Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

161. zk., 2021eko abuztuaren 13a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4420

EBAZPENA, 2021eko ekainaren 23koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Galdakaoko Plan Orokorreko UE-UR-2 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2021eko apirilaren 29an, Galdakaoko Udalak eskabidea osatu zuen ingurumen-organoaren aurrean, Galdakaoko Plan Orokorreko UE-UR-2 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2021eko maiatzaren 13an Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien administrazio publiko ukituei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaitu, eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013) 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Galdakaoko Plan Orokorreko UE-UR-2 eremuari dagokion Hiri Antolamenduko Plan Berezia abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan xedatzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planaren edo programaren gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, ingurumenerako eragin nabarmenak ekar ditzakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartean dago araututa, V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana garatzeko eta ingurumena behar bezala babesteko.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Galdakaoko Plan Orokorreko UE-UR-2 eremuari dagokion Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea. Hona hemen txostenaren edukia:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren xede den eremua Galdakaoko UE-UR-2 eremua da. Udalerriaren ipar-ekialdean dago eta 35.542 m2 inguruko azalera du. Honako hauekin muga egiten du: AP-8 autobidearekin eta zerbitzu-azpiegituren eremu batekin (azpiestazio elektrikoa), iparraldean; Bizkai kalearekin, hegoaldean; Frai Ignacio kalearekin, ekialdean; eta Aranzelai bidearekin, mendebaldean.

Eremua, oro har, bizitegi-erabilerakoa da. Honako hirigintza-arau hauek arautzen dute UE-UR-2 eremua: Galdakaoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketak, Galdakaoko Udalak 2008ko irailaren 24an onartu zuenak; eta UE-UR-2 eremuaren Xehetasun Azterketak, 2009ko ekainean onartuak (UE-UR-2 eremuaren antolamendua Plan Orokorraren aipatutako aldaketan ezarritakora egokitzea zuen helburu).

Eremua guztiz garatu da, ekialdeko muturrean bizitegi bloke bat izan ezik. Indarrean dagoen antolamenduak 28.783,53 m2-ko azalera bideratzen du sistema lokalen sarera (berdeguneak eta espazio libreak, eta komunikazioen sare lokalera).

UE-UR-2 eremuko tokiko sistemen hirigintza-zehaztapenak aldatzea da Plan honen xedea; tokiko sistemen sareko ekipamendu-zuzkidura handitzea eta eremuko espazio libreen zuzkidura murriztea.

Zehazki, tokiko ekipamendu-erabilerarako zuzkidura-lurzati publiko berri bat proposatzen da eremuaren mendebaldeko muturrean, lehendik dagoen oinezkoen pasealekuaren hegoaldean; 600 m2-ko azalera dauka, 1.000 m2(t)-ko eraikigarritasun fisikoa sestra gainean eta beste 500 m2(t)-koa sestra azpian. Proposatutako eraikuntzaren profila hau da: SOT+ESOT/BS+1S. Zuzkidura-ekipamendurako lurzati berri horren antolamenduarekin, indarrean dagoen tokiko sistemen sarearen azalera 28.183,53 m2-ra murrizten da.

Planak bi aukera proposatzen ditu, zero aukeraz edo ez jardutearen aukeraz gain. Lehenengo aukerak zuzkidura-lurzati berria zehazten du eremuaren mendebaldeko muturrean, oinezkoen pasealekuaren iparraldean; bigarren aukerak, berriz, oinezkoen pasealekuaren hegoaldean kokatzen du. Planak 2. aukera aldezten, lursailaren orografia-baldintzak hobeak direla kontuan hartuta, irisgarritasun handiagoa eskaintzen duela eta lehendik dagoen ondoko plaza publikoarekin hobeto integratzen dela.

Plana dagokion eraikuntza-proiektuaren eta eraikuntzaren osagarria den urbanizazio-proiektuaren bidez garatuko da.

B) Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, hain zuzen ere zehazteko ea Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki hauek kontuan hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, baita hierarkizatuta daudenetan ere: Planaren eremua UE-UR-2 da, 35.542 m2-ko azalerakoa, hiri-lur finkatu gisa sailkatua, eta, oro har, bizitegi-erabilerakoa. Planaren bitartez, gaur egun espazio librekoa den 600 m2-ko lurzati bat lagatzea proposatzen da, bertan tokiko ekipamendu-erabilerako zuzkidura publiko berri bat garatzeko. Planaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu plangintza nagusiarekiko bateraezintasunik.

c) Planaren egokitasuna ingurumen-alderdiak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin: irizten zaio Plana egokia dela garapen jasangarria sustatzen duten irizpideak barnean har ditzan. Ez dakar artifizializatu gabeko lurzoru berririk okupatzea, lehendik urbanizatuta dagoen eremu batean eragiten baitu. Eraikuntza berriak energia-aurrezpena eta -efizientzia sustatzeko neurriak har ditzake barnean.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, kutsadura akustikoari eta, bereziki, kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira eraginpeko eremuarekin lotura duten esku-hartzeak eta jarduerak.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europako nahiz Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

2.– Ondorioen eta eragina pairatu lezakeen eremuaren ezaugarriak:

Planaren xede den eremua Galdakaoko UE-UR-2 eremua da. Udalerriaren ipar-ekialdean dago eta 35.542 m2 inguruko azalera du. Hiri-eremu finkatu bat da, bizitegi-erabilerakoa.

Aranzelai erreka da ingurumen-baldintzatzaile nagusia. Aranzelai errekak 1 eta 10 km2 arteko isurtze-arroa dauka eta, Aranzelai Bidea lurpetik zeharkatu ondoren, zertxobait sartzen da eremuaren hego-mendebaldeko muturrean; bestalde, aire zabalean jarraitzen du 20 metro inguruko tarte batean, UE-UR-2 eremuaren hegoaldean. Tarte horretan, erreka malda handiko ezponden artean igarotzen da, eta, bertan, egoera onean dagoen ur-bazterreko landarediaren orla txiki bat dago. Gainera, bisoi europarra (Mustela lutreola) kudeatzeko planak hobetzeko moduko tartetzat hartzen du ibai-ibilgua, ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuak onartutakoari jarraituz.

Galdakaoko udalerrian, UEE enpresa ohia dago, gaur egun Maxam dena, Seveso enpresa motakoa; arrisku kimikoa, leherketa kasuan. Enpresa hori azterketa-eremutik ia 900 metrora dago. UE-UR-2 eremua haren esku-hartze eremutik kanpo dago, baina alerta-gunearen barruan.

Ez da aurkitu bestelako baldintzatzaile aipagarririk: Planaren eremuan ez dago naturagune babesturik, espezie mehatxaturik edo hezegunerik. Era berean, ez da identifikatu interes geologikoko lekurik edo Batasunaren intereseko habitatik. Ez dago Korridore Ekologikoen Sareko elementurik ere. Egon daitezkeen arriskuei dagokienez, ez dago lurzorua kutsa dezaketen jarduerak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioko lurzatirik, ez dago uholde-arriskurik, eta eremua akuiferoak kutsatzeko zaurgarritasun txikiko guneetan kokatuta dago.

Aurkeztutako azterketa akustikoaren arabera, jarduketa-eremuan ez dira gainditzen Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako kalitate akustikoaren helburuak.

Planak barne hartzen dituen jarduketen inpaktuak lur-mugimenduek eta eraikuntza- eta urbanizazio-lan osagarriek eragindakoak izango dira. Jarduketa horien ondorioz, giza habitataren kalitatea murriztuko da (zarata, hautsa, bibrazioak, etab.) eta hondakinak sortuko dira, aldi baterako eta eremu jakin batean baino ez bada ere.

Proposatutako garapenaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez da jarduketarik aurreikusten Aranzelai errekan edo ur-bazterreko landaredian. Edonola ere, beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartu beharko dira bisoi europarraren aldeko habitatari kalterik ez eragiteko, besteak beste, lur-mugimenduetan uren kalitatea murrizteagatik, gerta daitezkeen istripuzko isurketengatik edo lehendik dagoen ur-bazterreko landaredia mozteagatik.

Ustiapen-fasean ez da eragin esanguratsurik aurreikusten proposatutako ekipamendu-erabilera berriaren eraginez.

Ondorioz, ingurumen-agiri estrategikoak planteatzen dituen zuzenketa- eta jasangarritasun-neurriak eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak aplikatuta, ez da espero jarduketa horiek ingurumenean ondorio esanguratsurik izango dutenik, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Galdakaoko Plan Orokorreko UE-UR-2 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak esandako Planean txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dauden arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera.

– Intereseko balio naturalak babesteko neurriak:

– Intereseko fauna-espezieak babestea: Bizkaiko Foru Aldundiaren ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuaren bidez, Bisoi Europarraren, Mustela lutreola (Linnaeus, 1761), Kudeaketa Plana onesten duena, Bizkaiko Lurralde Historikoan, galtzeko arriskuan dagoen espeziea den eta babesteko neurri bereziak behar diren aldetik (BAO, 2006ko uztailaren 6koa), Bizkaiko Foru Aldundiaren aurretiazko baimena beharko du bisoi europarraren interes bereziko guneetako jarduera orok, baldin eta jarduera horrek espezieak erabilitako habitataren ezaugarriak aldatzea badakar.

– Ingurune-hidrikoa babestea: Jabari Publiko Hidraulikoan eta hura babesteko zortasun-eremuan ez da eragingo zuzeneko afektaziorik, ez eta zeharkako afektaziorik ere, sor litezkeen solido esekien edo arrastatutako edo jariatutako kutsatzaileen ondoriozkorik. Beharrezkoa izanez gero, jalkitzeko eta iragazteko luzetarako hesiak jarriko dira, eta/edo dekantazio-putzuak, horien bitartez ingurune hidrikora askoz ekarpen solido gutxiago egiteko.

– Intereseko landaredia babestea: ez zaio afekziorik eragingo Aranzelai errekako ur-bazterreko landarediari. Obrak egiten hasi aurretik, zehaztasunez balizatuko dira afektazioetatik salbu geratu behar duten landareak, bai eta inausitako zuhaitzak ere, bota ez ditzaten. Ez dira zuhaitzak moztuko, ezta belar-sastrakarik garbituko ere, zuzenean okupatzea aurreikusten ez den eremuetan.

– Obrek erasandako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzeagatik erasandako eremu guztiak leheneratuko dira, kendu diren landare-zuhaitzak birjarrita, hala behar bada. Landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira, higadura-prozesuak, solidoak ibilguetara arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa ekiditeko. Espezie autoktonoak erabiliko dira; ibilguaren ondoan haltzadi kantauriarraren ezaugarriei emango zaie lehentasuna, eta eremuaren gainerako zatian, berriz, harizti azidofiloari. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua gutxitzearren. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

– Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk.

Bestalde, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Besteak beste, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira Planetik eratorritako obrak gauzatzeko:

– Obrak, bai eta lurzoruaren okupazioa dakarten gainerako eragiketa osagarriak ere, proiektua egikaritzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Beharrezkoak diren botatze- eta mozketa-lanak, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak –makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak, landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne– ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, Aranzelai erriberako bertako landarediari eragitea saihestuko da.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: Hondakin eta zoru kutsatuei buruzko Legeak (uztailaren 28ko 22/2011) araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak barne.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen Dekretuan (ekainaren 26ko 112/2012) xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak ezarritakoa bete beharko da (errege-dekretu hori amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitzeko eta murrizteko da), baita martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuak ezarritakoa ere (amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu behar zaizkien segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen dituena).

Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen Errege Dekretuari (ekainaren 2ko 679/2006) jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Obretan hondeaketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legediaren arabera kudeatuko.

Galdakaoko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaileak ezarriko dira dagokion obra-faserako, ustekabeko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makinen parkea azalera iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinak iragazgaiztu gabeko eremuetan ez uzten saiatuko gara.

– Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.

– Zaratak lanak egin bitartean: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Obrak egunez egingo dira.

– Hargatik eragotzi gabe Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa, obrak egin bitartean aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta hark erabakiko du zer neurri hartu.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Galdakaoko Plan Orokorreko UE-UR-2 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Galdakaoko Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondoreak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Galdakaoko Plan Orokorreko UE-UR-2 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainaren 23a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala