Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

179. zk., 2021eko irailaren 8a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4668

AGINDUA, 2021eko uztailaren 28koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko ardoa, sagardoa eta artisau-erara egindako garagardoa sustatzeko 2021eko laguntza-deialdia egiten baita –«Basque Wine programa»–.

2020ko martxoaren 11n, Osasunaren Mundu Erakundeak nazioarteko pandemiara igo zuen COVID-19ak eragindako osasun publikoaren larrialdi-egoera. Egoera horrek askotariko ekonomia- eta enpresa-sektoreei eragin die, eta eragiten die, ohiko jarduna eragotzita.

Elikagaien merkatu globalean, bereziki mahastizaintza- eta ardogintza-industriaren kasuan eta sagardo naturala eta artisau-garagardoa egiten dutenen kasuan, ezinbestekotzat jotzen da agindu honetan jasotzen diren mekanismoak sustatzea, betiere sektorea sustatzeko eta pairatzen ari den egoera zaila arintzeko, COVID-19arengatik Horeca kanala itxi baita.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa betetzeko, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak dirulaguntzen plan estrategiko bat dauka –Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko martxoaren 17ko Agindua, zeinaren bidez onartzen baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2021, 2022 eta 2023rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa–, eta haren barruan dago agindu honen bidez iragartzen den laguntza, zeina www.euskadi.eus webgunean kontsulta baitaiteke.

Hori dela eta, Euskal Autonomia Erkidegoko 2021. urteko aurrekontu orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legean baimendutako kredituen arabera aurrekontu-zuzkidura nahikoa dagoenez, ardoa, sagardoa eta artisau-erara egindako garagardoa sustatzeko laguntza-deialdi hau egiten da.

Bestalde, estatu-laguntza baten deialdia denez, estatu-laguntzen gaineko Europar Batasuneko araudia bete behar da. Kasu honetan, honi jarraikiz emango da laguntza: Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa; halako laguntzak, gehienez, 200.000 eurokoak izan daitezke onuradun bakoitzeko eta hiru urteko epean.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da 2021eko ekitaldian laguntza-programa bat ezartzea, barne-merkataritzan Basque Wine markako produktuak sustatzeko EAEko ardo, sagardo natural eta artisau-erara egindako garagardoen kontsumitzaileen artean.

Agindu honen ondorioetarako, Espainiako Estatuaren barruan dauden merkatu guztiak hartzen dira barne-merkataritza gisa.

2.– Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako de minimis araubidea aplikatuko zaie laguntza hauei.

Bigarrena.– Onuradunak.

Agindu honetan araututako laguntzen onuradun izan daitezke hamar milioi euroko edo hortik beherako negozio-bolumena duten ETEak, bereizgarri hauek babestutako edariak ekoizten badituzte:

– Basque Beer.

– Txakoli de Alava - Arabako Txakolina, Txakoli de Bizkaia - Bizkaiko Txakolina, Txakoli de Getaria - Getariako Txakolina.

– Euskal Sagardoa.

– Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatuaren kasuan, gutxienez % 85 Arabako Errioxako eskualdean ekoitzitako mahatsarekin egindakoak eta etiketan hala egin direla zehaztuta dutenak (eskualdeko ardoa, udalerriko ardoa edo mahasti berezia).

Hirugarrena.– Betekizunak.

1.– Laguntza hauen onuradun izateko, eskatzaileek, bigarren ebazpen-zatian zehaztutako eremu subjektiboan egoteaz gain, honako baldintza orokor hauek bete beharko dituzte:

a) 2021ean laugarren ebazpen-zatian aurreikusitako diruz laguntzeko jardueraren bat garatu izana edo garatzen aritzea, betiere jarduera hasi izanaren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu badute edo Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Elikagaigintzako Industrien Erregistroan izena emanda badaude.

b) 2019ko abenduaren 31n enpresa krisialdian ez badaude, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauen arabera, betiere kategorien araberako salbuespen-erregelamendu orokorrean xedatutakoarekin bat etorriz. Hala ere, krisi-egoeran ez dauden edo 2019ko abenduaren 31n krisi-egoeran ez zeuden enpresek ere jaso ahal izango dituzte, COVID-19aren agerraldian jada krisian zeuden edo ordutik aurrera krisian sartu ziren enpresen kasuan.

c) Berreskuratze-agindu baten mende ez egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

d) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean izatea.

Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean izatearen ziurtagiriak. Hala eta guztiz ere, eskatzaileak modu arrazoituan uka dezake baimen hori, eta, hala egiten badu, dagokion ziurtagiria edo eskatutako agiria aurkeztu beharko du.

2.– Ezingo dute agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan inguruabar hauetako batean dauden pertsonek edo entitateek:

a) Epai irmo bidez dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu dutenak zigor bidez, edo delitu hauetako bat egiteagatik kondenatuak izan direnak: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoen bidegabeko eralgitzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legez kontrako ordainarazpenak edo hirigintza-arloko delituak.

b) Hartzekodunen borondatezko konkurtsoa deklaratzea eskatuta izatea, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo izatea, konkurtsoan deklaratuta egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean egotea edo desgaitua izatea, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

c) Administrazioarekin egindako edozer kontratu ebazpen irmoz indargabetu bada, dena delako kausagatik errudun deklaratuz gero.

d) Pertsona fisikoek, merkataritza-sozietateen administratzaileek edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkariek, baldin eta Estatuko Administrazio Orokorreko goi-karguan aritzea arautzen duen martxoaren 30eko 3/2015 Legean, Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean edo Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Eusko Legebiltzarraren Legean aipatutako kasuren batean sartuta badaude edo Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautetsiak badira, bertan ezarritako baldintzetan edo arlo horiek erregulatzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

e) Indarrean dauden xedapenen bidez ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez dituztenak.

f) Edo dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordaindu ez dituztenek, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 21. eta 25. artikuluetan ezarritako baldintzetan –errege-dekretu horren bidez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartu zen–.

g) Eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako gainerako baldintzak.

h) Orobat, ezingo dute deialdi honetako laguntzarik jaso sexuan oinarritutako diskriminazioagatik zehapen administratiboa edo penala ezarrita dutenek eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea dela bide debeku horrekin zehatuta daudenek.

3.– Laguntza hauen onuradun izateko, goragoko apartatuan xedatutakoa betetzeaz gain, honako betekizun espezifiko hauek bete beharko dituzte eskatzaileek:

a) Nekazaritza eta Elikagaigintzako Industrien Erregistroan izena emanda egotea.

b) Produktu hauetakoren bat egitea:

– Errioxa JDKren babeseko ardoa. Kasu horretan, erabilitako mahatsaren % 85, gutxienez, Arabako Errioxako eskualdean ekoitzitako mahatsa izango da eta etiketan hala zehaztuta egongo da (eskualdeko ardoa, udalerriko ardoa edo mahasti berezia).

– Arabako Txakolina JD, Bizkaiko Txakolina JD eta Getariako Txakolina JDren babeseko ardoa.

– Euskal Sagardoa JDren babeseko sagardo naturala.

– Euskal Autonomia Erkidegoko malta-garagarra erabiliz ekoitzitako garagardoa, «Basque Beer» bereizgarria duena.

Laugarrena.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta gastu finantzagarriak.

1.– Honako jarduera hauek jaso ahal izango dituzte deialdi honetako laguntzak, 2021. urtean garatzen badira osorik:

a) Izaera profesionala duten azoketan edo merkataritza-lehiaketetan erakusketari gisa parte hartzea, merkataritza-jarduerak garatzeko, produktuak erakutsiz stand indibidual edo partekatuetan.

b) Azoketara joatea, hau da, eskatzaileak bisitaldiak egitea profesionalei zuzendutako azoketara.

c) Zuzeneko misioak egitea eta estatu barruko merkatuetan produktuak aurkeztea, hau da, enpresa eskatzailearen produktuak aurkeztea edo haiek dastatzeko aukera ematea, merkataritza-harremanak areagotzeko.

d) Alderantzizko misioak egitea, hau da, erosleak edo iritzi-emaileak gonbidatzea, enpresen ekoizpen-establezimenduetan bisitaldiak egin ditzaten; Euskal Autonomia Erkidegoan bakarrik egingo dira bisitaldi horiek.

e) Salmenta-puntuetan sustapen-jarduera zehatz eta espezifikoak egitea, hau da, produktuaren publizitatea egitea eta hura dastatzeko aukera ematea, kontsumitzailearen oniritzia lortzeko. Sustapen-jarduera zehatz eta espezifiko horietako bakoitzak gehienez hiru hilabeteko iraupena izango du.

f) Ikus-entzunezko katalogoak eta materialak, hau da, enpresaren irudiari eta produktuei buruzko dibulgazio-materialak egitea.

g) Komunikabideetako publizitate-kanpainak.

Laguntzak produktu horiek sustatzeko finantzaketa-beharrak estaltzeko erabili beharko dira, eta, beraz, ezin izango dira erabili banatzaileek ekoizleei erositako produktuen prezioa edo bolumena aldatzeko.

2.– Aurreko puntuan aurreikusitako ekintzetan diruz lagundu daitezkeen gastuak III. eranskinean zehaztutakoak izango dira. Edonola ere, gastu horiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoa bete beharko dute.

Bosgarrena.– Finantzaketa.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko 2021erako Aurrekontu Orokorretan xede horretarako zehaztutako aurrekontu-kredituen kargura finantzatuko dira laguntzak, eta ezin izango dira milioi bat eurotik (1.000.000 euro) gorakoak izan.

2.– Emango diren laguntzen zenbateko guztia ezingo da izan baliabide horiek baino handiagoa, ez eta baliabideok eguneratzean ateratzen den zenbatekoa baino handiagoa ere, indarrean dagoen legedia betez aurrekontu-aldaketak onartzen diren kasuetan. Gehikuntza hori gertatuz gero, deialdiaren ebazpena eman baino lehen egin behar da, eta horren berri emango da Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpen baten bitartez.

Seigarrena.– Bateraezintasunak.

Deialdi honen bidez diruz lagundutako ekintzek ezingo dute jaso Lehiatu Sustapena programaren dirulaguntzarik (horren araudia EAEtik kanpoko merkatuetan nekazaritzako, elikagaigintzako, arrantzako eta basogintzako produktuak sustatzeko laguntzei buruzko 179/2014 Dekretuan dago jasota), OCM Promoción programaren dirulaguntzarik (Espainiako mahastizaintzako eta ardogintzako sektoreari 2019-2023 aldian laguntzeko programaren neurriak aplikatzeari buruzko azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuan eta EAEko mahastizaintzako eta ardogintzako sektoreari laguntzeko Batasuneko laguntza-neurriak garatu eta aplikatzeari buruzko abenduaren 9ko 227/2014 Dekretuan arautzen dira) eta Lehiatu Ardoa programaren (2021eko deialdian) eta helburu bererako bestelako programen dirulaguntzarik ere.

Zazpigarrena.– Laguntzaren zenbatekoa.

1.– Laguntzaren zenbatekoa diruz lagun daitezkeen gastuen % 60 izango da, gehienez ere hamabost mila euro (15.000 euro) onuradun bakoitzeko.

2.– Edonola ere, eta laguntza hauen de minimis araubidearekin bat etorriz, enpresa bakarrari de minimis laguntzetan emandako zenbatekoak ezin izango du gainditu 200.000 euroko kopurua hiru ekitaldi fiskalen barruan. Kontuan hartu beharreko hiru urteko aldia izango da 2021eko ekitaldi fiskala eta aurreko bi ekitaldi fiskalak.

Zortzigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea, eskabide-eredua eta dokumentazioa.

1.– Laguntza-deialdi honetarako eskabideak aurkezteko, hilabeteko epea egongo da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa –hor eskuratu daitezke tramitaziorako jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, eta horren bidez sar daiteke eskabide-formulariora– helbide honetan dago eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1200501

Agindu honen I. eranskinean dago jasota inprimakiaren edukia. Era berean, prozeduraren eskuliburua onartzen da, zeina eskuragarri egongo baita https://www.euskadi.eus web-orrian eta argitara ematen baita agindu honen III. eranskinean.

2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikulua betetzeko, bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztu behar dira agindu honetan araututako laguntzetarako eskabideak; horretarako, ebazpen-zati honen 3. apartatuan adierazitako helbide elektronikora jo behar da.

3.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1200501

Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz, hemen egin daitezke:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak honako helbide honetan xedatuta daude: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

4.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, artikulu hauetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluak. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikora helbide honen bitartez sar daiteke: https://www.euskadi.eus/representantes eta https://www.euskadi.eus/ordezkariak.

5.– Agindu honen II. eranskinean adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da eskabidearekin batera.

Eskatutako dokumentazioa lehendik entregatuta badago administrazio honetan edo beste batean eta eskatzaileak berariaz deklaratzen badu dokumentu horietan ez dela aldaketarik egon, horiek aurkeztutzat joko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin bat. Eskatzaileak adierazi beharko du zein administraziotan eta zein unetan aurkeztu zituen dokumentuak. Edonola ere, eskatzaileak berariaz uko egin ahal izango dio baimen inplizitu horri laguntza-eskabidean, eta, hala egiten badu, dokumentazioa aurkeztu beharko du.

Laguntzak kudeatzen dituen organoa ohartzen bada eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioak ez dituela betetzen agindu honetan xedatzen diren betekizunak, horren berri emango dio eskatzaileari eta hamar egun balioduneko epea emango dio falta zuzentzeko edo nahitaezko dokumentazioa aurkezteko. Halaber, adieraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egindakotzat joko duela, horretarako ebazpena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluaren arabera eman ondoren.

6.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentazioarekin batera. Era berean, laguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

Bederatzigarrena.– Laguntzak kudeatzea.

1.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritza izango da deialdi honek arautzen dituen laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Sustapen-eskabideak ebaluatu eta baloratzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da, zeinean bermatuta egongo baita emakumeen eta gizonen presentzia, ez bada arrazoi oinarrituak, objektiboak eta arrazoituak daudela hala ez izateko. Hiru pertsonek osatuko dute batzordea, eta bokal gisa arituko dira; Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko kideak izango dira hirurak, eta horietako bat, zehazki, Enpresa Programaren arduraduna izango da. Beste biak Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako teknikarien artetik aukeratuko dira.

Agindu honetan araututako deialdian, honako hauek osatuko dute Balorazio Batzordea: Elisa Torre-Enciso Enciso andrea, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako Enpresa Programaren arduraduna, lehendakari gisa jardungo duena; Mirari De Prado Embid andrea, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako teknikaria, batzordekide gisa jardungo duena; Marian Alustiza Aguirre andrea, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako teknikaria, batzordekide eta idazkari gisa jardungo duena.

Batzordeak, bere eginkizunak betetzeko, adituei eskatu ahal izango die bere bileretan parte hartzeko eta aholkularitza emateko, beharrezko irizten duenean.

3.– Balorazio-batzordeak proiektuen bideragarritasuna aztertu eta espedienteak balioetsi aurretik, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako teknikari batek eskaera bakoitza aztertuko du: proiektu bakoitzaren azterketa tekniko eta ekonomikoa egingo du, eta, haren arabera, proiektuak agindu honetako eskakizunak betetzen dituen aztertzeko txosten bat egingo du, batzordeari aurkeztuko diona.

4.– Balorazio-batzordearen egitekoak hauek izango dira:

a) Aurkezten diren eskabide guztiak aztertzea eta aplikatu beharreko araudia betetzen dutenak eta araudia betetzen ez dutenak bereiztea. Era berean, araudia betetzen ez duen eskabide bakoitza baztertzeko arrazoiak zerrendatuko ditu.

b) Aplikatu beharreko araudia betetzen duten proiektuen eskabideak ebaluatzea, hau da, proiektuak eta agindu honetan ezarritako irizpide objektiboen betetze-maila balioestea, laguntza motaren arabera.

c) Laguntzak baloratzeko eta kuantifikatzeko finkatzen diren irizpide objektiboetan oinarrituz, onuradun bakoitzari zenbateko laguntza emango zaion proposatzea.

5.– Balorazio-batzordeak ebazpen-proposamen bakarra egingo dio Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako titularrari. Proposamenak, gutxienez, agindu honetako hamalaugarren xedapen-zatian adierazitako edukia izan beharko du.

6.– Balorazio-batzordeak bere barne funtzionamendu-arau propioak ezarri ahalko ditu. Horiek arautzen ez dituzten gaietan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatua aplikatuko da.

Hamargarrena.– Laguntzak esleitzeko eta kuantifikatzeko prozedura.

1.– Laguntzak esleitzeko, lehiarik gabeko konkurrentzia-prozedura bat jarraituko da eta, prozedura horretan, garaiz eta behar bezala aurkeztutako eskaerei deialdi horretako laguntzak emango zaizkie, baldin eta eskatutako baldintza objektibo eta subjektiboak betetzen badituzte. Horretarako, eskaera bakoitzari dagokion zenbatekoa kalkulatuko da, zortzigarren ebazpen-zatian aurreikusitako gehieneko ehunekoak eta zenbatekoak kontuan hartuta.

2.– Zortzigarren ebazpen-zatian adierazitako zuzkidura ekonomikoa nahikoa balitz hasiera batean adierazitakoaren arabera hasiera batean kalkulatutako zenbateko guztiak estaltzeko, dagozkion zenbatekoen dirulaguntzak esleituko dira. Hala ez bada, beren plantillan gutxienez % 40 emakumeak direla egiaztatzen duten erakundeen eskaerei erantzungo zaie hasieran kalkulatutako zenbatekoan, Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko 8/2015 Legearen 20.3 artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Zuzkidura ekonomikoa nahikoa ez bada irizpide hori (langileen % 40 emakumeak) betetzen duten eskaera guztiei erantzuteko, laguntza horietara bideratutako zenbateko ekonomikoa eskaera horien artean hainbanatuko da; gainera, laguntza-ehunekoaren murrizketa aplikatuko da, zuzkidura hori nahikoa izan arte.

3.– Plantillan gutxienez % 40 emakumeak direla egiaztatu duten erakundeen eskaerei erantzun ondoren, hasiera batean kalkulatutako gehieneko zenbatekoan deialdiaren zuzkiduran geldikinen bat geratu bada, geldikin hori gainerako eskaerei aplikatuko zaie, soberakina horien artean banatuta. Horretarako, kalkulatutako zenbatekoen murrizketa lineala aplikatuko da, zuzkidura hori estaldura osorako nahikoa izan arte.

Hamaikagarrena.– Ebazpena.

1.– Aurkeztutako eskaerak eta dokumentuak aztertutakoan, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak deialdia ebatziko du, ebazpen bakar baten bidez. Ebazpen horretan, eskatutako laguntzak eman edo ukatu egingo ditu.

2.– Ebazpenak informazio hau jaso beharko du, gutxienez:

Aintzat hartutako eskabideei dagokienez:

a) Onuradunen izena edo izen soziala, eta IFK edo NAN.

b) Diruz lagundu daitekeen gastua.

c) Dirulaguntza-ehunekoa eta laguntzaren guztizko zenbatekoa.

Ukatutako eskabideei dagokienez:

a) Eskatzaileen izena edo izen soziala, eta IFK edo NAN.

b) Eskabidea ez onartzeko arrazoiak.

3.– Onuradunei dirulaguntzok eman eta ordaintzeko, amaituta izan behar dute EAEko Administrazio Orokorrak eta organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan abian jarri ahal izan den itzulketa- edo zehapen-prozedura oro.

4.– Agindu hau indarrean jarri eta gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena.

Prozeduraren ebazpena EHAAn argitaratuko da, eta argitalpenak jakinarazpen-ondorioak izango ditu. Dena dela, onuradun bakoitzari ebazpen osoa helaraziko zaio, eta, gainera, banakako eranskin baten bidez, ebazpenean bakoitzari berariaz eragiten dioten alderdiak identifikatuko dira, laguntza emateko edo ukatzeko kontzeptuak azalduta, banakatuta eta behar bezala arrazoituta.

Jakinarazpen elektronikoak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Bestalde, 39/2015 Legeko 40.2 artikuluak eskatzen duen jakinarazpenetan jaso behar diren zehaztasun guztiak jarri behar dira argitalpenetan ere.

Nolanahi ere, lehenengo egin den jakinarazpenaren data joko da jakinarazpen-datatzat.

5.– 4. paragrafoan aurreikusitako epea amaitzen bada interesdunei deialdiaren ebazpena jakinarazi gabe, eskabidea ezetsitzat joko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

6.– Prozeduraren ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio interesdunak Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, edo, hiru hilabeteko epean administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Hamabigarrena.– Justifikazioa eta ordainketa.

1.– Gastuen justifikazioa laguntza hauen prozedura-eskuliburuan adierazitakoaren arabera aurkeztuko da (Agindu honen III. eranskinean dago jasota), 2021eko abenduaren 1a baino lehen. Edonola ere, gastuen justifikazio-erregimenak bat etorri beharko du Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan xedatutakoarekin.

Justifikazioak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

2.– Emandako laguntzaren xede den sustapenean eskaera egin eta gastua gauzatu izana justifikatu ondoren egingo dira ordainketak. Ez da emango laguntzen ordainketa-aurrerakinik.

3.– Onuradunei zuzenean ordainduko zaie laguntza.

4.– Agindu honetan jasotako laguntzei dagokienez, ordainketa bakarra egingo da, interesdunak aurrez eskatuta.

5.– Dokumentazio hori osatu eta gehienez ere bi hilera, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak egin beharreko izapideak egingo ditu Ogasun eta Ekonomia Sailak ordainketa egin dezan.

6.– Laguntzaren xede diren sustapen-jarduerak ez badira gauzatzen ezarritako gehieneko epeetan, edo eman den laguntzaren xedeko gastua gauzatu izanaren egiaztagiria ez bada aurkezten epe horietan beraietan, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, eta, hala dagokionean, agindu honen hurrengo oinarrian xedatu itzulera-prozedura jarriko da abian.

7.– Ez da ordainketarik egingo onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak edo itzulketa-ebazpen batek adierazita zordun bada.

Hamahirugarrena.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Agindu honetako laguntzen onuradunek artikulu hauetan jasotako betebeharren araubidea bete behar dute: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluak eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikulua –testu bategin hori azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen–; eta, bereziki, hauek bete behar dituzte:

a) Dirulaguntza eman izanaren oinarrian dagoen jarduera egitea, jarrera hori hartzea, proiektua egikaritzea edo helburua betetzea.

b) Dirulaguntza ematen duen organoari edo, hala badagokio, entitate laguntzaileari frogatzea betekizunak eta baldintzak betetzen direla, dirulaguntzaren xede den jarduera egin dela eta haren helburua bete dela.

c) Laguntza eman dien entitatearen egiaztatze-jarduketei men egitea. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura jasotako laguntzak eta dirulaguntzak direla-eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko kontrol-jarduerei eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren arautegi espezifikoan ezarritako jarduerei men egitea.

d) Organo emaileari jakinaraztea diruz lagundutako jarduera finantzatzeko bestelako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratu izana. Jakin bezain laster jakinarazi behar zaio, eta betiere jasotako funtsen erabilera justifikatu baino lehen. Agindu honen xede den laguntza 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) de minimis Erregelamenduan araututa dagoenez, eskatzaileek aurreko bi zerga-ekitaldietan eta indarrekoan jasotako de minimis laguntzen gaineko adierazpena aurkeztu beharko dute, laguntzok erregelamendu honen edo bestelako de minimis erregelamenduen mende badaude.

e) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, laguntza edo dirulaguntza likidatu arte.

f) Kontabilitate-liburuak, erregistro bideratuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak izatea, onuradunari kasu bakoitzean aplikatzekoa zaion merkataritza-legeriak eta sektorekoak eskatutako baldintzetan, eta dirulaguntzen oinarri arautzaileek eskatutako kontabilitateko egoera-orri eta erregistro espezifiko oro izatea, egiaztatze- eta kontrol-jardun egokia bermatzeko.

g) Emandako laguntza onartzea. Horri dagokionez, laguntzaren onarpenari buruzko jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean entitate onuradunak laguntzari berariaz uko egiten ez badio, pentsatuko da onartu egin duela.

h) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, zeren eta egiaztapenak eta kontrolak egiteko erabil baitaitezke.

i) Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 18. artikuluaren 4. apartatuan jasotako zabalkunde-neurriak hartzea.

j) Jasotako funtsak itzultzea, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan jasotzen diren kasuetan.

k) Onuradunek eta dirulaguntzaren xedearekin edo justifikazioarekin lotuta dauden hirugarrenek lankidetza eta beharrezko agiriak eman beharko dizkiete honako hauei, kontrol-jarduerak egiten dituztenean eta dirulaguntza ematen duen administrazioaren esparruaren barruan: Estatuko Administrazioaren Kontu Hartzailetza Nagusia, autonomia-erkidegoena edo toki-korporazioena. Horiez gain, Europar Batasunaren araudiaren arabera finantza-kontrolerako egitekoak esleituta dituzten erakundeei ere eman beharko diete informazio hori; xede horretarako, ahalmen hauek izango dituzte:

– Egiaztatu beharreko dokumentazioa haien esku jarri behar dute, are programa eta fitxategi informatikoak ere.

– Negozio-lokaletan sartzen utzi behar diete, bai eta dirulaguntzaren xede izan den jarduera egiten den establezimendu eta toki guztietan eta dirulaguntzaren kargura finantzatutako eragiketak egiazkoak eta erregularrak direnez egiaztatzeko arakatu beharreko tokietan ere.

– Dirulaguntza oker jaso, gozatu edo erabili delako zantzuak agertzen dituzten eragiketen inguruko fakturak edo antzeko edo ordezko dokumentuak gorde behar dituzte, edo haien kopiak eman.

– Dirulaguntza kobratu den finantza-erakundeko banku-kontuko edo funtsak baliatzeko erabili den kontuko informazio guztia eman behar diete.

Betebehar hori betetzeari uko egitea erresistentziatzat, aitzakiatzat, oztopatzetzat edo ukapentzat hartuko da, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluaren arabera, eta, hala badagokio, zehapenak ezarri ahalko dira.

2.– Halaber, laguntzen entitate onuradunek beren gain hartu behar dituzte Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezarritako betebeharrak, hala nola tratu-berdintasunaren, aukera-berdintasunaren eta langileen aniztasuna eta diferentzia errespetatzeko printzipioen arabera jarduteko betebeharra. Publizitatean eta sortzen dituzten dokumentuetan, hizkeraren eta irudien erabilera inklusiboa egingo dute, sexuarekin lotutako rolak eta estereotipoak saihestuz.

3.– Amaitzeko, azkeneko bost urteetan Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzarik jaso ez bada, Hirugarrenen Alta dokumentua aurkeztu beharko da, laguntza ordaindu ahal izateko; hau da, agiri hori dirulaguntza ordaindu aurretik aurkeztu behar da.

Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko zerbitzuaren bidez: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

Hamalaugarrena.– Aldaketak.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzen edozein aldaketak eta, edozein kasutan, beste administrazio batzuek edo erakunde publiko zein pribatu batzuek helburu berbera lortzeko emandako laguntzak edo dirulaguntzak eta hau aldi berean jasotzeak edo helburu bera lortzeko bestelako diru-sarrera edo baliabideak eskuratzeak, dirulaguntza emateko ebazpena aldaraz dezakete, betiere arau honetan laguntzaren onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.

2.– Funtsezko aldaketatzat joko da langileen artean % 40 emakumeak izatearen baldintza ordainketa egin arte ez mantentzea, betiere irizpide hori erabili bada laguntza emateko edo kuantifikatzeko. Kasu horretan, ebazpena aldatuko da, eta eskaerei dagozkien irizpideak aplikatuko dira.

Hamabosgarrena.– Ez-betetzeak.

1.– Ez-betetzeen kausak izango dira, gutxienez, hauek guztiak:

a) Agindu honetan ezarritako betebeharretako edozein ez betetzea.

b) Dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen diren baldintzak, halakorik izanez gero, ez betetzea.

c) Laguntza emateko xedea ez betetzea edo mantentzea.

d) Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatu itzulketa-kausaren bat sortzea.

2.– Onuraduna aurreko apartatuan zerrendatutako ez-betetzeen kausetako baten egoeran egongo balitz, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak, 15 eguneko epean, interesdunari entzunaldia emango dion ez-betetze espedientea egin ondoren, egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan, ebazpen baten bidez, dirulaguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio onuradunari, partez edo osorik, eta, hala dagokionean, kobratu dituen laguntzak eta dagozkion berandutze-interesak itzuli beharko dizkio onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, partez edo osorik, proiektuaren gauzatze-mailaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatuarekin bat. Gainera, dagozkion gainerako neurriak hartuko dira.

Aipatutako diru-zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

3.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzultze-prozedura, organo eskudunari jakinarazi behar zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan. Administrazioko arau-hausteak izango dira Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 56., 57. eta 58. artikuluetan jasotako jokabideak, baita Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VII. Tituluko III. kapituluan jasotakoak ere.

Hamaseigarrena.– Datuen babesa.

Agindu hau aplikatuta biltzen diren izaera pertsonaleko datuak Datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako lege aplikagarrietan xedatutakoaren arabera tratatuko dira.

Hamazazpigarrena.– Baliabideak.

Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da epea.

Hemezortzigarrena.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 28a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

I. ERANSKINA
ESKABIDE-INPRIMAKIAREN EDUKIA (BASQUE WINE)
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
BEHARREZKOA DEN DOKUMENTAZIOA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
LAGUNTZAREN GASTUAK KUDEATZEKO ETA JUSTIFIKATZEKO ESKULIBURUA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala