Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

180. zk., 2021eko irailaren 9a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4688

EBAZPENA, 2021eko abuztuaren 31koa, Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordearena, zeinaren bidez iragartzen baita, 2021eko ekitaldirako, Enpresa I+G bultzatzeko Hazitek programaren II. faserako deialdia.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko urtarrilaren 31ko Aginduaren bidez arautu zen Enpresa I+G bultzatzeko Hazitek programa (2017ko martxoaren 2ko EHAA, 43. zk.). Agindu hori Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2018ko abenduaren 17ko Aginduak aldatu zuen (2018ko abenduaren 27ko EHAA, 248. zk.).

Teknologiako, Berrikuntzako eta Lehiakortasuneko sailburuordearen 2020ko abenduaren 9ko Ebazpenaren bidez iragarritako I. fasea amaitu ostean (2020ko abenduaren 29ko EHAA, 260. zk.), eta Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordearen 2021eko uztailaren 15eko Ebazpenaren bidez fase hori ebatzita eta interesdunei jakinarazita, aipatutako agindu arautzailearen 12.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, II. fasearen deialdia egiten da, I. fasean onartu diren proiektuei laguntzak esleitzeko, 2021eko ekitaldian, eta, horretarako, behar diren arauak eman behar dira.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko martxoaren 17ko Aginduaren bitartez onartu zen 2021., 2022., eta 2023. urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartuta dago laguntza-programa hau, eta Euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan dago eskuragai.

Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2021. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legeak baimendutako kredituen arabera, honako dirulaguntza-deialdi honek nahikoa aurrekontu-estaldura dauka.

Horiek horrela, aipatutako aginduaren 12.3 artikuluan ezarritako eskumenaz baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea hau da: II. fasearen deialdia egitea, I. fasean onartutako proiektuetarako laguntzak esleitzeko, 2021eko ekitaldiari dagokionez. I. fasea Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko urtarrilaren 31ko Aginduan aurreikusi zen (Enpresa I+G bultzatzeko Hazitek programa arautzen duena), eta horretarako deialdia 2020ko abenduaren 9ko Ebazpenaren bitartez egin zen (2020ko abenduaren 29ko EHAA, 260. zk.).

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdiko laguntzak finantzatzeko, 91.300.000 euro erabiliko dira, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren 2021eko ekitaldiko aurrekontu-kredituekin.

Deialdiaren guztizko zenbateko horretatik, 43.300.000 euro bideratzen dira izaera lehiakorreko I+G proiektuak finantzatzera, eta, 48.000.000 euro, izaera estrategikoko proiektuak finantzatzera.

Eskatutako laguntzen guztizko zenbatekoa kontuan izanik eta haiek ebatzi baino lehen, zenbateko horiek handitu ahal izango dira; betiere Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren beste I+G+b laguntza-programa batzuk gauzatzearen ondorioz agortu gabe geratzen diren aurrekontu-baliabideen arabera. Aldaketarik izanez gero, Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak ebazpena emango du, aurreko guztiaren berri emateko.

3. artikulua.– Betekizunak.

Deialdi honetako laguntzak eskuratu ahal izateko, egiaztatu beharko da Hazitek programa arautzen duen Aginduaren 3. eta 20. artikuluetan proiektuei eta entitate eskatzaileei buruz ezarritako betekizunak betetzen direla.

4. artikulua.– Eskabideak: aurkeztea eta epea.

1.– Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko urtarrilaren 31ko Aginduaren 20. artikuluan ezarritako zehaztapenekin bat etorriz egin beharko da eskabidea; agindu horren bidez arautzen da Enpresa I+G bultzatzeko Hazitek programa.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bitartez baino ezin izango da eskuratu eta bete eskabidea, helbide honetan sartuta:

https://www.euskadi.eus/servicios/1030806/ (gaztelania)

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1030806/ (euskara)

Eskabidearen ondorengo izapideak, bide elektronikoz, jakinarazpenak eta espedientearen kontsulta barnean direla, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta»ren bidez egingo dira:

https://www.euskadi.eus/micarpeta

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

5. artikulua.– Ebaluazio-organoaren osaera.

Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, eta laguntzak emateko proposamena egiteko, ebaluazio-organo bat eratzen da, zeinaren osaera hau izango baita:

Lehendakaria: teknologiaren arloan eskuduna den zuzendaritzako titularra, Alberto Fernández González, edo karguan ordezkatuko duen pertsona; eta ordezkoa: Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren Zuzendaritzako titularra, Leyre Madariaga Gangoiti, edo karguan ordezkatuko duen pertsona.

Honako kide hauek izango dira bokalak:

• Industriaren garapenaren arloan eskumenak dituen zuzendaritzako titularra, Mikel Amundarain Leibar, edo karguan ordezkatuko duen pertsona; eta ordezkoa: industriaren garapenaren arloan eskumenak dituen zuzendaritzako teknikari bat, Rosa Murillas Maza.

• SPRIren ordezkari bat, Amaia Martinez Muro; eta ordezkoa: Miguel García Altuna.

• Teknologiaren arloan eskumenak dituen zuzendaritzako teknikari bat, Natividad Niño Bartolomé; eta ordezkoa: Larraitz Segurola Bereciartua, zeinak idazkari-lanak egingo baititu.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko abuztuaren 31.

Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea,

ESTÍBALIZ HERNÁEZ LAVIÑA.


Azterketa dokumentala