Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

160. zk., 2021eko abuztuaren 12a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4405

AGINDUA, 2021eko uztailaren 21ekoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, enpresetarako 5G Laguntzen Programa arautzen eta deitzen duena 2021eko ekitaldirako.

5G teknologia banda zabal mugikorraren belaunaldi berria da, eta, azkenean, 4G LTE konexioa ordeztu edo, gutxienez, areagotuko du. Hori horrela, teknologia hori izango da datozen urteetan ekonomia eta gizarte digitala eraikitzeko apustu teknologiko estrategikoetako bat. Teknologia mugikorraren belaunaldi berri horrek aldaketa bizkortuko du, ez telekomunikazioei dagokienez bakarrik, baizik eta gizarteko esparru guztietan ere bai: gailu gehiago konektatzeko aukera ez ezik, transmisio-abiadura handiagoa ere eskainiko du, energia-kontsumo apalagoarekin eta komunikazio-atzerapen txikiagoarekin.

Hainbat sektoretan aplikatzen dira 5G sareak dakartzan berrikuntza teknologikoak: industrian, prozesuen optimizazioa eta kontrola ahalbidetzen ditu denbora errealeko monitorizazio bidez; logistikan, hornidura-katean gailu gehiago dituzten komunikazio-sistema integratuen bidez; energiaren alorrean, sarea modu efizientean monitorizatuz eta kontrolatuz; edo are osasunaren alorrean ere, Gauzen Internet baliatzen duten gailuak eta wearable-ak erabiliz, zeinek datuak denbora errealean transmititu eta jasotzen baitituzte. Horretaz gainera, hainbat sektoretako esparruak garatzen ere lagunduko du, hala nola mugikortasun autonomoa, konektatutako ibilgailua ezarriz, eta, etorkizunera begira, ibilgailu autonomoa edo hiri adimendunak ere bai, ingurune seguruagoak, garbiagoak eta jasangarriagoak eskainiz, besteak beste.

5G konektagarritasuna zabaltzea lehiakortasun-faktore bihurtuko da EAEko enpresa-ekosistemarentzat eraldaketa digitaleko prozesuaren barruan, bai eta EAEko gizartearentzat ere, teknologikoki aurreratuak diren zerbitzuak baliatzeari dagokionez. Ildo horretan, azken urteotan lurralde osoan banda zabal finkoa hedatu izana hartuko da abiapuntutzat.

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak 5G teknologiaren ezarpena bultzatu eta bizkortu nahi du lurralde osoan, bai eta enpresa-, hiri- eta landa-eremuan ere. Horretarako, administrazioek haren hedapena erraztuko dute eta enpresa-erabilerako kasuak sustatuko dituzte hainbat ekintzaren bidez, teknologia hori ezartzen eta zerbitzuak garatzen laguntzeko.

Programa hau sustapen-erreminta bat da, Euskadi 2025 Eraldaketa Digitalerako Estrategian definitutako jarduera-ildoen barruan. Halaber, bat dator Euskadi Basque Country 2030 Agendarekin –hau da, EAEk eginiko ekarpena Nazio Batuek 2015eko irailaren 25ean onetsitako Garapen Jasangarrirako 2030 Agendari–. Programa horretan, enpresek funtsezko eginkizuna izango dute, eta horrek, aldi berean, aurrekaririk gabeko erantzukizuna eta abagunea sortzen ditu, negozioen helburuak ekitate- eta jasangarritasun-helburuekin bat etorrarazteko. Finean, garapen jasangarriko helburuak aukera bikaina dira soluzio eta teknologia berriak garatzeko eta ezartzeko, guztia ere munduan garapen jasangarriarekin loturik ditugun erronkarik mamitsuenei aurre egiteko.

Laguntza hau bilduta dago Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2021, 2022 eta 2023rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan, zeina Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko martxoaren 17ko Aginduaren bidez onartu baitzen, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluak eskatzen duen bezala eta arau horretan jasotako edukiarekin.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da laguntza-programa baten deialdia egitea eta programa hori arautzea, enpresa-esparruaren barruan 5G teknologien ezarpen-proiektuak bultzatzeko, teknologia horien erabilera bizkortzeko eta, hala, ekonomiaren trantsizio digitala ahalbidetzeko; halaber, programa hau gauzatzeak antzeko proiektuetarako eredu gisa balioko du.

Proiektu horiekin zerikusia duten erabilera-kasuek barnean hartu beharko dute merkatuan eskuragarri dauden eta enpresen eragiketetan aplikagarriak diren 5G soluzio/teknologien ezarpena.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Lehenbiziko artikuluan adierazitako helburura bideratutako baliabide ekonomikoak 1.683.933,43 euro izango dira.

2.– Aipatutako baliabideak proiektu estrategikoen funtsetatik etorriak izango dira, eta Garapenerako Euskadiko Kapital Sozietateak (Socade SA) kudeatuko ditu, harekin lankidetzan aritzeko hitzarmenean zehazturiko moduan.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Programa honetan jasotako laguntzak eskuratu ahal izango dituzte enpresa-jarduera gauzatzen duten pertsona fisiko eta juridikoek, edozein dela ere enpresaren tamaina, baldin eta EAEn badute jarduera-zentro bat eta bertan egiten badute diruz lagundu daitekeen jarduera hori.

2.– Ez dira onuradun izango sozietate publikoak eta zuzenbide publikoko erakundeak.

3.– Erakunde onuradunek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eskabidea aurkezten denetik. Era berean, alta emanda egon beharko dute ekonomia-jardueren gaineko zergan (EJZ) ere. Eskabidea aurkeztuz gero, erakunde eskatzaileak baimena emango dio organo laguntza-emaileari zuzenean egiazta dezan betetzen dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta baimena emango dio, halaber, kontsultatzeko enpresa zer epigrafetan dagoen alta emanda ekonomia-jardueren gaineko zergan. Hala ere, erakunde eskatzaileak modu arrazoituan egin ahal izango du aurka, eta, halakorik egiten baldin badu, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu.

4.– Erakunde onuradunek nortasun juridiko propioa eta jarduteko gaitasun nahikoa izan behar dute, eta ez dira desgaituta egongo dirulaguntza publikoak eskuratzeko edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin edo beste erakunde publikoekin kontratuak izenpetzeko.

5.– Erakunde onuradunei dirulaguntzak eta laguntzak emateko eta, hala dagokionean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi den eta oraindik tramitazioan dagoen edozein itzulketa- edo zigor-prozedura amaitzea.

6.– Ezingo dira onuradun izan krisian dauden enpresa edo erakundeak, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko zuzentarauen (2014/C 249/01) definizioaren arabera, salbu eta betetzen bada 2020ko martxoaren 19ko aldi baterako esparruaren 3.1.22.c bis apartatuan ezarritako salbuespena –egungo COVID-19 agerraldiaren testuinguruan ekonomia babesteko estatu-laguntzen neurriei buruzkoa– [C (2020) 1863].

7.– Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela, ezin izango dira onuradun izan berreskuratzeko agindu bat oraindik betetzeke daukaten erakundeak.

8.– Ezingo dira izan agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun edo erakunde kolaboratzaile Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan zehazten diren egoeretako batean dauden pertsonak edo erakundeak.

9.– Eskabidea aurkezten denetik dirulaguntza likidatzen den arte eutsi beharko zaio onuradun izateko baldintzari.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta exekuzio-epea.

1.– Diruz laguntzeko moduko jarduerak izango dira EAEko enpresetan 5G teknologiak ezartzera bideraturiko proiektuak, eta EAEn teknologia horren eskaintza eta eskaria aktibatzea ahalbidetzen badute, enpresen lehiakortasuna hobetzeko. Proiektuek honako tipologia hauetakoren batekoak izan beharko dute:

a) 5G sareak erabiltzea sentsorikan, hari gabeko komunikazioetan eta industria-plantetako datu-prozesamenduan.

b) 5G sarea erabiltzea Industria 4.0 teknologiekin lotutako proiektuetan (zibersegurtasuna, ikusmen artifiziala, robotika kolaboratiboa eta abar).

c) 5G sareak erabiltzea mugikortasun-proiektuetan, ibilgailu autonomo-konektatuetan, garraio adimenduneko sareetan, hornidura-katearen logistikan eta optimizazioan, eta abarretan.

d) 5G sareak erabiltzea energia- eta ingurumen-trantsizioarekin lotutako proiektuetan (sareen monitorizazioa, kontsumo-murrizketa, energia-efizientzia, ingurumen-kudeaketa eta abar).

e) 5G sarea erabiltzea trantsizio soziosanitarioarekin lotutako proiektuetan (anbulantzia konektatua, urruneko ebakuntza kirurgikoak eta abar).

2.– Proiektuen gehieneko exekuzio-epea 12 hilabetekoa izango da, dirulaguntzen ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita. Hala ere, 24 hilabetez luzatu ahal izango da epe hori, organo kudeatzailearen (Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendaria) aldez aurreko baimenarekin, laguntzen aldaketari buruzko 20. artikuluko 2. apartatuan jasotako baldintzetan.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Honako hauek joko dira gastu eta/edo inbertsio hautagarritzat:

a) Aholkularitzako eta/edo ingeniaritzako gastuak.

b) Hardwarea eta/edo softwarea eskuratzeko gastuak eta/edo inbertsioak.

c) 5G proiektuko telekomunikazio-zerbitzuekin lotutako gastuak eta/edo inbertsioak.

Gastu eta/edo inbertsio hautagarriek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Ingeniaritzan, aholkularitzan, hardwarean, softwarean edo telekomunikazio-zerbitzuetan 5G teknologian adituak diren enpresek egin beharko dituzte, eta, gainera, enpresa horiek ezingo dute izan loturarik laguntza eskatzen duten enpresekin akzioen edo partaidetzen bidez, ez zuzenean eta ez zeharka.

b) Gehienez ere 12 hilabetez onartuko dira softwarearen alorreko gastu errepikariak eta 5G proiektuko telekomunikazio-zerbitzuekin zerikusia duten gastuak.

c) Inola ere ez dira hartuko gastu eta inbertsio hautagarritzat eskatzaileak berak egindako lanak.

2.– Gastu eta/edo inbertsio hautagarri guztien baturak 25.000 euroko zenbatekoa izan beharko du gutxienez (BEZik gabe).

3.– Onartuko dira 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera sortutako edo fakturatutako gastuak, eta onartuko dira, halaber, laguntzak emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo 12 hilabeteetakoak ere.

4.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoa betez, diruz laguntzeko moduko gastuak gainditu egiten badu Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak, gutxienez hiru eskaintza –hornitzaile ezberdinenak– eskatu beharko ditu onuradunak, obrarako konpromisoa kontratatu aurretik, zerbitzua eman aurretik edo ondasuna entregatu aurretik, non eta, haien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez den aski erakunde haiek egin, eman edo entregatzeko, edo non eta dirulaguntza emateko ebazpenaren aurretik ez den egin eta ordaindu gastua.

6. artikulua.– Laguntzen izaera eta emateko prozedura.

Agindu honen esparruan eman beharreko dirulaguntzak lehia-araubidean emango dira; itzulezinak izango dira, eta gehienez diruz lagundu daitezkeen gastuen eta inbertsioen % 75 izango dira proiektu bakoitzean.

7. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

Onartutako proiektu bakoitzari eman beharreko dirulaguntza kalkulatzeko, gastu eta inbertsio hautagarrien % 75eko gehieneko laguntza-intentsitatea aplikatuko da, proiektu bakoitzeko 100.000 euroko gehieneko mugarekin.

Proiektu bakarra lagundu ahal izango da diruz enpresa eta urte bakoitzeko.

8. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Programa honetan aurreikusitako laguntzak metatu ahal izango dira bateragarriak diren beste laguntza batzuekin edo Batasuneko beste finantzaketa modu batzuekin.

2.– Laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izango erakunde onuradunak garatzeko asmoa duen jardueraren kostua baino handiagoa, soilik laguntza hori aintzat hartuta edo edozein administraziok edo horien sektore publikoek xede bererako emandako beste laguntza batzuk gehituta. Beste laguntza publikoak eta programa honen bidez emandakoa aintzat harturik metatutako zenbatekoak gainditu egiten badu kostu hori, murriztu egingo da programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa, jardueraren gehiegizko finantzaketa saihesteko behar den beste murriztu ere.

Nolanahi ere, agindu honetan ezarritako laguntzek errespetatu egingo dituzte Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako de minimis arauak –laguntza hauei edo Europar Batasunaren esparruan emandako beste jarraibide edo xedapen batzuei dagokie erregelamendu hori–.

9. artikulua.– Laguntzen kontrola.

1.– Programa hau aplikatuz emaniko laguntzak garrantzi txikiagoko edo de minimis laguntza gisa hartzen dira, Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan jasotakoarekin bat, zeinak Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari egiten baitio erreferentzia.

2.– Erakunde onuradun bakarrak jaso dezakeen de minimis laguntza ezingo da izan 200.000 euro baino handiagoa, egungo ekitaldi ekonomikoa eta aurreko biak aintzat hartuta. Onuraduna salgaiak errepidez garraiatzeko eragiketak besteren kontura egiten dituen enpresa bat bada, 100.000 eurora murriztuko da gehieneko hori (gainera, laguntza ezingo da erabili salgaien errepide-garraiorako ibilgailuak erosteko). Hori dela eta, programa honetan xedatutako laguntzarik ez da emango baldin eta emandako laguntza, onuradunak aurretik lortu dituen beste de minimis laguntza batzuei gehituta muga horretatik gorakoa bada, edozein izanik ere administrazio laguntza-emailea(k).

3.– Diruz lagundu daitezkeen gastu berberei dagokienez, de minimis laguntzak ez dira metatuko Estatuko beste ezein laguntzarekin, baldin eta metatze horrek gaindituko balu laguntzaren intentsitatea edo dagokion gehieneko laguntzaren kopurua. Gehieneko kopuru hori kasu bakoitzaren ezaugarri zehatzen arabera dago ezarrita, kategorien araberako salbuespen-araudi baten edo Batzordeak harturiko erabaki baten bitartez.

4.– Aurretik aipaturiko muga horiek edo programa honek zehazten dituen beste batzuk gaindituz gero, programa hau betez emandako laguntzatik gehiegizko zenbatekoa kenduko da.

5.– De minimis laguntzak emanda daudela joko da, onuradunari laguntza eman zaiola jakinarazten zaion unetik aurrera.

10. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da eskabideak aurkezteko epea; amaitu, berriz, 2021eko urriaren 22an amaituko da. Hala ere, eskatzaileei eskainitako arreta teknikoa 2021eko urriaren 22an amaituko da, 15:00etan (Espainiako penintsulako ordua).

2.– Bitarteko elektronikoen bidez egingo dira eskabideak, errekerimenduak eta jakinarazpenak, bai eta agindu honen bidez arauturiko laguntza-deialdi honetan jasotako gainerako kudeaketak ere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluaren arabera.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora jo behar da eskabidea, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako dokumentuak lortzeko eta betetzeko:

https://euskadi.eus/zerbitzuak/1111301

Egoitza elektronikoan egongo dira eskura kanal elektronikoaren bitartez izapidetzeko zehaztapenak, baita eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak ere.

Eskabidearen ondoren, espedientea eskuratzeko eta errekerimenduak jakinarazpenak eta agindu honetan inplikatutako gainerako izapideak egiteko, honako helbide honetara jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak:

https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

4.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentazioarekin batera. Halaber, laguntza-eskabidearen ondoriozko jardueretan, eta prozedurak irauten duen bitartean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoa betez.

11. artikulua.– Laguntza-eskabideak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Formatu elektronikoan beteko dira laguntza-eskabideak eta agindu honetan aurreikusitako gainerako agiri osagarriak, aurreko artikuluan adierazitako egoitza elektronikoan, bertan ematen den ereduaren arabera.

2.– Erakunde interesdunek eskabide bat aurkeztu beharko dute proiektu bakoitzeko, erakundearen legezko ordezkariaren sinadura elektronikoarekin. Eskabidearekin batera, zenbait fitxategi aurkeztu beharko dira, honako agiri hauen kopia digitalizatua dutela:

a) Erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko aitorpena. Erakundearen legezko ordezkariak egindako erantzukizunpeko aitorpena, eskabideari atxikita dagoen ereduaren arabera, inguruabar hauek egiaztatuz:

• Erakundearen legezko ordezkariaren izen-abizenak eta Nortasun Agiri Nazionalaren (NAN) zenbakia edo Atzerritarraren Identifikazio Zenbakia (AIZ).

• Gutxienez jarduera ekonomikoko zentro baten helbidea Euskal Autonomia Erkidegoan izatea, eta han garatzea diruz lagundu daitekeen jarduera.

• Aurreko bi zerga-ekitaldietan eta finantzaketa eskatzen deneko zerga-ekitaldian emandako de minimis laguntzen zerrenda, adieraziz laguntza noiz eman den, zein erakundek eman duen eta laguntzaren beraren programa eta zenbatekoa zehaztuta.

• Erakunde publiko edo pribatuek proiekturako eskatutako eta/edo emandako laguntzen zerrenda, laguntza noiz eskatu den zehaztuta, edo, kasuak hala eskatzen badu, noiz eman den, zein erakundek eman duen eta laguntzaren beraren programa eta zenbatekoa adierazita.

• Ez egotea agindu honen 3. artikuluan (Erakunde onuradunak) aurreikusitako egoeretako batean, eta, beraz, ez egotea ezinduta onuradun izateko.

b) Legezko ordezkariaren notario-ahalordearen kopia. Eskatzailea langile autonomoa baldin bada, dagokion foru-aldundiaren edo udalaren ogasun-sailaren ziurtagiri eguneratua, jarduera ekonomikoa egiaztatuko duena.

c) Erakunde eskatzailearen IFZ.

d) Finantza-erakundearen ziurtagiriaren kopia, kontu korrontearen titulartasuna (IBAN) eskatzaileari dagokiola eta zenbaki hori duela egiaztatzen duena.

e) Proiektuaren eskaintza tekniko eta ekonomiko bereiziak. Honako puntu hauei buruzko informazio zehatza jaso beharko du:

• Enpresaren jarduera eta egungo egoera, teknologiari dagokionez.

• Hautemandako arazoa/beharra. Lortu nahi diren helburuak.

• Egin beharreko ingeniaritza- eta/edo aholkularitza-lanen deskribapena.

• Dirulaguntzaren xede den proiektuan landu beharreko hardware- eta software-inbertsioen deskribapena. Proiektuarekiko harremana eta haren beharra argitzea.

• Ezarri beharreko 5G soluzioaren azterketa zehatza. Proiektuan erabili beharreko teknologiak. Erabilera-kasuen deskribapena.

• Aurrekontuaren banakapena, proiektuaren kostu guztiak barnean harturik.

• Egin beharreko zeregin bakoitzeko orduen zenbatespena (dedikazioak).

• Proiektua gauzatzeko egutegia.

f) Enpresa eskatzailea laguntza-eskabidea aurkeztu aurreko 12 hilabeteetan eratu bada, daukan «negozio-plana» aurkeztu beharko du.

3.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, edo, hala badagokio, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak –agindu honetan jasotako dirulaguntzak kudeatzen erakunde laguntzaile modura jardungo baitu– hau eska diezaiekete agente eskatzaileei: aurkeztutako eskabidea egoki ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko beharrezkotzat jotzen dituzten agiri edota argibide osagarriak, aditzera emanez ezen, agindu honetan berariaz adierazi gabekoetan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko dela.

4.– Eskatzaileei bermatu egingo zaie beren hizkuntza, euskara edo gaztelania, ahoz zein idatziz erabiltzeko eta arreta hizkuntza horretan jasotzeko eskubidea, agindu honen haritik Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailarekin eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziarekin izango dituzten harremanetan.

12. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

1.– Eskabidea ez badago beteta behar bezala puntu guztietan, edo ez bada aurkezten aurreko artikuluan adierazitako dokumentazio guztia, 10 eguneko epea emango zaio erakunde eskatzaileari akatsa zuzentzeko edo beharrezkoak diren agiriak aurkezteko. Epe hori igarota hala egin ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko da, eta hala adieraziko da, eraldaketa digitalaren eta ekintzailetzaren arloan eskumena daukan zuzendaritzako titularraren ebazpen baten bidez, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan.

2.– Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zer egun eta ordutan egin zaion ekintzaren jakinarazpena interesdunari, eta zer egun eta ordutan sartu den hura haren edukira; une horretatik aurrera, jakinarazpena egintzat emango da. Baldin badakigu jakinarazpena iritsi zaiola baina, hamar egun natural igarota, ez baldin bada edukira sartu, ulertuko dugu jakinarazpena ukatu egin duela. Izapidea egintzat joko da, eta prozedurak aurrera jarraituko du, non eta ez den garbi geratzen, ofizioz edo interesdunak eskaturik, teknikoki edo materialki ezinezkoa izan zaiola edukira sartzea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 43. artikuluan jasotakoarekin bat etorriz.

13. artikulua.– Eskabideak ebaluatzeko organoa.

1.– Gai honetarako sortutako ebaluazio-organoari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea, bai eta esleipen-proposamenak gertatzea ere.

2.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendaria izango da ebaluazio-organoko burua: Leyre Madariaga Gangoiti andrea. Hauek izango dira batzordekideak: Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Garapen Industrialeko zuzendaria, Mikel Amundarain Leibar jauna, zeina presidenteorde izango baita Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak aurreikusitako kasuetan; Arabako Foru Aldundiko Ekonomiaren Garapen eta Berrikuntzako zuzendaria, Javier Hernando García jauna; Bizkaiko Foru Aldundiko Lurralde Lehiakortasuna eta Turismoa Bultzatzeko zuzendaria, Cristina Múgica Vargas andrea; Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko zuzendaria, Iker Estensoro Sarasola jauna; SPRI Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Eraldaketa Digitaleko Alorraren zuzendaria, Iñaki Suarez Arauzo jauna; eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren Zuzendaritzako teknikari-taldeko lagun bat, idazkari-lanetarako. Ebaluazio-organoaren erabakiak gehiengoz hartuko dira, eta kideen erdiek gehi batek parte hartu beharko dute, gutxienez.

3.– Proiektuak aztertzeko eta ebaluatzeko lan materialak SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Eraldaketa Digitaleko Sailak egingo ditu, eta, ondoren, Ebaluazio Organoari aurkeztuko dizkio.

4.– Ebaluazio-organoa baliozkotasunez eratuta geratuko da bilerak eta eztabaidak egiteko eta erabakiak hartzeko, baldin eta presidentea, idazkaria (edo haien ordezkoak) eta gutxienez gainerako kideetako bat bertaratzen badira. Ebaluazio Organoaren funtzionamenduarekin zerikusia duen eta atal honetan aurreikusi ez den orotan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulua eta hurrengoak aplikatuko dira, osagarri modura.

5.– Dirulaguntzak emateko proposamenak agindu honen 15.3 artikuluan jasotakoa bilduko du, gutxienez.

14. artikulua.– Ebaluazio-irizpideak.

1.– Babestu beharreko proiektuak hautatzeko, irizpide hauek aplikatuko dira:

1. irizpidea: Proiektuaren maila teknologikoa, 5G teknologiaren potentzialtasunen erabilera-mailari dagokionez (latentzia, segurtasuna, gaitasuna, gailu aniztasuna, energia-efizientzia eta Edge Computing) (30 puntu).

2. irizpidea: Enpresa onuradunaren edo onuradunen lehiakortasuna hobetzea, 5G teknologiak ezartzeko proiektua inplementatzearen ondorioz, haien produktu, prozesu, bitarteko eta sistemekin oro har lotutako hobekuntzak neurtuta (25 puntu).

3. irizpidea: Proiektuaren gaitasuna enpresan bertan zuzeneko eta zeharkako enplegua sortzeko, fakturazioa areagotzeko edo enpresa onuradunen esportazioa handitzeko (25 puntu).

4. irizpidea: Proiektuak EAEko ekonomian duen trakzio-eragina eta proiektua beste enpresa-jarduera batzuetara hedatzeko aukera (10 puntu).

5. irizpidea: Proiektua aurkezteko dokumentazioaren kalitatea. Helburuen, zereginen eta kostuen zehaztasun-maila. Lantaldea (10 puntu).

2.– Irizpide bakoitzak gehienez lortu daitekeen puntuazioa izango du. Definituriko irizpideen betetze-mailaren arabera lortzen da puntuazio hori.

3.– Programa honetan, inola ere ezingo dira izan onuradun 50 puntu baino gutxiago lortzen dituzten eskabideak.

15. artikulua.– Dirulaguntza emateko ebazpena.

1.– Aurkeztutako eskabideak prozedura bakar baten bidez izapidetuko dira, eta Gobernu Kontseiluari dagokio prozedura hori ebaztea, erakunde interesdunek planteatutako alderdi guztiak erabakita eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak eskaturik, zeinak helaraziko baitu ebaluazio-organoak eginiko proposamena.

2.– Hautatutako proiektuak puntuazio handienetik txikienera ordenatu ondoren, eskatutako laguntza hurrenez hurren esleituko da, eta hurrenkera horri jarraituko zaio, harik eta 2. artikuluan ezarritako zuzkidura ekonomikoa agortu arte, hala badagokio.

3.– Ebazpenak honako hauek jasoko ditu, gutxienez:

a) Dirulaguntzak jasoko dituzten proiektuen zerrenda, proiektu bakoitzerako epeak eta ematen den laguntzaren zenbateko osoa adierazita, bai eta erakunde onuraduna ere, lortutako puntuazioaren arabera.

b) Deialdiko baldintzak ez betetzeagatik edo deialdira bideratutako funtsak agortzeagatik dirulaguntzak ukaturik geratu zaizkien eskabideen zerrenda, ezesteko proposamenaren arrazoiekin batera.

c) Aurrerakin gisa ordaindu beharreko zenbatekoen deskribapena, zeinak emandako laguntzaren % 70 izango baitira.

4.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa erakunde interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

5.– Hartzen den ebazpenaren aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Gobernu Kontseiluari edo zuzenean Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari. Horretarako, hilabeteko epea izango da egintza espresua bada, edo noiznahi ustezko egintza gertatzen den unetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan zehazten denarekin bat etorriz.

6.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie erakunde interesdunei. Nolanahi ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da erakunde onuradunen, diruz lagundutako proiektuen eta emandako dirulaguntzen zerrenda, herritarrek oro har horren berri izan dezan.

7.– Agindu honetan ezarritako dirulaguntzak erakunde onuradunei emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako edozein itzultze- edo zehatze-prozedura, oraindik izapidetzen ari bada.

16. artikulua.– Proiektua arrazoitzea eta dirulaguntzak ordaintzea.

1.– Dirulaguntzak bi ordainketaren bidez formalizatu eta emango dira. Lehenbiziko ordainketa laguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren egingo da, uko egiteko epea igaro denean, eta dirulaguntzaren % 70 emango da lehendabiziko ordainketa horretan. Bigarren ordainketan emango da gainerako % 30a, artikulu honetan eskatutako likidazio-eskabidea eta egiaztagiriak aurkeztu ondoren.

2.– Onuradunak diruz lagundutako proiektuaren egikaritzea justifikatu beharko du 90 egun naturaleko epean, proiektua amaitzen duenetik aurrera, dirulaguntza jaso aurretik.

3.– Likidazio-eskabideari jarraian adierazten den dokumentazioa erantsi beharko zaio:

a) Eginiko lanak egiaztatzen dituen memoria teknikoa, erakunde hornitzaileak proiektua gauzatu ondoren idatzia eta honako informazio hau jasotzen duena:

• Arazoa/beharra konponduta. Lortutako helburuak. Lortutako emaitzak.

• Egindako ingeniaritza- eta/edo aholkularitza-lanen deskribapena eta proiektuan sortutako dokumentuak.

• Aholkularitza/ingeniaritza zerbitzuaren barruan egindako lanen deskargu xehatua, horietan emandako orduak adierazita (aholkulariaren/teknikariaren izena, data, zeregina, emandako denbora...).

• Dirulaguntzaren xede den proiektuarekin loturik, hardware eta softwarean egindako inbertsioen deskribapena eta ebidentziak (pantaila-kapturak, argazkiak...). Haien arteko harremana eta beharra argitzea.

• Fakturatutako zenbatekoen banakapena, barnean harturik aholkularitza- eta/edo ingeniaritza-kostuak, sistemaren lizentziak, mantentze-lanak eta hardwarea (hala badagokio).

b) Memoria ekonomikoa:

• Gastu eta inbertsio hautagarrien fakturak.

• Finantza-erakundearen ordainketa-frogagiriak.

4.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak eta SPRI Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak beharrezkotzat jotako dokumentazio eta informazio osagarria eskatu ahal izango dute, erakunde onuradunak aurkeztutako datuen egiazkotasuna egiaztatzeko. Halaber, diruz lagundutako jarduera osorik gauzatu dela justifikatzeko dokumentazioa aurkeztea eskatu ahal izango dute.

5.– Dirulaguntza ordaindu aurretik, eta aurreko paragrafoan adierazitako alderdiak egiaztatuta, Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendariak ebazpena emango du, eta, haren bitartez, enpresa onuradunari eman beharreko zenbateko osoa edo partziala adieraziko da. Ordainketa horien zenbatekoa justifikatutako inbertsioekiko proportzionala izango da. Emandako laguntza ordaindu aurretik, egiaztatuko da enpresa onuradunak betetzen dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak, eta egiaztatuko da, halaber, ordaindu dituela laguntzak itzultzeagatiko betebeharrak ere, eta ez da ordainketarik egingo betebehar horiek betetzen ez baditu.

Ordainketa Socade SA Garapenerako Euskadiko Kapital Sozietateak egingo du, erakunde kolaboratzaile gisa, agindu honen 18. artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

6.– Jardueraren zati bat funts propioekin finantzatu behar denez, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 30.4 artikuluarekin bat, onuradunak justifikatu egin beharko du funts horien zenbatekoa eta jatorria, bai eta diruz lagundutako jarduerara bideratu dituela ere.

17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

1.– Emandako laguntza onartzea. Hala, bada, laguntza eman izanaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean enpresa onuradunek esanbidez eta idazki bidez laguntzari uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat joko da.

2.– Laguntza hori eman den helbururako erabiltzea.

3.– Hitzemandako proiektua betetzea eta bete dela justifikatzea.

4.– Eskatzen zaion informazio osagarria bidaltzea, Administrazioak eta erakunde laguntzaileek aukera izan dezaten proiektuaren garapenaren eta betetzearen inguruan egokitzat jotzen dituzten egiaztapenak egiteko.

5.– Inbertsio-proiektuari lotutako behin betiko fakturak artxibatzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak haiek eskuratzeko moduan jartzea, bost urtez.

6.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, agindu honen kargura jasotako dirulaguntzari dagokionez beren betekizunak betetzen ari direla, onuradunei eskatutako informazio guztia erakundeoi ematea.

7.– Dirulaguntzaren xede den edozein jarduketarako jaso duen finantzaketaren publizitate publiko egokia eman beharko du. Emandako dirulaguntzen publizitatea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18. artikuluari eta lege hori garatzen duen Erregelamenduaren 31. artikuluari jarraikiz egingo da, gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean zehaztutako terminoetan eta baldintzetan.

8.– Eman den laguntzaren indarraldian zehar egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta jasotako funtsak itzultzea, itzultzeko ebazpen baten ondorioz zorrak izanez gero.

9.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsia), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta horiek garatzeko arauetan aurreikusitakoaren arabera eska daitekeen beste edozein betebehar.

18. artikulua.– Erakunde laguntzailea.

1.– Agindu honetan jasotako araudiari jarraikiz ematen diren dirulaguntzen ondoreetarako, erakunde laguntzaile izendatzen dira SPRI Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia eta Socade SA Garapenerako Euskadiko Kapital Sozietatea, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritako baldintzetan. Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Legearen 15. eta 46. artikuluetan ezarritako betekizunak eta elkarlanean aritzeko betebeharra izango ditu, eta artikulu honetan eta lankidetza-hitzarmenean jasotako zehaztapenei jarraitu beharko die.

2.– SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, erakunde laguntzailea den aldetik, honako eginkizun hauek izango ditu:

a) Aurkeztutako proiektuen dokumentazioa aztertzea, eta, behar izanez gero, ondo ulertzeko eta aztertzeko beharrezkoa den dokumentazioa eskatzea.

b) Proiektuak ebaluatzea eta ebaluazio-organoari bidaltzea.

c) Dirulaguntzak proposatzea eta ebaluazio-organoari bidaltzea.

d) Proiektuak gauzatzen direla egiaztatzeko ikuskapenak egitea.

e) Hala badagokio, ez-betetzeagatiko espedientea hastea proposatzea, proiektua betetzearekin lotutako gertakariak direla medio.

3.– Socade SA Garapenerako Euskadiko Kapital Sozietateak, erakunde laguntzailea den aldetik, honako funtzio hauek izango ditu:

a) Enpresa onuradunei ordaintzeko agindua ematea.

b) Itzuli beharreko zenbatekoak eta –interesik badago– haien interesak jasotzea, eta horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzea.

c) Programako funtsen finantza-kontrola.

d) Kontuko mugimenduen (sarrerak eta gastuak) berariazko kontabilitatea eramatea.

e) Aldian-aldian, berri ematea SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari.

4.– Agindu honetan araututako dirulaguntzen kudeaketan laguntzen duten erakundeek ezinbestean bete behar dituzte hainbat obligazio eta erantzukizun; hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak eta horiek garatzeko arauek ezarritakoak.

19. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Enpresa onuradunak ez baditu betetzen agindu honetan ezarritako betekizunak, aplikatu behar diren gainontzeko arauak eta dirulaguntzak emateko ebazpenean ezartzen direnak, Gobernu Kontseiluak adieraziko du bertan behera uzten dela laguntza, ez-betetzearen itzulketa-espedientea egin eta interesdunari entzunaldia eman eta gero. Horrek laguntza jasotzeko eskubidearen galera eragingo du, eta, hala badagokio, jasotako dirulaguntzen printzipala itzuli beharko dio Socade SA Garapenerako Euskadiko Kapital Sozietateari bi hilabeteko epean, bai eta dirulaguntzen alorrean dagozkion berandutze-interesak ere, betiere arau hauetan ezarritako baldintzetan: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onestekoa; abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; eta horiek garatzeko arauak. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorioei dagokienez.

2.– Onuradunaren ez-betetzea ia erabatekoa bada, eta onuraduna bere konpromisoak eta emandako dirulaguntzaren baldintzak bete nahian argi eta garbi diharduela egiaztatu badu, honako irizpide hauek aplikatuta xedatu beharko da itzuli beharreko kantitatea:

a) Ez-betetze partzialen kasuan (izan laguntza emateko kontuan harturiko helburuen estaldura areagotzearekin lotuta, inbertsio finantzagarria gauzatzearekin lotuta edo are justifikatzeko beharra ez betetzeagatik), laguntzaren zati bat itzuli beharko da, lortu ez diren helburuei dagokien ehunekoan, edo egin gabeko edo justifikatu gabeko inbertsioari dagokion zatian; bi ez-betetze horiek gertatzen badira, berriz, bietan handienari dagokion ehunekoa itzuliko da. Nolanahi ere den, ez-betetze partzial hori hautemateko, ehuneko berrogeita hamarretik gorakoa izan beharko du laguntzaren xede izan zen estaldura hedatzeko helburuen betetze-mailak.

b) Diruz lagundu daitekeen aurrekontuan baimendu ez diren aldaketak eginez gero, desbideratutako kantitateak itzuliko dira.

3.– Inola ere ez badira betetzen diruz lagundutako helburuak, inbertsio finantzagarria edo justifikazio-betebeharra, eman den dirulaguntza osoa itzuli beharko da.

4.– Ezarritako justifikazio-epea igaro bada, edo, justifikazioa aurkeztu gabe, luzapena igaro bada, onuradunari eskatuko zaio aurkez dezala justifikazioa 15 egun luzaezineko epean. artikulu honetan ezarritako epean justifikaziorik aurkezten ez bada, justifikatu gabeko laguntza itzultzeko eskatuko da, eta eskatzekoak izango dira, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta hura garatzeko arauetan ezarritako gainerako erantzukizunak ere.

5.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak ireki eta ebatziko ditu itzulketen espedienteak. Era berean, proiektua egiteari buruzko gorabeherak direla eta, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren proposamenez ere ireki litezke halako espedienteak.

20. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Eskabidearen unean aurkeztutako memorietan jasotakoak izango dira nahitaez jarduketak, eta organo kudeatzaileak (Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendaria) aldaketak baimendu ahal izango ditu, baldin eta erakunde onuradunak aldez aurretik eskatzen eta justifikatzen baditu jarduera horiek amaitu aurretik, eta ez badira ahultzen haien izaera eta lortu nahi diren helburuak.

Laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzen badira eta betiere laguntzaren helburua betetzat jotzen bada, beste edozein erakunde publiko edo pribatutatik beste dirulaguntza edo laguntza batzuk jasotzen badira, edo diruz lagundutako gastuak aurrekontuan jasotakoak baino txikiagoak badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, eta, hala badagokio, emandako dirulaguntza doitu ahal izango da. Areagotu, ordea, ezingo da areagotu dirulaguntza hori.

2.– Diruz lagundutako proiektuak emakida-ebazpenean onartutako epean eta moduan gauzatu beharko dira. Hala ere, laguntza emateko kontuan hartutako baldintza tekniko edo ekonomikoak aldatzen dituzten inguruabar zehatzak sortzen direnean, laguntza aldatzeko eskatu ahal izango da. Proiektuari egindako aldaketek hainbat betebehar izango dituzte:

a) Aldaketak ez die eragin behar laguntzarekin lortu nahi diren helburuei, bere oinarrizko alderdiei eta onuraduna zehazteari, eta ez die kalterik eragin behar hirugarrenen eskubideei. Ondore horietarako, aldaketak ez du eraginik izango onuraduna zehazteko garaian, baldin eta hasieran onuradun zen enpresaren fusioa, xurgapena edo bereizketa gertatzen bada.

b) Aldaketa eskabidea egitean aurreikusi ezin zitezkeen gertatzezko kausen ondorio izan behar da.

c) Aldaketa gutxienez proiektua gauzatzeko epea amaitu aurretik eskatu behar da, eta espresuki onartu behar da.

d) Ez du areagotuko emandako laguntza.

3.– Aldaketa-eskabidearekin batera memoria bat aurkeztuko da. Memoria horretan aldaketaren arrazoiak azalduko dira, eta, horretaz gainera, emakida-ebazpenean inposatutako baldintzak betetzeko ezintasuna justifikatuko da, baita aurreko 1. apartatuan adierazitako baldintzak bete izana ere.

4.– Laguntzak kudeatzeko organoa arduratuko da aldaketa-eskabideak ebazteaz.

5.– Ebazpena emateko, hiru hilabeteko epea izango da gehienez, eta ezin izango da gainditu dirulaguntza jaso duen proiektua amaitzeko indarrean dagoen epearen azken eguna. Proiektuaren amaiera-eguna baino lehen ebazpenik eman ez bada, emango den osteko ebazpena ezezkoa bakarrik izan daiteke.

6.– Organo kudeatzaileak (Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendaria) izango du erakunde onuradunen uko-egiteak onartzeko eskumena, betiere idatziz eta agindu honen 17. artikuluan ezarritako epean aurkezten badira.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da epea.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 21a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana