Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

173. zk., 2021eko abuztuaren 31, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4610

AGINDUA, 2021eko uztailaren 7koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, EAEn sektore pribatuan dauden lantokietan 2021ean euskararen erabilera eta presentzia areagotzeko dirulaguntzak (Lanhitz) emateko araubidea ezarri eta deialdia egiteko dena.

Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun arloak finkatu zituen. Dekretu horren 14. artikuluak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari, besteak beste, honako hauen inguruko egitekoak izendatu zizkion: hizkuntza politika eta euskararen sustapena.

Bestalde, 73/2021 Dekretuak, otsailaren 23koak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituenak, honako zeregin hau ezarri zion Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari bere 13.2 artikuluan (EHAA, martxoaren 5ekoa, 47. zk): azaroaren 24ko 10/1982 Legea (Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoa) eta gainerako xedapen osagarriak egoki garatzen eta aplikatzen direla zaintzea, hargatik eragotzi gabe Administrazioko beste organo batzuek horretarako espezifikoki dituzten egitekoak.

Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzak, hainbat urtetako hausnarketaren ondoren eta eremu sozioekonomikoko eragile askorekin izandako prozesu parte-hartzaile baten ondorioz, «Euskara Eremu Sozioekonomikoan Sustatzeko Plana 2020-23» izeneko plana onartu eta inplementatzeari ekin dio. Planean 5.1 helburu estrategikoa honako hau da: «Euskara planak enpresetan garatzeko laguntzak eta programak indartu».

Helburu estrategiko horrek honako hau dio: «Enpresetan euskara lan hizkuntza moduan garatzeko oso tresna baliagarria da Euskara Plana. Enpresek euskara planak martxan jarri eta hedatzeko laguntzak eta programak bideratu behar dira gero eta enpresa gehiagotan, eta lantokien tipologia kontuan hartuta, euskara planaren baliagarritasuna barneratu dezaten. Enpresa txiki eta ertainetan bereziki, planak garatzeko aukerak eskaini eta areagotu behar dira».

Eusko Jaurlaritzaren XII. Legegintzaldirako 2020-2024 Gobernu Programak ere jasotzen du eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko plana. Hain zuzen ere, II. ardatzeko 18.2 jarduketa-arloko 118. konpromisoko 9. ekinbideak honela dio: Garatzea «Euskara Eremu Sozioekonomikoan Normalizatzeko Plan Estrategikoa 2020-2023».

Era berean, emakumeek lan-esparruan duten egiturazko desberdintasuna, soldata arraila, sexuaren ziozko lan-jazarpen egoerak, bereizkeria horizontala eta bertikala eta lanaldi partziala, besteak beste, egiaztaturik, genero-ikuspegia modu eraginkorrean integratzea bermatuko da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean 3.4 artikuluan xedatzen den moduan. Hau da, emakumeen eta gizonen egoera, baldintza, jomuga eta beharrizan ezberdinak modu sistematikoan kontsideratuko dira, eta, horretarako, politika eta ekintza guztietan, maila guztietan eta horien plangintza-, egikaritze- eta ebaluazio-fase guztietan, ezberdintasunak ezabatzeko eta berdintasuna sustatzeko xedea duten helburu eta jarduketa zehatzak txertatuko dira.

Euskal Autonomia Erkidegoan laguntzei eta dirulaguntzei buruzko arau hauek daude indarrean: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta lege horren Araudia onartu duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.

Azkenik, 2021eko otsailaren 18ko Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren Aginduaren bidez, sailaren 2021-2024 epealdiko dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartu da, eta euskadi.eus atarian argitaratu da. Halaber, sailaren 2021. urteko plana onartu da. Bi plan horietan Lanhitz deialdia aurreikusita dago.

Hori guztia kontuan izanik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da EAEn sektore pribatuan dauden lantokietan, 2021ean euskararen erabilera eta presentzia areagotzeko dirulaguntzak emateko modua arautzea eta deialdia egitea (Lanhitz).

2. artikulua.– Diru-baliabideak.

Lanhitz deialdirako aurreikusitako diru-baliabideak 2.000.000 euro dira.

Diru-kopuru hori 2021eko kudeaketa-plana garatzeko eskabidea egin duten pertsona edo entitate guztien artean banatuko da, Agindu honetako 16. eta 17. artikuluetan jasotako puntuen eta mugen arabera.

3. artikulua.– Pertsona edo entitate onuradunak.

1.– Europar Batasuneko naziotasuna edo helbide soziala edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioa sinatu duen edozein estatutakoa duten pertsona fisiko edo juridiko pribatu guztiak, baldin eta gaitasun juridiko osoa eta jarduteko gaitasun osoa badute eta indarreko legeriaren arabera eratuta badaude eta, edozein dela ere haien eraketa juridikoa, Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten lantokien titularrak edo kudeatzaileak badira.

2.– Deialdi honetatik bazter geratuko direnak:

a) Herri administrazio batek edo gehiagok jarritako kapitala denetara entitatearen kapital sozial osoaren erdia baino gehiago duten entitateak.

b) Euskara-zerbitzuak eskaintzen dituzten entitateak: euskalduntzea, alfabetatzea, hizkuntza-kudeaketaren inguruko aholkularitza, itzulpenak eta trebakuntza.

c) EAEko unibertsitatez kanpoko ikastetxeak eta haien fundazioak.

d) Krisialdian dauden enpresa ez finantzarioen salbamendurako eta berregituratzerako estatu-laguntzei buruzko Jarraibideetan xedatutakoaren arabera (AO, C 249, 2014-07-31koa), krisialdian dauden enpresak.

e) Europar Batasunak dirulaguntza bat ilegal eta merkatu komunarekin bateraezin gisa deklaratu duen aurretiazko erabaki baten ondoren, berreskuratze-agindu baten zain dauden enpresak.

f) Fundazio publikoak.

4. artikulua.– Onuradun izateko betekizunak.

1.– Eskatzaileari dirulaguntza esleitzeko eta ordaintzeko, eskatzaileak egunean egon beharko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketetan, eta, era berean, dirulaguntza itzultzeko betebeharrak egunean izan beharko ditu.

2.– Laguntza-deialdi honetara ezin izango dira aurkeztu zigor eta administrazioaren arloan dirulaguntza publikoak jasotzeko debekurik dutenak, ezta laguntzak jasotzeko ezgaitzen dituzten legezko debekuetan sartuta daudenak ere. Era berean, ezin izango da aurkeztu sexu arrazoiengatik diskriminaziorik egitearren zigortuta dagoenik, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzkoak, xedatutakoaren arabera.

3.– Eskatzailea pertsona fisikoa bada, Autonomoen Erregistroan edo dagokion elkargo profesionalean alta emanda egon behar du.

4.– Onuradun izateko ezgaitzen duen debekurik ez izatea Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak 13. artikuluaren 2. eta 3. ataletan xedatutakoaren arabera.

5. artikulua.– Deialdiaren kudeaketa.

Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak kudeatuko ditu deialdi honetako dirulaguntzak.

6. artikulua.– Denbora-barrutia eta eskabideak aurkezteko epea.

1.– Laguntza-deialdi honek 2021ean burutuko diren egitasmoak baino ez ditu kontuan hartuko. Hori dela eta, deialdi honetara jotzen duten egitasmoak gauzatzearen ondorioz eskaini, eman edo gizarteratu beharreko jarduerak, zerbitzuak eta produktuak 2021eko abenduaren 31ra arte eskaini, eman edota gizarteratuko dira.

2.– Laguntza-deialdi honetan parte hartu nahi duen orok Agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epea izango du eskaera egiteko.

7. artikulua.– Dirulaguntzen izapidetzea.

1.– Pertsona edo entitate interesdunek bide elektronikoak erabili behar dituzte prozedurako izapide guztiak egiteko, kontsultatzeko eta eskatzeko, urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak, bere 14.2 artikuluan dioenari jarraituz.

Pertsona fisikoen kasuan aplikatuko zaie BIKAIN-Euskararen Kalitate Ziurtagiria arautzen duen ekainaren 5eko 162/2017 Dekretuak bere 13.1 artikuluan eta hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoa.

2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta bestelako ereduak modu elektronikoan izapidetzeko zehaztapenak euskadi.eus-eko https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0096109 helbidean daude eskuragarri.

Eskaeraren ondorengo izapideak, jakinarazpenak ere tartean direla, honako gunearen bitartez egin beharko dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikazio eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide hauetan eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Era berean, izapidetzak elektronikoki ordezkari baten bidez ere egin ahal izango dira, eta, horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren Ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

3.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkez ditzakete laguntza-eskaerak eta haiei lotutako dokumentazioa. Halaber, laguntza-eskaeraren ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarri den bezala.

8. artikulua.– Pertsona edo entitate eskatzaileen zenbait betekizunen egiaztapena.

1.– Dirulaguntzaren eskatzaileak egunean izan behar ditu indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak, erregelamenduz zehaztutako moduan. Hori egiaztatzea dirulaguntzaren organo kudeatzaileari dagokio. Azken honek egiaztatu ahal izango du, eskatzailearen aldez aurreko baimenik gabe, Dirulaguntzei buruzko Legearen Erregelamenduaren 23. artikuluak esaten duenaren arabera. Hala ere, eskatzaileak baimen hori berariaz ukatu dezake, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikuluan ezarri bezala. Kasu horretan, edo eskatzailearen helbide fiskala Espainiako Estatutik kanpo egonez gero, interesdunak dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

2.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina betetze-aldera, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, eskabide normalizatuan ondorengo betekizunak egiaztatuko dira:

– Administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribaturen batetik, agindu honetan araututako dirulaguntzaren helburu bera duen laguntzarik jaso edota jasoko duen edo ez.

– Entitatea itzultze- edo zehapen-prozedura batean sartuta dagoen edo ez. Halaber, itzulketa-prozedura batetik eratorritako dirulaguntzarik itzultzeko betebeharrik duen ala ez.

– Pertsona edo entitate eskatzaileak ez duela dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion administrazio-zehapen edo zehapen penalik, ez eta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion lege-debekurik ere, beren beregi Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeko azken xedapenetako seigarrenaren arabera sexu-diskriminazioa egin izanagatiko lege-debekuen eraginpean.

– Entitatea legez eratuta dagoela eta dagokion Erregistroan izena emanda.

– Entitate edo pertsona eskatzaileak ez duela onuradun izateko ezgaitzen duen debekurik Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak 13.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

9. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa: pertsona edo entitate eskatzailearen ingurukoa.

1.– Eskatzailea pertsona fisikoa izanez gero, Administrazioak ofizioz kontsultatuko ditu ondorengo dokumentu hauek, pertsona fisikoak berariaz horretarako baimena ukatu ezean: ondorengo hauek egiaztatu beharko ditu:

– Eskatzailearen nortasuna.

– Autonomoen Erregistroan edo dagokion elkargo profesionalean alta emanda dagoela.

– Jarduera Ekonomikoen zerga-ordainketan alta emanda dagoela.

Eskatzaileak aukera du berariazko baimena emateko gainontzeko datu eta dokumentazioa laguntza kudeatzen duen organoak lortu edo egiaztatu dezan, herri-administrazioei dagozkien egiaztatze-, kontrol- eta ikuskatze-eskumenak aparte utzi gabe.

2.– Eskatzailea pertsona juridiko pribatua izanez gero:

Entitate bakoitza legez eratuta dagoela egiaztatzen duen agiria.

3.– Artikulu honetako 1 eta 2 ataletan aipatutako dokumentazioa Administrazioan aurkeztu izan bada eta eskaera egitean indarrean badago, eskabide-orrian dokumentazioaren ordezko adierazpena markatu ahal da eta noiz eta non aurkeztu zen dokumentazioa adierazi.

4.– Administrazio honetako erregistroetan dauden fundazioak, elkarteak edo kooperatibak badira, ofizioz konprobatuko du Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak eta nahikoa izango da Eskabide-orrian hau adieraztea.

10. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean eginiko akatsen zuzenketa.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar eguneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

Eskatzaileren batek aurrez aurre aurkezten badu eskaera, aurkezpen elektronikoaren bitartez zuzen dezala eskatuko zaio. Ondorio horietarako, zuzenketa hori egin den eguna joko da eskaeraren aurkezpen datatzat.

11. artikulua.– Deialdira bil daitezkeen jarduerak.

EAEn lantokiak dituzten pertsona edo entitate pribatuen urteko kudeaketa-plana.

Kudeaketa-plana garatzeko ekintzek 2021eko urtarrilaren 1etik urte bereko abenduaren 31ra bitartean egindakoak izan behar dute.

12. artikulua.– Dirulaguntza-gai diren jarduerek bete beharrekoak.

1.– Eskatzaile guztiek Erreferentzia Marko Estandarrari jarraiki (EME aurrerantzean) osatutako urteko kudeaketa-plana aurkeztu beharko dute, «Hizketa» izeneko aplikazioa behar bezala betez.

EMEri buruzko zehaztapenak honako helbide honetan aurki daitezke: https://www.euskadi.eus/errefrentzia-marko-estandarra-eme/web01-a2sekpri/eu/

«Hizketa»ri buruzko zehaztapenak honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zer-da-lanhitz/web01-a2lanhit/eu/

2.– EMEren 3. mailako osagai guztien hizkuntza-egoera eta urteko planerako helburuak zehaztu beharko dituzte («Hizketa» izeneko aplikazioa).

3.– Plan guztiek EMEren lehen mailako 6. elementua (kudeaketa-sistema) eta beste bi elementu jorratu behar dituzte, gutxienez. Horretarako, batetik, aurreikusten duten aurrerapena adierazi beharko dute («Hizketa» izeneko aplikazioaren Plan Estrategikoaren atalean) eta, bestetik, aurrerapen hori lortzeko, ekintzak zehaztuko dituzte Kudeaketa-planaren atalean.

4.– Halaber, euskara-koordinatzailea edota euskara-batzordea izan behar dute.

5.– Entitate eskatzailearen aginte exekutibo gorena duen organoak onartu behar du urteko kudeaketa-plana eta horren inguruko informazioa eskaeran horretarako dagoen atalean jasoko da.

13. artikulua.– Dirulaguntzak jasotzeko baldintzak.

1.– Proiektuaren auto-finantzazioak gutxienez % 40koa izan behar du.

2.– Eskatzaileak bere jarduerak 12. artikuluan zehaztutakoaren arabera aurkeztu behar ditu.

3.– Eskatzaileak adierazle-sistema era egokian aurkeztu beharko du: Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak finkatutako adierazle-sorta («Adierazle-sorta» izeneko formularioa) ahalik eta zehatzen beteta eta datuak beti sexuaren arabera emanda. Egindako neurketaren emaitzak 2020ko azken hiru hilabeteetakoak edo 2021ekoak izan beharko dira.

14. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa: jardueraren ingurukoa.

Entitateak dokumentazioan Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoari jarraituz, ez du hizkera sexistarik erabiliko eta, gizonen eta emakumeen rolei dagokienez, ez du erabilera estereotipaturik egingo. Gainera, informazio guztia sexu-aldagaia kontuan harturik jaso eta eman beharko du.

1.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

a) Jardueraren diru-sarreren eta gastuen aurrekontu zehatza eta xehatua (eskabide-orrian bertan).

b) «Hizketa» izeneko aplikazioa era egokian beteta. Bertan ondorengo hauek jaso beharko dira:

Lehenengoa.– Plan Estrategikoari dagokion atalean, erakundearen hizkuntza-egoera eta 2021erako helburuak.

Bigarrena.– Kudeaketa-planari dagokionez, planean aurrerapena lortzeko aurreikusitako ekintzen inguruko informazioa.

Urte bakarrerako kudeaketa-plana jasoko da aplikazioan, kasu honetan 2021ekoari dagokiona.

«Hizketa» aplikazioan sarbidea izateko, erabiltzaile berriek, erakunde edo aplikazioa elikatuko duen erabiltzaile (erakundeko langilea izan edo ez) aldez aurretik Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzarekin harremanetan jarri behar dute «Hizketa» aplikazioan alta emateko.

Erabiltzaile berriek alta emateko dagokion fitxak (entitate fitxa/erabiltzaile fitxa) bete beharko ditu. Fitxa horiek Lanhitz web gunean eskuratu ahal izango dira. Erakundearen edo/eta erabiltzailearen fitxak bete ondoren, helbide honetara bidali beharko dira: lanhitz@euskadi.eus

Erabiltzaile-alta eta aldaketa guztiak (bajak barne) Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzari jakinaraziko zaizkio aipatutako fitxen bidez.

Aplikazioan sartzeko ezinbestekoa da ziurtagiri digitala izatea. Gai hauen inguruko informazio guztia Lanhitz web gunean dago (https://www.euskadi.eus/zer-da-lanhitz/web01-a2lanhit/eu/).

c) «Adierazle-sorta» izeneko formularioa era egokian beteta.

d) Hizkuntza-trebakuntza orokorra kontzepturako 12 urtetik gora HPSren laguntza jaso duten entitateek honako adierazpen hau aurkeztu beharko dute: euskara ikasten duten langileek lanean euskara erabiltzeko konpromisoa jasotzen duen dokumentua eta ikas-prozesu pertsonalizatua.

2.– Baloratzeko aurkez daitekeen dokumentazioa (aukerakoa):

a) Entitateak indarrean zenbait urterako daukan Euskararen Plan Estrategikoa jasotzen duen dokumentua.

b) Entitatearen Hizkuntza-Politika eta/edo hizkuntza-irizpideak jasotzen duen dokumentua.

c) Euskara ikasten duten langileak lanean euskara erabiltzen has daitezen entitateak ezarrita dituen irizpideak jasotzen dituen dokumentua.

d) Euskara dakiten langileek berariazko trebakuntza euskaraz jaso dezaten entitateak ezarrita dituen irizpideak jasotzen dituen dokumentua.

e) Entitatearen Lanhitz deialdirako lehenengo eskaera bada, 2021erako egindako diagnostikoa eta Euskararen Plana Estrategikoaren diseinua jasotzen duen dokumentua.

15. artikulua.– Balorazio-batzordea.

1.– Balorazio batzordea osatzeari dagokionez, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzkoak, 3.7 artikuluan dioena kontuan hartuko da, eta kideetako batek, gutxienez, berdintasunari buruzko prestakuntza izango du.

2.– 2021eko deialdian onartutako eskabideak baloratzeko, hurrengo kideek osatutako balorazio-batzordea eratuko da:

a) Josune Zabala Alberdi andrea, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria, batzordearen buru izango dena.

b) Joseba Lozano Santos, Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria edo haren ordezkoa, Estibaliz Alkorta Barragan andrea, Euskara Sustatzeko zuzendaria.

c) Edurne Pérez de San Román Ruiz de Munain andrea, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzako Euskara-planak Sustatzeko arduraduna, edo haren ordezkoa, Ane Crespo Calvo andrea, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzako EBPNren jarraipenerako arduraduna.

d) Alberto Telleria Zabala jauna, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzako teknikaria, edo haren ordezkoa, Ander Alonso López jauna, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzako teknikaria. Teknikari horrek idazkari-lanak egingo ditu.

3.– Balorazio-batzorde honek, agindu honen 16. eta 17. artikuluetan ezarritako dirulaguntzak emateko eta zenbatekoa finkatzeko irizpideak kontuan izanik, baloratu ondoren, Hizkuntza Politikarako sailburuordeari ebazpen-proposamena aurkeztuko dio.

Aipaturiko proposamenak honako atal hauek izango ditu gutxienez:

a) Deialdian finkaturiko baldintzak ez betetzeagatik baztertuak izan diren eskabideen zerrenda eta horietako bakoitza baztertzeko izandako zioa.

b) Diruz lagundutako egitasmoak, onartutako gastu-aurrekontua, eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

c) Gutxieneko puntuak ez lortzeagatik edo esleipen-proposamena 1.000 eurotik beherakoa izateagatik dirulaguntzarik gabe utzitako egitasmoak eta horiek lortutako puntuak.

4.– Balorazio Batzordeko kideek parte ez hartzea erabaki dezakete edo errefusatuak izan daitezke, 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritako moduan.

16. artikulua.– Dirulaguntza ebazteko prozedura eta balorazio-irizpideak.

1.– Lehiaketa bidez erabakiko da deialdi hau; hots, onartutako eskabideen arteko konparaketa egingo da eta finkatutako balorazio-irizpideak kontuan hartuta, egitasmo bakoitzari dagokion puntuazioa emango zaio.

2.– Agindu honen 17.5 artikuluak zehaztutako gastuak eta mugak aplikatuta, aurkeztutako aurrekontuaren arazketa egingo da eta onartutako aurrekontua finkatuko da.

Proiektu bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, eskatutako kopuruaren arazketa egingo da, 17. artikuluak zehaztutako mugak aplikatuta. Proiektu bakoitzak lortutako puntuazioa ehuneko bihurtuko da (adib.: 50 puntu = % 50) eta ehuneko hori aplikatuko zaio eskaera araztu ondoren geratzen den kopuruari.

Nolanahi ere, hasierako kalkuluen emaitzen kopurua deialdiaren diru-zuzkidura baino handiagoa bada, entitateek jaso beharreko dirulaguntza kopurua hainbanatu egingo da, proportzioan, deialdiaren aurrekontu baliabideetara egokitzeko.

3.– Egitasmoen balorazioari dagokionez: Esleipen-prozedurari ekin aurretik, baldintzak betetzen dituzten egitasmoak baloratuko dira, artikulu honetako 5. puntuan finkatutako irizpideen arabera.

4.– Berrogei puntutik beherako egitasmoek ez dute dirulaguntzarik jasoko.

5.– 2021eko kudeaketa-plana baloratzeko oinarrizko irizpideak:

a) Egindako diagnostikotik aukeratutako helburuetara zein planteatutako aurrerapen-mailara iristeko kudeaketa-planaren egokitasuna eta bideragarritasuna: 10 (hamar) puntu, gehienez.

b) Euskara planaren sendotasuna erakusten duten dokumentuak: 15 (hamabost) puntu, gehienez.

1) Indarrean dagoen entitatearen hainbat urtetarako euskararen Plan Estrategikoa jasotzen duen dokumentua. 4 (lau) puntu, gehienez.

2) Entitatearen Hizkuntza-Politika eta/edo Hizkuntza-irizpideak jasotzen duen dokumentua. 4 (lau) puntu, gehienez.

3) Euskara ikasten duten langileak lanean euskara erabiltzen has daitezen entitateak ezarrita dituen irizpideak eta ikas-prozesu pertsonalizatua jasotzen dituen dokumentua. 3 (hiru) puntu, gehienez.

4) Euskara dakiten langileek berariazko trebakuntza euskaraz jaso dezaten entitateak ezarrita dituen irizpideak jasotzen dituen dokumentua. 4 (lau) puntu, gehienez.

c) Euskara-planak zuzenean eragindako langile-kopurua: 15 (hamabost) puntu, gehienez.

1) Zuzenean eragindako langileen % guztirakoa (7 puntura arte).

2) Trebakuntzan dabiltzanak % guztirakoa (2 puntura arte).

3) Berariazkoan dabiltzanak % guztirakoa (2 puntura arte).

4) Azpibatzorde eta lantaldeetan dabiltzanak % guztirakoa (2 puntura arte).

5) Planaren komunikazioak eragindakoak % guztirakoa (2 puntura arte).

d) Urteko plana burutzera bideratutako diru-baliabideen egokitasuna: 15 (hamabost) puntu, gehienez.

Pertsona edo entitate eskatzaileak, bere izaeragatik, dagokion sektorearen ezaugarriengatik (industria/zerbitzua) eta finkatuta dauzkan hizkuntza-politika eta hizkuntza-irizpideak kontuan izanda, abiapuntutik finkatutako helburuetara iristeko aurreikusi dituen giza eta diru-baliabideen egokitasuna.

e) EMEren lehen mailako 1. elementuan (Erakundearen irudia) euskararen erabilera, presentzia eta kudeaketa areagotzeko aurreikusitako neurriak eta ekintzak: 5 (bost) puntu, gehienez.

f) EMEren lehen mailako 2. elementuan (Bezeroekiko (pertsona fisikoak) eta herritarrekiko harremanak) euskararen erabilera, presentzia eta kudeaketa areagotzeko aurreikusitako neurriak eta ekintzak: 5 (bost) puntu, gehienez.

g) EMEren lehen mailako 3. elementuan (Barne-komunikazioa eta lan-tresnak) euskararen erabilera, presentzia eta kudeaketa areagotzeko aurreikusitako neurriak eta ekintzak: 5 (bost) puntu, gehienez.

h) EMEren lehen mailako 4. elementuan (Pertsonen kudeaketa) euskararen erabilera, presentzia eta kudeaketa areagotzeko aurreikusitako neurriak eta ekintzak: 5 (bost) puntu, gehienez.

i) EMEren lehen mailako 5. elementuan (Kanpo-harremanak) euskararen erabilera, presentzia eta kudeaketa areagotzeko aurreikusitako neurriak eta ekintzak: 5 (bost) puntu, gehienez.

j) EMEren lehen mailako 6. elementuan (Kudeaketa-sistema) euskararen erabilera, presentzia eta kudeaketa areagotzeko aurreikusitako neurriak eta ekintzak: 5 (bost) puntu, gehienez.

k) Bikain ziurtagiria aurreko 3 (hiru) urteetan eskuratuta izatea: 10 (hamar) puntu, gehienez. Egiaztatutako azkena hartuko da kontuan.

k.1.– Entitate osorako Oinarrizkoa: 6 (sei) puntu.

k.2.– Entitate osorako Ertaina: 8 (zortzi) puntu.

k.3.– Entitate osorako Goi-maila: 10 (hamar) puntu.

k.4.– Entitate osorako izan ezean: 4 (lau) puntu.

l) Euskal Autonomia Erkidegoan Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundearen aitorpena indarrean duen entitatea izatea. Aitorpen hori otsailaren 11ko 11/2014 Dekretuak arautzen du. Puntu 1 (bat).

m) Erakundeak berdintasun-politikak bultzatzeko eta koordinatzeko ardura duen pertsona gaitu bat izatea (2 puntu). Pertsona horren kontratua egiaztatu beharko da, bai eta pertsona horrek emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan gutxienez 150 prestakuntza-ordu dituela egiaztatzen duen ziurtagiria ere.

n) Azken bi urteetan (2019-2020) emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan izandako bultzada proaktiboa eta planifikatua. Alderdi hori dokumentu baten bidez egiaztatuko da, non enpresak honako hauek zerrendatuko baititu: azkenengo bi urtetan egindako berdintasun-ekintzak, jarduera horietara bideratutako, aurrekontua, arduradunak eta egindako berdintasun-arloko jarduerak egin direla egiaztatzen duten dokumentu guztiak (2 puntu). Berdintasuneko aditu batek baloratuko du aurkeztutako dokumentazioa, eta puntuazioa emango dio balorazio-irizpide horri.

6.– Beharrezkotzat jotzen denetan, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak pertsona edo entitate eskatzaileari behar beste informazio eta dokumentazio eskatu ahal izango dio, aurkeztutako jarduerak era egokian baloratzeko.

17. artikulua.– Dirulaguntzen mugak.

1.– Esleitu beharreko dirulaguntza ez da eskatutako diru-kopurua baino handiagoa izango. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak pertsona edo entitate eskatzailearen proposamena bertan behera utziko du 40 (berrogei) puntu baino gutxiago jasotzen dituzten jardueren kasuan, edota balorazio-batzordeak esleipen-proposamena prestatu ondoren, pertsona edo entitate jakin bati esleitu behar zaion diru-kopurua guztira mila (1.000) euro baino gutxiagokoa balitz.

2.– Edozein modutan ere, 16.2 artikuluan jasotzen den aurrekontu araztuaren gaineko % 60ko dirulaguntza esleitu ahal izango da, gehienez ere.

3.– Halaber, euskara-planak kudeatzeko HPS-ren dirulaguntza 12 urtetik gora jaso duen pertsona edo entitate bakoitzak gehienez ere 25.000 euro jaso ahal izango ditu, eta gainontzekoek, 35.000 euro.

4.– Agindu honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publikok nahiz pribatuk helburu bertsurako eman ditzakeenekin, baldin eta agindu honetako mugak errespetatzen badira eta eskatzaileak aurkeztutako aurrekontuan gain-finantzaketarik gertatzen ez bada. Laguntza-mugak gainditu edota gain-finantzaketarik gertatuz gero, dirulaguntzaren kopurua murriztu egingo da, diruz lagundutako jardueraren kostu osoari gehienez dagokion dirulaguntzara arte.

5.– Ondokoak dira kontuan hartuko diren gastuak eta mugak:

Dirulaguntza honetako gastuak eta mugak finkatzeko, diruz lagundu daitezken gastuak finkatzen dituen azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 31. artikulua hartu da kontuan.

a) Itzulpenetarako, gehienez ere, gastu osoaren % 50 hartuko da kontuan, betiere, 12.000 euroko gastua baino gehiago ez bada. Kontuan hartuko den tarifa Eusko Jaurlaritzako Itzultzaile Zerbitzu Ofizialak gaztelaniatik euskarara itzultzeko testu errazetan edo estandarretan aplikatzen duena izango da, 0,0823 euro hitzeko.

Euskara-planak kudeatzeko HPS-ren dirulaguntza 12 urtetik gora jaso duten eskatzaileek softwarearen itzulpenetarako bakarrik jaso ahalko dute itzulpen-gastua aurrekontuan eta zehaztu beharko dute zein aplikaziotarako eskatzen duten (eskabide-orrian).

b) Batzarretako aldibereko itzulpen-zerbitzua. Gehienez ere 2.000 euro arteko gastua hartuko da kontuan.

c) Langile elebidunen lanari lotutako hizkuntza-trebakuntza orokorra, baldin eta HABEk diruz lagundu ez badu. Kalkuluak egiteko erabiliko den erreferentzia: 5,21 euro ikasle/orduko.

Langileek hizkuntza-gaitasuna eskuratzeko edo hobetzeko euskalduntze zein alfabetatze ikastaroak, baldin eta HABEk diruz lagundu ez baditu.

Euskara-planak kudeatzeko HPS-ren dirulaguntza 12 urtetik gora jaso duten eskatzaileek, beti ere erabilerarekin lotzeko plan pertsonalizatua egiten bazaie ikasleei (hala bada, markatu eskabidean, izena adierazi proiektuari buruzko dokumentazioaren atalean eta erantsi dokumentua).

d) Langileentzako prestakuntza-ikastaroa euskaraz. Lanari lotutako berariazko prestakuntza euskaraz.

e) Softwarea. Gehienez ere 15.000 euroko gastua hartuko da kontuan. Kontzeptu honetan diruz lagunduko dira:

1) Euskarazko softwarearen sorkuntza.

2) Programa, aplikazio edo software baten iturburu kodea euskaratzea.

Hemendik kanpo geratzen dira webguneak euskaraz elikatzea, edo sortuta dauden aplikazioen bitartez euskarazko informazioaren bidaltze soila, aplikazioa bera euskaratu gabe.

Terminologia zein hizkuntza egokitzapen soila denean, honi dagokion diru-zuzkidura itzulpenen atalean sartu beharko da, derrigorrean. Edozein eratara, entitateek softwaregintzan egin dituzten lanen merkatuko kostu estimatua zein izan litekeen jakiteko, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak era horretako lanetan eskarmentua duten aholkularitzekin jarduteko aukera izango du, baldin eta beharrezkotzat joko balu.

f) Plangintzaren jarraipena, ebaluazioa, inplementazioa eta egokitzapena. Honetan hiru azpi-kontzeptu hauek hartuko dira aintzat:

1) Euskara Batzordearen jarduera; hots, euskara batzordekideen eta euskara-lantaldeen lan-bileren orduak.

2) Euskara-koordinatzailearen dedikazioa; bere lan-jardunaren barruan zeregin horri eskainitako denbora (ehunekotan) eta horren kostua.

3) Pertsona edo entitate eskatzaileak kanpo aholkularitza-zerbitzua kontratatua baldin badu, planaren jarraipenari eta ebaluazioari dagokien gastua, muga hauekin:

– Lehenengoz aurkezten direnek, gastu horretaz gain, aurten diagnostikoa eta diseinua egin badituzte, dagokion txostena aurkeztuta, 8.000 euroko muga.

– Euskara-planak kudeatzeko HPS-ren dirulaguntza behin edo 12 urtera arte jaso dutenek, 5.000 euroko muga.

– Euskara-planak kudeatzeko HPS-ren dirulaguntza 12 urtetik gora jaso dutenek, 2.000 euroko muga.

g) Ez da aintzat hartuko Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiria eskuratzeari edota eskuratzeko aurrelanari lotutako gasturik.

6.– Programa honetara lehen aldiz aurkezten diren entitateek edo aurkeztu eta inoiz dirulaguntzarik eskuratu ez, dagokien dirulaguntzaz gain, 3.000 eurorainoko gehigarria izango dute. Horretarako:

a) Erakundearen diagnostikoa eta hiru urterako plana aurkeztuko dute.

b) Osotara jasotako dirulaguntzari, eta gainfinantzaketa saihesteko, 13.1 artikuluan ezarritako baldintza aplikatuko zaio.

18. artikulua.– Ebazpena.

1.– Balorazio-batzordearen proposamena ikusita, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Agindu honek arautzen dituen dirulaguntzak esleitzeko ebazpena emango du. Ebazpen hori Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasi eta sei hilabeteko epean interesdunei jakinaraziko die.

2.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei «Nire karpeta» atalaren bidez eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da herritar orok jakin dezan eta dagozkion ondorioak izan ditzan. Edozein modutan, lehenago egin den jakinarazpenarena hartuko da jakinarazpen-datatzat.

3.– Sei hilabeteko epea amaitu eta interesdunak inolako jakinarazpenik jaso ez badu, eskabidea gaitzetsitzat joko da, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

4.– Laguntza-eskatzaileren bat hartutako ebazpenarekin ados ez badago eta gora jo nahi badu, ebazpena berariaz jakinarazi eta hurrengo egunean hasi eta hilabeteko epean Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari gorako errekurtsoa aurkezteko aukera izango du.

19. artikulua.– Dirulaguntzaren onarpena.

Dirulaguntza esleitu zaiola adieraziz bidalitako jakinarazpena jaso eta hamar (10) eguneko epean dirulaguntzaren eskatzaileak berariaz eta idatziz uko egin ezean, dirulaguntza onartutzat emango da.

20. artikulua.– Dirulaguntzaren ordainketa.

Esleitutako dirulaguntzen ordainketak bi zatitan egingo dira:

a) Lehenengo ordainketan dirulaguntza osoaren ehuneko hirurogeita bost (% 65) ordainduko da.

b) Bigarren ordainketan, hala badagokio, gainerako ehuneko hogeita hamabost (% 35) ordainduko da, dirulaguntza justifikatzeko agiri guztiak jaso eta ontzat eman ondoren, hilabeteko epean. Bigarren ordainketa 2022ko aurrekontuen kontura egingo da.

c) Erregistratuta egon ezean, edo Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenaren Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi izanez gero, hirugarrenaren datuen alta aurkeztu beharko du. Inprimaki hori euskadi.eus-en dago (https://www.euskadi.eus/hirugarrenak).

21. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

1.– Justifikaziorako dirulaguntza publikoei buruzko justifikazioa arautzen duen 38/2003 Legearen 30. artikuluak ezarritakoa hartuko da kontuan.

2.– Dirulaguntzaren zenbatekoa edozein delarik ere, dirulaguntzaren onuradun orok diruz lagundutako egitasmoaren gauzatzea justifikatu behar du ezinbestean Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzaren aurrean.

3.– Dirulaguntza zuritzeko, gastuak 2021eko urtarrilaren 1a eta 2021eko abenduaren 31 bitartekoak izango dira, eta gastu horiei dagozkien ordainketa-agiriak 2021eko urtarrilaren 1etik aurrerakoak eta justifikazioa egiteko epea amaitu baino lehenagokoak.

4.– Dirulaguntzaren justifikazioa egiteko azken eguna 2022ko martxoaren 31 izango da.

5.– Zuritzeko era:

Bitarteko elektronikoen bitartez aurkeztu beharko dira, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta web gunean sartuta.

22. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Diruz lagundutako jardueren behin betiko balantze ekonomikoa, 2021eko diru-sarrerak eta -irteerak «Emandako dirulaguntza justifikatzeko inprimakia» izeneko formularioaren arabera zehaztuz eta erakunde publiko nahiz pribatuetatik jasotako beste dirulaguntzak eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak esleitutakoa ere adierazita. Pertsona edo entitate onuradunak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandakoaz gain beste dirulaguntzarik jaso ez badu, horren adierazpena egingo du «Emandako dirulaguntza justifikatzeko inprimakia» formularioan bertan.

2.– Justifikazioa justifikazio-kontu erraztuaren arabera egin beharko da. Justifikazio-kontu erraztuak, erantzukizunpeko adierazpenaren izaera izango duenak, honako hauek jaso beharko ditu («Justifikazio-kontu erraztua» deituriko formularioa):

2.a) Agindu honetako 24. artikuluak ezarritako betebeharrak betetzeari buruzko aitorpena.

2.b) Diruz lagundutako egitasmoari dagokion gastuen zerrenda sailkatua, hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, jaulkipen-data, guztirako zenbatekoa eta egotzitako gastua biltzen dituena, «Emandako dirulaguntza justifikatzeko inprimakian» finkaturiko kontzeptu nagusien arabera sailkatuta. Langile-gastuak zuritzeko ez dira onartuko berariaz egindako ziurtagiriak.

3.– 2021eko kudeaketa-plana garatzeko dirulaguntza jaso duten pertsonek edo entitateek honako hauek erantsi behar dituzte:

a) «Hizketa» aplikazioa behar bezala beteta. Bertan, Euskararen Plan Estrategikoaren atalean amaierako egoera bete behar da eta, Kudeaketa-planaren atalean, ekintzaren amaierako egoera ekintza bakoitzean.

b) Itzuli edo egokitutako testuak eta jatorrizkoak euskarri informatikoan (15 MB-tik gorako artxiboak helbide honetara bidaliko dira fitxategiak partekatzeko tresna/Web zerbitzu baten bidez: lanhitz@euskadi.eus) eta horren zerrenda («Exceleko formularioa»). Hala eskatuz gero, agiri-ereduak, glosategi eta terminologia-lanez gain, diruz lagundutako prestakuntza eta trebakuntza-material kurrikularra ere Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren esku jarri behar da euskarri informatikoan.

c) Hizkuntza-trebakuntza orokorraren eta euskaraz egin diren laneko berariazko prestakuntza-ikastaroen zerrenda, iraupena, erabilitako material didaktikoa eta bakoitzean parte hartutako ikasleen kopurua, sexuaren arabera berezita («Exceleko formularioa»).

Entitateak dokumentazioan Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoari jarraituz, ez du hizkera sexistarik erabiliko, eta, gizonen eta emakumeen rolei dagokienez, ez du erabilera estereotipaturik egingo. Gainera, informazio guztia sexu-aldagaia kontuan harturik jaso eta eman beharko du.

d) Euskara-batzordearen bileren akten kopia aurkeztu behar da euskarri informatikoan (15 MB-tik gorako artxiboak helbide honetara bidaliko dira fitxategiak partekatzeko tresna/Web zerbitzu baten bidez: lanhitz@euskadi.eus), besteak beste, honako hauek zehaztuz: data, partaideak (sexuaren arabera berezita), iraupena eta jorratutako gaiak.

e) Softwaregintzari dagokionez, egindako lanen gaineko memoria aurkeztuko da («Exceleko formularioa»).

4.– Dirulaguntza jaso duten pertsonek edo entitateek % 100 justifikatu behar dute 16.2 artikuluan jasotako aurrekontu onartua.

5.– Justifikazio-kontu erraztuaren arabera egiten bada ere, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak ausazko laginketa sinplea izeneko laginketa-teknika aplikatuko du frogagiriok egiaztatzerakoan, dirulaguntza egoki aplikatzeari buruzko zentzuzko ebidentziak lortu ahal izateko. Lagina gutxienez % 30ekoa izango da. Eta, horrela eginez gero, organo emaileak eskatu ahalko dio onuradunari bidaltzeko bai laginketan aukeratutako gastu-inbertsioen egiaztagiriak, bai eta haiek ordaindu izanaren egiaztagiriak ere.

6.– Justifikazio garaian, anomalia edo irregulartasunen bat ikusiz gero, Agindu honetako 23. eta 25. artikuluetan finkatutakoari ekingo zaio zuzenean.

23. artikulua.– Ebazpenaren aldaketa eta kitapen-ebazpena.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren inguruabarretako bat aldatzen bada, dirulaguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da, betiere dirulaguntzaren helburua bete bada. Hori dela eta, onartutako aurrekontuaren eta justifikatutako gastuaren arteko desbiazioa % 5era artekoa bada, ez da ebazpena aldatuko. Desbiazio hori % 5etik % 25era artekoa bada, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak bidezko likidazio-ebazpena emango du, eta, ebazpen horretan, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berregokitu egingo da, onartutako aurrekontuarekiko desbiazioaren proportzio berean. Hortik gorako desbiaziorik ez da onartuko eta ebazpena bertan behera utziko da.

24. artikulua.– Pertsona edo entitate onuradunaren betebeharrak.

Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen pertsona edo entitate onuradunek Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 52.2 artikuluan finkaturiko betebeharrez gain, honako betebehar hauek ere izango dituzte:

a) Dirulaguntza eskabidean zehaztutako helburu zehatzerako erabili beharko dute.

b) Dirulaguntza eskabidean aurrikusitako ekintzetarako erabili beharko dute.

c) Eskabidean aurreikusitako egitasmoa bere osotasunean gauzatu beharko dute urtean bertan.

d) Eusko Jaurlaritzak deialdi honen bidez diruz lagundutako edozein egitasmoren betetze-mailaren jarraipena egin ahal izango du, eta horretarako egokien irizten dituen neurriak hartuko ditu. Dirulaguntzaren onuradunak behar beste erraztasun emango dizkio Eusko Jaurlaritzari, honek jarraipen hori egin ahal izan dezan.

e) Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen xedearen fiskalizazio-funtzioak betetze aldera eskatutako informazio guztia eman beharko dute.

f) Hizkuntzaren kalitatea bermatzea guztiz garrantzizkotzat jotzen denez gero, Euskaltzaindiak emandako arau eta gomendioak aintzakotzat hartu eta beteko dituzte.

g) Indarrean dauden lege eskakizunak bete beharko dituzte jabego intelektualari, egile-eskubideei, lege-gordailuari, banaketari eta abarri dagokienez.

h) Laguntza-gai diren egitasmoek giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetasun-balioak errespetatu beharko dituzte. Ondorioz, egitasmo horiek ezin izango dute herritarrei iraingarri gerta dakiekeen ikur edo elementurik jaso, ezta beren duintasunari kalte egiten dieten edo indarkeriaren justifikazioa iradokitzen duten ikur edo elementurik ere.

i) Adierazpen- eta informazio-askatasunari begirunea erakustea. Horretarako, nork bere deontologiako arauak beteko ditu eta, aldi berean, politika-aniztasuna eta politika-, gizarte-, eta kultura-taldeei zor zaien aukera-berdintasuna bermatuko duen informazio egiazkoa eta objektiboa sustatuko du.

j) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoari jarraituz, hizkera sexistarik ez erabiltzea, eta gizonen eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez egitea.

k) Dirulaguntzaren jasotzaile direnek diruz lagundutako programa, proiektu edo jardueren ondorioz agerpen publikoetan erabiltzeko diren iragarki-txarteletan, argazkietan eta gainerako material idatzietan, entzunezkoetan eta elektronikoetan Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren menpeko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eskainitako babesa adierazi beharko dute, horretarako logotipo normalizatua erabiliz. Arestian zerrendatutako material horiek guztiek gutxienez euskaraz egon beharko dute.

25. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Betebeharrak bete gabetzat joko dira honako kasu hauetan:

a) Jasotako dirulaguntza ez justifikatzea edo bere osotasunean ez justifikatzea.

b) Jasotako dirulaguntza, osorik zein zatika, Agindu honetan zehaztutakoez beste jardueretarako erabiltzea.

c) Honako Agindu honen 24. artikuluan zehaztutako betebeharrak ez betetzea.

d) Hala badagokio, kitapen-ebazpenak zehaztutako kopurua ez itzultzea horretarako emandako epean.

e) Dirulaguntzen araudian nahitaezkotzat jotzen diren gainerako egitekoak ez betetzea.

2.– Ez-betetzeren bat gertatuz gero, jasotako dirua eta horren legezko interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenean, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duenean eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituenean, adierazitakoa betez eta horretarako ezartzen den prozedurari jarraituz.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Izaera Pertsonaleko Datuen Babesaren Arloko informazio-klausula:

Arduraduna: Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.

Helburua: Euskararen presentzia eta erabilera indartzeko dirulaguntzak kudeatzea.

Legitimazioa: Tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

Hartzaileak: Gaiaren gaineko eskumena duten Administrazioak.

Eskubideak: Datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

Informazio osagarria: Gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/023400-capa2-eu.shtml

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka interesdunak aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, zuzen-zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazio Auzietarako Salan bi hilabeteko epean, honako agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Laguntza programa hau Europako Batzordeak zenbait dirulaguntza mota barne-merkatuarekin bateragarriak jotzen dituen 2014ko ekainaren 17ko (EB) 651/2014 Erregelamenduaren barruan dago, Itunaren (EBAO 2014, L 187, 2014-06-26) 107. eta 108. artikuluen aplikazioaren ondorioz (Kategorien Araberako Salbuespen Araudi Orokorra edo 651/2014 Araudia), eta Erregelamendu horren 53.2 artikuluak ezarritakora egokitzen da.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean izango du eragina agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 7a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala