Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

185. zk., 2021eko irailaren 16a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4768

EBAZPENA, 2021eko uztailaren 27koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Arratzu udal-mugarteko (Bizkaia) Loiola eta Uarka auzoen artean bidegorri bat eraikitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.

AURREKARIAK

2021eko maiatzaren 19an, Arratzuko Udalak Arratzu udal-mugarteko (Bizkaia) Loiola eta Uarka auzoen artean bidegorri bat eraikitzeko proiektuari buruzko eskabide bat aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, ingurumen-inpaktuaren txostena lortzeko, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren barnean, bat etorriz Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluarekin eta hurrengoekin.

21/2013 Legearen 46. artikulua aplikatuta, 2021eko ekainaren 2an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zion hasiera eman zitzaiola izapideari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Bukatu da jada kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea, eta bitarte horretan zenbait erakundek bidalitako txostenak jaso dira, eta haien emaitza espedientean jasota dago.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak behar beste judizio-elementu duela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko baita, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.b) artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren xede izango dira, besteak beste, aipaturiko legearen I. eranskinean eta II. eranskinean ageri ez diren arren, Natura 2000 Sareko gune babestuetan nabarmen eragin dezaketen proiektuak. Arratzu udal-mugarteko (Bizkaia) Loiola eta Uarka auzoen artean bidegorri bat egiteko proiektua kasu horien artean dago. Horrenbestez, ingurumen-ebaluazioaren arloan indarrean den legeria aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua aplikatu behar zaio proiektu horri. Bertan zehaztuko da proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio esanguratsuak dituen ala ez eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-agiria zuzena dela eta bat datorrela indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiekin, ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren proiektua garatu eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena formulatzea Arratzu udal-mugarteko (Bizkaia) Loiola eta Uarka auzoen artean bidegorri bat eraikitzeko proiektuari buruz. Honako hauek jasoko ditu txostenak:

A) Arratzu udal-mugarteko Loiola eta Uarka auzoen artean bidegorri bat eraikitzea da proiektuaren xedea. Bidegorri hori Uarkako bidegorriarekin lotuko da BI-3242 errepidearen parean.

B) Aipaturiko bidegorria eraikitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena ematea xede duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-agiria aztertzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Proposatutako bidegorriak 1.600 metroko luzera du guztira (hiru zati) eta 1,80 metroko igarobide-sekzioa, zeinak 3 metroko zabalerako lan-pista behar baitu. Bidegorriaren lehen zatia 150 metrokoa da eta BI-2224 errepidearen ondotik igaroko da, Loiola auzotik gertu. Bigarren zatia, 1.100 metrokoa, saneamendu-kolektorearen ardatzaren gainetik igaroko da Gorozika auzoaren sarreraraino, eta, ondoren, kolektorearen gainetik igarotzeari utzita, ipar-mendebalderantz zuzenduko da mendi-hegalaren erdialdetik, eta Gorozika auzorako gaur egungo sarbidearekin lotuko da. Eta hirugarren zatia, 350 metrokoa, Gorozika auzorako sarbidearekiko loturatik 200 m inguru gorago, lehendik dagoen baso-pista batetik jaitsiko da –pista hori hobetu egin behar da–, BI-3242 Gernika-Nabarniz errepideraino eta Uarkako bidegorriarekin lotuko da.

Jarraian, zati bakoitzean gauzatu beharreko jarduketak deskribatzen dira:

– 1. zatia (150 m): BI-2224 errepidearen ondotik igaroko da, Loiola auzotik gertu. 3 bat metroko zabalerako parterre bat proposatzen da, errepidearen arekarekiko paraleloan, 2,5 metroko zabalerako oinezkoentzako bidexka bat, berdegunearekiko paraleloan, eta ibilgailuak aparkatzeko zabalgune bat eratzea, oinezkoentzako bidexkaren kanpoaldetik 8 metrora.

– 2. zatia (1.100 m): saneamendu-kolektorearen ardatzaren gainetik igaroko da Gorozika auzoaren sarreraraino, eta, ondoren, kolektorearen gainetik igarotzeari utzita, ipar-mendebalderantz zuzenduko da mendi-hegalaren erdialdetik, eta Gorozika auzorako sarbidearekin lotuko da. Hasieran, bertako erreka zeharkatuko du, hormigoizko hodi baten gainean egindako betelanaren bidez, areka bat ere gurutzatuko du, hodi baten gainetik, eta lurrean arekak egingo dira, ibarbidetik datozen urak biltzeko. Gainera, kanalizazio bat jarriko da, bi hodi malguren bidez, etorkizuneko argiztapenerako.

– 3. zatia (350 m): bide asfaltatu batetik igaroko da gaur egungo baso-pistaraino, handik BI-3242 Gernika-Nabarniz errepidera jaitsiko da, eta Uarkako bidegorriarekin bat egingo du. Asfaltatutako bidearen eta baso-pistaren arteko bidegurutzean oinezkoen segurtasuna bermatzeko elementuak proiektatu dira, eta egungo bidea eta baso-pista hobetzeko lanak egiteko asmoa dago. Euri-urak biltzeko konportak egingo dira, bidegorrian zeharka kokatuko diren egurrezko kanalen bidez; horiek arekei eta drainatze-sare berriari lotuta egongo dira.

Lur-mugimenduei dagokienez, indusketaren bolumena, guztira, 1.610 m3-koa izango da, eta ez da soberakinik sortuko. 2. zatian 1.510 m3 lur induskatuko dira; horietatik 660 m3 landare-lurrekoak izango dira, eta bolumen guztia obrako betegarri gisa berrerabiliko da, bidegorriaren ertzak trantsizio-bermekin errematatzeko. 3. zatian 100 m3 induskatuko dira, eta lur hori egin beharreko pista berriko lurren erremate gisa berrerabiliko da.

Obrak 3 hilabete iraungo duela kalkulatzen da.

2.– Proiektuaren kokalekua.

Proposatutako bidegorria Golako ibaiaren ondotik igaroko da, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren barruan. Bidegorriaren zati handi bat errepidearen ertzetik igaroko da, eta errepidearen ondoan dauden belardietako lurzatien mugari eragingo dio. Hasierako eta amaierako zatiak bakarrik urrunduko dira errepidetik: hasierako zatiak belardigune bat zeharkatuko du; amaierako zatiak, berriz, pinuak dituen harizti bat zeharkatuko du, intsinis pinuz eta zuhaixka-eiteko sahatsez inguratutako pista baten gainetik.

Urdaibaiko EKZPn jasotako zonakatzearen arabera, proiektuaren eraginpeko eremuak honako kategoria hauei dagozkie: hirigintza-plangintzari lotutako antolamendua, ibai-sareko babesguneak, balio agrologiko handiko guneak, % 30-45eko malda duten basoguneak, baso autoktonoen gune bat eta trantsizioko landa-paisaiako guneak.

Proiektuak bi aldiz zeharkatuko du Urdaibaiko Ibai Sarearen KBEa (ES2130006), eta gune horiek degradatuta daude. Aztertutako eremuan, Batasunaren intereseko bi habitat daude: lehentasunezko 91E0* habitata (Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior-ez osatutako baso alubialak) eta 6510 habitata (altitude baxuko sega-belardi pobreak (Alopercus pratensis, Senhuisorba officinalis).

Golako ibaia eta urak bertara isurtzen dituzten erreka txikiak, aztertutako eremuan daudenak, bisoi europarrarentzako (Mustela lutreola) interes bereziko eremuak dira. Halaber, aztertutako eremua Schreiber muskerraren (Lacerta schreiberi) eta baso-igel iberiarraren lehentasunezko banaketa eremua da. Golako ibaiaren zati horrek (Golako-A ur-masa) egoera global ona du.

Bidegorriak akuiferoak kutsatzeko arrisku ertain eta handiko guneak zeharkatuko ditu. Gainera, ibilbidea Golako ibaira hurbiltzen denean, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua duten guneak zeharkatuko ditu.

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

Proiektu mota eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpakturik handienak obra-fasean sortuko dira, eta lurzoruaren okupazioaren eta bertan dagoen landaredia kentzearen ondoriozkoak izango dira. Kontuan izan behar da Batasunaren intereseko 91E0* habitata (Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior-ez osatutako baso alubialak) degradatuta dagoela eta bidegorriak zeharkatuko duen gunean ez dagoela haltz-ale heldurik.

Era berean, lur-mugimenduek eta solido esekiz kargatutako jariatze-urak isurtzeak azaleko uren kalitatean izan dezakeen afekzioak ere eragina izango dute, batez ere, ibai-ibilgutik hurbilen dauden puntuetan. Era berean, obra-fasean, zaratek inguruneko fauna asaldatzea eragin ahal izango dute.

Ingurumen-agiriaren arabera, proiektuak Urdaibaiko Ibai Sarearen KBEan (ES2130006) izango duen eragina, Natura 2000 Sareko eremuaren kontserbazio-helburuak kontuan hartuta, bateragarria da, eta eragin nabarmena izatea baztertzen da.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, obrek iraun bitartean kontuan hartu beharko da eremuaren zati batean akuiferoak kutsatzeko arrisku handia dagoela eta 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua duten guneak zeharkatuko dituela.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Arratzu udal-mugarteko Loiola eta Uarka auzoen artean bidegorri bat eraikitzeko proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri esanguratsurik izan ez dezan eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak gauzatzean, honako hauetan ezarritakoa bete beharko da: indarrean dagoen araudian xedatutakoa, hurrengo apartatuetan adierazitakoa, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa.

Neurrien norainokoa eta kontrolerako langile kopurua egokiak izan beharko dira ingurumen-agirian eta ingurumen-txosten honetan ezarritako kalitate-helburuak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak aplikatuko dira obran.

Hurrengo apartatu hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira.

1.– Natura-ondarea babesteko neurriak.

– Urdaibaiko Biosfera Erreserban aplikatu beharreko araudiari dagokionez, Patronatuaren nahitaezko txostena eduki beharko da.

– Bizkaiko Lurralde Historikoan Bisoi Europarra edo Mustela lutreola (Linnaeus, 1761) Kudeatzeko Plana onetsi zuen Foru Aldundiaren ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuaren 9. artikuluaren arabera, galzoriko espeziea denez eta hura babesteko neurri bereziak behar direnez, Bizkaiko Foru Aldundiaren Nekazaritza Sailaren Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren aurretiazko baimena beharko du interes bereziko guneetako jarduera orok, baldin eta jarduera horrek espezieak ugaltzeko edo bere burua babesteko erabiltzen duen habitataren ezaugarriak aldatzea badakar, eta baimen horretan mugak ezarri ahal izango zaizkio bai lanak egiteko moduari, bai lanak egiteko uneari.

– Obrak egiteko ezinbestekoa den azalera bakarrik erabiliko da lanerako. Obrako material eta tresnek ahalik eta espazio gutxien okupatu behar dute, makinek eta ibilgailuek berariaz prestatutako eremuetatik kanpo ahalik eta gutxien zirkulatu behar dute, eta zuhaiztiei alferrikako afekzioak eragitea saihestuko da, bereziki, ibilbidetik hurbil dauden haltzadi kantauriarrei.

– Obrak hasi aurretik, zehatz-mehatz mugatu eta in situ balizatu beharko dira obrak egiteko nahitaez moztu behar ez diren zuhaitz autoktonoak, bereziki, zuhaitz-eiteko haltzak. Gainera, kontserbatu beharreko zuhaitzak behar bezala babestuko dira, kolpeak saihesteko eta sustrai-sistemak kalterik ez izateko. Inausketak beharrezkoak izanez gero, langile espezializatuek gauzatuko dituzte, ebaki garbiak eginez.

2.– Urak babesteko neurriak.

– Oro har, eraikuntza-fasean, sistema hidrologikoa eraldatzea saihestuko da, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta drainatze-sarera ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko dira. Ildo horretan, kontuan izan behar da Golako ibaian, jarduketaren gunea baino beherago, hiri-hornidurarako ur-bilketa bat dagoela eta babes-perimetro bat duela.

– Ez da obrako instalazio lagungarririk jarriko (batez ere makineria-parkea eta garbigunea) ez ubideetatik gertuko guneetan, ez uholde-arriskua duten guneetan, uholdeen errepikatze-denbora edozein dela ere, ez eta akuiferoak kutsatzeko arrisku handia dagoen guneetan ere.

– Obrako makinak gordetzeko azalera eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereizi beharko dira. Zolata iragazgaitzaz gain, efluenteak biltzeko sistema bat ere izango du, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta lantegiko ohiko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako guneetatik kanpo egin.

– Hormigoi-upelak berariaz horretarako egokitutako guneetan garbituko dira. Hormigoi-upeletako kanaletak garbitzeko esneak ezin izango dira inola ere lurrera isuri. Hormigoi-hondakinak kudeatzean, txosten honen hurrengo apartatuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

– Hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa jarri beharko da eskura obretan, ustekabeko isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

– Obraren inguruko ibilguetan solido esekiak areagotzen direla antzemanez gero, luzetarako sedimentazio- eta iragazketa-hesiak jarriko dira, edo ingurune hidrikoan solidorik ez sartzeko bestelako gailuak.

3.– Paisaia babesteko eta ukitutako eremuak lehengoratzeko neurriak.

– Proiektua gauzatzean eragindako gune guztietan egingo dira paisaia integratzeko lanak (aldi baterako pilaketa-eremuak, aldi baterako lurzoru-okupazio guneak, sarbideak, obrako instalazio osagarriak, eta abar).

– Eragindako guneak lehengoratzeko, ingurumen-agirian adierazitako espezieak erabiliko dira.

– Landare-espezie exotiko inbaditzaileak detektatzeko eta bertan sartu eta hedatzea saihesteko kontrol-neurriak hartuko dira. Bereziki kontrolatu beharko da landare-estalkia lehengoratzeko erabiliko diren lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatuta egon daitekeen lurrik.

– Erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, halakoetan inguruan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak joan baitaitezke.

– Era berean, ahal den guztietan, errotik kenduko dira jarduketaren guneetan aurkitutako espezie inbaditzaileak.

– Bai baldintza-agiriak bai obra kontratatzeko aurrekontuek eragindako lurrazalak lehengoratzeko baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jaso beharko dituzte, proposatutako jarduerak behar bezala betetzen direla bermatzeko. Aurrekontuan, hutsarteak betetzeko eta landareak behin betiko errotzeko behar diren mantentze-lanetarako partida bat jasoko da.

4.– Zaraten eta bibrazioen ondorioak minimizatzeko neurriak.

– Lanek dirauten artean, beharrezkotzat jotzen diren obrako jardunbide egokiak aplikatu beharko dira, ordutegien mugaketari, makineriaren mantentze orokorrari eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obretan erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira aire zabalean erabiltzen diren makinen emisio akustikoei buruz indarrean dauden legeetan ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

5.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

– Sortutako hondakin guztiak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, karakterizatu egin beharko dira, hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, prebentzioa sustatu behar da hondakinak sortzean, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu beharko dira hondakinak, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

– Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: aldez aurretik behar bezala justifikatzen denean ezinezkoa dela hondakinak teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik balorizatzea.

– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdinetako hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

– Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak bi xedapen hauen arabera kudeatuko dira: Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretua eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretua.

– Zabortegira bidali beharreko hondakinak, berriz, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Soberakinik badago eta betelanerako erabiltzeko badira, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan zehaztutako baldintzak bete beharko dituzte.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Lege Orokorra betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

– Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira, behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

– Gune jakin bat egokituko da, aldi batez hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

6.– Airearen kutsadura murrizteko neurriak.

– Airearen kutsadurari dagokionez, ahalik eta hauts gutxien sortzeko ahalegin berezia egingo da. Airearen kalitatean ez eragiteko, honako neurri hauek hartuko dira materialak garraiatzean eta zamalanak egitean, atmosferara partikularik ez igortzeko:

– Aldian-aldian, garbitu egingo dira sarbideak, bai eta, atzemandako hauts-igorpenen arabera, ureztatuko ere. Sarbideak baldintza onenetan mantenduko dira une oro.

– Ez da hondakinik erreko, ezta beste inolako materialik ere.

7.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, lurrak mugitzeko obretan arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.

8.– Garbiketa eta obren akabera.

Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuaren eraginpeko eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desegin egin beharko dira.

Hirugarrena.– Ingurumena Zaintzeko Programa gauzatzerakoan, sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa bete beharko da, eta ondoren zehaztuko diren beste kontrol hauek ere erantsi beharko zaizkio.

Programa horrek obra kontratatzeko baldintzen agirian sartuta geratu behar du, eta bete ahal izatea bermatzeko beharrezko aurrekontua izango du.

Organo substantiboak aurkeztutako dokumentazioan proposatutako Ingurumena Zaintzeko Programa alde batera utzi gabe, honako baldintza hauek hartu beharko dira kontuan:

1.– Gorabeheren erregistroa:

Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta neurri babesle eta zuzentzaileen betetze-mailarena ere. Erregistro horrek eskuragarri egon beharko du, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak ikuska dezan. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatutako aldaketak. Horri dagokionez, obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta indarrean dagoen legediak hondakinen kontrolerako, jarraipenerako eta onarpenerako jasotzen dituen agiriak erantsi beharko dira txosten horretan.

2.– Lanen okupazio-mugen kontrola:

Egindako okupazioa proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela egiaztatuko da; obrek ez dute hartuko aurreikusitakoa baino azalera handiagorik.

3.– Lehengoratzea ongi egin den kontrolatzea:

Obra amaitu ondorengo urtean, aldizkako jarraipena egingo zaio proiektuaren eraginpeko eremuen lehengoratzeak izan duen arrakasta-mailari.

4.– Ingurumena Zaintzeko Programaren emaitzak:

Ingurumena Zaintzeko Programaren barruko analisien eta txostenen emaitzak behar bezala erregistratu beharko dira, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari bidaliko zaizkio organo substantiboaren bidez. Obrak bukatu eta lehengoratze-lanen bermealdia amaitutakoan egingo da bidalketa hori, hau da, lehengoratzea egin eta urte batera. Ingurumena Zaintzeko Programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan espezializatutako erakunde batek egindako txostena ere aurkeztu behar da.

Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta datu horiek administrazio publikoen ikuskaritza-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.

Laugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak planteatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo esanguratsurik sortuko denik proiektua gauzatzearen ondorioz. Hori dela eta, Arratzuko Udalak Arratzu udal-mugarteko (Bizkaia) Loiola eta Uarka auzoen artean bidegorri bat eraikitzeko sustatu duen proiektuaren kasuan, ez da beharrezkotzat jotzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.

Bosgarrena.– Arratzuko Udalari ebazpen honen edukiaren berri ematea.

Seigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txostena indargabetu egingo da, eta utzi egingo dio ondorioak izateari, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren gehienez ere lau urteko epean ez bada proiektu hori baimendu. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 27a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala