Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

173. zk., 2021eko abuztuaren 31, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
4609

EBAZPENA, 2021eko uztailaren 23koa, Justizia Administrazioko zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak (HABE) Euskal Autonomia Erkidegoan zerbitzuak ematen dituzten Justizia Administrazioko langileen euskarazko hizkuntza-prestakuntzarako sinatutako kudeaketa-gomendioa.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak (HABE) aipatutako kudeaketa-gomendioa sinatu dute, eta beharrezko zabalkundea emateko xedez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) arteko kudeaketa-gomendioari buruzko akordioaren testua, Euskal Autonomia Erkidegoan lan egiten duten Justizia Administrazioko langileen euskarazko hizkuntza-prestakuntzarako.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 23a.

Justizia Administrazioko zuzendaria,

JON ARTURO URIARTE UNZALU.

Kudeaketa-gomendioaren Akordioa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailaren eta helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (habe) artean, Euskal Autonomia erkidegoan lan egiten duten Justizia Administrazioko langileei euskara irakasteko
BILDU DIRA:

Batetik, Beatriz Artolazabal Albeniz andrea, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, irailaren 7ko 28/2020 Dekretuaren bidez egindako izendapenaren arabera.

Bestetik, Bingen Zupiria Gorostidi jauna, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, irailaren 7ko 29/2020 Dekretuaren bidez egindako izendapenaren arabera, eta HABEren presidentea, 29/1983 Legearen bederatzigarren artikuluan ezarritakoaren arabera (29/1983 Legea, azaroaren 25ekoa, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea Sortaraztezkoa eta Euskaltegiak Araupetzezkoa).

ADIERAZI DUTE:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuak, 35.3 artikuluan eta 13.1 artikuluarekin lotuta, ezartzen du autonomia-erkidegoari dagokiola, bere lurralde eremuan, Justizia Administrazioko langileak kontratatzeko eta administrazio horrek jarduteko behar dituen baliabide material eta ekonomikoak jartzea.

Azaroaren 6ko 1684/1987 Errege Dekretuaren bidez, Estatuko Administrazioaren eginkizunak Euskal Autonomia Erkidegora eskualdatu ziren Justizia Administrazioaren funtzionamendurako baliabide material eta ekonomikoen horniduraren arloan.

18/2020 Dekretuak, 13. artikuluaren 1.e) eta i) apartatuetan, ezarritakoaren arabera (18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena), Administrazio horren barruan, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari dagozkio, besteak beste, Justizia Administrazioak jarduteko behar dituen baliabideak hornitzea eta Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak herritarrei ematen dizkien eskubideak erabili ahal izatea bermatzea Justizia Administrazioan.

Halaber, 12/2021 Dekretuak, 11. artikuluaren b) eta d) apartatuetan, (12/2021 Dekretua, urtarrilaren 19koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena) Justiziako Sailburuordetzari esleitzen dio honako ahalmen hau: «Justizia Administrazioaren funtzionamendurako giza baliabideak eta baliabide materialak eskuratzea, oro har, eta haren antolamendua eta jarduerak planifikatzea» eta «Euskararen Erabilera Arautzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak herritarrei ematen dizkien eskubideak Justizia Administrazioaren esparruan erabiltzen direla bermatzea, eta Justizia Administrazioaren euskalduntze-prozesua bultzatzea».

Bestalde, urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuak, 12.1.d) artikuluan, honako ahalmen hau esleitzen dio Justizia Administrazioari: «Justizia Administrazioan hizkuntza-normalizazioa bultzatzea, hizkera juridikoa bateratuz eta euskararen ezarpen dokumentala garatuz, baita haren zerbitzuko langileen euskalduntzea eta alfabetatzea antolatu eta kudeatzea ere».

Bigarrena.– Euskara Euskal Herriaren hizkuntza propioa dela eta, gaztelaniarekin batera, hizkuntza ofiziala dela aitortuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuak, 6. artikuluan, ezarri zuen herritarrek bi hizkuntzak ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea zutela, eta erabilera hori EAEko erakunde komunek bermatu beharko dutela, ezagutza ziurtatzeko behar diren neurri eta baliabideak bideratuz eta arautuz.

Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak berriz aitortu zuen euskara Euskal Herriko hizkuntza propioa dela, gaztelania eta euskara, biak, hizkuntza koofizialak direla eta botere publikoek herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko behar diren neurriak hartu behar dituztela.

Honako betebehar hauek dituzte: administrazio publikoari atxikitako langileak euskalduntzeko neurriak hartzea, bi hizkuntzak jakitea derrigorrezkoa duten lanpostuak zehaztea, eta gainerako lanpostuetara sartzeko euskararen ezagutza ebaluatzeko moduko merezimendutzat hartzea.

EAEko Justizia Administrazioari dagokionez, Lege horren 9.3 artikuluan xedatu zen Eusko Jaurlaritzak bultzatuko duela esparru horretan euskararen erabileraren normalizazioa. Izan ere, alderdi hori garatzeko xedez, besteak beste hauxe eman zuen: 174/2010 Dekretua, ekainaren 29koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko hizkuntza-normalkuntzari buruzkoa, baina Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren zerbitzuko kidego hauetako langileei aplikatuta: Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko kidegoa, Izapidetze Prozesal eta Administratiboko kidegoa, Laguntza Judizialeko kidegoa, Auzitegiko Medikuen kidegoa eta Laborategiko Laguntzaileen kidegoa.

Era berean, ikusi da Karrera Judizialeko eta Fiskaleko kideen eta Justizia Administrazioko Letraduen Kidegoko kideen artean euskararen ezagutza sustatu behar dela, jurisdikzio-eginkizunak behar bezala gara ditzaten, independentziaz eta eraginkortasunez, Euskal Autonomia Erkidegoko aniztasun soziolinguistikoa kontuan hartuta.

Ildo horretan, helburu hori babesten dute jardun judizialen ofizialtasun linguistikoari buruz honako hauetan jasotzen diren aurreikuspenek: Botere Judizialari buruzko Lege Organikoa (231. artikulua), arestian aipatu Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legea (9.1 artikulua) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua (35.3 artikulua, 13.1 artikuluarekin lotuta).

Hirugarrena.– Azaroaren 25eko 29/1983 Legearen bidez, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea (HABE) eratu zen, Hizkuntza Politika Sailari atxikitako erakunde autonomo administratibo moduan. Erakundeak, besteak beste, honako xede hauek ditu:

– Euskara irakastea helduei, eta Euskal Herriko helduak euskaldundu eta alfabetatu daitezen bultzatzea eta sustatzea, Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren arloko eskumena duen organoak emandako jarraibideen arabera.

– Ikerketa sustatzea eta erakundearen helburuak betetzeko bide, metodo eta tresna egokiak bilatzea.

– Material pedagogiko-didaktikoak sortzea eta argitaratzea.

– Helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko programak aplikatzea helburu horiek betetzeko sortu diren ikastetxeetan.

– Helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko ikastetxeak sortu daitezen sustatzea, plangintza arrazionala eginez eta irizpide soziolinguistikoak kontuan hartuz.

– Helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko lanak egiten dituzten erakunde publiko eta pribatuei laguntzea, eta plan espezifikoetarako hitzarmenak sinatzea.

Laugarrena.– Justizia Administrazioko langileei dagokienez helburu horiek betetze aldera, 2000ko abenduaren 29an bi erakundeek lankidetza-hitzarmena sinatu zuten, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioan euskara bultzatu eta sustatzeko asmoz.

Hitzarmen horrek indarra galdu du, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legean xedatutakoaren arabera (Zortzigarren xedapen gehigarria); horrez gain, hitzarmenaren edukia aldatu behar da, indarreko legeriara egokitzeko eta esparru horretan agertuz joan diren berrikuntza pedagogikoekin bat egiteko. Horrenbestez, hitzarmenean jasotzen diren jardueren garapenari eutsi eta garapen hori bultzatzeko, bi erakundeen artean lankidetza-esparru berria sinatu behar da.

Bosgarrena.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak, 11.1 artikuluan, honako hau xedatzen du: «Administrazio-organoen edo zuzenbide publikoko entitateen eskumeneko jarduera materialak edo teknikoak administrazio bereko edo beste bateko beste organo edo zuzenbide publikoko entitateen gomendio utz daitezke, jarduera horiek haien eskumenen barruan badaude, efikaziari begira komeni bada, edo jarduera horiek gauzatzeko baliabide tekniko egokirik ez badago».

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak ez ditu akordio honetan ezartzen diren eginkizunak betearazteko behar diren baliabide teknikoak; HABEk, aldiz, baditu baliabide horiek. Ondorioz, kudeaketa-gomendioaren akordio hau sinatzea adostu dute, baina betiere honako hauek aintzat hartuta:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Gomendioaren xedea.

Gomendioaren xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan Justizia Administrazioko kidego eta eskala jakin batzuetako langileei emango zaizkien euskara-ikastaroak antolatzea, ikastaro horiek kontratatzea eta ikasleen jarraipena egitea. Izan ere, kidego hauei eragiten die gomendioak:

– Kudeaketa prozesala eta administratiboa.

– Izapidetze prozesala eta administratiboa.

– Laguntza judiziala.

– Auzitegiko medikuen kidegoa.

– Eta beste hauei: karrera judizialeko kideak eta karrera horretarako hautagaiak, aldi baterako behar diren epaileak, ordezko magistratuak, ordezkoak, bake-epaileak, karrera fiskaleko kideak eta Justizia Administrazioko letraduen kidegoko titularrak eta ordezkoak.

Sistema hauek erabiliko dira euskara-ikastaroak antolatzeko:

– Autoikaskuntzako sistemak.

– Aurrez aurreko ikastaroen sistemak. Euskaltegiek emango dituzte, baina bi modutara: Administrazioaren lokaletan eta euskaltegien lokaletan.

Bigarrena.– Alderdien betebeharrak.

1.– HABEren betebeharrak:

a) Helduei euskara irakasteko oinarrizko curriculumean (HEOC) jasotzen diren mailetan euskara-ikastaroak emateko behar diren baliabideak (baliabide materialak eta giza-baliabideak) hornitzea, gomendio honetan ezartzen diren moduetan. Betebehar horretatik kanpo geratzen dira beharrezkoak diren gailu elektronikoak.

b) Erakundearen baliabideak erabilita, honako hauek hartuko ditu bere gain: ikasleen antolaketa (mailetan eta taldeetan), antolaketarako egin behar diren mailaketa probak, ikastaroen ikuskapena eta jarraipen tekniko-pedagogikoa, ikasleen bertaratzeari lotutako jarraipena (hilero txostenak eginez), ikasleen aurrerapena eta aprobetxamendua, eta ikasleek beren maila menderatzen duten jakiteko euskaltegiak egiten duen ebaluazioaren gainbegiratua. HABEk kontratatuko ditu ikastaroak, HABEren erregistroan izena emanda dauden euskaltegiekin, unean-unean indarrean dagoen esparru-akordioaren babesean.

c) Euskara-ikastaroak, batez ere, HABEk ezarritako moduluen araberakoak izango dira. Modulu horietan salbuespenen bat aplikatu behar bada, erakunde horrek eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak aztertuko dute kontua.

d) Euskara-ikastaroetan berriki eskolatuta egon ez diren eskatzaileen kasuan, maila egokian sailkatzeko, HABEk, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak eskatuta, beharrezko mailaketa probak egingo ditu.

e) Bertaratzeari lotutako txostenei dagokienez, HABEk behar diren neurriak hartuko ditu, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari eman ahal izateko gomendioan erabakitzen diren trebakuntza-jardueretara joan diren ikasleen bertaratzeari eta aprobetxamenduari buruzko datuak.

Aukeratutako metodoa edozein dela ere, HABEk hitzematen du hileko bertaratze-datu eguneratuak emango dituela informatzen den aldiaren hurrengo hilabetearen barruan, bai eta aprobetxamenduari buruzko datuak ere, ebaluazio bakoitza egin eta hurrengo hilabetearen barruan.

f) HABEk bermatuko du akordio honen babesean antolatzen diren taldeei euskara-ikastaroak emango dizkieten irakasleek kalitatezko irakaskuntza bermatzeko moduko profesionaltasuna eta esperientzia dutela.

2.– Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren betebeharrak:

a) Justizia Administrazioko Zuzendaritzaren bitartez, euskara-ikastaroen deialdiak egingo ditu eta horientzako eskaerak jaso eta kudeatuko ditu.

Hizkuntza-gaikuntzarako ikastaroak deitu baino lehen, HABEk eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak koordinatuta lan egingo dute, akordio honetan eratzen den jarraipen batzordearen bidez, Justizia Administrazioaren euskalduntze-beharrak eskaini beharreko modulu eta ikastaroekin bateragarri egiteko, bai eta ondorengo prozesu guztiak arautuko dituzten egutegia eta epeak ezartzeko ere.

b) Ikastaroetarako onartu diren pertsonen zerrenda bidaliko dio HABEri, beharrezkoak diren ikastaroak prestatu ditzan. Ikastaroak honako hauek izango dira:

– Ikastaroak hiriburuetan (Gasteiz, Donostia eta Bilbao), 08:00etatik 10:00etara.

– Autoikaskuntza ikastaroak hiru hiriburuetako Justizia Jauregietan, transferitu gabeko langileentzat.

– Ikastaro trinkoak, 5 ordukoak.

– Egokitzat jotzen diren beste ikastaro batzuk.

c) HABEri agindu zaizkion jarduketak finantzatuko ditu, hirugarren klausulan jasotzen diren tarifen eta aurreikuspenen arabera.

d) Justizia Administrazioko langileen hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko datuak emango dizkio HABEri, hau da, gomendio honetan ezarritako euskara-ikastaroak egin dituzten langileenak.

Hirugarrena.– Finantzaketa.

1.– Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak guztira 430.000 euro bideratuko ditu HABEri egindako gomendio honen xedeak betetze aldera behar den finantzaketarako; horietatik, 107.500 euro 2021. urteko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 215.000 euro eta 107.500 euro hurrenez hurren 2022. eta 2023. urteetarako konpromiso-kredituari.

2.– Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakunde autonomoak (HABE) emandako zerbitzu eta jardueren prezio publikoak finkatzen dituen Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2020ko abuztuaren 4ko Aginduan edo hori ordezten duen araudian ezarritako tarifak aplikatuko dira.

3.– HABEk hiru hilean behin aurkeztuko dizkio Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari akordioaren ondoriozko gastuen egiaztagiriak, Sailak egokiak diren egiaztapenak egin eta ordainketak agindu ditzan.

Laugarrena.– Jarraipen Batzordea.

Akordio hau burutzeko beharrezko jarduerak koordinatzeko helburuarekin, eta horren jarraipena, zaintza eta kontrola egiteko, Jarraipen Batzordea sortuko da. Batzorde hori alderdi bakoitzaren hiru ordezkarik osatuko dute, dagozkien erakunde-arauen arabera izendatuak.

Batzordea osatuko duten ordezkarien artetik, alde bakoitzak koordinatzaile edo arduradun nagusi bat izendatuko du.

Batzordeburua sei hilean behin aldatuko da, aldi bakoitzean alderdietako baten ordezkaria txandakatuta.

Batzordea gutxienez hiru hilean behin bilduko da, eta honako eginkizun hauek izango ditu:

– Ikastaro bakoitzaren hasieran sor daitezkeen ikastaroen hartzaile izango diren langileen talde espezifikoen aurreikuspena egitea. Horretarako, nahikoa izango da Jarraipen Batzordean dagoen erakunde bakoitzeko ordezkari batek gutxienez parte hartzea.

– Komunikazio-esparru bat ezartzea Jarraipen Batzordearen bidez, aurrez ezarritako plangintzan gerta daitezkeen aldaketen berri emateko.

– Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko prozesuekin lotutako ikaskuntza-prozesuak aztertzea, bien arteko koherentzia bilatuz.

– Irakasleek benetan dituzten hobekuntza- eta trebatze-beharrak aztertzea, bereziki akordio honen mendeko ikasleen berariazko egoeretara egokitzeari dagozkionak, eta helburu hori lortzera bideratutako ekintzak proposatzea.

– Informazio-trukeko prozesuak aztertzea eta antzeman diren arazoak konpontzeko neurriak proposatzea.

– Ikasleen gogobetetasun-inkesten emaitzak aztertzea, eta hobekuntza-neurriak proposatzea eta sustatzea, antzeman diren hobekuntza-eremuen barruan.

– Oro har, kudeaketa-gomendio honetan adostutakoa gauzatzerakoan sor daitezkeen oztopoak eta arazoak aztertzeko eta gainditzeko bideak proposatzea eta ezartzea.

– Kudeaketa-gomendioaren akordioa gauzatzean sor daitezkeen zalantzak jasotzea eta ebaztea.

– Akordioaren garapenaren jarraipena eta ebaluazioa egitea.

Jarraipen Batzordea, funtzionamenduari eta araubide juridikoari dagokienez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluaren II. kapituluan xedatutakoaren arabera arautuko da, klausula honetan berariaz ezarri ez denari dagokionez.

Bosgarrena.– Datuen babesa.

Gomendioa gauzatzean eskura ditzaketen datu pertsonalak akordio honetan ezarritako helburuetarako baino ez dira erabiliko. «Justizia Administrazioaren langileak euskalduntzea» tratamendu-jardueraren parte dira, eta horren arduraduna Justizia Administrazioko Zuzendaritza da. Helburua, berriz, Justizia Administrazioan euskararen erabilera normalizatzearekin zerikusia duten jarduera guztien jarraipena eta kudeaketa egitea: hizkuntza-gaikuntzako ikastaroak, banakako planak, hizkuntza-eskakizunen egiaztapena, erabilera programak...

Honako arauak betez garatuko da kudeaketa-gomendioa: 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, pertsona fisikoen babesari buruzkoa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokionez; eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11.2 artikuluarekin bat etorriz, kudeaketa-gomendioa betetzeko darabiltzan datu pertsonalen tratamendu-eragilea izango da HABE, eta, horrenbestez, datu pertsonalak babesteko araudian ezarritakoa bete behar du. Gomendio honen eranskinean agertzen den tratamendu-enkarguaren kontratua bi alderdien artean sinatu beharko da.

Seigarrena.– Indarraldia eta ondorioak.

1.– Kudeaketa-gomendioaren akordio honek 2023ko ekainaren 30era arteko indarraldia izango du, eta ondorioak sortuko ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Nolanahi ere, alderdietako batek egun hori baino lehen suntsiarazi ahal izango du, baldin eta akordioa suntsiarazi nahi duen eguna baino gutxienez hiru hilabete lehenago ematen badio horren berri beste alderdiari.

Akordioa suntsituz gero, alderdiek ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte suntsiarazpenaren ebazpena ematen eden egunera arte.

2.– Alderdi sinatzaileek edozein unetan alda ditzakete gomendioaren akordio honen baldintzak, elkarren adostasunez, eta, horretarako, eranskin bat sinatu beharko dute.

Zazpigarrena.– Akordioaren izaera.

Akordio juridiko-administratibo hau egitean bete egin da Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legea (urriaren 1eko 40/2015 Legea).

Sinatzaileek, aurreko guztiarekin ados daudela adierazten dute, eta dauzkaten eskumenez baliatuz, kudeaketa-gomendioaren akordio hau sinatzen dute.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 23a.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren aldez,

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

HABEren aldez,

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

ERANSKINA
DATU PERTSONALEN TRATAMENDU-ENKARGUA

1.– Tratamenduaren arduraduna eta tratamendu-eragilea identifikatzea.

Tratamenduaren arduraduna: gomendioa egiten duen erakundea, hau da, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Justizia Administrazioko Zuzendaritza.

Tratamendu-eragilea: gomendioa jasotzen duen erakundea, hau da, HABE.

2.– Tratamendu-enkarguaren xedea.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Justizia Administrazioko Zuzendaritzak Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeari (HABE) gomendioa ematen dio Euskal Autonomia Erkidegoan lan egiten duten Justizia Administrazioko langileentzako euskara-ikastaroak antolatzeko.

Kudeaketa-gomendioan zehazten diren zerbitzuak emateko asmoz gomendioa jasotzen duen erakundeari (HABE) atxikita dauden langileek datu pertsonalak tratatu ahal izango dituzte. Atxikitako langileek bakarrik tratatuko dituzte datu pertsonalak, gomendioan ezarritakoa garatzeko helburu bakarrarekin betiere.

Gomendioa gauzatzearen ondorioz, eranskin honetan ezarritakoa uneren batean aldatu behar bada, gomendioaren hartzaileak (HABE) eskatu egin beharko du, arrazoituta, eta egin nahi duen aldaketa zehaztu beharko du. Gomendioaren eskatzailea (Justizia Administrazioko Zuzendaritza) bat badator eskatutako aldaketekin, eranskin eguneratu bat egingo du, eta, bertan, egingo den datu pertsonalen tratamendua zehatz-mehatz jasoko du.

3.– Taldeak eta tratatutako datu pertsonalak.

Gomendioa jasotzen duen erakundeak (HABE) interesdun talde hauetara eta tratatutako datu pertsonal hauetara sartzeko aukera izango du:

(Ikus .PDF)

4.– Datu pertsonalen tratamenduaren elementuak.

Honako tratamendu zehatz hauek egingo dira:

– Bilketa/Erregistroa

– Sailkapena/Egituraketa

– Gordetzea/Segurtasun-kopia

– Aldaketa

– Irteera

– Kontsulta

– Komunikatzea-Transmititzea

– Mugatzea

– Ezabatzea/Ezereztea/Ahaztua izateko eskubidea

– Kopiak suntsitzea

– Segurtasun-kopiak berreskuratzea

5.– Enkarguaren iraupena.

Enkargu honek lotzen zaion kudeaketa-gomendioaren iraupen bera izango du.

Hala eta guztiz ere, enkargua amaitzean, indarrean jarraituko du sekretu-betebeharrak, denbora-mugarik gabe, eta horri men egin beharko diote hitzarmena betetzen jardun diren denek.

6.– Datu pertsonalen jarduketa, kudeaketa-gomendioa amaitzean.

Kudeaketa-gomendioa amaitzean, prestazioa amaitu delako, gomendioa jasotzen duen organoak (HABEk) bere esku dauden datu guztiak itzuli beharko dizkio tratamenduaren ardura duen organoari, tratamenduaren xede den datu pertsonalen bat jasotzen duen edozein euskarri edo dokumenturekin batera. Itzultzeaz gain, gomendioa jasotzen duen erakundeak (HABE) erabilitako ekipo informatikoetan dauden datu pertsonal guztiak ezabatu beharko dira. Hala eta guztiz ere, kopia bat gorde ahalko du, datuak behar bezala blokeatuta, kudeaketa-gomendioa betearaztetik erantzukizunak ondoriozta daitezkeen aldirako.

7.– Tratamendu-eragilearen betebeharrak.

Tratamendu-eragileak honako betebehar hauek izango ditu:

– Tratatu beharreko datu pertsonalak edo datu pertsonalak jasotzen dituztenak enkargu honen helbururako baino ez ditu erabiliko. Inola ere ezingo ditu erabili bere helburuetarako.

– Datuak tratamendu-arduradunaren jarraibideen arabera tratatuko ditu, eta ezin izango ditu beste ezein helburutarako aplikatu edo erabili.

– Ez zaizkio hirugarren pertsonei jakinaraziko datuak, salbu eta tratamenduaren arduradunaren baimen espresua badu, legez onargarri diren kasuetan.

– Tratamenduaren arduradunaren kontura egindako tratamendu-jardueren kategoria guztien erregistro idatzia egingo du, datu pertsonalen babesaren arloan indarrean dagoen araudiak eskatzen duen edukia sartuta.

– Eskura dituen datu pertsonalen konfidentzialtasuna zainduko du, eta, tratamenduaren ardura duen erakundearekin harremanak amaitu ondoren, datu horiek gordeko ditu.

– Datu pertsonalak eta, hala badagokio, datu pertsonalak dituzten euskarriak suntsituko ditu edo tratamenduaren arduradunari itzuliko dizkio, eta kopiak suntsituko ditu zerbitzua amaitzen denean.

– Datu pertsonalak tratatzeko baimena duten pertsonek konfidentzialtasuna errespetatzeko berariazko konpromisoa idatziz hartzen dutela bermatuko du. Eta, gainera, tratamenduaren arduradunaren eskura izango du hori egiaztatzen duen dokumentazioa.

– Datu pertsonalak tratatzeko baimena duten pertsonek datu pertsonalak babesteko beharrezko prestakuntza dutela bermatuko du.

– Tratamenduaren arduradunarekin lankidetzan arituko da, datuen babesari buruzko araudian aurreikusitako eskubideak baliatzen dituzten interesdunei erantzunak emateko. Berehala jakinaraziko dio tratamenduaren arduradunari eragindako pertsonek beren eskubideak baliatu dituzten tratamendu-eragilearen aurrean.

– Segurtasun-urraketak jakinaraziko dizkio tratamenduaren arduradunari, bidegabeko atzerapenik gabe eta, betiere, 72 orduko gehieneko epea igaro baino lehen; gorabehera dokumentatzeko eta jakinarazteko garrantzitsua den informazioa helaraziko dio. Ez da beharrezkoa izango jakinaraztea, baldin eta gertagaitza bada segurtasun-urraketak arriskurik ekartzea pertsona fisikoen eskubide eta askatasunetarako.

– Hala dagokion kasuetan, tratamenduaren arduradunari lagunduko dio datuen babesari buruzko eragin-ebaluazioak egiten, baita kontrol-agintaritzari aurretiko kontsultak egiten ere.

– Tratamenduaren arduradunaren esku jarriko du betebeharrak bete izana egiaztatzeko behar den informazio guztia, baita kasuan kasuko auditoretzak edo ikuskapenak egiteko behar den informazioa ere.

– Tratamendu-eragileak datuak beste xede batekin erabiltzen baditu edo hizpaketak bete gabe komunikatu edo erabiltzen baditu, tratamendu-eragilea tratamenduaren arduradun gisa hartuko da, eta urraketen arduraduna izango da.

8.– Segurtasun-neurriak.

Urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuan (Segurtasun Eskema Nazionala arautzen duena Administrazio Elektronikoaren eremuan) ezarritako segurtasun-neurriak aplikatuko dira datuen tratamenduan.

Datu pertsonalak babesteko, datu horiek arrazoizko konfidentzialtasuna, osotasuna eta erabilgarritasuna gal ez ditzaten antolakunde ordenatu batek hartu behar dituen neurriak erabili behar dira.

Baina arriskuak ebaluatu ostean segurtasun-neurri bereziak aplikatu behar badira, gutxienez honako segurtasun-neurri hauek ezarriko dira:

– Tratamendu-sistemen eta -zerbitzuen konfidentzialtasuna, osotasuna, erabilgarritasuna eta erresilientzia iraunkorra bermatzea.

– Intzidente fisiko edo teknikorik izanez gero, datu pertsonalak berriro erabilgarri eta eskuratzeko moduan azkar jartzea.

– Tratamenduaren segurtasuna bermatzeko ezarri diren neurri tekniko eta antolamenduzkoen efikazia aldian-aldian egiaztatu, ebaluatu eta baloratzea.

– Datu pertsonalak seudonimizatzea eta, hala badagokio, zifratzea.

Kudeaketa-gomendioa jasotzen duenak (HABE) neurri horiek ezartzeari edo ezabatzeari ezin izango dio utzi, arriskuaren analisia edo eraginaren ebaluazioa erabiliz, non eta ez den Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren berariazko baimena eskatzen horretarako.

Ondorio horietarako, kudeaketa-gomendioa jasotzen duen erakundeko (HABE) langileek Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak ezarritako segurtasun-neurriak bete beharko dituzte, eta soilik egin ahal izango dute Sailak zehaztu duen datu pertsonalen tratamendua.

9.– Tratamenduaren arduradunaren betebeharrak.

– Kontratu honetan jasotzen diren datuak ematea tratamendu-eragileari.

– Ondo zaintzea tratamendu-eragileak bete egiten dituela, aldez aurretik eta tratamendu guztietan, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra eta 3/2018 Lege Organikoa (abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa).

– Tratamendua gainbegiratzea.

10.– Tratamenduaren azpienkarguak.

Tratamenduaren arduradunak baimena ematen dio tratamendu-eragileari ikastaroak izapidetzea azpienkargatzeko.

Tratamendu-eragileak (HABE) idatziz jakinaraziko dizkio tratamenduaren arduradunari (Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Justizia Administrazioko Zuzendaritza) ikastaroak emateko azpikontratatzen diren pertsonen identifikazio-datuak eta zerrenda.

Azpieragileak tratamendu-eragile izaera ere badu, eta berak ere bete beharko ditu dokumentu honetan tratamendu-eragilearentzat (HABE) ezarritako betebeharrak eta tratamenduaren arduradunak ematen dituen jarraibideak.

Hasierako datu-eragilearen (HABE) ardura da harreman berria arautzea, berak dituen baldintza eta betekizun formal berberak izan ditzan azpieragileak, datu pertsonalak egoki tratatzeari eta ukitutako pertsonen eskubideak bermatzeari dagokienez.

Azpieragileak ez baditu betetzen baldintza eta eskakizun horiek, hasierako eragileak (HABE) izango du betebeharrak betetzeari lotutako erabateko erantzukizuna.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 23a.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren aldez,

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

HABEren aldez,

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala