Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

160. zk., 2021eko abuztuaren 12a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
4393

191/2021 DEKRETUA, 2021eko uztailaren 27koa, zeinaren bidez onartzen baita 2021eko Urteko Estatistika Egitaraua.

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legeak 6. artikuluan ezartzen duenez, Euskal Estatistika Plana da jarduera hori aldi batez antolatzen duen tresna. Gaur egungo plana ekainaren 27ko 8/2019 Legearen bidez onartu zen, eta barnean hartzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistika Antolakundeak 2019-2022ko aldian egin beharreko estatistika-eragiketak.

Era berean, apirilaren 23ko 4/1986 Legeak 7. artikuluan dioenez, urteko estatistika-egitarauak dira plana garatzeko eta burutzeko tresnak, eta Jaurlaritzaren dekretu baten bidez onartu beharko dira. Egitarau edo programa horiek zerrenda batean biltzen dituzte estatistika-eragiketak eta izaera horretako beste jarduera batzuk, eta horietako bakoitzerako jasotzen dituzte, banakako fitxetan, aipatutako legearen 7. artikuluaren 4. paragrafoan zehaztutako ezaugarriak.

Gainera, 4/1986 Legearen 8. artikuluaren babesean, hasiera batean 2019-2022 Euskal Estatistika Planean jaso ez ziren 5 eragiketa arautu dira: Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak proposatuta (Hiri-kalteberatasunaren adierazleak) eta Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak proposatuta (Gizarte Larrialdietarako Laguntzen Estatistika, Zahartze aktiboaren indizea, COVID-19ko heriotza-tasa adinekoen egoitzetan eta Larrialdietarako laguntza berezien (GLL) onuradunen beharra).

Apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 7. artikuluan agindutakoa betetzeko, Euskal Estatistika Erakundeak prestatu du 2021eko Urteko Estatistika Egitarauaren proiektua. Proiektuaren edukia Euskal Estatistika Kontseiluak aztertu du, eta Euskal Estatistika Batzordeak eman du apirilaren 23ko 4/1986ko Legearen 34.b) artikuluak dioen nahitaezko txostena.

Ondorioz, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak 2021eko uztailaren 27an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, hau,

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– 2021eko Urteko Estatistika Egitaraua onartzea.

Bat etorrita Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 7. artikuluak xedatu duenarekin, 2021eko Urteko Estatistika Egitaraua onartzen da, zeina dekretu honen eranskineko eragiketa-multzoak osatzen baitu.

2. artikulua.– Nahitaez erantzun beharra.

Bat etorrita Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 10.2 artikuluan ezarritakoarekin, estatistika-eragiketa bakoitzaren fitxan informatzaile gisa ageri direnek nahitaez bete behar dituzte 2021eko Urteko Estatistika Egitarauan sartutako estatistikak.

3. artikulua.– Estatistika ofizialen emaitzak argitaratzea eta zabaltzea.

1.– 2021eko Urteko Estatistika Egitarauan sartzen diren estatistiken emaitzak argitaratu eta zabaldu egin behar dira, Euskal Estatistika Erakundearen web-zerbitzarian behintzat. Gainera, sail bakoitzaren erantzukizunpeko estatistiken emaitzak sail horien atarietan argitaratu eta zabalduko dira, Euskal Estatistika Erakundeari horien edukiaren berri eman eta gero.

2.– Estatistika-eragiketa bakoitzaren ardura duen erakundeak Euskal Estatistika Erakundera bidali behar ditu lortu dituen emaitza nagusiak, argitaratzen diren egunean bertan.

3.– Euskal Estatistika Erakundeak iragarki baten bitartez emango du emaitza horien berri Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

4. artikulua.– Informazioa ematea Euskal Estatistika Erakundeari.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoen organismoek Estatuko Administrazioa Orokorrari ete sektore publiko instituzionalari estatistikarako informaziorik emanez gero, emandako informazioaren kopia bidaliko dute Euskal Estatistika Erakundera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Araudia garatzea.

Ahalmena ematen zaio Ekonomia eta Ogasuneko sailburuari dekretu hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarraldia.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera jarriko da indarrean, eta 2021eko abenduaren 31ra arte izango du indarra.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Indarraldia luzatzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 7. artikuluko 2. paragrafoan ezarritakoarekin bat etorrita, programa horren indarraldia amaitzen denerako onartu gabe badago urteko estatistika-egitarau berria, luzatutzat joko da, besterik gabe, egitarau berria indarrean jarri arte, salbu eta ezarritako epeak edo aldiak direla-eta kanpoan utzi beharreko estatistika-jarduketak.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko uztailaren 27an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana