Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

158. zk., 2021eko abuztuaren 10a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
4365

ERABAKIA, uztailaren 21ekoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Administrazio Kontseiluarena, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren aldi baterako kontratazioko zerrendak egin eta kudeatzekoa.

Orain arte, aldi baterako kontratazioa 2011ko maiatzaren 9ko Erabakiaren bidez arautu da. SATSE, SME eta UGT sindikatuek sinatutako 2017ko ekainaren 23ko Erabakiaren bidez, akordio berri bat negoziatzeko beharra ezarri zen, zerrenda bakarraren sistema ezartzeko.

Era berean, denborak ekarri duen esperientziagatik, teknologia berrien ezarpenagatik eta teknologia horiek berritzeko beharragatik, berrikusi egin behar dira Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan aldi baterako kontratazioko zerrendak egiteko eta kudeatzeko irizpideak, aldi baterako kontratazioari eraginkortasun, efizientzia, arintasun eta gardentasun handiagoa emateko. Horregatik negoziatu da Osasuneko Mahai Sektorialean, hainbat bileraren bidez, eta akordioa lortu da Administrazioaren eta SATSE eta SME sindikatuen ordezkarien artean.

Erregulazio honek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langile ez-finkoak kontratatzeko zerrenden sistema arautuko duten irizpideak definitzen ditu, eta bere asmoa da Enplegu Publikoaren Eskaintzako hautaketa-prozesu bakoitzaren amaierari lotutako sistema bat ezartzea, zerrendak egiteko eta izendapenak kudeatzeko irizpideak jasoz; bada, zerrendak eta izendapenak hautaketa-prozesuko berdintasun-, merezimendu-, gaitasun-, eraginkortasun- eta arintasun-printzipioetan oinarrituko dira, bai eta objektibotasun- eta gardentasun-printzipioetan ere, erakunde sindikalei informazioa ematea barne.

Erabaki honetan jasotako testuaren bidez, aldi baterako zerbitzu-emateen egonkortasuna sustatu nahi da, harremanaren behin-behinekotasunaren barruan; izendapenen ukoen eta bazterketen justifikazioa zehaztu nahi da, justifikatu gabeko ukoen kasuan; eta aldi baterako langileen diziplina-araubidearen berezitasunak aurreikusi nahi dira.

Berritasun gisa, azpimarratu behar da zerrendak beti irekita egongo direla, eta sistema arin bat ezarriko dela izangai berriak lanean hasi ahal izateko, baldin eta aurreikusten bada lanerako prest dauden izangaiak agortuko direla edo hainbat arrazoirengatik komenigarritzat jotzen bada, betiere publizitatea eta berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak bermatzeko asmoz.

Azpimarratu behar da izangaiak hautatzeko aukerak zabaldu egin direla. Bada, Erabaki honetan, izendapen luzeen zerrendan, zer ZEtan eman nahi den zerbitzua aukeratu ahal izango da, indargabetzen den Erabakian ez bezala, bertan osasun-barrutiaren hautaketara mugatzen baitzen, eta izendapen laburren zerrendan, berriz, ospitale-esparruaren eta lehen mailako arretaren artean aukeratu ahal izango da, Erabakia bi eremuak ZE-etan uztartuta izatera egokituz. Era berean, bost lehentasun ere aukeratu ahal izango dira: ospitale-esparruaren eta Lehen Mailako Arretako Unitateen (LMAU) artean.

Erabaki berri honetan, egungo testuingurua kontuan hartuta, zerrendak egiteko eta kudeatzeko prozesuaren digitalizazioa sustatzen da. Lanpostu hutsen zerrendetako izangaien izendapenak kudeatzeko, Osakidetzak beren-beregi gaitutako baliabide telematikoak erabiliko dira modu lehenetsian, sistema eraginkorragoa izan dadin.

Horrenbestez, egoki eztabaidatu ondoren, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, Osasun Zerbitzuetako Estatutupeko Langileen Esparru Estatutuari buruzko abenduaren 16ko 55/2003 Legearen 80.1 eta 2. artikuluetan, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 26. artikuluan eta Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 31. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusitakoaren arabera, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak (aurrerantzean, Osakidetza) eta SATSE eta SME sindikatuek erabaki dute honako Erabaki hau sinatzea, 2021eko uztailaren 14koa. Hona hemen Erabakiaren eduki osoa:

I. TITULUA
ZATI OROKORRA

1. artikulua.– Erabakiaren xedea.

Erabaki honen xedea da, Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutuari buruzko abenduaren 16ko 55/2003 Legearen 33. artikuluan ezarritakoa betez, Osakidetzako zerbitzu-erakundeetan kontratazio-zerrendak egiteko eta aldi baterako estatutupeko langileak hautatzeko prozesua erregulatzeko arauak ezartzea, berdintasun-, merezimendu-, gaitasun- eta publizitate-printzipioei jarraikiz, arintasuna, objektibotasuna, gardentasuna eta efikazia bermatuz, eta erakundeen parte-hartzearekin.

2. artikulua.– Aplikazio-eremua.

1.– Erabaki hau Osakidetzako zerbitzu-erakundeetan aldi baterako lanpostuak betetzeko langileen hautaketari eta kontratazioaren kudeaketari aplikatuko zaio, Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutuari buruzko abenduaren 16ko 55/2003 Legearen 9. artikuluan jasotako edozein lotura motatan.

2.– Era berean, araudi hau aplikatuko da lan-arloko eta gizarte-segurantzako araudi aplikagarrian ezartzen diren baldintzak betetzen dituzten langileak hautatzeko, langileak lan-harreman honi lotuta daudenean:

a) Errelebo-kontratua, erretiro partziala hartu duten langileak ordezkatzekoa.

b) Lan-legepeko bitarteko kontratua, 64 urterekin erretiroa hartu duen langile baten lanpostua betetzekoa.

3. artikulua.– Printzipio eta Irizpide Orokorrak.

Osakidetzan aldi baterako langileak hautatzeko, printzipio eta irizpide orokor hauek izango dira arau:

1.– Berdintasuna, merezimendua, gaitasuna eta publizitatea aldi baterako langile izatera iristeko orduan.

2.– Efikazia eta bizkortasuna hautaketa-prozesuan.

3.– Objektibotasuna eta gardentasuna.

4.– Aldi baterako kontratazioko irizpide korporatiboak aplikatzea Osakidetzako zerbitzu-erakunde guztietan.

5.– Giza baliabideen beharrak planifikatzea, eta koordinazioa, lankidetza eta osagarritasuna bultzatzea zerbitzu-erakundeek aldi baterako langileen estaldura-beharrei erantzuteko egin ditzaketen jarduera guztietan.

6.– Aldi baterako kontratazioa kudeatzean, Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasuna duten pertsonei buruz ezarritako arauak errespetatzea.

7.– Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak sortu eta teknikoki kudeatutako euskarri informatiko komuna erabiltzea zerbitzu-erakunde guztietan.

II. TITULUA
ALDI BATERAKO IZENDAPENAK SORTU ETA KUDEATZEKO ELEMENTU KOMUNAK
I. KAPITULUA
KUDEAKETA-ORGANOAK

4. artikulua.– Aldi baterako kontratazioko zerbitzu korporatiboa.

Osakidetzako Aldi Baterako Kontratazioko Zerbitzu Korporatiboa Hautaketako eta Horniketako Zuzendariordetzaren barruan dago, eta zuzendariordetza hori, Ente Publikoko Giza Baliabideen Zuzendaritzaren mende dago. Hauek dira, besteak beste, aipatu zerbitzuaren eginkizunak:

a) Osakidetzako aldi baterako langileak hautatzeko sistema antolatzea orokorrean eta hura etengabe eguneratzea, Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzari beharrezkotzat jotzen dituen aldaketak proposatuz, gero Osasuneko Mahai Sektorialean negoziatzeko, egokia bada.

b) Jarduketa- eta interpretazio-irizpideak bateratzea, kudeaketa-unitateek aplika ditzaten zerbitzu-erakundeetako langileen aldi baterako kontratazioan.

c) Ezaugarri bereziak dituzten lanpostuak betetzeko kontratazio-eskaintzen irizpide orokorrak ezartzea.

5. artikulua.– Zerbitzu-erakundeetako Aldi Baterako Kontratazioko Zerbitzua.

Zerbitzu-erakunde bakoitzean, unitate administratibo jakin bati esleituko zaio erakundeko langileen aldi baterako kontratazioaren kudeaketa, eta unitate horrek eginkizun hauek izango ditu, besteak beste:

a) Zerbitzu-erakundeko aldi baterako kontratazioa kudeatzea, Erabaki honetan horri dagokionez esleitutako erantzukizunak banatzeari buruzko irizpideen arabera.

b) Aldi baterako estatutupeko langileen izendapenei buruzko hileko txosten bat egitea, formatu editagarrian. Txosten horretan, hauek jasoko dira: izen-abizenak; kategoria / lanpostu funtzionala; antolaketa-unitatea, izendapen mota, eta, hala badagokio, ordezkapenaren arrazoia; izendapenaren hasiera- eta amaiera-data, zehaztuta dagoenean; derrigortasun-data, lanpostu-kodea eta lanaldiaren ehunekoa. Txosten hori dagozkien sindikatuei bidaliko zaie.

6. artikulua.– Erabakiaren Kontrolerako eta Jarraipenerako Batzorde Korporatiboa.

1.– Paritarioa izango da, eta honako hauek osatuko dute: Osakidetzak izendatutako pertsonak eta Osasuneko Mahai Sektorialean ordezkaritza izanik Erabaki hau sinatu duen sindikatu bakoitzak izendatutako pertsonak. Batzordeak Osakidetzako Zuzendaritza Nagusian izango du egoitza, eta Giza Baliabideen Zuzendaritzaren titularra izango da batzordeburua.

2.– Batzordearen eginkizunak honako hauek izango dira:

a) Erabaki honetan jasotakoa behar bezala aplikatzen dela zaintzea, kontrolatzea eta jarraipena egitea.

b) Erabakiaren edukia maila korporatiboan interpretatzea, haren ondoriozko gorabeherak edo kontraesanak saihesteko edo konpontzeko, irizpide koordinatuak ezarriz.

c) Erabakian egin beharrezkotzat edo komenigarritzat jotzen dituen aldaketak proposatzea Giza Baliabideen Zuzendaritzari, Osasuneko Mahai Sektorialean negoziatzeko.

3.– Erabakiaren Jarraipenerako Batzorde Korporatiboak, eratu eta berehala, bere funtzionamendu-erregelamendua izan beharko du.

II. KAPITULUA
ZERRENDAK SORTZEA

7. artikulua.– Aldi baterako kontratazioko zerrendak sortzea.

1.– Honako hauek osatuko dituzte Osakidetzako aldi baterako kontratazioko zerrendak: azken Enplegu Publikorako Eskaintzako hautaketa-prozesuan parte hartu, estatutupeko langile finko izatera iritsi ez eta 8.1 artikuluan ezarritako moduan eta epean zerrendotan sartzeko eskabidea aurkeztu duten pertsonak. Pertsona horiei jakinarazpen pertsonala bidaliko zaie aldi baterako kontratazioko zerrendetan izena emateko eskaera aurkezteko moduari eta epeari buruz.

2.– Halaber, aurreko apartatuan sartzen ez diren eta 8.1 artikuluan ezarritako moduan eta epean zerrendotan sartzeko eskabidea aurkeztu duten pertsonek ere osatuko dituzte aldi baterako kontratazioko zerrendak.

3.– Aurreko bi paragrafoetan adierazitako pertsonek, kontratazio-zerrenda horietan benetan sartzeko, Osakidetzako dagozkion kategorietan / lanpostu funtzionaletan aritzeko eskakizunak bete beharko dituzte, Erabaki honen 9. artikuluari jarraikiz.

4.– Aldi baterako kontratazioko zerrendak, eratu ondoren, irekita egongo dira beti, eta edozein unetan erregistratu ahal izango dira izena emateko eskabideak. Izena emateko eskabideak aurkezpen-dataren arabera ordenatuko dira.

5.– Hala ere, jadanik eratuta dauden indarreko zerrendetan izen-emate berriak sartzeko, data batera arte (etendura-data) aurkeztutako eskaerak hartuko dira kontuan, eta Giza Baliabideen Zuzendaritzaren Ebazpen bidez ezarriko da kategoria / lanpostu funtzional bakoitzerako.

6.– Izen-emate berriak kategoria / lanpostu funtzional bakoitzerako dagoeneko eratuta dauden zerrendetan sartzeko erabiliko den etendura-data izen-emate berriak egiteko behar besteko aurrerapenaz iragarriko da, Osakidetzako aldi baterako kontratazioko web-orrian argitaratuz, eta Erabakiaren kontrol eta jarraipenerako batzorde korporatiboari horren berri emango zaio. Nolanahi ere, urtean bitan egingo da, eguneratzeekin bat etorriz, fakultatibo medikoen lanbide-taldeari dagozkion kategorietan / lanpostu funtzionaletan, bai eta Psikologia Klinikoko FE Teknikoen, Ospitale Farmaziako FE Teknikoen, Erizainen, Erizaintzako Espezialitateen eta Fisioterapeuten kasuan ere.

7.– Nolanahi ere, kontratazio-zerrenda horietan benetan sartzeko, izangaiek Osakidetzako kategorietan / lanpostu funtzionaletan aritzeko eskatzen diren betekizunak bete beharko dituzte.

8.– Kategoria / lanpostu funtzional horietan dagoeneko eratuta dauden zerrendetan izen-emate berriak sartzea beharrezkotzat joko da ohikoa bihurtzen denean zerrenden azken bostenean dauden izangaiei deitzea ZE-etan, ahal den neurrian ekiditeko zerrendak agortzea.

9.– Indarrean dauden zerrendetan ez badago lanerako prest dagoen izangairik, salbuespen gisa, premia larri eta atzeraezinak betetzeko, eskaera aurkeztu den egunaren arabera ordenatutako eskaeretara jo ahalko da, harik eta eskabide berriak indarreko zerrendan efektiboki sartu arte. Egun berean aurkeztutako eskabideen kasuan, adinez nagusienaren irizpidea aplikatuko da. Hori guztia, seigarren xedapen gehigarrian araututako egoera salbuetsita, hau da, prestakuntza espezializatua amaitzen duten osasun-langileak kontratazio-zerrendetan sartzeari dagokiona.

10.– Zerrendetan jasota ez dauden kategoria eta lanpostu funtzionaletako izendapenak egin behar badira, aldez aurretik deialdia eginda, dagokion kontratazio-zerrenda eratu ahalko da, Erabaki honetan ezarritako irizpideen arabera.

11.– Hasieran zerrendak osatzen dituzten pertsonek nahiz ondoren sartzen direnek alegatu ahal izango dute % 33ko desgaitasun-maila edo handiagoa daukatela aitortuta.

12.– Egoera hori egiaztatzeko, desgaitasuna aitortzen duen ebazpenaren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko da, Administrazioko organo eskudunak emana (Foru Aldundietako Sail eskudunak, IMSERSOk edo indarrean dagoen legeriaren araberako baliokideak). Desgaitasun intelektualaren izaera aitortuta izanez gero, izaera hori egiaztatzeko, desgaitasun intelektuala aitortzeko ebazpenaren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko da, Administrazioko organo eskudunak emana (Foru Aldundietako Sail eskudunak, IMSERSOk edo indarrean dagoen legeriaren araberako baliokideak).

8. artikulua.– Aldi baterako kontratazioko zerrendetan izena emateko eskaria.

1.– 7.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, azken Enplegu Publikorako Eskaintzako hautaketa-prozesuan parte hartu duten eta estatutupeko langile finko izatera iritsi ez diren izangaiek aldi baterako kontratazioko zerrendetan izena emateko eskaera aurkeztu ahalko dute, zerrendak eratzeari buruzko Giza Baliabideen Zuzendaritzaren Ebazpenean ezarritako epean eta moduan.

7.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, azken Enplegu Publikorako Eskaintzako hautaketa-prozesuan parte hartu ez duten izangaiek aldi baterako kontratazioko zerrendetan izena emateko eskabidea aurkeztu ahal izango dute, zerrendak eratzeari buruzko Giza Baliabideen Zuzendaritzaren Ebazpenean ezarritako epean eta moduan.

Eraketako Ebazpenean xedatutako epearen barruan eskabidea aurkezten dutenak sartuko dira zerrendetan, baldin eta Osakidetzako dagozkion kategorietan / lanpostu funtzionaletan aritzeko ezarritako eskakizunak betetzen badituzte.

2.– Erabaki honen 7.4 artikuluan zehaztutakoarekin bat etorriz, zerrendak eratu ondoren, Osakidetzako dagozkion kategorietan / lanpostu funtzionaletan aritzeko eskakizunak betetzen dituzten pertsonek edozein unetan eskatu ahal izango dute eratuta dauden aldi baterako kontratazioko zerrendetan izena ematea. Hala ere, indarrean dauden zerrenda eratuetan izen-emate berriak sartzeko, Giza Baliabideen Zuzendaritzaren Ebazpen bidez ezarritako etendura-datara arte aurkeztutako eskaerak hartuko dira kontuan, 7.6 artikuluaren azken paragrafoan aurreikusitako inkorporazioak izan ezik, horiek ekainaren 30era eta abenduaren 31ra arte aurkeztutako eskaerekin egingo baitira.

3.– Nolanahi ere, kontratazio-zerrendetan benetan sartzeko, interesdunek 9. artikuluan ezarritako eskakizunak bete beharko dituzte, eta, besteak beste, dagokion titulua egiaztatu beharko dute, Erabaki honen 10. artikuluan xedatutakoaren arabera.

4.– Izen-ematea Osakidetzaren aldi baterako kontrataziorako webgunean dagoen izena emateko formulario elektronikoaren bidez egingo da. Formulario horretan, izangaiak kategorietarako / lanpostu funtzionaletarako eskaera egingo du, eta curriculum vitaea beteko du, aldi baterako kontratazioan balora daitezkeen datu alegatuekin.

Web-orri horretan argitaratuko edo jakinaraziko dira aldi baterako kontratazioko zerrenden inguruko hartzaile anitzeko egintzak. Era berean, izendapen-eskaintzetan parte hartzeko eta haietatik eratorritako jarduerak eta erabakiak jakinarazteko erabiliko da.

Eskabidean ageri diren helbidea, telefonoa eta helbide elektronikoa joko dira jakinarazpenetarako baliozko datutzat. Eskabidean datuak oker jarri izana eta datu horietan eguneratzeak egitea eskatzailearen erantzukizuna izango dira, ez beste inorena.

5.– Izangaiak edozein unetan aldatu ahal izango ditu datu pertsonalak (helbidea, telefonoa, etab.), aurreko puntuan adierazitako web-orrian sartuz. Aldaketa hori formatu elektronikoaren bidez egingo da, eta hura egin eta hirugarren egun naturaletik aurrera izango ditu ondorioak.

6.– Datu pertsonalen tratamendua.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak zure datu pertsonalak tratatuko ditu. Lanpostuen Hautaketa eta Horniketa izeneko tratamenduaren helburua da izangaiak hautatzeko eta lanpostuak hornitzeko kudeaketa egitea, interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betez.

Datuak administrazio batzuei laga ahal izango zaizkie, baldin eta haien erregistroetan egiaztatu ahal badira izangai bakoitzak alegatutako eta aurkeztutako betekizunak eta merezimenduak, alegatutako datuen zehaztasuna egiaztatzeko. Era berean, jakinarazten da balitekeela langileei buruzko prozesuetan datuak eskatzen dituzten beste administrazio publiko batzuei datuak lagatzea, lanpostu-eskaintzak egin ahal izateko helburu bakarrarekin, betiere izangaiek datuak lagatzeko baimena eman badute. Eskaera horri benetan erantzuteko, lan-poltsetan lanerako prest dauden langileak egon beharko dira, eta Osakidetzaren estaldura-beharren aurreikuspena kontuan hartu beharko da.

Interesdunak eskubidea du datuetara sartzeko eta horiek zuzendu edo ezabatzeko, bai eta tratamendua mugatzeko edo tratamenduari uko egiteko ere. Datuak babesteari buruzko informazio gehiago dago webgune honetan:

http://www.osakidetza.euskadi.eus/protecciondatos edo http://www.osakidetza.euskadi.eus/datuenbabesa/

9. artikulua.– Izangaien betekizunak.

1.– Izangaiek, hemen arautzen diren zerrendetan benetan sartu ahal izateko, Osakidetzan lotura estatutario finkoa lortzeko hautaketa-prozesuak arautzen dituzten oinarri orokorretan xedatutako eskakizunak bete behar dituzte, bai eta kategoria / lanpostu funtzional bakoitzaren deialdiko oinarri espezifikoetan adierazitakoak eta Osakidetza Zuzenbide Pribatuko Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan jasotako titulazio-betekizunak ere, eta ordenamendu juridiko aplikagarrian ezarritakoa.

Elkargoko kide izatea nahitaezkoa den kategoria / lanpostu funtzional baten izendapena formalizatzeko unean, esleipendunek elkargoko kide direla justifikatu beharko dute, baita eremu jakin batzuetan zerbitzuak emateko baldintza diren lizentziak eta egiaztagiriak egiaztatu ere.

2.– Aldi baterako kontratazioko zerrendetako pertsonek beharrezko gaitasuna izan beharko dute kontratazioa egiteko unean, eta indarrean mantendu beharko dute kontratazioak irauten duen bitartean nahiz kontratazio-zerrendak indarrean dauden bitartean. Nolanahi ere, Osakidetzako Prebentzio Zerbitzuak emandako ziurtagirietan jaso ahalko da pertsonak noiz, zein kategoriatan eta zein egoeratan ez daukan lanposturako beharrezkoa den gaitasuna.

3.– Gaitasun hori egiaztatzeko, interesdunak osasun-azterketa bat egin beharko du kontratatu duten zerbitzu-erakundeko Prebentzioko Oinarrizko Unitatean, baldin eta Osakidetzan egiten dioten lehen kontratatua bada, pertsona horrek gaitasun-ziurtagiririk ez badu edo ziurtagiri hori indarrean ez badago.

4.– Gaitasunak baloratzeko batzordeak, Prebentzioko Oinarrizko Unitateak aldez aurretik jakinarazita, uste badu zerrendako pertsona batek aldi baterako edo behin betiko gaitasun-gabezia duela, aldi baterako edo behin betiko utz dezake pertsona hori kontratazio-zerrendatik kanpo, baina pertsona horri aldez aurretik jakinaraziko zaizkio Batzordeak ateratako ondorioak.

5.– Era berean, zerrendatik behin betiko baztertuko da 3. puntuan deskribatutako egoeretan lanpostuko eginkizunak betetzeko gaitasunaren balorazioari uko egiten dion pertsona, bai eta bere gaitasunari buruzko benetako informazioa ematen ez duena ere, baldin eta informazio hori erabakigarria bada baloraziorako.

10. artikulua.– Izangaiek aurkeztu beharreko dokumentuak.

1.– Kontratazio-zerrendak osatzen dituzten pertsonek 9. artikuluan adierazitako eskakizunak betetzen dituztela egiaztatu behar dute, dagokion lanbide-kategorian edo lanpostu funtzionalean estatutupeko langile finko gisa sartzeko eskatzen den titulua barne.

2.– Ez dute aurkeztu beharko titulu hori egiaztatzeko agiririk, baldin eta Curriculum Vitae aplikazioan erregistratuta eta baliozkotuta badaukate.

3.– Era berean, ez dute aurkeztu beharko Osakidetzan eskuratutako lan-esperientziari edo Curriculum Vitae aplikazioan behar bezala erregistratuta eta baliozkotuta dagoen hizkuntza-eskakizunari buruzko dokumentaziorik.

4.– Edozein unetan aurkeztu ahalko dira Curriculum Vitae aplikazioan erregistratuta eta baliozkotuta ez dauden edo zuzendu behar diren dokumentuak, lan-esperientziarenak edo euskarazko hizkuntza-gaitasunarenak. Halakoetan, dagokion zerbitzu-erakundeko aldi baterako kontratazioa kudeatzeko unitateak erregistratu eta baliozkotu beharko ditu aurkeztutako dokumentuak.

Dokumentu horiek une hauetan baloratu eta barematuko dira: zerrendak eratzeko fasean, zerrendak eguneratzen direnean (zerrendak osatzen dituzten langileentzat) eta zerrendan langile berriak sartzeko integrazioa egiten denean. Azken kasu horretan, jada zerrenda integratzen duten pertsonei aplikatzen zaien azken eguneratze-data hartuko da erreferentziatzat. Baremazioaren emaitzak fase horiei amaiera ematen dieten ebazpenak argitaratzen direnean aplikatuko dira.

Ebazpenak argitaratu arte puntuazioa aldatzen ez bada ere, hizkuntza-gaikuntzako edozein maila aurkezteak betekizun hori egiaztatuta izateko balioko du eta, hura egiaztatzen den unetik, hizkuntza-eskakizun jakin bat duten izendapenak egin ahalko dira.

5.– Alegatutako betekizunak eta merezimenduak egiaztatzen dituzten agirietan faltsutze-zantzurik badago, Zigor Kodearekin bat jardungo du Osakidetzak, eta izangaia behin-behinean baztertuta geratuko da izena emateko eskabidea aurkeztu duen aldi baterako kontratazioko zerrenda guztietatik.

Alegatutako betekizunak edo merezimenduak justifikatzen dituzten agiriak faltsutzen badira, izangaia Osakidetzako aldi baterako estatutupeko langileak hautatzeko sistematik kanpo geratuko da, eta Administrazioak beretzat gordeko ditu egintza horren aurrean zuzenbidearen arabera egin beharreko legezko ekintzak.

11. artikulua.– Zerrenda motak eta zerrendak indarrean jartzea.

1.– Osakidetzako aldi baterako kontratazioko zerrendek honako osagai hauek izango dituzte: lanpostu hutsen eta ordezkapenen zerrendak, sei hilabete edo gehiagoko behin-behinekotasunak (aurrerantzean, izendapen luzeen zerrenda), sei hilabeteko baino gutxiagoko ordezkapenen eta behin-behineko izendapenen zerrendak (aurrerantzean, izendapen laburren zerrenda), barrutiko izendapen luzeen zerrenda, barrutiko izendapen laburren zerrenda eta zerrenda espezifikoak.

2.– Izendapen luzeen zerrendak, izendapen laburren zerrendak, Barrutiko izendapen luzeen zerrendak, Barrutiko izendapen laburren zerrendak eta izena eman dutenen eta sartzeke daudenen zerrenda Osakidetzaren aldi baterako kontratazioaren kudeaketari buruzko aldi baterako kontratazioaren web-orrian argitaratuko dira. ZE bakoitzaren zerrenda espezifikoak eta egiten diren eguneratzeak ZE bakoitzaren aldi baterako kontratazioaren kudeaketarako webgunean argitaratuko dira.

3.– Zerrenda bakoitza behin betiko zerrendak Osakidetzaren aldi baterako kontratazioaren kudeaketari buruzko aldi baterako kontratazioaren web-orrian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

4.– Osakidetzako aldi baterako izendapenen eskaintzak kontratazio-zerrendetan jasotako puntuazioaren arabera egin eta esleituko dira, handienetik txikienera.

12. artikulua.– Azken EPEaren deialdian sartu ez diren kategoria eta espezialitateei dagozkien zerrendak arautzea.

Azken EPEan deialdirik izan ez duten kategorien / lanpostu funtzionalen zerrendak Erabaki honetako irizpideen arabera barematuko dira, eta eguneratu ahalko dira dagokion esperientzia profesionalaren eta euskararen ezagutzaren datuak eguneratuta. Gero, puntuazioaren arabera ordenatuko da zerrenda. Erabaki honen 7.3 eta 8.2 artikuluetan araututako izen-emate berriak sartzeko aukera aplikatuko da, erlazionatutako gainerako arauekin batera. Zerrendetako kide berriei jada izena emanda daudenei aplika dakizkiekeen datak erabiliz barematuko zaizkie merezimenduak, eta puntuazioaren arabera ordenatuko da zerrenda.

13. artikulua.– Sei hilabetetik gorako lanpostu hutsen eta ordezkapenen eta behin-behineko lanpostuen zerrendak (izendapen luzeen zerrendak).

1.– Sei hilabetetik gorako lanpostu hutsen, ordezkapenen eta behin-behinekotasunen zerrenda (izendapen luzeen zerrenda) bakarra izango da kategoria / lanpostu funtzional bakoitzeko, eta aldi baterako kontratazioko zerrendetan izena emateko eskaera aurkeztu duten pertsonekin eratuko da, Erabakiko 7.1, 7.2 eta 8.1 artikuluetan araututakoaren arabera.

2.– Hasieran kontratazio-zerrenda osatzen duten pertsonek nahiz geroago sartzen direnek, zerbitzuak zein ZEtan eman nahi dituzten aukeratu ahal izango dute. Eremu geografikoa autonomia-erkidegoa duten ZE-en kasuan, lurralde-egoitza bat edo batzuk aukeratu ahal izango dira.

3.– ZEaren aukeraketa hori egiten ez badute, edozein ZEtako izendapenak onartzeko prest daudela ulertuko da.

4.– ZEaren hautaketa edozein unetan aldatu ahal izango da, eta 21. artikuluan aurreikusitako zerrenda-eguneraketa argitaratzearekin batera izango du eragina.

Hala ere, bizilekua beste osasun-barruti batera aldatuz gero, barruti horretako ZE batean edo gehiagotan sartzeko eskatu ahal izango da, erroldatze-ziurtagiria egiaztatu ondoren. Ziurtagiri horrek ziurtagiria Zuzendaritza Nagusian sartu eta hiru egun baliodunera izango du eragina.

5.– Aldi Baterako Kontratazioko Zerbitzu Korporatiboak kudeatuko du esklusiboki izendapen luzeen zerrenda.

14. artikulua.– Barrutiko izendapen luzeen zerrenda.

1.– Asistentziaren jarraitutasuna bermatzeko, ZE baten izendapen luzeen zerrenda agortu bada, kategoria / lanpostu funtzional bakoitzerako aldi baterako kontratazioko zerrenda bat eratuko da osasun-barruti bakoitzean (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa) eta aldi baterako langileak kontratatzeko zerbitzu korporatiboak kudeatuko du.

2.– Kontratazio-zerrenda hasieran osatzen duten pertsonek zein geroago sartzen direnek, gutxienez osasun-barruti bat aukeratu beharko dute. Barruti-aukeraketa hori egiten ez badute, ulertuko da izendapen luzeen zerrendan hautatutako zerbitzu-erakundearen Barrutian izendapenak onartzeko prest daudela.

3.– Zerbitzu-erakunde bateko izendapen luzeen zerrenda agortuta badago, asistentziaren jarraitutasuna bermatzeko, dagokion Barrutiko izendapen luzeen zerrendara joko da, zerrenda agortuta daukan ZEko izendapenak eskaintzeko. Barrutiko zerrendatik iritsitako eskaintzei uko egiteak berekin ekarriko du izena emanda dagoen izendapen luzeen zerrendatik eta izena eman zuen Barrutiko izendapen luzeen zerrendatik kanpo geratzea, Erabakiaren 41. artikuluan ezarritakoaren arabera.

15. artikulua.– Sei hilabetetik beherako ordezkapenen eta aldi baterako izendapenen zerrendak (izendapen laburren zerrendak).

1.– Pertsona bakoitzak bi zerbitzu-erakundetan sartzeko eskatu ahalko du.

2.– Zerbitzu-erakunde bat edo bi hautatuz gero, Zerbitzu-erakunde bakoitzean hau egin ahalko da:

a) ZE osoa aukeratu.

b) Eremuaren arabera aukeratu (lehen mailako arreta edo ospitaleko arreta).

c) Bost lehentasun ere aukeratu ahal izango dira: ospitale-esparruaren eta Lehen Mailako Arretako Unitateen (LMAU) artean.

3.– Bizkaiko Osasun Mentaleko Erakundearen kasuan, barne hartzen dituen lau eskualdeetako guztiak (barrualdeko Eskualdea, Bilboko Eskualdea, Ezkerraldea eta Uribeko Eskualdea) edo baten bat aukeratu ahal izango da.

4.– Izendapen laburren zerrenda dagokion ZEak kudeatuko du, Lehen Mailako Arretakoak ez diren Mediku Fakultatiboen kontratazioa izan ezik, horien kudeaketa aldi baterako langileak kontratatzeko Zerbitzu Korporatiboari baitagokio.

5.– Interesdunak ez badu hautatzen zerbitzuak zer zerbitzu-erakunde eta zentrotan eman nahi dituen, ulertuko da ez duela izendapen laburren zerrendetan egon nahi. Geroago aukeratzen badute zerbitzuak zer ZE eta zentrotan eman nahi dituzten, zerrenden hurrengo eguneratzean sartuko dira zerrendetan.

6.– Bizitokia beste Barruti batera aldatuz gero, interesdunek erroldatuta dauden Barrutiko zerbitzu-erakunde batean edo bitan sartzeko eskatu ahalko dute, eta lehenago aukeratutako zerbitzu-erakunde bat edo bi baztertu beharko dituzte. Horretarako, bizileku-aldaketa egiaztatzen duen errolda-agiria aurkeztu beharko dute.

7.– Zerrenda berriak indarrean sartzean Osakidetzan aurreko zerrendetatik eratorritako kategoria / lanpostu funtzional bereko edozein izendapen motatan lanean ari diren izendapen laburren zerrendan izena emanda dauden pertsonak ez dira libre egongo izendapen laburren zerrenda berrietan; beraz, ez zaie zerrenda horietako izendapen-eskaintzarik egingo izendapen hori amaitu arte.

16. artikulua.– Barrutiko izendapen laburren zerrenda.

1.– Osasun-barruti bakoitzean (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa), aldi baterako kontratazioko zerrenda bat eratuko da kategorietarako / lanpostu funtzionaletarako.

2.– Izendapen laburren zerrendetan eremu horretako zerbitzu-erakunde bat gutxienez aukeratu dutenek osatuko dute zerrenda hori, eta zerbitzu-erakunde bakoitzeko Aldi Baterako Kontratazioko Zerbitzuak kudeatuko du.

3.– Zerbitzu-erakunde bateko izendapen laburren zerrenda agortuta badago, dagokion Barrutiko zerrendara joko da erakunde horretako izendapenak eskaintzeko. Halakoetan, Barrutiko zerrendatik datorren pertsona batek eskaintzari uko egiten badio, pertsona hori ez da izendapen laburren zerrendatik kanpo geratuko, eta ez du ukoa justifikatu beharko; hala ere, gestioa dagokion informazio-sisteman erregistratuko da.

17. artikulua.– Zerrenda espezifikoak.

Unitate eta zerbitzu jakin batzuen jardueren arabera, zerbitzu-erakundeek eskatzen dute izendapen laburretarako sartu berri diren profesionalek unitate horietan jardunbide segurua eta kalitatezkoa bermatzeko beharrezkoak diren ezagutzak eta/edo trebetasunak izatea.

Premia hori langileen absentzia laburrak daudenean agertzen da, berehala gertatzen direnez ezinezkoa denean antolaketa-neurriak hartzea unitateen/zerbitzuen antolaketa langileen absentzietara egokitzeko.

Behar horiei erantzuteko, kontratazio-zerrenda espezifikoak sortu ahal izango dira, Erabaki honetan aurreikusitako baldintzetan. Zerrenda horien helburua izango da langile prestatuak izatea, unitate/zerbitzu horietan behar horiei erantzuteko.

Kontratazio-zerrenda espezifikoak eratu ahal izango dira I. eranskinean aurreikusitako kategoria eta barrutietan, izendapen laburren behin betiko zerrendak argitaratzen direnetik hiru hilabeteko epean.

Zerrenda espezifikoak sortzea eta ezabatzea Zuzendaritzak onartu beharko du, ZEak Osakidetzako Zuzendaritzari eskaera egin ondoren, eta justifikazio-memoria ere aurkeztu beharko da. Memoria hori Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritzak eta Giza Baliabideen Zuzendaritzak baloratuko dute, eta Osasuneko Mahai Sektorialean aurkeztuko da negoziatzeko, Kontrol eta Jarraipen Batzordean adostasuna lortu ondoren.

Izendapen laburren zerrenda espezifikoetan norbere borondatez emango da izena, eta pertsona bakoitzak, oro har, betekizunak betetzen dituen zerrenda espezifikoetan eman ahalko du izena.

Dagokion ZEko izendapen laburren zerrendetan dauden pertsonak bakarrik agertu ahal izango dira zerrenda espezifikoetan.

Behin zerrenda espezifikoak agortuta, eta hemen adierazitako betekizunen arabera zerrenda berrietan sartzen ez diren bitartean, ZEko izendapen laburren zerrendara joko da.

Honako baldintza hauetakoren bat egiaztatzen duten pertsonak sartuko dira zerrenda espezifikoetan:

– Espezialista-titulua dutenak, espezialitaterik badago edo egon bada.

– Prestakuntza edo esperientzia profesionala dutenak:

1.– Azken lau urteetan gutxienez hiru hilabeteko lan-esperientzia izatearen ziurtagiria, gaitasun positiboa gisa kalifikatuta.

2.– Osakidetzako zerbitzu-erakundeek emandako prestakuntza gaindituta izatea.

3.– Graduondoko prestakuntza egiaztatzea, gutxienez 250 ordu teoriko-praktiko, Estatuko Osasun Sistemako osasun-erakundeetan praktika profesionalak izanik.

Aurreko guztia agiri bidez egiaztatu beharko da.

Zerrenda espezifikoak izendapen laburren zerrendako puntuazioaren arabera ordenatuko dira, eta ZE bakoitzaren Aldi Baterako Kontratazioa Kudeatzeko Unitateak kudeatuko ditu.

Puntuazio-hurrenkerari jarraituz egingo dira deialdiak, eta zerrenda espezifikoetako pertsonek lehentasuna izango dute kontratazio-eskaintzetan, Erabaki honen I. eranskinean jasotako unitateetan lan egitea dakarten absentzia laburretarako, eta ezin izango dira atxiki izendapena egin den zerrenda espezifikoari dagokiona ez den unitate batera.

Zerbitzu-erakundeek, dagozkien zerrenda espezifikoak osatze aldera, beharrezkotzat jotzen den prestakuntza teorikoa/praktikoa eskaini ahal izango dute, kasuan kasuko premien arabera, eta prestakuntzaren edukiak homogeneoak izan beharko dira zerbitzu-erakunde guztientzat.

Prestakuntza-eskaintza espezifiko hau ZE guztien arteko koordinazio- eta lankidetza-irizpideen mende egongo da. Horretarako, prestakuntza-programak egingo dira, edukiak eta iraupena adierazita. Prestakuntza-eskaintzak zerrendaren ordena errespetatu beharko du. Horretarako emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da, eta ziurtagiri horrek Osakidetza osoan izango du balioa. ZE bakoitzeko Langileen Ordezkaritzari igorriko zaio azkenean egingo den prestakuntza-eskaintza, prestakuntza jasoko duten pertsonak eta iraupena identifikatuta.

ZEko izendapen laburren zerrendako lehentasun-ordenaren arabera eskainiko da prestakuntza, eta hautagaiarentzat borondatezkoa izango da. Prestakuntza egiten duten pertsonak nahitaez sartuko dira prestakuntza jaso duten zerrenda espezifikoan.

Eginda dagoen zerrendaren batean dauden pertsonei ez zaie beste zerrenda batzuetako prestakuntzarik eskainiko.

Zerrendako norbaitek prestakuntza-eskaintza jasotzen badu eta justifikatutako arrazoiak direla-eta ezin badu onartu, zerrendan duen tokia errespetatuko zaio, eta eskaintza hori egitea aurreikusten den hurrengo prestakuntza-txandan eskainiko zaio.

Era berean, prestakuntza eskaini ahal izango zaie Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan jada lanean ari diren pertsonei, baldin eta beren lanaldia normaltasunez egitearekin bateragarria bada.

Nolanahi ere, Osakidetzako zerbitzu-erakundeek zerrenda espezifikoetan sartzeko emandako prestakuntzak lau urteko iraungitze-epea izango du.

Kasuan kasuko kategoriako / lanpostu funtzionaleko izendapen laburren zerrenden maiztasun berarekin eguneratuko dira zerrenda espezifikoak.

18. artikulua.– Izendapenak onartzeko prestutasun mota.

1.– Aldi baterako kontratazioko zerrendetako pertsonek erabaki ahal izango dute lanaldi mota hauen arabera izendapenak onartzeko prest dauden ala ez:

a) Edozein lanaldi mota.

b) Lanaldi osoa bakarrik.

c) Lanaldi-murrizketak bakarrik.

2.– Lanaldi mota aldatu ahal izango da, aldi baterako kontratazioa kudeatzeko Osakidetzaren aldi baterako kontratazioaren webgunearen bidez. Lanaldi-aldaketa interesdunak lanaldi motaren azken aukera egin zuenetik hiru hilabete igaro ondoren bakarrik egin ahal izango da.

3.– Lanaldi-murrizketa baten izendapena indarrean izanik ere izendapen horri uko egin ahalko zaio, Erabaki honetako 32. artikuluak ezarritakoaren arabera.

4.– Interesdunak ez badu lanaldi mota hautatzeko aukera erabiltzen, ulertuko da lanaldi osoko izendapenak egiteko bakarrik dagoela lan egiteko prest.

19. artikulua.– Ofizioz baztertzea.

Kasu hauetako batean daudenek ezin izango dute zerrendetan izena eman, eta ofizioz baztertuak izango dira:

a) Osakidetzari atxikita egotea izendapena jabetzan daukan estatutupeko langile gisa, karrerako funtzionario gisa edota lortu nahi den kategoriako / lanpostu funtzionaleko lan-legepeko kontratudun finko gisa.

b) Lortu nahi den kategoriako / lanpostu funtzionaleko estatutupeko langile finkoa izatea eta Gizarte Segurantzako erakunde sanitarioetan edo osasun-zerbitzu autonomikoetan destinoa izatea edo destinoa gordeta edukitzea.

c) Erakunde edo zerbitzu horietatik etortzea eta aktibo ez den beste egoera batean egotea.

20. artikulua.– Aldi baterako kontratazioko zerrenda guztien lehentasun-ordena.

1.– Aldi baterako kontratazioko zerrenda guztiak (bai izendapen luzeenak, bai laburrenak) osatzeko lehentasun-ordena honako hauen batura izango da: azken Enplegu Publikorako Eskaintzako (aurrerantzean, EPE) oposizioaldiko puntuak, esperientzia eta euskararen ezagutza. Datu horiek honako irizpide hauen arabera baloratuko dira:

a) EPEko oposizioaldiko puntuazioa: gehienez, 100 puntu.

Oposizioaldiari dagokion puntuazioa lortzeko, gorengo puntuazioa emango zaio dagokion kategorian azken EPEan puntuaziorik altuena lortu duenari, eta gainerakoei, berriz, puntuazio proportzionala aplikatuko zaie, adierazitako irizpidearekin bat etorriz.

Oposizioaldiak bi proba baztertzaile dituen deialdietan, proba bakoitzean lortutako puntuak batu eta batez bestekoa eginda esleituko da puntuazioa.

Izangaiak lehenengo ariketa bakarrik egin badu, ariketa horretan lortutako puntuazioaren erdia izango da bere puntuazioa.

Oposizio-faseari dagokion puntuazioa lortzeko, ezinbestekoa da EPE horretako eskaerak aurkezteko egunean titulazio-baldintzak betetzen direla egiaztatzea.

b) Lan-esperientzia: gehienez, 60 puntu.

Kontuan hartuko dira azken EPEko eskabideak aurkezteko epearen azken egunera arte emandako zerbitzuak, deialdi bakoitzeko oinarrietan ezarritako irizpideen arabera, zerrendak eratzeari buruz Giza Baliabideen Zuzendaritzak emandako Ebazpenaren aurreko urteko abenduaren 31n Osakidetzan izandako lan-esperientziaren eguneratzea barne. Azken EPEko deialdiko kategorietan lan-esperientziari zegokion gehieneko puntuazioa 60 puntukoa baino gutxiagokoa edo gehiagokoa izan bazen, puntuazio hori proportzionalki egokituko da 60 puntuko gehienekora.

Zerrendak eratzeari buruz Giza Baliabideen Zuzendaritzak ematen duen Ebazpenean ezartzen den epearen barruan, azken EPEan alegatu ez den lan-esperientzia egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztu ahal izango da, edo alegazioak aurkeztu ahal izango dira azken EPEko lan-esperientziaren balorazioan egindako akatsak zuzentzeko. Nolanahi ere, kontuan hartuko dira azken EPEko eskabideak aurkezteko epearen azken egunera arte egindako zerbitzuak.

c) Euskara.

Euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuan araututakoa aplikatuz, kategoria eta espezialitate bakoitzari Dekretu horretan ezarritako ehunekoaren baliokidea den puntuazioa esleituko zaio euskararen atalean.

Puntuazio hori emango zaio kontratazio-zerrendetan izena emateko azken egunera arte lortu eta egiaztatutako euskara tituluari.

Kontratazio-zerrendetan izena eman duten pertsonek Erabaki honen 10.4 atalean ezartzen den moduan eguneratu ahalko dute kontratazio-zerrendetan jasotzen den hizkuntza-eskakizuna.

Adierazitako unera arte puntuazioa aldatzen ez bada ere, hizkuntza-gaikuntzako edozein maila aurkezteak betekizun hori egiaztatuta izateko balioko du. Horrela, agiria egiaztatu eta sisteman sartzen den unetik, hizkuntza-eskakizun jakin bat eskatzen duten izendapenak eskaini ahalko zaizkio izangaiari.

2.– Puntu-berdinketa gertatuz gero, azken EPEko deialdietan kasu horietarako ezarritako irizpideen arabera ebatziko da berdinketa.

3.– Oro har azken EPEan dagokion kategoriaren / lanpostu funtzionalaren deialdia egin ez bada, zerrendak Erabaki honen 12. artikuluan ezarritakoaren arabera eratuko dira.

4.– Erabaki honen 8.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, edozein unetan aurkez daitezke eskabideak, baina, eskaera horiek zerrendetan integratu arte, aurkezpen-dataren arabera ordenatuko dira urtean zehar jasotako eskabideak. Egun berean eskaera bat baino gehiago aurkezten badira, eta premia larri eta atzeraezin bat betetzeko beharrezkoa bada horietara jotzea, adinez nagusienaren irizpidea aplikatuko da, seigarren xedapen gehigarrian xedatutako kasuetan salbu.

21. artikulua.– Aldi baterako kontratazioko zerrendak eguneratzea.

1.– Kontratazio-zerrendak, eratu ondoren, urtean bitan eguneratuko dira, eta, besteak beste, aurkeztu (ekainaren 30era arte edo abenduaren 31ra arte, hurrenez hurren) eta baliozkotutako hizkuntza-eskakizunak eta euskara-tituluak eguneratuko dira, bai eta Osakidetzan eta kontratazio-zerrendetako kategorian / lanpostu funtzionalean lortutako lan-esperientzia ere.

2.– Araudia aldatu zaion kategoria batean emandako zerbitzuen kasuan, aurretik lotu ez diren zerbitzuak lotu ahal izango dira, azken enplegu publikorako eskaintzaren oinarri orokorretan xedatutakoaren arabera.

Izendapen luzeen zerrenden eguneratzeak barne hartuko du eratu zenetik edo azken eguneratzetik egindako aleen hautaketa-aldaketa.

III. KAPITULUA
ALDI BATERAKO IZENDAPENEN ESTALDURAREN KUDEAKETA

22. artikulua.– Aldi baterako izendapenen eskaintza motak.

1.– Osakidetzako aldi baterako izendapenen eskaintzen ondorioetarako, bi motatan sailkatzen dira bitarteko, ordezko edo behin-behineko langile gisako estatutupeko aldi baterako atxikipen modu guztiak: iraupen luzeko izendapenak eta iraupen laburrekoak. Izendapenak osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen araudi erregulatzailean xedatutakoaren araberakoak izango dira.

2.– Egonkortasuna sustatuko da aldi baterako zerbitzuak ematean:

Beraz, bitarteko izendapena daukan pertsona bat bitarteko izendapena ere eskatzen duen beste arrazoi bat izatera pasatzen denean etenik gabe, bigarren izendapen hori hasierako aldi baterako estaldura egiten ari zen pertsonari esleituko zaio.

Gauza bera egingo da baldin eta, ordezkapen-izendapena izanik, langile bera ordezteko izendapenaren arrazoia aldatu egiten bada etenik gabe. Hain zuzen ere, hasierako aldi baterako estaldura egiten ari zen pertsonak jarraituko du zerbitzua ematen.

Gauza bera egingo da pertsona batek ordezkapen-izendapen bat sinatuta duenean, betiere izendapen luzeen zerrenden bidez izendatua izan bada artikulu honen 4.b) apartatuko kasuetan, eta ordeztutako pertsonak lanpostua gordetzeko eskubidea galtzen badu edozein arrazoirengatik, dela inguruabar pertsonalengatik (erretiroa, heriotza, ezintasun-adierazpena edo beste batzuk), dela lanpostuak betetzeko edo hautatzeko prozesu batean parte hartu ondoren beste lanpostu baten esleipendun izateagatik. Kasu horretan, hasierako aldi baterako lanpostua betetzen ari zen pertsonak zerbitzua ematen jarraituko du, hutsik geratu den plaza bateko bitarteko lanpostu bat izendatuta, harik eta lanpostua betetzeko eta hautatzeko sistemen bidez arauz betetzen den arte: behin betiko barne-mugikortasunerako eskainiko da; betetzen ez bada, Lekualdatze-lehiaketa Ireki eta Iraunkorraren hurrengo ziklora deituko da; eta, betetzen ez bada, deitzen den hurrengo Enplegu Publikoko Eskaintzan sartuko da.

Modu berean jokatuko da pertsona batek bitarteko izendapena badu arauzko prozeduraren bidez betetzen den lanpostu huts batean eta esleipenduna, lanpostuaz jabetu ondoren, ez bada lanpostu horretan hasten, erreserba-eskubideari eutsiz araudiak baimentzen duen edozein arrazoirengatik, edo, plazan aktibo egonik, lizentziak edo baimenak hartu dituelako. Kasu horretan, lanpostua aldi baterako betetzen ari zen pertsonak jarraituko du zerbitzua ematen, erreserbagatiko edo ordezkapenagatiko bitarteko langile izendapenaren bidez, lanpostuan jardunean jarraitzen badu, dagokionaren arabera, titularra lanean hasi arte.

Atal honetako aurreko paragrafoetan deskribatutako inguruabarrek eragindako izendapen-aldaketen ondorioz, beharrezkoa da aldaketa egin behar den unean lanpostua betetzeko baldintzak betetzea, bai titulazioari dagokionez, bai derrigortasun-data iraungita duen hizkuntza-gaitasunaren egiaztapenari dagokionez. Lanpostuaren baldintzaren bat betetzen ez bada, aldi baterako estatutupeko langileak lanpostua utziko du, baldintzok ez betetzeagatik.

3.– Bi urteko epean pertsona berari zerbitzu berak emateko behin-behineko bi izendapen baino gehiago egiten bazaizkio edo izendapen bat eta dagozkion luzapenak, izendapen egonkor eta malguak barne, eta horien iraupen metatua 12 hilabetetik gorakoa bada, zentroko plantillan egiturazko lanpostu bat sortzea bidezkoa den aztertuko da. Lanpostu hori sortzen bada, hasiera batean aldi baterako lanpostua betetzen zuen pertsonari esleituko zaio, eta behin betiko barne-mugikortasunerako eskainiko da; betetzen ez bada, Lekualdatze-lehiaketa Ireki eta Iraunkorraren hurrengo ziklora deituko da, eta betetzen ez bada, hurrengo Enplegu Publikoko Eskaintzan sartuko da. Esleipen horri uko egiten bazaio, interesduna izendapen luzeen zerrendatik baztertuko da, eta behin-behineko izendapena aipatu plaza izendapen luzeen zerrendako pertsona batekin betetzen den unean amaituko da.

4.– Aldi baterako izendapen luzeen artean, honako kasu hauek daude:

a) 55/2003 Legearen 9.2 artikuluan definitutako bitarteko izendapenak, lanaldi osokoak direnean.

b) 55/2003 Legearen 9.4 artikuluan definitutako ordezkapen-izendapenak, lanaldi osokoak direnean, baldin eta lanpostu-erreserba daukan pertsona sei hilabetez edo gehiagoz egongo bada kanpoan.

c) Behin-behineko izendapenak, 55/2003 Legearen 9.3 artikuluan jasotakoak, sei hilabeteko edo gehiagoko iraupena dutenean, ohiko lanaldiaren murrizketaren zerbitzu osagarriak emateko egiten direnak izan ezik.

d) Izendapen egonkor eta malguak.

e) Lanaldi partzialeko behin-behineko izendapenak, baldin eta lanaldiaren ehunekoa % 75etik gorakoa bada eta sei hilabeteko edo gehiagoko iraupena badute, ohiko lanaldiaren murrizketaren zerbitzu osagarriak emateko egiten direnak izan ezik.

f) Erretiro partziala hartu duten langileak ordezteko errelebo-kontratuak eta 64 urterekin erretiroa hartu duten langileak ordezteko lan-legepeko bitarteko kontratuak.

5.– Aldi baterako izendapen laburren artean, honako kasu hauek daude:

a) 55/2003 Legearen 9.4 artikuluan zehaztutako ordezkapen-izendapenak, artikulu honen 4.b) puntuan sartzen ez direnak.

b) 55/2003 Legearen 9.3 artikuluko behin-behineko izendapenak, sei hilabetetik beherakoak badira.

c) Aldi baterako lanaldi partzialeko edozein lotura mota, 55/2003 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, artikulu honen 4.e) apartatuan araututakoan salbu.

23. artikulua.– Izendapen luzeen zerrendetako lanpostuak betetzeko egoera bereziak.

1.– Bete beharreko lanpostuaren ezaugarriek hala eskatzen dutenean zeregin espezifikoak egin behar direlako edo jakintza tekniko jakin batzuk behar direlako, ezagutza horiek lanbide-kategoria edo espezialitate jakin bateko funtzioei dagozkien arren esperientzia edo prestakuntza jakin bat eskatzen dutenean, eta arauzko prozesuen bidez plantillako langile finkoen artean bete ezin izan direnean, hautaketa-prozesu bat egingo da funtzio espezifikoak betetzeko ezagutza tekniko egokiak dituzten izendapen luzeen zerrendako pertsonen artean.

Eskakizun espezifiko horien beharra eta zehaztapena dagokion zerbitzu-erakundeak egindako memoriaren bidez egiaztatu beharko da, eta dagokion baimena eduki beharko du.

Deialdietan ezin izango da inola ere ezarri lanposturako hautatu ez diren izangaien iraunkortasun-irizpiderik etorkizuneko aldi baterako hautaketa-beharretarako; beraz, deialdi espezifiko bat egin beharko da ezaugarri horiek dituen lanpostu bat betetzeko behar bakoitzeko. Horren salbuespena da hautatutako izangaiak izendapena sinatu eta hurrengo hilabetean lanpostuari uko egitea; kasu horretan, baldintzak betetzen dituzten hurrengo izangaiei eskainiko litzaieke lanpostua, prozesuan ezarritako ordenaren arabera.

2.– Izendapen luzeen zerrendako pertsonen hautaketa protokolo honen arabera egingo da:

a) Deialdiaren berri emango zaie mahai sektoriala osatzen duten sindikatuei, eta bost egun balioduneko epea emango zaie kasuan kasuko alegazioak egin ditzaten.

b) Alegazioei erantzungo zaie, sindikatuek aurkezten badituzte.

c) Aurreko izapidea bete ondoren, iragarki bat argitaratuko da aldi baterako kontratazioaren web-orrian, deialdiaren datuekin, eta bertan zehaztuko dira lanpostu funtzionala, izendapen mota, destinoko erakundea eta lanpostua betetzeko behar diren esperientzia eta/edo ezagutza tekniko espezifikoak. Eskabideak aurkezteko epea 10 egun baliodunekoa izango da.

d) Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, eskatutako esperientziaren eta/edo ezagutza teknikoen arabera barematuko dira eskabideak, eta Balorazio Batzordeak (deialdia egin duen ZEak eratuko duenak) puntuazio handiena lortu duen pertsona proposatuko du.

e) Hautaketa-prozesuaren emaitza jakinaraziko zaie prozesuan parte hartu duten guztiei eta mahai sektoriala osatzen duten sindikatuei.

f) Beteko den plazari atxikita dagoen ZEak formalizatuko du Balorazio Batzordeak proposatutako pertsonaren izendapena.

3.– Arrazoia edozein dela ere hautatutako pertsonaren izendapena amaitzen bada, amaitutzat joko da deialdia eragin zuen arrazoia, eta pertsona hori ezin izango da inola ere automatikoki hautatu ezaugarri horiek dituen beste izendapen baterako. Beste hautaketa-prozesu bat egin beharko da.

24. artikulua.– Izendapen luzeen zerrendetako izangaiei izendapenen eskaintzak egiteko modua.

1.– Izendapen luzeen zerrendetako izangaien izendapenak kudeatzeko, Osakidetzak beren-beregi gaitutako baliabide telematikoak erabiliko dira modu lehenetsian.

Hala ere, izendapen luzeen zerrendako izendapenak betetzeko eskaintza telefonoz eta posta elektronikoz egin ahal izango da, baldin eta egoera jakin batzuetan (eskaintzen kopurua eta abar) kudeaketa telematikoa baino arinagoa bada.

Erabaki hau garatzeko, protokolo berri bat ezarriko da, deien edo mezu elektronikoen kopurua, aldia eta erregistroa arautzeko.

Entzumen-desgaitasuna duten pertsonentzako eskaintzak kudeatzeko beharrezko egokitzapenak egingo dira.

2.– Osakidetzaren aldi baterako kontratazioaren web-orrian iragarki bat argitaratu ahal izango da, dagokion zerrendan eta Barrutian parte hartzen duten pertsonek, hala nahi izanez gero, iragarritako izendapenak betetzeko eskabidea aurkeztu ahal izan dezaten.

Iragarritako izendapenak zerrenda batean ordenatuko dira, eta izendapen bakoitzari zenbaki bat jarriko zaio.

3.– Dagokion kontratazio-zerrendako izangai guztiek, baliabide telematikoen bidez egindako eskaintzetan, nahi dituzten izendapenak aukeratu ahal izango dituzte, ezarritako epearen barruan, eta, egiten duten hautapenean, eskainitako lanpostuak zein lehentasun-hurrenkeratan nahi dituzten adieraziko dute. Eskaintza bat aukeratu eta izendapena onartzen ez duen pertsonari dagokion zigorra aplikatuko zaio, 41. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

4.– Aipatutako epea amaitu bezain laster, automatikoki esleituko dira kontratazio-eskaintzak, lanpostu hutsen zerrendan esleitutako puntuazio-ordenaren arabera. Dagokion zerrendan lanerako prest egonda ere deialdian ateratzen den lanpostua betetzeko eskabidea aurkezten ez duenari ez zaio zigorra ezarriko, hurrengo puntuan arautzen den ofiziozko esleipenari kalterik egin gabe.

5.– Ofizioz esleituko dira izangaientzat hautatu ez diren edo inori esleitu ez zaizkion izendapen-eskaintzak. Esleipen hori ofizioz egingo da, zerrendako kideak hautatutako ZEaren arabera, lanpostuen argitalpen-ordenaren arabera, zerrendan duten lehentasun-ordenaren arabera eta iraupen luzeko aldi baterako izendapenak egiteko eskuragarri dauden kontuan hartuta. Izangai batek ofiziozko esleipenari uko egiten badio, ez badu justifikatzeko arrazoirik alegatu, 41. artikuluan xedatutakoaren arabera dagokion zigorra ezarriko zaio.

Ofiziozko esleipenean, lehenengo eskaintzatik hasiko da, izendapenak argitaratu ziren ordenaren arabera; beraz, hutsik geratu den lehen izendapena ofizioz esleituko litzaioke ZEaren izendapen luzeen zerrendan eskuragarri dagoen lehenengo izangaiari; zerrenda hori agortuko balitz, Barrutiko izendapen luzeen zerrendan eskuragarri dagoen lehen pertsonari esleituko litzaioke, eta horrela hurrenez hurren, izendapen guztiak esleitu arte.

25. artikulua.– Izendapen laburren zerrendetako izangaiei izendapenen eskaintzak egiteko modua.

1.– Izendapen laburren zerrendetako eta zerrenda espezifikoetako aldi baterako kontratazioko eskaintzak, ahal dela, telefonoz egingo dira, kontratazio-zerrendan agertzen diren izangaien telefonora deituta.

Arrazoi horregatik egiten diren telefono-deiak sistema informatikoan erregistratuko dira, egindako eskaintza eta haren onarpena edo ukoa jasota uzteko.

Erabaki hau garatzean, protokolo berri bat ezarriko da, deien kopurua, aldia eta erregistroa arautzeko.

Entzumen-desgaitasuna duten pertsonentzako eskaintzak kudeatzeko beharrezko egokitzapenak egingo dira.

2.– Oporraldietarako aldi baterako izendapenen eskaintzak telematikoki egin ahalko zaizkie izendapen laburren zerrendetako izangaiei, 24. artikuluan araututakoa aplikatuz.

26. artikulua.– Deia edo eskaintza egin aurreko uko boluntarioak onartzea.

Izendapen-eskaintza jaso aurretik, interesdunak izendapen luzeen zerrendako ZE bati edo batzuei uko egitea eskatu ahal izango du.

Izendapen laburren zerrendan, hautatutako zerbitzu-erakundeetako edozeini uko egin ahalko zaio, edozein izendapen-eskaintza jaso aurretik.

27. artikulua.– Aldi baterako izendapenen eskaintzei uko egitea.

1.– Oro har, izendapen-eskaintzei ezin izango zaie uko egin, salbu eta kontrakoa arautzen bada. Hala ere, uko egite hori onartu ahal izango da, baldin eta, izendapen-eskaintza egiten den unean, honako justifikazio-kausa hauetakoren bat alegatzen bada eta kausa horiek egiaztatzeko beharrezkoa den dokumentazioa aurkezten bada Erabakiaren 37. artikuluan ezarritako epean:

a) Izangaia zerbitzu berezietako egoeran dagoela aitortzeko kasuren batean badago. Egoera horiek jasota daude funtzio publikoari buruzko indarreko legerian, bai eta eskaintza egiten den unean indarrean dagoen Osakidetzako langileentzako lan-baldintzei buruzko Akordioan ere.

b) Izangaiak izendapen luzeen zerrendaren bidez lortutako beste kategoria / lanpostu funtzional bateko izendapen bat indarrean badauka.

c) Zerbitzuak ematen ari bada Osasun Sistema Nazionaleko beste osasun-zentro batean, beste administrazio publiko batean edota Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin itundutako zentroetan edo Euskal Osasun Sistemari atxikitakoetan (atxikimendu-hitzarmen berezi bati jarraikiz).

d) Izangaia Osakidetzan lanean badabil aurreko izendapen luzeen zerrendatik lortutako bitarteko, behin-behineko edo ordezko izendapen batekin. Kasu horietan, interesduna justifikatuta geratuko da indarrean dagoen izendapen luzeen zerrendan, Erabaki honen 22.3 artikuluan xedatutako egoeran salbu.

Dena dela, eskaintza behin bakarrik egingo da zerrenda berrietatik, behin indarrean daudela.

e) Izangaia Osakidetzan lanean ari bada, izendapen laburren zerrendatik emandako etenik gabeko ordezkapen-izendapen batekin, betiere izendapen horrek sei hilabeteko edo gehiagoko iraupena badu.

f) Kontratazio-eskaintza egitean, izangaia ezkondu osteko edo indarreko legerian aurreikusitako izatezko bikotea eratu osteko egun naturalen barruan badago, indarreko legerian ezarritakoaren arabera, edo kontratua epe horretan hasten bada. Kasu horiek egiaztatzeko, ezkontza egin dela edo dagokion Izatezko Bikoteen Erregistroan inskribatu dela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko da.

g) Izangaia aldi baterako ezintasun-egoeran badago. Kasu horretan, ez zaio beste izendapenik eskainiko altaren berri eman arte; horretarako, dagokion zerbitzu-erakundeari aurkeztu beharko dio dagokion dokumentua.

h) Izangaia erakunde ofizial batek emandako beka baten jabe bada edo bere zerrendako kategoriarekin / lanpostu funtzionalarekin zerikusia duten ikasketa ofizialak egiten ari bada. Ez zaio izendapenik eskainiko, harik eta beka, ikasketa ofizialak edo ikasturtea amaitu direla jakinarazi arte.

i) Izangaia HABEk homologatutako zentroetan euskalduntze-ikastaro trinkoak edo barnetegiak egiten ari bada. Halakoetan, ez zaio izendapenik eskainiko, harik eta izangaiak ikastaroen amaieraren berri eman arte.

j) Izangaia osasun-zientzietako prestakuntza espezializatuko aldiak, lanbide-hobekuntzako ikastaroak edo Osakidetzako zerrenda espezifikoetarako prestakuntza, graduondokoa edota masterra egiten ari bada zentro ofizialetan eta horiek 25 kredituren edo gehiagoren baliokideak badira. Ez zaio izendapenik eskainiko, harik eta izangaiak prestakuntza, ikastaro, graduondoko edo masterreko aldia amaitu dela jakinarazi arte.

k) Askatasun-gabetzearen kasuetan, kondena-epai irmoa ematen ez den bitartean. Askatasuna berreskuratzen denean zerrendetan lanerako prest egotera igaroko da berriro interesduna, betiere askatasuna berreskuratu eta hamar egun balioduneko epean jakinarazten badu.

l) Izangaiak, legezko zaintza dela-eta, ordainpeko jarduerarik egiten ez duen desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorialen bat daukan pertsona bat zaindu behar badu zuzenean. Kasu horretan, dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu. Justifikazio horrek hilabeteko iraupena izango du gutxienez, eta, ondoren, interesdunak berriro aktibo jartzea eskatu ahal izango du. Justifikazio hori ezin izango da hirutan baino gehiagotan alegatu urte naturalean.

m) Izangaiak odol-ahaidetasunezko edo ezkontza-ahaidetasunezko bigarren mailarainoko ahaideak zaindu behar baditu, betiere ahaide horrekin bizikidetza egonkorra badu (errolda-ziurtagiriaren bidez egiaztatua) eta adinagatik (65 urtetik gorakoa), istripuagatik edo gaixotasunagatik bere kabuz moldatu ezin bada eta ez badu ordaindutako jarduerarik egiten. Horretarako, dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu izangaiak. Justifikazio horrek hilabeteko iraupena izango du gutxienez, eta, ondoren, interesdunak berriro aktibo jartzea eskatu ahal izango du. Justifikazio hori ezin izango da hirutan baino gehiagotan alegatu urte naturalean.

n) Izangaiak, legezko zaintza dela-eta, 12 urtetik beherako adingaberen bat zaindu behar badu zuzenean, bai eta izangaia bizitza pertsonala, familiakoa eta lanekoa uztartzeko eskubide hauek baliatzen ari bada ere, indarreko legerian ezarritako kasuetan eta iraupenean: edozein modalitatetako harreragatiko lizentzia eta amatasunagatiko edo aitatasunagatiko lizentzia. 12 urtetik beherako adingabeak zaindu behar dituztenen kasuan, justifikazio horrek hilabeteko iraupena izango du gutxienez, eta, ondoren, interesdunak berriro aktibo jartzea eskatu ahal izango du. Justifikazio hori ezin izango da hirutan baino gehiagotan alegatu urte naturalean.

o) Izangaia nazioarteko erakundeen misioetan, destinoa atzerrian duten osasun-arloko GKE-etan, atzerriko gobernu edo erakunde publikoetan edo nazioarteko lankidetzako programetan parte hartzen ari bada. Parte-hartze hori behar bezala egiaztatu beharko da.

p) Izendapen laburren zerrendatik izendapen bat eskaintzen denean, arestian adierazitakoez gain, uko egiteko beste bost arrazoi egongo dira:

a) Edozein enpresa pribatutan lanean aritzea. Horretarako, lan-kontratua aurkeztu behar da.

b) Izangaiak izendapen luzeen zerrendaren bidez lortutako izendapen bat indarrean izatean.

c) Bigarren mailarainoko odol-ahaidetasunezko edo ezkontza-ahaidetasunezko senideen gaixotasun larria, ospitaleratzea edo heriotza, edo maila handiagokoena, baldin eta bizikidetza egonkorra badaukate (errolda-ziurtagiriaren bidez egiaztatu behar da), indarreko legerian arrazoi horiengatiko lizentziarako ezarritako aldirako.

d) Deialdia egin eta hurrengo 12 orduetan edo aurreko izendapen bat amaitu eta hurrengo 24 orduetan hasteko eskaintza bat bada. Kasu horretan, lanerako prest egoten jarraituko da.

e) Genero-indarkeriaren biktima izanda, aldi baterako kontratazioko zerrendetan izena emanda dauden izangaiek uko egin ahal izango diote aurrez onartutako edo orain arte egindako aldi baterako edozein loturari, bai eta aldi baterako edozein lotura izateko eskaintzari ere, eta ez da inolako bazterketarik aplikatuko Bigarren Xedapen Gehigarrian jasotako moduan.

28. artikulua.– Izendapenen eskaintzak. Amatasun- edo aitatasun-lizentzia, edo haurdunaldiko edo edoskitzaro naturaleko arriskua.

Aldi baterako kontratazio-zerrendetan izena emanda dauden eta lanerako prest dauden izangaiei, aldi baterako izendapena egiteko unean amatasun- edo aitatasun-lizentzia edo adopzio edo harreragatiko lizentzia hartzen ari badira, edo haurdunaldiko edo edoskitzaro naturaleko arriskuagatiko prestazioa jasotzen ari badira, izendapen hori eskainiko zaie. Izangaiak onartzen badu, izendapena bermatuko da lanbide-esperientziaren zenbaketarako, baina lizentzia hori baliatzen jarraitu ahal izango du horretarako legez ezarritako aldia amaitu arte, eta benetako laneratzea lizentzia amaitu eta hurrengo egunera atzeratuko da, betiere izendapena eragin zuen arrazoiak bere horretan jarraitzen badu.

29. artikulua.– Izendapen luzeen zerrendatik eskaini diren eta indarrean dauden izendapenei uko egitea.

Izendapen luzeen zerrendatik deituta kategoria edo lanpostu funtzional jakin baterako izendatutako langileek uko egin ahal izango diote izendapenari, inolako bazterketarik aplikatu gabe, baldin eta inskribatuta dauden kategoria edo lanpostu funtzionala ez den beste kategoria edo lanpostu funtzional bateko izendapen luzeen zerrendatik eskainitako izendapen bat onartzen badute.

30. artikulua.– Indarrean dauden errelebo-kontratuei uko egitea.

Erretiro partziala hartu duen langilearen lanaldia betetzeko errelebo-kontratua formalizatu eta bi urtera, kontratuari uko egin ahal izango zaio, aldi baterako kontratazioko zerrendetan inolako bazterketarik aplikatu gabe.

31. artikulua.– Izendapen luzeen zerrendatik eskaini diren eta indarrean dauden izendapenei uko egitea.

Izendapen laburren zerrendatik deituta kategoria edo lanpostu funtzional jakin baterako izendatutako langileek uko egin ahal izango diote izendapenari, inolako bazterketarik aplikatu gabe, baldin eta izendapen luzeen zerrendatik eskainitako izendapen bat onartzen badute.

32. artikulua.– Indarrean dauden lanaldi murriztuko izendapenei uko egitea.

Lanaldi murriztuko izendapena indarrean duen langileak uko egin ahal izango dio izendapenari, inolako bazterketarik aplikatu gabe, izendapen hori egin eta hiru hilabetera. Uko horrek eskatzen du uko egin aurretik, edo aldi berean, Erabaki honen 18. artikuluaren 1.a) eta 1.b) apartatuetan aipatzen diren lanaldi motetako bat aukeratzea, Osakidetzako aldi baterako kontratazioko web-aplikazioaren bidez, baldin eta izangaiak ez bazuen bi mota horietako bat aukeratuta uko egiterakoan.

Artikulu honetan xedatutakoa ez zaio aplikatuko erretiro partziala hartu duen langilearen lanaldiaren ehunekoa betetzeko errelebo-kontratuari.

33. artikulua.– Indarrean dauden izendapenei uko egitea, espezialitate bat eskatzen duen beste izendapen bat eskaintzean.

1.– Dagokion kategorian aritzeko, betetzen ari den izendapenerako eskatutakoaz bestelako espezialitateko titulu jakin bat edukitzea eskatzen duen izendapen bat eskaintzen zaion langileak indarrean daukan izendapenari uko egin ahal izango dio. Era berean, ez da aldi baterako kontratazioko zerrendetatik kanpo geratuko, betiere espezialitatedun izendapen berriaren eskaintza onartzen badu. Gainera, izangaia zerrenda horietan berriz aktibo jarri ahalko da justifikaziorako alegatutako izendapena amaitzen denean.

2.– Beste espezialitate bat eskatzen duen izendapen bat betetzen ari delako espezialitate jakin bat izatea eskatzen duen izendapen baterako eskaintzari uko egiten bazaio, uko hori justifikatuta geratuko da, eta izangaia zerrenda horietan berriz aktibo jarri ahalko da justifikaziorako alegatutako izendapena amaitzen denean.

3.– Osasun-zientzietan espezializatutako prestakuntza sanitarioa hasi duela egiaztatzen duenak ere uko egin diezaioke, inolako bazterketarik gabe.

34. artikulua.– Eskaintza orotarako aldez aurretiko aldi baterako uko-egiteak, 12 urtetik beherako semea edo alaba zaintzeko; ordaindutako jarduerarik egiten ez duen desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsoriala duen norbait zaintzeko; edo odol-ahaidetasunezko edo ezkontza-ahaidetasunezko bigarren mailarainoko ahaide bat zaintzeko, edo maila handiagoko ahaide bat zaintzeko, baldin eta bizikidetza egonkorrean bizi dela egiaztatzen bada errolda-ziurtagiri bidez, eta ahaide hori adinagatik, istripuagatik edo gaixotasunagatik bere kabuz baliatu ezin bada eta ordaindutako jarduerarik egiten ez badu.

Kontratazio-eskaintza guztiei aldez aurretik uko egin ahal izango diote zerrendetako langileek, baldin eta 12 urtetik beherako seme-alabak zaintzen badituzte, edo desgaitasuna duen pertsona bat edo beren ardurapean badute odol- edo ezkontza-ahaidetasunezko bigarren mailarainoko senitarteko bat edo maila handiagoko bat (baldin eta bizikidetza egonkorrean bizi dela egiaztatzen bada, eta hori errolda-ziurtagiri bidez egiaztatu behar da), bere kabuz baliatu ezin dena eta jarduera ordaindurik egiten ez duena, betiere uko horretarako epea gutxienez hilabetekoa bada eta hiru alditan baino gehiagotan egiten ez bada urte naturalean.

Ukoa idatziz egin beharko da, eta dagozkion egiaztagiriekin batera aurkeztu beharko da. Pertsona inskribatuta dagoen izendapen luzeen kategoria eta zerrenda guztietara edo pertsona hori inskribatuta dagoen kategoria eta izendapen laburren zerrenda guztietara edo bietara zabalduko da ukoa. 12 urtetik beherako adingabeak zaintzeari dagokionez, uko egite horrek gehienez ere umeak adin hori bete arte iraungo du, eta semeak edo alabak 12 urtebete arte luzatu ahal izango da.

35. artikulua.– Izendapen laburren zerrendako izendapen-eskaintza orori aldi baterako uko egitea.

1.– Izendapen laburren zerrendetan dagoen orok uko egin ahal izango dio Osakidetzak egiten dizkion izendapen-eskaintzei gehienez hilabetez urte natural bakoitzean, baldintza hauek betetzen badira:

a) Ukoa berariaz egin beharko da, aldi baterako langileak kontratatzeko aplikazio informatikoaren bidez, eta izangaia izena emana daukan izendapen laburren zerrenda guztiei aplikatuko zaie; ukoaren ordua eta aldia ere erregistratuta geratuko dira.

b) Ukoak eskabidea erregistratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.

c) Izendapen-eskaintza bat egin baino lehen aurkeztu beharko da, eta eskabidea zer ordutan erregistratu den hartuko da kontuan.

d) Izendapen laburren zerrendan bakarrik izango du eragina.

e) Ukoa urtean behin egin ahalko da, gehienez ere hilabetez eta gutxienez astebetez.

f) Eskatutako uko-epean ezin izango da berriro eskatu izendapen laburren zerrendan berriro aktibo jartzeko.

g) Uko-aldia amaitzen denean, sistemak automatikoki aktibatuko du berriro langilea zerrendan.

h) Oro har, ezin izango da ukoa eskatu Aste Santuan, Gabonetan eta udako oporraldian (hau da, ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean).

36. artikulua.– Indarrean dauden izendapenei aldi baterako uko egitea, nazioarteko erakundeen lanetan, destinoa atzerrian duten osasun-arloko GKE-etan, atzerriko gobernu edo erakunde publikoetan edo nazioarteko lankidetzako programetan parte hartzeko.

Nazioarteko erakundeen lanetan, destinoa atzerrian duten osasun-arloko GKE-etan, atzerriko gobernu edo erakunde publikoetan edo nazioarteko lankidetzako programetan parte hartzen dutenek uko egin ahal izango diete indarrean dituzten izendapenei, aldi baterako kontratazioko zerrendetatik kanpo geratu gabe, betiere parte-hartze hori modu frogagarrian egiaztatzen badute.

37. artikulua.– Izendapen-eskaintzei uko egitea nola justifikatu.

Izendapen bat eskaini zaion eta onartu nahi ez duen langileak dagokion Zerbitzu Korporatiboaren edo Aldi Baterako Kontratazioko Kudeaketa Unitatearen aurrean justifikatu beharko du egin zaion eskaintzari uko egiten diola. Horretarako, hamabost egun naturaleko epea izango du, eskaintzaren berri eduki eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, eta agiri bidez alegatu beharko du Erabaki honetako aurreko artikuluetan aipatutako justifikazio-arrazoietako bat gertatu dela.

Aipatutako hamabost egun naturaleko epe horri dagokionez, eta eskaintza telefono bidezkoa bada, jakinarazpena egindakotzat joko da zerrendak kudeatzeko sistema informatikoan markatzen denean. Eskaintza telematikoa bada, aldiz, justifikatzeko epe hori espresuki adieraziko da Osakidetzako aldi baterako kontratazioko webgunean.

38. artikulua.– Ez justifikatzearen ondorioak.

1.– Sei hilabeteko epean ez zaie izendapenik eskainiko izendapena telefonoz eskaini zaien langileei edo 24.5 artikuluaren arabera ofizioz lanpostu bat esleitu zaienei, baldin eta, izendapenari uko eginda, eskaintza egin eta hurrengo 15 egun naturaletan ez badute agiri bidez justifikatu kontratazio horri uko egin diotela, 37. artikuluan ezarritakoaren arabera. Epe horretan (15 egun natural) justifikatu gabeko bigarren ukoak zerrendatik urtebetez kanporatzea ekarriko du. Epe horretan (15 egun natural) justifikatu gabeko hirugarren ukoak zerrendatik urtebetez kanporatzea ekarriko du.

2.– Ez justifikatzearen ondorioek eskaintzari dagokion zerrenda motari (izendapen luzeak edo laburrak) eta haren kategoria zehatzari soilik eragingo diete.

39. artikulua.– Hainbat kategoriatako izendapen laburren zerrendak.

Ez da egingo kategoria / lanpostu funtzional bateko izendapen laburren zerrendako kontratazio-eskaintza berririk, harik eta beste kategoria / lanpostu funtzional bateko izendapen laburren zerrendaren bidez esleitutako indarreko izendapena amaitu arte, Erabaki honen 33. artikuluan ezarritako kasuetan salbu.

40. artikulua.– Langileak berraktibatzea kontratazio-zerrendetan.

1.– Ondoko egoeraren batean dauden langileak berraktibatu egin behar dira kontratazio-zerrendetan:

a) Izendapen luzeen zerrendaren edo izendapen laburren zerrendaren bidez emandako izendapena amaitzen zaienak. Izendapena amaitu eta hamabost egun naturaleko epean eskatu beharko da berraktibazioa. Berraktibazioa eskatzeko, Osakidetzako Aldi Baterako Kontratazioko Zerbitzu Korporatibora jo beharko da, izendapen luzeen zerrendaren bidez emandako izendapena bada; aldiz, Zerbitzu Erakundeko Aldi Baterako Kontratazioko Zerbitzura jo beharko da, izendapen laburren zerrendaren bidez emandakoa bada. Hala ere, izendapen laburren zerrendan (eta ez izendapen luzeen zerrendan), ofizioz berraktibatuko du langilea zerbitzu-erakundeko Kontratazioko Zerbitzuak, baldin eta izendapen laburren zerrendatik eskainitako kontratazioa hasterako izendapen hori noiz amaituko den jakinez gero.

b) Izendapen luzeen zerrendatik eskainitako kontratazio baten ukoa justifikatu badu edo izendapen luzeen zerrendatik eskainitako ukoa justifikatu badu. Justifikazioren arrazoia amaitzen denetik hamabost egun naturaleko epean eskatu beharko da berraktibazioa. Berraktibazioa eskatzeko, Osakidetzako Aldi Baterako Kontratazioko Zerbitzu Korporatibora jo beharko da, baldin eta justifikazioa lanpostu hutsen zerrendan egin bada. Aldiz, justifikazioa izendapen laburren zerrendan egin bada, dagokion Zerbitzu Erakundeko Kontratazioko Zerbitzuari eskatu beharko zaio berraktibazioa.

2.– Kontratazioko Zerbitzuak 3 egun balioduneko epean berraktibatuko du interesduna, hark jakinarazpena egiten duenetik zenbatzen hasita, salbu eta izendapen laburren zerrendako izendapena hastean izendapen hori noiz bukatuko den ezagutzen bada. Azken kasu hori izendapen laburren zerrendan soilik aplika daiteke, eta langileak «lanerako prest» daudela adieraziko da izendapena amaitu baino 6 egun natural lehenago.

3.– Atal honetan aipatzen diren berraktibatze-epeak igarotzen badira interesdunak berraktibatzea eskatu gabe, hura eskatu izan balu eskain litzaizkiokeen izendapenak galduko lituzke. Berraktibatze-epea igarotakoan, berraktibatzea eska daiteke oraindik, baina eskabidea dagokion organoan erregistratu eta hamabost egun naturalera izango ditu ondorioak.

41. artikulua.– Zerrendetatik kanpo geratzea.

1.– Zerrendetako kontratazio-eskaintza bati uko egiten zaionean dagokion epean agiri bidez justifikazioa egiaztatu gabe eta indarrean dagoen izendapen bati uko egiten zaionean, izangaia 6 hilabetez geldituko da zerrendetatik kanpo dagokion kategorian / lanpostu funtzionalean (izendapen luzeen zerrenda edo izendapen laburren zerrenda), baldin eta lehenbiziko ukoa bada.

Indarrean dagoen izendapen bati bigarren aldiz uko egiten zaionean edota kontratazio-eskaintza bati bigarren aldiz uko egiten zaionean uko hori epe barruan justifikatu gabe, izangaia hamabi hilabetez geldituko da izendapen luzeen zerrendatik edo izendapen laburren zerrendatik kanpo dagokion kategorian / lanpostu funtzionalean.

Indarrean dagoen izendapen bati hirugarren aldiz uko egiten zaionean edota kontratazio-eskaintza bati hirugarren aldiz uko egiten zaionean uko hori epe barruan justifikatu gabe, izangaia behin betiko geldituko da izendapen luzeen zerrendatik edo izendapen laburren zerrendatik kanpo dagokion kategorian / lanpostu funtzionalean.

2.– Indarrean dauden izendapenei uko egiteak 1. apartatuan aipatutako bazterketak dakartza berekin, uko-arrazoia edozein dela ere, Erabaki honen 29., 30., 31., 32., 33. eta 36. artikuluetan ezarritako kasuetan izan ezik.

3.– Halaber, kontratazio-zerrendetatik kanpo geldituko da, aurretik ezarritako epeetan, Erabaki honen 24. eta 25. artikuluak garatzeko ezartzen den Protokoloaren arabera egindako deiei erantzuten ez dieten langileak. Osakidetzak bazterketak berrikusiko ditu, interesdunek aurkezten dituzten alegazioak kontuan hartuta.

4.– Era berean, baztertutako langileak berriro sartu ahalko dira zerrendetan. Osakidetzak beretzat gordetzen du baztertutako izangaiei berriro deitzeko eskubidea, baldin eta kategoria / lanpostu funtzional jakin baterako indarrean dagoen zerrenda amaitu bada eta behar asistentzial atzeraezin bat bete behar bada, zerrendako izangai guztien arteko lehentasun-ordenaren arabera. Izendapena onartu egiten bada behar asistentzial atzeraezin bat bete behar delako, penalizazioa baliogabetu egingo da izendapen hori amaitzean.

5.– Penalizazioak ez du eragotziko diziplina-araubidea aplikatzea zerrendetan, hurrengo artikuluan arautzen den kasu bereizia baita.

6.– Izendapen luzeen zerrendan edo izendapen laburren zerrendan penalizazioren bat ezartzen bada, posta elektronikoz jakinaraziko zaio interesdunari egoera hori, bai eta dagozkion ondorioak ere.

IV. KAPITULUA
DIZIPLINA-ARAUBIDEA

42. artikulua.– Diziplina-araubidea.

1.– Osakidetzako kontratazio-zerrenden bidez lanean ari diren bitartean, zerrenda horietan izena eman duten pertsonei diziplina-espedientea ireki ahal zaie. Espediente hori honako hauetan araututakoari jarraituz tramitatuko da: Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutuari buruzko abenduaren 16ko 55/2003 Legearen XII. kapitulua eta Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren VII. titulua (modu osagarrian eta diziplina-espedienteei aplikatu beharreko ordenamendu juridikoaren beste edozein arautan aplikatzekoa).

2.– Izendapena eman zion zerbitzu-erakundeko zuzendari-gerenteak egingo du prozeduraren ebazpena, ebazpena ematean espedientatutako pertsonak erakunde horretan izendapena amaituta izan zein ez, arau-haustea izendapenaren iraunaldian gertatu baitzen.

3.– Ezin izan bazen diziplina-espedientea tramitatu izangaia aktibo zegoela, aldi baterako kontratazioko zerrendetan izena emana duten pertsonek zigorra jaso ahalko dute honako hauetan jasotzen diren prozedura eta arau-hausteen arabera: Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutuari buruzko abenduaren 16ko 55/2003 Legearen XII. kapitulua eta Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren VII. titulua. Diziplina-espedientearen xede diren jazoerak gertatu ziren zerbitzu-erakundeko zuzendari-gerenteak hasi eta ebatziko du prozedura hori.

4.– Aurreko apartatuan oinarrituta hasten den prozedura estatutupeko langileen diziplina-prozedurek emandako printzipioen arabera izapidetuko da.

5.– Aplikatu beharreko zigorrak 55/2003 Legearen XII. kapituluan jasotzen dira. Hala ere, espedientearen xede diren jazoeren larritasunaren arabera, izangaia aldi baterako edo behin betiko baztertuko da kontratazio-zerrendetatik; era berean, zehapenak izendapen luzeen eta izendapen laburren zerrendak barne hartu behar dituen baloratuko da, bai eta zehapena espedientatutako pertsona izena emanda daukan kategoria / lanpostu funtzional guztietako zerrenda guztietara hedatzen den ere.

6.– Era berean, 55/2003 Legearen 75. artikuluan ezarritako behin-behineko neurriak hartzeari buruzko araudia aplikatuko da, diziplina-espedientearen xede diren jazoeren larritasunaren arabera.

V. KAPITULUA
LANGILEEN ORDEZKARIEI INFORMAZIOA EMATEA ETA IZENDAPENAK ARGITARATZEA

43. artikulua.– Langileen ordezkariei informazioa ematea eta izendapenak argitaratzea.

1.– Hilero, zerbitzu-erakundeek aldi horretan egindako aldi baterako estatutupeko langileen izendapenei buruzko informazioa bidaliko diote langileen ordezkaritzari edo hark eskuordetzen duen organoari, bai hutsik dauden lanpostuak eta erreserbatuak betetzeari buruzkoa, bai ordezkapenak eta behin-behinekotasunak egiteari buruzkoa. Informazio horren barruan datu hauek emango dira, langileen informazio-sisteman horretarako prestatutako txosten-ereduaren arabera: izen-abizenak, kategoria / lanpostu funtzionala, antolaketa-unitatea, izendapen mota eta ordezkapenaren arrazoia, izendapenaren hasiera- eta amaiera-data (hala badagokio), derrigortasun-data (hala badagokio), lanpostuaren kodea eta lanaldiaren ehunekoa.

2.– Informazioa dela-eta sindikatuek emandako auziren bat izanez gero, idatziz aurkeztu beharko dute izendapenak egin diren zerbitzu-erakundean, zeinak gehienez ere hilabeteko epean erantzungo baitu.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Asteburuetarako, jaiegunetarako eta premiazko egoeretarako izendapenak.

Asteburuetan eta premiazko egoeretan kontratatzeko protokolo berri bat ezarriko da, Erabaki hau garatzeko.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Genero-indarkeria.

1.– Genero-indarkeriaren biktima dela egiaztatzen duen emakumeak, aldi baterako izendapen baten bidez zerbitzuak ematen ari bada, lehentasuna izango du antzeko ezaugarriak dituen aldi baterako beste izendapen bat egiteko, kategoria edota espezialitate berean, berak aukeratutako herri berean edo beste batean, eta aldi baterako duen izendapenari uko egin ahalko dio, inolako zigorrik gabe.

2.– Hala, genero-indarkeriaren biktima izanda, aldi baterako kontratazioko zerrendetan izena emanda dauden izangaiek uko egin ahal izango diote aurrez onartutako edo orain arte egindako aldi baterako edozein loturari, bai eta aldi baterako edozein lotura izateko eskaintzari ere, aldi baterako kontratazio-zerrendetan inolako bazterketarik aplikatu gabe.

3.– Genero-indarkeriaren biktima den izangaiak bere eskabidean honako hauek aldatu ahal izango ditu: zein zerbitzu-erakundetan eta lantokitan eman nahi dituen zerbitzuak. Egin eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak aldaketak, arrazoia zein den kontuan hartuta.

4.– Genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 23. artikuluan xedatutakoaren arabera egiaztatuko dira genero-indarkeriaren egoerak, eta indarrean dagoen ordenamendu juridikoak ezarritako neurriak aplikatuko dira.

5.– Bere eginkizunak betetzean sexu-jazarpena edo sexuan oinarritautako jazarpena jasan duen izangaiak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 7. artikuluaren arabera, eta dagokion salaketa judiziala jarri bada, honako hauek aldatu ahal izango ditu eskabidean: zein zerbitzu-erakundetan eta lantokitan eman nahi dituen zerbitzuak. Egin eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak aldaketak, arrazoia zein den kontuan hartuta.

6.– Era berean, bere eginkizunak betetzean sexu-jazarpentzat edo sexuan oinarritutako jazarpentzat har daitekeen portaera jasan duen izangaiak, Sexu-jazarpenari eta sexuan oinarritutako jazarpenari Osakidetzan aurre egiteko protokoloaren arabera, eta Protokoloaren Ikerketa Batzordeari aurkeztutako kexa eta salaketen erregistroan jasota badago egoera hori, eta aipatu Batzordeak hala aitortu badu, honako hauek aldatu ahal izango ditu eskabidean: zein zerbitzu-erakundetan eta lantokitan eman nahi dituen zerbitzuak. Egin eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak aldaketak, arrazoia zein den kontuan hartuta.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Oporraldietarako aldi baterako kontratazioen erreserbak.

Aste Santuko, Gabonetako eta udako oporretatik eratorritako absentziak betetzeko izendapenak Erabaki hau garatzeko egingo den protokoloaren arabera antolatuko dira.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Derrigortasun-data iraungita duten lanpostuak betetzeko egoera espezifikoak.

1.– Oro har, hizkuntza-eskakizuna eskatuko da derrigortasun-data iraungita duten lanpostuak betetzeko.

2.– Hizkuntza-eskakizunaren derrigortasun-data iraungita duen lanpostu bat ezin bada bete kontratazio-zerrendetan dauden eta eskatutako hizkuntza-eskakizuna duten pertsonekin, eta lanpostua betetzea ezinbestekoa bada, zerrendetan dauden eta eskatutako hizkuntza-eskakizuna ez duten pertsonei eskaini ahalko zaizkie izendapenak, salbuespenezko bi kasu hauetako batean soilik:

a) Dagokion zerbitzu-erakundeko Zuzendaritzaren erabakiz sortutako zerrenda espezifikoen kasuan, zerrenda horietan eskatutako hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta duen langilerik ez dagoenean lanerako prest. Kasu horretan, lehendabizi, aipatutako hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta ez duten zerrenda espezifiko horretako lanerako prest dauden langileengana joko da eta, ondoren (zerrenda horietan ere ez balego lanerako prest dagoen langilerik), hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta duten dagokion kategoriako zerrendetako langileengana eta, besterik ezean (aurrez ezarritakoaren arabera ere lanerako prest dagoen langilerik izango ez balitz), hizkuntza-eskakizuna egiaztatu ez duten kategoria orokorreko zerrendako langileak aukeratuko dira.

b) Eskatutako hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta duen eta lanerako prest dagoen langilerik ez dagoenean dagokion kategoriako izendapen luzeen zerrendan, hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta ez duten langileengana joko da. Era beran, eskatutako hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta duen eta lenerako prest dagoen langilerik ez dagoenean izendapen laburren zerrendan, ez eta dagokion eremuko zerrendan ere (izendapen laburrak), hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta ez duten langileengana joko da.

Bi kasu horietan, a) eta b) apartatuetan, kontrataziorako lehentasuna emango zaie eskatutakoaren azpiko hizkuntza-eskakizuna dutenei.

3.– Derrigortasun-data iraungita duten lanpostuak izendapen luzeen zerrendaren eta izendapen laburren zerrendaren bidez betetzeko, Erizain Espezialisten kategorian, lehentasun-hurrenkera honi jarraituko zaio:

1) Erizain espezialista, hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta daukana.

2) Erizain espezialista, hizkuntza-eskakizuna egiaztatu gabe daukana.

3) Erizain jeneralista, hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta daukana.

4) Erizain jeneralista, hizkuntza-eskakizuna egiaztatu gabe daukana.

Kontrataziorako lehentasuna emango zaie eskatutakoaren azpiko hizkuntza-eskakizuna dutenei.

4.– Indarrean dagoen Euskara Planaren arabera I. lehentasuneko gisa ezarritako unitateetan zerbitzuak emateko behin-behineko izendapenetan, euskararen ezagutzari emango zaio lehentasuna, hau da, dagokien hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta duten izangaiak kontratatuko dira.

Indarrean dagoen Euskara Planaren arabera II. lehentasuneko gisa ezarritako unitateetan zerbitzuak emateko behin-behineko izendapenetan, dagokion hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta duten izangaien kopurua unitate bakoitzean ezarritako derrigortasun-ehunekora irits dadin zainduko da.

BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Desgaitasuna duten pertsonak kontratatzea.

1.– Desgaitasuna duten pertsonei enplegu publikoa lortzen lagunduko zaie, aldi baterako kontratazioan ere legez ezarritako kupoa lortzea ahalbidetuko duten sustapen-neurriak arautuz.

2.– Nolanahi ere, izendapen horiek formalizatu ahal izateko baldintza izango da izangaiek lanpostuari dagozkion zereginak egoki bete ahal izatea.

3.– Osakidetzak, Zuzendaritza Nagusiaren dagokion ebazpenaren bidez eta Erabaki honen Jarraipenerako Batzordearen esparruan negoziatu ondoren, beharrezko neurriak hartuko ditu xedapen gehigarri honen 1. eta 2. apartatuetan jasotakoak ahalbidetzeko.

Era berean, ebazpen horrek zehaztuko du adimen-desgaitasuna duten pertsonak laneratzeko prozesua, bai eta kontratazio-eskaintza horiek zein kategoria, lanpostu funtzional eta destinotan egin daitezkeen ere. Halaber, lanpostuetan beharrezkoak eta arrazoizkoak diren egokitzapenak egingo dira, adimen-desgaitasuna duten pertsonek beren lan-eginkizunak behar bezala bete ahal izateko.

SEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Prestakuntza sanitario espezializatua amaitzen duten profesionalak kontratazio-zerrendetan sartzea.

a) Fakultatibo Espezialista Medikoen edo Fakultatibo Teknikoen kategorietan izena emateko aukera duten osasun-zientzietako gradudun edo lizentziadunek, prestakuntza-programa osatuko badute, programa amaitzen den urteko apirilean aurkeztu ahal izango dute egoitzaldiaren aurreko urtean lortutako kalifikazioa eta egoitzaldia egiteko probaren deialdi nazionalean lortutako ordena-zenbakia egiaztatzeko agiria.

Egoitzaldia Osakidetzako zentroetan egiten dutenen kasuan, aurreko paragrafoan adierazitako dokumentazioa Osakidetzako zerbitzu-erakundeetako irakaskuntza-unitateei eskatuko zaie.

b) Aurreko puntuan adierazitako izangaiak hurrenkera honen arabera sartuko dira zerrendetan, zerrendak urtero egiten den eguneratzean aldatzen diren arte: egoitzaldiaren aurreko urteko ebaluazioan lortutako kalifikazioa (berdinketarik izanez gero, egoitzaldia egiteko probaren deialdi nazionalean lortutako ordena-zenbakia hartuko da kontuan).

c) apartatuan adierazitako pertsonek zerbitzu-erakundea eta eremua aukeratu beharko dute, Erabaki honen 13., 14. eta 15. artikuluetan adierazitakoaren arabera.

ZAZPIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Sexu-delitugileen erregistroko ziurtagiri negatiboa.

Adingabearen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Legearen 13.5 artikulua aplikatuz, aldi baterako kontratazioko zerrendetan izena emanda duten pertsonek Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko dute lehen izendapena sinatzeko unean, edo, bestela, Erregistro horren ziurtagiria haien izenean jasotzeko Osakidetzari emandako baimena. Aldi baterako izendapena gauzatuko den zerbitzu-erakundean aurkeztu beharko da ziurtagiria edo baimena, lan-harremana hasi baino lehen.

ZORTZIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Fakultatibo medikoak eta erizainak salbuespenez kontratatzea, baldin eta euren kontratazio-zerrendakoak ez diren kategoriako / lanpostu funtzionaleko izendapenak eskaintzen bazaizkie.

1.– Kategoria / Lanpostu funtzional baten kontratazio-zerrendetan ez badago lanpostu bat betetzeko pertsonarik lanerako prest eta Erabaki honetan ezarritako ohiko prozeduren bidez lanpostu hori betetzeko saiakerek emaitzarik izan ez dutela egiaztatzen bada, beste kategoria / lanpostu funtzional baten kontratazio-zerrendetan izena emana duten fakultatibo medikoak eta erizainak kontratatzeko aukera baloratuko dute Aldi Baterako Kontratazioko Zerbitzu Korporatiboak eta Asistentzia Sanitarioko Dibisioko Zuzendaritzak. Analisi horretan, kategoria / lanpostu funtzional desberdinen gaitasun komunen balorazioa egingo da, betiere salbuespen gisa eta denbora laburrenean, eta eskaintza horri uko egiteak ez du inolako penalizaziorik ekarriko.

2.– Aurreko puntuan deskribatutako kasuetan, titulu-baldintza beteta benetan beteko den kategorian / lanpostu funtzionalean zenbatuko da lan-esperientzia, eta egoera hori izendapenean jasoko da.

BEDERATZIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Atxikitako zentroetan egindako aldi baterako kontratazioaren jarraipena.

1.– Zerbitzu sanitarioak emateko titulartasun pribatuko eta irabazi-asmorik gabeko zentro sanitarioekin atxikimendu-hitzarmen espezifikoak izenpetzeko betekizunei eta prozedurari buruzko irailaren 4ko 127/2018 Dekretuaren arabera, Osakidetzari atxikitako zentroan egiten diren aldi baterako kontratazioaren jarraipena eta kontrola atxikitako zentroak berak egingo du, bertan ezarritako prozeduren eta protokoloen arabera.

2.– Nolanahi ere, Osakidetzak atxikitako zentroen esku jarriko ditu aldi baterako kontratazioko zerrendak, profesionalak zentro horietan ere lan egin ahal izan dezaten, hitzartutako zerbitzuen prestazioa eta jarraitutasuna bermatzeko.

3.– Osakidetzaren aldi baterako kontratazioko zerrendetako izangaiak ez daude behartuta atxikitako zentro batek egindako aldi baterako kontratazioko eskaintza onartzera, eta ez zaie penalizaziorik ezarriko eskaintza horri uko egiteagatik. Langileak izendapena onartzen badu, lanerako prest ez dagoela ezarriko da dagokion zerrendan atxikitako zentroan lanean diharduen bitartean. Indarrean dagoen izendapenari uko eginez gero, 29., 30., 31., 32., 33., 36. eta 41. artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.

4.– Aldi Baterako Kontratazioaren Jarraipenerako Batzorde Korporatiboak (6. artikulua) sei hilean behin eskatu ahal izango du, Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzaren bitartez, atxikitako zentroek egindako aldi baterako kontratazioari buruz egokitzat jotzen duen informazioa.

HAMARGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Datuen babesa.

Datu pertsonalak babesteari buruzko legeriak euskarri horietarako ezarritako eskakizun eta baldintza guztiak beteko dituzte Osakidetzako aldi baterako kontratazioko zerrendek.

HAMAIKAGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– 2016-2017ko EPEko profil espezifikoen deialdiak.

2016-2017ko EPEko profil espezifikoen deialdien ondoren, ez da Osakidetzako aldi baterako kontratazioko zerrendarik eratuko.

HAMABIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Aldi baterako kontratazioko zerrendak.

Erabaki hau indarrean jarri ondoren eratuko diren aldi baterako kontratazioko zerrendak II. eranskinean jaso dira.

II. eranskinean jasota ez dauden aldi baterako kontratazioko zerrendak eratzeko, beharrezkoa da Giza Baliabideen Zuzendaritzaren ebazpen bidez onartzea, Osasuneko Mahai Sektorialean negoziatu ondoren.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA.– Aldi baterako kontratazioari buruzko aurreko Erabakia indargabetzea.

Erabaki honek ordeztu eta indargabetu egiten du Osakidetza Ente Publikoko Administrazio Kontseiluaren 2011ko maiatzaren 9ko Erabakia, Osakidetzan aldi baterako kontratazioko zerrendak egin eta kudeatzekoa, bai eta Erabaki honetan xedatutakoarekin kontraesanean dagoen maila bereko edo beheragoko araudia ere.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Erabakia argitaratzea eta Erabakiaren ondorioak.

Erabaki honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak, eta ez zaie aplikatuko aurreko erabakien indarraldian emandako egintzei.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Erabakiaren garapena.

Erabaki hau garatzeko, kontratazio-protokoloak egingo dira. Protokolo horiek ezingo dira Erabaki honetan ezarritakoaren aurka joan, eta Osakidetzako aldi baterako kontratazioko webgunean argitaratuko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Erabakiaren eskumena esleitzea.

Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiari ahalmena ematen zaio Erabaki hau garatzeko behar diren ebazpenak edo instrukzioak emateko.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko uztailaren 21a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluko lehendakaria,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala