Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

165. zk., 2021eko abuztuaren 19a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4504

AGINDUA, 2021eko uztailaren 28koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez oinarri arautzaileak ezartzen baitira eta, arrantza-enpresei zuzenduta, de minimis araubidean jasotako 2021erako laguntzen deialdia egiten baita, ikasleek arrantza-ontzietan prestakuntza-egonaldiak egiteko aukera izan dezaten (Itsasoratu programa).

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren helburuetako bat da arrantzarekin zerikusia duten sektoreetako langileen trebakuntza-politika egokiari eustea. Horregatik, arrantza-sektorearen premia eta berezitasun sozioekonomikoei erantzuteko, beharrezkoa da itsas langileen prestakuntza praktikoa sustatzea, eta, oro har, merkatuaren beharretara egokitutako prestakuntza jaso nahi duten guztiena, betiere Europaren eskakizunei egokituta eta aipatutako arrantza-sektorearen mesedetan.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan ezarritakoaren arabera, eta 15.1.u) artikuluan ezarritakoari jarraituz, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzaren egitekoak dira «nekazaritzarako eta itsas arrantzarako prestakuntza. Nekazaritzarako eta itsas arrantzarako gaikuntza profesionala sustatzea. Kirol-nabigazioko irakaskuntza». Bestalde, 18.1.ñ) artikuluak Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari esleitzen dio egiteko hau: «itsas arrantzarako gaikuntza profesionala sustatzea».

Eskumen-esparru horretan, eta lehen paragrafoan aipatutako helburuari dagokionez, laguntza-deialdi hau egiten da, aurreko ekitaldietan hasitako politikari jarraipena ematen diona, eta, bertan, beken deialdia egingo da Euskal Autonomia Erkidegoko zentroetan itsas arrantzako irakaskuntza-ikasketak egiteko. Halere, deialdi honek beste hartzaile batzuk eta helburu bat ditu; izan ere, arrantza-enpresei zuzentzen zaie, horiek benetako lanpostuetan, alegia, arrantza-ontzietan, prestakuntza-egonaldiak egiteko aukera eman dezaten. Ondorioz, laguntza hauek bateragarriak izateaz gain itsas arrantzako sektorean prestakuntza arautua sustatzeko ikasleei ematen zaizkienekin, osagarriak ere badira. Horri lotuta, 2019ko ekitaldian, argitara eman zen 2019ko uztailaren 30eko Agindua, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez oinarri arautzaileak ezartzen baitziren eta, arrantza-enpresei zuzenduta, de minimis araubidean jasotako 2019rako laguntzen deialdia egiten, ikasleek arrantza-ontzietan prestakuntza-egonaldiak egiteko aukera izan zezaten, Itsasoratu programa (2019ko irailaren 10eko EHAA, 171. zk.). Alabaina, 2020. urtean, COVID-19aren pandemiak eragindako osasun-larrialdia zela eta, ez ziren laguntzak iragarri.

Deialdi honen helburuak dira arrantza-sektorearen errealitatera hurbiltzea, prestakuntza-zikloetako ikasleek beren prestakuntza profesionala, «itsasoko egunak» izenekoak, osatzeko behar duten ontziratzea erraztea, gazteen enplegua sustatzea arrantza-sektorean, flotako langileria gaztetzea, eta, azkenik, belaunaldi-erreleboa bermatzen laguntzea.

Laguntza hauei Batzordearen 2014ko ekainaren 27ko (EB) 717/2014 Erregelamenduan ezarritako de minimis araubidea aplikatu behar zaie –(EB) 717/2014 Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak arrantza- eta akuikultura-sektoreko de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa–.

Autonomia Estatutuaren 10.10 eta 16. artikuluen arabera Euskal Autonomia Erkidegoari emandako eskumenaren indarrez, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko 2021. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legearen arabera, eta Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak proposatuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Itsasoratu programako 2021. urterako laguntzen deialdia egitea arrantza-enpresei, ikasleek prestakuntza-egonaldiak egin ahal izateko arrantza-ontzietan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira zenbatzen epeak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 28a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

ERANSKINA

1. oinarria.– Xedea eta helburua.

1.– Eranskin honen xedea da Itsasoratu programako 2021erako laguntzen deialdia arautuko duten oinarri arautzaileak ezartzea. Programa hori arrantza-enpresei zuzenduta dago, itsas arrantzako prestakuntza-zikloetako ikasleek prestakuntza-egonaldiak egin ahal izateko arrantza-ontzietan.

2.– Agindu honetan araututako laguntzen helburua da prestakuntza praktikoa sustatzea arrantza-sektorearen errealitatean; hori dela eta, erraztu egingo da arrantzako ontzi-konpainiek itsas arrantzako prestakuntza-zikloetako ikasleak ontziratzea, ontziratze-aldi bakoitzean sortuko dituzten gastuetarako laguntza ekonomikoa emanez.

2. oinarria.– Araubide juridikoa.

Agindu honetan araututako laguntzak, bertan xedatutakoaren arabera ez ezik, honako hauetan xedatutakoaren arabera arautuko dira: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsia; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritako oinarrizko manuak eta lege hori garatzeko Erregelamenduan ezarritakoak (erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen), eta, hala dagokionean, haien ordez emandako araudia.

De minimis araubidera bildutako laguntzak direnez, Batzordearen 2014ko ekainaren 27ko (EB) 717/2014 Erregelamenduan ezarritakoa ere aplikatu behar zaie –(EB) 717/2014 Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak arrantza- eta akuikultura-sektoreko de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa–.

3. oinarria.– Onuradunak eta betekizunak.

1.– Agindu honetan araututako laguntzen onuradun izan daitezke apartatu hauetako betekizunak biltzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak:

2.– Oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan aurreikusitako betebeharrak betetzea.

a) Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Betekizun hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko, dirulaguntzaren likidazioa egin arte, eta, hortaz, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza onartzen denean bai ordainketak egiten direnean.

b) Dirulaguntzaren onuradun den pertsona fisikoa edo juridiko pribatua krisian den enpresatzat hartua ez izatea, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01).

c) EAEko Administrazioak edo haren mendeko enteek emandako laguntzei edo dirulaguntzei dagokienez, itzulketa- edo zehapen-prozeduretako kopuru zehatzen betebeharren ordainketak egunean izatea. Betebehar horien ordainketak egunean dituztela ulertuko da, baldin eta zorrak geroratuta edo zatikatuta badaude eta, gainera, bermea eratu bada zor osoa estaltzeko –interesak eta gastuak barne–.

d) Dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik ez izatea, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-diskriminazioagatiko debekuak barnean hartuta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean zehaztutakoari jarraikiz.

e) Konkurtso-deklaraziorik eskatuta ez izatea, prozeduraren batean kaudimengabetzat deklaratuta ez egotea, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren eraginpean ez egotea, edo desgaitua ez egotea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu gabe.

f) Dirulaguntzak lortzeko aukera galduta ez izatea ebazpen irmo baten bidez ezarritako zehapena dela-eta, edo honako delitu hauetakoren bat egin izanagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe eralgitzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

g) Administrazioarekin egindako kontraturen baten suntsiarazpen irmorik ez eragitea, suntsiarazpen-arrazoi horren errudun deklaratu dutelarik.

h) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean ezarritako kasuren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat ez izatea, horietan ezarritako baldintzetan.

i) Zerga-egoitza ez izatea erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatuta dagoen herrialde edo lurralde batean.

j) Berreskuratze-agindu baten mende ez egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

3.– Espezifikoki, onuradun izateko, betekizun hauetako bat behintzat bete beharko da:

a) Oinarri-portua Euskal Autonomia Erkidegoan duen arrantza-ontzi baten armadorea izatea, betiere baldintza hauek ere betetzen baditu:

• Ontziak Ontzien eta Ontzi Enpresen Erregistroko hirugarren zerrendan egon beharko du.

• Ontziak alta-egoeran egon beharko du Arrantza Flotaren Erregistro Nagusian. Ontzia aktibo dagoela jotzen da, baldin eta Arrantza Flotaren Erregistro Nagusian behin-behineko nahiz behin betiko alta-egoeran badago eta laguntza eskatu aurreko urtean zehar arrantzan jardun badu (aurreko 365 egunak zenbatzen dira edo, aurreko urtea bisurtea bada, aurreko 366 egunak).

• Ontziak arrantza-lizentzia eta behar diren baimenak izan beharko ditu balizko modalitate eta kaletarako.

b) Lan-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.

4.– Onuradun izateko betekizunak atxiki beharko dituzte laguntza guztiz justifikatu eta/edo itzuli arte.

4. oinarria.– Ikasleen betekizunak eta hautaketa.

1.– Prestakuntza-egonaldiak egingo dituzten itsas arrantzako prestakuntza-zikloetako ikasleei betekizun hauek eskatuko zaizkie:

a) Ikasleek erdi-mailako eta goi-mailako ziklo hauetako bateko 1. mailan aritu behar dute ikasten, zentro hauetako batean: «Blas de Lezo» Pasaiako Nautika eta Arrantzako Prestakuntza Zentroa; Bermeoko Nautika eta Arrantzako Lanbide Heziketako Eskola; eta Ondarroako Antiguako Ama Nautika eta Arrantzako Lanbide Heziketako Eskola. Hau guztia eskaintzen dute eskola horietan:

– Ontzi eta Itsasontzien Makineria Zainketa Antolatzeko goi-mailako teknikaria.

– Itsas Garraioko eta Alturako Arrantzako goi-mailako teknikaria.

– Ontzi eta Itsasontzien Makineria Zaintzeko eta Kontrolatzeko teknikaria.

– Itsasertzeko Nabigazioko eta Arrantzako teknikaria.

b) Ikasturteko ikasgai guztiak gaindituta izatea, eta justifikatu gabeko bertaratze-faltek ez hartzea ikaslearen eskola-ordutegiaren % 15 baino gehiago.

2.– Prestakuntza-zentroek zerrenda bat egingo dute, non jasoko baitira betekizunak betetzen dituzten eta arrantza-ontzi batean prestakuntza-egonaldiak egin nahi dituztela idatziz adierazi duten ikasleen izen-abizenak. Zerrenda horiek arrantza-enpresen eskura jarriko dira, ikasle bana hauta dezaten, gehienez, egonaldia egiteko. Egonaldia egiteko hautatu den ikaslea emakumea bada, laguntza handitu egingo da 6. oinarrian ezarritakoaren arabera, emakumeek arrantza-sektorean duten presentzia sustatzeko.

5. oinarria.– Prestakuntza-egonaldien ezaugarriak.

1.– Egonaldia arrantza-ontzietan egingo da, bai oinarri-portua Euskal Autonomia Erkidegoan duten arrantza-ontzietan, bai lan-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten armadoreen jabetzako arrantza-ontzietan.

2.– Ontziratzeak marea batek bezainbeste iraungo du: 20 edo 30 egun, gutxi gorabehera, hainbat faktore aldakorren arabera.

3.– Onuradun bakoitzak ikasle bat soilik sartu ahal izango du prestakuntza-egonaldi bakoitzean.

4.– Prestakuntza-egonaldia 2021eko bigarren seihilekoan egin beharko da.

5.– Praktiketako ikaslearen jarraipena eta tutoretza egin beharko dira. Horrek esan nahi du egingo diren eginkizunen hasierako memoria bat egin behar dela, bai eta amaierako txosten bat ere, praktiketako aldia eta ikasleak jarduera hauen arabera ikasitakoa baloratzeko:

a) Enpresa-egitura eta -antolamendua identifikatzea: lan-prozedura enpresa-arloan, prestakuntza-baliabideak eta gaitasun profesionalenak –pertsonalak eta sozialak–, lantokian ezarritako kalitate-sistema eta segurtasun-sistemak.

b) Ohitura etikoak eta lan-ohiturak aplikatzea: jarrera pertsonalak (enpatia, puntualtasuna), jarrera profesionalak (ordena, garbitasuna, segurtasuna...), jarrera lan-arriskuen eta ingurumenaren prebentzioan, enpresako hierarkia, jarduera profesionalen agiriak, barne-arauen ezagutza eta aplikazioa, lan-jarraibideak eta lan-prozedurak.

c) Arrantza-ontzia prestatu eta mantentzea abiatzeko eta nabigazioan zehar: arrantza-ontzia abian jartzeko tramitazioa, itsasontziaren egonkortasuna egiaztatzea, kalak kontrolatzea eta hornidura zehaztea lasta-tankeetan, erregaian eta ur gezan, guneak, bitartekoak, ekipamenduak, etab. berrikustea, nabigazio-ibilbidea trazatzea, abiatzeko komunikazioak, makinen mantentze-kudeaketa, etab.

d) Nabigazio-kontrola: atrakatu, irten eta ainguratzeko maniobrak, funtzioak brankan, popan, aginte-zubian eta makina-gelan, zubiko guardia egitea, abordatzeak prebenitzeko maniobrak, zubiko eta itsasbideko tresnetan jardutea, SMSS aparatuak erabiltzeko protokoloak, segurtasun-arauak betetzea, kalitatea eta prestakuntza-erregistroa betetzea.

e) Arrantza-jarduerak: arrantzako instalazioak eta bertako ekipamenduak prestatu, mantendu eta konpontzea, arrantza-bankuak detektatu eta lokalizatzea, maniobrak arrantza-aparailuekin, kalatua, biratzea, desberdintasuna horien arteko aplikazioan arrantza-parkean eta zubian, harrapaketa-eragiketak, harrapaketen merkataritza-interesa eta kalitatea baloratzea, bisitatutako kalen errendimendu jasangarria baloratzea, harrapaketen prozesamendua eta karga gainbegiratzea, arrantza-araudia aplikatzea zereginetan, segurtasun-arauak aplikatzea, etab.

6. oinarria.– Finantzaketa, diruz lagun daitezkeen jarduera eta gastuak; laguntzen zenbatekoa.

1.– Agindu honetan jasotako laguntzak finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko ekitaldirako aurrekontu orokorretan horretarako ezarrita dauden kredituetatik etorriko dira soilik. Baliabide ekonomiko horiek, guztira, 105.000 euro dira.

2.– Diruz lagundu ahal izango da itsas arrantzako prestakuntza-zikloetako lehen mailako ikasleek arrantza-ontzi batean prestakuntza-egonaldia egitea marea batek irauten duen bitartean, hau da, 20 edo 30 egunean.

3.– Diruz lagun daitezkeen gastuak eta zenbatekoak hauek dira:

a) Enpresak ikasle bakoitzari eman beharreko haborokina estaltzetik eratorritako gastuak. Haborokin horren zenbatekoa finkoa da ikasle eta ontziratze-aldi bakoitzeko: 950 euro.

b) Gizarte Segurantzan alta ematetik eratorritako gastuak; izan ere, arrantza-enpresak bermatu beharko du ikaslea estalita egongo dela egonaldi osoan gertakari arruntengatik eta lan-istripuengatik. Hileko kostua 51,05 euro da, eta horixe da kontzeptu horrengatik ordainduko den zenbatekoa.

c) Prestakuntza-egonaldia arrantza-ontzian egiten duen ikasle bakoitzaren tutoretza eta monitorizaziotik eratorritako gastuak, baita ikasleen mantenutik eta aldi horretan itsasontzian egin ditzaketen eginkizunak kontrolatu zein gainbegiratzetik eratorritakoak ere. Zenbatekoa 3.600 euro da, prestakuntza-egonaldi bakoitzeko. Ontziratzen den ikaslea emakumea bada, zenbateko horri 1.000 euro gehituko zaizkio.

d) Ekipamendu eta lan-arroparen gastuak. Gastu horiek finantzatzeko laguntzaren zenbatekoa 150 euro izango da, prestakuntza-egonaldia egiten duen ikasle bakoitzeko.

7. oinarria.– Eskabideak aurkezteko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabete izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskabidearekin batera, 8. oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira.

2.– 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1051104

Helbide horretan eskuratu ahal izango dira: eskabide-orria, erantzukizunpeko adierazpenaren eredua eta inprimakien ereduak, bai eta eskaerak modu telematikoan aurkezten eta justifikatzen laguntzeko beharrezkoa den dokumentazioa ere.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak honako helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

3.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, artikulu hauetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluak. Ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, zeina helbide honetan baitago: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

4.– Eskabidea aurkeztu ondoko izapideak egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» aplikazioaren bidez egin eta jakinaraziko dira, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Eskabideak Zuzenean zerbitzuaren bulegoetan aurkeztu ahalko dira, aldez aurretik hitzordua eskatuta https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean helbidean, edo aldez aurreko hitzorduak eskatzeko edo ezeztatzeko berariazko telefono-zenbakira hots eginda: 945 01 90 00.

5.– 39/2015 Legearen 14.1 artikuluaren arabera, pertsona fisikoek aukeratu dezakete Administrazioarekin harremanetan jartzea bitarteko ez-elektronikoen bidez; horrela, dagokion eskabide-inprimakiaren bidez eskatu ahal izango dute laguntza, eta inprimaki hori Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzaren bulegoetan eskura dezakete, ondoren zehazten diren helbideetan, eta www.euskadi.eus helbidean; gero, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzara bidali behar dituzte, zuzenean han agertuta edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak xedatzen duen edozein bide erabilita. Hona hemen Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzaren bulegoen helbideak:

• Eusko Jaurlaritza. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila. Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritza. Donostia kalea 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz.

• Eusko Jaurlaritza. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila. Arrantza Egituren Zerbitzua. Concha Jeneralaren kalea 23, 2 – 48010 Bilbao.

• Eusko Jaurlaritza. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila. Arrantza Antolamenduko Zerbitzua. Easo kalea 10 – 20006 Donostia.

Eskaera aurkez daiteke, orobat, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan zehaztutako tokietan, betiere apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuari jarraituz (72/2008 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa).

6.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluko 2. paragrafoan xedatutakoarekin bat, dirulaguntzaren eskabidea aurkeztuz gero, eskatzaileak baimena ematen du Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak zuzenean eskura ditzan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzen duten agiriak, eskatzailearen NAN/IFK nortasuna eta beste edozein administrazio publikok egindako agiri guztiak. Hala ere, eskatzaileak horren aurka egin dezake modu arrazoituan; kasu horretan, adierazitako egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluan xedatutakoaren arabera.

8. oinarria.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Pertsona fisikoa izanez gero, NANaren kopia. Pertsona juridikoa izanez gero, enpresaren IFKren fotokopia, ahalordetze-eskriturarena, legezko ordezkariaren NANarena eta baita erakundearen eratze-eskrituraren eta estatutuen fotokopia bana ere, dagokien erregistroan zigilatuta.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, non ziurtatzen baita eskatzaileak agindu honetako betekizun guztiak betetzen dituela, aurkezten dituen agiri guztiak egiazkoak direla eta 3. oinarrian ezarritako betekizunak betetzen dituela, hori egiaztatzeko dokumentazioa duela, eta Administrazioak eskatzen duenean haren esku utziko duela. Era berean, eskaera-ereduko erantzukizunpeko adierazpenak komunikazio hauek izango ditu:

• Diruz laguntzen den gastu bera ordaintzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten administrazio publiko edo ente publiko edo pribaturen bati, eta eskuratu duten ala ez.

• Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasiera eman zaion edozein itzulketa- edo zehapen-prozeduratan sartuta dagoen ala ez.

• Eskatzaileak de minimis araubidearen barruan jaso dituen laguntzak, deialdi honen aurreko bi zerga-ekitaldietan edo indarrean den zerga-ekitaldian, kontzeptua edozein delarik ere.

c) Hauek biltzen dituen memoria:

– Prestakuntza-egonaldiak egingo diren ontziaren datuak.

– Prestakuntza-egonaldietarako hautatutako ikasleen datuak, gehienez bi. Ikasle bakoitzak ontziratzeko eta egonaldia egiteko eman duen adostasun-agiria aurkeztu beharko da, bai eta ikastetxeak 4. oinarriko betekizunak betetzen direla ziurtatzeko egin duen agiria ere.

– Prestakuntza-egonaldia egingo den ontzirako aurreikusitako ontziratze-aldian egingo den itsasaldiaren datuak.

d) Eskatzaileak aurkeztu nahi duen edozein dokumentu osagarri.

9. oinarria.– Eskabideen kudeaketa.

1.– Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko ditu NANa, IFK, eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean dituelako ziurtagiriak. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake laguntza-eskabidean inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, ziurtagiria edo eskatzen zaion agiria aurkeztu beharko du, betiere urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

2.– Eranskin honen 8.a) oinarrian eskatutako dokumentazioa administrazio honetan edo beste batean entregatuta badago, eta beti ere eskatzaileak berariaz deklaratzen badu dokumentu horietan ez dela aldaketarik egin, horiek aurkeztutzat joko dira, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita. Eskatzaileak adierazi beharko du zein administraziotan eta noiz aurkeztu dituen. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake laguntza-eskabidean inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, dokumentazioa aurkeztu beharko du.

3.– Nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira laguntza-eskabidea eta eskatutako agiriak. Gainera, laguntza-eskaeratik eratorritako jarduketetan eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

4.– Eskabideak betekizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo nahitaezko agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio ezen, horrela egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela; aldez aurretik Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak ebazpena emango du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoarekin bat.

5.– Edonola ere, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak beharrezko jotzen dituen bestelako argibide eta/edo agiri osagarriak eskatu ahal izango dizkio eskatzaileari, aurkeztutako eskabidean adierazitakoa egoki ulertzeko, ebaluatzeko eta eskabidea izapidetzeko.

10. oinarria.– Laguntzak esleitzeko eta kudeatzeko prozedura.

1.– Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak du agindu honetan araututako laguntzak kudeatzeko eskumena.

2.– Arrantza eta Akuikulturako zerbitzu teknikoek eskabide bakoitzean egiaztatuko dute betekizunak betetzen direla, eta berariaz jasota utziko dute hori.

3.– Baldintzak betetzen dituzten arrantza-enpresen arteko lehiarik gabeko konkurrentziaren bidez esleituko dira laguntzak. Baldin eta deialdiko zuzkidura ekonomikoa nahikoa bada kalkulatutako kopuruak emateko, guztiei emango zaie erabakitako zenbatekoa. Ezarritako gehieneko diru-kopuru globala ez bada nahikoa aurkeztutako eskabide guztiei erantzuteko, dirulaguntza hainbanatu egingo da onuradunen artean, harik eta funtsak erabat agortu arte.

4.– Aurkeztutako eskabideak eta dokumentazioa aztertu ondoren, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariari dagokio deialdia ebaztea, eta, horretarako, eskatutako dirulaguntzak eman edo ukatzen dituen ebazpen bakarra emango du.

5.– Ebazpenak informazio hau jaso beharko du, gutxienez:

A) Hautatutako eskaerei dagokienez:

1.– Enpresa onuradunen izena edo izen soziala, eta IFK edo NANa.

2.– Emandako dirulaguntza.

B) Onartu ez diren eskaerei dagokienez:

1.– Eskatzaileen izena edo izen soziala, eta IFK edo NANa.

2.– Laguntza ukatzeko arrazoiak.

6.– Onuraduna zehapen-prozeduraren batean edo dirulaguntzen itzulketa-prozeduraren batean egonez gero, hura amaituta izan beharko da dirulaguntza eman ahal izateko. Prozeduraren ondorioz laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezartzen bada, baldintzapean emandako laguntza indargabetu egingo da, itzulketa ez bada borondatezko aldian egiten, onuradun izateko debekua dakarten egoeretako batean egoteagatik.

7.– Agindu honek ondorioak izan eta gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena. Epe hori bukatu eta ebazpen espresurik eman ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte eskabideak, hala ezartzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan.

Prozeduraren ebazpena, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan xedatutakoaren arabera, EHAAn argitaratuko da, eta argitalpenak jakinarazpen-ondorioak izango ditu. Dena dela, enpresa eskatzaile guztiei ebazpen osoa helaraziko zaie, eta, gainera, ebazpenean interesdun bakoitzari berariaz eragiten dioten alderdiak identifikatuko dira.

Nolanahi ere, lehenengo egin den jakinarazpenaren data joko da jakinarazpen-datatzat.

Jakinarazpen elektronikoak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

8.– Prozeduraren ebazpenaren aurka, gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, edo, edozein unetan, administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat.

11. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan jasotako dirulaguntzen onuradunek oinarri honetan ezarritako betebeharrak bete behar dituzte; haien artean daude, besteak beste, xedapen hauetan ezarritakoak: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetako betebeharrak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluko betebeharrak:

1.– Prestakuntza-egonaldia izatea eskaeran adierazitako eran eta ontziratze-aldietan.

2.– Prestakuntza-egonaldia egin behar duen pertsonari laguntza ematea, eta bere jarduera ongi gauzatzeko behar dituen bitarteko, tresna edo ekipamenduak erabiltzeko aukera ematea.

3.– Programa behar bezala garatzen dela zaintzea; ikasleari ezin zaio eskatu bere prestakuntzarekin lotuta ez dagoen beste jarduerarik egitea.

4.– Prestakuntza-egonaldia egiten duen ikasle bakoitzari 950 euroko haborokina ordaintzea ontziratze-aldi bakoitzarengatik, prestakuntza-aldia amaitu eta astebetera, beranduenez.

5.– Ikaslearen jarraipena eta tutoretza egitea eta 5. oinarrian aipatutako amaierako txostena aurkeztea.

6.– Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, baldin eta dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost egunean onuradunek ez badiote berariaz uko egiten, onartu egiten dutela ulertuko da.

7.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia ematea.

8.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuk eskatzen badizkiote administrazioren bati edo ente publiko edo pribaturen bati diruz laguntzen den ekintza bera finantzatzeko, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari jakinarazi behar diote, eta, hala badagokio, eman egin dizkietela ere jakinarazi behar diote, idatziz, beste dirulaguntza edo laguntza horiek eman dizkietela jakin eta hamabost eguneko epean.

9.– Dirulaguntza emateko kontuan hartzen den egoera subjektibo edo objektiboren bat aldatzen bada, aldaketaren berri ematea Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari, idatziz.

10.– Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ekintzetan erabil baitaitezke.

11.– Tratu-berdintasunaren arloko araudian xedatutakoa betetzea.

12. oinarria.– Laguntzak ordaintzea eta gastua justifikatzea.

1.– Laguntzak ordaintzeko, gehienez, hiru hileko epea izango da, frogagiri hauek behar bezala aurkezten direnetik hasita:

• Prestakuntza-egonaldia egin duen pertsonak egindako zereginen eta jardueren txosten zehatza.

• Ikasleei egindako banku-transferentzien kopiak, 11.4 oinarrian jasotako betebeharra egiaztatzen dutenak.

• Gizarte Segurantzako altaren ziurtagiria.

• Dirulaguntzak itzultzegatik dagozkion betebeharrak ordaindu dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.

Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean jasota egon beharko du. Alta eman edo hirugarren interesdunaren zure datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzaren hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko duzu, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

Gastuak justifikatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

2.– Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak automatikoki eta ofizioz egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dauden. Hala ere, onuradunak berariaz uka dezake baimen inplizitu hori, eta, hala egiten badu, ziurtagiria edo eskatzen zaion agiria aurkeztu beharko du, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

3.– Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak agiri gehiago eskatu ahal izango ditu, egoki irizten badio, eta eskaera hori arrazoitu beharko du.

4.– Laguntzak behar bezala kudeatu eta ordaintzen direla bermatzeko, diruz lagundutako jarduera gauzatu dela justifikatzen duten agiriak aurkezteko epea 2021eko abenduaren 31n amaituko da.

5.– Onuraduna zehapen-prozeduraren batean edo dirulaguntzen itzulketa-prozeduraren batean egonez gero, laguntza jasotzeko, lehenik hura amaitu beharko da. Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko desgaikuntza badakar, edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, dirua ez bada itzuli borondatez itzuli beharreko epean, emandako laguntza indargabetu egingo da, onuradun-izaera eskuratzeko debekua izateagatik.

13. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Laguntza-eskatzaileek atzera egin ahalko dute, betiere laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik. Horretarako, atzera egiteko eskaera helarazi beharko diote Arrantza eta Akuikulturako zuzendariari, idatziz, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du eskaera, eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura.

2.– Onuradunak laguntzari uko egin ahal izango dio, laguntza onartu ondoren ere –agindu honen 11. oinarriko 6. paragrafoan ezarritako betebeharrarekin bat etorriz, emandako laguntza onartzeko betebeharra du onuradunak–, baldin eta Administrazioak inolako ordainketarik egin ez badu. Uko egiteko asmoa idatziz aurkeztuko zaio Arrantza eta Akuikulturako zuzendariari eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura.

Ukoa onartuta, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, bai eta emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.

14. oinarria.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea eta ez-betetzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako inguruabarretako bat aldatzen bada edo beste entitate publiko nahiz pribatu batek beste laguntza edo dirulaguntzaren bat emanez gero, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio idatziz, eta gerta liteke horren ondorioz dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea; kasu horretan, dena dela, agindu honetan ezarritako gutxieneko eskakizunak bete beharko dira. Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak aldaketa-ebazpena emango du, zeinean birdoitu egingo baitira oinarri berriaren arabera emandako dirulaguntzaren zenbatekoak.

2.– Edonola ere, onuradunek ez badute betetzen agindu honetako betebeharren bat edo dirulaguntzak emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, edota dirulaguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badaude Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluarekin eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluarekin bat, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak, onuradunek beren betebeharrak ez betetzeagatiko espedientea bideratu eta interesdunak entzun ondoren, dirulaguntza osoa edo zati bat hartzeko eskubidea kenduko die onuradunei, ebazpen bidez, eta, hala badagokio, aginduko die Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzul diezazkiotela, guztiz edo partzialki, proiektuaren egikaritze-mailaren arabera, hartu dituzten laguntzak eta dirulaguntzen arloan aplikatu behar diren berandutze-interesak. Hori guztia Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagozkion gainerako neurriak hartzea bazter utzi gabe.

Aipatutako diru-zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

3.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzulketa-prozedura, organo eskudunari jakinarazi behar zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan.

15. oinarria.– Bateragarritasunak.

Agindu honetako dirulaguntzak bateragarriak dira edozein entitate publiko zein pribatuk xede berberaz emandakoekin. Hala ere, (EB) Erregelamenduan ezarritako de minimis araubidearekin bat, onuradun batek jaso dezakeen zenbatekoa ez da izango 30.000 eurotik gorakoa hiru ekitaldi fiskaleko epealdi batean; edozein delarik, bai laguntzaren helburua, bai laguntza ematen duen administrazio-organoa.

16. oinarria.– Datuen babesa.

Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak hitzematen du datuak tratatuko dituela Datu Pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritako babes-mailaren arabera.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala