez badu Hamaika Esku programan parte hartzen:

– Baldin eta ikasleen % 60k baino gehiagok bekak jasotzen baditu: 30 puntu.

– Baldin eta ikasleen % 50 eta % 60 artean bekak jasotzen baditu: 20 puntu.

– Baldin eta ikasleen % 40 eta % 50 artean bekak jasotzen baditu: 10 puntu.

2) Neskak jarduera fisikoan inplikatzea eta jarduera areagotzea jasotzen duen proiektua bada: 5 puntu.

3) Dibertsitate funtzionala duten ikasleak jarduera fisikoan inplikatzea eta jarduera areagotzea jasotzen duen proiektua bada: 5 puntu.

2.– Bestalde, 0,90eko haztapen-faktorea aplikatuko zaio Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleen mugikortasun aktiboa sustatzeko 2020-2021 ikasturtean partaidetza-proiektuak gauzatzeko laguntzen deialdian esleipendun izan ziren elkarteek edo kooperatibek aurkeztutako proiektuen hasierako puntuazioari.

3.– Dirulaguntza emateko, ezinbestekoa da a) irizpideari dagokion atalean 10 puntu izatea gutxienez, eta guztira 60 puntu izatea gutxienez.

12. artikulua.– Eskabideak balioestea, eta dirulaguntzak emateko eta zenbatekoak finkatzeko prozedura.

1.– Balioespen-batzordeari dagozkio eskabideak balioesteko, dirulaguntzen banakako zenbatekoak zehazteko eta Osasuneko sailburuordeari horiek ematea proposatzeko egitekoak. Balioespen-batzorde horren jarduketek artikulu honen 3. apartatuan xedatutakoa bete beharko dute.

2.– Balioespen-batzordeak kide hauek izango ditu: Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria (Itziar Larizgoitia Jauregui), zeinak batzordeburu jardungo baitu, eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak Osasun Sailaren lurralde-ordezkaritzetan dituen zuzendariordeak (Joseba Bidaurrazaga Van-Dierdonck, Elena Albisua Cortazar, Juan Carlos Fernández Crespo); horietako batek idazkari-lanak egingo ditu.

3.– Honako hau da eskabideak balioesteko eta zenbatekoak zehazteko prozedura:

a) Garaiz eta behar bezala aurkeztutako eskabide bakoitzari, 11.1 artikuluan ezarritako irizpideen eta haztapenen araberako puntuazioa esleituko zaio.

b) 11.3 artikuluan ezarritako gutxieneko puntuazioak lortzen dituzten eskabideak handienetik txikienera ordenatuko dira, lortutako puntuazioaren arabera.

c) Puntuazio osoan berdinketa gertatuz gero, 11.1 artikuluaren d) apartatuan lortutako puntuazioa nagusituko da lehenik, eta c) eta b) apartatuetan lortutakoa gero. Berdinketek jarraitzen badute, eskabideen sarrera-ordena kronologikoa hartuko da aintzat.

d) Ordena hori kontuan hartuta zehaztuko da banakako zenbatekoa, 6. artikuluan aurreikusitako mugak eta eskatutako aurrekontu diruz lagungarriaren zenbatekoa aintzat hartuta, harik eta 3. artikuluan aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura agortu arte.

4.– Zenbatekoak zehaztu ostean, balioespen-batzordeak Osasuneko sailburuordeari bidaliko dio dirulaguntzak emateko proposamena. Proposamen horretan, hauek zehaztu beharko dira banakako proposamen bakoitzari dagokionez:

a) Emateko proposamena bada: erakunde onuradunaren nortasuna, diruz lagundutako proiektua eta zenbatekoa.

b) Ez emateko proposamena bada: erakunde eskatzailearen nortasuna, proiektuaren izena eta dirulaguntza ez emateko arrazoia.

5.– Proiektu bati laguntza esleitzeak ez du obra-lizentzia eskuratzetik salbuesten, zeina beharrezkoa baita obrak edo erreformak egiten badira.

13. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epea, jakinarazteko modua eta publizitate-prozedura.

1.– Aurkeztutako eskabideak prozedura bakarrean izapidetuko dira, eta haren ebazpenean erabakiko dira interesdunek azaldutako gai guztiak. Osasuneko sailburuordeari dagokio ebazpen hori ematea, balioespen-batzordearen proposamena kontuan hartuta.

2.– Ebazpenean ezarriko da eskatutako dirulaguntzak ematen edo ukatzen diren. Laguntzak ematea erabakitzen bada, honako hau adierazi beharko da: zein diren elkarte edo kooperatiba onuradunak eta guztira zenbateko dirulaguntza emango zaion horietako bakoitzari. Eskabide ukatuen kasuan, ukatzeko arrazoiak adierazi beharko dira.

3.– Prozedura ebazteko eta ebazpena elkarte edo kooperatiba interesdunei jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da gehienez, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota ebazpenik argitaratu ez bada, dirulaguntza-eskabidea ezetsi egin dela ulertu ahal izango dute elkarte edo kooperatiba interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 25.5 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

4.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta jakinaraziko zaie elkarteei eta kooperatibei.

5.– Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

6.– Agindu honek arautzen dituen dirulaguntzak elkarte edo kooperatiba onuradunei esleitu eta, hala badagokio, ordaindu aurretik, amaituta egon behar dute Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek eta administrazio horren mendeko zuzenbide pribatuko ente publikoek emandako antzeko dirulaguntzen esparruan hasita dauden eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedurek.

14. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– Diruz lagundutako proiektu bakoitzeko, justifikazio telematikoa bete beharko da (eskuragarri dago 20.4 artikuluan zehazten den zuzeneko sarbidean).

2.– Justifikazioetan, honako datu hauek agertuko dira, gutxienez:

a) Elkartearen edo kooperatibaren izena.

b) Proiektuaren izenburua eta espediente-zenbakia.

c) Proiektua gauzatzeari buruzko memoria:

1.– Egindako jarduketak:

a) Egindako jarduketen deskribapena.

b) Ebaluazioa.

2.– Hezkuntza-komunitatearen inplikazioa proiektuan.

3.– Tokiko komunitatearen inplikazioa proiektuan.

4.– Desberdinkeriei jarritako arreta berezia (datuak sexuaren arabera bereizita aurkeztu behar dira).

d) Proiektuaren gastuen memoria banakatua, diru-sarreren eta gastuen zerrenda dakarrena, eta, hala badagokio, helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuk jaso direla zehaztuko du.

e) Gastu-egiaztagirien zerrenda. Zerrenda horretan, gastu-egiaztagiri guztien zerrenda jaso beharko da, aurkeztutako proiektuaren aurrekontuaren zenbateko osoarekin, eta honako hauek adierazi beharko dira: dokumentuaren izaera, kontzeptua, igorlea, data, zenbatekoa eta jarduerari dagokion ehunekoa. Gastu-egiaztagiri horiek bat etorri behar dute aurkeztutako aurrekontuko kontzeptu guztiekin eta kontzeptu bakoitzak aurrekontu osoarekiko duen proportzioarekin.

3.– Justifikazioarekin batera, honako hauek aurkeztuko dira:

a) Fakturen edo baliozko beste ordainketa-egiaztagiri batzuen kopia soilak, erakunde eskatzailearen ordezkariak sinatuak. Dokumentu horiek egiaztatu behar dute justifikatzeko aldia amaitu baino lehen egin dela ordainketa eta dirulaguntzaren xede den proiektua benetan gauzatu dela.

b) Dokumentu osagarriak, proiektua egin dela egiaztatzen dutenak, honako hauek barne direla: material grafikoa, bileren aktak eta bertaratutakoen zerrenda edo prozesuan sortutako beste dokumentu batzuk. Erakunde onuradunak boluntarioen lana balioztatzeko egindako ekarpen propioa justifikatu behar izanez gero, erakundearen legezko ordezkariak izenpetutako ziurtagiria, honako hauek jasota: boluntarioaren datuak (izen-abizenak eta NAN zk.); ordu kopurua; orduko kostua; guztizko zenbatekoa, eta boluntarioaren sinadura.

4.– Emandako laguntzarekin ordaindutako gastuek dirulaguntza jaso duten jarduera gauzatzean sortutakoak izan behar dute. Hauek izango dira behar bezala justifikatutako gastuak:

a) Erakunde onuradunaren izenean igorritako fakturaren bidez justifikatutakoak.

b) Banku-zordunketako ordainagirien bidez justifikatutakoak (finantza-entitateek egiten dituzte, eta faktura bati dagozkion datuak izaten dituzte, zenbakia eta seriea izan ezik).

c) Lan-kontratudun langileei dagozkien gastuetan, soldaten ordainagirien bidez justifikatutakoak (ordainagiriek eredu ofizialen eta Gizarte Segurantzako kotizazioko aldizkari ofizialen araberakoak izan behar dute).

d) Balio Erantsiaren gaineko Zergatik salbuetsita dauden noizbehinkako lanetan, enpresariak edo profesionalak ez diren pertsona fisikoek egiten dituztenean (hartzaileak), gastua justifikatzeko, idazki bat egingo du elkarte onuradunak, eta haren ordezkariak sinatuko. Idatzi horrek honako hauek jasoko ditu gutxienez: ordezkariaren, elkartearen eta hartzailearen izen-abizenak edo izen soziala, identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbidea; eragiketaren deskribapena eta guztizko zenbatekoa; idazkiaren jaulkipen-data; «hartu dut» eta pertsona hartzailearen sinadura, eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipena.

e) Langile boluntarioen kasuan, boluntarioen asegurua diruz laguntzeko moduko gastutzat har daiteke, agindu honetan aurreikusitako dirulaguntza jaso duten eta boluntarioen laguntza izan duten jardueretan. Finantzatu beharreko boluntarioaren aseguruak bi poliza izan behar ditu nahitaez: bata, istripuena, eta bestea, erantzukizun zibilarena. Azken poliza horretan, ezbehar bakoitzeko kapital aseguratua 300.506,05 euro izango da gutxienez, eta aseguruaren urte osoko kuota ordainduko zaie polizako boluntario guztiei. Boluntarioen asegurua diruz lagundu ahal izateko, aseguratzaileak egindako egiaztagiri bat adierazi behar da justifikazioan. Egiaztagiri horretan, datu hauek agertuko dira gutxienez: erakundeak bere boluntarioentzat kontratatutako aseguru-polizen estaldurak, aseguruan sartzen den pertsona kopurua eta polizaren guztizko zenbatekoa.

5.– Aldez aurretik eginiko gastuak ordaindu daitezke jasotako dirulaguntzarekin, baldin eta gastu horiek dirulaguntza jaso duten jardueretan sartzen diren ekintzen eta kontzeptuen kostu errealak badira eta 2021eko uztailaren 1etik 2022ko ekainaren 30era bitartean sortu badira.

6.– Justifikazio-dokumentuak aurkezteko epea 2022ko uztailaren 18an amaituko da, eta egun horixe izango da dokumentu horiek onartzeko azkena.

7.– Dirulaguntza justifikatzeko dokumentuak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, izapidetze elektronikoari buruzko 20. artikuluan azaltzen den moduan.

8.– Artikulu honetan zehaztu ez diren gaietan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

15. artikulua.– Justifikatzeko aurkeztutako dokumentuetako akatsak zuzentzea.

Ikusten bada justifikatzeko aurkeztutako agirietan akatsak daudela edo datuak falta direla, elkarte edo kooperatiba onuradunari hamar egun naturaleko epea emango zaio, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, akatsa zuzendu edo falta diren dokumentuak aurkez ditzan. Eskakizun hori ez badu garaiz eta modu egokian betetzen, dagokion eskakizuna egiaztatu gabe dagoela ulertuko da, eta agindu honen 22. artikuluan aurreikusitako ondorioak aplikatuko dira.

16. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.

1.– Honela ordainduko dira laguntzak:

a) Dirulaguntzaren % 70, laguntza ematea onetsi eta ebazpena onartu eta argitaratua izanik, laguntza espresuki edo isilbidez onartu ondoren, 17.1 artikuluan ezarritako epean.

b) Gainerako % 30a, diruz lagundutako proiektua egin ondoren, erakunde onuradunak diruz lagundutako proiektua egin dela eta proiektu horren guztizko gastua justifikatu eta gero, 14. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

2.– Organo kudeatzaileak, ordainketa bakoitza egin aurretik, egiaztatuko du erakunde onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela, eta ez dela dirulaguntzen arloan zordun dirua itzuli behar duela dioen ebazpenen batean.

3.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzaren datu-basean agertu beharko du. Alta eman edo hirugarren interesduneko datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrengoentzako erregistro telematikora jo beharko da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Alde batera utzi gabe indarrean dagoen araudiak xedatzen dituen eta ezartzekoak diren beste betebehar batzuk, eta, batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluek xedatutakoa, honako betebehar hauek izango dituzte agindu honetan ezarritako dirulaguntzen onuradun diren erakundeek edo kooperatibek:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Laguntza onartutzat joko da baldin eta elkarte eta kooperatiba onuradunek ez badiote berariaz laguntzari uko egiten, dirulaguntza emateko ebazpena EHAAn argitaratu eta hamabost eguneko epean.

2.– Dirulaguntzaren xede den proiektua gauzatzea, eta jasotako laguntza guztia horretara bideratzea.

3.– Dirulaguntzak emateko eskatu den eta kontuan hartu den baldintzaren bat aldatu bada, horren berri ematea, aldaketa gertatu eta 5 egun balioduneko epean gehienez ere.

4.– Helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat lortu bada beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturen baten aldetik, horren berri ematea organo kudeatzaileari, hori gertatu eta 5 egun balioduneko epean gehienez ere.

5.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzan justifikatzea dirulaguntza emateko edo baliatzeko bete beharreko eskakizunak eta baldintzak betetzen dituztela, bai eta jarduera egin dutela ere.

6.– Osasun Sailari laguntzea jarduketa horiek egiaztatu, ikuskatu, jarraipena egin, ebaluatu eta kontrolatzeko prozeduretan, eta honako kontrol-saio hauen mende jartzea: Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkionak –Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuen kargura emandako laguntzak eta dirulaguntzak diren heinean–, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudian aurreikusitakoak.

7.– Jasotako funtsen aplikazioa egiaztatzeko dokumentuak bost urtez gordetzea, bai eta dokumentu elektronikoak ere, egiaztapen- eta kontrol-jardueren xede izan baitaitezke.

8.– Egiten diren dokumentu eta publizitate guztietan, Osasun Sailaren babesa dutela aipatu beharko dute. Aipamen hori Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan ezarritakoaren arabera txertatuko da. Hemen eskuragai: https://www.euskadi.eus/nortasun-gidaliburua

9.– Aurkeztutako dokumentuetako informazio tekniko eta grafikoa erabiltzeko eskubidea ematea Osasun Sailari, mugarik gabe, dohainik eta era ez-esklusiboan, eta argitaratzeko moduko formatuan, Osasun Sailaren informazio-sisteman sartu eta erabiltzeko, bai eta zabaldu eta/edo argitaratzeko ere, edozein formatu bibliografiko, ikus-entzunezko edo informatiko erabiliz edota teknika erabiltzen uzten duen edozein bide baliatuz.

10.– Euskadi Aktiboa plataforman (https://www.euskadi.eus/informazioa/euskadi-aktiboa/web01-a2osabiz/eu/), erakunde esleipenduna baliabide komunitario gisa ikusaraztea, bai eta jarduera gisa urtebetetik gorako jarraitutasuna duten jarduketak ere.

11.– Eusko Legebiltzarraren Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak ezarritako printzipioak eta betebeharrak betetzea.

18. artikulua.– Dirulaguntza emateko baldintzak aldatzea.

Dirulaguntzak emateko ebazpena alda liteke, baldin eta dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere, dirulaguntzaren helburua bete dela uste bada– eta, hala badagokio, dirulaguntza horrekin batera Eusko Jaurlaritzak edo beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuek emandako dirulaguntzaren bat edo laguntzaren bat jaso bada. Horretarako, dagokion aldaketa-ebazpena emango du Osasuneko sailburuordeak, eta, ebazpen horretan, esleitutako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira. Horiek emateko, honako irizpide eta muga hauek aplikatuko dira:

a) Gastuen justifikazioa dirulaguntzarako aurkeztutako eta aintzat hartutako aurrekontua baino baxuagoa bada, % 25 edo gutxiagoko aldearekin, eta hasieratik aurreikusi diren helburu guztiak lortu baldin badira, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da proportzio beraren arabera eta dagokion aldaketa-ebazpenaren bidez.

b) Aurkeztutako aurrekontuarekiko % 25etik gorako desbideratzea gertatuz gero, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira, dirulaguntzen arloko berandutze-interesa erantsita.

Bi kasuetan, soberan jaso dituzten zenbatekoak itzultzera behartuta egongo dira erakunde onuradunak, 21. artikuluan xedatutakoaren arabera.

19. artikulua.– Dirulaguntza jaso duen jardueraren jarraipena.

Osasun Sailak beharrezko iritzitako alderdi guztiak gainbegiratuko, ikuskatuko eta egiaztatuko ditu, xedapen honetan ezarritako arau guztiak betetzen direla bermatzeko. Era berean, noiznahi eman ahal izango die erabilera publikoa laguntza hauen bidez finantzatutako programa eta jardueren edukiari eta emaitzei.

20. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Elkarte edo kooperatiba interesdunek bitarteko elektronikoak erabiliz egin beharko dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.

2.– Ahalordeen (ordezkarien) erregistro elektroniko orokorrari buruzko informazioa eskuragarri dago Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren atal honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

3.– Elkarteak edo kooperatibak sinadura elektroniko aitortuko sistemen bidez identifikatuko dira. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren atal honetan daude eskuragarri identifikazio eta sinadura elektronikorako onartutako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren apartatu honetan daude eskuragarri laguntzak izapidetzeko jarraibideak, izapidetze elektronikorako zuzeneko sarbidea eta agindu honetan agertzen diren eranskinak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1091503

5.– Eskabidearen ondorengo izapideak eta izapideen jarraipena bide elektronikoen bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren atal hau erabilita: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

21. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketak.

1.– Betebeharrak betetzen ez dituen erakunde onuradunak emandako laguntza jasotzeko eskubidea galduko du. Eskubide hori galdu dela deklaratzeak berekin dakar jasotako zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, eta, horrekin batera, sortutako berandutze-interesak (dirulaguntzei aplikatzen zaizkienak) itzuli beharko dira; hau da, ordainketa egin zen unetik laguntza itzuli beharra erabakitzen den egunera arte sortutakoak.

2.– Agindu honen 17. artikuluan adierazitako betebeharren bat bete ezean, jasotako laguntza itzuli egin beharko da. Agindu honetan aurreikusi gabeko orotan, aplikagarri izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 eta 53.2 artikuluetan xedatzen diren itzulketa-arrazoiak, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluan aipatzen diren arrazoiak ere. Azken artikulu hori Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 91., 92. eta 93. artikuluen bidez garatzen da, eta erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartu zuen.

3.– Agindu honen 5. artikuluan xedatzen denaren arabera, halaber, jasotako laguntza itzuli beharko da, emandako laguntzaren zenbatekoak (bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera) proiektuaren kostua gainditzen badu. Kasu horretan, aipatutako kostuari dagokionez soberan jasotako zenbatekora eta dirulaguntzen arloan dagozkion berandutze-interesetara mugatuko da itzultzeko betebeharra.

4.– Era berean, itzulketa egin beharko da baldintzak aldatzen badira; hau da, gastuen justifikazioa aurkeztutako aurrekontua baino baxuagoa bada, 18. artikuluan adierazten den bezala.

Artikulu horren a) apartatuan aipatzen den kasuan, soberan jasotako laguntzen zenbatekoa itzuli beharko da, laguntzaren aldaketa-ebazpenaren arabera. Ebazpen hori deialdiaren 11. artikuluan aipatzen diren eskabideak balioesteko irizpideei jarraituz bideratuko da.

Aldiz, b) apartatuan aipatzen den kasuan, itzulketa erabatekoa izango da; hau da, jasotako zenbatekoa edo zenbatekoak osorik itzuli beharko dira.

5.– Osasuneko sailburuordeak hasi eta ebatziko du itzulketa-prozedura, behar diren prozesuak izapidetu eta gero. Prozedura abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera izapidetuko da. Dekretu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermea eta itzulketak arautzen dira, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta eginbeharrak ezartzen dira.

6.– Itzultzen diren diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen bidez iragarritako deialdiari eta hura garatzeko jarduketei honako xedapen hauetan ezarritakoa aplikatuko zaie: 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa, eta 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena. Aplikatuko zaie, orobat, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluan eta VII. tituluaren III. kapituluan ezarritakoa.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera izapidetuko da prozedura.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote erakunde interesdunek Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, ebazpena aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailaren 2a.

Osasuneko sailburua,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana